Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2003ko irailaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Kultura Saila
5010

AGINDUA, 2003ko abuztuaren 6koa, Kultura sailburuarena, euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen erregistroa arautzen duena.

HABEren lehendakariaren 1984ko ekainaren 14ko Ebazpenaren bidez (EHAA, 109. zenbakia) euskaltegien erregistroa sortzeari ekin zitzaion, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko eta euskaltegiak arautzekoa den azaroaren 25eko 29/1983 Legean agindutakoa jarraituz.

2003ko uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera arautzen du eta horien finantziazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik. Dekretu honek kontuan izan du, eta horrela jasotzen da bere azalpenean, helduen alfabetatze- eta euskalduntze-lana garatzeko egon litezkela euskaltegiez gain, helduen euskara-irakaskuntzan diharduten beste hainbat zentro ere. Hori dela eta, aipatutako 179/2003 Dekretuaren 8. artikuluak euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentroak definitzen ditu. Bestetik dekretuaren 11. artikuluak ezartzen duenez, Kultura sailburuaren aginduz euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen erregistroa arautuko da.

Hori dela eta

XEDATU DUT:

1. artikulua.

1.– Ebazpen honen helburua euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen erregistroa arautzea da.

2.– Euskaltegien erregistroa eta euskararen autoikaskuntzarako zentroena bat bakarra izango da, eta atal hauek izango ditu:

Zuzenbide publikopeko erakunde edo korporazioen baitako euskaltegi publikoena.

Euskaltegi pribatu homologatuena.

Euskaltegi pribatu libreena.

Euskararen autoikaskuntzarako zentroena.

2. artikulua.

1.– Euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen erregistroa liburu bakar batean gauzatuko da, eta horren orrialde bakoitzean banan-banako datu identifikagarriak jarriko dira, bakoitzari dagokion sailkapena aurreko artikuluan aurreikusitako modalitate desberdinetan, araudiaren arabera aurreikusitako baldintzak betetzen ditueneko datu egiaztagarriak, baita horien inguruan euskaltegiaren edo euskararen autoikaskuntzarako zentroaren bilakaeraren baitan gerta daitezkeen ondorengo aldaketa guztiak ere.

2.– Erregistroan dauden euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen datuak, publikoak izango dira, baina horietarako sarbidea eta eskuragarritasuna legeak ezarritakoaren arabera mugatuta geratzen dira.

3. artikulua.

1.– Edozein alta edo baja-inskripzio, baita euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen erregistroan inskribatutako sailkapeneko edozein aldaketa ere, HABEren Zuzendaritza Batzordearen lehendakariaren ebazpenez egingo da, horri dagokion espedientea bideratu ondoren.

2.– Euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen erregistroan sartutako gainontzeko oharrak, HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenaz egingo dira, zehaztasun guztiak egiaztatu eta gero.

3.– Euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro baten alta inskripzioak interesatuak eskatuta egingo dira, baina bajak edo aldaketak egin daitezke bai interesatuak eskatuta bai ofizioz HABEren aldetik ere.

4.– Euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza zentroari buruzko edozein oharpen aldez aurretik era frogagarrian adieraziko zaio jabeari, legeak ezartzen duenaren arabera.

5.– Euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza zentroaren jabeak eskubidea du bere jabetzapeko zentroari buruz erregistroan dauden datuen ziurtagiria eskatzeko, zertarako nahi duen espresuki adieraziz.

4. artikulua.

Euskaltegiren baten edo euskararen autoikaskuntzarako zentroren baten alta inskripzioa egiteko eskaria dagokion zentroaren jabeak HABEren Zuzendaritza Batzordearen lehendakariari zuzenduko beharko dio, adieraziz:

a) Euskaltegiaren edo euskararen autoikaskuntzarako zentroaren izena eta helbidea.

b) Euskaltegiaren edo euskararen autoikaskuntzarako zentroaren erakunde titularraren izena, bere Estatutuen kopia bat erantsiz, eta bere izaera juridikoagatik beste erregistroetan egin behar luketen inskripzioaren ziurtagiriarekin.

c) Euskaltegiaren edo euskararen autoikaskuntzarako zentroaren gobernu-organoak, ordezkatzeko ahalmena duten pertsonen zerrenda, zehaztasun horien kopia frogagarria erantsita.

d) Euskaltegiaren edo euskararen autoikaskuntzarako zentroen aitorpenerako araudiak ezarritako baldintzak betetzen direneko dokumentazio frogagarria.

5. artikulua.

1.– Interesatuak aurkeztutako dokumentazioaren kalterik gabe, alta, baja edo aldaketa-inskripzioa egiteko, HABEk beste datu batzuk eska ditzake, behar bezala arrazoituz, eskatutako inskripzioa ahal den zuzenen egiteko.

2.– Datu horiei buruzko edozein aldaketa , aurreikusia edo bat-batekoa, berehala adierazi beharko zaio euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen erregistroari, behar den egokitzapena egin dadin, datu horiek gaurkotuak edukitzeko.

6. artikulua.

Erregistroaren datuak HABEk kontuan hartuak izango dira dagozkion funtzioak burutzeko, nahiz eta horien edozein zuzentasunik eza euskaltegiaren edo euskararen autoikaskuntzarako zentroaren jabeak komunikatu ez duelako gertatu, ez dion inoiz euskaltegiari edo euskararen autoikaskuntzarako zentroari inolako onurarik edo abantailarik emango, zuzentasun eza hori eragin duen aldaketa HABEri adierazi ez diolako.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu honek 1984ko ekainaren 14ko Ebazpena indargabetzen du, baita oraingo ebazpenaren aurka legokeen maila berdineko edo apalagoko beste edozein xedapen ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Baimena ematen zaio HABEren zuzendari nagusiari agindu honetan ezarritakoa garatzeko eta aplikatzeko.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko abuztuaren 6a.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala