Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2014ko apirilaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1756

EBAZPENA, 2014ko apirilaren 3koa, Industriako sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita banaka nahiz lankidetzan jarduten duten ETEen nazioartekotzeari laguntzeko Global Lehian programaren diru-laguntzak emateko 2014ko deialdia.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko martxoaren 19ko Aginduaren bidez (2014ko apirilaren 1eko EHAA, 63. zk.), banaka nahiz lankidetzan jarduten duten ETEen nazioartekotzeari laguntzeko Global Lehian programa garatzen da. Aipatutako aginduaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, hor iragarritako diru-laguntzak emateko, 2014ko ekitaldirako deialdia egin behar da, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak eman.

Horrenbestez, aipatutako aginduaren 17. artikuluan ezarritako ahalmena erabilita, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da ETEen nazioartekotzeari laguntzeko Global Lehian programa garatzen duen aginduan ezarritako laguntzen 2014ko deialdia egitea.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Xede horretarako, guztira, 5.520.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan 2014ko ekitaldirako eta gai horretarako ezarritako aurrekontu-kredituari jarraituz. Zenbateko hori bi multzotan banatuko da: 1.380.000 euro, ordainketa-kredituetarako, eta 4.140.000 euro, konpromiso-kredituetarako. Eskualde Garapeneko Europar Funtsak (EGEF) lagundu egiten du banaka nahiz lankidetzan jarduten duten ETEen nazioartekotzeari laguntzeko Global Lehian Programaren finantziazioan, betiere aurrekontuan adierazitako muga hori gainditu gabe.

Etapa bakoitzera, zenbateko hauek bideratuko dira:

– Hasierako etapa: 828.000 euro.

– Sendotze-etapa: 3.312.000 euro.

– Ezartze-etapa: 1.380.000 euro.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta modua.

Eskabidea era telematikoan bete beharko da, eta honako helbide elektroniko hauetan horretarako ezarritako atalean aurkeztuko da:

http://www.industria.ejgv.euskadi.net/r44-teletram/es/

http://www.industria.ejgv.euskadi.net/r44-teletram/eu/

Espedientera sartzeko eta gainerako izapideak egiteko, helbide honetara jo beharko da:

http://www.euskadi.net/nirekudeaketak/

Eskabide-eredua ebazpen honen I. eranskin gisa argitaratzen da.

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da; amaitu, berriz, 2014ko maiatzaren 29an.

Nazioartekotze-plana prestatzeko laguntzak eskatuz gero, aipatutako epea bukatu ondoko hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko da plan hori.

5. artikulua.– Baldintzak.

Global Lehian Programa garatzen duen aginduan ezarritako laguntzak jasotzeko, eta agindu horren 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, proiektu bakoitzak gutxieneko puntuazio hau lortu beharko du etapa bakoitzean:

– Hasierako etapa: 40 puntu.

– Sendotze-etapa: 50 puntu.

– Ezartze-etapa: 40 puntu.

6. artikulua.– Balorazio-irizpideen haztapen orokorra.

2014ko martxoaren 19ko Aginduaren 12. artikuluan aipatzen diren balorazio-irizpideak haztatzeko, ebazpen honetako 2.a eranskinean (banakako enpresak) eta 2.b eranskinean (salmenta- eta sustatze-taldeak eta partzuergoak) zehaztutakoa aplikatuko da.

7. artikulua.– Nazioartekotze-planaren haztapen zehatza

Ebazpen honetako 3. eranskinean ezarritakoari jarraituz haztatuko dira nazioartekotze-planaren balorazio-irizpideak.

2012ko eta 2013ko Prointer deialdien barruan onartutako planei –ekitaldi honetan indarrean jarraitzen dutenei– 40 puntuko kalifikazioa emango zaie, aipatutako eranskinaren arabera.

8. artikulua.– Bidaia-poltsak, eta bezero eta/edo atzerriko hornitzaile izan daitezkeenei gonbiteak egitea.

1.– Bidaia-poltsak:

2014ko martxoaren 19ko Aginduaren 4. artikuluan aipatzen diren bidaia-poltsak ebazpen honetako 4. eranskinean zehaztuta daude. Gehienez, bidaia-poltsa kopuru hau onartuko da:

a) Hasierako etapa: Guztira, 5 bidaia-poltsa, 3 herrialdetara gehienez.

b) Sendotze-etapa: banakakoen kasuan, 5 bidaia-poltsa herrialde bakoitzeko, eta gehienez hiru herrialde; lankidetzakoen kasuan, 5 bidaia-poltsa herrialde bakoitzeko, eta gehienez lau herrialde.

c) Ezartze-etapa: 5 bidaia-poltsa gehienez.

2.– Bezero eta/edo atzerriko hornitzaile izan daitezkeenei gonbiteak egitea.

Ostatu- eta garraio-gastuen muga egunean 250 eurokoa izango da, hiru egunetan gehienez, betiere aginduaren 4. artikuluan zehazten denari jarraituz.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 3a.

Industriako sailburuordea,

JUAN IGNACIO GARCÍA DE MOTILOA UBIS.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala