Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2000ko azaroaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
4913

206/2000 DEKRETUA, urriaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sozietate baten kapital-gehiketan parte-hartzea baimentzeari buruzkoa. "Bizkaiko Kamioe Kokaleku Bortxatuak A.B., Aparcamiento Disuasorio de Camiones de Bizkaia, S.A." (BIKAKOBO-APARCABISA) da delako sozietatea.

Merkantzia garraioetarako zentro integratuak, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegokoak, bultzatu eta sustatzeko politikak gauzatzen ari da Garraio eta Herri Lan Saileko Garraio Zuzendaritza. Hauexek dira zentro horiek: CTV. Centro de Transporte de Vitoria, S.A.", "Sociedad Promotora de la Zona Aduanera de Irún, S.A." (ZAISA) y, "Bizkaiko Kamioe Kokaleku Bortxatuak A.B., Aparcamiento Disuasorio de Camiones de Bizkaia, S.A." (BIKAKOBO-APARCABISA).

Europako Batasuneko herrialdeen arteko merkataritza-harremanak gehitzeak eta garraioen sektoreak daukan izari ekonomiko handiak aipatu bezalako zentroak sortzea ekarri dute Europan; zentro horiek eskaintzaren eskariaren arte hartu-emanak errazteaz gain, garraiobide ezberdinak koordinatzea ahalbidetzen dute, eta, bestalde, enpresen kudeaketa, koordinazioa eta antolamendua hobetzen dute.

Bizkaiko Kamioe Kokaleku Bortxatuak A.B., Aparcamiento Disuasorio de Camiones de Bizkaia, S.A." (BIKABOKO-APARCABISA) sozietatea abenduaren 20ko 242/1982 Dekretuaz sortu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sozietate publiko legez, eta abenduaren 3ko 375/1985 Dekretuaz galdu zuen izaera hori.

Ebatzitako kapital-gehiketaren aurretik sozietateak lau mila eta bederatziehun eta hogeita bi milioi laurehun mila (4.922.400.000) pezetako kapitala zeukan. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren partaidetza bederatziehun eta laurogeita bat milioi berrehun eta laurogei mila (981. 280.000) pezetakoa da, hau da, kapitalaren % 19,9350koa.

Euskal Autonomia Erkidegoan dauden garraio zentro integratuak lagundu eta indartzeko politikarekin jarraitu nahi da. Bestalde, "Bizkaiko Kamioe Kokaleku Bortxatuak A.B., Aparcamiento Disuasorio de Camiones de Bizkaia, S.A." (BIKABOKO-APARCABISA) sozietateko Biltzar Nagusiak 2000ko martxoaren 12n egindako ezohiko bilkuran, Administrazio Kontseiluak proposatuta, erabaki hau hartu zuen: sozietatearen kapitala ehun eta hamar milioi (110.000.000) pezetaz gehitzea, mila hirurehun eta hirurogeita hamabost (1.375) akziokin; bakoitzak laurogei mila (80.000) pezetako balio izendatua du eta 61.531etik 62.905era —biak barne— zenbakituak daude. Hori kontuan hartuta eta Administrazio Kontseiluak kapitala gehitzeko egindako txostena aztertuta, egoki iritzi zaio kapital-gehiketan parte hartzeari. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sozietate horretan duen partaidetza handitu egingo da apur bat, %19,9364eko partaidetza izango baitu. Hori guztiori Euskadiko Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legearen 44. artikuluan adierazitako prozedurari eta bat datozen gainerako xedapenetan agindutakoari jarraituz egingo da.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta Garraio eta Herri Lan sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko urriaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– "Bizkaiko Kamioe Kokaleku Bortxatuak A.B., Aparcamiento Disuasorio de Camiones de Bizkaia, S.A." (BIKABOKO-APARCABISA) sozietateko Akziodunen Ezohiko Biltzar Nagusiak 2000ko martxoaren 12n ebatzitako kapital-gehiketan hogeita bi milioi (22.000.000) pezetaz parte hartzeko baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari. Partaidetzaren ehunekoa aldatu egingo da, %19,9350 izatetik %19,9364 izatera pasatu baita

2.– artikulua.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ondare eta Kontratazio zuzendariari, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean, baimena ematen zaio akzioen zenbatekoa harpidetzeko behar diren ordainketak eta ekarpenak egiteko, bai eta aurreko artikuluan agindutakoa betetzeko behar diren egintzak gauzatzeko ere

Vitoria-Gasteizen, 2000ko urriaren 17an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Garraio eta Herrilan sailburua,

ÁLVARO AMANN RABANERA.


Azterketa dokumentala