Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2003ko otsailaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
1195

20/2003 DEKRETUA, otsailaren 4koa, Labastida udalerriko Buradon-Gatzagako (Araba) Hirigune Historikoa Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

1999ko uztailaren 8ko Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen Ebazpenaren bidez (uztailaren 23ko EHAA, 140 zk.) Labastida udalerriko Buradon-Gatzagako (Araba) Hirigune Historikoa Monumentu Multzo izendapenaz, sailkatutako kultura ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Bertan Hirigune Historikoaren mugaketa eta deskripzioa baino ez zen egin, eta babes erregimena ezartzea eta espedientea jendaurrean jartzeko epea zabaltzea egiteko geratu ziren.

Euskal Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera bere babes erregimena ezarri zuten.

Honen izapidetzea bultzatu eta bukatzeko beharra ikusirik, Kultura Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2002ko urriaren 9ko Ebazpenaren bidez, Labastida udalerriko Buradon-Gatzagako (Araba) Hirigune Historikoa Monumentu multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidetzea egiteko eman zen (EHAA-ren 214. alean argitaratua, azaroaren 11n).

Jendaurreko informazioaldia eta interesduna entzuteko izapideak burutu ondoren, Buradon-Gatzagako Batzar Administratiboak, bere lehendakariaren bitartez, alegazioak aurkeztu du. Bertan, babes erregimenaren 14. artikuluaren idazkera aldatzea proposatzen da, harresia berreskuratzeko hirigintza ekintzei dagokionez. Horrela, Euskal Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoen txostenean proposatu den aldaketa alegazioaren zentzuan onartu ahal dela esaten da, aurreikusten den egoera berezia ezartzeko osatuz. Beraz, aipatu den 14. art.–aren aldaketa egin da.

Hori dela-eta, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 11.1. eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik eta Kultura sailburuaren proposamena kontuan hartuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko otsailaren 4ko bilkuran aztertu eta onetsi ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Labastida udalerriko Buradon-Gatzagako (Araba) Hirigune Historikoa, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzea.

2. artikulua.– I. Eranskinean azaltzen diren arrazoiak direla eta, ondasunaren mugaketatzat Dekretu honen Eranskin berean agertzen dena hartzea.

3. artikulua.– Indarrean dagoen Kultura Ondareari buruzko legeak aurreikusten dituen ondorioetarako ondasunaren deskripzio formala egitea, Dekretu honen II. Eranskinean agertzen den moduan.

4. artikulua.– Dekretu honen III. Eranskinean agertzen den Labastidako Hirigune Historikoaren babes-araubidea onestea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Kultura Sailak Labastida udalerriko Buradon-Gatzagako Hirigune Historikoa Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du.

Bigarrena.– Kultura Sailak Jabego Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Era berean, interesdunei, Labastidako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari ere jakinaraziko zaie.

Hirugarrena.– Kultura Sailak Labastidako Udalari eskatuko dio udaleko hirigintza-araudia Monumentu Multzoaren babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2. artikuluan ezarritakoa betez.

Laugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Monumentu Multzoaren mugaketak barne hartu duen eremu batean egin behar diren lanetarako Arabako Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko da. Baimen hori, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarritakoa betez, udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, interesdunek, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, Dekretu hau azkenengoz argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko otsailaren 4an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

Mugaketaren justifikazioa.

Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak 12.1 artikuluan honela dio: «Kultura ondasun baten zergamugapenak araudiz osabideratu daitezen esate-modu eta neurritan, honako puntu hauek izango ditu barne: c) Ondasunaren eta hau behar bezala babesteko eta honi balioa emateko beharrezko izan dadin ingurua ere zehaztea, baita horretarako zio izandakoak adieraztea ere. zehaztutako ingurua, lege honen ondoriotarako, zermugatutako ondasunaren osagai izango da.»

Hori dela-eta, mugatu den eremua kontrajarriak diren bi eremuz osaturik dago:

1. eremua: hiriaren harresiak barne hartzen duen eremua da. Eremuaren kanpo mugak hiriko harresiaren inguruan dagoen pasabidearenak dira.

2. eremua: Mugatu den eremuaren gainontzeko guztia. Eremu hau Hirigune Historikoaren ingurugiro babeseko eremutzat jo da. Horren helburua Buradon-Gatzagako Monumentu Multzoaren irudia babestea eta Hirigune Historiko horri balioa ematea da. Gaur arte inguruko haranaren gainetik hiri-gotorleku bezala mantendu da, errebalen zabalkunde historikorik gertatu gabe.

Bigarren eremua definitzeko hiriguneko harresiaren inguruko lurrak kontuan hartu dira. Lur horiek, ekialdean, gunera sartzeko errepidearekin egiten dute muga, eta mendebaldean, aldiz, Pilagar ibaiarekin.

Mugaketak hiria modu egokiz ulertzea ahalbidetu behar du, hau da, gotorleku isolatu bat bezala, errebal historikorik gabeko babesturiko eremu gisa, hain zuzen.

Babes-araubideak 2. eremuaren garapenaren muga eta 1. eremua babesteko baldintzak ezartzen ditu.

Mugaketa.

Buradon-Gatzagako Hirigune Historikoaren mugaketa grafikoa honako Eranskinean agertzen dena da.

II. ERANSKINA

DESKRIPZIOA

Buradon-Gatzagak bere udal-forua eduki zuen, tamalez gaur egun mantentzen ez duena. Foru horren berri 1264ko pribilegio batek ematen digu, eta bertan, Nafarroako mugako hiri itxi bezala definitzen du.

Erdi Aroko gunea oraindik mantentzen duen harresi batez mugatua dago eta zati batean harresiaren ordez etxeen atzealdeak daude.

Harresiaren barneko kaleak hiru plazek antolatzen dute: Elizaren Plaza, Plaza Nagusia eta Mendebaldeko Plaza. Harresiaren barnean sare nagusia diseinatzen duten kaleak oraindik tente jarraitzen duten harresiaren ateetatik ateratzen direnak dira, nabarmenena Kale Nagusia, Ipar Hegomendebalde norabidekoa, Kale Baxuarekin lotuz. Beste kale batzuk, estuagoak, eta horrekiko perpendikularrak direnak, honako hauek dira: Laurel, San Juan, Txikia, Horno eta del Caño. Hiriaren antolaketak «arrain-hezurra»ren eskema jarraitzen du.

Sortu zeneko lehenengo faseetatik jaso duguna bere bi kale nagusienen trazadura eta zabalak baino luzeagoak diren orube txikietan egindako banaketa da. Hiriak bere hastapenetan bizi zuena islatzen du, nahiz eta bizipen horiek ertarokoak ez izan.

Gainera, ez ditugu ahantzi behar hegalak, atariak, egituraturik gabeko tarteak, etxeen arteko paretak edo eraikinak ez zirela ia gorantz eraikitzen.

Buradon-Gatzagako Hirigune Historikoko elementu nabarmenenak honako hauek dira, besteak beste: harresia, Inmaculada Concepcion eliza, Sarmientos, Ayalas y Guevaras dorrea eta Santa Anako ospitalea.

III. ERANSKINA
BABES ERREGIMENA
I KAPITULUA
BABES ERREGIMENAREN IZAERA

1. artikulua.– Babes Erregimenaren helburua.

Babes-erregimen hau Buradon Gatzagako Hirigune Historikoa monumentu-multzo kalifikatutzat aitortzearen zati da eta, horrenbestez, kalifikazioaren eraginpean dauden ondasunen kontserbazioa bere menpe jarri beharko da eta hirigintza-plangintzako tresnek bere estipulazioak bete beharko dituzte.

2. artikulua.– Aplikazio esparrua.

Segidan zehazten den Babes Erregimena Buradon Gatzagako Hirigune Historikoaren mugaketan barne hartutako higiezin eta eremu guztiei aplikatuko zaie.

II KAPITULUA
ERREGIMEN OROKORRA

3. artikulua.– Edukia.

Testu honen edukiak ondarearen babesari dagokionean Babes Erregimen honek garatzen duen hirigintzako planeamenduak nahiz etorkizunean egin litezkeen berorren berrikuspenek bete beharreko baldintzak ezartzen ditu.

4. artikulua.– Garapeneko hirigintza-planeamendua.

1.– Babes Erregimen honetan barne hartutako ondasunei aplika dakieken hirigintzako planeamenduak Euskal Kultur Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 28.1. artikuluak aipatutako txostena beharko du. Txosten horretan edozein esku-hartzeren bateratze maila jasoko da, oinplano berriko eraikuntza barne.

2.– Babes Erregimen hau garatzen duten hirigintzako bitartekoak onartzen ez diren bitartean, aipatu Legearen 28.2. artikulua nahitaez bete beharko da.

5. artikulua.– Preskripzio orokorrak.

1.– Eremu publikoetan gauzatu beharreko jarduera orok eremu horien izaera eta egitura hiritarra sustatuko ditu. Horrez gain, hiriko altzariak multzoaren ingurugiro orokorrean txertatu eta integratuko ditu..

2.– Babes erregimen honetako babes mailetan barne hartutako eraikin orok Euskal Kultur Ondarearen 7/1990 Legean aurreikusitakoa jarraitu beharko du, baimen erregimenari, erabilerari, jarduerari, defentsari, zigorrei, arau-urratzeei eta gainerako auziei dagokienean.

3.– Babes erregimen honek aipatzen dituen birgaitzeko esku-hartze motak ondare hiritartua birgaitzeko jarduera babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan garatutakoak dira.

4.– Monumentuaren kategoriaz kultur ondare kalifikatu gisa deklaratu diren edo etorkizunean deklaratuko diren, eta, horrexegatik, babes erregimen xehekatua duten, higiezin eta osagaiei aipatu erregimena ezarriko zaie. Arautegi hori aplikazio osagarrikoa izango da.

5.– Babes erregimen honek ukitutako ondasunen jabeek Euskal Kultur Ondarearen 7/1990 Legeak 20 eta 35. artikuluetan eta 6/1998 Lurzoru Legeak 19. artikuluan ezarritako kontserbazio, zainketa eta babesaren betekizunak nahitaez konplitu beharko dituzte.

6.– Babes erregimen honetako babes berezi, ertain, oinarrizko edo partzialeko zerrendan sartutako ondasunak Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 36. artikuluan xedatutakoaren arabera bakarrik eraitsi ahal izango dira.

7.– Babes erregimeneko Erregimen Orokorraren aplikazioak zenbait osagaietan Herrigune Historikoaren berezko ezaugarri tipologiko edo formalak aldatzea eragiten duten erabilerak ahalbidetzen dituen kasuetan, Eusko Jaurlaritzako organo eskudunak horren gainean xedatzen duena jarraituko da.

8.– Babes erregimen honen aplikazioak zenbait osagaien eraispen osoa edo partziala ahalbidetzen duen kasuan, edo 6. atalaren arabera araututakoetan, fabriken berezko harrizko osagai ageriko nahiz ezkutuak mantendu beharko dira, hala nola ertzeko silarriak, ateburuak, inpostak, mentsulak, eta abar, beroriek eraikuntza berrian erabiltzeko, Babes erregimen honen 6 zerrendaren barruan (babes partziala) jasota egon gabe ere.

9.– Babes erregimen hau garatuko duen hirigintzako planeamenduak hondoko eraikin hauen gehienezko altuerak aztertu beharko ditu: bere tratamendua edo konposaketagatik diskordantzia bezala baloratu daitezkeen jasodurak, nabarmenki bere inguruko edo kaleko beste elementuak baino altuera handiago dutenean.

6. artikulua. Harresiak.

Harresiaren gaur eguneko egoera kontutan harturik, multzoaren zaharberritze eta zaintze proiektua egin beharko da. Harresiaren zaharberritze eta zaintzea zatikako esku-hartzeren bidez egiten da eta honen burutzea zenbait urtetan luzatzen da. Hau dela eta, Multzoaren Egitamu Zuzentzaile bat egitea gomendatzen da. Honen bitartez, existitzen diren aztarnei data jarri eta historia aldetik azterketa bat egin ondoren, aurrerantzean garatuko diren proiektuak zuzentzeko norabideak emango dira.

Multzo historikoa den aldetik, proiektu bakoitzak aldez aurretik finkatutako irizpideak garatu behar ditu. Irizpide hauek, posible diren esku-hartzeren ikusmolde orokorra eta Zaharberritze Egitamu bakarra jarraitu behar dituzte.

7. artikulua.– Lur zatiketak.

1.– Erdi Aroko Herrigune Historikoaren berregituraketa berezia eta geroagoko zabalkuntzak direla eta, herrigunearen baldintza morfologikoak mantentzeko interes nagusiko babes eremuaren lur-zatiketa eskemari eutsiko zaio oro har, eskema hori mantentzea berez balioetsi beharrekotzat hartzen baita.

2.– Eremu horretan, lur zatiaren forma zein tamainaren kontserbazioa zorrotza izango da babes morfologikoaren maila duten osagaietan. Kasu horietan, hala ere, lur zatiaren zabalera librea 4,00 m-tik beherakoa bada –artekormak ez dira kontuan hartzen–, beroriek aldameneko lur zati batekin funtzionalki elkartzea baimentzen da, babespean dauden ukitutako eraikinetako osagaien nahitaezko mantenimenduaren kaltetan izan gabe. Gainerako babes mailetan, lur zatiak banantzea ahalbidetuko da, Herri-gune Historikoaren ezaugarriekin bat datozen eskala mailako baldintzak mantentzeko edota lur zatiketen jatorrizko zentzua (norabide bikoitzeko multzo angeluzuzenak) berreskuratzeko, baina ez banantzea aipatu multzokatze irizpidearen aurkako gertatzen denean.

3.–Hiri-trama, publikoaren eta pribatuaren definiziotzat hartuta, Monumentu multzo baten ezaugarri karakteristikoa gertatzen denez gero, azken euskarri den lur zatiketaz gain, ez da utziko lur zatiek gaur egun dituzten lerrokadurak aldatzen, ez bada trazatuaren okerren bat zuzentzeko egin beharreko gutxieneko zuzenketaren bat egitea.

8. artikulua.– Esku-hartze proiektuak.

Babes maila berezi, ertain edo oinarrizkoetan barne hartutako eraikinen gaineko esku-hartze proiektuek berorien egungo egoeraren dokumentazio grafiko xehea aurkeztuko dute: oinak, fatxadak eta sekzioak 1/50 eskalara, xehetasun arkitektonikoak 1/20 eskalara, argazki-dokumentazio osoa, plano historikoak, eta abar, proposatzen den esku-hartzeak merezi duela erakusteko.

9. artikulua.– Berritze eta ordezkatze lanak.

1.– Herrigune Historikoaren barruko berritze eta ordezkatze lanetan, bereziki egungo okupazioa irregularra edo zatikatua gertatzen den kasuetan, bete beharreko baldintzak finkatuko dituen hirigintzako planeamendua onartzen ez den bitartean, ez da lur zati ezberdinen bolumetri-antolaketan aldaketarik baimenduko, eta jarduera mota honek konplitu beharreko betekizunak honako irizpide hauetara egokituko dira:

a) Bi isurialdeko estalkiaren erabilera, fatxada nagusiarekiko paralelo joango den goihabeaz, kasu berezietan ezik, hala nola kaleen elkarguneetan kokatutako eraikinak, jauregi hiritarrak, bereizgarririk gabeko eraikinak, eta abar.

b) Teilategalerako eta goihaberako altuerak mantentzea, altuera horiek inguruko fatxada babestuetan nagusi direnak baino handiagoak direnean ezik; kasu horietan, ingurukoen altueretara egokitu beharko dute. Altuerak txikiagoak badira, beroriek aipatu eraikinen altueretara egokitu ahal izango dira.

c) Teilategalak, hegalkinean nahiz ertzean, herrigunearen ingurugiroan bereizgarri direnen ezaugarrietara egokituko dira. 20 cm-tik gorako ertzak ez dira inola ere onartuko.

d) Ordezkatzeetan fatxadaren molde laua gordeko da, eta ez da zabalera handiagoko osagai trinkorik onartuko.

e) Birgaitzeetan fatxadaren aurreratze tradizionalak bere zabalera osoan mantentzea onartuko da. Aurreratze horiek tamaina, material, akabera eta kalitate tradizionalak izan beharko dituzte.

f) Beheko oinetan markesinak eta hegalkinak gauzatzea debekaturik egongo da.

g) Tarteko oinetan lanak gauzatzea debekaturik egongo da.

h) Beheko oinaren altuera mantentzea, altuera hori kale bereko fatxada babestuenak baino handiagoa denean ezik; kasu horretan, kale bereko fatxaden altuerara egokitu beharko du.

i) Hiru aldeko isurialdeetan kasetoien eta bolumenen gauzatzea mugatzea, isurialdeak pertzeptualki nagusi izan daitezen.

j) Herrigunearen berezkoak diren konposaketa osagaiak erabiltzea:

– Baoak ardatz bertikaletan moldatzea.

–Fatxada osatzen duten osagai ezberdinen irakurketa hierarkikoa ahalbidetuko duen fatxadaren konposaketa.

–Behatokien gauzapena debekatzea.

–Balkoi irtenen zorua ez da 15 cm-tik gorakoa izango, berori osatzen duen materiala edozein delarik ere.

–Balkoi korrituetan ohizkoak diren materialen erabilera (zura-metala), balkoi korrituen babesak gauzatzean.

k) Kalera eta kantoira ematen duten fatxaden tratamendu hierarkikoa, fatxada bi alboetara irekitzeko aukera duten higiezinetan.

l) Beheko oineko fatxaden aurrealdeetan eta mentsula tankerako aurreratzea ageri duten artekormetan jadanik bazena mantentzea, hala dagokionean jatorrizko zentzua berreskuratuz, osagai hori harlanduzko lan gisa moldaturik duten higiezin orotan.

m) Erakusleihoak eta horma-irudiak dagokion hormaren harkantoiaren zabaleran ezarri beharko dira, eta baoen irakurketa-planoekiko atzeratze edo aurreratze gehiegizkoak espresuki debekaturik daude.

n) Interes nagusiko kontserbazio eremuan, higiezin batek kalera eta kantoira ematen duten fatxadaren aurrealdeak dituenean, komunikazio bertikaleko gunerako sarbidea kalera ematen duen fatxadaren aurrealdetik gauzatuko da.

o) Fatxaden akaberak zarpeatu, luzitu edo entokatu egingo dira harlanduzko lana ez den edozein fabrika lanetan, eta beste edozein egoeratan harrizko osagai bereizgarriak (ateburuak, harkantoiak, kantoiak, eta abar) ezarriko dira. Beheko oinetan, fatxadako akaberak harrizkoak edo harri tankerako iztukukoak izango dira, eta akabera leunduak debekaturik egongo dira. Akaberek higiezinaren zokaloa goiko oinek osatutako egituratik bereiziko dute.

2.– Higiezinen ordezkatzea oraindik geratzen diren harresiaren hormatalen kaltetan izan gabe gauzatuko da. Lurpeko arrastoen gainean irizpide berbera mantenduko da, dagokion Foru Aldundiak hala erabakitzen duenean, egin beharreko esku-hartze arkeologikoaren ondoriozko emaitzen arabera.

10. artikulua.– Eragin esparrua.

Kapitulu honetako erregimen orokorra Monumentu Multzo Kalifikatua den aldetik Buradon-Gatzaga Herrigune Historikoaren mugapenaren barru dauden eraikin eta elementu guztiengan aplikatuko da.

III KAPITULUA
BABES MAILAK
1. ATALA
AURRETIKO GAIAK

11. artikulua.– Sailkapena.

1.– Mugaketan barne hartutako ondarea honako babes kategoria edo maila hauetan sailkatuko da:

– Eremu hiritarrak

– Babes Berezia

– Babes Ertaina

– Oinarrizko Babesa

– Babes Morfologikoa

– Diskordantzia

2.– Higiezinaren babes maila edozein delarik ere, erregimen honek babestutako eraikinetako zati edo osagai jakin batzuk banaka balioetsi ahal izango dira, eta horretarako babes partzialeko kategoria edo maila hauek finkatzen dira:

– Babes Partziala

– Diskordantzia Partziala

12. artikulua.– Garrantzi berezia duten osagaiak.

Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 12.1.e) artikuluan xedatutakoa betetzearen ondorioetarako, Babes Berezi eta Ertaineko osagaien zerrendan jasotako higiezin guztiak garrantzi berezia duten osagaitzat hartuko dira.

2. ATALA
MONUMENTU MULTZOAREN BABES EREMUA.
2. EREMUA

13. artikulua.– Babestu beharreko osagaiak.

Dokumentu honen I. eranskinean zehazten den moduan, Buradon Gatzagako hiribilduak oinarri duen muinoaren hegalak Multzo Monumentalaren babes eremutzat hartuko dira. I. eranskinean 2. eremua izenarekin ezagutzen denarekin bat egiten du babes eremu honek. Eremu horiek herria babesten eta nabarmentzen dute, eta Buradon Gatzaga gotorleku gisa hartua izan dadin ahalbidetzen dute. Horrexegatik, berebiziko balioa dute.

14. artikulua.– Ebazpenak.

Monumentu multzoaren babes eremuan baimenduko diren esku-hartzeak ondorengoak dira: monumentu multzoari bere balioa ematearekin bat datozenak eta, aldi berean, jatorrizko harresi-barrua modu zehatzean identifikatzen laguntzen dutenak.

Babes eremu honen barruan, harresien trazaduraren inguruan 50 metro zabaleko eremua errespetatuko da inolako eraikinik gabe. Azken esparru honetan bakarrik baimenduko dira egun finkatuta daudenak.

Azken hauetaz gain, salbuespen modura, eraikin berriak baimenduko dira 50 metroko eremu horretan, muinoaren hegoaldeko magalean; baldin eta ondorengo baldintzak betetzen badituzte: hirigintza planeamenduak proposatutako jarduketa sistematikoen ondoriozko eraikinak; beti ere harresien tarte ezkutuak berreskuratzeko eta balioan ipintzeko balioko badute. Jarduketa hauetan, hegoaldeko harresiari itsatsita dauden eraikinak ezabatuko dira, hegoaldeko atearen ondoan daudenak; eta ezabatze hori bideragarri egiteko balioko dute. Edozein modutara ere, proposamenek bete beharko dituzte artikulu honetako lehen paragrafoan 2 Eremurako finkatutako ebazpen orokorrak; eta eranskin honetako 4 artikuluan aipatzen den informearen mende egongo dira.

3. ATALA
EREMU HIRITARRAK

15. artikulua.– Babestu beharreko osagaiak.

Babes erregimen honen ondorioetarako, eremu hiritartzat hartuko dira erabilera Herrigune Historikoaren egitura hiritarraren zati diren eraiki gabeko eremu publiko nahiz ez publikoak, hau da:

– Kaleak eta kantoiak

– Plazak eta parkeak

– Patioak eta karkabak

– Harresiak

16. artikulua.– Garapeneko hirigintza-planeamenduaren ebazpenak.

1.– Eremu hiritarren balio berezia dela eta, Herrigune Historikoaren egitura moldatzen duten osagai moduan, planeamenduak beroriek kontserbatzeko neurri zehatzak ezarri beharko ditu, eta horrek dokumentu honetako 4. artikuluak aipatzen duen txostena beharko du.

2.– Planeamenduak babes erregimen honetan barne hartutako eremu hiritar ezberdinetako bakoitzak banaka bete beharreko baldintza zehatzak finkatu beharko ditu. Aipatu Erregimenean azaldutako irizpideak jarraituko dira, eta harresiei lotutako esparruak osatu eta berreskuratuko dira, jendeak oro har beroriek goza ditzan.

3.– Kaleak, harmailadiak eta kantoiak nahiz plazak eta parkeak, patioak eta karkabak edo harresiak, behar bezala hiritartu beharko dira, eta planeamenduak ezarri beharreko akabera mota eta hiriko altzariak zehaztu beharko ditu. Hiritartze hori gauzatu aurretik, erasana gerta litekeen ondare arkeologikoa babesteko beharrezko diren neurriak finkatu beharko dira.

17. artikulua.– Kaleak eta kantoiak.

1.– Kale eta kantoietan jadanik badiren lerrokadurak mantenduko dira, inolako atzeratzerik baimenduko ez delarik, 8. artikuluko 3 puntuan zehaztutakoaren ondoriozkoak ezik. Kalearen kontzeptua mantendu beharko da, horretarako jadanik badiren eta bereizgarri diren osagaiak (beheko oinen aurrealdeak, lur zatien itxiturak, hesiak, eta abar) kontserbatuz. Kantoietan burutzen diren jarduerak beroriek leheneratu eta garbitzera bideratuko dira.

2.– Kaleetan eta, batez ere, kantoietan burututako jarduerak beroriek, ahalik eta gehienak bederen, oinezkoentzat gertatzera eta gainazaleko aparkalekuen erabilera desagerraraztera bideratuta egongo dira. Kantoiei dagokienean, azken neurri horrek lehentasuna du.

3.– Kaleak eta kantoiak hiritartzeko jarduerek horien guztien zoladura aurreikusiko dute.

4.– Zerbitzu guztiak pixkanaka lurpetik kanalizatuko dira, eta gainazaleko edo airetiko linearik ez da inola ere baimenduko.

5.– Kantoiaren lerrokaduraren gainditze orok, berori irtena izan ala ez, eranskin degradatzailearen izaera izango du, eraikinetako teilategalen kasuan ezik. Beroriek, hala ere, ezingo dute 50 cm. baino handiagoak izan.

18. artikulua.– Karkabak eta patioak.

1.– Karkabei eta patioei buruzko jarduerak eremu horien eta argiztapen nahiz aireztapeneko bide bezala zerbitzatzen dituzten higiezinen higiene-osasun baldintzak bermatzera bideraturik egongo dira.

2.– Karkabaren zabalera orokorra 3 m-tan finkatzen da. Zabalera hori etxaditik etxadira apur bat aldatu ahal izango da, beroriek osatzen dituzten eraikinen berariazko ezaugarrien arabera.

3.– Jarduera berriek (orubeen edo eraikin ordezkagarri zein diskordanteen gainekoak) eta berreraikuntzek beren atzeko lerrokadurak karkabaren ardatzarekiko, balego, berorrentzat ebazten den zabaleraren erdia atzeratu beharko dituzte. Planeamenduak baldintza orokor hori apur bat moldatu ahal izango du, jadanik badiren osagai jakin batzuen kontserbazioak karkabaren lerrokaduraren trazaera behartzen duen kasuetan. Finkatutako lerrokadurarekiko irtenunerik ez da onartuko, eraikinaren teilategala ezik.

4.– Edonolako karkaba edo patioen gainditze oro, berori irtena izan ala ez, eranskin degradatzailetzat hartuko da, eta higiezinean burututako edozein jardueraren kariaz gainditze hori ezabatu egin beharko da.

5.– Karkabak eta patioak garbitzeko jarduerek berorien zoladura nahiz beroriek kaltetu ditzaketen euritako uren bideratzea, eraikin berekoak nahiz eraikin horretara ematen duten fatxaden higiezinetakoak, barne hartu ahal izango dute. Halaber, edozein motako zerbitzu hiritar baten lurpeko kanalizaziora bideratutako lanak baimenduko dira.

19. artikulua.– Harresiak.

Harresiaren eta bastioietan kokaturiko hirigintza-espazioetan egingo diren jarduerak espazio horiek erabilera publikorako berreskuratzera eta, dagozkion loturako osagaiak sortuz, berorien zati ezberdinak eremu libreen sistema uztartu bat bezala moldatzera bideratuta egongo dira.

4. ATALA
BABES BEREZIA

20. artikulua.– Babestu beharreko osagaiak.

Babes bereziko osagaitzat hartuko dira izaera berezia eta aparteko balio arkitektoniko, artistiko eta kulturalak izaki, eta bere jatorrizko arkitektura mailako ezaugarriak berreskuratzea ahalbidetzen duen kontserbazio egoeran dagoelarik, erregimen honen babesik zabalena merezi duen hura.

21. artikulua.– Babes bereziko mailan barne hartutako osagaien preskripzioak.

1.– Babes berezia duten eraikinek babes maila gorena dute, eta berorietan burutzen diren zaharberritze jarduerek beren egitura eta ezaugarriak mantendu beharko dituzte. Hortaz, ekarpen edo diseinu berririk ezin egin ahal izango da.

2.– Bereziki babestutako ondasunen eraisketa osoa edo partziala Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera bakarrik baimendu ahal izango da.

3.– Eraikin horiek ukitzen dituen lan edo eskuhartze orotan beren eite bolumetrikoa nahiz lerrokadurak mantendu beharko dira.

4.– Higiezin horiei ematen zaien erabilerak berorien kontserbazioa bermatu beharko du, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko III. Tituluaren zehazpenak inola ere urratu gabe.

5.– Eraikin horietan berorien kontserbazioa eta balioespena bermatzera bideratutako eraikuntzako esku-hartzeak baimenduko dira, eta horretarako Ondare Hiritartu eta Eraikia Birgaitzeko jarduera babestuei buruzko 317/2002 Dekretuan Zaharberritze Zientifikorako ezarritako lanen gauzapena baimenduko da.

6.– Bakarrik harresiei dagokienez, aurretik esandakoaz gainera, bere gainean egingo diren lanak edo eskuartzeak Harresien Zaharberritze eta Kontserbatzeko Plan Zuzentzailea jarraitu beharko dute.

22. artikulua.– Osagai babestuak.

Multzo Monumental bezala mugatutako esparruan, dokumentu honetan sartutako 1. Zerrendako osagaiak Babes Bereziko mailan barne hartzen dira, garrantzi berezikoak izatean.

5. ATALA
BABES ERTAINA

23. artikulua.– Babestu beharreko osagaiak.

Babes ertaina izango dute honako baldintza hauetako bat betetzen duten higiezin eta osagai hiritarrek:

a) Ondare eraikiaren zati interesgarri bat dira, bere kanpoko akaberagatik edo, ikuspegi tipologikotik, bere barne banaketagatik, banaketa bertikaleko osagaien antolamenduagatik, lur zatiaren gaineko okupazio edo kokapenagatik edo bestelako edozein ezaugarri morfologikoagatik.

b) Garrantzi berezia duten balio arkitektonikoak dituztelarik, beroriek berreskuratzeko esku-hartzeak ezin dira Babes Bereziko osagaietarako zehaztutakoetan sartu.

24. artikulua.– Babes maila ertainean barne hartutako osagaien preskripzioak.

1.– Eraikin horien eraisketa osoa edo partziala Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan xedatutako preskripzioen araberakoa izango da.

2.– Eraikin horiek ukitzen dituen lan edo esku-hartze orotan beren eite bolumetrikoa nahiz lerrokadurak mantendu beharko dira.

3.– Higiezin horiei ematen zaien erabilerak berorien kontserbazioa bermatu beharko du, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeko III. Tituluaren zehazpenak inola ere urratu gabe.

4.– Babes ertaina duten higiezin eta osagaietan baimendutako esku-hartzeak berorien funtzionaltasuna kontserbatu eta bermatzera bideraturik egongo dira, beren osagai tipologiko, formal eta egiturazkoak mantenduz. Babes bereziko erregimenean baimendutakoez gain, Ondare Hiritartu eta Eraikia Birgaitzeko jarduera babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak Kontserbaziorako Zaharberritzearen A eta B kategorietan finkatzen dituen lanak burutu ahal izango dira, eraikinek ageri duten kontserbazio egoeraren arabera.

25. artikulua.– Babestutako osagaiak.

Multzo Monumental gisa mugatutako esparruan, Babes Ertaineko maila honetan dokumentu honetan barne hartutako 2. Zerrendako higiezinak eta osagaiak jasotzen dira.

6. ATALA
OINARRIZKO BABESA

26. artikulua.– Babestu beharreko osagaiak.

Oinarrizko babes maila izango dute honako bi baldintza hauetako bat betetzen duten higiezinak:

a) Balio arkitektoniko, historiko edo artistiko nabarmenik ez duten arren, beroriek bermatzeari egoki irizten zaio, ikuspegi tipologikotik edo ingurugiro mailakotik ondare eraikiaren zati interesgarria direlako. Hala ere, zaharberritze lanak aurreikusten dituen babes maila ertainean sartuak izateko adina interes ez dute.

b) Balio arkitektoniko, historiko edo artistiko nabarmenak izaki, beroriek berreskuratzeko esku-hartzeak ezin dira babes maila handiagoko osagaietarako zehaztutakoetan sartu.

27. artikulua.– Oinarrizko babes mailan barne hartutako osagaien preskripzioak.

1.– Babes maila honetan barne hartutako eraikinen eraisketa Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan xedatutako preskripzioen araberakoa izango da.

2.– Eraikin hauetan baimendutako esku-hartzeak, goragoko babes mailetan barne hartutakoez gain, Ondare Hiritartu eta Eraikia Birgaitzeko jarduera babestuei buruzko 317/2002 Dekretuan jasotakoak izango dira Bermatzea deitutako eraikuntzako esku hartzerako. Halaber, 26 artikuluko a) baldintza betetzen duten eraikinetan Berritzea deitutako esku-hartzea baimenduko da, berori erakinak Babes Erregimen honek garatuko duen planeamenduak xedatutako etxadiko barne lerrokaduren baldintzetara egokitzeko beharrezkoa den heinean, eta, zentzu horretan, eraisketa partzialak ere baimendu ahal izango dira.

28. artikulua.– Babestutako osagaiak.

Multzo Monumental gisa mugatutako esparruan, Oinarrizko Babes maila honetan dokumentu honetan barne hartutako 3. Zerrendako higiezinak eta osagaiak jasotzen dira.

7. ATALA
BABES MORFOLOGIKOA

29. artikulua.– Babestu beharreko osagaiak.

Babes maila honetan balio arkitektoniko, historiko edo artistiko nabarmenik ez duten arren, lur zati balioetsietan kokaturik dauden higiezinak barne hartzen dira, Herrigune Historikoaren egituraren bereizgarri diren etxadien antolaketa eskemaren barruan daudelako.

30. artikulua.– Babes maila morfologikoan barne hartutako osagaien preskripzioak.

1.– Lur zatiaren forma eta tamaina mantendu beharko dira, karkabarako lerrokaduren aldaketaren ondoriozko balizko moldaketen salbuespenaz, Babes Erregimen honek garatzen duen hirigintzako planeamenduak aipatu karkabari lotutako patioaren zabaleran aldaketarik proposatzen duen kasuetan, edo kalerakoak, lerrokaduren erregularizazioaren balizkoetan, kalearen eremua hobeto zehaztera bideratutako itxiturako hormaren kokagunean zuzenketa txikiak egitea bezala ulertuta, eta ez kalearen sekzioan aldaketa garrantzitsuak egitea bezala.

2.– Eraikin horietan baimendutako esku-hartzeak Ondare Hiritartu eta Eraikia Birgaitzeko jarduera babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan jasotakoak izango dira Ordezkatzea deitutako eraikuntzako esku hartzerako.

3.– Eraikina ordezkatze-lanak egiterakoan kontserbatu egin beharko dira Babes Erregimen honetan jaso eta babes partziala aitortzen zaien eraikuntza-osagaiak, oraindik geratzen diren harresiaren hormatalak zein lurzoruan dauden bere arrastoak.

4.– Planeamendu hori onartzen ez den artean, berritze edo ordezkatze esku hartzeetarako Babes Erregimen honetako 9. artikuluan zehaztutakoa aplikatuko da.

5.– Eraikin berriek, jadanik badirenekin batera, herrigunearen ezaugarri morfologiko tradizionalekin bat datozen etxadiak eratu beharko dituzte. Higiezinek bete beharreko baldintzak hirigintzako planeamenduak finkatutako irizpideetara egokituko dira. Aipatu planeamenduak honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu, lur zati bakoitzerako modu bereizian:

– Lur zatiaren definizio bolumetriko osoa, eraikitako multzo ezberdinak baleude berorien erabilerak eta berorien arteko harremanak zehaztuz.

–Sakonera eraikia.

–Teilategalen eta goihabeen altuerak.

–Estalkiko planotik irteten diren bolumenek bete beharreko baldintzak.

–Beheko oinaren altuera.

–Kanpoaldeko aurretiko bistaren konposaketa eskemak, jadanik badiren osagaiekin egin beharrekoa adieraziz, baleude.

–Fatxadan erabil litezkeen osagaien tamainaren gaineko ezaugarriak.

– Akaberako materialak eta jadanik badiren osagaien tratamendua, baleude.

–Etxebizitza motaren ebazpen-eskema lur zati bakoitzean.

31. artikulua.– Babestutako osagaiak.

Multzo Monumental gisa mugatutako esparruan, babes morfologikoaren maila honetan dokumentu honetan barne hartutako 4. Zerrendako higiezinak eta osagaiak jasotzen dira.

8. ATALA
DISKORDANTZIA

32. artikulua.– Diskordantzia.

Babes erregimen honen ondorioetarako, diskordantetzat hartzen dira inguruko eraikinetara egokitzeko legezko betekizuna konplitzen ez dituzten higiezinak nahiz, beren ezaugarri bolumetriko, eraikuntzako, formal edo kokapenekoak direla eta, Erregimen honen helburu den Herrigune Historikoa birgaitzeko planeamendu orokorra larriki eragozten duten haiek.

33. artikulua.– Higiezin eta osagai hiritar diskordanteen preskripzioak.

1.– Honako egoera hauetako bat edo batzuk erakarri dituzten jarduerak eragozpen larritzat hartuko dira:

a) Herrigunea birgaitzeko egoki den eremu libreen eskema ezartzea eragozten duten bolumenak egotea.

b) Ikuspegi historiko edo arkitektonikotik balio berezirik ez dutelarik, karkaben bitartez aldameneko higiezinen argiztapena eta aireztapena kaltetzen dituzten bolumenak egotea.

c) Fatxadako akaberetan Herrigune Historikoan nagusi direnekikoez bestelakoak diren materialak eta osagaiak erabiltzea.

d) Eraikinean eranskin degradatzaile gehiegi egotea, aldaketa horiek gauzatu direneko eraikuntzako unitatea ezagutezina egiterainoko proportzioan.

e) Aldamenekoen ezaugarriekin bat ez datozen bolumenak ezartzea, bai altuera gehiegi dutelako bai etxadien barne edo kanpoko lerrokaduretan aldaketak egin direlako.

f) Multzo monumentalean barne hartutako gainerakoekin bat ez datozen eta kokaturik daudeneko ingurunera oinarrizko alderdietan egokitu ez diren eraikinak ezartzea.

2.– Eraikin hauetan baimendutako esku-hartzeak eraisketa edo ordezkatzea izango dira, Babes Erregimen honek garatzen duen hirigintzako planeamenduan zehaztutako baldintzetan.

3.– Berebat, higiezinen zainketari buruzko 6/1998 Lurzoru Legeko 19. artikuluaren ondoriozko esku-hartzeak nahiz Ondare Hiritartu eta Eraikia Birgaitzeko Jarduera Babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan zehazten diren Kontserbazio eta Apaindurako jarduerak baimenduko dira.

4.– Babes erregimen honek garatzen duen planeamendua onartzen ez den artean, Babes Erregimen honetako 9. artikuluan zehaztutakoa aplikatuko da.

34. artikulua.– Osagai diskordanteak.

Multzo Monumentalean diskordantetzat hartutako higiezin eta osagai hiritarrak dokumentu honetan barne hartutako 5. Zerrendan jasotakoak izango dira.

9. ATALA
BALORAZIO PARTZIALAK

35. artikulua.– Xedea.

Eraikin baten zati edo alderdi jakin bat osatzen duten elementuei buruzko balorazioak egin ahal izango dira, beroriei babes maila bat emateko, zati direneko eraikinari ematen zaiona bazter utzita.

36. artikulua.– Mailak.

Osagaien balorazioa positiboa edo negatiboa den, beroriek Babes partzialeko edo Diskordantzia Partzialeko mailan sartuko dira.

37. artikulua.– Babes Partziala.

Higiezin bateko osagai jakin batzuen gainean ezarritako Babes Partzialak berorien tratamendu eta osatzea dakartza, Babes Erregimen honetako 24.4 artikuluan eraikinentzat finkatutako baldintzetan.

38. artikulua.– Diskordantzia Partziala.

Babes erregimenari dagokionean Diskordantzia Partziala sortzen dutela ulertuko da oro har Herrigune Historikoan nabarmentzen diren eraikinen kanpoko akaberekin erabateko kontrastea sortzen duten eraikin akaberak edo euren babes erregimenaren arabera oro har hartuta euren balorazio propioa duten eraikinetan osagai desegokiak dituztenak; osagai horietakoak lirateke, adibidez, hegalkin-terraza, hegalkin gorputz trinkoak, tamaina desegokiko balkoiak, gehiegizko jasodurak, e.a.

Edonolako babes mailan barne hartutako eraikinetako osagai partzialki diskordanteen gaineko esku-hartzeak aipatu osagaiak ezabatzera bideraturik egongo dira, eta eraikinak zaintzeko betekizunari buruzko 6/1998 Lurzoru Legeko 19. artikuluaren ondoriozko esku-hartzeak baino ez dira baimenduko.

39. artikulua.– Babes edo diskordantzia partzialeko osagaiak.

Multzo Monumental gisa mugatutako esparruan, Babes Partzialeko mailan dokumentu honetan barne hartutako 6. zerrendako osagaiak sartuko dira.

Diskordantzia Partzialeko mailan honako dokumentu honetako 7. zerrendako osagaiak sartuko dira eta nahiz eta jasota egon ez 38. artikuluan ezarritakoaren moduan antzerako egoera erakusten dutenak. Zerrenda horietan herrigune historikoan diren egoerarik azpimarragarrienak jasotzen dira. Hirigintzako Planeamenduak balorazio partziala eman dakiokeen egoera ororen zerrenda xehekatua egin beharko du, eta egoera horiek Babes Erregimenaren arabera ebatziak izan daitezen ordenantzak prestatu beharko ditu.

IV. KAPITULUA
BABESIK EZA

40. artikulua.– Xedea.

Babesik gabeko osagaiak babesteko moduko balio arkitektoniko, historiko edo artistikorik ez duten haiek izango dira.

41 artikulua.– Babesik gabeko osagai eta higiezinen preskripzioak.

1.– Eraikin hauetan baimendutako esku-hartzeak orotarikoak izango dira, ordezkatzea barne, Babes Erregimen honek garatzen duen hirigintzako planeamenduan zehazten den baldintzetan.

2.– Planeamendu hori onartzen ez den artean, Babes Erregimen honetako 9. artikuluan berritze edo ordezkatze esku-hartzeetarako zehaztutakoa aplikatuko da.

42. artikulua.– Babesik gabeko osagaiak.

Multzo Monumental gisa mugatutako esparruan, babesik gabekotzat hartutako higiezin eta osagai hiritarrak dokumentu honetan barne hartutako zerrendetan ageri ez direnak izango dira.

V. KAPITULUA
ZERRENDAK

1. zerrenda: Babes berezia.

– Harresiak.

–Hiribilduaren ipar eta hegoaldeko ateak.

–Sortze Garbiaren Eliza.

2. zerrenda: Babes ertaina.

– Oñatiko Kondearen Jauregia, plaza Nagusian.

– Nagusia kalea, 8.

3. zerrenda: Oinarrizko babesa.

– Nagusia kalea, 17.

– Nagusia kalea, 4. Jauregia.

– Hospital kalea,11 eta 17.

– Elizaren plaza. Aterpedun etxea.

– Zabala kalea, 12 eta 16.

– Baja kalea, 8 eta 14. Aterpedun etxeak.

– Baja kalea, 10-12. Aterpeak.

– Behe solairuan, harlanduzko hormoina duen etxea, Jauregia-Nagusia plazan, z/g.

– Ekialdeko plazako aterpedun etxeak.

– El Caño kalea, 7. Harresiaz kanpoko eraikina.

4. zerrenda: Babes morfologikoa.

– Baja kalea, 1, 2, 3,5 eta 9.

– Kale Nagusia, 1, 2, 3, 6, 7, 9 eta 15.

– Hospital kalea, 13, 15 eta azkeneko hiru zenbaki bikoitiak.

– Zabala kalea, 2, 4, eta 10.

– Laurel kalean, mendebaldeko harresiaren gain eraikitako etxeak.

5. zerrenda: Bat ez etortzea.

– Kale Nagusia, 13 eta 14.

– Laurel kalea z/g. Mendebaldeko harresira itsatsita dagoen behe solairuko eraikina.

– Hospital kalea, 13.

6. zerrenda: Babes partziala.

– El Caño kalea, 11: fatxada.

– Laurel kalea, 6: fatxada.

– Laurel kalea z/g: mendebaldeko harresiaren gainean dagoen, harlanduz egindako fatxada.

– C/ Laurel s/n: elizaren atzealdeari itsatsitako harlangaitzez egindako fatxada.

– Zabala Kalea, 2: fatxada.

– Kale Nagusia, 18: behe solairuko fatxada.

– Kale Nagusia, 6: jauregiaren fatxada.

– Jauregia-Nagusia plaza z/g. Ekialdeko plazarekin izkina egiten duen eraikineko fatxada.

– Ekialdeko plaza, 2: behe solairuko fatxada.

– El Caño kalea, 5: behe solairuko fatxada.

7. zerrenda: Partzialki bat ez etortzea.

– Laurel kalea, 4: atzealdeko eranskina.

– El Caño kalea, 2: itsatsitako eraikina.

– Ekialdeko plaza, z/g, Baja kaleko 1aren ondoan: fatxadaren tratamendua.

– Ekialdeko plaza, 1: fatxadaren tratamendua.

– Kale Nagusia, 8: itsatsitako eraikinak.


Azterketa dokumentala