Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

245. zk., 2008ko abenduaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
7112

208/2008 DEKRETUA, abenduaren 9koa, Industria Segurtasunerako Euskal Kontseilua arautzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Industriako Legean zehazten denez, industria-segurtasuna xedapen-sistema bat da, eta bi helburu ditu: arriskuak prebenitu eta mugatzea, batetik, eta, bestetik, istripuen aurkako babesa, istripu horiek pertsona, ondasun edo ingurumenari kalte egiteko modukoak badira eta industria-jarduerak sortuak badira, edo instalazioen edo ekipoen erabilerak, funtzionamenduak eta mantentzeak sortuak, edo industriako produktuak ekoiztearen, erabiltzearen edo kontsumitzearen, biltegiratzearen edo zakarretara botatzearen ondorioz sortuak.

Eskumenen banaketari dagokionez, industria-segurtasuna industria-arloaren barruko azpigaia da, eta hori arautzeko ahalmena Estatuak eta autonomia erkidegoek dute aldi berean. Estatuko legegileak egoera hori antolatu nahi badu, elkargune eta irizpideak ezarri beharko ditu, Konstituzioan eta Estatutuan zehaztutakoari men eginez. Nolanahi ere, Estatuko araudia eta kasuan kasuko autonomia-erkidegoaren araudi osagarria betearaztea autonomia-erkidegoen eskumen esklusiboa da.

Gauzak horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriako Legeak bere III. kapituluaren 15. artikuluan Industria Segurtasunerako Euskal Kontseilua sortzen du. Industria-segurtasunaren arloko gizarte-interes eta jarduerak ordezkatzen dituzten sektoreek aholku eman eta parte hartzeko organoa izango da Kontseilua eta industria-arloan eskumena duen sailari atxikita egongo da. Aipatutako lege horretan ezarritakoaren arabera, organo horrek parte hartuko du Autonomia Erkidego honen industria-segurtasunerako politika taxutzen, aholku ematen eta jarraipena egiten, arlo horretan jarduteko planak bultzatuz eta koordinatuz. Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluaren osaera eta jarduera-arauak garapen-erregelamendu bidez ezarriko dira.

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak dekretu hau prestatzean aintzat hartu ditu Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko 19.tik 22.ra bitarteko artikuluetan ezarritakoa, bai eta nahitaezko gainerako txostenetan ezarritakoa ere.

Ondorioz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko abenduaren 9an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

I. KAPITULUA

IZAERA ETA EGINKIZUNAK

1. artikulua.- Dekretuaren helburua.

Dekretu honen helburua Industria Segurtasunerako Euskal Kontseilua arautzea da, hau da Kontseilu horren organoak, osaera, eginkizunak, izendapen-era eta funtzionamendu-araubidea.

2. artikulua.- Izaera.

Industria Segurtasunerako Euskal Kontseilua Euskal Autonomia Erkidegoko Industriako azaroaren 12ko 8/2004 Legeko 15. artikuluaren bidez sortu zen eta industria-segurtasunaren arloko gizarte-interes eta jarduerak ordezkatzen dituzten sektoreek aholku eman eta parte hartzeko organoa izango da.

3. artikulua.- Atxikipen organikoa.

Industria Segurtasunerako Euskal Kontseilua industria-arloko eskumena duen sailari atxikita egongo da, baina ez da sail horren egitura organikoan sartuko.

4. artikulua.- Eginkizunak.

Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluak eginkizun hauek izango ditu:

a) Lurralde-eremu Euskal Autonomia Erkidegoa duten industria-segurtasuneko araudi-proiektuei buruzko nahitaezko txostenak egitea.

b) Industria-segurtasunaren arloko jarduera-planen gainean txostenak egitea.

c) Industria-segurtasunaren arloko erakunde laguntzaileen jarduerak koordinatzea.

d) Industria-segurtasunaren arloan azterlanak eta txostenak egitea sustatzea.

e) Industria-segurtasunaren arloko politika lantzeko, eta horri buruzko kontsultak eta jarraipena egiteko aholkularitza ematea.

II. KAPITULUA

ANTOLAMENDUA

5. artikulua.- Antolamendua.

1.- Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluak bilkuran jardungo du.

2.- Bilkurako lehendakari industria-segurtasunaren arloko eskumena duen sailburuordeak jardungo du eta horrek idazkaria izendatuko du bere sailburuordetzari atxikitako funtzionarioen artean. Lehendakariordea, berriz, industria-segurtasuneko zuzendaria izango da.

6. artikulua.- Bilkuraren osaera.

1.- Lehendakariak, lehendakariordeak, idazkariak eta 19 kidek osatuko dute bilkura.

2.- Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluko bilkurako kideak honako hauek izango dira:

a) Industria-arloko eskumena duen saileko industria-segurtasuneko zerbitzuko burua.

b) Industria-arloko eskumena duen saileko industria-zerbitzuko burua.

c) Energia-arloko eskumena duen saileko energia-zerbitzuko burua.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniarien Kontseiluko ordezkari bat.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Peritu eta Industria Ingeniari Teknikoen Kontseiluko ordezkari bat.

f) Enpresaburuen elkarteetako hiru ordezkari.

g) Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko ordezkari bat.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunak baimendutako kontrol-erakundeetako ordezkari bat.

i) Kontsumitzaileen federazioetako hiru ordezkari.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Eusko Ganberak-Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberetako ordezkari bat.

k) Energia banatzen edo merkaturatzen duten enpresetako hiru ordezkari; sektore hauetako bakoitzetik bat: gasa, elektrizitatea eta petrolio-gaiak.

l) Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko ordezkari bat.

m) Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko ordezkari bat.

3.- Euren kargua dela-eta izendatuta dauden Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluko kideek kargu hori uzten duten momentuan bertan utziko diote Kontseiluko kide izateari.

4.- Gainerako kideak Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluko lehendakariak izendatuko ditu, dagokion erakundearen proposamenez, lau urteko epealdirako; epe hori bukatu ostean beste lau urterako izendatu ahal izango dira. Azken epe hori igarota, kideok euren eginkizunak betetzen jarraituko dute, ordezkoak izendatzen diren arte.

5.- Heriotzak, ezintasunak, uko egiteak edo antzeko arrazoiek eragindako hutsuneak hilabeteko epean beteko dira, egoera horren berri Kontseiluko idazkariari jakinarazten zaionetik hasita; ordezkatutako kidearen agintaldia bukatu arte iraungo du karguan kide berriak.

6.- Kontseiluko idazkariak hitza hartu ahal izango du, baina ez du boto-eskubiderik izango Kontseiluaren erabakietan.

7.- Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluko lehendakariak baimena eman diezaieke kasuan kasuko gaian aditu diren pertsonei bilkuretan edo bilkuren zati batean parte hartzeko; horrelakoek hitz egin ahal izango dute baina ezingo dute botorik eman, aditu diren gaien inguruan.

7. artikulua.- Batzorde bereziak.

1.- Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluan izaera teknikoko batzorde bereziak sortu daitezke. Bilkurak baimendu eta izendatuko ditu batzorde horiek, ematen zaien egitekoen arabera etengabeko edo aldi baterako lankidetza eta laguntza eskaini dezaten.

Batzorde berezi horiek bilkurari laguntza emango diote eta industria-segurtasunaren alderdi zehatzak landuko dituzte; horretarako, gai zehatzei buruzko lanak, azterlanak, txostenak eta proposamenak egingo dituzte, bilkuretan horiei buruz eztabaidatu eta oniritzia emateko.

2.- Batzorde bereziak honako hauek osatuko dituzte, EAEko herri-administrazioetako kideek eta industria-sektorean horretarako egoki jotzen diren profesionalek.

III. KAPITULUA

FUNTZIONAMENDUA

8. artikulua.- Bilkurak.

Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluaren bilkura urtean behin egingo da, gutxienez. Horrez gain, bilkurak egingo dira lehendakariak beharrezko irizten badio edo kideen heren batek idatziz eskatzen badu.

9. artikulua.- Bilkuretarako deialdiak.

1.- Lehendakariaren aginduz egingo dira Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluaren bilkuretarako deiak, gutxienez zazpi egun natural lehenago. Deialdian bilkuraren gai-zerrenda, eguna, tokia eta ordua zehaztuko dira.

2.- Lehendakariaren iritziz presakoak diren bilkuren deialdiak egiteko, ez da beteko aurretiazko epe hori.

3.- Horrelako bilkurak balio osoz garatzeko, kide gehienek bilkuraren lehenengo puntuan onartu beharko dute halakoak presaz egiteko beharra.

4.- Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluko bilkurako edozein kidek proposatu diezaioke lehendakariari gai bat aztergaien zerrendan sartzeko, baldin eta gutxienez 72 ordu lehenago egiten badu eta proposamena justifikatzeko memoria laburra aurkezten badu.

10. artikulua.- Eratzea.

1.- Industria Segurtasunerako Euskal Kontseilua balio osoz eratuta geratuko da, lehenengo deialdian kideen erdiak gehi bat bertaratzen badira.

2.- Behar besteko quorumik ez badago, bigarren deialdian eratu daiteke hogeita hamar minutu geroago, eta kasu horretan kideen heren bat bertaratzea nahikoa izango da.

3.- Nolanahi ere, bilkurak balio osoz egiteko, ezinbestekoa da lehendakaria eta idazkaria edo horien ordezkoak bertan egotea.

11. artikulua.- Erabakiak hartzea.

1.- Erabakiak baliozkoak izateko, bilkuran daudenen gehiengoz hartuko dira, eta berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren botoak ebatziko du.

2.- Bozketak bozka zuzen, pertsonal eta eskuordeezinaren printzipioetan oinarrituko dira, eta boto sekretua bermatu egingo da baldin eta Kontseiluko edozein kidek lehendakariari hala eskatzen badio.

3.- Bilkuran hartutako erabakiak aktan jasoko dira. Akta hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean finkatutako edukien eta prozeduraren arabera egingo da.

12. artikulua.- Barne araubidearen erregelamendua.

Dekretu honen esparruan, Industria Segurtasunerako Kontseiluaren bilkurak bere barne araubidearen erregelamendua ezarri dezake; erregelamendu horretan zehatuko ditu izendapenak egiteko prozedurak eta bilkuraren baldintza operatiboak.

13. artikulua.- Gastuak.

Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluko kideek ez dute ordainsaririk jasoko, baina gastu eta dietetarako dirua emango zaie, betiere Zerbitzuak eragindako kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak edo hori ordezkatzen duen arauak ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA.- Kontseiluko kideak proposatzea.

Dekretu honen 6. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, dekretua indarrean sartu eta hilabeteko epean Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluaren organoetako partaide diren erakundeei eskatuko die Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluan izango dituzten ordezkariak izendatzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Araubide osagarria.

Dekretu honetan zehaztu ez den prozedurari buruzko guztian Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean edo hori ordezkatzen duen arauan xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.- Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko abenduaren 9an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.


Azterketa dokumentala