Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2014ko apirilaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

SOCIEDAD PARA LA TRANSFORMACIÓN COMPETITIVA-ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, S.A.
1770

IRAGARKIA, «Ekintzaile» Programaren araudia onartzeko dena.

Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Administrazio Kontseiluak 2014ko martxoaren 31ko bileran onartu zuen «Ekintzaile» programako diru-laguntzak emateko araudia. Hona hemen araudiaren testua oso-osorik:

Industriako enpresa-jarduera berritzaileak sortzea, funtsezkoa da gure erkidegoaren hazkunderako.

Ekimen horiek zenbait arlotatik sor daitezke; hala ere, egon badira zenbait oztopo enplegua sortuko dituzten jarduera berriak sortzeko prozesuan.

Ekintzaileen artean antzemandako gabezietako bat, enpresa- edo merkataritza-esperientziarik ez izatea da, eta horren ondorioz euren proiektuak, askotan, ez dira behar bezala zehazten eta, batzuetan, porrot egiten dute.

Halaber, behar bezala egiaztatu da enpresetatik euretatik sortzen dela enpresa-ekimen iturririk onenetako eta sendoetako bat.

Dena dela, enpresak zenbait modutan sor ditzake zenbait jarduera. Gure ustez, enpresaren eguneroko lanaren ondorioz sortzen den horrek behar du laguntza handiena; enpresan bertan dagoen know-how beste modu batez erabiliko dute, baina aldez aurretik hori guztia garatu beharra dute. Programa honetan ez dira beste era batzuk jaso, hala nola, spin-off izenekoak (dagoeneko enpresa hori negozio-unitate moduan existitzen zen) edo enpresaren dibertsifikazio hutserako proiektuak, ez badute garapenik behar, edo loturarik ez badute enpresak aldez aurretik duen egiten jakitearekin.

Zenbait kasutan, enpresek jarduera berriak garatzeari uzten diote, ekoizpen dinamiketan eta merkatuan buru-belarri sartuta daudelako. Enpresa horietako askorentzat zaila da zenbait baliabide material eta giza baliabide liberatzea jardueran sortzen diren ideia guztiak gara eta ebalua ditzaten.

Oso ezaguna da Enpresa eta Berrikuntza Zentroek (CEI) duten funtzioa, pertsona ekintzaileei laguntzeko eta enpresak sortzen sustatzeko tresna baitira. Enpresa berriei laguntzen diete martxan jartzeko eta indartzeko prozesuan; horretarako, aholkularitza ematen diete, baita jarduerak kokatzeko zenbait azpiegitura eskaini ere.

Erabaki da Programa honen entitate laguntzaile gisa sartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroak (CEI), oso funtzio garrantzitsua baitute pertsona ekintzaileei laguntzeko eta enpresak sortzen sustatzeko. Zentro horiek enpresa berriei laguntzen diete martxan jartzeko eta indartzeko prozesuan; horretarako, aholkularitza ematen diete, baita jarduerak kokatzeko zenbait azpiegitura eskaini ere.

Hala ere, oraindik ere badira zenbait oztopo enplegua sortuko dituzten jarduera berriak sortzeko prozesuan. Zehazki, industria-sektorean enpresa berriak sustatzen dituzten pertsonek, eragozpen handiak dituzte hasierako finantzaketa lortzeko eta, bereziki, proiektuek behar duten epe luzerako inbertsioa lortzeko.

Finantzaketaren kostua azken urteotan txikitu bada (interes-tasak ere txikitu direlako), gero eta zailagoa da finantzaketa hori eskuratzea; izan ere, finantza-merkatuak ez dituelako bere gain hartu nahi enpresa-proiektu berrien arriskuak.

Hori guztia dela-eta, eta baliabide publikoak segmentu eta jarduera jakinetan aplikatu nahi direnez sustatzeko helburuari modu eraginkorrean laguntzearren, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k (SPRI), eranskinean adierazitako gainontzeko entitate sustatzaile eta laguntzaileekin eta Luzaro Kredituaren Finantza-etxearekin batera, talde sustatzaileen esku jarri nahi du (ideiaren jatorria edozein izanda ere) laguntzeko eta finantzaketarako tresna integratu bat euren enpresa proiektu berriak abian jar ditzaten. Arautegi honetan finkatutako neurrien arabera arautuko da aipatutako tresna.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Programa honek finantza-laguntza eman nahi die industriaren edo industriari loturiko zerbitzuen sektoreko enpresa proiektu berritzaileei; proiektu horiek, CEIk babestutakoak eta I. eranskinean jasotakoak dira. Ideia garatzeko zein enpresa abian jartzeko izango da aipatutako laguntza.

2. artikulua.– Diru-laguntzen nolakotasuna.

Araudi honek, ondoko laguntza-motak jaso ditu:

a.– Laguntza eskainiko zaio pertsonari edo talde sustatzaileari ideia garatzeko orduan eta Enpresa Plana egiten, harik eta ideia hori abian jarri arte. Laguntza hori, diru-laguntza izango da.

b.– Lagunduko zaio Enpresa Plana egiteko egin behar dituen inbertsioetarako finantzazioa lortzen; horretarako, arau honen arabera eta Luzaro Kredituaren Finantza-etxearekin helburu horrekin sinatuko den Hitzarmenarekin bat etorriz gauzatuko diren mailegu-eragiketen kostuak gutxituko dira.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Pertsona fisiko nahiz juridikoek jaso ahal izango dituzte 2.a artikuluan jasotako laguntzak, betiere industria-proiektu edo industriarekin lotutako zerbitzuen sektoreko proiektu berritzaile bat badute, eta Euskal Autonomia erkidegoan abian jarriko badute.

2.– Pertsona juridikoek soilik jaso ahalko dituzte 2.b artikuluak jasotako laguntzak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan Enpresa Plan bat egiteko konpromisoa gain hartzen badute. Enpresa Plan horrek ondoko baldintzak bete beharko ditu:

– Industriaren edo industriari lotutako zerbitzuen sektoreko jarduera berritzailea izan behar du.

– Gutxienez 3 enplegu sortu beharko ditu 3 urteko epean.

3.– Onuraduna pertsona fisikoa bada, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dagoela egiztatu beharko du.

4.– Onuraduna pertsona juridikoa bada, ondokoak egiaztatu beharko ditu:

a.– Helbide soziala, erabakitzeko zentroa edota behintzat jarduteko zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko du.

b.– 2.b artikuluak jasotako onuradunen kasuan, sortu berria izan behar du. Sortu berritzat joko da programa hau aplikatu beharreko urtearen aurreko urteko urtarrilaren 1aren ostean sortutako enpresak; hau da, 2013ko ekitaldirako, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako enpresak; 2014ko ekitaldirako, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutakoak, eta horrela hurrenez hurren, programa honek indarrean jarraitu bitartean.

c.– Onuradunek, pertsona sustatzaileek edo horrekin lotutako sozietateek ezingo dute zor mugaeguneraturik eduki SPRI taldeko sozietateren batekin, ezta entitate laguntzaile edo sustatzaileren batekin ere.

d.– Indarreko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren, azaroaren 17koaren, 13. artikuluak xedatutako baldintzak bete beharko ditu.

e.– Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzakoetan egoera erregularizatua izan beharko du, indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz eska daitezkeen mugen barnean.

f.– 2.b artikuluak jasotako onuradunek, ETE moduan sailkatuta egon behar dute, eta ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

– 250 langile baino gutxiago izan beharko dituzte.

– Urteko negozio-bolumenak ezingo du 50 milioi eurokotik gorakoa izan, edo urteko balantze orokorrak ezingo du 43 milioi euro gainditu.

5.– Ezingo dute halako egoeraren batean egon; dagokien aitorpenaren bidez egiaztatuko dute alderdi hori:

a.– Ezingo du armak ekoiztu, merkaturatu edo finantzatu, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoarekin bat etortzeko.

b.– Ezingo dute itzultzeke eduki aurrekontu publikoekin ordaindutako laguntza edo diru-laguntza batzuengatiko kopururik, administrazio emailea edozein izanda ere edo bere sektore publikoko entitateren bat bada ere. Gainera, ezingo dute deialdi honetan parte hartu aldez aurretik zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozeduran badago, horren emaitza ikusita emango da –edo, hala badagokio, ordainduko da– laguntza.

c.– Ezingo du prozedura batean kaudimengabetzat jo izan, konkurtsoa eskatua izan, konkurtsoan egon, esku-hartze judizial batean egon edo Konkurtso Legearen arabera desgaitua izan, Konkurtsoko kalifikazio-epaia finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe badago.

d.– Diru-laguntzen deialdi hau egin aurreko bost urteetan, enpresak edo haren legezko ordezkariek ezingo dute epai irmo baten bidez kondenatua izan, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, ezingo dute zehapen irmoa jaso, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.

6.– Eskatzaileek onuradun egoera egiaztatu beharko dute laguntza-eskabidea aurkezten duten unean; horretarako, eskaera-orriarekin batera, eskatzen den gainontzeko dokumentazioa ere aurkeztu beharko dute.

7.– Ez dira onuradun izango Sozietate Publikoek eta Zuzenbide Publikoko Entitateek, euren organo, sail eta menpeko entitateek, ezta beste enpresa edo antolakunde batzuek ere sozietate horren gehiengo partaidetza badute.

4. artikulua.– Proiektuak burutzeko epea.

Laguntzeko diru-laguntzak, kasu bakoitzaren beharretara egokituko dira. Dena dela, laguntza eman denetik, gehien jota, beste 18 hilabetez luza daitezke.

Finantzaketa lortzeko laguntzak eraginkorrak izango dira mailegua indarrean dagoen bitartean, eta Enpresa Proiektua hiru urteko epean burutu beharko da, mailegua eman denetik.

II. KAPITULUA
LAGUNTZEKO DIRU-LAGUNTZAK

5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diruz lagun daitezkeen gastuen % 100erainokoa izan daiteke, 30.000 euroko muga izanik, eta aurretik aipatutako burutzeko epearen barruan. Epe horretan, CEIk sustatzaileei aholkularitza eman, eta kokapen fisikoa eskainiko die, betiere duen lekua aintzat hartuta.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– SPRIren bitartez igorriko da entitate onuradunei eman beharreko diru-laguntza, eta CEIk emandako txostenarekin bat etorriz. Ordainketak sortu, eta proiektua abian jartzeko gastuak behar bezala justifikatu ahala, CEI horiek administratzeaz arduratuko da:

– Pertsona edo talde sustatzailearen dedikazioa eta trebakuntza (600 euro/hileko).

– Enpresa-prestakuntza eta berariazko prestakuntza.

– Aholkularitzagatiko eta kanpoko laguntza teknikoengatiko gastuak.

– Prospekzio ikerketak eta dokumentazioa.

– Azoketan parte hartzea, merkataritza-prospekzioko bidaiak.

– Maketak eta prototipoak egitea.

– Bestelakoak.

2.– Kanpoko azpikontratazio espezializaturako gastuak. Aurkeztutako proiektuen arloan kanpoko enpresak kontratatzeagatiko gastuak; enpresa horiek ezingo dute loturarik eduki proiektu horren burutzapenarekin.

Kanpoko enpresek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a.– Ez izatea herri-administrazioen menpeko edo horiei lotutako nortasun juridiko propioa. Hala ere, salbuespen izango dira sektore, enpresa edo lurralde mailako eragileak, soilik araudi honetako jarduera-eremuan.

b.– Akzioen edo partaidetzen bidezko loturarik ez izatea (ez zuzena, ez zeharkakoa) laguntza eskatu duenarekin edo lankidetza-proiektuan sartutako enpresaren batekin.

c.– Enpresek zein langileek eta laguntzaileek, ezingo dira egon SPRI deshomologatzeko prozeduren batean.

III. KAPITULUA
FINANTZAKETA LORTZEN LAGUNTZEKO DIRU-LAGUNTZAK

7. artikulua.– Finantzatu beharreko inbertsioak.

Aktibo finkoko elementuak izan beharko dute, hain zuzen ere, beste batzuek eskuratutako aktibo finkoak instalatu, zabaldu edota hobetzeko. Pertsona sustatzaileek zenbait ekarpen egin beharko dituzte gutxienez inbertsioen % 30 finantzatzeko; horretarako, kapital harpidetu eta ordaindutakoaren ekarpena egingo dute, eta ez da konputatuko diru-laguntzei dagozkien kopurua. Hona hemen zer inbertsio finantzatuko diren:

1.– Ibilgetu materiala, lursailak eta eraikinak izan ezik.

– Lokalak berriztatzea eta egokitzea.

– Makinak.

– Ekipo-ondasunak.

– Erremintak.

– Industria-ibilgailuak.

– Instalazio teknikoak.

– Altzariak.

– Aktibo finko materialetan egindako beste inbertsio batzuk.

2.– Ibilgetu ez-materiala (Aurreko ataletan inbertsiorik egoteak baldintzatuko du).

– Informatika-aplikazioak.

– Industria-jabetza.

– Jabetza intelektuala eta administrazio-pizgarrien kanonak edo frankiziak.

– Ikerketa eta Garapenerako gastuak.

8. artikulua.– Finantza-eragiketak.

Kapitulu honetan jasotako laguntzak, egituratuko dira onuradunek SPRIrekin, Luzaro Kredituaren Finantza-etxearekin eta Euskal Autonomia Erkidegoarekin izenpetu dituzten lankidetza-hitzarmenen esparruan gauzatuko dituzten mailegu-eragiketetan.

9. artikulua.– Maileguen ezaugarriak.

Gutxieneko zenbatekoa: 40.000 euro.

Gehienezko zenbatekoa: 180.000 euro.

Interes-tasa: Euribor 6 hilabetera + % 1,25.

Amortizatzeko epea: 7 urte.

Gabealdia: 2 urte.

Kuotak: hiru hilean behin, hiruhileko natural bakoitzaren amaieran.

Bermeak: Enpresa Proiektua burutzeko konpromisoa.

Irekiera eta ikerketa komisioa: ez dago halakorik.

Erabilera: proiektua nola gauzatzen den ikusita, entitateak baimentzen duen heinean.

Berritzapenak. Mailegua hartzen duen enpresak ezin badu ordainketa-egutegia bete, eragiketaren jatorrizko epea beste hiru urtez (gehien jota) luzatu ahal izango da; gainera, gabealdia ere epe horretan luza daiteke. SPRIk hartuko du erabakia, Luzarok eskatuta, eta jatorrizko maileguaren kontratuari erantsitako agiri batean gauzatuko da.

10. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

Luzarok SPRIri kobrantzaren berri emanda, SPRIk mailegu-hartzaileari ondoko kopuruak ordainduko dizkio:

– Mailegua formalizatu den egunetik urte horretako hiruhileko naturalaren amaiera arte sortu diren interesak.

– Hiruhileko bakoitzean sortutako interesak, hurrengo 8 hiruhileko naturaletan.

Luzaro Finantza Entitatearekin harremana duen erakunde onuradunaren Kontuan ordainduko da zuzenean.

IV. KAPITULUA
PROZEDURA

11. artikulua.– Diru-laguntza eskabidea aurkezteko epea eta modua.

1.– Programa hau indarrean dagoen ekitaldi bakoitzean, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte dago irekita eskabideak aurkezteko epea.

2.– Erakunde onuradunek CEI zentroen bitartez aurkeztuko dituzte laguntza-eskabideak. Zentro horiek, eskaera-formularioak banatuko dizkiete.

3.– 2.a) artikuluak jasotako laguntzen kasuan, laguntza prozesua abiarazi baino lehen aurkeztu beharko dira eskabideak; aldiz, 2.b) artikuluak jasotakoei dagokienez, inbertsioa egin baino lehen aurkeztuko dira.

Salbuespen gisa, eta hau argitaratu eta 30 eguneko epean, deialdi honetaz baliatu ahal izango dira 2.b) artikuluarekin bat etorriz aurkezten diren ondoko eskabideak: 2014ko urtarriletik 1etik baliatu ahal zirenak baina aurreko Hitzarmenaren funtsak agortu direlako laguntzarik jaso ez zutenak.

12. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Erakunde eskatzaileak ondokoak aurkeztu beharko ditu:

– Eskaera-formularioa behar bezala beteta eta pertsona edo talde eskatzaileak sinatuta; enpresa baldin bada, erakunde eskatzaileari ordezkatzeko legezko gaitasuna duten guztiek sinatu beharko dute. Formulario horretan, ideia garatzeko ardura nor duen/duten jarriko du. Pertsona horiek enpresakoak izan behar dute, eta proiektuan sartzearekin ados daudela adieraziko dute sinaduraren bitartez.

– Eskatzaile egiaztatuaren aitorpe arduratsua:

– Kasuan-kasuan, zein enpresa-talderekin duen lotura edo harremana, baita hori egiaztatzeko moduko zenbait enplegu- eta kontabilitate-datu ere (enpresa bat baldin bada).

– Indarreko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren, azaroaren 17koaren, 13. artikuluak xedatutako debekuren batean ez egotea.

– Kontzeptu berberengatik ezingo du eskatu edo jaso beste Herri Administrazio batzuetako laguntzarik, eta, jaso badu, horiek aitortu beharko ditu.

– Memoria, eta beharrekoa balitz, onuraduna dela eta proiektua aukeratu diotela egiaztatzeko dokumentazioa; baita programa honen esparruan diruz laguntzeko modukotzat jotzen dituen jardueren zehaztasuna ere.

– Onuraduna enpresa bat bada:

– Foru Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin ordainketak egunean dituela adierazten duen agiria.

– Enpresa-osaketaren eskrituraren kopia, eta eskatzailearen ordezkapen-ahalordearen kopia.

– Zerga Identifikaziorako Txartelaren kopia.

– Maileguak jasotzeko, gainera, Enpresa Planaren ale bat aurkeztu beharko du. Gainera, SPRIk eta Finantza-entitateak beste agiri edo informazio osagarri batzuk eska ditzakete, aurkezten den eskabidea ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen badute.

2.– CEI zentroek dute aurkeztutako eskabideak aztertzeko ardura. Zentro horiek, gainera, eskatzaileei beste dokumentazio edota informazio osagarria eska diezaiekete eskabide horietako bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat ikusten badute.

3.– Diru-laguntzak emateko espedienteak bideratu eta ebatziko dira, arau honetan xedatutakoarekin bat etorriz, hurrenkeran, eskabidea eta dokumentazio osagarria jasotzen duen espedientea noiz dagoen osatuta aintzat hartuta.

13. artikulua.– Zuzenketak.

CEI zentroek ikusten badute eskabidean edo aurkeztutako gainontzeko agirietan zerbait oker dagoela, zerbait falta dela edo zerbait ez dela zuzena, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta hamar eguneko epea emango dio zuzenketa egiteko. Gainera, jakinaraziko dio zuzenketa egiten ez badu eskabidea baztertu egingo duela.

Epea amaituta ez badu zuzenketarik egin, SPRIk ez onartzeko ebazpena egingo du.

14. artikulua.– Proiektuak aztertzea.

Ebazpenaren aurretik izapidetu beharreko prozeduran, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAri (SPRI) CEIk egindako txosten xehatua bidali beharko zaio; horrekin batera, enpresak aurkeztutako agirien zerrenda ere bidaliko diote. Txosten horrek jaso beharko du, alde batetik, enpresak emandako informazio guztia eta, beste alde batetik, CEIk egindako balorazioa. Balorazio hori, aurkeztutako informazioaren ingurukoa, zein jarraipen lanean zentroak ohartarazi dituen eta garrantzitsutzat jo dituen alderdiei buruzkoa izango da, programa honen esparruan proiektu hori aukera daitekeen edo ez zehaztearren. Edozein modutan, CEIk jakinarazi beharko du noiz duen espediente osoa.

15. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Proiektuei ahalik eta modu eraginkorrenean laguntzearren, programa honen bidez lortu nahi da ahalik eta tarterik txikien uztea eskaera egin denetik laguntza ematen den arte; hori dela eta, laguntzak hurrenkeran emango dira, espedientea osoa noiz duten aintzat hartuta, eta ez da konkurtso-teknika erabiliko. Beraz, ebazpenaren bidez laguntzak ukatuko dira, dagokion urteko deialdiaren arabera eman beharreko laguntzen zenbateko osoa gainditu bada.

Hori dela eta, programa hau indarrean dagoen bitartean, ekitaldi ekonomiko batean, deialdian zehaztutako zenbateko osora iristen bada, iragarki bat argitaratuko da egoera horren berri emateko. Iragarki horrek noiz gertatu den hori adieraziko du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Aurreko ekitaldi ekonomikoan aurkeztu diren eta laguntzarik izan ez duten (ekitaldi horretako deialdian finkatutako muga gainditu delako), eta aurretik aipatutako moduan onartu ez diren proiektuak, hurrengo ekitaldiko deialdian aurreikusten diren baliabideez balia daitezke, betiere, proiektu horiek Agindu honetan laguntzak lortzeko finkatu diren baldintzak betetzen badituzte. Horretarako, beste eskabide bat aurkeztu beharko dute, baina, lehentasuna emango zaie, ukatutako eskabidearen lehen data hartuko baita kontuan.

3.– Ekintzaile Programaren Batzorde Exekutiboak –osatu egin du, dagoeneko, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAren Administrazio Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 23an hartutako erabakiaren bidez–, arautegiaren arabera aurkeztu diren laguntza-eskabideak ebaluatzeko eta ebazteko gaitasuna du; horien inguruko deliberamenduak dagokion aktan jasoko ditu.

4.– Ebazpena hiru hileko epean jakinaraziko da CEIn eskabidea aurkeztu denetik. 6 hilabete igaro badira eta ez bada jakinarazpenik jaso, ez onartutzat joko da, ondoren aldeko jakinarazpena egiten ez bada.

5.– 2.b) artikuluak xedatu dituen inbertsioak finantzatzeko diru-laguntza (hitzarmenen babespean egiten diren maileguen bidez emango dira) eskabideak, Luzarora bidaliko dira. Luzarok onuradunei onartu dituen edo ez jakinaraziko die, baita SPRIri ere, jaso eta hilabeteko epean.

V. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZAK METATZEA

16. artikulua.– Diru-laguntzak metatzea eta horren mugak.

1.– Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak (bakarrik, zein beste administrazio batzuek eta dagozkien sektore publikoek helburu berarekin emandako diru-laguntzekin batera) ezin du inolaz ere entitate onuradunak egingo duen jardueraren kostua gainditu. Jaso diren beste laguntza publiko batzuk eta Programa honetaz baliatuta emandakoa batuz gero, kostu hori gainditzen bada, Programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa gutxituko da, jarduerak gehiegizko finantzaketa izan ez dezan gutxitu beharreko kopuruan.

2.– Programa hau aplikatzeko ematen diren laguntzak, garrantzi gutxikoak edo minimis laguntzak dira.

3.– Entitate onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntza guztira, ezingo da 200.000 euro baino gehiagokoa izan. Kopuru hori, indarreko ekitaldi ekonomikoan eta hurrengo bi ekitaldietan kontabilizatuko da. Gehiengo kopuru hori 100.000 eurotara murriztuko da, baldin eta onuraduna errepide bidezko garraioan lan egiten duen enpresa bada. Hori dela eta, Programa honetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira emango baldin eta emandako laguntza eta onuradunak jasotako beste minimis laguntza batzuk batuz gero (edozein administraziok emanda ere), muga hori gainditzen bada.

4.– Muga hori edo Programak ezarritako beste batzuk gainditzen badira, Programaz baliatuta emandako laguntza txikituko da kostutik gorako kopuruan.

5.– Minimis laguntzak emantzat joko dira enpresari laguntza jasotzeko legezko eskubidea duela aitortzen diotenetik.

6.– Zenbait epetan ordaindu beharreko laguntzak, ematen diren uneko balioaren arabera eguneratuko dira.

Diru-laguntzen lehiakortasuna egiaztatzen dela bermatzearren, CEIk, dagokion unean laguntza eman aurretik, aurkeztutako gastu-egiaztagirietan zigilu-marka jarriko du; ondoren enpresari itzuliko dizkio. CEIk gastu-egiaztagiri horien kopia bana gordeko du.

VI. KAPITULUA
EGIAZTATZEA ETA EZ BETETZEA

17. artikulua.– Erakunde laguntzaileak eta horien egitekoak.

Eranskinean jaso diren CEI zentroak, erakunde laguntzaileak dira urriaren 17ko 698/1991 Dekretuak zehaztutako moduan.

Honako egitekoak izango dituzte:

– Diru-laguntzak eskabideak jasotzea.

– Enpresek eman duten informazioaren berri ematea SPRIri.

– Aurkeztutako eskabideak aztertzea.

18. artikulua.– Diru-laguntzen norakoa eta justifikazioa.

1.– Erakunde onuradunek dagokion helbururako erabili behar dute jasotako diru-laguntza, eta gain hartuko dute Enpresa Plana bideragarritasunaren barruan gauzatzeko konpromisoa. Hori dela eta, ondokoak justifikatu beharko dituzte:

2.– Laguntzeko diru-laguntza.

– Proiektuaren garapenaren eta sustatzailearen beharren arabera, laguntza-aldian sortutako gastuak; fakturen edo ordain-agiriren bidez justifikatuko dira.

– Sei hilabetean behin: Enpresa Plana gauzatzen aurrera egin duela; horretarako, jarduera-memoria aurkeztuko da.

– Laguntza-aldiaren amaieran: Enpresa Plana burutua.

– Enpresa benetan sortzen den unean: sozietatea osatzeko eskrituren kopia.

3.– Inbertsioetarako finantzaketa lortzeko diru-laguntza:

– Sei hilabetean behin: inbertsioen egoerari buruzko txostena eta egindako ordainketak (fakturen eta ordain-agirien bidez).

– Sei hilabetean behin: Jarduerari eta Enpresa Planaren burutzapenari, desbideratzeei, berrikuspenei eta doikuntzei buruzko txostena.

19. artikulua.– Egiaztatzea.

Erakunde onuradunak behartuta daude Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k (SPRI), Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (fiskalizazio-lanak egiteko) eskatzen dizkien informazio guztia ematera, onetsitako proiektuen garapen eta burutzapenaren eta laguntzen norakoen inguruan egokiak diren egiaztapenak egin ditzaten.

20. artikulua.– Aldatzea eta ez betetzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik bada, eta, edonola ere, beste administrazio batzuek edo erakunde publiko edo pribaturen batek aldi berean beste diru-laguntzarik edo laguntzarik ematen badute edo beste sarrera edo baliabide batzuk lortzen badira egitasmo bererako, diru-laguntza emateko erabakia alda daiteke, betiere Programa honek finkatutako gutxieneko baldintzak babesten badira.

2.– Erakunde onuradunek Programa honetan edo diru-laguntzen arloan aplika daitezkeen arau orokorretan jasotako baldintzaren bat betetzen ez badute, edo, kasua balitz, laguntza emateko ebazpenak jasotako baldintzaren bat bete ezean, jasotzeko eskubidea galduko dute. Gainera, SPRIri une horretara arte jasotako kopurua itzuli beharko diote, baita dagozkien legezko interesak ere. Beharrezkoa bada, egokiak diren lege-ekintzak gauzatuko dira kopuru hori itzul dezaten lortzeko.

3.– Edozein modutan, artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, ondokoak joko dira ez betetzetzat:

3.1.– Programan jaso den helburua ez betetzea, edo laguntzaren xede den jarduera garatu dela justifikatzeko betebeharra ez betetzea.

3.2.– Programa honetan finkatutako baldintzak bete gabe lortu bada laguntza, edo laguntza ematearen ondorioz finkatutakoak betetzen ez badira.

3.3.– Programan edo laguntza emateko orduan aurreikusi diren kontrol-neurriei uko egitea edo neurri horiek eragoztea.

3.4.– Aukeratutako gastuak epe barruan ez justifikatzea, edo Programan zein laguntza emateko ebazpenen exijitzen diren baldintzak ez betetzea.

3.5.– Diruz lagundutako jarduera burutzeko epea gainditzea, betiere aldatzeko edo luzatzeko baimenik ez badu.

3.6.– Proiektuaren beste edozein desbideratze edo Laguntza emateko ebazpenean jasotako beste betebeharren bat ez betetzea.

4.– Behar ez bezala jaso diren kopuruak, hilabeteko epean itzuli beharko dira, erakundeari itzuli behar izanaren berri ematen zaionetik. Gainera, hilabete horretatik aurrera, diruaren legezko interesa ere ordaindu beharko du.

5.– Laguntza jaso ondoren, Programaren xede den jardueraren kostutik gora jasotakoaren zatia ere itzuli beharko da, proiektuak gehiegizko finantzaketa jaso badu 10. artikuluan araututako laguntzak metatu dituelako. Halakorik gertatu dela eta itzuli behar dela aitortzen duen Ebazpenak zehaztuko du kasu horretan zenbait itzuli behar den.

6.– Itzulitako kopuruak, eskubide publikoko diru-sarrerak izango dira eta, beraz, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolatzeko Arauen Legearen Testu Bateratuaren 64. artikuluak aurreikusitako arduren araubidea aplikatuko da (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onetsi zen aipatutako Testu Bateratua).

AZKEN XEDAPENAK

1.– Aurkeztutako eskabideak, dagokien hurrenkera kronologikoan landuko dira behar bezala beteta daudenetik, urterako dagoen kredituaren mugaraino.

Kreditua agortzen denetik aurrera, ez dira ondorengo eskaerak aintzat hartuko, aurkeztuta badaude ere.

Laguntzen Programa hau indarrean egongo da EHAAn argitaratu eta biharamunetik 2017ko abenduaren 31ra arte, betiere Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAren (SPRI) aurrekontuetan aurrekontu-partidarik jaso bada. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jasotzen dira.

2.– Emandako diru-laguntzei egokia den publizitatea ematen zaiela bermatzearren, interesdunen esku egongo da onuradunen zerrenda, SPRIri eskatzen badiote.

3.– SPRIk onuradunen zerrendei eta proiektuei buruzko informazioa zabal dezake, baina soilik konfidentziala ez den informazioa. Halaber, onuradunak gain hartuko du proiektuen emaitzak zabaltzen laguntzeko ardura.

4.– 15/1999 Lege Organikoak, abenduaren 13koak, jasotakoarekin bat etorriz, ematen diren datu pertsonal guztiak «Laguntzak» izeneko fitxategi batean bilduko dira, eta SPRI izango da fitxategi horren arduraduna (helbidea: Bizkaia Plaza eraikineko Urkixu zumarkalea 36, 4. solairua, 48011, Bilbao).

Fitxategi horrek, SPRIk diseinatutako edota kudeatutako laguntzen/diru-laguntzen espedienteak kudeatzea du helburu. Informazio hori enpresa laguntzaileei, gai horretan eskumena duten Herri Administrazioei eta SPRI taldeko enpresei eman ahal izango zaie beharrezkoa balitz.

Datuak Babesteko Espainiako Bulegoak fitxategi horren berri du; gainera, fitxategiak datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurri guztiak ditu.

Gogoratzen dizugu emandako datuetan sartzeko aukera duzula eta, kasua balitz, datuak zuzendu, deuseztatu edo inori ematen ez uzteko eska dezakezula Legeak xedatutakoaren arabera. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar diezu SPRIko Segurtasuneko arduradunei (lopd@spri.es).

5.– Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren (SPRI) erabakia, merkataritza-alorrekoa da, eta epaileek eta auzitegi zibilek izango dute epaitzeko eskumena. Erakunde onuradunek uko egiten diete dagozkien eskumen formalei, eta Bilboko Justizia Auzitegi eskudunen menpe jartzen dira espresuki, laguntzen programa honen interpretazioari edo gauzatzeari buruz zuzenean edo zeharka sor daitekeen edozein auzi, desadostasun edo erreklamazio ebazteko.

6.– Oinarri hauetan aurreikusi ez den alderdi guztietarako, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolatzeko Arauen Legearen Testu Bateratua onetsi du aipatutako Dekretuak) eta azaroaren 17ko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak xedatutakoaren arabera jokatuko da.

Bilbao, 2014ko apirilaren 2a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

I. ERANSKINA
ERAKUNDE SUSTATZAILEAK ETA LAGUNTZAILEAK

1.– ERAKUNDE SUSTATZAILEAK.

– Eusko Jaurlaritza – Gobierno Vasco.

– Arabako Foru Aldundia.

– Gipuzkoako Foru Aldundia.

– Bizkaiko Foru Aldundia.

– Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI).

2.– ENTITATE LAGUNTZAILEAK.

– Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (CEI Saiolan).

(Uribarri auzoa 3, 1. behea 20500 Arrasate-Mondragón, Gipuzkoa).

– Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (Berrilan).

(Azitain industrialdea 3, 2. eraikin, 2, 20600 Eibar, Gipuzkoa).

– Arabako Eraberrikuntza Industrialdea (CEIA).

(Arabako Teknologia Parkea –CEIA eraikina 01510 Miñao, Araba).

– Ezkerraldeko Enpresak Garatzeko Zentroa (CEDEMI).

(Bizkaiko Labe Garaiak zeharbidea 33, 48902 Barakaldo, Bizkaia).

– Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroa / Centro de Empresas de Innovación de Bizkaia (BEAZ).

(Errekalde zumarkalea, 18 - 6., 48009 Bilbao, Bizkaia).


Azterketa dokumentala