Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2006ko azaroaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Garraio eta Herri Lan Saila
5509

EBAZPENA, 2006ko urriaren 10ekoa, Garraio zuzendariarena, salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko behar diren segurtasun-ikuskatzaileen lanbide-gaitasuna egiaztatzeko eta berritzeko Euskal Autonomia Erkidegoko azterketetarako deia egiten duena.

Urriaren 8ko 1566/1999 Errege Dekretuaren arabera, salgai arriskutsuen errepideko garraioa edo zama-lanak egiten dituzten enpresek, arlo horretako arriskuetatik babesteko segurtasun-ikuskatzaile bat edo gehiago izan beharra daukate.

Gainera, dekretu horrek segurtasun-ikuskatzaileek bete behar dituzten eskakizunak eta eginkizunak finkatu zituen, betiere Kontseiluaren ekainaren 3ko 96/35/EE Zuzentarauari jarraituz.

Helburu hori gauzatu ahal izateko, Sustapen Ministerioak salgai arriskutsuen errepideko eta trenbideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaileen lanbide-gaitasunari buruz 1999ko urriaren 21ean emandako Aginduak, horretarako azterketak autonomia-erkidego bakoitzeko organo eskudunak deitu beharko dituela aurreikusten du, eta deitu ere, gutxienez urtean behin.

Gainera, Sustapen Ministerioaren otsailaren 27ko 605/2004 Aginduaren bidez ezarri denez, segurtasun-ikuskatzaileen gaitasun-agiriak 5 urteko balio-aldia izango du, eta ziurtagiriaren azken balio-urtean kontrol-azterketa bat gaindituz gero, beste hainbeste urterako berrituko da; kontrol-azterketa hori agindu horren 2. artikuluan adierazitako lehenengo proba izango da, eta baldintzak ikuskatzaile berrientzako jarritako berberak izango dira.

Ondorioz, Sustapen Ministerioaren 1999ko urriaren 21eko Aginduaren 3. artikuluan eta otsailaren 27ko 605/2004 Aginduan ezarritakoaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren 9.1.h artikuluak Garraio Zuzendaritzari ematen dizkion ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaile titulua lortzeko edota titulua izanik datorren urtean iraungitzen zaienek titulu hori berritzeko azterketetarako deia egiten da.

DEIALDIAREN ONARRIAK:

Lehenengoa.– Azterketen esparrua.

Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaile titulua lortzeko edota titulua izanik datorren urtean iraungitzen zaienek titulu hori berritzeko azterketetarako deia egiten da. Azterketak izangaien lanbide-gaitasuna egiaztatzeko izango dira.

Errepideko garraioaren barruan, izangai berriek, nahi izanez gero, azterketa osoa edo aukeratutako espezialitateak soilik egin ahal izango dituzte. Hona hemen salgai motari jarraituz bereizitako espezialitate horiek:

– 1. salgai mota: materia edo objektu lehergarriak.

– 2. salgai mota: gasak.

– 7. salgai mota: erradioaktiboak.

– 3., 4.1, 4.2, 4.3, 5.1, 5.2, 6.1, 6.2, 8. eta 9. salgai motak: salgai arriskutsuen nazioarteko garraiorako Europako Akordioaren arabera, salgai mota bakoitzean jasotako materia solido eta likidoak.

– Nazio Batuen Erakundeak 1202 (gasolioa), 1203 (gasolina) eta 1223 (kerosenoa) zenbakiekin identifikaturiko likido sukoiak.

Titulua berritzeko aurkezten direnek, lehen egiaztatua zuten mota horretarako bakarrik egin ahalko dute azterketa.

Bigarrena.– Azterketak.

Izangai berrien azterketak osatuko dituzten probak, eta azterketen egitura eta kalifikatzeko modua, urriaren 8ko 1566/1999 Errege Dekretuan eta 1999ko urriaren 21eko Aginduan (urriaren 23ko BOE, 254. zk.) ezarritakora egokituko dira; eta titulua berritu behar dutenen azterketak, berriz, Sustapen Ministerioaren otsailaren 27ko 605/2004 Aginduak (martxoaren 9ko BOE, 59. zk.) 6. artikuluan ezarritakora.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Azterketak egiteko eskabidea Eusko Jaurlaritzako Garraio Zuzendaritzak horretarako jarri duen (www.ej-gv.net/consejeros) webgunearen bidez aurkeztu ahal izango da, edo Eusko Jaurlaritzaren administrazio-egoitzetako informazio orokorreko guneetan:

Araba: Samaniego, 2 - Vitoria-Gasteiz (945 01 68 65).

Bizkaia: Kale Nagusia, 85 - Bilbao (94 4031 808).

Gipuzkoa: Andia, 13 – Donostia-San Sebastián (943 02 33 52)

2.– Eskabidea aurkezteko hamar egun balioduneko epea utziko da, behin deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita.

3.– Eskabide-orria webgunearen bidez nahiz Eusko Jaurlaritzaren egoitzetako informazio orokorreko guneetan aurkeztutakoan, azterketa egiteko eskubidea ematen duen tasaren kitapena jasoko dute eskatzaileek. Espezialitate bakoitzeko 18,58 euroko tasa ordaindu beharko da (kontuan izandako arauak: abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 27.2.4.2.1 artikulua eta Estatuaren eta toki-tasen legezko araubidea eta ondarezko prestazio publikoen berrantolamendua aldatzen duen uztailaren 13ko 25/1998 Legearen azken xedapenetatik lehenengoaren 5. idatz-zatia).

Tasak, zuzenean, interneteko web orri horren bidez (on line) edo zenbait banketxetako kutxazain automatikoetan (off line) ordaindu ahal izango dira.

Banketxe bidez ordaindu nahi izanez gero, kitapen horiek barra-kode bat izango dutenez, finantza-erakunde laguntzaileetan (Vital Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa, BBK, Euskadiko Kutxa, BBVA, Santander Central Hispano eta Banco Guipuzcoanon) barra-kodea irakurtzekoa duten kutxazain automatikoetara jo beharko da, edozein ordutan; baina eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da nahitaez, ez baita onartuko, okerrak zuzentzeko utziko den epean egiten.

Eskabideak aurkezteko epean ordaintzen ez bada, izangaia ez da onartuko.

4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak interneten argitaratuko ditu Garraio Zuzendaritzak. Zerrendak ebazpen bidez onartuko dira.

Baztertutako izangaiek eta onartutakoen zerrendan ageri ez direnek edo, zerrenda horretan ageri arren, daturen bat gaizki dutenek, ebazpena jendaurrera ateratzen den egunaren biharamunetik aurrera 10 egun balioduneko epea izango dute okerrak zuzentzeko.

Akatsak zuzentzeko epea igarotakoan, Garraio Zuzendaritzak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onetsiko ditu, eta interneten eta EHAAn argitaratuko ditu.

Laugarrena.– Epaimahaia, eta azterketen lekua eta eguna.

Epaimahaia:

– Lehendakaria: Manuel Sánchez Jiménez.

– Epaimahaikideak:

Ascensión Vegas Egaña.

Aintzane Izaguirre Etxeberria.

Francisco Javier Rivas Dominguez.

– Idazkaria: Jose Manuel Anabitarte Fernández.

Azterketak egiteko egunak eta lekuak web orrian jarriko dira.

Bosgarrena.– Izangaien helbidea eta bete beharreko baldintzak.

1.– Azterketa hauek egin nahi dituztenek (dela gaitasuna egiaztatzeko, dela titulua berritzeko), Euskal Autonomia Erkidegoan eduki beharko dute legezko helbidea.

NANean ageri den helbidea Euskal Autonomia Erkidegoz kanpokoa izatea onartuko da, baldin eta eskabide-orriak aurkezteko epearen azken egunetik atzerako urtebeteko epean ehun eta laurogeita bost egun naturaletan helbidea EAEn izan duela egiaztatzen duen errolda-egiaztagiria aurkezten badu izangaiak.

2.– Azterketa-egunean identitatea egiaztatzeko agiri ofiziala (NANa, gidabaimena edo pasaportea) aldean dutela azaldu beharko dute izangaiek, eta, beharrezko dutenek, baita errolda-egiaztagiria ere. Hala ez bada, ez dituzte azterketan onartuko. Gainera, komeni da ordainagiriak ere eramatea.

Prozesu osoaren jarraipena interneteko webgunearen bidez (www.ej-gv.net/consejeros) egin ahal izango da, eta gainditu dutenen behin betiko zerrenda interneten eta EHAAn argitaratuko da.

Azterketa egiteko, izangaiek arkatza eta ezabagoma eraman beharko dituzte.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko urriaren 10a.

Garraio zuzendaria,

IÑIGO PALOMINO ZUBIAURRE.


Azterketa dokumentala