Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2000ko azaroaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Garraio eta Herri Lan Saila
4916

205/2000 DEKRETUA, urriaren 17koa, Estatutuko Administrazioaren ordezkari bat izendatu eta beste bat kargutik kentzeko dena. Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio-Kontseiluko kideak dira ordezkari horiek.

Abenduaren 26ko 62/1997 Legearen bitartez, Merkataritzako Flotari eta Estatuko Portuei buruzko azaroaren 24ko 27/1992 Legea aldatu zen. Bada, 62/1997 Lege horren bitartez, arautzen dira interes orokorreko moduan sailkatutako portuak. Euskal Autonomia Erkidegoan Bilbokoa eta Pasaiakoa dira interes orokorreko portuak.

Batetik, Estatuaren lurralde antolamendua eta, bestetik, euren lurraldeetan dituzten interes orokorreko portuek Autonomia Erkidegoei dakarkieten eragin ekonomiko eta soziala kontuan harturik, aipatutako legeak honako neurri hauek ezartzen ditu: portuetako agintaritzetako antolamendu-egituretan —portuotako zuzendaritza-organoetan— autonomia erkidegoek parte-hartze handiagoa izatera bideratutakoak.

Eta hartarako, abenduaren 26ko 62/1997 Legeak artikulu bakarreko 14. puntuan ezartzen duenez, autonomia erkidegoek ezarriko dute portuetako agintaritzen administrazio-kontseiluek zenbat kontseilukide izango dituzten. Bestalde, administrazio-kontseiluan ordezkaritza duten erakunde, entitate eta herri-administrazioen proposamenez eta aipatu 14. puntuan ezarritakoarekin bat, autonomia erkidegoei dagokie aipatu kontseilukideak izendatzea.

Eta aipatu legean ezarritakoa betetzearren, Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 5eko 82/1998 Dekretua onartu zuen, zeinetan Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez ondoko hauek zehazten baitira: Bilboko eta Pasaiako Portuetako Agintaritzen lehendakariez gain, portu horien administrazio-kontseiluetako kontseilukideak izendatzeko eta karguetatik kentzeko eskudun organoa eta prozedura.

Aipatutako dekretuaren 3. artikuluan ezartzen denez, Estatuko Administrazio Orokorrak honako hau jakinarazi beharko dio Garraio eta Herri Lan Sailari: dagozkion kontseilukideak izendatzeko edo kargutik kentzeko proposamenak, beti ere abenduaren 26ko 62/1997 Legeko artikulu bakarreko 14 puntuan zehaztutakoarekin bat.

Aipatutako xedapena konplitzearren, Estatuko Portuen Lehendakaritzak zera jakinarazi dio Garraio eta Herri Lan Sailari: Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio-Kontseiluan Estatuko Administrazio Orokorrari dagokion kontseilukide bat izendatu eta beste bat bere kargutik kentzeko proposamena.

Ondorioz, Bilboko eta Pasaiako Portuetako Agintaritzen lehendakariez gain, portu horien administrazio-kontseiluetako kontseilukideak izendatzeko eta karguetatik kentzeko eskudun organoa eta prozedura zehazten dituen maiatzaren 5eko 82/1998 Dekretuan ezarritakoarekin bat, eta bai Gobernuari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean ezarritakoarekin ere, Garraio eta Herri Lan sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2000ko urriaren 17an egindako bilkuran, onartu ostean, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio-Kontseiluko kontseilukide kargutik kentzea ondoren aipatzen den laguna, beti ere honako zuzenbide publikopeko erakunde juridikoak proposatuta:

1.1.– Estatuko Portuen Lehendakaritzak eskatuta.

– José Antonio Cortajarena Manchado jauna.

2. artikulua.– Maiatzaren 5eko 82/1998 Dekretuaren 2, artikuluko 3. paragrafoan aurreikusitako eran eta artikulu honetan zehaztutako zuzenbide publikopeko erakunde juridikoak proposatuta, Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio-Kontseiluko kontseilukide izateko izendatzea beherago aipatutako laguna, zeinak erakunde haren ordezkoak egiten jardun beharko baitu:

2.1.– Estatuko Portuen Lehendakaritzak eskatuta.

– Juan Javier Labayen Andonaegui jauna.

AZKEN XEDAPENA

Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio-Kontseiluko lehendakariari kontseilukide berria izendatu dela jakinarazten zaion egunetik aurrerako ondorioak izanen ditu dekretu honek. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da izendapen hori.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko urriaren 17an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Garraio eta Herri Lan sailburua,

ÁLVARO AMANN RABANERA.


Azterketa dokumentala