Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2014ko uztailaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2957

AGINDUA, 2014ko ekainaren 25ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita merkataritza-saltokiak modernizatzeko laguntza-programa.

ATARIKOA

Merkataritza merkatuak eskatzen dituen beharrei egokitu beharrak egokitzeko ahalegin jarraitua egitea eskatzen die enpresei, kudeaketa sistemei zein merkataritzako ekipamenduei dagokienez.

Merkataritza-banaketako arloaren berritzea eta modernizatzea bultzatzearren, teknologia aurreratuko aktiboak bereganatzen eta haren azpiegiturak berrantolatzen laguntzeko beharrezko laguntzak jarriko dira sektorearen esku. Hartara, haren lehiakortasuna bultzatuko dugu, saltokiak zaharberritzeko eta erakargarriago bilakatzeko aukera eskainiz. Hartara, beren negozioak berrikuntza teknologikoko eta zerbitzu-kalitateko testuinguru batean kudeatzeko aukera izango dute enpresek.

2011n, 2010ean arau berriak abian ipini izanak emandako eskarmentuaz baliatuta eta eskaeraren zenbatekoa ikusita, aldaketa batzuk egin behar izan zitzaizkion arauen idazkerari, ez zezan gaizkiulerturik eragin eta izapideak bizkorrago egin ahal izateko.

Une hauetan egoki iritzi zaio arauei bigarren aldaketa bat egiteari, funtsean arrazoi teknikoengatik, baina aldi berean merkataritza-sektoreen gaur egungo beharretara egokitzearren.

Testuinguru horretan, merkataritza-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko faktore erabakigarrienetako bat profesionalizatzea dela jo da. Hori dela eta, merkatariek eta haien langileek prestakuntza espezializatua bereganatzeko ahalegina balioetsi da eta hari laguntzea erabaki da, saltokiaren kudeaketa enpresariala eta bezeroarekiko arreta ardatz hartuta.

Merkataritzako saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzen zuen 2010eko maiatzaren 12ko Agindua zenbait puntutan aldatzen du Agindu honek. Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritzako saltokien modernizatze horrek sektorearen estetika eta funtzionalitatearen hobekuntza nabarmena ekarri du.

Aldaketa berri honen ondorioz beharrezkotzat jo da laguntza-lerro honi lotutako arau guztiak testu bakar batean biltzea eta, hori dela eta, indargabetu egin dira Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko maiatzaren 12ko Agindua, merkataritzako saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzekoa, eta hura aldatzekoa zen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko ekainaren 15eko Agindua.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– EAEko merkataritza-establezimenduak, berrikuntzaren eta kudeaketa-tresnak eta azpiegiturak hobetzearen bidez, modernizatzea bultzatzea da Agindu honen xedea.

2.– Helburu horrekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-arloko saltokiak modernizatzeko helburua duten inbertsio-proiektuei bultza egin nahi zaie, horiek berrantolatzeko behar diren ekipamenduak, obra zibila eta altzariak finantzatuz.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Aurreko artikuluan adierazitako helburura zuzendutako ekonomia-baliabideek sorburu hau izango dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako xedatutako aurrekontu-kredituak. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emango diren laguntzen zenbateko totalak ez du gaindituko aipatutako esleipena, ez eta, indarrean dauden legeekin bat etorriz eta laguntzak ebatzi baino lehen aurrekontu-aldaketarik onartzen bada, esleipenaren zenbatekoa handitzetik ateratzen den kopurua ere. Horrelakorik gertatzen bada, Merkataritzaren alorrean eskumena duen sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

2.– Aurreko ekitaldi ekonomikoan aurkeztu baina urteko aurrekontu-kreditua ahitua zelako laguntzarik gabe geratutako inbertsio-proiektuak hurrengo urteko aurrekontu-kredituei egotzi ahal izango zaizkie, betiere baldin eta proiektu horiek laguntzak jasotzeko Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Eskabide berri bat aurkeztu beharko dute horretarako.

3.– Espedienteak osatzen diren orden berean emango dira laguntzak.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Jarduera nagusia, negozio-bolumenari dagokionez, merkataritza duten enpresa ertain eta txikiek –Ondasun Erkidegoak eta Sozietate Zibilak barne– jaso ahal izango dituzte Agindu honetan araututako laguntzak.

Arau honetan xedatutakoari dagokionez, merkataritza-jardueratzat hartuko da, xede horretarako eskuratutako salgaiak edo produktuak, bere horretan, eraldaketa-prozesu handirik gabe, merkatuaren esku jartzea, baita ekoizleek, artisauek edo industrialek berek zuzenean, kontsumorako ondasunak saltzea ere, baldin eta ondasun horiek ekoizteko, merkaturatzeko edo hirugarrenei zerbitzuak eskaintzeko prozesuetan sartuko ez diren ondasunak badira.

Enpresa horiek, enpresa ertain eta txikien definizioari buruz Batzordeak emandako 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan xedatutako betekizunak errespetatu beharko dituzte, edo, bestela, gomendio hura ordeztu edo aldatzen duten xedapenak.

Laguntza jaso ahal izateko baldintza izango da, halaber, delako saltokia edo haren jabea den enpresa, eskabidea aurkeztu baino urtebete lehenagotik, gutxienez, jarduera komertzial bera egiten aritua izatea.

Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituzten enpresen proiektuak ez dira diruz lagunduko. Horri dagokionez, esandako betebeharrak beteak direla behar bezain maiz egiaztatuko du, automatikoki, Merkataritzaren eskumena duen EAEko administrazioko sailak, erakundeek berariazko baimenik eman beharrik gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraikiz, zeina Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorra onetsi zuen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenetako Hirugarrenak gehitu baitzion legeari.

Ezingo dira erakunde onuradun izan laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat jaso dutenak, ez eta horretarako gaitasuna eragozten dien legezko debekuren batean daudenak ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen seigarren azken xedapenean xedatutakoarekin bat.

Ezin izango dira laguntzen onuradun, halaber, armak ekoiztera, merkaturatzera eta finantzatzera dedikatzen direnak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoa betez.

4. artikulua.– Erakunde baztertuak.

Agindu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira erakunde publikoak, elkarte publikoak eta zuzenbide publikoaren pean sortutako nahiz araututako beste enpresa oro.

5. artikulua.– Zer inbertsio lagun daitezkeen diruz.

Agindu honi dagokionez, honako baldintza hauek betetzen dituztenak joko dira laguntza jasotzeko moduko inbertsiotzat:

1.– Enpresaren aktiboari gehitzea, fisikoki lagundutako saltokian bertan egotea eta kategoria hauetako bati egokitzea:

a) Lokala, altzariak eta merkataritza-jarduera gauzatzeko behar diren ekipamenduak berrantolatzeko eta modernizatzeko inbertsioak, gehi kanpoko zein barneko elementuak, hala nola errotuluak.

Besteak beste merkataritza-alorreko enpresa txiki eta ertainek merkataritza-gune itxi batean partekatutako espazio eta elementu komunak berrantolatzeko eta modernizatzeko inbertsioak, hala nola korridoreak, instalazio teknikoak, estalkiak, kanpoko etxaurreak, zerbitzuak eta sarbideak berrantolatzeko eta modernizatzekoak, beti ere espazio eta elementu horiek saltokien titularrek berek jabekide-erkidegoko erregimenean kudeatuak badira.

Zentroan bildutako saltokien jabe bakoitzak, jabekide-erkidegoaren partaide, esandako espazio edo elementu komunetan egiten diren inbertsioetatik, bere partaidetzari dagokion gastuen zatiagatik eskatu ahal izango du laguntza.

b) Baskula elektronikoak, ekipo informatikoak, horietarako aplikazioak eta osagarriak, betiere baldin eta merkaturatze-prozesuetan txertatuta badaude edota enpresaren kudeaketarako badira.

Nolanahi ere, erosten lagundu beharreko aktibo horiek zuzenean egon behar dute merkataritza-jarduerarekin lotuta eta enpresa berritzera eta modernizatzera, merkaturatze-teknikak hobetzera edo banaketa-kostua murriztera bideratuak behar dute izan. Aktiboen preziotzat haien balio «garbia» hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.

Inola ere ez zaio diruz lagunduko merkataritza-lokalak zein garraio-elementuak erosteari, ez eta ekipamendua leasing edo renting bidez erosteari ere.

2.– Proiektuak diruz lagundu ahal izateko, gutxienez 3.000 euroko inbertsioa egin beharko dute saltoki bakoitzean.

Baldin eta inbertsioa aurreko puntuko b) atalean aipatutako aktiboetan baizik egiten ez bada, gutxieneko zenbateko hori 900 eurokoa izango da.

Agindu honetan xedatutako kopuruak eguneratu behar izanez gero, deialdi bakoitzaren Ebazpenean eguneratuko dira.

3.– Diruz lagundu ahal izateko, aktiboak...

a) lehenengo aldiz erabili edo abian jarri beharko dira.

b) gutxienez hiru urtez iraun beharko dute enpresaren balantzean, fakturaren datatik aurrera kontatuta.

c) ezin izango zaizkie hirugarren pertsona fisiko nahiz juridikoei laga.

d) ez dira enpresa eskatzaileak berak fabrikatuak, eginak edo garatuak izango.

4.– Laguntza jasotzen duten inbertsio-proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan kokatzea.

5.– Laguntzen zenbatekoa kalkulatzean, laguntzak eskatzen diren urtean aktiboak eskuratzeko egindako inbertsioa hartzea kontuan. Aurreko ekitaldian egindako inbertsioak onartu ahal izango dira, baldin eta eskabideak aurkezteko orduko deialdian aurreikusitako epea amaitu ondoren gauzatu badira eta ez bada eskatu.

6. artikulua.– Laguntzak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bidez gauzatuko dira.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak irizpide hauek beteko dituzte:

5.1.a) artikuluan aurreikusitako inbertsioen kasuan, inbertsio onargarriaren % 15.

5.1.b) artikuluan aurreikusitako inbertsioen kasuan, inbertsio onargarriaren % 20.

Diru-laguntza, gehienez ere, 12.000 euro-koa izango da saltokiko eta urteko.

3.– Aurreko inbertsio-portzentajeak handitu egingo dira, honela, saltokiak hauetako kondizioren bat egiaztatzen badu:

a) 2 puntu gehiago, UNE 175001 ziurtapena izanez gero.

b) 3 puntu gehiago, bitarteko bikaintasun-ziurtapenak izanez gero.

c) 5 puntu gehiago, baldin eta eskaera-egunean merkataritzako eskualde- zein lanbide-elkarteren batekiko lotura duela egiaztatuz gero, lotura hori saltokian egiten den inbertsioak han irauten duen denbora bestekoa izanik, 5.3.b) artikuluan xedatu bezala.

Horri dagokionez, saltokia Euskal Herriko Merkataritza Ganberetan berariaz sortutako Erregistroan (Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Errolda sortu zuen ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuaren ondorioz) inskribatutako erakunderen bateko kide baldin bada ulertuko da Merkatarien Elkarte bateko kide dela.

d) 5 puntu gehiago, baldin eta 5.1.b) artikuluan aipatzen den inbertsioa kudeaketa-softwarerako erabiltzen bada.

e) 5 puntu gehiago, laguntza eskatzen zaion saltokiaren nagusiak edo gutxienez hango langile batek hezkuntza arautuko tituluren bat (Lanbide Heziketako gradua nahiz Unibertsitateko Titulua) edo Lanbidek jaulkitzen dituen profesionaltasun-ziurtagiriren bat baduela egiaztatuz gero, tituluak merkataritzarekin zuzeneko loturaren bat badu, betiere.

Tituluek eta ziurtagiriek merkataritzarekin zuzeneko lotura dutela ulertuko da badin eta haien helburua merkataritzako saltokiaren kudeaketa enpresariala bada; alegia: erosketa, salmenta, bezeroarentzako arreta, biltegien kudeaketa, marketina...

f) 2 puntu gehiago, baldin eta saltokiak Emakundek edo beste edozein herri-administraziok jaulkitako Gizonen eta Emakumeen arteko Aukera Berdintasunaren aldeko Erakunde Laguntzaile moduko aintzatespena badu.

Diru-laguntzaren zenbatekoa ezin izango da inola ere izan inbertsio onartu totalaren % 25 baino handiagoa.

7. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan xedatutako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 zk.ko Erregelamenduan –de minimis laguntzei buruz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoan– ezarritako de minimis arauak errespetatuko dituzte; halaber Europar Batasunean gai horri buruz ezarritako bestelako xedapenak edo jarraibideak ere bai.

2.– Agindu honetan araututako laguntzen babesa hartzen duten enpresen inbertsio-proiektuek ez dute beste laguntzarik jaso ahal izango, beste laguntza horiek eta hauek eman dituen organoa edo administrazioa edozein gisatakoak izanik ere, baldin eta agindu honetan laguntzak metatzeari buruz ezarritako mugak (inbertsioaren balioaren % 30, hain zuzen) gainditzen badira. Gainera, ezingo dute inolaz ere gainditu agindu honen bidez diruz lagundutako inbertsio-proiektuaren kostua.»

3.– Agindu honetan xedatutakoan oinarriturik emandako laguntzetatik zuzenean kentzekoak izango dira beste organo edo Administrazioek emandakoak, baldin diruz laguntzeko aktiboei dagokienez helburu bera badute, aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko mugetara iritsiz gero.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

8. artikulua.– Prozedura hastea.

Agindu honek araututako laguntzak urtero egingo diren deialdi publikoen bidez iragarriko dira eta publizitate, lehia eta objektibotasunaren printzipioei jarraituz emango dira. Turismo sailburuordearen ebazpen batez egin beharko da deialdia, eta ekitaldi honetan diru-laguntzak emateko aurrekontu-zuzkiduraren zenbatekoa zehaztu beharko da ebazpen horretan, eta bai agindu honetan ezarritako zenbatekoen eguneratzea eskabideak aurkezteko epea eta tokiak ere (eguneratze hori kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera egin beharko da).

9. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Agindu honetatik eratorritako eskabide, eskaera, jakinarazpen eta gainerako izapide guztiak elektronikoki gauzatuko dira, Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuarekin eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako Zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat.

Eskabidea bide elektronikoz baizik ez da eskuratuko, ez beteko, http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/mec.html egoitza elektronikoan diren funtzioez baliatuta, Merkataritzaren gaineko eskumena duen sailburuordeak ebazpen bidez egiten duen deialdia argitaratu eta gero. Eskabide-eredua esandako egoitza elektroniko horretan egongo da eskura.

Txostena eta izapideak, helbide honetan ikusi eta egin ahal izango dira: http://www.euskadi.net/misgestiones

Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailearen izenean jarduteko gaitasun legala duen pertsonaren sinadura elektronikoa ez ezik, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 dekretuak xedatu bezala eska litzakeen guztiak ere aurkeztuko dira.

Bestela, eskatzaileak ez badu sinadura digitala erabili nahi, eskabideak bete eta http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/mec.html webgunean informatikoki grabatu ondoren, eskaera inprimatu, erakundearen legezko ordezkariak sinatu eta EAEko Administrazioan Eusko Jaurlaritzaren Merkataritzaren eskumena duen sailaren lurralde-ordezkaritzara (proiektuari dagokionera, alegia) helarazi beharko da. Edo Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Zuzenean), edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko, azaroaren 26ko, 38.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan ere aurkeztu ahal izango da eskabidea, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

Kasu horretan, eskatzaileak hala lehenetsita edo baimenduta bakarrik egingo dira jakinarazpenak telematikoki.

2.– Eskatzaileek laguntza jasotzeko eskabidea aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

3.– Enpresa eskatzaileek berariaz horretarako prestatu diren eskabide-eredu eta inprimakiak bete beharko dituzte. Horiekin batera, zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dituzte, puntu hauek direla eta:

a) Inbertsio hori bera egiteko beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik jasotako edo haiei eskatutako laguntzak.

b) Ekitaldian bertan eta aurrekoetan enpresak jaso dituen de minimis laguntzak.

c) Enpresak, eskabidea egin aurreko ekitaldiko abenduaren 31n, guztira, 250 langile baino gutxiago zituelako aitorpena.

d) Enpresaren fakturazioa, eskabidea egin aurreko ekitaldiko abenduaren 31n, 50 milioi eurotik beherakoa delako aitorpena; edo, hala badagokio, bere urteko balantze orokorraren zenbatekoa, eskabidea egin aurreko ekitaldiko abenduaren 31n, 43 milioi eurotik beherakoa delako aitorpena.

e) Laguntza-portzentajea handitzeko titulazioa eta ziurtapena aipatzen zaien langileek beren lan-harremana laguntza eskatzen den saltokiarekin dutelako aitorpena.

f) Ez daukala inolako itzultze- edo zehatze-prozedurarik abian, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez haren erakunde autonomoek emandakorik, izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasitakorik.

g) Ez daukala ezarrita diru-laguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez zigor arlokorik, ez administrazio bidekorik, eta ez daukala legez debekatuta halakorik eskuratzea, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik ere. Hitz ematen du, orobat, aipatutako 4/2005 legeak Administrazioarekin kontratuak edo hitzarmenak egiten dituzten nahiz harengandik laguntza jasotzen duten enpresei ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzen dituela.

h) Ez dela dedikatzen armak ekoiztera, merkaturatzera eta finantzatzera, eta hartara Euskal Autonomia Erkidegoaren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoa betetzen duela.

Eskabidean jasotako datuak egiazkoak diren espedientearen tramitazioaren edozein unetan egiaztatu ahal izango da.

Goian aipatutako zinpeko aitormenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, administrazio- zein zigor-erregimenaren arabera dagokion zehapena jasoko du.

Inbertsioak hainbat saltokitan egiten dituzten enpresek eskabide bana egingo dute saltoki bakoitzeko. Gainerako dokumentuak lehen eskabidean baizik ez dira aurkeztu behar, ez guztietan.

4.– Enpresa eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

a) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia, sortze-eskrituren fotokopia eta eskaera sinatzen duen pertsonaren aldeko ordezte-ahalaren fotokopia. Nolanahi ere, horiek ez dira aurkeztu beharko baldin eta ordezkaria enpresak edo erakundeak berak jaulkitako ziurtagiri baten bidez identifikatzen bada, horretan inplizituki bildutzat jotzen baitira aurreko agiri guztiak.

b) Pertsona eskatzailearen NANaren fotokopia –non eta ez den identifikatzen ziurtagiri onartu baten bidez (NANe, ONA, Herritar-txartela...)–, edo, bestela, laguntza-programa hau kudeatzen duen organoaren aldeko berariazko baimena hura lotzeko.

c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izandako altak eta bajak egiaztatzeko agiri historikoa.

d) Erakunde eskatzailearen Hirugarrenen Alta izeneko dokumentua, ogasun eta Finantzetako sailak xedatutako ereduan (http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net), bakarrik lehenago ez bada aurkeztu edota harrezkero aldaketaren bat izan bada.

e) Behar izanez gero, merkatari-elkarteren bateko kide izatearen jatorrizko ziurtagiria.

f) Enpresak kalitate- edo bikaintasun- ziurtagiririk izanez gero, horien kopia.

g) Merkataritza-sektorearekin zuzeneko zerikusia duten unibertsitateko edo lanbide heziketako-tituluen edo profesionaltasun-ziurtagirian kopia erkatua.

h) Azken TC2 agiria eta 6.3.e) artikuluak aipatzen dituen langileak laguntza eskatzen den saltokiarekin zuzeneko lan-lotura dutela dioen erantzukizuneko adierazpena.

i) Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuneko Laguntza Erakunde izendatzen deneko agiria.

j) Eskabideari zegokion inbertsio-proiektuan jasotako aktiboen behin betiko fakturak, jatorrizkoa zein kopia erkatua. Halaber frogatu ahalko dira inbertsioak faktura elektronikoen bidez, baldin eta zergen alorrean onartuak izateko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

k) Aurkeztu diren fakturak ordaindu direla egiaztatzen duten agirien jatorrizkoa edo kopia erkatua. 2.500 eurotik gorako ordainketak banku-transferentzia, banku-ziurtagiri nahiz ordain-estraktuen bidez justifikatuko dira. Ordaintzailea eta ordaindua argi eta garbi identifikatuta azaldu beharko dira dokumentu horietan.

Ordainketak gehienez ere 90 egunez geroratuta egotea onartuko da, betiere deialdiaren ekitaldian gauzatzen badira, Txikizkako Merkataritzari buruzko urtarrilaren 15eko 7/1996 Legearen 17. artikuluan xedatu bezala; halakoetan, justifikazioa aurkeztean burutuko da diru-laguntzaren ordainketa. Justifikazio hori aurkezteko hamar eguneko epea dago, ordainketa-egunetik zenbatzen hasita.

Puntu honetako a), b) eta d) letretan aipatutako agiriak aurkeztu beharko dituzte enpresek, baldin eta azken bi ekitaldietan EAEko Administrazioan Merkataritzaren eskumena duen sailari ez badiote inolako laguntzarik eskatu, edo eskatu arren, orduan aurkeztutako agiri horiek era batera edo bestera aldatu badira. Betiere, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35. artikuluko f) idatz-zatian xedatutakoa bete beharko da (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

10. artikulua.– Zuzenketak.

EAEko Administrazioan Merkataritzaren eskumena duen sailaren lurralde-ordezkaritzak aurkeztutako eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten badu, enpresa eskatzaileei jakinaraziko die, eta hamar (10) eguneko epea emango die, akatsa zuzentzeko; halaber jakinaraziko die agindutakoa ez betetzeak eskabidea bertan behera utzi dutela esan nahiko duela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

11. artikulua.– Eskabideak aztertu eta balioztatzea.

1.– EAEko Administrazioan Merkataritzaren eskumena duen sailaren lurralde-ordezkaritzari (inbertsioa egingo edo jarduera gauzatuko deneko lurraldearen arabera) dagokio aurkezten diren eskabideak aztertzea eta ebaluatzea. Eskabide horiek egoki ulertu eta ebaluatzeko, beharrezko irizten zaien argibide eta agiri osagarri guztiak eskatu ahal izango dizkiote eskatzaileari.

2.– Eskabide guztiak aztertu eta ebaluatu ondoren, ebazpen-proposamena aurkeztuko diote Merkataritzaren alorreko eskumena duen Zuzendaritzako zuzendariari, berariaz adieraz dezan eskatutako diru-laguntza ematea onartzen den ala ukatzen den. Onartzearen alde eginez gero, onartutako inbertsioaren eta laguntzaren zenbatekoak adieraziko ditu.

12. artikulua.– Diru-laguntza ebaztea eta ordaintzea.

1.– Merkataritzaren gaineko eskumena duen zuzendariak, aurreko artikuluan esandako proposamena ikusita, ordenari jarraituz ebatziko ditu eskabideak, espedientea osatuta dagoen unean.

Ebazpena emateko eta interesdunari jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, eskabidea aurkeztu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Eskatzaileei diru-laguntzak emateko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gain, enpresa onuradunen zerrenda eta emandako diru-laguntzen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen idazkera eraberritua onartzen duen dekretua) 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

3.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Merkataritzaren eskumena duen sailburuordeari, azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako epean eta moduan.

4.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) 43. artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpena emateko epea amaitu, eta interesdunari ez bazaio horren berri eman, laguntza-eskabidea onartu egin dela ulertuko da.

5.– Betiere, onartutako diru-laguntza zehaztuko du ematen den ebazpenak, eta Agindu honetako 14.1 artikuluan jarritako epea igarotakoan, ordaindu egingo da.

6.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak erakunde onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

13. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Merkataritzaren gaineko eskumena duen Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikustako laguntzak kudeatzeko lanak egitea, agindu honetan bertan beste organo batzuei berariaz izendatzen zaizkien gaietan izan ezik.

14. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen enpresa onuradunek:

1.– Emandako dirulaguntza onartu. Hartara, enpresa onuradunak beka eman zaiola jakinarazteko agiria jasotzen duenetik hamabost egun igarotakoan, enpresak berariaz eta idatziz bekari uko egin ez badio, beka onartu duela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea.

3.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez, Industria, Merkataritzaren eskumena duen EAEko Administrazioaren sailak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzetako saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edota Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dien informazio oro ematea.

4.– Helburu berdinarekin edo antzekoarekin beste edozein Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.

5.– Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, Merkataritzaren gaineko eskumena duen Zuzendaritzari horren berri ematea.

6.– Era berean, pertsona fisiko eta juridikoak diru-laguntzaren erakunde onuradunarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da.

7.– Diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioaren egunaren biharamunetik hasi eta lau urtez gordetzea jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten dokumentu eta faktura guztiak, dokumentu elektronikoak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak hien egiaztapen- eta kontrol-lana egin ahal izan dezan.

8.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzea, eta esandako 4/2005 Legeak Administrazioarekin kontratuak egiten dituzten enpresei ezartzen dizkien betebeharrak beren gain hartzea.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzen aldaketa orok ahal izango du hura emateko ebazpena aldatu, betiere onuraduna izateko arau honetan zehazten diren gutxieneko betekizunak errespetatzen badira.

Horrelakoetan, Merkataritzaren gaineko eskumena duen Zuzendaritzak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako diru-laguntzen kopuruak egoera berriari egokitzeko.

16. artikulua.– Ikuskapena.

Diruz lagundutako proiektuak aurrera nola doazen eta nola ari diren garatzen ikusteko egoki deritzen ikuskatze eta egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu EAEko Administrazioan Merkataritzaren gaineko eskumena duen sailak. Hartara, eskatzen dizkien argibide osagarri guztiak eman beharko dizkiote enpresa onuradunek. Fakturetan jasotako inbertsioak saltokian egindakoei dagozkiela egiaztatu beharko du funtsean ikuskapenak.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak betetzen ez baditu laguntza emateko ebazpenean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak, Merkataritzaren eskumena duen Zuzendariak, behar den ebazpena emanez eta ez-betetze horri buruzko espedientea egin ondoren, onartutako diru-kopuruak eskuratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du, eta aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko jasotako zenbatekoak, bai eta legezko interesak ere, hala baitiote Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira lege-xedapenei dagokienez.

18. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdiak bideratzerakoan jasotako datu pertsonalak (parte-hartzaileek berek horien tratamendua eta argitalpena baimenduta) fitxategi batzuetara sartuko dira, horien helburua izanik diru-laguntzen deialdiak kudeatzea, bai eta horretan parte hartzen duten pertsonei horren garapenaren berri ematea ere. Fitxategi horien arduraduna Merkataritzaren gaienko eskumen duen Zuzendaritza izango da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, lehen esandako Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2013k ekitaldi ekonomikoan aurkeztutako eta aurrekontu-kreditua ahituta dagoelako laguntzarik jaso ez duten inbertsio-proiektuak, 2014ko ekitaldi ekonomikorako epea irekita, orduan eskabide berria aurkeztuz gero, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2011ko ekainaren 15eko Aginduaren –2010eko maiatzaren 12ko Agindua aldatu zuenaren– arabera kudeatuko dira, eta 2013ko deialdiko aurkezte-eguna gordeko zaizkie lehentasuna esleitzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean hasi ahala indargabeturik geratuko dira Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko maiatzaren 12ko agindua, merkataritzako saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzekoa (108. EHAA, 2010eko ekainaren 9koa), eta hura aldatzekoa zen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko ekainaren 15eko Agindua (122. EHAA,2011ko ekainaren 28koa).

AZKEN XEDAPENETAtik LEHENENGOA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAtik BIGARRENA

Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 25a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala