Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2006ko azaroaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarpenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
5514

EDIKTUA, Verónica Cristina Unusungo Suquitana andreak jarritako gora jotzeko errekurtsoa ezesteko Hezkuntza sailburuordeak 2006ko uztailaren 4an emandako Ebazpena jakinarazteko dena.

Idazki honen idazpuruan aipatutako Ebazpena, 2006ko uztailaren 4koa, ezin izan zaio jakinarazi Verónica Cristina Unusungo Suquitana andreari; beraz, ondoko ediktua argitaratuaz jakinarazten zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.4 artikuluan ezarritako moduan.

2006ko uztailaren 4ko Ebazpena, Hezkuntza sailburuordearena, Victor Manuel Unusungo Salinas jaunak jarritako gora jotzeko errekurtsoa ezesten duena.

Ikusi da Victor Manuel Unusungo Salinas jaunak Gipuzkoako Hezkuntzako Lurralde ordezkariaren 2006ko maiatzaren 2ko ebazpenaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa; ebazpen horren bidez, ukatu egin zitzaion Verónica Cristina Unusungo Suquitana andreari 2005–2006 ikasturtean euskara irakasgaitik salbuetsia izateko eskubidea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Victor Manuel Unusungo Salinas jaunak, Donostiako CPEIPS La Asunción HLBHIP ikastetxean DBHko lehenengo mailako ikaslea den Verónica Cristina Unusungo Suquitanaren aitak, bere alaba 2005–2006 ikasturtean euskara irakasgaitik salbuetsia izan zedin eskatu zuen, eta zera alegatu zuen: beste herrialde batetik etorritako ikaslea dela, eta hizkuntza hori ez duela ia batere ezagutzen.

Bigarrena.– Behin aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, eta Ikuskaritza Teknikoak kontrako txostena eman ondoren, Gipuzkoako Hezkuntzako Lurralde ordezkariak ebazpena eman zuen 2006ko maiatzaren 2an (maiatzaren 5ean jakinarazi zen). Ebazpen horrek ukatu egin zion Verónica Cristina Unusungo Suquitanari euskara irakasgaitik salbuetsia izateko eskubidea; izan ere, aurreko ikasturteetan ikasi zuen irakasgai hori.

Hirugarrena.– Victor Manuel Unusungo Salinas jauna ez zegoen ados ebazpenarekin; horregatik, Verónica Cristina Unusungo Suquitana alabaren izenean eta ordez, gora jotzeko errekurtsoa ezarri zuen 2006ko maiatzaren 30ean —legezko denboran eta moduan—; zera alegatu zuen: euskara irakasgaia ikasi behar izateak alabaren eskola–emaitzetan eragiten duela.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Honakoak aplikatu behar dira: azaroaren 24ko 10/1992 Legea, euskararen erabilera normalizatzekoa; Hezkuntza eta Kultura Sailaren uztailaren 11ko 138/1983 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza ez unibertsitarioan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena; Hezkuntza Sailaren 1983ko abuztuaren 1eko Agindua, 138/1983 Dekretua garatzen duena, eta horri egindako aldaketak; azaroaren 26ko 300/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; urriaren 16ko 222/2001 Dekretua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duena; eta gai honetan aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Bigarrena.– Errekurritutako ebazpena Gipuzkoako Hezkuntzako Lurralde ordezkariak emandakoa da, eta Hezkuntza sailburuordearen aurrean errekurritu daiteke, hala ezartzen da–eta honako xedapen hauetan guztietan: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikulua, 114. artikulua eta ondorengoak (urtarrilaren 14ko 4/1999 Legeak zati batean aldatu zuen Lege hori); urriaren 16ko 222/2001 Dekretua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duena.

Hirugarrena.– Honela dio uztailaren 11ko 138/1983 Dekretuaren 5. artikuluak:

"OHOko ikasketak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo hasi dituzten edo ohiko bizilekua EAEtik kanpo dutela egiaztatzen duten ikasleak, euskara irakasgaitik salbuetsi ahal izango ditu Hezkuntzako Lurralde ordezkariak, baldin eta interesatuak modu arrazoituan hala eskatzen badu…"

Administrazio–espedientean jasotzen diren agirietatik zera ondoriozta daiteke: Ecuadorretik etorritako Verónica Cristina Unusungo Suquitana andrea Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe batean matrikulatu zen lehen aldia 2002–2003 ikasturtea izan zen; hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzako 5. maila egiteko matrikulatu zen. 2003–2004 ikasturtean Lehen Hezkuntzako 6. maila egin zuen, eta hurrengo ikasturtean (2004–2005), berriz, DBHko lehenengo mailan matrikulatu zen; gaur egun, lehenengo maila hori errepikatzen ari da.

Verónica Cristina Unusungo Suquitanak bere jaioterrian hasi zituen ikasketak, baina arauari jarraiki, euskara irakasgaitik salbuetsia izateko, irakasgai hori inoiz ikasi gabe egon behar da, eta hori ez da gertatzen kasu honetan; izan ere, Verónica Cristina Unusungo Suquitana 2002–2003 ikasturtean matrikulatu zen lehen aldiz Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe batean, eta bere aitak alaba euskaratik salbuetsia izan zedin eskatu zuen hiru urte geroago, hau da, irakasgai hori hiru urtetan zehar ikasi eta gero.

Beraz, Verónica Cristina Unusungo Suquitanak ez ditu betetzen, indarrean dagoen araudiaren arabera, euskaratik salbuetsia izateko bete beharreko eskakizunak, eta ikaslea curriculum–egokitzapeneko planaren barruan sartzea komeni da, ahalik eta azkarren bere euskara maila batxilergoko 1. mailan eskatzen denaren parekoa izan dadin.

Ondorioz, eta eman zaizkidan eskumenak erabiliz, hauxe

EBATZI DUT:

Victor Manuel Unusungo Salinas jaunak Gipuzkoako Hezkuntzako Lurralde ordezkariaren 2006ko maiatzaren 2ko ebazpenaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa ezestea; ebazpen horren bidez, ukatu egin zitzaion Verónica Cristina Unusungo Suquitana alabari 2005–2006 ikasturtean euskara irakasgaitik salbuetsia izateko eskubidea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio–bideari, eta bere aurka administrazioarekiko auzi–errekurtsoa aurkez dezake interesdunak dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegian bi hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria–Gasteiz, 2006ko uztailaren 4a.

Hezkuntza sailburuordea,

PEDRO MARÍA OCHOA BERNALES.

Verónica Cristina Unusungo Suquitana andreari jakinarazteko ematen da hau, bere bizilekua ezezaguna baita.

Vitoria–Gasteiz, 2006ko irailaren 12a.

Azterlan eta Araubide Juridikoaren zuzendaria,

RICARDO BURUTARAN FERRÉ.


Azterketa dokumentala