Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

245. zk., 2008ko abenduaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
7119

AGINDUA, 2008ko abenduaren 3koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena; 2008-2009 ikasturteko Abelino Barriola sarirako dei egiten duena.

Hezkuntzaren eginkizun nagusietakoa izan ohi da, jakina denez, eskola-umeen irakurmena landu eta testu idatziak ahoz adierazten erakustea.

Hizkuntzaren ahozko adierazmena bat-bateko mintzamenez mamitzen da nagusiki. Hala ere, garrantzitsua da gaztejendeak behar den erraztasunez, ebakera zuzenez eta doinuera egokiz irakurtzen jakitea.

Behar hori are nabarmenagoa da jendaurreko erabilera-eredu zuzenak aski mugatuak dituzten eremu urriko hizkuntzen kasuan: hor sartzen da, bete-betean sartu ere, euskararen egoera.

Belaunaldi berriek euskaraz egiten ondo jakingo badute, boz goran prestu irakurtzen jakin beharko dute, besteak beste. Eta ondo irakurtzen, bistan denez, eskolan ikasi beharko dute nagusiki.

Irakasleen zeregina eta eragimena funtsezkoa da alor honetan: garrantzi handia du, alegia, irakasleak umeen irakurmen-lanketari zenbateko atentzioa eskaintzen dion eta zer-nolako irakaspidez baliatzen den.

Euskara jendaurreko komunikabideetara (irrati-telebistak, megafoniazko azalpenak e.a.) zabaltzen ari den honetan, bestalde, aski nabarmen agertzen ari da euskal belaunaldi berrien boz gorako irakurmena asko hobetu daitekeela. Hobekuntza-bideak huts-hutsik eskolaren esku ezin utz badaitezke ere, eragile nagusi eta garrantzitsua izan daiteke berau.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, behar honetaz jabeturik, xede hori lortzen lagunduko duten baliabideak indartu nahi ditu.

Honen haritik

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- 2008-2009 ikasturteko Abelino Barriola sarirako deia onartzea, Agindu honen eranskinean zehazten diren oinarri-arauen arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009 urteko aurrekontu orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotea edo ez egotearen menpe geratuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Oinarri-arauek jardunbide kontuan begiz jo gabeko orotarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena hartuko da oinarri.

Bigarrena.- Interesatuak deialdia eta oinarri-arauak inpugnatu ahal izango ditu, bai eta horien ondorioz Administrazioak egin ditzan egintza oro ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioko Legean ezarritako epean eta eran.

Hirugarrena.- Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengoan sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 3a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

I. ERANSKINA

OINARRI-ARAUAK

1.- 2008-2009 Ikasturteko Abelino Barriola irakurmen eta deklamazio-lehiaketa jakinarazten da.

2.- Helburu bi ditu Abelino Barriola sari-lehiaketak:

- Euskaraz irakurtze eta deklamatze kontuan emaitza hoberena lortzen duten ikasgelei berariazko saria eskaintzea.

- Deialdiaren helburu diren emaitzak lortzeko ahalegin berezia egin eta saria irabazten duten taldeen irakasle arduradunei berariazko saria eskaintzea.

3.- Lehiaketa honetan 2008-2009 ikasturtean hurrengo atalean zehazten diren mailetako ikasgelek parte hartu ahal izango dute.

Ezingo dute deialdi honetan parte hartu Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko legearen testu bateratuaren 50. artikuluko 5. paragrafoak, Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatuak, ezarritako arrazoiren baten eraginpean daudenak. Honen haritik, Lege horrek aipatu artikuluan ezarritako arrazoiren baten eraginpean ez dagoela egiaztatzen duen zinpeko aitormena egin beharko du eskatzaileak.

4.- Eskola-umeen maila eta eredu desberdinak kontuan izanik, zazpi multzotan banatuko dira Abelino Barriola sari-lehiaketara aurkez daitezkeen ikasgelak:

A eredua LMHko 5. eta 6. maila Sari 1

A eredua DBHko 1. eta 2. maila Sari 1

B eredua LMHko 5. eta 6. maila Sari 1

B eredua DBHko 1. eta 2. maila Sari 1

D eredua LMHko 3. eta 4. maila Sari 1

D eredua LMHko 5. eta 6. maila Sari 1

D eredua DBHko 1. eta 2. maila Sari 1

Lehia multzo horietako bakoitzean jokatuko da eta ez parte-hartzaile guztien artean. Esan nahi baita, A ereduko LMHko 5. eta 6. mailakoak eredu eta maila berekoekin alderatuko direla. Berdin-berdin beste sei multzoetako bakoitzean.

5.- Sari-lehiaketaren zazpi arlo horietarako epaimahai bakarra izendatuko du Hezkuntza sailburuordeak. Ondoko erakunde edo esparru hauetariko ordezkari bana izango du epaimahai honek:

- Euskaltzaindia. Erakunde honen ordezkaria izango da epaimahaiburu eta berak erabakiko du botu-berdinketa gertatzen bada.

- EITB (Euskal Irrati-Telebista).

- Berritzeguneetako hiru Hizkuntza Normalkuntzako Teknikari.

- Euskal deklamazio-alorrean berariazko itzala duen jakitun bat.

- Euskara Zerbitzuko bi kide, hizpidez baina boturik gabe (hauetariko bat idazkari).

Epaimahaia sortzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.5 artikuluan agindutakoari jarraituz, bermatu egingo da trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dela.

6.- Epaimahaiak honako puntuok izango ditu kontuan:

a) ikasgelak dira aztergai, ez banakako ikasle hau edo hura. Batez bestean ongien irakurtzen edota deklamatzen dakien ikasle-taldea sarituko da, beraz.

b) euskara batuan zein literatur euskalki batean idatzitako testuak aukeratu ahal izango dira irakurgai (ikus 9. oinarri-arauan ezinbesteko eta aukerako testuen zehaztasunak).

c) irakurmen eta deklamazio-maila hoberen hori zein taldek duen neurtzeko, ondoko irizpideok izango dira gidari:

- Abiadura handiegia saihestu egin behar da. Testuaren ezaugarriei lotuta erabaki behar da mantsoago ala bizkorrago irakurri, baina inoiz ere lasterregi egin gabe. Alboratu egin behar da zenbat eta arinago irakurri orduan eta hobe delako ustea.

- Irakurtzen arituko ez balira bezala irakurtzen saiatu behar dute ikasleek: sinesgarritasuna, testua sentitzea, testua irakurtzen gozatzea... Adin eta ezaugarri jakin horietako ikasleak izanik irakurle, beraiek sentitzeko moduko testuak aukeratzeak emaitzak asko hobetu ditzake arlo honetan.

- Isiluneak egin beharra dago. Isiluneak testuak eskatu ahala eta behar den bezala egiteak asko hobetzen du emaitza, goian aipaturiko sinesgarritasuna lortze aldera.

- Euskararen fonetika-legeak eta ebakera-arauak ahalik eta ongien errespetatu behar dira, erdal interferentziak ahal den neurrian ezabatuz. Beraz, eta besteak beste, «yeismo»ari aurre egingo zaio eta tz/ts/tx fonemen ebakera zuzena berariaz zainduko da.

- Erdal doinuari eta batez ere haren eraginez azentuak azkenaurreko silaban jartzeko joerari itzuri egiten saiatu behar da.

- Euskararen doinuera egokia, berdin du euskara batuan edo euskalkiren batean idatzitako testua irakurri, oso bereziki zaindu beharko da: aho-hizkuntzaren mintzamolde jatorra izango da patroi eta eredu (ez zen = etzen...); beraz, euskal hiztun onen ohiko erabilerari egin behar zaio kasu.

- Naturaltasuna eta, kasuan kasuko testuaren arabera, enfasi-indarra kontuan hartzekoak dira orobat. Galdera markak normalean ez dira behetik gorako doinuan amaitzen. Harriduretan ere joera artifizialak saihestu egin behar dira inondik ere.

7.- Lehiaketa honetan parte hartzeko orria irakasleak bete behar du, ikasgelaren izenean.

8.- Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoak dioena betez, parte hartzaileak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari baimena ematen dio, eskabidean jasotako datuak bere informatika-fitxeroetan sar ditzan. Parte-hartzaileak, datuetara sartzeko, datuak aldatzeko eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi badu, Hezkuntza Sailburuordetzara jo dezake: Donostia kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz.

9.- Ikasturtearen lehen eta bigarren hiruhilekoan burutuko da irakurmen- eta deklamazio- lanketa. Lanketa horren ondorio gisa, bere ikastaldearen grabazio bat egingo du irakasleak kasetean edo CDan. Kasete edo CD hori, parte hartzeko orriarekin batera bidaltzeko epea, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik 2009ko martxoaren 2ra artekoa, egun hau barne, izango da. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean aurkeztu behar dira, honako helbide honetan:

Eusko Jaurlaritza (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila)

Euskara Zerbitzua-Abelino Barriola saria

Donostia kalea 1

01010 Vitoria-Gasteiz

10.- Grabazioa egiteko honako testu hauek irakurriko dira, ordena honetantxe:

a) Ezinbesteko testua: antzerki zati bat, pertsonaia adinbat ikaslek esana (III. eranskina).

b) Taldeak berak aukeratuko dituen hitz lauzko bi irakurgai, beste 2 ikaslek irakurriak; LMH 3-4 mailakoentzat bi ipuinetatik hartuak eta LMH 5-6 eta DBH 1-2 mailetakoentzat bi eleberritatik hartuak.

c) Taldeak berak aukeratuko dituen bi olerki, beste 2 ikaslek irakurriak.

11.- Grabazioak honako ezaugarriok izan behar ditu:

- Ikasgela bereko esatari hoberenen grabazioa izango da.

- Gehienik 6-8 minutu iraungo du grabazio osoak, tarteko isilaldiak barne, eta isilaldi hauetako bakoitza gehienez 15 segundokoa izango da.

- Grabazioaren hasieran ikasgelaren izengoitia entzungo da (urtetik urtera izengoitia aldatu eta leku edo toponimia erreferentziak saihestu egin behar dira). Izengoitiaren ondoren, irakurgai bakoitzaren aurretik, kasuan kasuko ikaslearen zenbakia.

- Gutxienezko kalitatea izan beharko du grabazioak (ahotsak garbi entzun eta ulertzeko moduan).

12.- Aipatutako izengoiti berberori eta parte hartzen den kategoria (A-LMH 5-6, A-DBH 1-2, B-LMH 5-6, B-DBH 1-2, D-LMH 3-4, D-LMH 5-6 edo D-DBH 1-2) beste ezer ez da azalduko kasetean edo CDan, bi lekutan idatzita (kasetean edo CDan ezabatzen ez den tintarekin idatzita eta kutxaren bizkarrean).

13.- Kasete edo CD horrekin batera gutunazal itxi bat bidali behar da. Gutunazal horrek kanpoko aldean eta ageri-agerian hauxe bakarrik behar du idatzita:

- Izengoitia.

- Kategoria: A-LMH 5-6, A-DBH 1-2, B-LMH 5-6, B-DBH 1-2, D-LMH 3-4, D-LMH 5-6 edo D-DBH 1-2.

Barruan, berriz, bi orri:

- Honi erantsitako parte hartzeko orria (II. eranskina) behar bezala beteta.

- Beste orri bat ikasgela osoaren zerrenda zenbakituarekin, grabazioan entzuten diren ikasleen izen-abizenak azpimarratuta.

Kasetea eta gutunazal itxia sobre handiago baten barruan bidaliko dira. Agindu honen 8. oinarri-arauan zehazten da nora eta noizko.

14.- Sariak honako hauek izango dira:

- Zazpi ikasgela hoberenentzat (kategoria bakoitzeko bana, normalean) Ipar Euskal Herrirako 3-4 eguneko bidaia. Bidaia horretara ikasgela osoak joango dira, ez bakarrik grabazioan entzuten diren ikasleak.

- Bi sari berezi.- Epaimahaiak urtero bi ikastetxe sarituko ditu. Lehiaketa honetan aurreko urteetan eta aurtengoan izandako partaidetza edo merezimendu bereziak sarituko dira atal honetan. Ikastetxe hauek ere aurreko pasartean aipatzen diren beste zazpi ikastetxek duten sari berbera izango dute. Ondoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak bi sari hauen izendatzeko:

Aurreko urteetan parte hartze nabaria izana.

Urte honetako parte hartzea.

Saria irabazteko finalisten artean egon izana.

Ikastetxearen egoera soziolinguistikoa.

Betiere ikastetxea da sariaren onura jasotzen duena eta berau saria zein ikasle talderi (gela bat) eskainiko zaion erabakiko duena.

- Saria irabazten duen ikasgela bakoitzeko irakaslearentzat astebete inguruko bidaia. Euskaldunok bezala bere hizkuntza indarberritzen saiatzen ari den edo ahozkotasunean ibilbide luzea egin duen herrialde batera egingo da bidaia.

15.- Ikastetxe bakoitzak nahi adina kasete edo CD aurkez ditzake lehiaketara, baina ikastetxe bakoitzeko gela bakarrak jaso ahal izango du saria.

Epaimahaiak ikastetxe bereko ikasgela bat baino gehiago jotzen badu irabazle, horietatik saria jasotzeko merezimendu gehien duena zein den ere erabaki beharko du. Besteari/besteei zegokien saria, dagokion mailan hurrena geratu den beste ikastetxe bateko ikasgela bati egotziko zaio.

Multzoren batean kaseterik edo CDrik aurkezten ez bada edo aurkeztutako lanek epaimahaiaren ustez multzo horretarako gutxienezko mailarik ez badute, kasuan kasuko saria eman gabe utzi ahal izango da. Multzo batean eman gabe utzitako saria beste multzo batean eman ahal izango da, hartarako merezimendurik duenik badago.

16.- Aurkeztu diren kaseteetako edo CDetako irakurle onenekin CD bat argitaratuko da; CD horri ahalik eta zabalkunde handiena emango zaio eta ikastetxeetara eredu gisa bidaliko da. CD honen esplotazio eskubideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hartzen ditu bere gain edozein lege eraginen aurrean.

17.- Epaimahaiak sarien ebazpen-proposamena helaraziko dio Hezkuntza sailburuordeari eta honek hartuko du Erabakia deialdia argitaratzen denetik hasi eta sei hilabeteko epean EHAAn argitaratuko du.

Aipaturiko epean ebazpen espresurik ematen ez bada, bere kasetea edo CDa ez dela saritu ulertu behar du parte-hartzaile orok.

18.- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak beharrezko neurriak hartuko ditu deialdi hau mamitzeko.

II. ERANSKINA

2008-2009 ikasturteko

ABELINO BARRIOLA SARIAN PARTE HARTZEKO ORRIA

IKASTETXEAREN DATUAK

Izena: Kodea

Helbidea: Tfnoa. .................................

P. kodea: ........ Herria: Lurraldea: ........................

IKASGELAREN DATUAK

Taldearen izengoitia:

A eredua: LMH 5 LMH 6

A eredua: DBH 1 DBH 2

B eredua: LMH 5 LMH 6

B eredua: DBH 1 DBH 2

D eredua: LMH 3 LMH 4

D eredua: LMH 5 LMH 6

D eredua: DBH 1 DBH 2

IRAKASLE ARDURADUNA

Izen-abizenak

EZINBESTEKO IRAKURGAIA (Antzerki zati bat: ikus III. eranskina)

TALDEAK AUKERATZEKO IRAKURGAIAK

1.- Prosako irakurgaiak:

1.1.- Izenburua Egilea .......................................................

Liburua Liburuko zer orrialde? .......................................................

1.2.- Izenburua Egilea .......................................................

Liburua Liburuko zer orrialde? .......................................................

2.- Olerkiak:

2.1.- Izenburua Egilea .......................................................

Liburua Liburuko zer orrialde? .......................................................

2.2.- Izenburua Egilea .......................................................

Liburua Liburuko zer orrialde? .......................................................

Arduradunaren

sinadura Ikastetxearen

zigilua Zuzendariaren

sinadura

........................(e)n, 2009ko .............aren .....(e)an

ZINPEKO AITORMENA

Eskabide hau sinatzen dugunok zera aitortzen dugu: sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik ez dugula zigor administratibo edo penalik jaso, ez eta Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako Legea dela bide inolako debekurik.

ARGIBIDEAK

1.- Orri hau, eskatzen diren datu guztiak beteta, gutunazal itxiaren barruan bidali behar da. Gutunazal horri kanpoko aldean bakar-bakarrik taldearen izengoitia eta parte hartzen duen kategoria jarriko zaizkio.

2.- Gutunazal itxia eta grabatutako kasetea edo CDa sobre handiago batean sartu eta helbide honetara bidali behar dira 2009ko martxoaren 2rako:

Eusko Jaurlaritza (Hezkuntza)

Euskara Zerbitzua - NOLEGA

(Barriola lehiaketa)

Donostia kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz.

3.- Ikastetxe bereko ikasgela bat baino gehiago aurkez daiteke. Kasu horretan, ikasgela bakoitzeko parte hartzeko orri bana bete behar da.

III. ERANSKINA / ANEXO III

A eredua - LMH 5-6

EZINBESTEKO IRAKURGAIA

Modelo A - EP 5-6

LECTURA OBLIGATORIA

GUK LOVE PIRATAK (Sondikako Gorondagane h. i.)

ESKOLA ANTZERKIA 9

Nagusia Mila ekaitz, trumoi eta tximistarengatik, nor ausartzen da gure atea jotzen?

Elein Geu gara, ez al da hau piraten eskola, kortsario andrea?

Nagusia Bai, hau da.

Sukaldaria Nola enteratu zarete?

Bizargorri Floro loroak esan digu, pirata nagusi jauna.

Ezpataria Ene! Portuko labezomorroak! Piratak izateko jenio txarra behar da, ezin duzue jendea begirunez tratatu.

Nagusia Pirata onak izateko, hau da, lapurrak edo filibustero basatiak izateko, hiru proba gainditu behar dituzue. Eta gainera gure kanta ikasi eta gogoz abestu.

Marinelak (Abesten) Ron, ron, ron, botila bete ron.

Ron, ron, ron, botila bete ron.

Nagusia Hori ez da gure kanta. Gainditu eta gero erakutsiko dizuegu. Ea, sasi-piratak, ilaran! Hauek dira probak: Bazkari nazkagarria, Ezpata duelua, Altxorraren bila.

Sukaldaria Piraten bizitza oso gogorra da, itsaso zabalean egunak eta egunak igaro behar, beti bazkari berbera jaten... nahiz eta txarra izan. Horregatik oso inportantea da pirata batentzat, edozein gauza jaten eta edaten jakitea.

Zuen lehenengo proba zopa prestatzea da. Hemen duzue lapiko bat eta hondartzan dagoen su-toki horretan prestatu.

Kako Oker Eta osagaiak?

Sukaldaria Zuen kontura. Denak balio du. Prest daukazunean abisatu bazkaltzeko.

2. agerraldia

Elein Beno, ura badago lapikoan, gainontzekoak bota behar dizkiogu.

Kako Oker Ea motxilan zer ekarri dugun: gusanitoak? Bai; txokolatea? Bai; gailetak? Ere bai.

Bizargorri Nik txikleak ditut.

Kako Oker Bota horiek ere.

Elein Zopa egiteko, barazkiren bat ere bota behar da.

Kako oker Hartu belar horiek.

Bizargorri Begira zer topatu dudan. Balioko ote du? Arraina, supermerkatuko hondakinak, galtzerdi zikin bat...

Kako Oker Bota, ba. Uumm!! Usain ona du. Zuek uste duzue pirata sukaldariari gustatuko zaiola?

Elein Edozer jateko gai dela esan du berak.

Kako Oker Honi begira dago. Katilu batean emango diogu zer sartu diogun ikusi ez dezan.

Bizargorri Bale. Hemen goilara.

Itsasontzira doaz, atea jo eta deitu.

3. agerraldia

Elein Sukaldari jauna! Sukaldari jauna!. Hemen duzu zure zopa.

Sukaldaria Nork esan dizue nire zopa dela? Ea... probatuko du... Non dago zuen loroa? Desagertu egin da. Marinelak! Itsasoko arratoiak! Zatozte hona! Hemen duzue bazkari nazkagarria jateko prest!

Marinelak Agintzen duzuna, sukaldari nagusi!

1 marinela Mm! Mm! Benetan goxoa!

2 marinela Mm! Mm, ea osagaiak asmatzen ditugun! Nik esango nuke... tximu-burmuinen zapore berezi hori argi dagoela.

1 marinela Gehiago esango nuke nik. Ez duzu nabaritzen suge-solomoaren zapore liluragarria?

2 marinela Eta den-dena sendabelarrez hornitua.

1 marinela Ron-baso eta erdi daukala ahaztu gabe.

Sukaldaria Zorionak, sasi-piratak! Lehenengo proba... Gaindituta

A eredua - DBH 1-2

EZINBESTEKO IRAKURGAIA

Modelo A - EP 1-2

LECTURA OBLIGATORIA

RAMONEN ROBOTA (Zegamako Aitxuri h.i.)

ESKOLA ANTZERKIA 9

Kuni Arratsalde on!

Iñaki Baita zeuri ere! Leirek kontatuko zizun gertatutakoa...

Kuni Jakinaren gainean nago. Hau al da dena hondatzen duen Roker famatu hori? Ea, non da txartela? (Iñakik txartela ematen dio) Maki, idatzi paper honetan: «Barkatu hautsitakoa. Ea Roker gustatzen zaizun. IÑAKI.»

(Kuni bi paperak hartu eta konparatzen hasten da) Bai, argi dago bi pertsona diferenteren letrak direla. Gainera esango nuke Rokerrena emakume batek idatzitakoa izan dela. Gutxi gora behera 50 urtekoa... Aizue, zuen robot honek hitz egiten al du?

Mikel Bai, primeran ulertzen zaio esaten duena.

Kuni Bai? Orduan zergatik ez diozue galdetzen nork sortu duen?

Iñaki Egia!

Leire Gu gara melokotoi-koadrila!

Mikel Bai, neska! (Ramon irteten da iskanbilaren ondorioz)

Ramon Zer gertatzen da hemen?

Iñaki Ixo, ixo.Roker, nork bidali zaitu? Roker ostikadaka hasten da)

Roker I-i-i ña-ña-ña-kik-kik-kik.

Iñaki Nik ? Gezurra besterik ez duzu esaten!

Ramon Dena aldrebes egiten du honek!

Kuni Ba, alderantziz galde egiozue!

Iñaki Hori da, nork ez zaitu bidali, esan, nork ez zaitu egin?

Roker Ron- Ronal- Ronald- Ronaldi- Ronaldinak.

Mikel Zeinek?

Ramon Ronaldina esan du. Nor izango zen, ba! Beti izan dit inbidia! (Lagun koadrila ahozabalik dago Ramoni begira) Garai batean nire laguntzailea izan zen, zuek oso txikiak zinetela, baina orduko nire asmakuntza onenaren planoak lapurtu eta saldu egin zituen atzerrian diru pila baten truke. Benetan haserretu nintzen eta kanpora bota nuen. Harrezkero dakidan bakarra sasi-zientzialaria dela, laguntzaile barregarri bat duela eta jendea izorratzen dabilela.

Roker La- la- gun- gun- du- du. Ronal didi (Iñakik eskuarekin ahoa tapatzen dio)

Iñaki Mikel, zeloa pasaidazu (Rokerri ahoa zeloaz estaltzen dio)

Leire Eta orain zer egingo dugu?

Mikel Badakit zer egin!

Leire Txxx! Ez ezazu zure ideia xelebre horietakorik bota!

Kuni Utziozu gizajoari pentsatzen duena esaten.

Mikel Eskerrik asko, jauna. Zer iruditzen zaizue esakutitz bat bidaltzen badiogu Ronaldinari sari bat irabazi duela esanez?

Leire Saria, zergatik?

Mikel Zergatik izango da, ba? Hain robot ona sortzeagatik... (Robota deskribatzen hasten da) eta gainera hitz egin dezake! Jarriko diogu udalak saritu egin duela eta 1.500 eurokoa dela saria, aurkezteko udaletxean apirilaren 14an, eguerdiko 12:00etan egingo den sari-banaketara. Bai?

Leire Behingoz zerbait zentzuzkoa asmatu duzu!

Mikel Ja, ja, ja! Zer uste duzu, ba? Tentela naizela?

Ramon Bale! Neuk idatziko diot eskutitza.

B eredua - LMH 5-6

EZINBESTEKO IRAKURGAIA

Modelo B - EP 5-6

LECTURA OBLIGATORIA

DIRUAK SENDATU DU (Amezketako Zumadi h.i.)

ESKOLA ANTZERKIA 7

Sukalde zahar batean aiton-amonak, gurasoak eta izeba ari dira bakoitza bere lanean.

Amona Egunero jaisten nintzen ni herrira, egunero, marmitak hartuta. Baita jai egunetan ere.

Ama Horregatik zaude orain hain okertuta.

Amona Okerra bai, baina burua zuzen, e, zuzen.

Aitona Zer, gizen?

Amona Gizen ez, zuzen, zuzen.

Aitona A! goizen!

Aita Ni ere okertuko naiz martxa honetan. Zapatak konpontzea lan neketsua da, gero!

Ama Bai, egunean oinetako pare bat ere ez duzu konpontzen eta.

Aita Zuk zer uste duzu, oinetakoak konpontzea bazkaria prestatzea dela?

Ama Ez, errazagoa.

Aita Errazagoa?

Ama Noski. Zuk utzitakoak nik bukatu izan ditut behin baino gehiagotan. (Alaba sartzen da soinekoa eskuetan duela)

Izeba Nora zoaz orain, Iñaxi? Goiz da oraindik, ez?

Alaba Festara, izeba; ez al dakizu Orexako festak direla? Ama, hau plantxatzen denbora asko behar al duzu?

Ama Ez, baina zeuk ere ez duzu asko behar eta nik baino sasoi hobea daukazu.

Amona Horixe, hartu plantxa eta hasi! Jesus, Maria eta Jose, nik plantxatu ditudan arropa pilak.

Aita Baita nik ere.

Amona Zuk, zuk plantxatu? Bai, ipurdi azpiko kojina.

Aitona Ze., mina?

Amona Mina ez, kojina, kojina.

Aitona A! Fina. (Umea sartzen da sukaldean)

Alaba Baina zuk hobeto plantxatzen duzu, ama, eta gaur Orexan primeran egon nahi dut, badakizu... hango mutilek ez daukate parekorik!

Izeba Esatea ere horrelakorik!

Umea Aita, propina emango al didazu kontu bat esaten badizut?

Aita Zer kontu? Tira, tira, esan azkar.

Umea Josetxo neska batekin ikusi dudala.

Amona San Donato! Herriko plazan gainera. Zer zurrumurru ote daude herrian?

Alaba Tira amona, orain ez da lehengo konturik eta.

Umea Propina, aita.

Aita Zer propina eta zer arraio. Zoaz kalera hemendik!

Izeba Lotsak ez du behintzat galduko ume hau.

Umea Joe, hurrengo batean ez dizut ezer kontatuko.

Amona Lotsagabea!

Aitona Zer, labea?

Amona Labea ez, lotsagabea, lotsagabea.

Aitona A! Loa baino hobea.

B eredua - DBH 1-2

EZINBESTEKO IRAKURGAIA

Modelo B - EP 1-2

LECTURA OBLIGATORIA

DIRUAK SENDATU DU (Amezketako Zumadi h.i.)

ESKOLA ANTZERKIA 7

Emakumea (Atea jo dute) Egunon denoi.

Denak Baita zeuri ere, Joakina.

Emakumea Erabat kezkatuta natorkizue gaurkoan, ikusitakoa ikusi ondoren.

Ama Eta zer ikusi duzu ba, Joakina?

Emakumea Gure garaian ez zen holako konturik, gaur egun berriz.

Izeba Gaur zer?

Aita Txakurren bat ikusi al duzu zapatak jantzita?

Emakumea Ez, txakurra ez, zuen seme Josetxo...

Aita Gure semeak ez du zapata faltarik izan, horretarako nago ni hemen.

Emakumea Zapatak bazituen bai, baina nezka bat ere bai bere inguruan.

Amona San Donato! Herri osoa guri begira.

Aitona Zer, mendira?

Amona Mendira ez, begira, begira.

Aitona A! Sokatira.

Alaba Eta zer gertatzen da? Bi gazte elkarrekin ikusi dituzulako arnasa hartu ezinik jarrita zaude?

Ama Ez zaitez kezkatu horregatik, Joakina. Zer kalte ikusten duzu bi gazte hizketan egotean?

Alaba Zulo guztietatik begira zaude zer ikusiko zain.

Emakumea Beno, zuek jakin beharreko kontua zela iruditu zait eta horregatik kontatu dizuet. Konpondu al dituzu nire zapatak?

Aita Bai, hementxe dituzu.

Emakumea Mila esker, Jainkoak ordainduko dizkizu. (Joan egiten da)

Aita Jainkoak ordaindu? Jainkoak konpondu al dizkio zapatak horri?

Alaba (Haserre) Dena gaizki ikusten du horrek.

Kontxixi Ai, ai, ai! Hau ere niri egokitu behar zitzaidan.

Izeba Zer duzu Kontxixi, min hartu al duzu?

Ama Etxeko txakurrak ez zizun ba helduko?

Kontxixi Ez, ez, zuen txakurrak asko maite nau, gaur ere ogi koxkor bat eman diot.

Ama Banengoen, ba, ni.

Izeba Jakiteko gogoz nago oraintxe. Zer gertatu zaizu?

Kontxixi Ez zenuke berehalakoan asmatuko.

Aita Ibili danzan, hamabi urte dituzulakoan.

Kontxixi Zaude isilik, alferrontzi arraioa, erru osoa zurea da eta!

Aita Hara, berriz. Isilik egon izan banintz...

Kontxixi Gogoratuko zarete goizean nola eraman dudan zapata parea ustez konponduta.

Denak Bai, bai.

Kontxixi Ba, ikusi orain denok. Hau al da oinetakoak konpontzea? (Iltzea erakusten die)

Amona Nolako iltzetzarra, zorrotza gainera.

Aitona Zer, niñera?

Amona Niñera ez, gainera, gainera.

Aitona A! bainera.

Aita Tira, tira, hori kolpe batekin konponduko dut nik.

Kontxixi Zapata bai, eta nire hanka? Ai, ai...

Aita Kitto! Barkatu, emakume, ez da horrenbesterako izango.

Kontxixi Beste zapatiririk herrian balego... (Badoa herrenka)

D eredua - LMH 3-4

EZINBESTEKO IRAKURGAIA

Modelo D - EP 3-4

LECTURA OBLIGATORIA

SUSANITA ETA BURBUILAK (Bilboko Madre de Dios ikastetxea)

ESKOLA ANTZERKIA 9

Haizea Kaixo, Gorri! Kaixo, Pakorro erlastarra! Kaixo, lagunok! Kaixoooooo! Zertarako deitu nauzue?

Larrosa Kaixo, Haize, gauza bat galdetu nahi dizugu! Zu leku guztietan zaudenez, ea Susanita ikusi duzun jakin nahi dugu.

Haizea Bai, ez nintzen konturatu eta indarrez putz egin nuen eta petalo bat askatu nion.

Larrosa Beste bat! Orain orduan billar bola baten itxura edukiko du.

Haizea Baina ez zidan kasurik egiten, oso txarto zegoen.

Erlastarra Bai, Miss Petuniaren lehiaketa irabazi duen momentutik ez du inor agurtzen eta ez dio inori kasurik egiten, ez bere lagunei ezta Gorriri ere. Kamuñas Konde nazkagarri horrekin bakarrik dabil.

Haizea Eta zer egingo duzu, Gorri? Hor geldituko al zara ezer egin gabe?

Larrosa Ez! Susanita lehen bezalakoa izatea lortuko dut... Baina, nola?

Haizea Ni neuri ez zait ezer bururatzen.

Erlastarra Zer iruditzen zaizue Kanikon aztiari galdetzen baldin badiogu? Basoan bizi da. Agian berak lagunduko digu.

Larrosa Baina... oso arraroa dela esaten dute. Eta beldur pixka bat ere ematen dit.

Haizea Ez al duzu zure lagunarengatik horrenbeste egingo?

Larrosa Bai, bai, noski. Kanikon, Kanikon! Non zaude Kanikon

Kanikon (Haserre ateratzen da). Nork deitzen dit? Arraioa!

Larrosa Ba, ba, ba, nik, Gorri Ederrek.

Kanikon Arraioa! Eta zer nahi duzu?

Larrosa Ba... begira, jakin nahi nuke zer egin Kamuñas Kondeak Susanita bakean uzteko eta hura berriz gurekin bueltatzeko.

Kanikon Arraioa! Hori besterik ez duzu nahi? Bai, badakit zer gertatu zaion Susanitari. Arraioa! Kamuñas Konde horrek zigor bat behar du. Arraioa! Patata-purea baino txarragoa da, dena dela badakit zer egin daitekeen. Arraioa! Zatozte, kontatuko dizuet. Arraioa! (Hurbiltzen dira eta belarrira hitz egiten die) Bis, bis, bla, bla, bla. Arraioa!

Erlastarra Noski! Zer erraza! Eskerrik asko, Kanikon aztia.

Larrosa Bai, eskerrik asko!

Kanikon Ez dago zergatik, arraioa! Zorte on!

3. agerraldia. (Susanita ateratzen da petalorik gabe burbuilak ateratzen eta gero larrosa ispiluarekin eta erlastarra.)

Bitxilorea Non ote nago. Jik! Azkeneko masajeak eta hartu ditudan azkeneko pilulek lur jota utzi naute. Jik! Baina eder nagoenez, aurrera. Jik! Nor dabil hor? Jik! Irten dadila! Jik!

Larrosa Kaixo, Susanita. Ni naiz, Gorri. Gogoratzen zara nitaz? Laguntzera etorri naiz eta Pakorro erlastarra ere bai.

Bitxilorea Laguntzera? Jik! Zuek ez zarete nire lagunak, ez zaituztet behar ezertarako. Jik!

Erlastarra Ba, nik, baietz esango nuke, zainzuri lehor bat dirudizu ta.

Bitxilorea Zer esan nahi duzu, eulitxo horrek?

Larrosa Pakorrok esan nahi du... ez zarela zeu, ez zara betikoa...

Bitxilorea Ez, noski! Orain ederragoa naiz.

Larrosa Eder...? Gustatzen zaizue zuei, lagunoi? (EZZZZ) Horrela ez zara ederra, zure mozkorti itxurak ikara ematen du eta kirats hori... bufff! Ez duzu ispilurik erabiltzen ala?

Bitxilorea Egia esan, Kamuñas kondeak ez dit ispilua erabiltzen uzten.

Erlastarra Jakina! Ispiluak apurtu egingo zenituzke itsusiaren itsusiaz, ja, ja, ja...

Larrosa Ez barrerik egin, Pakorro, begira hemen dut ispilu bat, tira, begiratu!

Bitxilorea Aaaggg! Hori naiz ni! Gorri, arrazoi duzue. Oso txarto nago. Kamuñas horrek engainatu egin nau eta gainera lagunak galdu ditut nire harrokeriagatik.

Larrosa Hori ez da egia, ni oraindik zure laguna naiz eta lehen bezalakoa izaten lagunduko dizut.

D eredua - LMH 5-6

EZINBESTEKO IRAKURGAIA

Modelo D - EP 5-6

LECTURA OBLIGATORIA

LAPURKETA ARRAROA (Zestoako Zestoa h. i.)

ESKOLA ANTZERKIA 7

Lapur handia Egunon Diru! Dirua irabazteko egun ederra gaurkoa, ezta?

Diru Egun ederra? Baita zera ere. Oraintxe bertan lapur txiro eta txepetx batzuk diru poltsa bat lapurtu didate, ondorioz lur jota nago. Hau da hau bizitza zoroa!

Lapur handia Etorri nirekin eta neuk lagunduko dizut. Nirekin ez duzu horrelako arazorik edukiko eta oso lagun handiak egin gaitezke. Gainera biok batera diru poltsa gehiago lor ditzakegu. Zer diozu?

Diru Ez da ideia txarra. Ondo deritzot. Lagunak harremanetan, lagunak irabazietan. Zurekin elkartuko naiz.

Lapur handi Eman bostekoa orduan eta kide izango gara une honetatik aurrera. Orain ertzainengana joan eta lapur txiro horiek salatuko ditugu ea nire dirua berreskuratzen dugun.

Diru Gure dirua esan nahiko duzu, ezta?

lapur handia Um... Bai, bai.

Diru Orduan goazen azkar! Lapur gizajo horiek zigor gogorra merezi baitute.

2. agerraldia

1 lapur txikia Joan dira denak.

2 lapur txikia Goazen diruak kontatzera. (Lapur handi eta Diru urrutian ezkutatu dira. Lapur txikiak diruak kontatzen hasten dira eta halako batean bi ertzain agertuko dira)

Bi ertzainak Geldi! Geldi hor! Ertzaintza!

2 lapur txikia Arin, arin lagunok, harrapatuko gaituzte bestela.

1 ertzaina Geldi edo tiro egiten hasiko gara! (Hiru lapur txikiak hori entzuteaz batera gelditu dira eta ertzainek atxilotu egiten dituzte)

1 lapur txikia Banekien kartzela ilun batean bukatuko genuela. Guk daukagu guk zorte txarra. Beste batzuk bizi guztia lapurretan ematen dute eta inoiz ere ez dituzte kartzelara eramaten. Guk, ordea, behin hiru sos lapurtu eta zuzen barrura.

3 lapur txikia Isil zaitez behingoz. Nire iloba txikia dirudizu. Joku arriskutsu batean jokatu eta galdu egin dugu. Orain galtzailearen zigorra baino ez zaigu geratzen.

2 lapur txikia Lasai, lagunok. Era batera edo bestera gaindituko dugu arazo tamalgarri hau. Beharbada ihes egiteko aukeraren bat izango dugu, nork daki.

2 ertzaina Isilduko ote zarete? Oraintxe bertan eramango zaituztegu kartzelara. Hortxe egotea merezi duzue eta, beste inon ere ez. (Denak eszenatokitik aterako dira Lapur handia eta Dirua eskutik helduta eszenan azaltzeko)

Lapur handia Itzelezko dirutzaren jabe naiz eta harrokeriaz paseatu ahal dut edonon. Bitartean, beste hiru lapur txiki eta txiro horiek kartzelara doaz inozo hutsak bezala diru poltsa txiki bat lapurtzearren.

Diru Txiroak txiroago eta aberatsak aberatsago.

Lapur handia Bestalde diru poltsa hori orain nirea da inolako lanik eta esfortzurik egin gabe.

Diru Gutxi batzuentzat irabaziak besteentzat zigor guztiak.

Lapur handia Negozioak beti negozio, azken baten ni negozio gizon arrunt eta umil bat besterik ez naiz.

Diru Nahiz eta umil hitzetan harroa harro ekintzetan.

Lapur handia Hemen bestea. Astoak mandoari belarri handi. Ez etorri niri atsotitz eta esaera zahar merkeekin gero...

D eredua - DBH 1-2

EZINBESTEKO IRAKURGAIA

Modelo D - EP 1-2

LECTURA OBLIGATORIA

LAPURKETA ARRAROA (Zestoako Zestoa h. i.)

ESKOLA ANTZERKIA 7

Epailea (Egurrezko mailuari eraginez) Epaiketa hastera doa, has dadila abokatu jauna eta buka dezagun ahal bait arinen.

Abokatua Epaile jaunaren baimenaz. Nire bezeroak errugabe dira. Euren erru bakarra txiro izatea izan da eta txirotasun krudel horretatik ateratzeko lapurreta bat burutzea. Gainera egoera aztertuz gero lapurreta zen euren aukera bakarra bizi nahi baldin bazuten.

Fiskala Epaile jaunaren baimenaz. Hemen ez da epaitzen txiroak ala aberatsak diren. Hemen delitua epaitzen da: lapurreta! Horregatik abokatuak esan duen guztia lekuz kanpo dago, kontuan hartuz gainera delitua frogatua dagoela, abokatuak berak onartu duen bezala.

Abokatua Epaile jaunaren baimenaz. Nire bezeroek behar-egoera bizi dute eta hori benetan kontuan hartzekoa delakoan nago.

Epailea Abokatu jauna, epaimahai honek hori kontuan hartuko du, hala ere delitua hor dago eta hori errefuxatzen saiatu behar duzu. Ados?

Abokatua Nire bezeroak errudun badira, delitua egitera bultzatu dituen sistema ere errudun da.

Fiskala Protestatu egiten dut. Ez gara sistema epaitzen ari.

Epailea Protesta onartzen da. Abokatu jauna hel iezaiozu kasuari.

Abokatua Epaile jaunaren baimenaz. Gauzak horrela, nire defendatuen absoluzioa eskatzea besterik ez zait geratzen.

Fiskala Epaile jaunaren baimenaz. Lapurreta delituari dagokion kartzela zigorra eskatzen dut hiru akusatuentzako, hau da, bi urte, lau hilabete eta egun bateko kartzela zigorra bakoitzarentzat.

Epailea Akusatuek ezer esan nahi badute orain mintza daitezke.

2 lapur txikia Gu errudun bagara, zuek ere errudun zarete; desoreka ekonomikoa bultzatzen baituzue. Pentsatu horri buruz, epaile jauna.

3 lapur txikia Ni ez naiz damutzen egindakoaz, eta berriz ere egingo nuke. Txirotasun osoan bizitzea baino gauza okerragorik ez baitago.

1 lapur txikia Epaile jauna, erruki zaitez. Nik andrea eta hiru seme dauzkat. Nola biziko dira ni gabe? Zer egingo dute?

Epailea Alde guztiak entzun eta gero, asko hausnartu eta pentsatu ondoren, zera erabakitzen eta aldarrikatzen dut: hiru akusatuetako bakoitza bi urte, lau hilabete eta egun bateko kartzela zigorrera kondenatzen ditut. Hala bedi!

Diru Bi urte, lau hilabete eta egun batera zigortu dituzte lapur txikiak, gutxiegi iruditzen zait...

Lapur handia Jo, jo, jo! Horiek inozoak eta gizajoak!

Diru Nire ustez, hori baino zigor handiagoa merezi zuten niri egin zidatena kontuan hartuz.

Lapur handia Legea horrelakoa da, motel.

kartzelaria Oraintxe bertan sartuko ditut ea gutxi kexatzen diren eta ez duten buruhausterik ematen.

Ertzaina Zaindu ondo eta gero arte.

Kartzelaria Bai, gero arte. Zuek sartu hemen eta isil-isilik egon. Argi geratu da?

1 lapur txikia Bai, funtzionari jauna. Hau marka. Orain bi urte baino gehiago eman beharko dugu etxe zikin eta goibel honetan. Gure familia eta lagunak ikusi gabe. Ez dago eskubiderik.

2 lapur txikia Ez zaitez hasi berriz ere. Nahikoa ez banu hemen egotearekin, gainera zure penak entzun behar.

3 lapur txikia Lasai, lagunok. Bi urte laster pasatzen dira. Horretaz gain, nahiz eta preso egon gu kanpoko asko baino askeagoak gara.

Kartzelaria Isiltzeko esan dizuet. Ez daukat zertan entzun zuen lelokeriarik, beraz, badakizue.


Azterketa dokumentala