Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 1998ko martxoaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasuna eta Herri Administrazioa
1110

ERABAKIA, 1998ko martxoaren 4koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena eta Osakidetzako zuzendari nagusiarena, ondoren aipatzen den hitzarmena argitaratzen duena.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Osakidetzak hitzarmen bat izenpetu dutenez, dagokion publizitatea emateko, hau

ERABAKI DUGU:

Atal bakarra.– Osakidetzako Administrazio Batzordeak 1997ko azaroaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez onartu 2en 1997ko Lan Eskaintza Publikoaren ondorioz deitutako hautatze-probak garatzeko izango den Osakidetzaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko Lankidetza-Hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzera; I. eranskina.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko martxoaren 4a.

Herri- Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Osakidetzako zuzendari nagusia,

LUIS HERNÁNDEZ SÁNCHEZ.

I. ERANSKINA

LANKIDETZA-HITZARMENA,

OSAKIDETZAREN

ETA HERRI

ARDURALARITZAREN EUSKAL

ERAKUNDEAREN ARTEKOA

Aipatutako bi erakundeon arteko lankidetza-hitzarmen hau hautatze-probak garatzeko izango da, Osakidetzako Administrazio Batzordeak 1997ko azaroaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, 1997ko Lan Eskaintza Publikoa onartu zela eta.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko martxoak 3a.

BILDURIK

Batetik, Josu Iñaki Erkoreka Gervasio jauna, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria, eta, bestetik, Luis Hernández Sánchez jauna, Osakidetzako zuzendari nagusia,

ADIERAZI DUTE

1997ko azaroaren 25ean Osakidetza herri-erakundeko administrazio-batzordeak hartutako Erabakiaren bidez, Osakidetzaren 1997ko lan-eskaintza onartu zen.

Euskal Funtzio Publikoari buruz uztailaren 6an onartutako 6/1989 Legeak HAEE (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea) administrazioko hautaketa-prozesu guztien bateratzaile izendatu zuen. Lege horri jarraiki, HAEEk epaimahai guztietan parte hartu behar du derrigorrez; bestalde, legearen 29. artikuluak ezarritakoaren arabera, bestelako administrazioetako langileen hautaketa egiteko ahalmena izango du, hartarako izenpetutako hitzarmenen bidez.

Era berean, urtarrilaren 9ko 1/1996 Dekretuak HAEEko egitura organikoa ezartzen du. Erakundearen eginkizunen artean jasota dago EAEko bestelako herri-administrazioetako funtzionario eta lan-kontratuko langileak hautatu behar dituela, beti ere, dagokion administrazioak hala eskatuz gero.

Erakunde biok prest daude eskura dituzten baliabide guztiak jartzeko, hautaketa-prozesuan egoki bete daitezen funtzio publikoa arautzen duten konstituzioko printzipio guztiak, bai eta lege-izaera duten bestelako araudietan ezarritakoak ere; hau da, berdintasunaren, merituaren eta gaitasunaren printzipioak.

Era berean, ahaleginak egingo dituzte hautaketa-prozesuan ezarri beharreko baliabideak neurriz erabil daitezen, bai eta zerbitzu publiko hori azkarra, argia eta kalitate onekoa izan dadin ere.

Horrela bada, adierazitakoari jarraiki, aipatutako bi erakundeek lankidetza-hitzarmena izenpetzea erabaki dute honako hitzarkin hauen arabera.

HITZARKINAK

Lehena.– HAEEk lagundu egingo dio Osakidetzari prozesu honetako hautatze-probak abian jarri eta burutzeko lanetan, batez ere azterketarien kopuruak areto handiak erabiltzea eskatzen duenean.

Bigarrena.– HAEEk, epaimahai guztietan izan behar duen derrigorrezko ordezkaritzaz gain, epaimahaiek eskatzen dioten hautaketa-prozesuaren edozein alditan parte hartuko du.

Horrela bada, HAEEk, hala eskatzen zaionean, hautaketaren honako eginkizun hauek, edota hauetako batzuk, beteko ditu:

a) Aukera anitzeko azterketak prestatzea, euskaraz nahiz gazteleraz.

b) Beharrezko den ale-kopurua fotokopiatzea.

c) Zuzenketa elektronikoa, irakurle optiko bidezkoa.

d) Hautaketa-prozesuan beharrezko diren baliabide materialak jartzea.

Hirugarrena.– Lankidetza-eskaera epaimahaiak erabakia hartutako bilkuraren agirian jaso beharko da. Agiri horretan, ahalik eta zehaztasunik handienaz adieraziko dira eskatutako lankidetzaren nondik-norako guztiak, lankidetzaren hasierako eta amaierako egunak ondo zehaztuta.

HAEEri eskatutako hautaketa-prozesuko aldietako edo eginkizunetako lankidetza bideratzearren, egin beharreko lanen esparru orokorra edo jarraibideak ezarri ahal izango dituzte epaimahaiek (azterketan jarri beharreko galdera-kopurua, galdera bakoitzeko aukerako erantzun-kopurua, egin beharreko fotokopia-kopurua...).

Laugarrena.– Hautaketan zehar erantzukizunik eza edota biren edo gehiagoren arteko erantzukizunik gerta ez dadin, HAEEk oso-osoan betetzeko eskatzen zaizkion eginkizunak edo hautaketa-aldiak soilik hartuko ditu bere gain.

Horrela bada, esate baterako, erantzun anitzeko azterketak prestatzeko eskatzen bazaio, azterketara arteko eginkizun guztiez arduratuko da, hau da, prestatzeaz, itzultzeaz, fotokopiatzeaz, behar den lekura eramateaz eta zuzentzeaz. Izan ere, bost aldi horiek banaezinak izanik, ez da eginkizun bakoitza banaka burutuko.

Helburu horrekin, HAEEk erakundeak berak prestatzen ez dituen azterketen zuzenketa automatikoa egingo du, baina soilik azterketa egin eta berehala egiterik badago.

Bosgarrena.– Edozein modutan, epaimahaiek HAEEri hautatze-prozesuko ezein aldi edo eginkizun ez agintzea eta ardura guztiak bere gain hartzea erabakitzen badute ere, prozesua burutzeko beharrezko den teknika, material eta giza azpiegitura eska diezaiokete HAEEri. Halakoetan, utzitako baliabide guztiak epaimahaien zuzendaritzaren, orientabidearen eta erantzukizunaren menpean izango dira.

Seigarrena.– Halako erabakiren bat hartzen duten epaimahaiek, Osakidetzako Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzaren bitartez, HAEEko zuzendariari idazkia bidaliz egin beharko dute lankidetza-eskaera, beti ere, Lankidetza-hitzarmen honetako Laugarren hitzarkinean adierazitakoari jarraiki.

Zazpigarrena.– HAEEko zuzendariak kasu bakoitzaren arabera erabakiko du agindutako lanez arduratuko diren pertsona edo pertsonak; ondoren, epaimahaiari jakinaraziko dio idatziz.

Zortzigarrena.– HAEEk betetako eginkizunen ekonomi ebaluazioa egiteko, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1996ko abenduaren 10eko Aginduaren 5. artikuluan ezarritakoa jarraituko da, agindu horrek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egiturako zerbitzuek burutzen dituzten eginkizunen prezio publikoak ezartzen baititu.

Horretarako, HAEEk dagozkion fakturak bidaliko ditu Osakidetzara, erakunde horrek zenbateko hori HAEEren sarrera-kontuan (Caja Vital Kutxa. Sukurtsala: 174. K/K: 01-5365017) sar dezan.

Aipatutako arauan prezio publikoei buruz ezarrita ez dauden kontzeptuengatik gastuak sortzen badira HAEEri eskatutako lanen ondorioz, erantsitako gastutzat joko dira, eta, beraz, ez da BEZik gehituko.

Bederatzigarrena.– Hitzarmen honen indarraldia izenpetzen denean hasiko da eta indarrean iraungo du Osakidetza erakunde publikoak lan-eskaintza publikorako hautatze-prozesua (1997ko azaroaren 25ean hartutako Erabakian onartua) amaitu arte.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Osakidetzako zuzendari nagusia,

LUIS HERNÁNDEZ SÁNCHEZ.


Azterketa dokumentala