Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2001eko apirilaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
1744

47/2000 DEKRETUA, martxoaren 13koa, «Tabernaurre eta Argiñena artean kalea irekitzeko proiektuak» eragindako ondasun eta eskubideak Gorlizko Udalak nahitaezko desjabetzearen bidez lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzen duena.

Gobernu Batzordean eztabaidatu ondoren, «Tabernaurre eta Argiñena artean kalea irekitzeko proiektua» burutzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideak hasiera batean jendaurrean jartzea erabaki zuen Gorlizko Udalak 2000ko apirilaren 13an hartutako erabaki bidez. Halaber, Udal Osoko Bilkuran hartutako 2000ko abuztuaren 3ko erabakiz, Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasunak eta eskubideak lehenbailehen hartu beharreko gisa deklara ditzan eskatzea erabaki zen, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian; arrazoibide-idazki bat aurkeztu zitzaion eta administrazio-espedientean jaso den moduan ebatzi zen.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko zerbitzu teknikoek aldeko irizpena eman dute, aukeratutako lurren erabilpenak eta indarrean dauden legeak bat datozelako.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da ondoko arrazoiengatik:

Arau Subsidiarioetan aurreikusi da kale hori egitea, Taberneaurre, Arguiñena, Itxasbide eta Krutxeta kaleek osatzen duten kaleartearen atzeko aldeari zerbitzua emateko.

Bere trazadurak, zaku-hondokoak, bide horrek zeukan erabilera-asmoa azpimarratzen du, hau da, kalearte horren barrualdearen sarrera izatea.

Orain burutuko dugun proiektuak helburu garrantzitsuagoa dauka, hain zuzen ere, kalearte horretako eraikinen artean geratzen den espazio hondarrei jarraipena eta iragazkortasuna ematea.

Helburu hori lortzeko Arau Subsidiarioen trazadura mantenduko da baina zaku-hondoko biribilgunea kenduko da, bideari jarraipena emateko, bai luzeran baita zeharkatzen dituen kale edo espazio irekiei ere.

Bidea horrela zehaztuz, alde zaharreko aldeari gune bat gehiago gehituko zaio, sartzeko arazoak dituen aldea, alegia, izan ere, kalearteko perimetrotik bakarrik dauzka sarbideak.

Kalearte horretan burutze-unitateak daude, besteak beste 8.a, baina ibilgailuentzako sarrera bakarra Taberneaurre eta Arguiñena artean zabalduko den bidea izango da.

Burutze-unitatearen mugaketak ez du bide hori jasotzen eta, beraz, Udal honek desjabetze bidez burutu behar du eta udalaren kontura gainera.

Eragindako lurrik gehienak publikoak dira eta hiru dira bakarrik jabekideen komunitatearenak direnak. Hiru horiek bere garaian ez ziren laga espazio publikoetarako (nahiz eta berez horrela erabiltzen diren) eta hasitako desjabetze-espedientearen gai dira.

Proiektu honek kaleartearteari iragazkortasuna eta irisgarritasuna emateaz gain, azpiegituren hobetzea eta berritzea dakar, besteak beste, saneamendua, uraren, elektrizitatearen eta telefonoen horniketa, eroapen horiek berritu eta lurperatuko direlako.

Laburbilduz, Tabernaurre eta Argiñena artean kale berria zabaltzeko obrak kaleartekoaren hirigintza-ezaugarriak hobetuko ditu eta barruan dauden lur-zatietara sartzeko zegoen arazoa konponduko du, izan ere sarrera bakarra zegoen eta hiri-lurrean daudenez eta burutze-unitatean daudenez horretarako eskubidea daukate.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutzapen-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduaren sistema orokorrak edo antolamendu horren elementuren bat eta hiri-lurrean egin beharreko banakako jardunak. Arestian aipatutako Lege horren 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari –garai hartako Sailaren izena erabilita– dagokio horretarako proposamena Jaurlaritza Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritza Kontseiluak 2001eko martxoaren 13an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, «Tabernaurre eta Argiñena artean kalea irekitzeko proiektua» burutzeko beharrezkoak diren eta horretarako hasitako espedientean zehaztuta eta banakatuta agertzen diren ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, Gorlizko Udalak lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzea.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko martxoaren 13an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza

eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.


Azterketa dokumentala