Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2013ko uztailaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3478

EBAZPENA, 2013ko uztailaren 15ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bitartez, deialdi publikoaren bidetik, honako prozedura hastea erabakitzen baita: Mutrikuko (Gipuzkoa) portuan amarralekuak erabiltzeko baimenak emateko dena.

Mutrikuko portuak izango ditu profesionalentzat ez diren aisia-ontzientzako amarratze-instalazioak; eta horiek okupatzeko, amarralekuak erabiltzeko baimena edo titulu administratibo bat izan behar da aldez aurretik.

Euskal Autonomia Erkidegoaren titularitatepeko postuetan baimen horiek emateko prozedura ezarrita dago agindu honetan: Garraio eta Herri Lan sailburuaren 2004ko apirilaren 20ko Agindua, zeinarekin honako prozedura hau arautzen baita: Euskal Autonomia Erkidegoaren titularitatepeko portuetan eta portu-instalazioetan, profesionalentzat ez diren aisia-ontzien titularrek amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak emateko dena. Eta agindu horren 3. artikuluan zehazten denez, amarralekuak lortzeko eskabideak egiteko epe bat irekiko du Administrazioak, hain justu ere eskudun agintaritzaren ebazpen bidez egindako deialdiaren iragarki batekin, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den.

Aurrekoagatik guztiagatik, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 6.e) eta 14.1.m) artikuluek eta Euskal Autonomia Erkidegoaren titularitatepeko portuetan eta portu-instalazioetan, profesionalentzat ez diren aisia-ontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak emateko prozedura arautzen duen Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2004ko apirilaren 20ko Aginduak zuzendaritza honi ematen dizkioten ahalmenez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Deialdi publikoaren bitartez, honako prozedura honi hasiera ematea: Mutrikuko portuan amarralekuak erabiltzeko baimenak emateko dena, betiere ebazpen honen eranskinean jasotako oinarriekin bat etorriaz.

Bigarrena.– Ebazpen honek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Garraioetako sailburuordeari eta ebazpena eman duenari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunenetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 15a.

Garraio Azpiegituraren zuzendaria,

MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.

ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea hauxe da: Mutrikuko portuan amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak ematea.

2.– Profesionalentzat ez den aisia-ontzi baten titular den orok aurkez dezake eskabidea.

Bigarrena.– Eskainitako amarralekuak.

1.– Hirurehun eta bat (301) amarraleku eskaintzen dira, ondoren zehaztu bezala banaturik:

(Ikus .PDF)

2.– Administrazioak badu eskumenik erabilgarri diren amarralekuen ezaugarriak eta kopurua aldatu, murriztu edo handitzeko, betiere antolaketa-planekin bat etorriaz.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Ebazpen honetako eranskinean jasotako modelo normalizatuan aurkeztu beharko da eskabidea, zeina doan emango baita honako leku hauetan: Gipuzkoako Portuen Lurralde Zerbitzuan (Kaia 23, 3.a, Donostia), eta Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Lakua 1, 7. solairua, Vitoria-Gasteiz); betiere astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.

2.– Halaber, Eusko Jaurlaritzaren orrialde elektronikoan, www.euskadi.net, ere jaso ahal izango da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari dagokion atalean - Garraioak - Portuak eta aireportuak - kirol portuetan amarralekuak: «amarralekua izateko eskabidea».

3.– Eskabidearekin batera honako dokumentazioa aurkeztu beharko da: Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2004ko apirilaren 20 Aginduko 4.2 artikuluan eskatutakoa.

4.– Ontzi batek eta berorren ekipo propultsatzaileak CE marka badute, ontzi horren titularrak, idazpen-orriaren ordez, inskripzio-ziurtagiria aurkeztu ahal izango du.

Laugarrena.– Eskabideak aurkezteko lekua.

Eskabideak zuzenean aurkeztu ahal izango dira honako leku hauetan: Gipuzkoako Portuen Lurralde Zerbitzuan (Kaia 23, 3.a, Donostia), eta Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Lakua 1, 7. solairua, Vitoria-Gasteiz); betiere astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara; baina horrek ez du eragotziko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan xedatutakoa.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea: EHAAn ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta baliodun hamabost egun barru amaituko da.

Seigarrena.– Prozedura.

Baimenak emateko prozedura honako agindu honetan ezarritakoa izanen da: Agindua, 2004ko apirilaren 20koa, Garraio eta Herri Lanetako sailburuarena, zeinarekin arautu egiten baita honako prozedura: Euskal Autonomia Erkidegoaren titularitatepeko portuetan eta portu-instalazioetan, profesionalentzat ez diren aisia-ontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak emateko prozedura, hain justu ere.

Zazpigarrena.– Amarralekuak erabiltzeko baimena.

1.– Amarralekua erabiltzeko baimenaren epea hiru urtekoa izanen da, hain justu ere deialdi honen ondorioz emandako baimenean zehazten den egunetik hara.

2.– Urte baten barruan, segidan hile baten baino luzaroago edo bi hile alternotan ez badu okupatzen plaza esleipendunak, horrek amarraleku-plaza galtze ekar liezaioke, salbu eta justifikatutako kausaren bat izan, zeina Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak aztertu eta onartu beharko duen.

Zortzigarrena.– Datuak babestea

1.– Datu Pertsonalak babesten dituen 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak jakinarazten dizu eskatzaileek ematen dituzten datu pertsonalak «Emakidak eta baimenak portuko jabari publikoan» fitxategian sartuko direla. Fitxategi horren ardura Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak du. Jakinarazten da, orobat, amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak kudeatzea dute helburutzat datu horiek biltzeak eta tratatzeak, eta zuzendaritza horri bidaliko zaio informazioa.

2.– Datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubidea Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan baliatu ahal izango da (Donostia kalea 1; 01010, Vitoria-Gasteiz).


Azterketa dokumentala