Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2000eko azaroaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
4915

AGINDUA, 2000ko urriaren 27koa, Herrizaingo sailburuarena, batetik, ikuskizun publiko eta aisialdi-jardueretarako lokalak eta instalazioak ikuskatzeko eta eurei buruzko egiaztapenak egiteko plan orokorraren bigarren fasea onartzen duena, eta, bestetik, plan hori gauzatzeko, udalentzako dirulaguntzetarako deialdia egiten duena.

Jendaurreko ikuskizun eta jolas-jarduerei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legearen xedapen gehigarrietarik laugarrenean ondoko plan hau onartzea aurreikusten zen: lege hori erabili behar duten lokalak eta instalazioak ikuskatzeko eta eurei buruzko egiaztapenak egiteko plan orokorra.

Bestalde, ikuskizun publiko eta aisialdi-jardueretarako lokalak eta instalazioak ikuskatzeko eta eurei buruzko egiaztapenak egiteko plan orokorra onartu zen, abuztuaren 31ko 216/1998 Dekretuaren bitartez onartu ere.

Dekretu horren azken xedapenean zehazten denez, dekretua gauzatu eta garatzeko xedapenak emateko ahalmenak ematen zaizkio Herrizaingo sailburuari; eta eranskineko 5.7 puntuan ezartzen denez, planaren iraunaldiko lehenengo urtea bukatu ondoren eta lortutako esperientzi eta emaitzetan oinarrituta, planaren hurrengo faseak gaurkotu eta berraztertu ditzake Herrizaingo sailburuak, beti ere Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jardueretarako Euskal Kontseiluak aldez aurretik txostena eginda gero. 1999ko abenduaren 31n amaitu zen lehen fasea.

Hortaz, batetik, lokal horien segurtasunak gizartearentzako garrantzi handia daukanez, eta, bestetik, aipatu plan orokorrean ikuskapenak zehatz-mehatz egitea exijitzen denez, udalek ikuskapen eta egiaztapenei buruzko plan orokorreko aginduak errazago bete ditzaten, Eusko Jaurlaritzak bidezkotzat jotzen du: udalei dirulaguntzak ematea.

Ondorioz, indarreango ordenamendu juridikoak ematen dizkidan ahalmenez baliatuaz, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Honako hau da agindu honen helburua:

a) Ikuskizun publiko eta aisialdi-jardueretarako lokalak eta instalazioak ikuskatzeko eta eurei buruzko egiaztapenak egiteko plan orokorraren bigarren fasea betetzen has dadila agintzea. Abuztuaren 31ko 216/1998 Dekretuaren bitartez onartu zen plan hori —1998ko irailaren 22ko EHAA.

b) Ikuskizun publiko eta aisialdi-jardueretarako lokalak eta instalazioak ikuskatzeko eta eurei buruzko egiaztapenak egiteko plan orokorraren bigarren fasea bete dadin, Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako dirulaguntzetarako deialdia egite. Ondorengo artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat, dirulaguntza horiek emateko 80.000.00 PTA (480.809,68 Euro) erabiliko dira.

2. artikulua.– Onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eskuratu ditzakete agindu honetan araututako dirulaguntzak. Horretarako, ondorengo artikuluan zehaztutako ikuskapenak egiten beharko dituzte.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Beherago aipatzen diren lokalei dagokienez, Ikuskizun publiko eta aisialdi-jardueretarako lokalak eta instalazioak ikuskatzeko eta eurei buruzko egiaztapenak egiteko plan orokorraren bigarren fasea hasten denetik harako urtearen barruan egingo diren ikuskapenak lagunduko dira diruz:

a) Aforoa kontuan hartu barik, aurreko fasean aipatzen ez diren eta ondoren zehaztutakoetarako baimena duten lokalak eta instalazioak: festa aretoa, dantza aretoa, diskoteka, kafe-antzokia eta antzekoak, eta bai antzokiak eta zine aretoak ere.

b) Ondokoei dagokien jardueren bat duten lokalak edo instalazioak: bar berezi, whiskeri, bar amerikarra, pub, disko bar, karaoke eta antzekoak.

c) Ostalaritza eta sukaldaritzarako lokal edo instalazioak, 300dik 700era arteko aforoa dutenak.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak eskuratu nahi dituzten udalek eskabidea bat aurkeztu beharko dute Ikuskizun Zuzendaritzako Erregistroan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz). Eskabide hori, bestalde, udaleko alkateak sinatutakoa eta Herrizaingo sailburuordeari zuzendutakoa izango da. Eskabide hori aipatutako erregistroan aurkezten ez bada, Herri Administrazioen eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan aurreikusitako eraren baten aurkez daiteke. Kasu bietan ere, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik harako hilabeteko epearen barruan.

2.– Egingo diren ikuskapenen programa eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Ikuskizun publiko eta aisialdi-jardueretarako lokalak eta instalazioak ikuskatzeko eta eurei buruzko egiaztapenak egiteko plan orokorraren I eranskinean jasotako ereduaren araberakoa izango da aipatu programazioa.

5. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko eginkizunak egitea Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari dagokio.

6. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, epaimahai kalifikatzaile bat osatuko da, zeinak honako kide hauek izanen baititu:

Lehendakaria: Joko eta Ikuskizun zuzendaria.

b) Epaimahaikideak:

– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako Izapide eta Baimenen arduraduna.

– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako Zigor eta Errekurtsoen arduraduna.

c) Idazkaria: Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako teknikari bat, hitz egiteko eskubidea izanen duena baina ez botoa ematekoa, Joko eta Ikuskizun zuzendariak izendatutakoa.

2.– Epaimahai kalifikatzaileak gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak, beti ere dirulaguntzak esleitzeko irizpidean oinarrituta. Eta, bestalde, ebazpen proposamena aurkeztu beharko dio Herrizaingo Sailburuordetzari.

7. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpidea.

Abuztuaren 31ko 216/1998 Dekretuko 2. artikuluaren 2. idatz-zatian ezarritakoarekin bat etorriaz, dirulaguntzak esleitzeko irizpidea ondoko honetan oinarrituko da: udal bakoitzak ikuskatutako lokal kopurua. Lokalen egora eta, beharrezkoa bada, euren aforoa egiaztatzearren, berariazko egiaztapen eta proba teknikoak egitea aurreikustea ere, kontuan hartuko da.

8. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateraezintasuna.

Beste edozein erakunde publikok helburu bererako eman ditzakeen laguntzak eskuratzea bateraezina da laguntza hauek ematearekin.

9. artikulua.– Ebazpena.

1.– Epaimahai kalifikatzaileak egindako proposamena ikusita, Herrizaingo Sailburuordetzak emango du deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitzeko ebazpena, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik harako hilabeteko epearen barruan. Esleipendunei jakinarazi beharko zaie ebazpena, eta bestalde Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

2.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, ezarritako epearen barruan ebazpenik ematen ez bada, eskabideak ezetsitzat jo beharko dira.

10. artikulua.– Onuradunak dituen obligazioak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako obligazio hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Eta esleitzeko ebazpenaren jakinarazpena egiten denetik harako hamabost eguneko epearen barruan, dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez bazaio, dirulaguntza onartutzat joko da.

b) Helburu bat lortzeko eman zenez, helburu horretarako erabiltzea dirulaguntza.

c) Dirulaguntzen helburu diren ikuskapenen gorabehera eta garapenari buruzko informazioa eta dokumentazio ematea Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari, hala eskatu ezkero.

d) Agindu honen kargura jasotako dirulaguntzei dagokienez, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak —euren funtzioak betetzen dihardutela— eskatutako informazio guztia ematea.

e) Helburu bererako eta beste edozein ente edo administraziotik —pribatu zein publikotik— lortutako baliabide, sarrera laguntza edo dirulaguntzez jakitun jartzea entitate emailea.

f) Dirulaguntza emateko kontuan izandako zirkunstantzia subjektibo zein objektiboren bat aldatuz gero, horren berri ematea entitate emaileari

11. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Diruz lagundutako jarduerak egiteko gastu legez egiaztatzen diren zenbatekoekin bat etorri beharko du dirulaguntzaren ordainketak. Udaleko organo kontu-hartzaileak emandako ziurtagiriaren bitartez justifikatu behako dira jarduerei dagozkien gastuen zenbatekoak. Dirulaguntza ordainketa batez pagatuko da, diruz lagundutako ikuskapen-jarduerak egin eta udaleko kontu-hartzailetzak emandako ziurtagiria eta beherago zehaztutako dokumentazioa Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari aurkeztu ostean.

a) Egindako ikuskapenei buruzko aktak, hain zuzen ere, Ikuskizun publiko eta aisialdi-jardueretarako lokalak eta instalazioak ikuskatzeko eta eurei buruzko egiaztapenak egiteko plan orokorraren II. eranskinean jasotako ereduaren arabera egindakoak.

b) Ikuskizun publiko eta aisialdi-jardueretarako lokalak eta instalazioak ikuskatzeko eta eurei buruzko egiaztapenak egiteko plan orokorraren 2.3 eta 2.4 puntuetan jasotako zirkunstantziei buruzko txostenak, eskudun teknikariek egindakoak.

c) Lokalen egoera egiaztatzeko beharrezko diren egiaztapen- eta proba tekniko berariazkoak egin izanari buruzko ziurtagiria.

2.– Ikuskizun publiko eta aisialdi-jardueretarako lokalak eta instalazioak ikuskatzeko eta eurei buruzko egiaztapenak egiteko plan orokorraren bigarren fasea amaitzen denetik harako hilabeteko epearen barruan entregatu beharko da ordainketa egiteko dokumentazioa. Agindu honek indarra hartzen duenetik harako urte batez iraungo du delako planak.

3.– Ordainketa-agindu bakarra eman baino lehen, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak, entregatutako dokumentazioa aztertu eta aldeko txostena egin beharko du.

12. artikulua.– Ez-betetzeak.

Ikuskapen eta Egiaztapenen Plan Orokorrean jasotako jarraibideei dagokienez, irregulartasunik atzeman ezkero, udal interesatuari entzun ondoren, Eusko Jaurlaritzak indarrik gabe utzi ditzake aitortutako dirulaguntzak, eta, beharrezko bada, emandako dirulaguntzak eta legez bidezkoak diren interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzea exijitu dezake, beti ere ekainaren 19ko 7/1997 Legean, azaroaren 10eko 4/1995 Legean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriaz.

13. artikulua.– Errekurtsoak.

Deialdi hau arautzen duen aginduaren kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesatuek Herrizaingo sailburuari, hilabeteko epearen barruan; edo, egoki baderitzote, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete bi hilabeteko epearen barruan; epe biak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua hau argitaratu eta hurrengo egunetik hara zenbatu beharko dira.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzarren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko urriaren 27a.

Herrizaingo sailburua,

JAVIER BALZA AGUILERA.


Azterketa dokumentala