Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2003ko otsailaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1192

AGINDUA, 2003ko otsailaren 10ekoa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, 2002ko «atsegin handiz» sarietarako dei egiten duena eta sariak arautzen dituena.

Deialdi honen helburua da industria, merkataritza eta turismoaren arloko jardueretan gizarteak gustu ontzat jotzen duena areagotzen eta praktikara eramaten diharduten eta lan horretan nabarmendu diren pertsona fisikoak edo juridikoak gailentzea eta aintzatestea.

Era berean, ziur gaude sari hauek izango duten aintzatespen publikoa saritutako pertsonen pizgarri eta eragingarri izango direla.

Horregatik, dagozkion zereginen ildotik, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak egokitzat jotzen du «atsegin handiz» Sarien 2002ko edizioa deitu eta arautzea.

Horri jarraiki, honakoa

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2002ko «atsegin handiz» sariak emateko deialdia egitea eta arautzeari ekitea, industria, merkataritza eta turismoaren arloko jardueretan gizarteak gustu ontzat jotzen duena areagotzen eta praktikara eramaten diharduten eta lan horretan nabarmendu diren pertsona fisikoak edo juridikoak gailentzea eta aintzatestea helburutzat izanik.

2. artikulua.– Sarien ezaugarriak.

Sariek hiru bertsio edo jarduera-eremu izango dituzte, jarduera horiek industria, merkataritza edo turismoaren arlokoak izanik.

Adierazitako eremu horietako bakoitzean, sariak aintzatespen edo aipamena publikoa egingo du, eta onuradunek establezimenduan jendaurrean jarri ahal izango dute, bai eta inprimaki profesionaletan berariaz adierazi ere.

3. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honen bidez deitutako sarien onuradunak hauexek izan daitezke: Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikoren bat kudeatzen duten pertsona fisikoak edo juridikoak, beren lan profesionala bikainki, kalitatez eta gustu onez egiteagatik nabarmendu direnak, industria, merkataritza eta turismoaren sektoreetan.

Ez dira onuradunen artean izango honako hauek: entitate profesional, korporatibo edo gremioetakoak, pribatuak ala publikoak izan, bai eta bestelako entitatea batzuk ere, baldin eta entitate horien kudeaketan parte hartze publikoa nabarmena bada. Ondorio horietarako, parte hartze publikoa nabarmena dela ulertuko da entitate horietako zuzendaritza eta gobernu organoen erabakietan parte hartze publikoaren ordezkaritza erabakigarria bada.

4. artikulua.– Kandidaturen aurkezpena.

1.– Sarietarako kandidaturak Euskal Herriko Industria, Merkataritza eta Nabigazio Ganberek aurkeztu ahal izango dituzte, bai eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako edozein enpresa-elkarte, merkataritza-korporazio edo elkargo profesionalek ere. Azkenik, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresa guztiek ere aurkeztu ahal izango dituzte.

Edozelan ere, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak ere proposamenak egiteko aukera izango du. Proposamenak bere ekimenez edo foru eta udal erakundeekin lankidetzan egindakoak izan daitezke.

2.– Sarietarako kandidatura bakoitzarekin batera, ondokoa igorri beharko da: proposatu den kandidatuak, Euskadin jarduera ekonomikoren baten kudeatzaile izanik, jendeak «atsegin handiz» hartzen duena garatzen eta ezartzen ekarpen bat egin duela ziurtatuko duena.

3.– Kandidaturek eta artikulu honen aurreko idatz-zatian ezarritako dokumentazioak azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako edozein bidetik joz eta Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita hilabeteko epean zuzendu beharko dira aurkezten duen entitatearen edo enpresaren Lurralde Historikoko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberara.

5. artikulua.– Entitate Laguntzaileak eta Sariaren kudeaketa.

1.– Euskal Herriko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberek entitate laguntzaile gisa jardungo dute Agindu honetan araututako sarien kudeaketan, Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeari dagokion eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onetsitako Testu Bateratuaren 52. artikuluan ezarritakoaren arabera. Dekretu hori diru-laguntzen kudeaketarako Erakunde Laguntzaileei buruzkoa da.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberak ondoko zeregin hauetaz arduratuko dira:

a) Kandidaturak aurkezteko ahalmena duen edozeinek aurkeztutako kandidaturak eta Agindu honen 4.2. artikuluan adierazten den dokumentazioa jasotzea.

b) Kandidaturak eta erantsitako dokumentazioa aurkeztea Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Zerbitzuen Zuzendaritzan.

c) «Atsegin handiz» sarien berri ematea eta horien gaineko informazio egokia zabaltzea sarituei dagozkien lurraldeetako jarduera-eremuetan.

d) Sariak behar bezala kudeatzeko beharrezkoa den beste edozein jarduera burutzea, eta kudeaketa horren inguruan Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak burutu ditzakeen egiaztapen-jardueren menpe jartzea.

6. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Aurkeztutako kandidaturak aztertzeko Epaimahai Kalifikatzaile bat eratuko da, ondokoek osatua:

Lehendakaria:

– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua.

Kideak:

– Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordea.

– Administrazio eta Plangintza sailburuordea.

– Merkataritza eta Kontsumo sailburuordea.

– Turismo sailburuordea.

– CONFEBASKeko lehendakaria.

– Merkataritzako Lurralde Federazioek aukeratutako ordezkari bat.

– Turismoko lurralde elkarteek aukeratutako ordezkari bat.

– Euskal Herriko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberek izendatutako ordezkari bat.

Idazkaria:

– Idazkaria Industria, Merkataritza eta Turismo Saila ordezkatuko duen pertsona bat izango da. Hitzarekin baina botorik gabe arituko da, eta bertako sailburuak izendatuko du.

2.– Erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira. Idazkariak hartuko diren jarduera eta erabaki guztien akta jasoko du, eta sarien epaia arrazoituko duen irizpena agertu beharko da.

3.– Epaimahaiko kideek abstenitu egin beharko dute eta errefusatu ahal izango dute Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

7. artikulua.– Adjudikazioaren irizpideak.

Sariak ebazteko proposamena lantzeko, epaimahaiak ondoko irizpideak kontuan hartuko ditu:

a) Kandidatua gaur egun bere jarduera garatzen duen sektore ekonomikoan nahiko denbora luzez parte hartzen aritu izana.

b) Atsegintasun eta gustu onarekin zerikusia duten balioak garatzen burututako ekintzen berezko garrantzia kontuan hartzea, hau da, abegitsua izatea, kalitatea eta bestelako irizpide estetikoak.

c) Gizarte osoak «gustu ontzat» jo ohi duenaren inguruko balio, kontzeptu eta aplikazioak sakontzen, horiek guztiak praktikan garatzen eta hedatzen egindako ekarpen pertsonala edo partikularra.

d) Hautagaiak zenbaterainoko garrantzia duen bere arlo ekonomikoan.

8. artikulua.– Ebazpena.

1.– Sariak emateko epaia epaimahaiak emango gehienez hilabeteko epean kandidaturak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita, eta EHAAn argitaratuko da Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren aginduaren bidez.

2.– Sariak edo sarietako bat eman gabe gera daiteke epaiak hala adierazten badu, baldin eta epaimahaiak proposatu diren kandidatuek ezarritako baldintzak betetzen ez dituztela uste badu.

9. artikulua.– Aintzatespen publikoa.

Aintzatespen publikoaren ekitaldia Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak deitutako ekitaldi publiko batean egingo da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdi honetan aurreikusi ez guztian osagarri gisa aplikatuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

Bigarrena.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, agindu honen aurka, pertsona interesatuek berraztertzeko aukerako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren aurrean hilabeteko epean, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Auzietako Salaren aurrean bi hilabeteko epean. Bi kasuotan, errekurtsoak jartzeko epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta ondorengo egunetik hasiko dira.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko otsailaren 10a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.


Azterketa dokumentala