Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2005eko apirilaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1995

AGINDUA, 2005eko martxoaren 15ekoa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, Elkartzen programa arautzen duena. Elkartzen programaren bidez laguntzak ematen zaizkie irabazi-asmorik gabeko erakundeei, kanpo sustapeneko jarduerak egin ditzaten.

Jakina denez, irabazi-asmorik gabeko hainbat erakundek lan egiten dute Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak nazioartean ere zabal daitezen. Horren haritik, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak finkatutako laguntzen esparruan, beharrezko da jarduera horiek babesteko eta sustatzeko hasitako ekimenari eustea.

Esandakoari lotuta, agindu honen bitartez lortu nahi diren helburuak hauek dira: Euskadin kokatutako enpresek kanpo-merkatuetan garatzen dituzten produktu eta zerbitzuen merkatu-kuota handitzea, aipatutako merkatuetan euskal produktu eta zerbitzuen agerpena sendotzea, eta euskal produktu eta zerbitzuak sustatzeko eta beren irudia hobetzeko ekimenak bultzatzea.

Jarduera horiek irabazi-asmorik gabeko erakundeek egindakoak izan beharko dute, eta kanpoko merkatuak hobeto ezagutzearen beharra eta kanpo-merkatuetan eragin-maila handitzearen beharra ulertarazten lagundu beharko dute.

Laguntza hauek finantzatzeko orduan, Europako Funtsen Programa Eragilea ere izan da laguntzaile (FEDER 2. Helburua, Euskal Autonomia Erkidegoa 2000-2006).

Agindu honek arautzen duen laguntza-programak ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuan xedatutakoa garatzen du. Izan ere, dekretu horrek ekonomia sustatzeko laguntzak ezartzen ditu, eta lehenengo xedapen gehigarrian ahalmena eman dio Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari hura garatu eta betearazteko behar diren xedapenak emateko.

Hori dela eta, hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

1.– Elkartzen programa arautzea da agindu honen xedea. Programa horren bidez, Eusko Jaurlaritzak, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren bitartez, laguntzak ematen dizkie irabazi-asmorik gabeko erakundeei, kanpo-sustapeneko jarduerak egin ditzaten Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak nazioartean ezagutzera emateko.

2.– Laguntzen programa honen bidez emango diren diru-laguntzak ez dira itzuli beharko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak arautzeko indarrean dagoen araudiaren menpe egongo dira.

3.– Eskatutako laguntza guztiak aldi berean esleituko dira, ekitaldi berean, lehiaketaren teknika erabili gabe; izan ere, programa honen helburua da diru-laguntzak ematea agindu honetan onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen dituzten guztiei, baldin eta eskabideak legez jarritako epean eta moduan egin badituzte. Horren haritik, gerta daiteke deialdi jakin batean laguntza hori finantzatzeko jarritako aurrekontua nahikoa ez izatea egindako eskabideei erantzuteko, agindu honen 13. artikuluko 1. idatz-zatian eta 5. artikuluan ezarritako kopuru eta ehunekoen arabera; holakorik gertatuz gero, hainbanatu egingo da laguntza, 5. artikuluaren 2. idatz-zatian adierazitakoarekin bat etorriz.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Aurreko artikuluaren helburua betetzeko bideratzen diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako jarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko dira. Aurrekontu-ekitaldi batean ematen diren laguntzen guztirakoak ezingo du gainditu aipatutako diru-izendapena edo indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuaren aldaketarik onartzen bada, esleipenaren eguneratzetik sortzen dena.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Elkarte sektorialak onuraduntzat joko dira.

2.– Agindu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, elkarte sektorialtzat jotzeko, betekizun hauek konplitu beharko dituzte erakundeek:

a) Irabazi-asmorik gabeko erakundeak izan beharko dute.

b) Dagokion elkarte-erregistroan inskribatuta egon beharko dute.

c) Euskal enpresen ehunekoak %5ekoa izan beharko du, gutxienez.

d) Sektore edo jarduera bereko enpresak edo zerbitzu-erakundeak bildu beharko dituzte.

e) Sektorea ordezkatu beharko dute. Sektore bereko elkarte bi edo gehiago dauden kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoan enpresa gehien kokatuta dituen elkartea hartuko da kontuan.

f) Helburu nagusia edo lehentasunezko helburuetako bat izango da elkartutako enpresak nazioartean zabaltzea eta ezagutzera ematea.

3.– Diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa edo zehapen prozedura oro, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasi bada eta artean izapidetzen ari bada.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak hauek dira: Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak nazioartean ezagutzera ematen eta kanpo-lehiakortasuna hobetzen laguntzen duten jarduerak, onuradunek egindakoak nahiz antolatutakoak.

2.– Agindu honetako elkarte onuradunek jarduera hauek egiteko eta sustatzeko erabil ditzakete deialdi honetan arautzen diren laguntzak:

a) Zuzeneko merkataritza-eginkizunak:

Kanpoko merkatu edo herrialdeetara egindako bidaia komertzialak edo merkatua aztertzeko bidaiak, elkarte sektorial batek antolatutakoak; aipatutako elkarte horrek berak hartu behar du parte bidaia horietan eta/edo, bestela, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden elkarteko enpresek; betiere, herrialde horietako merkataritza-sarean sartzea izango da helburu nagusia.

b) Alderantzizko merkataritza-eginkizunak:

Elkarte sektorial batek antolatuta, atzerriko bezeroak izan daitezkeen erakundeentzat antolatzen dituzten bidaia komertzialak, aipatutako elkarte hori bisitatzeko eta/edo, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta daudela, elkarte horretako enpresa batzuk bisitatzeko.

c) Kanpoko feriak:

Produktuak atzerrian ezagutarazi eta sustatzeko, atzerrian egindako erakusketetan stand-a jarrita parte hartzea elkarte sektorialak berak eta/edo, elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen enpresa batzuek; betiere, parte hartze horrek bakoitzari dagokion sektoreko elkarte batek antolatutakoa izan behar du.

d) Sustapen- eta hedapen-elementuak:

Elkarteko enpresak eta horiek egiten dituzten produktuak sustatzeko, elkarte sektorialak erabiltzen duen edozein elementu, euskarria edozein dela ere (inprimaketa, elektronikoa…ea). Atzerriko hizkuntza bat erabili beharko da, gutxienez.

e) Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren ustez euskal enpresak kanpoaldean sustatzeko balio duen beste edozein jarduera.

3.– Diruz lagunduko diren jarduerak eskaera aurkeztu eta hurrengo ekitaldiaren urtarrilaren 1a baino lehenago amaitu beharko dira.

4.– Jarduerek edo proiektuek Jarduteko Plan Orokor baten zati izan behar dute. Agindu honen ondorioetarako, jarduteko plan orokortzat joko da helburu bera duen jarduera-multzoa, bai merkatu batek zehaztutakoa eta/edo ekoizpen-sektoreek edo zerbitzuen sektoreek zehaztutakoa.

II. KAPITULUA
LAGUNTZEN EZAUGARRIAK

5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak.

1.– Jarduera-mota zein den kontuan hartuta, gastu hauetarako emango da laguntza, laguntza-ehuneko hauek erabilita:

a) Zuzeneko merkataritza-eginkizunak:

Bisitatuko den herrialdearen kasurako finkatutako bidaia-poltsen %50, gehienez ere (ikusi eranskina).

b) Alderantzizko merkataritza-eginkizunak:

Gonbidatutako pertsonen joan-etorriak, egonaldiak eta mantenuak sortutako gastuen %100 gehienez ere; gonbidatutako pertsona bakoitzeko laguntza modura jaso litekeen muga, gehienez ere, jatorriko herrialderako finkatutako bidaia-poltsaren zenbatekoa izango da (ikusi eranskina). Halaber, gehienez ere %100eko laguntza jaso daiteke Nazioartekotze Zuzendaritzaren iritziz merkataritza-jarduera hori behar bezala burutzeko beharrezko diren bestelako gastuengatik (barruko joan-etorriak, bazkari ofizialak, etab.).

c) Kanpoaldeko feriak:

Bisitatuko den herrialderako finkatutako bidaia-poltsen %50 gehienez ere (ikusi eranskina) eta stand, dekorazio eta antzeko gastuen %50, gehienez ere.

d) Sustapen- eta hedapen-elementuak:

Proiektu bakoitzaren zenbatekoaren %50, gehienez ere.

e) Merkataritza sustatzeko beste jarduera batzuk:

Proiektu bakoitzaren zenbatekoaren %50, gehienez ere.

2.– Proiektu bakoitzeko emango den diru-laguntza 40.000 eurokoa izango da, gehienez ere; eskatzaile bakoitzak aurkeztutako proiektu-multzoari gehienez emango zaiona, berriz, 150.000 eurokoa.

6. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatu batek xede bererako ematen dituen beste diru-laguntzekin. Horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da onuradunak jasotzen dituen laguntzen guztirakoak agindu honen 5. artikuluan ezarritako ehunekoen mugak ez gainditzea. Izan ere, gaindituz gero, ehuneko horietara iritsi arte murriztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa.

III. KAPITULUA
PROZEDURA

7. artikulua.– Prozeduraren hasiera.

Agindu honen bidez araututako laguntzak deialdi publiko batez iragarriko dira urtero, eta publizitate, lehia eta objektibotasunaren printzipioei jarraituz emango.

Deialdia Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordeak egingo du. Bertan, aurrekontu-dotazioaren zenbatekoa eta eskaerak aurkezteko epea eta lekua zehaztuko dira, bai eta, hala badagokio, 5.2 artikuluan eta honen eranskinean aurreikusitako zenbatekoen eguneratzea ere, Kontsumoko Prezioen Indizearen araberakoa.

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen eskabideak Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Nazioartekotze Zuzendaritzari egin behar zaizkio; aurkeztu, berriz, sail horretan bertan edo lurralde historiko bakoitzari dagokion Industria, Merkataritza eta Turismo lurralde-bulegoan, edo, bestela, urteko deialdia egiteko ebazpenean zehaztutako lekuetan.

2.– Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Legezko ordezkariaren NANaren kopia.

b) Legezko ordezkariaren ahalordetze-eskrituraren kopia.

c) Entitatea eratzeko eskrituraren kopia.

d) Entitatearen estatutuen kopia eta ondoren egindako aldaketena.

e) Entitatearen erregistro-inskripzioko datuen kopia.

f) Hala badagokio, entitatearen araudi juridikoa eta barne-araudia arautzen eta zehazten dituen xedapen arau-emailea.

g) Entitatearen identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.

h) Elkartearen katalogo eguneratua, katalogorik edukiz gero.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen onuradunek zerga-obligazioak betetzen dituztela egiaztatzeari buruz, Ogasun eta Finantza sailburuak 1991ko urriaren 7an emandako Aginduan —edo horren ordez, indarrean jartzen den araudian— adierazten diren egoerak gertatzen direnean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ziurtagiri bat eskatuko die zuzenean zerga-arloan eskudun diren organoei, diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak beteta dituztela egiaztatu dezaten; hori egiteko, ordea, horretarako baimena ematen duela adierazi beharko du interesatuak. Dena den, interesatuak berariaz eman beharreko baimen hori espedientean jasota ez badago, eskatzaileak berak ekarri beharko du ziurtagiria.

Aurreko bi urteetan programa honetarako eskaerarik aurkeztu bada eta ordutik hona aldaketarik egin ez bada, ez da berriro aurkeztu beharrik izango a, b, c, d, e, f, g eta h puntuetan eskatzen den dokumentazioa.

3.– Aurreko idatz-zatietan eskatutako agiri bereziaz gain, honako hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera egin aurreko ekitaldian erakundeak burututako jardueren memoria.

b) Erakundeak eskaera egin duen urterako duen sarrera eta irteeren aurrekontua.

c) Erakundeak eskaera egin duen urterako duen jarduteko plan orokorra.

d) Beste instituzio batzuei xede berarekin diru-laguntzak eskatu bazaizkie, laguntza horiek eskatzeko agiriaren kopia. Diru-laguntza horiek emanda badaude, berriz, diru-laguntza horien ebazpenaren kopia.

4.– Dena den, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak informazio eta agiri osagarri gehiago ere eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari, aurkeztu zaizkion eskaerak ebazteko beharrezko irizten badio.

9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Nazioartekotze Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Eskaerak behar bezala bete ez badira edo eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ez bada, Nazioartekotze Zuzendaritzak interesatuari 10 egun balioduneko epea emango dio akatsak zuzentzeko eta falta den dokumentazioa aurkezteko; halaber, eskatzaileari jakinaraziko dio, gauzak horrela egiten ez baditu, eskabidea bertan behera utzi duela esan nahiko duela (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 71.1 artikulua).

11. artikulua.– Eskabideetan jasotako jarduerak berrestea edo aldatzea.

Nazioartekotze Zuzendaritzak interesatuari 10 egun balioduneko epea emango dio eskabidean aurkeztutako proiektua berrets dezan; hori eskabideak aurkezteko epea bukatu, eta, hala dagokionean, 10. artikuluan aipatutako izapidea gauzatutakoan izango da, eskabideak aztertzen eta ebaluatzen ari direla, eta, betiere, 14.1 artikuluan esandako ebazpen-proposamena eman aurretik, alegia, gehienez ere lau hilabeteko epean, urteko deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Emandako epe horretan, aurkeztutako jardueretan aldaketak egin nahi dituztela jakinarazi dezakete interesatuek, edo jarduera horien ordez antzeko beste batzuk egin nahi dituztela. Hori egiteko, ordea, aldaketek edo ordezkapenek erabat justifikatuta egon beharko dute, diruz laguntzeko baldintzak bete beharko dituzte eta eskabidean hasieran aurkeztutako aurrekontu osoa ez dute gaindituko.

Aipatutako epe horretan interesatuek jakinarazpenik egiten ez badute, eskabidea hasierako moduan eta bere horretan geratzea berretsi dela esan nahiko du.

12. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio batzorde bat eratuko da. Hona kideak:

Lehendakaria: Nazioartekotze zuzendaria.

Batzordekideak: zuzendaritza horretako teknikari bi, Nazioartekotze zuzendariak izendatuta.

Idazkaria: aipatutako zuzendaritzako teknikari bat, Nazioartekotze zuzendariak izendatua; iritzia eman ahalko du, baina botorik ez.

2.– Aipatutako epaimahaiak, diru-laguntzak esleitzeko irizpideen arabera, hartzen duen erabakiaren proposamena bidaliko dio Nazioartekotze zuzendariari.

13. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko eta zenbatekoak zehazteko irizpideak.

1.– Behin 11. artikuluan adierazitako fasea bukatzen denean, diruz laguntzekoa den jarduera bakoitzari aplikatu beharreko ehunekoa zein den zehaztuko da. Laguntza-ehuneko horiek finkatzerakoan, jarraian aipatzen diren irizpideak hartuko dira kontuan, denak neurri berean:

a) Garatu beharreko jarduerak zenbat enpresatan izango duen eragina.

b) Jarduerak zenbateraino laguntzen duen programaren bidez lortu nahi diren helburuak iristen.

c) Jarduera zein merkatu-motatan edo zein merkaturi begira garatzen den, betiere kontuan hartuta jarduera-mota eta sektorea.

2.– Gerta daiteke deialdia finantzatzeko erabilgarri dauden diru-baliabideen kopurua nahikoa ez izatea lagungarri diren jarduera onartuei erantzuteko, artikulu honen 1. idatz-zatian ezarritakoaren arabera izendatutako ehunekoaren arabera. Horrelakorik gertatuz gero, murriztu egingo dira diruz onartutako jardueren laguntza-ehuneko guztiak: denak neurri berean murriztuko dira, eta guztira emango den laguntza eta programari izendatutako aurrekontua bat etorri arte.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Nazioartekotze zuzendariak hartuko du Balorazio Batzordeak aurkeztutako proposamena aztertu ondoren. Horretarako gehienez sei hilabeteko epea egongo da, urteko deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Aipatutako ebazpena bana-banan jakinaraziko zaie interesatuei prozedura ebazteko finkatutako epearen barruan.

2.– Aurreko puntuan adierazitako jakinarazpenaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da ebazpena, guztiek laguntza horien berri izan dezaten.

3.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortuko. Beraz, ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordeari, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean.

4.– Artikulu honen 1. idatz-zatian ezarritako epea igarota, interesatuei prozedura-ebazpenaren berri ematen ez bazaie, eskaerak ezetsi egin direla esan nahiko du, azaroaren 26ko 30/92 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Dena den, eskatutako laguntzari buruz ebazpen adierazia eman beharra dauka organo eskumendunak.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Nazioartekotze zuzendariak hartuko ditu laguntzak ordaintzeko ebazpenak. Laguntzak formula honi jarraiki ordainduko dira:

– Onartutako diru-laguntzaren %50 laguntzen ebazpena hartu ondoren ordainduko da, baldin eta laguntzari uko egin ez bazaio. Aipatutako zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako bermeen araubidearen arabera bermatuko da (dekretu horrek ezarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra; halaber, horiek kudeatzen parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak finkatu zituen).

– Gainontzeko %50 onartutako jarduerak garatu direla agirien bidez frogatu ondoren ordainduko da.

2.– Hala ere, salbuespen modura, gainontzeko %50 lehenago ordaintzeko eska diezaioke onuradunak Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari; eskaera onartuz gero, dagokion banku-abalaren bitartez ziurtatu beharko da.

3.– Justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ordainagirien koadroa, finkatutako ereduaren arabera.

b) Ordainagirien fotokopiak edo egindako gastua justifikatzen duten bestelako agiriak. Zuzeneko merkataritza-eginkizunetan eta kanpoko ferietan egindako bidaiak justifikatzerakoan, bidaia-poltsak aplikatu ahal izateko, hegazkinetako bidaia-txartelak eta/edo hoteleko ordainagiriak aurkeztu beharko dira, egiaztagiri modura.

c) Egindako jardueren memoria; jardueren bitartez bete nahi ziren helburuak zenbateraino bete diren adierazi beharko da.

d) Ordainketa izapidetzen ari dela, Ogasun eta Finantza sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen onuradunek zerga-betebeharrak beteta dituztela egiaztatzeari buruz 1991ko urriaren 7an emandako Aginduan ezarritako egoeraren bat gertatuz gero, agindu honen 8. artikuluko 2.i idatz-zatian ezarritako moduan egiaztatu beharko da aipatutako hori.

4.– Nazioartekotze Zuzendaritzak aurkeztu diren justifikazio-agiriak nahikoak ez direla edo horietan zerbait falta dela ikusten badu, eskatzaileari horren berri emango dio eta hamar egun balioduneko epea emango, falta den dokumentazioa aurkezteko. Epe horretan eskatzaileak eskatu zaizkion agiriak aurkeztu ez baditu, ordura arte aurkeztu den justifikazio-dokumentazioaren arabera likidatuko dira laguntzak.

5.– Laguntzetarako eskabidea aurkeztu eta hurrengo ekitaldiko martxoaren 31n amaituko da justifikazio-agiriak aurkezteko epea.

16. artikulua.– Onuradunen betekizunak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betekizun hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Izan ere, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jaso eta hamabost eguneko epean, entitate onuradunek, beren-beregi eta idatziz, laguntzari uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu dutela esan nahiko du.

b) Diru-laguntza eskabidean adierazitako jarduerak garatzeko erabiltzea, eta ez beste ezertarako. Hala ere, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak onartu ahal izango ditu jarduera horiek burutzerakoan egindako aldaketak —halakorik balego—, bai eta onartutako jardueren ordez antzeko beste batzuk egitea ere, baldin eta aipatu aldaketak edo ordezkapenak erabat justifikatzen badira eta Nazioartekotze Zuzendaritzak berariaz horretarako baimena ematen badu; dena den, laguntzen eskaera egin eta hurrengo ekitaldiko urtarrilaren 1a baino lehenago egin beharko da hori.

c) Diru-laguntza jaso duten jardueretan Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak parte hartzen duela nabarmendu behar da; horretarako, ikur-identifikazioko elementu ofizialak erabili beharko dira, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuaren arabera (318/1999 Dekretua, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua onartzekoa).

d) Emandako diru-laguntzen inguruan Nazioartekotze Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiten lagundu beharko dute, eta eskatzen dien informazio osagarri guztia eman beharko diote.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak —diru-laguntzen inguruko egitekoak dituztenez— eskatzen dien beste agiri eman beharko diete.

f) Agindu honetan finkatutako arauak bete beharko dituzte.

g) Jasotako funts publikoen erabilera justifikatzeko araudian zehaztutako arauak bete beharko dituzte.

h) Beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatuetatik, helburu berbera edo antzeko bat burutzeko, diru-laguntzak edo laguntzak, sarrerak edo errekurtsoak eskatu badira edo jaso, horren berri eman beharko diote Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Jarduerak burutzeko orduan aldaketarik eginez gero, azken ordainketa aldatu egingo da dagokion heinean, benetan egindakoari eta Sailak aurrez onartutakoari egokitu arte.

Desbideraketa %25etik gorakoa bada, galdu egingo da diru-laguntza jasotzeko eskubidea, ez-betetzearen espedientea izapidetuta. Diru-laguntza emateko arrazoi izan ziren helburu guztiak bete direla egiaztatzen denean, ordea, ez da eskubide hori galduko. Izan ere, horrelakorik gertatuz gero,diru-laguntzaren zenbatekoa aurreko paragrafoan jarritako moduan gutxituko da; halaber, interesatuari jakinaraziko zaio behar baino gehiago jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dituela jakinarazpenaren egunetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epean.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

Diru-laguntzaren onuradunak laguntza emateko ebazpenean, agindu honetan eta ezar daitezkeen gainontzeko arauetan finkatutako baldintzaren bat bete gabe uzten badu, organo eskumendunak artean jasotzeke dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdutzat joko du eta jasotako zenbatekoak eta legezko interesak ere Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko betebeharra ezarriko du ebazpen baten bidez; hori gorabehera, beste ekintza batzuk ere burutu ahal izango dira, behar izanez gero. Eta hori hala egingo da bi lege-testu hauek oinarri hartuta: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina —azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegileak onartua— eta, bestetik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezarri zuen; halaber, horiek kudeatzen parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak finkatu zituen).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Denbora-tarte honetan, baliteke izapidetze telematikoa egiteko prozeduraren bat garatzea eta horri dagokion araua argitaratzea, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45. artikuluan ezarritakoari jarraituz; hala gertatuz gero, agindu honetan araututako laguntzak prozedura horren arabera izapidetu ahal izango dira (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu honen xedapen indargabetzailean agindutakoa gorabehera, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 19ko Aginduaren babesean emandako laguntzek agindu horretan ezarritakoa izango dute araubide, bai eta laguntzak emateko urteko deialdiaren ebazpenean ezarritakoa ere. Agindu horren bidez, bestalde, Elkartzen programa arautu zen, irabazi-asmorik gabeko erakundeei laguntzak ematekoa kanpo sustapeneko jarduerak egin ditzaten.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean sartzen den unean, indargabetuta geratuko da Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 19ko Agindua, Elkartzen programa arautu zuena (2003ko maiatzaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 104. zk.). Programa horren bidez laguntzak ematen zaizkie irabazi-asmorik gabeko erakundeei kanpo sustapeneko ekintzak egin ditzaten.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko martxoaren 15a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.

ERANSKINA / ANEXO
BIDAIA-POLTSAK / BOLSAS DE VIAJE

Kodea Herrialdea Zenbatekoa (euro)

Código País Importe (euros)

70 Albania 1.450

4 Alemania 1.094

330 Angola 2.537

632 Saudi Arabia / Arabia Saudita 2.042

208 Argelia 930

528 Argentina 2.574

77 Armenia 2.079

800 Australia 2.574

38 Austria 1.220

78 Azerbaijan / Azerbaiyan 2.079

666 Bangladesh 2.358

17 Belgika / Bélgica 1.062

73 Bielorrusia 1.861

516 Bolivia 2.502

93 Bosnia-Herzegovina 1.156

391 Botswana 2.804

Kodea Herrialdea Zenbatekoa (euro)

Código País Importe (euros)

508 Brasil 2.358

703 Brunei 2.960

68 Bulgaria 1.420

302 Kamerun / Camerún 2.164

404 Kanada / Canadá 2.164

480 Kolonbia / Colombia 2.164

322 Kongoko Herri-Errepublika (lehengo Zaire)

Congo, Rep. Democrática (antiguo Zaire) 2.284

318 Kongo, Errepublika / Congo, República 2.358

728 Hego Korea / Corea del Sur 2.804

272 Boli Kosta / Costa de Marfil 1.934

436 Costa Rica 2.128

92 Kroazia / Croacia 1.156

448 Kuba / Cuba 1.934

244 Txad / Chad 2.006

512 Txile / Chile 2.804

720 Txina / China 2.804

600 Zipre / Chipre 1.420

8 Danimarka / Dinamarca 1.126

500 Ekuador / Ecuador 2.321

220 Egipto 1.388

428 El Salvador 2.164

647 Arabiar Emirerri Batuak / Emiratos Árabes Unidos 2.199

63 Eslovakia / Eslovaquia 1.156

91 Eslovenia 1.094

400 Estatu Batuak / Estados Unidos 1.898

53 Estonia 1.861

334 Etiopia / Etiopía 2.128

708 Filipinak / Filipinas 2.889

32 Finlandia 1.262

1 Frantzia / Francia 994

314 Gabon / Gabón 2.284

76 Georgia 2.079

276 Ghana 1.971

9 Grezia / Grecia 1.220

416 Guatemala 2.164

260 Ginea / Guinea 1.898

310 Ekuatore Ginea / Guinea Ecuatorial 2.042

257 Ginea-Bissau / Guinea-Bissau 1.753

3 Holanda 1.062

424 Honduras 2.236

64 Hungaria / Hungría 1.294

664 India 2.358

700 Indonesia 2.889

616 Iran / Irán 2.199

612 Irak / Iraq 1.898

7 Irlanda 1.094

24 Islandia 1.826

624 Israel 1.450

5 Italia 1.062

464 Jamaika / Jamaica 2.199

732 Japonia / Japón 2.804

628 Jordania 1.450

79 Kazajstán 2.358

346 Kenya / Kenia 2.164

83 Kirgizistan / Kirgistán 2.358

636 Kuwait 2.006

Kodea Herrialdea Zenbatekoa (euro)

Código País Importe (euros)

54 Letonia 1.861

604 Libano / Líbano 1.450

268 Liberia 1.934

216 Libia 1.450

55 Lituania 1.861

18 Luxenburgo / Luxemburgo 1.094

370 Madagaskar / Madagascar 2.889

701 Malasia 2.804

386 Malawi 2.889

232 Mali / Malí 1.789

204 Maroko / Marruecos 930

228 Mauritania 1.633

412 Mexiko / México 2.128

74 Moldavia 2.079

716 Mongolia 2.889

389 Namibia 2.502

672 Nepal 2.358

432 Nikaragua / Nicaragua 2.284

288 Nigeria 1.898

28 Noruega 1.188

804 Zeelanda Berria / Nueva Zelanda 2.574

649 Oman / Omán 2.321

662 Pakistan / Pakistán 2.128

442 Panama / Panamá 2.236

520 Paraguai / Paraguay 2.574

504 Peru / Perú 2.502

60 Polonia 1.220

10 Portugal 832

995 Puerto Rico (EE.BBen tutorepekoa / tutela EE.UU) 2.006

6 Erresuma Batua / Reino Unido 1.094

306 Afrika Erdiko Errepublika / Rep. Centroafricana 2.284

61 Txekiar Errepublika / Rep. Checa 1.262

456 Dominikar Errepublika / Rep. Dominicana 2.006

66 Errumania / Rumania 1.356

75 Errusia / Rusia 1.861

248 Senegal 1.450

706 Singapur 2.696

608 Siria 1.450

342 Somalia 2.502

669 Sri Lanka 2.358

388 Hegoafrika / Sudáfrica 2.199

30 Suedia / Suecia 1.188

39 Suitza / Suiza 1.062

680 Tailandia 2.659

736 Taiwán 2.889

212 Tunisia / Túnez 962

80 Turkmenistan / Turkmenistán 2.358

52 Turkia / Turquía 1.388

72 Ukraina / Ucrania 1.861

524 Uruguai / Uruguay 2.574

81 Uzbekistan / Uzbekistán 2.358

484 Venezuela 2.164

690 Vietnam 2.889

653 Yemen 2.164

94 Jugoslavia (Serbia eta Montenegro)

Yugoslavia (Servia y Montenegro) 1.188

378 Zambia 2.841

382 Zimbabwe 2.841


Azterketa dokumentala