Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2014ko uztailaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2956

111/2014 DEKRETUA, ekainaren 17koa, enpresak finantzatzeko abal publikoak emateko ezohiko programa bat garatzeko dena.

Egungo krisi ekonomikoa bereizten duen ezaugarrietako bat honako hau da: Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sektorea finantzatzeko ohiko iturriak, merkataritza-trafiko arruntari lotuta daudenak, nabarmen uzkurtu izana.

Finantziazio-gabezia hori arintzeko, 2009-2010, 2011., 2012. eta 2013. urteetan abalen programa bat proposatu zen –otsailaren 16ko 52/2010 Dekretua (martxoaren 16ko EHAA, 51. zk.), ekainaren 14ko 125/2011 Dekretua (ekainaren 24ko EHAA, 120. zk.) eta uztailaren 10eko 127/2012 Dekretua (uztailaren 19ko EHAA, 141. zk.)–. Programa horren xedea zen gure ekonomiarako eta enplegurako ezinbestekoa den enpresen kolektibora bereziki bideratutako kapital zirkulatzailea finantzatzea. Enpresa horiek, bakarrik edo beste batzuekin lankidetzan, garrantzizko proiektuetan sartzeko aukera zuten, nazioartean batez ere, eta proiektu horiek garatuz eta gauzatuz, eskari berriak ekartzen zizkieten Euskal Autonomia Erkidegoko hornitzaileei.

Enpresa traktoreek gauzatzen duten eragiketa mota horrek asko lagundu du gure industria-sareak jarraitutasuna izan dezan produkzio- eta enplegu-alorretan.

52/2010 eta 125/2011 Dekretuek honako oinarri hauek zituzten: batetik, EEren Itunaren 87. artikuluaren 3. paragrafoko b) idatzi-zatia; eta, bestetik, itunarekin bateragarriak diren laguntzak ematea ahalbidetzen duen Batzordearen Komunikazio hau: «Europar Batasunaren aldi baterako esparrua, egungo ekonomia- eta finantza-krisialdian finantzaketa eskuratzen laguntzeko estatuko laguntzen neurriei aplikatu beharrekoa». Bestalde, 127/2012 Dekretuak eta 416/2013 Dekretuak bete egiten zuten Batzordearen komunikazio honetan ezarritakoa: EEren Itunaren 87. eta 88. artikuluak estatuek berme gisa emandako laguntzei aplikatzeari buruzko Komunikazioan ezarritakoa.

Izan ere, berme gisa emandako laguntzak onartzeko araubide bat ezartzerakoan, Batzordearen 155/10 Komunikazioan ezarritako jarraibideak bete beharra dagoela (komunikazio hori 2008ko ekainaren 20ko ÉBAOn argitaratu zen, eta estatuek berme gisa emandako laguntzei EBren Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da).

Komunikazio horren arabera, estatuen laguntza mota hori barne-merkatuarekin bateragarritzat joko du Batzordeak, Itunaren 87.1 artikuluari jarraikiz, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

– Enpresa krisi-egoeran ez egotea;

– Bermea finantza-transakzio espezifikoei loturik egotea, eta transakzio horiek iraunaldi eta zenbateko mugatuak izatea;

– Bermeak ezingo du estali maileguaren edo bete gabeko beste finantza-obligazioren baten % 80 baino gehiago;

– Bermegatik ordaintzen den prezioa merkatuan oinarritua egotea;

Enpresa-sektorea gure autonomia-erkidegoaren oinarrizko euskarria izanik, Eusko Jaurlaritzak sektore horri eustearen aldeko jarrera aktiboa dauka, eta, ildo horretatik, uste du ezohiko programa honi eutsi beharra dagoela, hain zuzen ere sektorean, eskualde-mailan, ekonomikoki edo gizarteari begira daukaten garrantziarengatik halako neurri bat justifikatzen duten enpresa-proiektuei laguntzeko.

Laguntza hauek ETEen edo ETE-taldeen inbertsioak edo kapital zirkulatzailea finantzatzeko abal publikoak emanez gauzatuko dira, garrantzi berezia emango zaiolarik industria- eta enplegu-ehundura mantentzeari. Laguntzak, bestalde, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

Ezohiko Programa horrek aplikatu beharreko Europako Zuzentarauak kontuan hartu eta errespetatzen ditu, eta Europako Erkidegoak ezarritako laguntza-tipologiara egokituta dago, baita laguntza horiek baimentzeko oinarrizko baldintzetara ere.

Araubidea zehazteko, oinarritzat hartuko dira Batzordeak emandako Komunikazio baten xedapenak, zehazki Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 107. artikulua estatuek berme gisa emandako laguntzei aplikatzeari buruzko Komunikazioaren xedapenak.

Programa hau, halaber, egokitu egiten Aurrekontu Orokorren araubidera, eta, ildo horretatik, 2014. urtean eman beharreko abalen gehieneko zenbatekoa 100 milioi eurokoa izango da, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko 2014. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 4/2013 Legearen 9. artikuluan finkatutako zenbatekoaren barruan.

Ezohiko programa honetan, 2012an eta 2013an aplikatutako jardun-irizpideei eutsi zaie; hona hemen nabarmenenak:

– Laguntza hauek salbuespenezkoak dira: izan ere, eskabideak izapidetzea onartu aurretik, hainbat ezaugarri betetzea eskatzen da.

– Laguntza finalistaren kontzeptua: proiektu, eskaera edo kontratu jakin bati zuzenduta dago.

– Abal publikoaren figura erabiltzea finantza-erakundeen finantziazioa lortzeko baliabide orokor gisa.

– Aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta bideratzeko beharrezkotzat hartzen den informazio eta dokumentazio oro aurkezteko obligazioa.

– Enpleguari eusteko konpromisoa idatziz adieraztea.

– Abal publikoaren bitartez lortutako finantza-baldintzak enpresa hornitzaileei besterenduko zaizkiela adierazten duen idatzizko konpromisoa.

– Eusko Jaurlaritzaren aurretiazko baimena izan behar da, baldin eta akzioak hirugarren batzuei eskualdatzen bazaizkie, eta horrek enpresaren kontrola aldatzea ekartzen badu.

– Aurkeztutako proiektuak, eskaerak edo kontratuak ebaluatzeko metodologia, enpresa-proiektuaren tratamendu unitarioaren printzipioak abian jarriko dituena; enpresak jasotako laguntza guztiak kontuan hartuko dituen leihatila bakarra; eta, halaber, aurkeztutako proiektuarekiko adostasunari eta bideragarritasunari buruz Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak egindako industria-ebaluazioa, bai eta finantza-ebaluazioa ere.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko ekainaren 17an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedeak dira, alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan industria-sareari eta enplegu-sareari eusteko garrantzi handia duten enpresei edo enpresa-taldeei abal publikoak emateko ezohiko programa ezartzea, enpresa horiei ahalbidetuko diena kapital zirkulatzailearen premiak estaltzeko banku-finantziazioa lortzea; eta, beste alde batetik, finantziazio hori lortzeko baldintzak eta prozedura arautzea.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Abalen bidez, 100.000.000 euro emango dira, gehienez, 2014ko ekitaldian. Muga horretaz gainera, dekretu honen babesean emandako abalek, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko Aurrekontu Orokorren Legearen 9.1 artikuluaren mendeko gainerako bermeekin batera zenbatuta, ezingo dute gainditu arau horretan ezarritako zenbatekoa.

2.– Dekretu honen babespean araututako eta deitutako abalak publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira. Abalak eskatzeko espedienteak modu ordenatuan ebatziko dira, dekretu honetan eskatutako dokumentazio guztiarekin osatuta geratzen diren unearen arabera.

3.– Laguntzak emateko ezarritako diru-zenbatekoa agortuz gero, Ogasuneko eta Finantza Politikako sailburuordeak egoera horren berri emango du administrazio-ebazpen baten bidez, eta ebazpen horretan kreditua noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ez da onartuko une horretatik aurrera aurkezten den eskabiderik.

4.– Dagoeneko aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskabideak ezin badira erantzun esleitutako aurrekontu-hornidura agortuta egoteagatik, ezetsi egingo dira arrazoi hori dela-eta, Industria Garatzeko zuzendariaren administrazio-ebazpen bitartez ezetsi ere.

5.– Abalen gehieneko zenbatekoa eguneratu ahal izango da, legedian ezarritako aurrekontu-aldaketarako araubidearekin bat etorriz. Horrelako egoerarik gertatuz gero, horren berri eman beharko da, Ogasuneko eta Finantza Politikako sailburuordearen ebazpen bidez.

3. artikulua.– Laguntzak.

1.– Dekretu honen arabera garatu den ezohiko programan aurreikusitako laguntzak honela gauzatuko dira: industria-sareari eta enplegu-sareari eusteko garrantzi berezia duten ETEei edo ETE-taldeei inbertsioak edo kapital zirkulatzailea finantzatzeko abal publikoak emanez.

2.– Enpresa handi bat eta ETE bat bereizteko, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioan (2003-05-20ko EBAO, L 124/36) ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan, edo hori ordezten edo aldatzen duten xedapenetan ezarritakoak.

Zehazki, enpresa txiki eta ertainen kategorian, honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak sartuko dira:

– 250 langile baino gutxiago dituztenak.

– Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez duten enpresak edo, bestela, urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez dutenak.

– Zuzenean edo zeharka, haren kapitalaren % 25eko edo hortik gorako partaidetza ez egotea aurretik adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen enpresa baten edo batzuen eskuetan.

4. artikulua.– Enpresa onuradunak.

1.– Abalen ezohiko programaren onuradun izango dira erauzketako industria-enpresak, eraldaketakoak, ekoizpenekoak, lehenago aipatutakoekin lotutako zerbitzu teknikokoak (produktu-prozesuari lotutakoak), informazioaren eta komunikazioen sozietatearen eremukoak, teknologian edo berrikuntzan oinarrituta daudenak, betiere lantokia eta/edo ustiaketa-zentroa Euskal Autonomia Erkidegoan badute, eta beste baldintza hauek betetzen badituzte:

– Eragin traktorea edo enplegurako eragin berezia duten inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak aurkezten badituzte.

– Inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak beren baliabideak erabiliz finantzatzeko zailtasunak dituzten enpresak edo enpresa-taldeak badira, eta egungo finantza-krisia dela medio behar duten finantzazioa lortu ezinda ibiltzea.

– Egun bizi duten egoera ekonomikoa eta finantza-egoera nahiz etorkizuneko itxaropenak kontuan hartuta, abalatutako finantza-eragiketa itzultzeko behar adinako ahalmena izango dutela ondorioztatzen bada.

2.– Krisialdian ez dauden enpresei soilik emango zaie laguntza.

3.– Laguntza ez zaie aplikatuko esportazio-kredituen bermeei.

4.– Kanpoan geratuko dira, halaber, berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

5.– Dekretu honek arautzen dituen abalak enpresa onuradunei eman aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea, bai eta eskatzaileak administrazio horrekin exekuzio-aldian zorrik ez izatea.

6.– Laguntzen onuradun izateko, enpresa eskatzaileak ez du egon behar zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoari jarraikiz.

5. artikulua.– Krisi-egoeran dagoen enpresa.

1.– ETE bat krisi-egoeran dagoela jotzeko, aintzat hartuko da Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 1.7 artikuluan zehaztutakoa (2008-08-09ko EBAO, L 214/3).

2.– Hasiera batean, enpresa bat krisi-egoeran dagoela esango dugu honako zirkunstantzia hauen arabera:

i) Bazkideek erantzukizun mugatua duten sozietate bat izanik, sinatutako kapitalaren erdia baino gehiago desagertu bada, eta kapital horren laurdena baino gehiago galdu bada azken hamabi hilabeteotan, edo

ii) Erantzukizun mugagabea duen sozietatea izanik, sozietate horren berezko funtsen erdia baino gehiago desagertu bada, sozietatearen liburuetan azaltzen denaren arabera, eta funtsen laurdena baino gehiago galdu bada azken hamabi hilabeteotan, edo

iii) Enpresa mota guztiei dagokienez, lehiaketa-prozedura batean parte hartzeko baldintza guztiak betetzen badituzte.

6. artikulua.– Finantza daitezkeen proiektuak.

Honako hauek izango dira finantza daitezkeen proiektuak: haien ezaugarriak direla medio, gauzatzeko finantziazio lotu handia behar duten inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak.

Nolanahi ere, araubide honetan ezarritako laguntzak ematerakoan, aintzat hartuko da proiektuak, eskaerak edo kontratuak nolako irismen estrategikoa eta garrantzi berezia daukaten sektorean eta enplegu-arloan bultzada emateko.

Honako alderdi hauekin lotura duten proiektuak hartuko dira finantzagarritzat:

– Inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak, betiere horiek gauzatzeko enpresa-arloko itunak edo ekimenak elkarrekin osatzen badira, eta horrekin merkatu berriak irekitzen badira eta Euskadiko enpresa-sarea nazioartean birkokatzen bada.

– Berregituratzeko neurriak aplikatu dituzten enpresek lortutako inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak, baldin eta proiektuak, eskaerak edo kontratuak enpresa horietako enplegua hobetzeko, finkatzeko eta garatzeko plana badakar.

– Euskadiko enpresa-sarean ehuneko garrantzitsuetan zuzeneko trakzio-eragina duten inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak.

– Inplikatutako hornitzaile-katearekin ordaintzeko arrazoizko akordioak biltzen dituzten inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak, betiere akordio horiekin saihesten bada ordainketa-praktika txarrak eta horiek eragiten duten finantza-estutasuna haiengana eramatea.

7. artikulua.– Abal-eragiketen ezaugarriak.

1.– Dekretu honen arabera emandako finantza-abalek enpresa onuradunen diru-arriskuak bermatuko dituzte Finantza Erakundeen aurrean. Diru-arrisku horiek laguntzaren xede diren inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak gauzatzeko behar diren finantza-eragiketen ondorioz sortutakoak izango dira, betiere.

2.– Abalaren zenbatekoa inbertsio-proiektuarekin, eskaerarekin edo kontratuarekin lotutako finantza-eragiketaren nominalaren % 30 izango da, oro har. Abala abalatutako zenbateko nominalera luzatuko da, gehienez, eta zenbateko horren interesen 6 hilabetera, gehienez.

3.– Irizpide orokortzat hartuta, abalaren epea 24 hilabete izango da; epe hori gainditu ahal izango da inbertsio-proiektuaren, eskaeraren edo kontratuaren bideragarritasunak edo iraupenak halakorik justifikatzen badute.

4.– Abalek urteko komisioa edo prima sorraraziko dute Eusko Jaurlaritzaren alde, baina ez da ezein komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko. Zenbateko hori aldez aurretik kitatuko da, abal-eragiketa formalizatu zen urteurren bakoitzean, abalatutako finantza-eragiketaren saldo biziaren gainean.

5.– Abalaren urteko prima edo komisioa kalkulatzeko, Batzordearen 155/10 Komunikazioaren 3.3 paragrafoan ezarritako xedapenak –I. eranskinean jasotakoak–hartuko dira aintzat (komunikazio hori EEren Itunaren 87. eta 88. artikuluak estatuek berme gisa emandako laguntzei aplikatzeari buruzkoa da).

6.– Abalatutako zenbatekoa itzuliko dela bermatze aldera, enpresa onuradunaren erantzukizun pertsonalaz gain, Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzak abala emateko beharrezkotzat jotzen dituen kontrabermeak eskatu ahal izango ditu. Halakoak eskatzen badira, enpresa onuradunak kontrabermeok eratu beharko ditu, abal publikoa formalizatu baino lehen.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoak Bermeak emateari buruzko martxoaren 18ko 54/1997 Dekretuaren 3.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzak, Berme Erregistroaren organo kudeatzailea den aldetik, txosten bat egingo du, abala emateko erabakia hartu baino lehen. Txosten horretan, honako hauek adieraziko ditu: Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 37. artikuluan ezarritako muga agortu gabe dagoela; eragiketaren ezaugarri ekonomiko-finantzarioak eta abala bermatzeko neurriak zein diren; eta enpresa eskatzaileak ez daukala exekuzio-aldiko zorrik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin. 11. artikuluan aipatzen den ebazpena onartu ahal izateko, txosten horrek aldekoa izan behar du.

Eragiketaren ezaugarri ekonomiko-finantzarioei dagokienez, Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzak 8.4.h) artikuluan eskatzen den dokumentazioa aztertuko du. Eragiketaren edukia merkatuaren baldintza objektiboetara egokituko da, eta, gainera, sektore publikoaren bermea izan beharko du, bai eta berme horrek kobrantzan dakarren segurtasuna ere.

8.– Abalatutako finantza-eragiketak eurotan egingo dira. Eragiketa atzerriko txanponen batean gauzatu nahi izanez gero, beharrezkoak izango dira Ogasun eta Finantza Sailaren onespena eta Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzaren aldeko txostena.

8. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Dekretu honetan ezarritakoari jarraikiz, hemen aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko baldintzak betetzen dituztenek Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industria Garatzeko Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskaerak eta gainerako agiri osagarriak, eta toki hauetako batean aurkeztu: zuzendaritza horretan bertan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba); sail horretako lurralde-ordezkaritzetan; edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan.

2.– Eskaerak aurkezteko epea 2014ko azaroaren 15ean amaituko da, adierazitako zenbatekoa lehenago agortzen ez bada.

3.– Erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duenak sinatuko du eskaera.

4.– Enpresa eskatzaileak, II. eranskinean azaltzen den eskabidea betetzeaz gain, memoria bat erantsi beharko du, gutxienez honako informazio hau bilduko duena:

a) Azken urteotan enpresak nolako bilakaera izan duen, eta, hala badagokio, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko enpresa barruan zer neurri hartu diren.

b) Enpresak bere bitartekoak erabiliz inbertsio-proiektuari, eskaerari edo kontratuari ezin diola aurre egin egiaztatzen duen txostena. Han zehaztu beharko da enpresak eta langileek zer ahalegin egin dituzten azken bi urte hauetako dibidenduak banatzeko politikari eta soldata-politikari dagokienez, baita ondorengo bi urteetarako aurreikusitako politikari dagokionez ere.

c) Merkatuaren bilakaeraren gaineko hipotesien azterketa, merkatu-azterketatik ateratzen diren hipotesiena.

d) Enpresak EAEko enpresa-sarean duen integrazio-maila: trakzio-efektua.

e) Enpresa eta haren nazioartekotze-maila.

f) Salbuespenezko esku-hartzearen oinarri den inbertsio-proiektuaren, eskaeraren edo kontratuaren deskribapena.

g) Bermatu beharreko eragiketa nagusiari buruzko memoria ekonomikoa eta finantza-arlokoa. Inbertsio-proiektuaren, eskaeraren edo kontratuaren ondorioz zirkulatzailea finantzatzeko sortzen diren premien deskribapena.

h) Abalatu beharreko finantzaketa-eragiketa(k) formalizatzeko baldintzak.

i) Enpresa eskatzaileak eskainitako kontrabermeen deskribapena, honako hauek bilduko dituen erantzukizun-aitorpen bat barne duela: enpresaren aktiboak osatzen dituzten ondasun edo eskubideen deskribapena –ekoizpen-prozesuari lotutakoena zein lotu gabekoena–; ondasun eta eskubide horien balorazio erreala, balorazio-irizpide orokorren arabera egina; eta ondasun edo eskubide horiek dituzten zamei buruzko xehetasunak.

j) Finantziazio-baldintzak, enpresa hornitzaileei bideratuak, baldintza horiek betetzeko konpromisoa hartuta.

k) Emaitza Kontuen Aurreikuspena indarreango urterako eta datozen bi urteetarako, eta sentsibilitate-azterketa bat, merkatuaren bilakaerari buruzko hainbat hipotesi oinarri hartuta.

l) Abala formalizatu ostean, eta data horretatik zenbatzen hasita hiru urteko epean, enpresak edo enpresa-taldeak konpromisoa hartuko du Eusko Jaurlaritzari aurretiaz baimena eskatzeko, baldin eta hirugarrenei akzioak besterentzen badizkie eta horrek kontrol-aldaketa badakar.

5.– Honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

a) Enpresa eskatzailea eratu zeneko eskrituraren fotokopia, eta eskritura horrek izandako aldaketena, halakorik izan bada.

b) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

c) Eskatzailearen ordezkatze-ahalordearen fotokopia.

d) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izatearen egiaztagiria.

e) Zerga-betebeharrak beteta izatearen egiaztagiria.

f) Azken bi ekitaldietako Urteko Kontu Ikuskatuen fotokopia; horiek izan ezean, Sozietate Zergaren azkeneko bi aitorpenen fotokopia.

6.– Interesduna edozein motatako enpresa-taldea baldin bada, eskaera bakarra aurkeztuko da; taldea osatzen duen enpresa batek –partaidetzaren ehuneko handiena duelako edo beste edozein arrazoirengatik– bere gain hartu beharko ditu eragiketaren martxa onerako beharrezkoak diren Administrazioarekiko elkarrizketa- eta harreman-funtzio guztiak.

Hori guztia esanbidez adieraziko da eskaeran; enpresa arduradunak ez ezik, gainerako enpresa parte-hartzaile guztiek ere sinatu beharko dute eskaera.

Eskaerarekin batera, artikulu honen 4. eta 5. paragrafoetan aipatutako dokumentazioa ere aurkeztu beharko da, taldea osatzen duen enpresa bakoitzari dagokionez.

Horretaz gain, jakinarazpenei dagokienez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 33. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

7.– Enpresa eskatzaileak gezurrezko daturen bat ematen badu eskaeran eta, bereziki, eskaeran bildutako erantzukizunpeko adierazpenetan, administrazio-zigorrak eta zigor penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zigor-araubideari jarraituz.

8.– Edonola ere, Industria Garatzeko Zuzendaritzak beharrezko iritzitako bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.

9.– Ez da aurkeztu beharrik izango dagoeneko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren esku dauden indarreko dokumentuak. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko du eskatzaileak zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu zituen aipatutako dokumentuak, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluaren f) idatz-zatian ezarritako baldintzei jarraikiz.

10.– Eskatzaileek eurek aukeratu duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskaera, dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.– Zuzenketak.

Industria Garatzeko Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako eskabidean akatsen bat edota zehaztasun faltaren bat dagoela, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, akatsok zuzen ditzan; halaber, jakinarazi egingo zaio hori horrela egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Epe hori igarota, egin beharreko zuzenketak egin ez badira, Industria Garatzeko zuzendariak eskabidea bertan behera geratu dela adierazteko ebazpena emango du, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. eta 71.1 artikuluetan araututakoari jarraituz (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

10. artikulua.– Ebaluazioa eta jarraipena egiteko Batzordea.

1.– Aurkezten diren eskaeren ebaluazioa eta segimendua egiteko, batzorde bat eratuko dute Ogasun eta Finantza Politikako sailburuordeak –batzordeburu arituko da–, Industriako sailburuordeak, Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako zuzendariak eta Industria Garatzeko zuzendariak –idazkari arituko da azken hori.

2.– Batzorde horrek xede izango du aurkeztu diren eskabideak ebaluatzea eta laguntza emateko edo ukatzeko erabaki-proposamenak egitea. Horrekin batera, dekretu honen ondorioz emandako abalen jarraipena egingo du.

Horren haritik, Industria Garatzeko Zuzendaritzak jasotako abal-eskabideen berri emango die Batzordeko kideei, bai eta abalak emateko ebazpenen berri ere. Era berean, enpresa onuradunek betebeharrak betetzen dituzten ala ez adierazten duten txostenak bidaliko ditu, baita atzemandako ez-betetzeak eta kasu horretan aplikatu beharreko neurriei buruzko proposamena ere.

11. artikulua.– Abala emateko erabakia.

1.– Jaurlaritzaren Kontseiluak abala emateko oniritzia emango du eta haren zenbatekoa zehaztuko, eta, horretarako, gehienez hiru hilabeteko epea izango du, eskatutako dokumentazio guztia jaso eta hurrengo egunetik aurrera; horrekin batera, zehaztu egingo ditu abalaren gehieneko zenbatekoa, epea eta beste baldintza batzuk, baldin eta baleude, eta aplikatuko den Europako araudia ere finkatuko du. Industria Garatzeko zuzendariak egingo du abala emateko jakinarazpena, aipatutako epean.

Aurreko paragrafoan adierazitako epea bukatu eta abalaren gaineko erabakirik hartu eta jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da, administrazio-prozedurari buruzko araudiaren ondorioetarako.

2.– Erabakiak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, berorren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik aurrera, hargatik eragotzi gabe aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea, Jaurlaritzaren Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

3.– Halaber, eskaerak betetzen ez baditu abalak lortzeko betekizunak, eskatutako abala ukatzeko ebazpena emango du Industria Garatzeko zuzendariak, Ebaluazio Batzordearen proposamenez. Emandako ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industriako sailburuordeari, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako epean eta moduan. Errekurtsoa aztertuta, erakunde errekurtso-egileak han adierazitako arrazoiak aintzat hartzeko modukoak direla iritziz gero, Industriako sailburuordeak abala emateko proposamena helaraziko dio Jaurlaritzaren Kontseiluari, dagokion erabakia har dezan.

4.– Abala emateko erabakiak eskatzaile bakoitzari jakinarazteaz gain, emandako abalen onuradunen zerrenda eta abalen zenbatekoak argitara emango dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

12. artikulua.– Finantza-eragiketa formalizatzea.

1.– Abala emateko erabakia jakinarazi ondoren, gehienez hilabeteko epean gauzatuko dira bermatutako finantza-eragiketa eta abal-kontratuaren eragiketa. Nolanahi ere, Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzak epe hori luzatzea izango du –interesdunak berak eskatuta eta horretarako arrazoiak emanda–, luzapena eragiten duten inguruabarrak aztertu ondoren.

2.– Abal-kontratua Ogasuneko eta Finantza Politikako sailburuordeak egingo du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean, Euskal Autonomia Erkidegoak bermeak emateari buruzko martxoaren 18ko 54/1997 Dekretuaren 6.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

13. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Eragiketetan, Batzordearen C155/10 Komunikazioan zehaztutakoa bete beharko da (C155/10 Komunikazioa, EBren Itunaren 87. eta 88. artikuluak estatuek berme gisa emandako laguntzei aplikatzeari buruzkoa; 2008-06-20ko EBAO).

2.– Dekretu honen babespean emandako abalak bateragarriak izango dira Administrazio Publikoek emandako beste edozeinekin.

Abalaren zenbatekoak, beste administrazio publiko batzuek helburu bera lortzeko emandako laguntzekin batera, ezin izango du gainditu proiektu, eskaera edo kontratuaren zenbatekoaren % 80, betiere Batzordearen C155/10 Komunikazioaren 3.2.c) atalean ezarritakoarekin bat etorriz (artikulu honetako 1. paragrafoan aipatu da komunikazio hori).

Muga hori gaindituz gero, dekretu honen babespean emandako abalaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduta.

3.– Abalen onuradunek nahitaez jakinarazi beharko diote Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari beste diru-laguntza, laguntza edo abal batzuk jaso dituzten helburu bera lortzeko, baita hasitako zergalditik nahiz aurreko bi zergaldietatik gaur egun arte helburu bera lortzeko minimis laguntzak jaso dituzten ere.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak ez badu betetzen abala emateko erabakian eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, Jaurlaritzaren Kontseiluak, dagokion ebazpenaren bitartez, eta Ebaluazioa eta Jarraipena egiteko Batzordearen proposamenez, adieraziko du abala jasotzeko eskubidea galdu duela eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa abal-emaile gisa dituen erantzukizunetatik aske utzi beharko dela. Zirkunstantzia hori ezinezkoa baldin bada, hartzekodun nagusiak uko egiten diolako, abalak urtean % 3,5eko komisioa sorraraziko du mugaeguna iritsi arte.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zenbatekoaren zati bat edo zenbateko osoa ordaindu behar badu onuradunak ordaindu ez duelako, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoak bermeak emateari buruzko martxoaren 18ko 54/1997 Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Dekretu honetan araututako abalak jasotzen dituzten enpresa onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:

a) Emandako abala onartzea. Alde horretatik, abala eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek esanbidez eta idazki bidez abalari uko egiten ez badiote, abala onartutzat hartuko da.

b) Abala zertarako eman den, helburu horretarako erabiltzea.

c) Eskatzen zaien informazio osagarria bidaltzea Industria Garatzeko Zuzendaritzara, Administrazioak egoki iritzitako egiaztapenak egin ditzan proiektuaren, eskaeraren edo kontratuaren garapenari eta gauzatzeari buruz.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunak betez eskatzen duten informazioa eskuratzea, dekretu honen kargura jasotako abalari dagokionez.

e) Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz eska daitekeen beste edozein betebehar.

16. artikulua.– Laguntza jasotzeko baldintzak aldatzea.

Abalak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, abala emateko erabakia ere aldatu ahal izango da.

Betiere, beste administrazio publiko batzuek emandako laguntzak edo abalak lortuz gero eta, hala badagokio, helburu bera lortzeko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortuz gero, abala emateko erabakia aldatu egingo da, abala 13. artikuluan xedatutakoaren arabera egokitzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko ekainaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala