Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 1994ko uztailaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
2694

15/1994 LEGEA, ekainaren 30ekoa, Consejo Económico y Social Vasco-Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko Legea aldatzekoa.

Eusko Legebiltzarrak honako Legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

EKAINAREN 30EKO 15/1994 LEGEA, CONSEJO ECONÓMICO Y SOCIAL VASCO-EUSKADIKO EKONOMIA ETA GIZARTE ARAZOETARAKO BATZORDEARI BURUZKO LEGEA ALDATZEKOA

ZIOEN ADIERAZPENA

Eusko Jaurlaritzak 1981.ean eman zion hasiera gizarte eta lan arloko erakunde aholku-emaileak sortzeko prozesuari, "Lan Harremanetarako Kontseilua"ri buruzko irailaren 30eko 9/1981 Legea argitaratzearekin, hain zuzen ere.

Harrezkeroztik, azaroaren 15eko 4/1984 Legearen bidez Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea sortu zen Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren erakunde aholku-emaile legez, ekonomi eta gizarte-eragileek Euskal Herriko politika ekonomikoan partaidetza benetakoa izan zezaten.

Batzorde hori, sortu zenetik, ez da oso eraginkorra izan. Anitz eragozpen izan ziren Batzordea abian jartzerakoan, eta are bere barne-ihardunbidearen araudia onartzea ere galerazi egin zuten.

Egoera hori horrela, Batzordea ekonomi eta gizarte-eragileentzat topagune, elkarrizketarako tresna eta Euskal Herriko politika ekonomikoan parte hartzeko bide gisa zuzpertzeak daukan garrantziaz jabeturik -zalantzarik gabe Autonomi Elkarteko erakundeak hobeto egituratzeko bide emango du horrek-, 4/1984 Legea aldatzeari ekin zaio, Batzordea etenaldi horretatik atera eta behin-betiko abian jar dadin.

Lege berria prestatu beharrean lehengoa zati batean aldatzeko arrazoia da doakien eragileentzat 4/1984 Legea, oro har, zuzena dela, eta arau honetan ohartematen diren aldaketekin eutsi dakiokeela haren baliozkotasunari.

Batzordearen eginkizunei, erakundea osatzen duten kideen kopuruari, adituak eta lehendakaria izendatzeko moduari eta erabakiak hartzeko bideari eragiten diete, batez ere, lege honetan proposatzen diren aldaketek. Horrez gainera, urtean gutxienez sei osoko bilkura egiteko betebeharra ezarri zaio legez.

Batzordearen eginkizunei dagokienez, eginkizun horiek arrazoizkotzeari ekin zaio, eta, horrela, derrigorrezko txostena aurkeztu beharretik salbuetsirik geratzen dira bai aurreko ekitaldietan onartutako egitasmoei jarraipena ematen dieten nahiz funtsezko berrikuntza edo aldaketarik ez dakarten dekretu-egitasmoak, baita Jaurlaritzaren ustez berebiziko garrantzirik ez dutenak ere. Hala eta guztiz, Jaurlaritzak Batzordeari eska diezaioke egitasmo horiei buruzko txostena.

Batzordea osatzen duten taldeetako bakoitzak ahalik eta ordezkaritzarik zehatzena izateko premiagatik gehitu da Batzordeko kide-kopurua.

Batzordea osatzen duten gainerako taldeek izendatuko dituzte adituak; horrela, adituen hautaketa adostua lortzen da eta, era berean, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzorde batek izan behar duen izaerari gehiago egokitzen zaion ordezkaritza bermatzen.

Bazirudien Batzordea eraginkor bihurtzeko eragozpenik handiena erabakiak hartzean zetzala. Hori horrela, bada, legeak alderdi horri ukitzen dio bereziki, eta erabakiak talde hautespidedun bakoitzaren gehiengo soilez hartuko direla ezartzen du.

Lehendakaria izendatzea Batzordeko kideei berei dagokie, eta izendatu ere adostasunez izendatuko dute, gaitasun aski erakutsi duten lagunen artetik. Lehendakariak bere karguan iraungo du, harik eta, 7. atalean ezarritako epea betetzeagatik, Batzordeko kideak berritzen diren arte, berriro izendatua izatearen kaltetan gabe.

Batzordeko kideek lehendakaria proposatzeko adostasunik lortzen ez badute, talde bakoitzeko kideren batek hartuko ditu bere gain lehendakariaren eginkizunak, eta, txandakatuz, taldeek -bakoitzak bat- aukeratutako kideetarik zaharrenak beteko du lehendabizi kargu hori. Horrela, lehendakariaren izendapena Batzordea abian jartzeko oztopo ez izatea da.

Lehenengo atala.-

Consejo Económico y Social Vasco-Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko 4/1984 Legeko 3. atala honela idatzirik geratzen da:

"3. Atala.- Eginkizunak

1.- Hona hemen Batzordeari bere izaeraren arabera dagozkion eginkizunak:

a) Ekonomi eta gizarte-politikarekin zerikusia duten lege-egitasmoei buruz derrigorrezko txostena ematea; Autonomi Elkarteko aurrekontu orrokorrei buruzko lege-egitasmoek ez dute aldez aurreko txosten horren beharrik izango, ez eta politika hori aldatzeko edo osatzeko legezko arauek ere, nahiz eta Jaurlaritzak egitasmo horien edukiari buruzko txostena eman.

b) Jaurlaritzaren iritziz oso garrantzizkoak izanik ekonomi eta gizarte-politikarekin zerikusia duten dekretu-egitasmoei buruz derrigorrezko txostena ematea. Derrigorrezko txosten beharrik ez dute izango aurreko ekitaldietan onartutako egitasmoei jarraipena ematen dieten nahiz funtsezko berrikuntza edo aldaketarik ez dakarten dekretu-egitasmoek. Hala eta guztiz, Jaurlaritzak, nahi izanez gero, eska dezake egitasmo horiei buruzko txostena.

c) Jaurlaritzari aurreko idazatietan aipatzen diren gaiei buruzko proposamenak egitea.

d) Bere ekimenez nahiz, a) eta b) idazatietan aipatzen diren gaiei dagokienean, Jaurlaritzaren eskariz, erizpenak, ebazpenak eta txostenak prestatzea. Legebiltzarrak ere argibideak eska ditzake.

e) Jaurlaritzak Autonomi Elkarteko sektore publikoaren ekonomi iharduerarentzat prestatzen duen plangintzan parte hartzea.

2.- Jaurlaritzak a) eta b) idazatietan aipatzen den derrigorrezko txostena eskatzen duenetik hurrenez hurren hogeita hamar eta hamabost egun iragan eta delako txostena aurkeztu ez bada, iharduerek aurrera egin ahal izango dute. Nolanahi ere, Batzordeak, bidezko baderitzo, bidali diezaioke gero Jaurlaritzari aipatu txostena.

3.- Jaurlaritzak, Autonomi Elkarteko ekonomi egoerari eta Jaurlaritzaren ekonomi politikari buruzko txostena bidaliko dio, sei hilabetero, Batzordeari.

4.- Jaurlaritzak aurreko 1 a) idazatian aipatzen diren lege-egitasmoekin batera, Batzordeak hala balegokio prestatuko lukeen txostena bidaliko dio Legebiltzarrari".

Bigarren atala.-

Consejo Económico y Social Vasco-Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko 4/1984 Legeko 4. atala honela idatzirik geratzen da:

"4. Atala.- Osakera

1.- Batzordeak 32 lagun izango ditu, honela banaturik:

a) Ordezkaritzarik handieneko eta ordezkaritzadun sindikatu-konfederazioek nahiz elkarteek beren ordezkatze-mailaren arabera izendatutako zortzi lagun.

b) Euskal Enpresarien Elkarteak izendatutako zortzi lagun.

c) Autonomi Elkartean dauden sektore, erakunde, entitate nahiz elkarte hauetako bakoitzak izendatutako lagun bana: merkataritza-, industria- eta itsasketa-ganbarek; aurrezki-kutxa eta dirubide-erakundeek; koperatibek; akziokako lan-laltzuek; arrantzaleen kofradiek; nekazaritza-elkarteek; kontsumitzaileen elkarteek eta Euskal Herriko Unibertsitateak.

d) Trebetasun eta eskarmentu handiko lagunen artetik izendatutako zortzi aditu.

2.- Batzordeko kide bakoitzak boto bana eman dezake, a) eta d) idazatietan adierazten direnek izan ezik.

Sindikatu-elkarteek izendatutako lagunek azkeneko sindikatu-hauteskundeetan erdietsitako ordezkaritzaren araberako hautespidea izango dute. Talde honetako lagun bakoitzak bere sindikatuari hauteskundeetan egokitutako ordezkaritzaren zati alikuota beteko du.

Adituek hizpidearekin baina hautespiderik gabe ihardungo dute.

3.- Batzordeak lehendakari bat eta idazkari bat izango du".

Hirugarren atala.-

Consejo Económico y Social Vasco-Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko 4/1984 Legeko 5. atala honela idatzirik geratzen da:

"5. Atala.- Izendapena

1.- Batzordeko kideak honela izendatuko dira:

a) Aurreko ataleko a) eta b) idazatietan aipatzen direnak sindikatu-konfederazioek edo elkarteek izendatuko dituzte, eta sindikatu bakoitzari dagokion ordezkaritza zenbaterainokoa den erabakitzeko, sindikatu-hauteskundeetan baliozkotutako emaitzak ezarriko dira, lege honetako hirugarren erabaki gehigarrian adierazten den moduan.

b) Aurreko ataleko c) idazatian aipatzen diren kideak honela izendatuko dira: Autonomi Elkartean dauden merkataritza-ganbara, aurrezki-kutxa eta dirubide-erakundeen ordezkariak, arrantzaleen kofradien ordezkariak eta nekazaritza-elkarteenak, talde bakoitzekoen artean hartutako erabakiz izendatuko dira; koperatiben ordezkaria Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiak izendatuko du; lan-baltzuen ordezkaria, Euskadiko Lan Baltzuen Baterakundeak; kontsumitzaileen elkarteen ordezkaria, Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteen Federazioak, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkaria, bertako gobernu-batzordeak.

Elkarte horien artean adostasunik lortu ez nahiz ordezkaria izendatzea galerazten duen gorabeherarik gertatzen bada, Jaurlaritzako lehendakariak, aldi baterako erabakian ohartemandako epea igaro eta doakien elkarteei entzunaldia eman ondoren, izendapena egingo du, arrazoitutako ebazpen bidez.

c) Aurreko ataleko d) idazatian aipatzen diren adituak atal horretako a), b) eta c) taldeetako gehiengo soilez izendatuko dira.

2.- a), b) eta c) idazatietan aipatzen diren kasuetan, kide titular adina ordezko izendatuko dira. Ordezko kideak titularren ordez joan daitezke bilkuretara".

Laugarren atala.-

Consejo Económico y Social Vasco-Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko 4/1984 Legeko 10. atala honela idatzirik geratzen da:

"10. Atala.- Batzordearen osoko bilkura

Batzordearen osoko bilkura lege honetako 4. atalean aipatzen diren 32 kideek osatuko dute, baita, kide ez bada, lehendakariak ere".

Bosgarren atala.-

Consejo Económico y Social Vasco-Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko 4/1984 Legeko 13. atala honela idatzirik geratzen da:

"13. Atala.- Ihardunbideari buruzko araudia

1.- Batzordeak bere ihardunbideari buruzko araudia prestatuko du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da araudi hori.

2.- 4. atalean aipatutako a), b) eta c) talde bakoitzeko gehiengo soilez hartuko dira erabakiak. Erabakiaren aurka daudenek aparteko botoa emateko nahiz aurkako iritziak adierazteko eskubidea daukate, eta boto nahiz adierazpen horiek dagokion ebazpenari gehitu behar zaizkio.

3.- Araudiak, Batzordeko kideen artean hautespidea ordezkotzan emateko debekua ezarriko du, baita erabakiak, ebazpenak nahiz erizpenak zernola prestatu behar diren ere, eta horiek emateko premiazko prozedura arautuko du, Jaurlaritzak ezartzea eskatzen duen kasuetarako. Prozedura horren iraupena hamabost egunekoa izango da gehienez.

4.- Urteroko ekitaldian gutxienez sei osoko bilkura egin beharra ezarriko da araudian".

Seigarren atala.-

Consejo Económico y Social Vasco-Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko 4/1984 Legeko 14. atala honela idatzirik geratzen da:

"14.1 Atala.- Batzordeko lehendakaria

1.- Jaurlaritzako lehendakariak izendatuko du, gaitasun aski erakutsitako lagunen artetik, Batzordeko lehendakaria, Batzordeko kideen beren proposamenez, eta lege honetako 13.2 atalean Erabakiak hartzeko ohartemandako gehiengo bereziarekin. Batzordeko lehendakariak, 7. atalean ezarritako epea betetzeagatik Batzordeko kideek berritzen diren arte iraungo du kargu horretan, berriro hautatua izatearen kaltetan gabe.

Batzordeko lehendakaria proposatzeko behar den gehiengorik osatzen ez bada, lege honetako 4.1 atalean aipatutako a), b) eta c) talde bakoitzetik kide batek hartuko ditu txandaka bere gain haren eginkizunak. Gehienez ere agintealdiaren herena iraungo du eginkizun horiek betetzen, eta taldeek -bakoitzak bat- aukeratutako kideetarik zaharrenak ekingo dio eginbide horri.

Batzordeko kide ez den norbait izan daiteke lehendakari; halakoetan, hizpidearekin eta hautespiderik gabe hartuko du parte osoko bilkuretan".

Zazpigarren atala.-

Consejo Económico y Social Vasco-Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko 4/1984 Legeko 17. atala honela idatzirik geratzen da:

"17. Atala.- Finantziaketa eta diru-jaurbidea

1.- Ekonomi eta finantza-autonomiaren printzipioei jarraiki, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak bere aurrekontua onartu eta betetzen du, aurrekontu hori Euskal Autonomi Elkarteko aurrekontu orokorretan izendatutako zenbatekoekin finantziatzen delarik.

2.- Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak eskuratzen dituen ondasun eta eskubideak Euskal Autonomi Elkartearen ondarearenak izango dira.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren helburuak betetzeko, horren jabetzapeko ondasun eta eskubideak ere eratxiki ahal izango zaizkio, horiei guztiei buruz zuzenbide pribatuko herri-izaikiek dituzten ahalpide eta betebehar berak izanez.

3.- Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen kontratazioa publizitatearen, lehiakortasunaren eta herri-onura babestearen printzipioei lotuko zaie, zuzenbide pribatuaren araubidean garatuko delarik".

Zortzigarren atala.-

Consejo Económico y Social Vasco-Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko 4/1984 Legeari hirugarren erabaki gehigarri hau gehitu zaio:

"Erabaki gehigarrietako hirugarrena:

Lege honetako 4.1 ataleko a) idazatian ohartemandako ondorioetarako, ordezkariak izendatzeko eskubidea dute bai ordezkaritza-mailarik handieneko sindikatuek, baita Euskal Autonomi Elkartearen lurraldean langileen ordezkaritzak aukeratzeko egindako azken hauteskundeetan, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbaketa eta baliozkotzearen arabera, ehuneko hamar ordezkaritik gora atera dituzten sindikatuek ere.

Halaber jokatuko da Batzordearen hurrengo berritze-aldietan.

7. atalean ezarritako epearen barruan beste hauteskunde-prozesurik sortzen bada, 4.1 ataleko a) idazatian aipatzen den kide-banaketa birmoldatu egingo da lortutako emaitzen arabera, emaitza horiek argitaratu eta hurrengo hilabetean".

ALDI BATERAKO ERABAKIA

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hogeita hamar eguneko epearen barruan, legeko 4.1 ataleko a), b) eta c) idazatietan aipatzen diren taldeetako batzordekideak izendatuko dira 5. atalean ezarritako eran.

Jaurlaritzako lehendakariari izendapenak jakinarazten zaizkionean, honek, hurrengo hogeita hamar eguneko epearen barruan, aipatu batzordekideen kargu-hartzearen izendapena egingo du eta Batzordeari deituko dio, atariko bilkura egin dezan.

Atariko bilkura horretan adituak izendatuko dira, lege honetako 5. atalean ezarritakoaren arabera. Kiderik zaharrena izango da bilkura horretako buru, eta gazteena, idazkari.

Batzordeko gainontzeko kideek adituak izendatzen dituztenean, Jaurlaritzako lehendakariak, izendapen horiek jakinarazten zaizkionetik hasi eta gehienez hogeita hamar eguneko epearen barruan, kide horien kargu-hartzea izendatu eta Batzordearen eratze-bilkurarako deia egingo du.

Eratze-bilkuran Batzordeko lehendakaria aukeratzeko proposamenak egingo dira. Batzordeko lehendakaria izendatzen ez den bitartean, kiderik zaharrena izango da eratze-bilkura horretako buru, eta gazteena, idazkari.

INDARGABETZEKO ERABAKIA

Indargabeturik geratzen dira Consejo Económico y Social Vasco-Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko 4/1984 Legeko aldi baterako lehenengo eta bigarren erabakiak.

AZKEN ERABAKIA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra lege honek.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Ajuria-Eneako Jauregia, 1994ko uztailak 13.

Lehendakaria.

JOSE ANTONIO ARDANZA GARRO.


Azterketa dokumentala