Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

245. zk., 2008ko abenduaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
7113

AGINDUA, 2008ko azaroaren 27koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena; horren bitartez, produktu berriak garatzeko proiektuak egiteko laguntzen programa arautzen da. Gaitek programa.

Uztailaren 8ko 130/2008 Dekretuak Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua gaitzen du haren eskumen-esparruan laguntza-programak aldatzeko eta indargabetzeko, eta hortaz, ahalbidetzen du Gaitek izeneko laguntza-programa aldatuko duen agindua emateko, programa hori arautzen zuen 2005eko ekainaren 27ko Agindua indargabetuz.

Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza arloko politikak ezartzen duenez, bere jardun-eremuak garatzeko, zenbait mekanismo, tresna eta jardun lagungarri espezifiko jarri behar dira abian, hain zuzen ere 2010eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planean bilduta daudenak. Plan horren 9.1.3 idatz-zatian Gaitek ekimena dago jasota.

Gaitek programaren helburua honako hau da: Produktu Berriak Garatzeko proiektuentzako laguntzak ematea, eta produktu berritzat hartuko da jatorrizko produktuen garapena eta lehendik badirenak hobetzea, merkatuaren eta gizartearen beharrei hobeki erantzutearren. Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER funtsak) lagunduko du programa hori finantzatzen.

Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Laguntzei buruzko Erkidegoko Esparrua (2006-12-30eko Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen [2006 / C 323 /01]) 2007ko urtarrilaren 1ean indarrean jartzeak ekarri du ikerketarako eta garapenerako estatuko laguntzei buruzko Batasunaren zehaztapenak ordezkatzea.

Horren ondorioz, nahitaezkoa da Gaitek programa aldatzea adierazitako I+G+Bko Erkidegoko Esparruko indarreko Batasuneko araudira egokitzeko, eta, hortaz, laguntzen intentsitateak Europako araudi horretara egokitzea, programa honetako laguntza-erregimenetik kentzea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetan aplikatzen diren hainbat foru-arauetatik eratorritako laguntza fiskaletara bildu diren eta laguntza horiek behar bezala itzuli ez dituzten enpresak.

Era berean, aldaketa horretan diru-laguntzak eskatzeko eskabide-espedienteak ebazteko sistema aldatu da; hortaz, espediente horiek iritsi izanaren ordenaren arabera ordenatutako prozesu sekuentziala izatetik lehiaketa bidez emango diren diru-laguntzen sistema izatera igaro da.

Agindu honetan ezarritako laguntza-erregimena bat dator Europako Batzordeko Konkurrentziako Zuzendaritza Nagusiak ezarritakoarekin. Erregimen hori 2008ko urriaren 17ko Europako Batzordeak onartutako «156/2008 ZK Estatuko Laguntza» deituriko erabakian biltzen da.

Azkenik, adierazi behar dugu Gaitek programa aldatzeko agindu hau produktu berriak garatzeko proiektuak egiteko laguntza-programa arautzen zuen 2005eko ekainaren 27ko Aginduaren zati ez-aldatuaren testu bategin gisa aurkeztu dela, dagokion aldaketaren testuarekin, Gaitek programa hobeto ulertzeko.

Horren ondorioz, honako hau

ERABAKI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea laguntza-erregimena arautzea da. Laguntza horiek produktu berriak garatzeko proiektuak egiteko laguntzarako itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak dira.

2. artikulua.- Denbora-eremua.

Laguntza-programa hau 2013ko abenduaren 31 arte egongo da indarrean, Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako estatuko laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruko (EBAO, C 323, 2006-12-30) 10.3 puntuan xedatutakoa aplikatuz (ikus II. eranskina).

3. artikulua.- Baliabide Ekonomikoak.

1.- artikuluko helburua lortzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan Gaitek programarako esleitutako aurrekontu-kredituetakoak izango dira; horretaz gain, eskualde-finantziaziorako Europako Funtsak (FEDER funtsak) lagunduko du programa hori finantzatzen. Aurrekontu-ekitaldiaren barruan emateko diren laguntza guztien bolumenak ez du gaindituko aurrekontuetan esleitutakoa edo esleitutakoa eguneratzetik sortutakoa, indarreko legedian aurreikusitako kredituak lortzeko edo aurrekontuak aldatzeko erregimenari jarraiki, eta horiei buruzko ebazpena eman aurretik. Horrelako egoerarik gertatuz gero, horren berri jakinarazi behar da teknologiako eta industria-garapeneko sailburuordearen ebazpen bidez.

4. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

1.- Erregimen honen helburua laguntzak ematea da, produktu berriak garatzeko proiektuak sustatzearren. Diru-laguntzak lortu nahi dituzten proiektuetan honako hau hartu behar da barnean: agindu honen 6. artikuluan definitutako I+G+B jarduera sorta koherentea, jatorrizko produktuak garatze eta lehendik badirenak hobetze aldera, merkatuaren eta gizartearen beharrei hobeki erantzutearren.

2.- Lehendik badiren produktuak hobetzeko proiektuak, edo garatutako produktua Produktu Berritzat hartzeko moduko berritasun mailarik ez dutenak, ez dira joko «produktu berriak garatzeko proiektutzat». Diru-laguntzetatik at geratuko dira honako hauek: produktuetan, produkzioko lerroetan eta prozesuetan, eta badiren zerbitzuetan egindako aldizkako aldaketa arruntak, eta bestelako eragiketa arruntak.

5. artikulua.- Proiektu motak.

Banaka edo bi onuradun edo gehiagoren artean lankidetzan egin daitezke diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak. Lehiakortasuna murrizten duten praktikak proiektuetan barne hartzea debekatua dago, EBko Tratatuaren 85. eta 86. artikuluei jarraiki.

6. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak jaso ditzakete deialdi bakoitzaren ekitaldian gauzatzen edo garatzen diren jarduerek edo ekintzek.

Diruz lagun daitezkeen I+G+Bko jardueren artean, honako hauek:

a) Industria-ikerketako proiektuen aurreko bideragarritasun-azterketak.

b) Industriako ikerketa-proiektuak.

c) Lehiatu aurretiko garapen esperimentaleko proiektuen aurreko bideragarritasun-azterketak.

d) Garapen esperimentaleko proiektuak.

Agindu honen ondorioetarako, Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruaren 2.2 puntuaren f) idatz-zatiko definizioan (2006 / C 323/ 01) ezarritakoa ulertuko da Industria Ikerketatzat, eta Garapen Esperimentaltzat, berriz, Erkidegoko Esparruko 2.2 puntuko g) idatz-zatiko definizioan ezarritakoa.

7. artikulua.- Onuradunak.

1.- Honako hauek izan daitezke agindu honetan bildutako diru-laguntzen onuradunak:

a) Enpresak: enpresa handiak edo ETEak. 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean dagoen eta 2003-05-20ko EBAOko L-124 seriean argitaratu den 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen Gomendioarekin bat etorriz honako hauek hartuko dira ETEtzat: 250 enplegatu baino gutxiago dituzten enpresa txikiak eta ertainak, eta urteko negozio-bolumenean 50 milioi euroko kopurua edo urteko balantze orokorrean 43 milioi euroko kopurua gainditzen ez dutenak. Orobat, enpresa txikitzat joko dira 50 enplegatu baino gutxiagokoak, eta urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko kopurua gainditzen ez dutenak. Bi kasuetan, elkartutako edo lotutako enpresak badira, kopuru eta muga horien zenbaketa aipatutako Batzordearen Gomendioaren eranskineko 6. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoaren arabera egingo da.

b) Fundazioak eta enpresa-elkarteak, legezko forma bat edo beste izanik.

2.- Ez dira onuraduntzat hartuko honako hauek:

a) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko Eragileak, horretarako akreditatuak direnak.

b) Herri Administrazioekin lotura duten edo horien mendekoak diren eta berezko nortasun juridikoa duten Erakunde edo Sozietate Publikoak, ezta Administrazio Instituzionalekoak direnak ere, Administrazio hori edozein izanik ere.

c) Krisi-egoeran dauden enpresak, betiere krisi-egoeran dauden enpresen salbamendurako eta berregituratzerako estatu-laguntzei buruz Erkidegoko Jarraibideetan azaltzen den definizioarekin bat etorriz (Batzordearen jakinarazpena, 2004ko urriaren 1eko 2004/C 224/02 EBAOn argitaratua).

3.- Laguntzak jasotzeko baldintzak betetzeari eutsi egin beharko zaio, emandako diru-laguntza guztia likidatu arte.

8. artikulua.- Onuradunen betekizunak.

Onuradunek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Onuradun izateko nahitaezkoa izango da parte hartzen duten enpresek erantzukizunezko aitorpen bat aurkeztea, agindu honetako 14.2.1.f) artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Aitorpen horretan adierazi beharko dute ez dutela legearen aurkakoa den eta bateragarria ez den ezein laguntza fiskalik lortu, edo laguntza bat edo gehiago lortu badituzte, behar bezala itzuli dituztela.

b) Diruz lagun daitezkeen jarduerak garatzea, zuzenean.

c) Proiektuaren gastuetan, gutxienez % 25eko ekarpena egitea.

d) Diruz lagundutako proiektuek Euskal Autonomia Erkidegoan egon beharko dute gutxienez bost urtez.

e) Onuradunek berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun nahikoa izatea ezinbestekoa izango da; halaber, diru-laguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin edo beste erakunde publikoren batekin kontratuak egiteko debekuko edo gaitasungabetzeko prozesuren batean sartuta ez egotea ere eskatuko da.

f) Enpresa Handien kasuan -ETEtzat hartuko ez direnak-, onuradun direnek azaldu egin beharko dute I+G+Bko jardueren kopurua handitzean laguntzek izan duten pizgarri-eragina.

g) Zerga-betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte Erakunde Onuradunek.

Hari berari jarraiki, Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan -Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan diru-laguntzak eskuratu dituztenek, zerga-mailako obligazioak bete dituztela egiaztatzeari buruzkoa- ezarritako kasuak gertatzen direnean, eskatzailearen baimena izanez gero, zerga-betebeharrak beteta izatearen akreditazio-ziurtagiria zerga-arloan eskudunak diren organo eskudunei zuzenean eskatuko zaie; espedientean baimenik ez badago, eskatzaileek beraiek aurkeztu beharko dute ziurtagiri hori.

9. artikulua.- Diru-laguntzaz ordain daitezkeen gastuak.

Diruz lagun daitezkeen jardueretarako diru-laguntzaz ordain daitezkeen gastuak honako hauek dira:

a) Langileen kostuak (ikerketa-jardueran aritzen diren Erakunde eskatzailearen plantillako ikertzaileak, teknikariak eta bestelako laguntzaileak).

b) Kanpoko aholkularitzaren eta antzeko zerbitzuen kostuak (erakunde parte-hartzaileetako plantillakoak ez diren kolaboratzaileak eta proiektuaren espezializazio-maila handiko zatietako azpikontratazioa barne hartuta), betiere ikerketa-jarduerarako soilik eta etengabe erabiltzen badira, eta kanpoko iturrietan erosiak badira, ikerketako eta teknikako jakintzak barne hartuta.

c) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko Eragileak (horretarako akreditatuak direnak) azpikontratatzeko kostuak.

d) Ustiapen-gastuak (materialen gastuak, hornikuntzakoak, bidaienak, etab.), ikerketako jardueraren ondorio baldin badira.

e) Ikerketarako ez beste ezertarako etengabe erabiltzen diren tresnen eta ekipoen kostuak: proiektuak irauten duen bitartean, ikerketarako ez beste ezertarako etengabe erabiltzen diren ekipoen eta tresnen kostuen amortizazioa, doan lortutakoetan izan ezik.

f) Aurreko a), b), c), d) eta e) idatz-zatietan aipatu diren diru-laguntzaz ordain daitezkeen gastuak Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako estatuko laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruaren 5.1.4 idatz-zatian ezarritakoaren arabera interpretatuko dira.

10. artikulua.- Laguntza mota, laguntzak emateko prozedura eta mugak.

1.- Emango diren laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira eta urte baterako izango dira.

2.- Agindu honetako 17.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz hautatuak izateko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten eskabideek lortu ahal izango dute diru-laguntza.

Proiektu bakoitzari eman beharreko diru-laguntza kalkulatzeko, 3. idatz-zatian aurreikusitako gehienezko laguntza-intentsitatea aplikatuko zaio onartutako proiektu bakoitzerako onartu den eta diru-laguntza jaso dezaketen gastuak biltzen dituen aurrekontuari.

Deialdia finantzatzeko bideratutako ekarpen ekonomiko globala ez bada iristen aurreko paragrafoan ezarritako baldintzetan erantzuteko eskabide guztiei, diru-laguntzetara bideratutako gehienezko zenbateko globala onuradunen artean hainbanatuko da.

3.- I+G+Bko jarduerak egiteko onuradun bakoitzari emango zaizkien laguntzen mugek ondoren azalduko diren ehunekoen gehienezkoetaraino izango dira, betiere diru-laguntzaz ordain daitezkeen gastuen aurrekontuen (onartu direnak) gainean. Ehuneko horiek honako hauek dira:

a) Lankidetzako enpresen proiektuetarako:

Laguntzaren intentsitatea Enpresa Txikia Enpresa Ertaina Enpresa Handia

Oinarrizkoa % 25 % 25 % 25

Prima (Erkidegoko Esparruko 5.1.3.a) artikulua) % 20 % 10 % 0

Prima (Erkidegoko Esparruko 5.1.3.b.i) artikulua) % 5 % 15 % 15

Gehienezko intentsitateak % 50 % 50 % 40

Horretaz gain, gutxienez bi enpresen arteko lankidetzako proiektu horiek Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruaren 5.1.3.b.i) idatz-zatian azaltzen dena beteko dute. Idatz-zati horrek honako baldintza hauek ezartzen ditu:

- Ezein enpresak ezin izango du lankidetza-proiektuaren kostuen (diru-laguntzaz ordain daitezkeenak)

% 70 baino gehiago ordaindu;

- Proiektuak gutxienez ETE baten elkarlana eduki beharko du, edo elkarlanak mugaz haraindikoa izan beharko du, hau da, ikerketaren eta garapenaren jarduerak gutxienez bi estatu kideren artean gauzatzen direnean.

b) Enpresa Proiektu indibidualetarako:

Laguntzaren intentsitatea Enpresa Txikia Enpresa Ertaina Enpresa Handia

Oinarrizkoa % 25 % 25 % 25

Prima (Erkidegoko Esparruko 5.1.3.a) artikulua) % 15 % 10 % 0

Gehienezko intentsitateak % 40 % 35 % 25

c) Nolanahi ere, (lankidetza-proiektuak edo proiektu indibidualak) itzuli beharrik gabeko gehienezko zenbatekoa 250.000 euro izango da onuradun eta urte bakoitzeko.

4.- Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen gehienezko zenbatekoari dagokionez, (250.000 euro) urteko deialdian egunera daiteke, KPIaren gorabeherak aintzat hartzearren, baina mugak handitzeagatik, inola ere ezin izango dira handitu laguntzen gehieneko intentsitateak proiektu mota guztietan, ETEen Erkidegoko Esparruaren eta Araudiaren arabera, hurrenez hurren.

5.- Halaber, laguntzen mugei dagokienez, enpresa bakar batek parte hartzen duen Europako lankidetza-proiektuak lankidetzako proiektutzat hartuko dira, 10. artikuluko 2.a) idatz-zatian aurreikusitako itzuli beharrik gabeko gehienezko ehunekoekin, betiere enpresa hori Europako beste enpresa batekin edo beste enpresa batzuekin partzuergoa osatzen duen bazkide bat bada, eta ez azpikontratatu bat, ERA-NET proiektuen kasuan edo antzekoen kasuan Europar Batasuneko Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako Programen barruan.

11. artikulua.- Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.- Agindu honetako laguntzak eskuratzen dituzten onuradunek beste laguntza batzuk ere eskuratu ahal izango dituzte jarduera horiek gauzatzeko, laguntza horien izaera edo laguntzak ematen dituen administrazioa dena dela. Onuradun bakoitzak jasoko dituen laguntzen guztizkoa jakin ondoren, agindu honetan ezarritakoa betez onuradun horrek jaso ahal izango dituen laguntzak zehazteko, horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak hartuko dira kontuan, eta zehazkiago, Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruan ezarritakoa.

2.- Proiektu berari emandako diru-laguntzen zenbatekoak (laguntza bakoitzarenak edota beste diru-laguntzekin batera) ezin izango ditu gainditu, inola ere, aurreko idatz-zatiko jardueren kostua edo mugak, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari diru-laguntza horien berri eman beharko diote onuradunek. Kasu horietan, gehiegizko kopurua kenduko zaie agindu hau betez emandako laguntzei.

12. artikulua.- Laguntzen kontrola.

1.- Ondoren egingo den kontrolari dagokionez, adierazi behar dugu laguntza-programa hau kudeatzeko ardura duten agintariek konpromisoa hartu dutela I+G+Bko Erkidegoko Esparruan ezarritako baldintzak zorrotz errespetatu eta betetzeko (2006-12-30eko EBAOko C 323).

2.- Orobat, I+G+Bko Erkidegoko Esparruaren 10.1.1 puntuan ezarritakoaren arabera, agintari arduradunek txosten bat egingo dute urtero; txosten horretan, laguntza-erregimen honen aplikazioa eta garapena zehaztuko da, eta laguntzaren sustapen-ondorioa esanbidez azaldu beharko da. Gauzatutako ikerketako eta garapeneko jarduera gehigarrien inguruan, enpresa handiek aurkeztutako txostenak ere barne hartuko dira urteroko txosten horretan.

3.- Horretaz gain, programa horretan, laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, laguntza horien eskaerak aurkezteko epea ireki baino geroago hasitako proiektuek soilik lortu ahal izango dituzte laguntza horiek.

4.- Bestalde, laguntza-programa horren agintari arduradunek Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruaren 7.1 puntuan ezarritako kasuistikaren eraginpeko ikerketa-proiektu indibidual ororen berri eman beharko diote Batzordeari.

13. artikulua.- Deialdia.

1.- Agindu honetan araututako diru-laguntzak urtean behin egingo den deialdiaren bidez iragarriko dira eta publizitate-, lehiatze- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

2.- Teknologiako eta industria-garapeneko sailburuordearen ebazpenaren bitartez egingo da deialdia, eta ekitaldi horretan diru-laguntzak emateko aurrekontu-esleipenen zenbatekoa beharrezkoa izango da, eta baita eskaerak aurkezteko epea eta tokia ere.

14. artikulua.- Eskaerak eta dokumentazioa.

1.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskaerak eta gainerako dokumentazio osagarria Teknologiako Zuzendaritzara igorriko dira, eta urteko deialdi-ebazpenean edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetan aurkeztuko dira.

2.- Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak eskaeraren eta formularioen eredu posible bat eskainiko du, edo bestela https://www.spri.es/idi/idi web-orrian eskura daitezke eredu horiek, laguntzen deialdia egindakoan Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuordearen ebazpenaren bitartez.

Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da proiektu bakoitzeko:

a) Eskabide-orria, enpresaren informazio orokor eta guzti.

b) Enpresaren jarduerari buruzko oinarrizko datuen deskribapen-memoria.

c) Ikerketa Proiektuari buruzko deskribapen-memoria, azpikontratatuko diren jarduerak, jarduera horiek egingo dituzten enpresak eta dagozkion zenbatekoak zehaztuz.

d) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen kopia.

e) Honako datu hauek egiazkoak direla aitortzen duen zinpeko aitorpena; aitorpen horri indarreko zigor-erregimena ezarriko zaio, bai administrazio-arlokoa, baita penala ere:

- Zerga-betebeharrak bete dituela. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako edo haren ordezko araudiko diru-laguntzen onuradunen zerga-betebeharrak egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritako kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak, betiere eskatzailearen esanbidezko baimena badu, laguntzen eta diru-laguntzen eskatzaileen zerga-betebeharrak bete izanaren egiaztagiria eskatuko die zuzenean zerga-arloko organo eskudunei. Espedientean baimen hori jasota ez badago, laguntzen eskatzaileak dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du.

- ETEen kasuan, Europako Erkidegoko arauetan ezarritako ETEen ezaugarrien definizioarekin bat datorrela. 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean dagoen eta 2003-05-20ko EBAOko L-124 seriean argitaratu den 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen Gomendioarekin bat etorriz honako hauek hartuko dira ETEtzat: 250 enplegatu baino gutxiago dituzten enpresa txikiak eta ertainak, eta urteko negozio-bolumenean 50 milioi euroko kopurua edo urteko balantze orokorrean 43 milioi euroko kopurua gainditzen ez dutenak. Orobat, enpresa txikitzat joko dira 50 enplegatu baino gutxiagokoak, eta urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko kopurua gainditzen ez dutenak. Bi kasuetan, elkartutako edo lotutako enpresak badira, kopuru eta muga horien zenbaketa aipatutako Batzordearen Gomendioaren eranskineko 6. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoaren arabera egingo da.

- Herri Administrazioekin loturarik edo mendekotasunik ez dutela, eta ez direla Administrazio Instituzionaleko kide.

- Enpresa handi edo ertaina bada, berregituratze-garaian ez dagoela. Eta berregituratze-garaian baldin badago, Europako Batzordeak dagokion berregituratze-laguntzaren berri jaso ote duen.

- Beste instituzio publikoetan edo pribatuetan, proiektu berarentzat eskatutako eta/edo emandako laguntzak.

Erakunde eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoari jarraiki.

f) Erantzukizunezko aitorpena, I. eranskinean -legez kanpokotzat edo bateraezintzat hartutako laguntza fiskalei buruzkoa- agertzen den moduan.

4.- Lankidetza-proiektuak baldin badira, erakunde interesdunek eskaera bateratu bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko.

Horretaz gain, interes teknologikoarengatik, garapenean protagonismo handiagoa izateagatik, edo bestelako arrazoiren batengatik, proiektua garatzeko eta kudeatzeko ardura hartu beharko du parte-hartzaile batek, baita Administrazioarekin hitz egiteko eta harremanak izateko ardura ere, proiektuak behar bezalako martxa izan dezan; ardura horiek bere gain hartzen dituena proiektuaren burua izango da.

Zirkunstantzia hori esanbidez adierazi beharko da enpresa liderrak aurkezten duen eskaeran. Eskaera hori enpresa horrek sinatu beharko du, baita parte hartzen duten gainerako erakundeek ere; horretaz gain, enpresa liderrari ez ezik parte hartu duten gainerako enpresei ere ahalordetze-eskrituraren kopia eskatuko zaie. Proiektu horretan parte hartzen duen enpresetako bakoitzak egingo dituen jarduerak eta aurrekontua zehaztuko dira.

5.- Dena dela, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotako dokumentazio eta/edo informazio guztia eska dezakete bai Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, bai, kasuan kasu, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAk (SPRI), agindu honetan jasotako diru-laguntzak kudeatzen lagunduko duen erakundea baita; halaber, arau honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedaturikoa aplikatuko da.

15. artikulua.- Eskaeren onarpena eta zuzenketa.

1.- Eskaera behar bezala beteta ez badago, edo agindu honetan adierazitako dokumentazioa aurkezten ez bada, 10 eguneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkez ditzan eskatuko zaio interesdunari; eskatutakoa egiten ez badu, Teknologia zuzendariaren aldez aurreko ebazpen bitartez, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.- Onuradunen arteko lankidetzan garatzeko proiektuen kasuan, proiektuburu den entitateari ordainduko zaio jarduera horri dagokion diru-laguntza.

16. artikulua.- Eskaerak ebaluatzeko organoa.

1.- Ebaluazio-organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskaerak aztertzea eta ebaluatzea, baita laguntzak emateko proposamenak egitea ere, horretarako sortutako organoa baita.

2.- Ebaluazio-organoko lehendakaria Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko teknologiako zuzendaria izango da. Beste hiru mahaikideak, berriz, honako hauek izango dira: Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko industria sustatzeko zuzendaria (bera izango da presidenteorde Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako kasuetan), Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAko (SPRI) Teknologia eta Berrikuntzarako Unitate Estrategikoko ordezkari bat eta Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologiaren Zuzendaritzatik izendatuko den teknikari bat. Azken hori idazkaria izango da.

3.- Proposamenak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak SPRIko Teknologia eta Berrikuntzarako Unitate Estrategikoak gauzatuko ditu eta, ondoren, Ebaluazio Organoari aurkeztuko dizkio.

4.- Ebaluazio-organoaren bilerak baliozkoak izan daitezen, bilkura egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzen direnean, bertan egon beharko dute presidenteak eta idazkariak edo, kasuan kasu, beren ordezkariak eta, gutxienez, gainerako kideetako batek. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko II. kapituluko II. tituluan ezarritakoari jarraituko zaio.

5.- Ebaluazioa egiterakoan planean aldaketaren bat egitea komenigarria litzatekeela ikusten baldin badute, eskaera-egileari aldaketa hori egitea iradoki diezaiokete, agindu honetan zehaztutako helburuetara hobeto egokitu dadin plana.

17. artikulua.- Ebaluazioa egiteko irizpideak.

1.- I+G+Bko Proiektuak eta Produktu Berriak Garatzeko Proiektuak hautatzeko, honako irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Irizpide gakoak, bakoitzak % 20ko garrantzi espezifikoa izanik:

1) Arrisku teknologiko kontrolatua. Sortzen diren erronka teknologikoak gainditzeko gaitasunaren azterketa.

2) Merkatu-arriskua. Merkatuaren ziurtasuna eta potentziala aztertzea, produktu berriaren erabileraren eta erabilgarritasunaren, eta produktu horren eskari-mailaren arabera.

3) Merkataritza-ustiapeneko aurreikuspenak. Enpresaren lehiakortasunean, salmentetan, enpleguan, etab., izango den eraginaren aurreikuspena. Tokiko, nazioko eta, batik bat, nazioarteko merkatuan produktua merkaturatzeko aurreikuspenak.

b) Irizpide orokorrak, bakoitzak % 10eko garrantzi espezifikoa izanik:

1) Proiektuak eskatzen dituen giza baliabideetara egokitzea.

2) Metodologia egokia: proiektua behar bezala deskribatua eta egituratua egotea; hurbilketa tekniko-zientifiko justifikatua; proiektuaren lehentasunak argi zehaztea; proposaturiko kudeaketa-eskema egokia izatea; teknologia-iturriak eta laguntzaren gehigarrizko nondik norakoa egokitzea (laguntzaren sustapen-ondorioa).

3) Aurrekontuaren egitura eta banakapena argiak izatea.

4) Proiektuan ingurumena aintzat hartzea, baita EAEn enplegua sortzen izan dezakeen eragin potentziala ere.

2.- Proiektu bat hautatzeko, bi baldintza hauek bete behar ditu aldi berean: alde batetik, atera daitekeen nota handienaren % 50 baino nota handiagoa ateratzea ebaluazioan, eta bestetik, irizpide gakoetan atera daitekeen notarik handienaren % 40 baino nota handiagoa ateratzea irizpide bakoitzean.

18. artikulua.- Ebazpen-proposamena.

1.- Aurkeztutako eskaerak balioztatuko ditu Ebaluazio Organoak, ezarritako irizpideei jarraiki, eta teknologiako zuzendariari emango dio prozeduraren ebazpen-proposamena.

2.- Ebazpen-proposamenak honako hauek edukiko ditu gutxienez:

a) Deialdiaren baldintzak ez betetzeagatik ezeztea proposatutako eskaeren zerrenda, ezezteko proposamen hori oinarritzen duten arrazoiekin batera.

b) Diru-laguntzak ematea proposatutako proiektuen zerrenda. Honako hauek ere adierazi beharko dira: proiektu horietako bakoitza gauzatzeko epea, ematea proposatzen den laguntzaren zenbateko globala, proiektuaren arduradunen nortasuna -hala badagokio, proiektuaren ordezkaritza hartzen duen kidea adieraziz- eta kide bakoitzari emandako laguntza osoaren zenbatekoa.

19. artikulua.- Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.- Dagokien deialdian aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira, prozedura horren ebazpena Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuordeari dagokio, Ebaluazio Organoaren proposamenaren arabera, eta interesdunek proposatutako arazo guztiak erabakiko dira bertan.

2.- Onartutako diru-laguntzen eskaerak eta ezetsitakoenak zehaztuko dira ebazpenean, eta onartutako eskaeren kasuan, honako hauek adieraziko dira: emandako zenbateko globala, proiektuaren onuradunen nortasunak (indibidualak edo lankidetza-proiektuko kideak), eta kide bakoitzari emandako diru-laguntza osoaren zenbatekoa. Ezetsitakoen kasuan, ezetsi izana oinarritzen duten arrazoiak jasoko dira.

Ebazpen honi eranskin bat gehituko zaio, erakunde onuradun bakoitzari onarturiko proiektuen berri emango duena; hartan, onuradunei espedientea amaitu arte eman behar dituzten urrats guztiak eta deskargu-fasean aurkeztu beharko dituzten dokumentu guztiak adieraziko zaizkie, horiei dagozkien ereduak emanez.

3.- Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, dagokion laguntzen deialdiaren argitaratzearen hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta epe horren ostean ebazpenik adierazten ez bada, diru-laguntzaren eskaera ukatu dela ulertu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.- Emandako ebazpenak ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta haren aurka gorako errekurtsoa jarri dezakete interesdunek Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpenaren egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

5.- Ebazpena interesdun bakoitzari banaka jakinaraziko zaio, bai proiektuaren lidergoa onartu duen enpresari, eta baita proiektuan parte hartzen duten enpresa guztiei ere, alde batera utzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian erakunde onuradunen, diru-laguntza jaso duten proiektuen eta emandako diru-laguntzen zerrenda argitaratu ahal izango dela, jende guztiak jakin dezan.

6.- Orobat, agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetzealdian badaude behintzat.

20. artikulua.- Diru-laguntzen ordainketa.

1.- Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

a) Ebazpena jakinarazi ondoren, 21.2.a) artikuluan xedaturiko epea igaro eta esanbidezko uko-egiterik ez badago, emandako laguntzaren % 70.

b) Urteko programa amaitu ondoren, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Lurralde Bulegoetan, Sailean bertan, edo Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAn (SPRI) diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatu direla egiaztatzeko eta jarduera horien helburuen betetze maila ziurtatzeko dokumentazioa aurkeztu ondoren, gainerako % 30a. Urtea bete eta segidako aurreneko hiruhilekoan aurkeztu beharko dira honako dokumentu hauek: memoria teknikoa eta faktura-koadroa, gutxienez; Teknologia Zuzendaritzak emandako formulario-eredu bat balia dezakete interesdunek.

2.- Laguntzak ordaindu aurretik, datuak egiaztatzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dio Sailari onuradunak (eskatuz gero), baita goian adierazitako faktura-koadroarekin bat etorri beharko duten behin betiko fakturak ere.

21. artikulua.- Onuradunen betebeharrak.

1.- Onuradunen betebeharra da diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak zuzenean egitea, baita Euskal Autonomia Erkidegoan diruz lagundutako proiektuak gauzatzea ere, proiektuko I+Gko jardueraren zatiren bat EAEtik kanpo azpikontratatzeko aukera alde batera utzi gabe.

2.- Horrez gain, honako hauek ere onuradunen betebeharrak izango dira:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu horretan, diru-laguntza ematearen jakinarazpena jasotzeko egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, onuradunak diru-laguntzari esanbidez uko egiten ez badio, diru-laguntza onartutzat hartuko da.

b) Diru-laguntza eman den jardueretarako baliatzea.

c) Enpresa handien kasuan, laguntzak emateko ezinbestekoa da frogatzea I+Gko jarduerak osagarriak direla, ohiko moduan gauzatzen dituen jarduerez gain. Horretarako, enpresak txosten bat aurkeztu beharko du urtero, proiektuaren egoera zein den eta laguntzaren nondik norako sustatzailea zehaztuz.

d) Proiektuaren garapena osatzen duten lanetarako, eta proiektu horri lotutako bestelako dokumentaziorako sarbide librea izateko baimena ematea Teknologiako Zuzendaritzari, edota horrek izendatutako auditoreari.

e) Publikoki hedatzeko sortzen diren dokumentazioetan, karteletan, propagandan, edota argitalpenetan Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutakoa» esaldia adierazi beharko dira.

f) Teknologia Zuzendaritzari egoki iritzitako egiaztatzeak bideratzeko aukera erraztea emandako diru-laguntzen inguruan, eta eskatzen zaien informazio osagarri guztia erantsi beharko dute onuradunek. Halaber, kasuan kasu, zein enpresa taldekoak diren ere adierazi beharko dute onuradunek.

g) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea gutxienez hamar urtez.

h) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetzean.

i) Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa lortzeko diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla, beste edozein administraziotakoak edo erakunde publiko nahiz pribatutakoak.

22. artikulua.- Erakunde Laguntzailea.

1.- Agindu honetan jasotako araudiari jarraiki emandako diru-laguntzak kudeatzeko, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SA (SPRI) Erakunde Laguntzaile izendatu da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren).

2.- Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAren (SPRI) eginkizun izango dira honako hauek, erakunde laguntzaile gisa:

a) Aurkezturiko eskaerak jasotzea eta hasierako ebaluazioa egitea.

b) Onartutako proiektuak kontrolatzeko eta jarraitzeko prozesuak definitzea eta ezartzea.

c) Justifikatzeko dokumentazioa jasotzea.

d) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

e) Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak programaren kudeaketari buruz egin ditzakeen egiaztatze-jardunak onartzea.

23. artikulua.- Ez-betetzeak.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1. artikuluan (Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituena) aurreikusitako kasuetan, agindu honetan eta aplika daitezkeen gainerako arauetan xedaturiko baldintzaren bat betetzen ez badu onuradunak, edo kasuan kasu, laguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak betetzen ez baditu onuradunak, interesdunari entzun eta dagokion ez-betetze espedientea egin ondoren, administrazio-ebazpenaren bitartez, organo eskudunak laguntza atzera botako du eta, kasuan kasu, jasotako laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzultzeko betebeharra erabakiko du, dagozkion gainerako ekintzak alde batera utzi gabe. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.- Dena den, artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera, ez-betetzat hartuko dira honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko epeak gainditzea, betiere Teknologiako zuzendariak emandako luzapen-baimenik edo aldaketa-baimenik izan ezean.

b) Proiektuaren ildotik ateratzea edo laguntza emateko ebazpenean xedaturiko betebeharren bat ez betetzea.

3.- Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuordeari dagokio ez-betetze espedientea irekitzea eta ebaztea, baita Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAk (SPRI) proposatuta ere, proiektua amaitu aurreko gorabeherek eraginda.

24. artikulua.- Laguntzen aldaketa.

1.- Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein Administraziotik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik, diru-laguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko erabakia alda daiteke; betiere, onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.- Halaber, onuradunak eskatu eta justifikatu ondoren, laguntza eman zuen administrazio-organoak luzapena eman dezake, burutu beharreko jarduerak gauzatzeko; horrelakorik gertatuz gero, dagokion laguntzaren ordainketa ere atzeratu egingo da, alegatutako arrazoiek justifikatzen badute.

3.- Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasotako jardunak gauzatu behar dira, baina Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuordeak aldaketak baimen ditzake, aldez aurretik Teknologiako zuzendariari eskatuz gero, eta erakunde onuradunak behar bezala justifikatuz gero amaitu aurretik, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoa indargabetzen ez badira.

4.- Proiektuak porrot teknikoa izaten badu, hau da, eskaera egitean aurkeztutako ikerketa-proiektuaren deskribapen-memorian aurreikusitako helburuak lortezin bihurtzen dituen konpondu ezinezko huts-egite teknikoak atzemanez gero proiektua garatzean edo amaitzean, Teknologiako zuzendariari eska dakioke onuradunak laguntza emateko administrazio-ebazpena aldatzeko, gauzatutako proiektuaren zatiari egokitzeko. Eskaera onartzeko administrazio-ebazpenean, proiektuaren emaitzak ustiatzeko eskubideen xedea zehazteko aukera du Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuordeak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Aurkeztutako proiektuak aztertu ondoren, agindu honetan ezarritako esparruan, Gaitek proiektuak ez izateagatik diru-laguntza jasotzekoak ez direla erabakitzen bada, Ebaluazio-organoak ofizioz bidera dezake Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren eremuan dauden bestelako Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako laguntza-programetara edo baliabideetara, betiere laguntza-programa horien barruan ezarritako epearen barruan egin bada eskaera.

Bigarrena.- EBko Tratatuak araututako sektore guztietako ikerketarako eta garapenerako laguntzei dagokienez, I+G+Bko Erkidegoko Esparrua aplikatzen da, esparru horren 2.1 puntuaren (5. paragrafoa) arabera. Orobat, estatuko laguntzei buruzko erkidego-araudi espezifikoek zuzentzen dituzten sektoreetarako ere Esparru hori aplikatzen da, araudi horietan besterik xedatu ezean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Honen bidez, indargabetu egiten da Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2005eko ekainaren 27ko Agindua -Produktu Berriak Garatzeko proiektuak egiteko Gaitek programa arautzen duena-, baita agindu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko nahiz txikiagoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du indarra agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko azaroaren 27a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.

I. ERANSKINA / ANEXO I

Urtea/Año

---- ERANTZUKIZUNEZKO AITORPENA / DECLARACIÓN RESPONSABLE

1.- EGITASMOAREN IZENA (izen laburra erabili mesedez).

DENOMINACIÓN DEL PROYECTO (utilice un denominación breve)

2.- ENTITATE ESKATZAILEARI BURUZKO DATUAK / DATOS RELATIVOS A LA ENTIDAD SOLICITANTE

Izena/Denominación

IFZ/NIF

Helbidea (kalea, zk., posta-kodea, herria, lurraldea) / Dirección (calle, n.º, código postal, localidad, provincia)

Legezko ordezkariaren izen-abizenak / Nombre y apellidos de la persona que representa a la entidad

NAN/DNI

3.- HARREMAN-BIDEAK / CONTACTO

Izen-abizenak / Nombre y apellidos

Telefonoa:

Faxa: e-mail:

4.- ADOSTASUNA / CONFORMIDAD

Goian adierazitako entitatearen legezko ordezkari naizen aldetik, eskabide-orri honetan emandako argibide eta datuak egiazkoak direla adierazten dut. Halaber, zin egiten dut Gaitek programako agindu honetako 7.2c) artikuluan aurre ikusitako kausetan murgildu gabe nagoela, eta legez ordezkatzen dudan erakundea(k) (dagokionean hala adierazi):

Ondoren adierazten diren legez kanpoko eta bateraezinak diren laguntza fiskal hauetara ez duela jo: Araba I, II, III (CR 48/99, CR 49/99, CR 58/00); Bizkaia I, II, III (CR 52/99, CR 54/99, CR 60/00); Gipuzkoa I, II, III ( CR 50/99, CR 53/99, CR 59/00).

Goian adierazitako laguntza baten edo gehiagoren onuradun izan dela eta itzuli egin dituela edota blokeaturiko kontu batean ordaindu egin dituela, dagozkion interesak barne.

Goian adierazitako laguntza baten edo gehiagoren onuradun izan dela eta ez dituela itzuli ezta blokeaturiko kontu batean ordaindu egin ere, dagozkion interesak barne.

En representación de la entidad indicada, manifiesto la veracidad de los datos expuestos en este impreso, declaro que no se encuentra inmersa en ninguna de las causas previstas en el artículo 7.2.c) de la Orden reguladora del Programa Gaitek, así como que (indicar el caso aplicable):

No ha accedido a ninguna ayuda fiscal ilegal e incompatible entre las siguientes: Álava I, II, III (CR 48/99, CR 49/99, CR 58/00); Bizkaia I, II, III (CR 52/99, CR 54/99, CR 60/00; Gipuzkoa I, II, III (CR 50/99, CR 53/99,CR 59/00)).

Ha accedido a una o más de dichas ayudas y ha reembolsado la(s) misma(s) o la ha pagado en una cuenta bloqueada, junto con los intereses correspondientes.

Ha accedido a una o más de dichas ayudas y no ha reembolsado la(s) misma(s) ni la(s) ha pagado en una cuenta bloqueada, junto con los intereses correspondientes.

Lekua eta data / Lugar y fecha Zigilua / Sello

Legezko ordezkariaren sinadura / Firma de la persona representante

II. ERANSKINA

IKERKETAKO, ETA GARAPEN ETA BERRIKUNTZAKO ESTATUKO LAGUNTZEI BURUZKO ERKIDEGOKO ESPARRUAREN PROGRAMARI BURUZKO ERREFERENTZIAK DITUZTEN TESTUAK (2006/C, 323/01)

Erkidegoko Esparruko (EE) 2.1. puntua (5. paragrafoa):

EBko Tratatuak araututako sektore guztietako ikerketako eta garapen eta berrikuntzako laguntzei aplikatzen zaie Esparru hau. Era berean, estatuKO laguntzei buruzko erkidego-araudi espezifikoek zuzentzen dituzten sektoreetarako ere aplikatzen da, araudi horietan besterik xedatu ezean.

Erkidegoko Esparruko 2.2.f) puntua:

f) «Industria-ikerketa», existitzen diren produktuak, prozesuak edo zerbitzuak nabarmen hobetuko dituzten produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzeko erabilgarri izan daitezkeen jakintzak eta gaitasunak lortzera bideratutako ikerketa planifikatua edota azterlan kritikoak. Industria-ikerketarako beharrezkoak diren sistema konplexuen osagaiak sortzea barne hartzen du, bereziki teknologia generikoa balioztatzea, g) hizkian jasotako prototipoak izan ezik.

Erkidegoko Esparruko 2.2.g) puntua:

g) «Garapen esperimentala», zientziaren, teknologiaren, enpresaren eta abarren esparruetako jakintzak eta teknikak (aurretik existitzen zirenak) eskuratzea, konbinatzea, itxuratzea eta erabiltzea, produktu, prozesu edota zerbitzu berrien, aldatuen edo hobetuen plan eta egitura edota diseinuak egiteko xedearekin. Barnean hartu ahal izango ditu, esate baterako, produktu, prozesu eta zerbitzuen kontzeptuen definiziorako, plangintzarako eta dokumentaziorako beste hainbat jarduera. Jardueren artean, honako hauek egon daitezke: proiektuak, diseinuak, planak eta bestelako agiri motak egitea, betiere merkataritza-erabileretarako zuzenduak ez badaude.

Orobat, merkataritza-erabilera duten prototipo eta proiektu pilotuak garatzea ere barne har dezake, prototipoa azken merkataritza-produktuaren beharraren eraginez sortzen bada, eta bere fabrikazioa soilik erakusketa- eta balioztatze-helburuetarako garestiegia denean. Geroago proiektu pilotuei edo erakusketa-proiektuei merkataritza-erabilera ematen bazaie, erabilera horrek sortutako diru-sarrera guztiak diru-laguntzekin ordaintzekoak diren kostuetatik kendu beharko dira.

Produktu, prozesu eta zerbitzuen ekoizpen eta saiakuntza esperimentaletarako ere diru-laguntzak jaso daitezke, betiere industria-aplikazioetan edota merkataritza-helburuetarako erabiltzea ahalbidetzen duen moduren batean ezin badira erabili edota eraldatu.

Garapen esperimentalak ez ditu barne hartzen produktuetan, produkzio-lerroetan, fabrikazio-prozesuetan, existitzen diren zerbitzuetan eta martxan dauden bestelako jardueretan egindako ohiko edo aldizkako aldaketak, horrelako aldaketek hobekuntzak eragin baditzakete ere.

Erkidegoko Esparruko 5.1.3 puntua:

5.1.3.- Primak.

Industria-ikerketarako eta garapen esperimentalerako mugak areagotu ahal izango dira, ondoren adierazten den bezala:

a) Laguntzak ETEetara zuzentzen direnean, laguntzaren gehienezko intentsitatea 10 ehuneko-punturekin areagotu ahal izango da (enpresa ertainak) eta 20 ehuneko-punturekin (enpresa txikiak);

b) Laguntzaren gehienezko intentsitatea % 80 artekoa denean, 15 ehuneko-puntuko prima gehitu ahal izango da honako baldintza hauetako bat betetzen bada gutxienez:

i) elkarren artean independente diren gutxienez bi enpresen arteko elkarlan eraginkorra badakar proiektuak, eta honako baldintza hauek betetzen badira:

- ezein enpresak ezin izango du elkarlan-proiektuen kostuen (diru-laguntza jaso dezaketenak) % 70 baino gehiago ordainduko;

- proiektuak gutxienez ETE baten elkarlana eduki beharko du, edo lankidetzak mugaz haraindikoa izan beharko du, hau da, ikerketaren eta garapenaren jarduerak gutxienez bi Estatu kideren artean gauzatzen direnean.

ii) proiektuak enpresa baten eta ikerketa-erakunde baten arteko elkarlan eraginkorra badakar, zehazki, I+Gari buruzko nazio mailako politiken koordinazioaren esparruan, betiere honako baldintza hauek betetzen babadira:

- diru-laguntza jaso dezaketen kostuen % 10 ordainduko du ikerketa-erakundeak gutxienez, eta

- ikerketa-erakundeak ikerketa-proiektuen emaitzak argitaratzeko eskubidea izango du, baldin eta emaitza horiek erakundeak gauzatutako ikerketatik zuzenean eratorriak badira.

iii) soilik industria-ikerketaren kasuan: proiektuaren emaitzak nabarmen hedatzen badira hitzaldi tekniko eta zientifikoen bitartez, edota argitalpen zientifiko edo teknikoetan edo sarbide libreko baseetan (jendeak kontsulta ditzakeen datu-baseak, ikerketa-datu gordinak dituztenak) argitaratzen badira, edota doako programa informatikoen edo jatorri irekiko programa informatikoen bitartez.

i) eta ii) azalpenen ondorioetarako, azpikontratazioa ez da elkarlan eraginkortzat joko. Enpresa baten eta ikerketa-erakunde baten arteko elkarlanaren kasuan, ikerketa-erakundeari ez zaizkio aplikatuko laguntzen intentsitateak eta Esparru honetan zehaztutako gehienezko bonuak.

Erkidegoko Esparruko 5.1.4 puntua:

5.1.4.- Diru-laguntza jaso dezaketen kostuak.

Laguntzaren intentsitatea ikerketa-proiektuaren kostuen arabera kalkulatuko da, betiere diru-laguntza jaso dezaketen kostuak badira. Diru-laguntza jaso dezaketen kostu guztiak I+Gko kategoria espezifiko bati esleitu behar zaizkio.

Honako kostu hauek jaso ditzakete diru-laguntza:

a) Langileen (ikerlariak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak) kostuek, betiere ikerketa-proiektuan soilik jarduten badute;

b) Tresna eta materialen kostuek, behar den neurrian eta ikerketa-proiekturako erabiltzen den aldian. Tresna eta materialak beren bizitza erabilgarrian erabiltzen ez badira ikerketa-proiekturako, ikerketa-proiektuaren iraupenari dagozkion amortizazio-kostuek bakarrik izango dute diru-laguntza jasotzeko aukera. Kontabilitate-jardunbide egokien arabera kalkulatzen dira kostu horiek;

c) Eraikin eta lurren kostuek, ikerketa-proiekturako erabiltzen diren neurrian eta proiektuak irauten duen bitartean. Eraikinen kasuan, ikerketa-proiektuaren iraupenari dagozkion kastuek bakarrik jaso dezakete diru-laguntza, kontabilitate-jardunbide egokien arabera kalkulatu direnek. Lurren kasuan, aldiz, merkataritza-eskualdatzeei dagozkien kostuek edo benetan egindako kapital-kostuek izango dute diru-laguntza jasotzeko aukera;

d) Kontratu-ikerketei, jakintza teknikoei eta kanpo-iturrien lizentzia bidez merkatu-prezioetan erositako edo lorturiko patenteei dagozkien kostuek, betiere eragiketa erabateko lehiako baldintzetan eta kolusio-elementurik gabe egin bada, baita aholkularitza-kostuek eta ikerketa-jarduerari soilik bideratutako zerbitzu baliokideen kostuek ere.

e) Ikerketa-proiektutik zuzenean eratorritako gastu orokor osagarriek;

f) Bestelako funtzionamendu-gastuek, materialen, horniduren eta antzeko produktuen kostuak barne, baldin eta ikerketa-jardueratik zuzenean eratortzen badira.

Erkidegoko Esparruko 7.1 puntua:

7.1.- Ebaluazio zehatz baten eraginpeko neurriak.

Jarraian zerrendatzen diren neurrietan, lehia faltsutzeko arriskua handiagoa da. Hori dela-eta, Batzordeak ebaluazio zehatzagoa egingo du.

REC baten eraginpeko neurriei dagokienez.

- RECek Batzordeari banan-banan jakinarazteko betebeharra jakinarazten dion kasu guztietan.

Esparru honen eraginpeko neurriei dagokienez.

Laguntzaren zenbatekoak gainditzen badu.

- Proiektuetarako laguntzen eta bideragarritasun-azterlanen kasuan:

* Proiektua bereziki ikerketa-arlokoa bada: 20 milioi euro enpresako, bideragarritasuneko proiektu edo azterlan bakoitzeko;

* Proiektua bereziki industria-ikerketaren arlokoa bada: 10 milioi euro enpresako, bideragarritasuneko proiektu edo azterlan bakoitzeko;

* Gainerako proiektuetarako: 7,5 milioi euro enpresako, bideragarritasuneko proiektu edo azterlan bakoitzeko;

- Zerbitzu-materialen prozesu eta antolamendurako berrikuntza-laguntzen kasuan, 5 milioi euro proiektuko eta enpresako.

- Elkarte (klusterrak) berritzaileentzako laguntzen kasuan, 5 milioi euro elkarte bakoitzeko.

Ebaluazio zehatza eginez zera bermatu nahi da, I+G+Bko laguntzen zenbateko handiek lehia ez faltsutzea interes komunaren kaltetan, baizik eta, oro har, interes komunari mesede egitea. Hori gertatuko da estatuko laguntzen onurek, I+G+B gehigarriaren arabera neurtuta, lehiari eta merkataritzari eragindako kalteak gainditzen badituzte.

Ebaluazio zehatza proportzionala da, eta, kasuan kasu, faltsutze-ahalmenaren arabera zehaztuko da. Horren ondorioz, ebaluazio zehatzak ez du zertan ikerketa-prozedura formala irekitzea ekarri, baina halakorik gerta daiteke neurri jakin batzuen kasuan.

Estatu kideek erabateko lankidetza eta informazio egokia eskaintzen badute, Batzordeak bere esku dagoen guztia egingo du ikerketa aurrera eramateko.

Erkidegoko Esparruko 10.1.1 puntua:

10.1.1.- Urteko txostenak.

659/ Arautegian eta 2004ko apirilaren 21eko Batzordearen 794/2004 Arautegian (horren arabera, EBko Tratatuaren 93. artikulua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituen Kontseiluaren 659/1999 Arautegia (EE) aplikatzeko xedapenak ezartzen dira) bildutako betekizunei jarriki, Estatu kideek Batzordeari urteko txostenak aurkeztu behar dizkiote.

Xedapen horietan ezarritakoaz gain, I+G+Bko laguntza-neurriei buruzko urteko txostenek honako informazio hauek ere bilduko dituzte, laguntza-neurri bakoitzeko, baimendutako erregimenei jarraiki emandako neurriak barne:

- Onuradunaren datuak;

- Laguntzaren zenbatekoa onuradun bakoitzarentzat;

- Laguntzaren intentsitatea;

- Laguntzaren xede diren proiektuak egiten diren sektoreak.

Zerga-arloko laguntzen kasuan, urtean 200.000 eurotik gorako zerga-arinketak jaso dituzten onuradunen zerrenda bakarrik aurkeztu behar dute Estatu kideek.

Elkarteentzako laguntzei dagokienez, txostenak elkartearen jarduera ere laburbildu behar du, baita I+G+Bko jarduerak erakartzeko duen eraginkortasuna ere. Emandako laguntzari buruzko informazio gehigarria ere eska dezake Batzordeak, laguntza emateko Batzordeak emandako erabakian bildutako betekizunak bete ote diren egiaztatzeko.

Urteko txostenak Batzordearen Internetgunean argitaratuko dira.

Enpresa handietarako baimenduriko laguntza-erregimen baten babesean emandako laguntza ororen kasuan, Estatu kideek urteko txostenean adierazi beharko dute, halaber, horrelako enpresetarako laguntzek eragin pizgarria nola betetzen duten, 6. kapituluan bildutako adierazle eta irizpideak baliatuz.

Erkidegoko Esparruko 10.3. puntua:

10.3.- Indarrean hastea, baliozkotasuna eta berrikustea.

Esparru hau 2007ko urtarrilaren 1ean hasiko da indarrean, eta data hori baino lehenago ez bada argitaratzen Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean, horretan argitaratzen den egunaren hurrengo egunean, eta ikerketako eta garapeneko estatuko laguntzei buruzko Erkidegoko zehaztapenak ordezkatuko ditu.

Esparru hau 2013ko abenduaren 31 bitartean aplikatuko da. Estatu kideei kontsulta egin ondoren, Batzordeak data hori baino lehenago aldatu ahal izango du esparru hau, halakorik justifikatzen duten lehiakortasunaren edo ikerketaren politikekin lotutako arrazoi garrantzitsuak badaude, edota erkidegoko bestelako politikak edo nazioarteko konpromisoak kontuan hartzeko. Esparrua indarrean hasi eta hiru urte geroago berrikustea aurreikusten du Batzordeak.

Esparrua Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren erabakia eman beharreko jakinarazitako laguntza-proiektuei aplikatuko die Esparru hau Batzordeak, baita argitalpen horren aurretik jakinarazten badira ere. Onartutako eta Batzordeari jakinarazitako laguntza-erregimenen kargurako emandako banakako laguntzak ere barne hartzen dira, laguntza horiek banaka jakinarazteko betebeharra betetzeko.

Legez kanpoko estatuko laguntzen balioztatzeari aplikatu ahal diren arauak zehazteari buruzko Batzordearen Komunikazioari jarraiki, jakinarazi gabeko laguntzen kasuan Batzordeak honako hau aplikatuko du:

- esparru hau, laguntzak esparru hau indarrean hasi ondoren eman badira;

- gainerako kasu guztietan, laguntza ematen denean indarrean dauden Zehaztapenak.


Azterketa dokumentala