Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2003ko otsailaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1191

AGINDUA, 2003ko otsailaren 10ekoa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, 2002ko «Joxe Mari Korta» sarietarako deia egin eta sariak arautzen dituena.

Deialdi honen helburua da goraipatzea eta aintzatespen publikoa egitea enpresa arloa hobetzeko ahaleginean bizitza osoa erantzukizun handiko arduretan edo zuzendaritza zereginetan eman duten pertsona fisikoen jarduera profesionalari, nahiz eta egun, adinak edo halabeharrak eraginda, lanari guztiz edo zati batean utzita egon.

Era berean, ziur gaude sari hauek dakarten aintzatespen publikoa saritutako pertsonen pizgarri eta eragingarri izango direla.

Horregatik, dagozkion zereginen ildotik, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak egokitzat jotzen du 2002ko «Joxe Mari Korta» sariak deitu eta arautzea.

Hori dela eta, honakoa

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2002ko «Joxe Mari Korta» sariak emateko deialdia egitea eta sariak arautzea. Bestalde, sarien helburua da goraipatzea eta aintzatespen publikoa egitea enpresa arloa hobetzeko ahaleginean bizitza osoa erantzukizun handiko arduretan edo zuzendaritza zereginetan eman duten pertsona fisikoen jarduera profesionalari, nahiz eta egun, adinak edo halabeharrak eraginda, lanari guztiz edo zati batean utzita egon.

2. artikulua.– Sarien ezaugarriak.

Deialdi honetako sariak gehienez ere sei laguni emango zaizkio, eta hori erabakitzea batzorde kalifikatzailearen esku egongo da. Sari bera emango zaie saritu guztiei, eta saria goraipamen, aintzatespen edo aipamen publikoa izango da. Sariaren onuradunek haien lanbide arloko inprimakietan erabili ahal izango dute saria, bai eta haien establezimenduetan erakusgai ipini ere.

3. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honen bidez deitutako sarien onuradun izan daiteke Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikoren bat sustatzen, zuzentzen edo kudeatzen duen edozein pertsona fisiko, enpresa arloko ekimenaren eta hobekuntzaren alde lan egiteagatik nabarmendu bada.

4. artikulua.– Kandidaturen aurkezpena.

1.– Sarietarako kandidaturak honako hauek aurkeztu ahal izango dituzte: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako edozein enpresa-elkarte, merkataritza-korporazio edo elkargo profesionalek batetik, eta, bestetik, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duen edozein enpresak.

2.– Sarietarako kandidatura bakoitzarekin batera, proposatutako hautagaiak enpresaren garapenaren arloan egindako ekarpena egiaztatzen duen dokumentazioa ere bidali beharko da.

3.– Kandidaturak eta artikulu honen aurreko paragrafoan ezarritako dokumentazioa Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzara bidali beharko dira (Donostia-San Sebastián kalea 1 – 01010 – Vitoria-Gasteiz). Horretarako, hilabeteko epea egongo da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen duten egunaren biharamunetik. Bestalde, kandidaturak bidaltzeko, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako edozein bide erabili ahal izango da.

5. artikulua.– Sariaren kudeaketa.

Industria Merkataritza eta Turismo Saileko Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritza arduratuko da deialdi honetako sarien kudeaketa-zereginez.

6. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Aurkeztutako kandidaturak aztertzeko Epaimahai Kalifikatzaile bat eratuko da, ondokoek osatua:

Lehendakaria:

– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua.

Kideak:

– Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordea.

– Administrazio eta Plangintza sailburuordea.

– Industria eta Merkataritza sailburuordea.

– Turismo sailburuordea.

– CONFEBASKeko lehendakaria.

– ADEGIko lehendakaria.

– CEBEKeko lehendakaria.

– SEAko lehendakaria.

Idazkaria:

– Idazkari lana, hitzarekin baina botorik gabe, Industria, Merkataritza eta Turismo Saila ordezkatuko duen pertsona batek burutuko du, eta bertako sailburuak izendatuko du.

2.– Erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira. Idazkariak hartuko diren jarduera eta erabaki guztien akta jasoko du, eta sarien epaia arrazoi bidez oinarrituko duen irizpena agertu beharko da.

3.– Epaimahaiko kideak abstenitu egin beharko dira eta errefusatu ahal izango dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

7. artikulua.– Adjudikazioaren irizpideak.

Sariak ebazteko proposamena lantzea helburu izanik, epaimahaiak ondoko irizpideak kontuan hartuko ditu:

a) Hautagaia bera luze eta urte askotako inplikazioaz aritu izana enpresa arloan.

b) Hautagaiak enpresa arloko baloreak garatzen, enpresak sortzen eta jarduera eta lanpostu berriak sortzen egin duen lanak izan duen garrantzia handia, bai eta hautagaiak ikerketa, berrikuntza edo ekoizpenaren arloan nahiz kudeaketa, banaketa edo merkaturatzen arloan egin duen ekarpen pertsonalak izan duena ere.

c) Hautagai bat baino gehiago egonez gero sari bera hartzeko, lehentasuna izango dute zaharragoa direnak eta ordura arte goraipamen publikorik jaso ez dutenak edo gizartean nabarmendu gabe aritu direnak, nahiz eta lan bikaina egin.

8. artikulua.– Ebazpena.

1.– Sariak emateko epaia epaimahaiak emango du gehienez hilabeteko epean kandidaturak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita, eta EHAAn argitaratuko da Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren aginduaren bidez.

2.– Sariak edo sarietako batzuk eman gabe gera daitezke epaiak hala adierazten badu, baldin eta epaimahaiak proposatu diren hautagaiek ezarritako baldintzak betetzen ez dituztela uste badu.

9. artikulua.– Goraipamen publikoa.

Goraipamen publikoko ekitaldirako deialdia Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak egingo du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdi honetan aurreikusi ez den guztia arautzeko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea ezarriko da.

Bigarrena.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Interesatuek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute agindu honen aurka Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren aurrean eta horretarako hilabeteko epea egongo da Horrez gain, administrazioarekiko auzi errekurtsoa ere aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Auzietako Salan bi hilabeteko epean. Bi kasuotan, errekurtsoak jartzeko epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko dira.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko otsailaren 10a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.


Azterketa dokumentala