Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2006ko urriaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
4993

AGINDUA, 2006ko urriaren 4koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat etxebizitzaren arloko ekintza positiboko neurriei buruzkoa.

Maiatzaren 23ko 107/2006 Dekretuaren bitartez, abenduaren 30eko 315/2002 Dekretua —babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa— aldatu zen laugarren aldiz eta horren ondorioz, genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumeek ez dute frogatu beharko erroldatzearen eta gutxieneko diru-sarreren baldintzak betetzen dituztela. Bestalde, abenduaren 30eko 315/2002 Dekretu horri, eta maiatzaren 23ko 107/2006 Dekretuaren lehenengo azken xedapenari esker, araudia garatzeko beharrezko xedapenak emateko gaitzen da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila.

Halaber, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2003ko apirilaren 22ko Aginduaren —"Etxebizitza Hutsaren Programaren" lagapen-baldintzei eta esleipen-prozedurari buruzkoa— 8. artikuluan xedatzen denez, arrazoirik egonez gero, etxebizitza-premia espezifikoak asetzeko erabiltzen diren etxebizitzak esleipen-prozeduratik kanpora geratu edo salbuetsi ahal izango dira, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez.

Agindu honen bitartez honako hauek arautuko dira: alde batetik, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen kolektiboaren alde ezartzen diren ekintza positiboko neurriak, aldi berean kolektibo hori ere definituta; eta bestetik, genero-indarkeriaren biktima dela egiaztatzeko nahiz ekintza positiboko neurriren bati atxikitzeko eska daitezkeen baldintzak eta jarraitu beharreko prozedura. Horrela, kolektibo horrek, oro har, izan duen ezohiko trataeran prozedura espezifiko bat txertatu da, honako hauen arabera:

Abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritako salbuespenen arabera; xedapen horri jarraiki, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak xedapenean zerrendatzen diren kolektibo jakin batzuk —besteak beste, genero-indarkeriaren biktimak— salbuetsi ditzake 15. artikuluan jasotako baldintzetako edozein bete behar izatetik.

Beste salbuespen-aukera honen arabera: etxebizitza-premia espezifikoak asetzeko, behar adina etxebizitza salbuetsi ahal izango dira "Etxebizitza Hutsaren Programari" atxikitako etxebizitzen esleipen-prozedura orokorretik.

Hona hemen antolatu diren ekintza positiboko neurri jakin batzuk:

Alokairu-erregimeneko esleipen-prozeduratan aurreikusitako erreserban sartzea adingabeko seme-alaben ardura duten guraso bakarreko unitateak eta/edo genero-indarkeriaren biktimak.

Etxebizitza Hutsaren Programako etxebizitzak zuzenean esleitzea errentamendu-erregimenean, "Etxebizitza Hutsaren Programaren" lagapen-baldintzei eta esleipen-prozedurari buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2003ko apirilaren 22ko Aginduan aurreikusitako esleipen-prozedura orokorretik salbuetsita.

Horren arabera, eta azaroaren 15eko 373/2005 Dekretuaren —Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena— 5. artikuluan eta abenduaren 30eko 315/2002 Dekretua —babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa— laugarren aldiz aldatzeko maiatzaren 23ko 107/2006 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraiki, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua honako hau da: genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat etxebizitzaren arloko ekintza positiboko neurriak ezartzea.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren —Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzkoa— 1. artikuluari jarraiki, Agindu honen aplikazio-eremuan sartzen dira indarkeriaren biktima diren emakumeak, betiere haien bikotekideek edo bikotekide izandakoek edo antzeko afektibitate-loturak izan dituztenek —elkarrekin zertan bizi gabe— gauzatu badute indarkeria emakume horiengan, diskriminazioaren, desoreka-egoeraren eta gizonek emakumeen gainean duten botere-harremanaren adierazpen gisa.

Aurreko paragrafoan aipatzen den indarkeriaren barruan hartzen dira indarkeria fisikoa eta psikikoa, sexu-askatasunaren aurkako erasoak, mehatxuak, gogorkeriak edo askatasun-kentzeak.

3. artikulua.– Genero-indarkeriaren biktima izatearen egiaztapena.

1.– Genero-indarkeriaren biktima izatea honela egiazta daiteke:

Genero-indarkeriarik izan dela egiaztatzen duen epai judizialaren bitartez.

Biktimaren alde emandako babes-aginduaren bitartez.

Interesdunak Agindu honetan aurreikusitako ekintza positiboko neurriak aplikatzeko eskaera egin aurreko segidako bi urtetan eman behar izan dira bai epaia, baita babes-agindua ere.

2.– Halaber, genero-indarkeriaren biktima izatea egiazta daiteke oinarrizko gizarte-zerbitzuen edo zerbitzu espezializatuen txostena aurkeztuz gero, genero-indarkeriaren gertakariak izan direla ziurtatuz. Interesdunak Agindu honetan aurreikusitako ekintza positiboko neurriak aplikatzeko eskaera egin aurreko segidako bi urtetan egina izan behar du txostenak, eta txostena egin duen erakundeak idatzitako banakako arreta-plana hartu behar du barnean, emakume horiei zuzendutako laguntzak zehaztuz.

4. artikulua.– Ekintza positiboko neurriak.

Honako hauek izan daitezke ekintza positiboko neurriak:

1.– Alokairu-erregimeneko esleipen-prozeduratan aurreikusitako erreserban sartzea adingabeko seme-alaben ardura duten guraso bakarreko unitateak eta/edo genero-indarkeriaren biktimak, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzko 2002ko ekainaren 14ko Aginduaren 4.1.c) artikuluan xedatzen denez.

2.– Etxebizitza Hutsaren Programako etxebizitzak zuzenean esleitzea errentamendu-erregimenean, "Etxebizitza Hutsaren Programaren" lagapen-baldintzei eta esleipen-prozedurari buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2003ko apirilaren 22ko Aginduan aurreikusitako esleipen-prozedura orokorretik salbuetsita.

5. artikulua.– Alokairu-erregimeneko sustapenetan, kupoaren barnean hartzea adingabeko seme-alaben ardura duten guraso bakarreko unitateak eta/edo genero-indarkeriaren biktimak.

1.– Ekintza positibo honek bi urteko iraunaldia izango du, honako data hauetatik kontatzen hasita:

a) Eskaera berrien kasuan: Etxebideren eskatzaile-erregistroan babes ofizialeko etxebizitzaren eskaerari alta ematen zaionetik.

b) Etxebideren eskatzaile-erregistroan dagoeneko alta emandako eskaeren kasuan: interesdunak genero-indarkeriaren biktimatzat hartzeko eskaera egiten duenetik.

2.– Oro har, eta bi urteko epea amaitutakoan, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2002ko ekainaren 14ko Aginduan ezarritakoari atxikiko zaio.

6. artikulua.– Etxebizitza Hutsaren Programari atxikitako etxebizitzak zuzenean esleitzea alokairu-erregimenean.

1.– Interesdunek Etxebideren etxebizitza-eskatzaileen erregistroan izena eman behar dute, Etxebizitza Hutsaren Programari atxikitako etxebizitza eskatuz.

2.– Ekintza positiboko neurri horretan aipatzen den zuzeneko esleipen-eskaera interesduna bizi den udalerriko Alkatetzak edo arlo horretako ardura duen Zinegotzigoak sinatu behar du, edo dagokion Foru Aldundiak.

3.– Era berean, neurriaren onuradun izatea eskatzen duen emakume hori genero-indarkeriaren biktima izateagatik udalaren edo aldundiaren harrera-etxebizitzen erabiltzaile dela egiaztatu behar da eskaera horretan, eta etxebizitza horietan egoteko epea agortu ostean, etxebizitza bat bilatzen aritu dela epe jakin batez, baina ez duela lortu.

4.– Zuzeneko esleipen-eskaerarekin batera, arreta emateko gizarte-zerbitzuen txosten tekniko bat ere aurkeztu behar da, eskatzailearen egoera eta familia-egoera adierazita, adostutako esku-hartze soziala zehaztuta, eta haren etxebizitza-egoera aipatuta.

5.– Zuzeneko esleipena Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduaren bitartez egingo da, "Etxebizitza Hutsaren Programaren" lagapen-baldintzei eta esleipen-prozedurari buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2003ko apirilaren 22ko Aginduaren 8. artikuluari jarraiki.

7. artikulua.– Neurri horietakoren baten onuradun izateko bete beharreko baldintzak.

1.– Eskatzaileak Etxebideren etxebizitza-eskatzaileen erregistroan alta emanda egon behar du, eta Agindu honetan xedatzen diren baldintzen arabera, genero-indarkeriaren biktima dela egiaztatu beharko du. Eskatzaileak esanbidez eskatu behar du genero-indarkeriaren biktimatzat hartzea.

Alta hori interesdunak etxebizitza-eremuko ekintza positiboko neurrien onuradun izateko eskaera egin aurrekoa izan daiteke, edo artikulu honen 3. eta 4. idatz-zatietan aipatzen diren salbuespenak aplikatzeagatik lor daiteke.

2.– Aurreko idatz-zatian adierazitako esanbidezko eskaerarekin batera, ustezko erasotzailearekiko bizikidetza amaitu dela frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du interesdunak; horretarako, honako hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Ezkonduta egonez gero edo izatezko bikotea osatuz gero, banantze- edo dibortzio-epaia, edo Izatezko Bikoteen Erregistroko baja. Salbuespen gisa, dagokion Epaitegian banantze- edo dibortzio-eskaera egin dela frogatzea nahikoa izango da. Dagokion Lurralde Ordezkaritzak bizikidetza-ziurtagiria aurkezteko eska dezake, egoki iritzitako kasuetan.

b) Gainerako kasuetan, hau da, ezkontzarik edo izatezko bikoterik osatu ez duten interesdunen kasuetan, bizikidetza amaitu dela frogatzeko erroldatze-txartela aurkeztu beharko dute, ekintza positiboko neurriaren onuradun izateko eskaeraren datarekin, eta eskatzailearekin bizi diren edo erroldatuta dauden pertsonak zehaztuta. Halaber, dagokion Lurralde Ordezkaritzak bizikidetza-ziurtagiria aurkezteko eska dezake, egoki iritzitako kasuetan.

Interesdunak errentamendu-kontratua sinatzen badu, ustezko erasotzailearekiko bizikidetzarik izan gabe jarraitu beharko du kontratu hori amaitu bitarte. Bestela, errentamendu-kontratua eten daiteke.

3.– Etxebizitza-eskaerarekin batera, abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren —babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa— 15. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharra alde batera utzi gabe, eta dekretu hori laugarren aldiz aldatzen duen maiatzaren 23ko 107/2006 Dekretuan xedaturikoaren arabera, genero-indarkeriaren biktima direla frogatzen duten interesdunek ez dituzte, oro har, honako baldintza hauek bete beharko:

Eskaeran adierazitako edo ekintza positiboko neurriak irauten duen bitartean eskatutako udalerrietako edozeinetan erroldatuta egotea.

Gutxieneko diru-sarrerak.

Agindu honetan aipatzen diren etxebizitza-eskaerak aurkezteko epea honako hau izango da: etxebizitzak esleitzen hasteko Agindua EHAAn argitaratu baino egun bat lehenago arte.

4.– Oro har, etxebizitzarik ez izatearen baldintza betetzen dela frogatu beharko da. Dena den, etxebizitzaren premiaren inguruko egoerei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2002ko abenduaren 30eko Aginduaren barnean hartutako salbuespen-egoeraren batean egonez gero, eta interesduna titular den etxebizitza trukatzea edo Sailaren esku jartzea aurreikusia baldin badago, Agindu horren 3.6. artikuluan aurreikusitako moduan jardungo da, etxebizitza errentamendu-erregimenean esleitu edo eskuratu den kasuetarako.

Hala ere, dagokionean, abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren —Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzkoa— 64. artikuluan xedatutakoari jarraitu beharko zaio, eskatzailea jabekidea den etxebizitzaren erabilera trukatzeko epaileak baimena eman duen kasuetan.

Salbuespen gisa, eta babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriari jarraiki, etxebizitzarik ez izateko baldintza betetzetik salbuetsi daiteke, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen espediente guztiei —izapidetzen ari direnei— aplikatuko zaie Agindu honetan ezarritako araudia.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko urriaren 4a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala