Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2000ko azaroaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
4908

203/2000 DEKRETUA, urriaren 17koa, Arabako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofiziala sortzen duena, beste elkargo batetik bereiztu delako, eta VII Erregioko Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren izena aldatzen duena.

Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluak erabateko eskumena aitortzen dio Euskal Autonomia Erkidegoari profesionalen elkargoen tituludun lanbideen arloan, baina Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Eskuen hori garatzeko asmoz onartu zen tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea. Lege horretako 29.3 artikuluak dio elkargo baten sorrera beste bat edo batzuk deuseztatzeagatik edo esparru zabalagoko beste batetik bereizteagatik gertatzen denean, eraginpeko elkargo guztien aldeko irizpena beharko dela. Gero, dagokion kontseilu profesionalak txostena egin beharko duela derrigor, eta, azkenik, Jaurlaritzak dekretua emango duela, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko delarik.

Zazpigarren Erregioko Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialak batzar berezia egin zuen 1998ko otsailaren 6an, eta batzar horretan erabaki zuen Arabako Batzar Probintzialetik banatzea eta aurrerantzean Arabako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofiziala izatea. Batzar Probintzialak berretsi egin zuen erabakia, eta horren aldeko txostena aurkeztu zuen Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak.

Era berean, Bizkaiko Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofiziala Arabako Elkargotik bereiztu denez, Elkargoaren izena eta Elkargoak aurrerantzean ordezkatuko duen lurraldea bat etor daitezen, eta azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 28. artikuluan ezarritakoa betetzeko asmoz, 2000ko otsailaren 17an VII. Erregioko Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialak erabaki zuen elkargoaren izena aldatzea eta aurrerantzean Bizkaiko Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofiziala izatea. Kontseilu Nagusiak berretsi egin zuen erabakia.

Ondorioz, Elkargoa horrek eskatutakoa bidezkoa denez, eta indarrean dagoen legediak ezarritako izapidetzak bete direnez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren eta Osasun sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko urriaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Arabako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofiziala eratu dela, VII Erregioko Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialetik bereiztu ondoren.

2. artikulua.– Arabako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren lurralde-eremua Arabako Lurralde Historikoa izango dela, eta Elkargoaren egoitza Vitoria-Gasteizen egongo dela.

3. artikulua.– Arabako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialak izaera juridikoa eta jarduteko erabateko gaitasuna izango duela Elkargoaren gobernu-organoak eratzen direnean, eta Dekretu honek xedatzen du nola eratuko diren.

4. artikulua.– Arabako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialak berak egin eta onartuko ditu Elkargoaren estatutuak, kontuan izanik ezin izango dutela kontrajarrita egon tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean ezarritakoarekin, eta bete egin beharko dutela 18/1997 Legearen 33. artikuluko 5 eta 6 paragrafoetan ezarritakoa.

5. artikulua.– VII Erregioko Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofiziala aurrerantzean Bizkaiko Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofiziala izango dela.

XEDAPEN IRAGANKORRA

4. artikuluan adierazi diren estatutuak onartu bitartean, Odontologo eta Estomatologoen Estatutu Orokorrak eta Kontseilu Nagusiarenak onartzen dituen abenduaren 23ko 2828/1998 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharko dute, baldin eta tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean ezarritakoarekin kontrajarrita ez badago.

AZKEN XEDAPENA

Lehenengoa.– Arabako Batzorde Probintzialak egingo ditu Elkargoaren estatutuak, eta onartu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari emango dio horren berri, Justizi gaietan eskumen duen sailaren bidez, estatutuek legea betetzen dutela egiazta dezaten, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ditzaten.

Bigarrena.– Estatutuak argitaratu ostean, Elkargoaren osoko organoari dei egingo zaio gobernu-organoko kideak aukeratzeko. Gobernu-organoen eraketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Hirugarrena.– Dekretu hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko urriaren 17an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.

Osasun sailburua,

GABRIEL MARÍA INCLAN IRIBAR.


Azterketa dokumentala