Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2014ko uztailaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2962

AGINDUA, 2014ko ekainaren 18koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Honen bidez hasiera ematen zaio azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Hauteskunde Sindikalen Batzordeko, lurralde batzordeetako eta Ikuskaritzako kide diren sindikatuentzako 2014. urterako diru-laguntzak emateko prozedurari.

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak; eta horren II. xedapen gehigarrian, sortutako organoak osatzen dituzten sindikatuei Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren aurrekontu dotazioen pentzutan ematekoak ziren diru-laguntzak emateko prozedurak zehaztu ziren.

Halaber, aipatutako dekretuko 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera.

Horretaz gain, aipatutako dekretuko II. xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta horren ondorioz, diru-laguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez banatu daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztia, diru-laguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraiki, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Abenduaren 20ko 4/2013 Legeak, 2014ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartzen dituenak, 3112 Programan 394.000 euroko sindikatuentzako diru-laguntza bat ezartzen du, Sindikatu Hauteskundeen Batzorde Zentralean eta Lurralde Batzordeetan parte hartzeagatik.

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak xedatutakoari jarraiki, Sindikatu Hauteskundeen Batzordean eta Lurraldeetako Batzordeetan parte hartzeagatik sindikatuei dagokien diru-laguntza emateko prozedurari hasiera ematen zaio honenbestez.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Hasiera ematen zaio Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta Lurralde Batzordeetako partaide diren sindikatuentzako 2014ko diru laguntzak emateko prozedurari, Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak arautzen dituen batzorde horietan parte hartzeagatik dagozkienak.

2. artikulua.– Aurrekontu dotazioa.

2014. urterako aurrekontu dotazioa 394.000 eurokoa izango da, ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusi Luzatuen pentsutan.

3. artikulua.– Prozedura arrunta.

2014ko uztailaren 31ra arteko epea izango dute sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuko bigarren xedapen gehigarriaren bigarren atalean aipatzen den adostasunera heltzeko. Aipatutako epea igarota administrazioak inolako adostasunik lortu ez dela konprobatuko balu, bigarren xedapen gehigarriaren bigarren idatz-zatian ezarritakoa aplikatuko litzateke.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu hau azkena da administrazio bidean. Beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 18a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala