Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2000ko azaroaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
4906

AGINDUA, 2000ko urriaren 5ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuarena, Justizia Administrazioa sustatzeko gaien inguruko lankidetzari buruz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak, 35.3. artikuluan eta horrekin erlazionatutako 13.1 artikuluan, Autonomia Erkidegoari eskumena ematen dio Justizia Administrazioaren premiei erantzuteko. Azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuaren bidez hasi zen eskumen hori egikaritzen eta, berrikiago, martxoaren 1eko 410/1996 eta martxoaren 15eko 514/1996 Errege Dekretuen bidez egindako eskualdatzeei esker, egokiago gara daitezke premia horien ingurukoak.

Era berean, aipatu Estatutuko subrogazio-klausuletatik "Justizia Administrazioaren Administrazio" izendatu diren eskumenak asumitu dira.

Bestalde, Euskal Eskola Publikoaren 1/1993 Legeak, otsailaren 19koak, 4. artikuluan, euskal eskola publikoak bete beharreko helburuak erdiesteko izango dituen bitartekoak xedatzen ditu eta, beste batzuen artean, azpimarratzen ditu ikastetxeek ingurune geografiko, sozial eta kulturalarekin izan behar duten harreman estua, elkarren artean jarduera eta elkartrukeen plan bateratuen bidez izan behar duten lankidetza eta EAEko Administrazio eta Erakunde desberdinen arteko koordinazioa eta lankidetza.

Alde honetatik, abuztuaren 11ko 237/1992 Dekretuak, EAEko Lehen Hezkuntzako kurrikulua zehazten duenak, 4. artikuluan adierazten ditu etapa honek ikasleengan garatuko dituen gaitasunak eta, beste batzuen artean, ondorengo hau: "Giza bizitza eta elkarbizitza gidatzen duten oinarrizko baloreen garrantziaz jabetu eta horien arabera jokatzen ikasi".

Ekainaren 21eko 213/1994 Dekretuak ere, EAEko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako kurrikulua ezartzen duenak, 4. artikuluan adierazten ditu etapa honek ikasleengan garatuko dituen gaitasunak eta, beste batzuen artean, gizarteen funtzionamendua gidatzen duten mekanismoak eta baloreak analizatzeko gaitasuna, batez ere herritarren eskubide eta betebeharrak analizatzekoa; eta horiei buruz iritzi eta irizpide pertsonalak hartzekoa.

Orain arte esandako helburuen arabera eta bi Sailen eskumenaren barnean, elkarrekin batera jarduteko premia ikusten da, herritarrek oro har eta ikasleek bereziki Justizia Administrazioaren egitura, funtzioak eta funtzionatzeko era hobeto ezagut dezaten, kontuan izanik gainera, eguneroko bizitzan arrazoi batengatik edo beste batengatik une askotan jo behar izaten dela Administrazio horretara.

Begi-bistakoa da, beraz, Administrazio hori hurbilagotik ezagutzeak lagundu egingo lukeela Zuzenbidezko Estatuaren funtsezko zutabeetako baten eguneroko gorabeherak ezagutzen eta horrek aldi berean sendotu egingo lukeela herritarrek beren Sistema Judizialari buruz duten konfiantza.

Zuzenbidezko Estatuaren oinarrian dauden baloreekin harreman estua izango duen bizitzeko modua sustatzeko, eta zehazki bilbadura judiziala osatzen duten erakundeen zuzeneko ezagutza bultzatzeko, behar beharrezkoak dira elkarrekin batera jarduteko programa konkretuak eta denboran zehar iraungo dutenak, eta, horregatik, bi Sailek beren gain hartzen dute programa horiek egikaritzeko behar diren giza ekarpenak eta ekarpen ekonomikoak egiteko konpromisoa.

Ondorioz, Justizia Administrazioa sustatzeko eta ezagutzera emateko gaiei buruzko lankidetza-markoa ezartzeko,

XEDATZEN DUGU:
1. KAPITULUA.– HELBURUA, LANKIDETZA- EREMUA ETA ESKU HARTZEKO ESTRATEGIAK.

1. artikulua.– Helburua.

Agindu honen helburua, Justizia Administrazioa sustatzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren arteko lankidetza-eremua erabakitzea da.

2. artikulua.– Lankidetza-eremua.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak elkarrekin jorratu beharreko interes erkideko eremuak, etorkizunean gehi litezkeenen kalterik gabe, ondorengo hauek dira:

a) Justizia Administrazioa sustatzea hezkuntzaren arloan, Sistema Judizialaren egitura, funtzioak eta funtzionatzeko era hurbilagotik eta zuzenean ezagutzeko bidea eskainiz.

b) Bilbadura judiziala osatzen duten erakundeak eta bermatzen duten baloreak ezagutzera ematea.

c) Ikasleak Justizia Administrazioarekin izan ditzakeen harremanetan aisetasunez eta konfiantzaz moldatzeko behar duen trebetasuna bereganatzea.

3. artikulua. – Esku hartzeko estrategiak.

Lankidetza-eremu honetan esku hartzeko estrategien ardatz nagusiak ondorengo hauek izango dira:

a) Eskola-kurrikuluan Justizia Administrazioaren inguruko gaiak garatzea.

b) Hezkuntzako materialak eta baliabideak landu eta optimizatzea.

c) Justizia Administrazioaren inguruko gaien Ikerketa, esperimentazioa eta ebaluazioa bultzatzea.

d) Hezkuntza-komunitatea osatzen duten guztien eta justiziako profesionalen eta gizarte-eragileen parte-hartzea lortzea.

e) Herritarrak Sistema Judizialaren egiturara, funtzioetara eta funtzionatzeko erara hurbiltzea, sistema in situ ezagutuz.

f) Bi Sailen iritziz garrantzi berezia izan lezakeen beste edozein.

4. artikulua.– Baliabideak.

Lankidetza hau bideratu eta gauzatzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak behar diren giza baliabide eta baliabide material guztiak jarriko dituzte eta jarduera horiek egiten laguntzeko barne-araudiak egokituko dituzte.

2. KAPITULUA.– HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILAREN ETA JUSTIZIA, LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA SAILAREN KOORDINAZIOKO BATZORDE MISTOA.

5. artikulua.– Sorrera.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren arteko lankidetzarako, Lankidetzako Batzorde Mistoa sortzen da.

6. artikulua.– Osaera.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren arteko Lankidetzako Batzorde Mistoa honela osatuko da:

Lehendakaria eta Lehendakariordea: Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaria eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztapeneko Zuzendaria edo horiek delegatutako pertsonak.

Bokalak: sei kide, Sail bakoitzeko hiru.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak izendatutako kideetako bat EAEko Auzitegi nagusiak proposatua izango da.

Idazkaria: Goian aipatutako Batzordeko bokaletako batek egingo ditu idazkari-lanak.

Lankidetzako Batzorde Mistoaren Lehendakaritza eta Lehendakariordetza eta baita Idazkaritza ere, urtero aldatuko dira Sail batetik bestera errotazioan.

7. artikulua.– Funtzioak.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lankidetzako Batzorde Mistoaren funtzioak ondorengo hauek izango dira:

a) EAEko erakunde judizial desberdinetan egiteko ibilbide gidatuak zehaztea.

b) Justizia Administrazioaren sustapenari eta heziketari buruzko gai desberdinen lehentasunak eta gai horiek hezkuntza arloan garatzeko lehentasunak erabakitzea.

c) Justiziaren baloreen zabalkundea egiteko urteko ekintza-planen gidalerroak proposatzea, eta plan horiek gauzatzea eta ebaluatzea bultzatzea.

d) Sistema Judizialari buruzko hezkuntzako materialgintza orientatu, baloratu eta sustatzea, eskumena duen Sailak zehaztutako gidalerroen arabera.

e) Behar den gaietan, egoki diren organismoekin harremanak izatea.

f) Esku hartzeko urteko plan desberdinak burutzeko eta Justizia Administrazioari buruzko kurrikulu-materialak lantzeko behar diren egitura lagungarriak ezartzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko urriaren 5a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala