Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

245. zk., 2008ko abenduaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
7120

AGINDUA, 2008ko abenduaren 3koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, ikastetxeen arteko binakako loturak (Ikabil) sustatzeko laguntza-deialdia eginez.

Euskarak irakasmaila desberdinetan bere lekua irabazi du azken urteotan, nagusiki hizkuntza ofizialaren statusa lortu izanaren ondorioz. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko irakasmailetan, haur eta gaztetxo guztiak euskara edo euskaraz ikasten ari dira.

Ikasle horiek, ordea, ama-hizkuntzaz zein etxeko/kaleko ingurugiroz oso egoera soziolinguistiko desberdinetakoak dira. alderdi honetatik euskara maila eta erabilera egokia lortzeko zailtasunik handienak dituztenei oso lagungarri gerta dakieke inguru euskaldunagoetako ikasle eta familiekiko harremanak lortu eta sendotzea. Beraien bizi-inguruak ere ziurrenetik baduke erakarmenik giro desberdineko ikasleentzat, gizarte molde desberdinen izaera bertatik bertara ezagutzeko aukera eman dezakeen neurrian.

Harreman horiek bideratu eta sustatzeari egoki iritzi dio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, elkar-trukeek berekin dakartzaten kostuetan laguntzeko bideak ezarriz.

Horregatik guztiagatik

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- Ikastetxeen Arteko Binakako Loturak (Ikabil) sustatzeko laguntza-deialdi hau onartzea, agindu honen I. eranskinean zehazten diren oinarri-arauen arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009 urteko aurrekontu orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotea edo ez egotearen menpe geratuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Oinarri-arauek jardunbide kontuan begiz jo gabeko orotarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena hartuko da oinarri.

Bigarrena.- Bide administratiboa agortzen duen agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar liteke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Era berean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenean, dagokion gelan, esandako egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Hirugarrena.- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak deialdi hau mamitzeko beharrezko neurriak hartuko ditu.

Laugarrena.- Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengoan sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 3a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

OINARRI-ARAUAK

1.- Ikastetxeen arteko binakako loturak sustatzeko laguntza-deialdia egiten da. Honetarako Euskal Autonomia Erkidegoko 2009ko aurrekontuetatik 40.000 euroko diru-partida erabiliko da.

Deialdi honetarako jarritako guztirako diru-zenbatekoa aldatu egin daiteke, eskaeren guztirako zenbatekoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste dirulaguntza-programetan erabili gabe geratzen diren diruak erabiliz, beti ere azken hauen erabakiak hartu aurretik. Horrela bada, honen berri Hezkuntza sailburuordeak emango du eta EHAAn argitaratuko, ebazpen bidez.

Nori zuzendua:

2.- Deialdi honek 2009-2010 ikasturtean burutzekoak diren ikastetxeen arteko binakako loturak hartuko ditu kontuan.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeei zuzenduak dira laguntza hauek, A, B eta D ereduko ikasle-taldeentzat.

Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

Ezingo dute deialdi honetan parte hartu Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko legearen testu bateratuaren 50. artikuluko 5. paragrafoak, Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatuak, ezarritako arrazoiren baten eraginpean daudenek. Honen haritik, Lege horrek aipatu artikuluan ezarritako arrazoiren baten eraginpean ez dagoela egiaztatzen duen zinpeko aitormena egin beharko du eskatzaileak.

Ikastetxeen arteko binakako loturen ezaugarriak

4.- Ikastetxeen arteko binakako lotura horiek ikasle-trukearen bitartez gauzatuko dira, bi helburu nagusi hauekin:

- Euskara ikasi, aberastu eta erabiltzeko lagungarri izatea.

- Kultura zein gizarte-giro desberdinen arteko ezagutza eta hurbilketa areagotzea.

Ondorioz, ikastetxe trukekidea Euskal Autonomia Erkidegokoa ez ezik Nafarroakoa zein Ipar Euskal Herrikoa ere izan daiteke. Trukekidea Nafarroakoa edo Iparraldekoa bada, bi trukekideei dagokien laguntza Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeari emango zaio, bien artean kudeatu dezaten.

5.- Lotura adostu eta gauzatu bitartean ikasleak nolabait elkarren arteko harremanetan jartzea komeni da (gutunak...), trukeak ahalik eta etekinik onenak izan ditzan.

6.- Ikasle-irakasleak trukekideen etxeetan biziko dira egonaldian zehar. Hala ere, trukakidea Euskal Autonomia Erkidegokoa ez denean, egonaldi trukeak taldeak elkartuz gertuko aterpetxeetan egiteko aukera ere babesten du deialdi honek. Kasu hauetan egonaldi bakoitzak gutxienez hiru eguneko iraupena izango dute. Euskal Autonomia Erkidegoko bi ikastetxek horrelako egonaldi-trukea egin nahi badute, EGE deialdian hartu beharko dute parte.

7.- Alde bakoitzeko egonaldiek gutxienez bi eguneko iraupena izan beharko dute.

8.- 20 ikasletik beherako taldeetan ikasleek ikastetxeko irakasle euskaldun baten laguntza izango dute gutxienez, joan-etorrietan, egonaldian eta bertatik bertarako mugimenduetan. 20 ikasletik gorako taldeen kasuan, aldiz, 20 ikasleko frakzio bakoitzeko irakasle edo monitore euskaldun bat gehiagorena, gutxienez.

9.- Ikasle trukean parte hartzen duten bi aldeetako taldeak normalean adinez pare antzekoak izango dira, eskola txiki eta unitarioetako taldeen kasuan izan ezik.

10.- Trukean parte hartzen dutenek Eusko Jaurlaritzak hitzartutako istripu eta erantzukizun zibileko aseguru baten babesa izango dute joan-etorrietarako, egonaldirako eta bertatik bertarako mugimenduetarako.

Eskabideak

11.- Lotura egiteko asmoa duten bi ikastetxeek egin behar dute eskabidea, bakoitzak berea.

12.- Ikastetxe bakoitzak Ikabil deialdira eskabide bakar bat aurkez dezake. Hala ere, eskabideak bere barnean ikastetxe horretako talde bat baino gehiagoren lotura proiektuak har ditzake.

Eskola txikiek bat eginda aurkez dezakete eskabidea, handiagoa den bakar batekin lotura egin ahal izateko.

13.- Eskabidea egin nahi duen ikastetxeak, lotura zein ikastetxerekin egin finkatu ondoren, oinarri-arau hauen II. eranskinean dagoen eskabide-orria bete behar du.

14.- Eskabide-orria ekainaren 5erako Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu behar da, edo bestela, postan sobre irekian aurkeztu ziurtatzera, zigilua eta data eskabideari berari ezarri ahal izateko, eta hurrengo oinarri-arauan adierazitako helbidera bidali (edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 atalean ezartzen den edozein administrazio gunetan entregatu).

Administrazioan jasotako eskabidean hutsune edo osatu beharren bat somatuko balitz, honen berri emango zaio eskatzaileari eta 10 eguneko epea emango zaio eskabidea osa dezan. Epe horretan ez bada eskabidea osatzen, atzera egiten dela ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.

15.- Trukekidea topatzeko eta lotura zehazteko zailtasunak dituzten ikastetxe edo ikastetxeetako talde jakin batzuei laguntzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Euskara Zerbitzuko Nolega atalak loturak egiteko interesa duten ikastetxe edo taldeen zerrenda osatuko du. Zerrenda horretan agertu nahi dutenek III. eranskineko interesatuen zerrenda osatzeko orria bete eta ondoan datorren helbidera bidali behar dute maiatzaren 8rako:

Eusko Jaurlaritza (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila)

Euskara Zerbitzua (Ikabil)

Donostia kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Oso epe laburrean zerrenda osatu eta interesa azaldu duten ikastetxe guztiei banatuko zaie. Zerrenda horretako interesatuekin harremanetan jarri eta aurkitu behar da loturakidea, ekainaren 5a baino lehen eskabidea egin ahal izateko.

Laguntzak finkatzeko irizpideak

16.- Eskabideak aztertu eta laguntza proposamenak egiteko, honako kide hauez osaturiko batzordea izendatuko du Hezkuntza sailburuordeak:

- Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo berak izenda dezan ordezkoa.

- Kultura Sailaren ordezkari bat.

- Berritzeguneetako 3 hizkuntza-normalkuntzako teknikari.

- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Euskara Zerbitzuko 2 teknikari.

17.- Eskabideak aztertu eta ikastetxeei dagokien laguntza erabakitzeko, honako irizpideok hartuko dira kontuan:

17.1.- Oinarrizko puntuazioa ikasle-gau kopuruak (IGK) emango digu. Batzordeak eskabidea aztertu eta lau tramoetariko batean finkatuko du ikastetxea, IGKri dagokionez. Tramoak ondoko hauek dira eta ondoko puntuazioa izango du bakoitzak:

IGK

60 ikasle-gau bitartekoak 1

61 - 120 artekoak 2

121 - 180 artekoak 3

181 ikasle-gautik gorakoak 4

Oinarrizko Puntuazio hau (OP) eskabidearen balorazio osoaren % 40 izango da gehienez, eta hau da osatzeko formula:

OP = IGK tramoa x 10

Oinarrizko puntuazio honek hainbat gehigarri izango ditu:

17.1.1.- (GAU) Garraio-gastuen aurrekontua. Batzordeak eskabidea aztertu eta bost aurrekontu tramoetariko batean finkatuko ditu ikastetxeak proposatutako garraio gastuak: 1. tramoan finkatuko da eta puntu 1 emango zaio 239,00 euro arteko aurrekontuari; 2.ean finkatuko da eta 2 puntu izango ditu 240,00 eta 480,00 euro artekoak; 3.ean finkatuko da eta 3 puntu izango ditu 481,00 eta 719,00 euro artekoak; 4.ean finkatuko da eta 4 puntu izango ditu 720,00 eta 959,00 euro artekoak; 5.ean finkatuko da eta 5 puntu izango ditu 960 eurotik gorakoak.

Garraio-gastuen aurrekontua (GAU) eskabidearen balorazio osoaren % 30 izango da gehienez, eta hau da osatzeko formula:

GAU: puntuak x 6

17.1.2.- (PAU) Programa-gastuen aurrekontua. Batzordeak eskabidea aztertu eta hiru aurrekontu-tramoetariko batean finkatuko du ikastetxeak proposatutako programa gastua: 1. tramoan finkatuko da eta puntu 1 emango zaio 449,00 euro arteko aurrekontuari; 2.ean finkatuko da eta 2 puntu izango ditu 450,00 eta 889,00 euro artekoak; 3.ean finkatuko da eta 3 puntu izango ditu 900 eurotik gorakoak.

Programa-gastuen aurrekontua (PAU) eskabidearen balorazio osoaren % 12 izango da gehienez, eta hau da osatzeko formula:

PAU: puntuak x 4

17.1.3.- (M) Ikasmaila. LMH, DBH eta DBHO mailan egotea berezitu egingo da. Hauetako bakoitzak bere balioa izango du: LMHk puntu 1, DBHk 2 puntu eta DBHOk 3 puntu.

Ikasmaila (M) eskabidearen balorazio osoaren % 12 izango da gehienez eta hau da osatzeko formula:

M: puntuak x 2

Ikastetxe batek hainbat mailetako taldeak aurkeztuz gero, maila gorena duen taldeari dagokion indizea ezarriko da.

17.1.4.- (PRO) Proposatzen diren ekimenen balorazioa da. Batzordeak eskabidea aztertu eta berariazko balioa sumatzen badu programaren edukietan edota egituran, gehigarri hau aplikatzea proposa dezake. Honen aplikazioak 3 puntuko gehikuntza ekarriko du.

17.1.5.- (IPL) Ekimen hau ikastetxeak euskararen erabilera bultzatzeko propio antolatutako Plan orokor batean egoteak 6 puntuko gehikuntza emango dio.

17.1.6.- (EK) EAEko ikastetxeak, trukaketa, Erkidegotik kanpoko euskal kultura eremuko ikastetxe batekin egiten badu, ikastetxe honek 3 puntuko gehigarria izango du bere balorazio orokorrean.

17.2.- Laguntzaren zehaztapena.

Oinarrizko puntuazio osatuari gainontzeko gehigarriak batzetik lortzen dugu ikastetxeari dagokion puntuazioa (P)

P = OP + GAU + PAU + M + PRO + IPL + EK

Aipatu bidea aplikatu ondoren, dagoen diru-kopuruaren hainbanaketa egingo da diru-laguntza (D) finkatzeko. Ondoko formula erabiliko da:

(Ikus .PDF)

Ebazpena, ordainketa eta justifikazioa

18.- Ikastetxeak ekimen honetarako beste erakunderen baten dirulaguntza jaso edo jasotzekoa badu, horren azalpen zehatza egin beharko du eskabide orrian, edozein modutan ere diraluguntzen baturak ezingo duelarik gainditu gastuaren % 100a. Horretarako, behar den neurrian murriztuko da legokiokeen dirulaguntza.

19.- Batzordeak laguntza-proposamena helaraziko dio Hezkuntza sailburuordeari eta honek Ebazpena hartuko du, jasotzaileen zerrenda, zenbatekoak eta ez onartuen zerrenda eta zergatiak adieraziz. Ebazpena EHAAn argitaratuko da.

Aipaturiko epean administrazioak erabaki espresurik ematen ez badu, eskabidea ez dela aintzakotzat hartu ulertuko da. Bestalde, ebazpenean onartuak izan diren ikastetxeak, EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengotik 15 eguneko epea dute laguntza honi uko egiteko. Uko egin ezean, administrazioak ikastetxeak laguntza hori onartu duela ulertuko du.

Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen eta bere aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, argitaratu eta hilabeteko epean.

20.- Ordainketa aurretiazko izaera duen diru-sarrera bakarrean gauzatuko da eta Erabakia argitaratu ondoren jarriko da tramitean.

21.- Laguntza jasotzen duten ikastetxeek honako hauek bidali beharko dituzte 2010eko maiatzaren 29rako, 15. oinarri-arauan zehazten den helbidera:

a) Ikabileko loturen berri ematen duen galdekizuna, balorazioa eta emaitzak azalduz (laguntza jakinaraztearekin batera ikastetxeei bidaliko zaien inprimaki eredua betez).

b) Lotura gauzatzeko egin diren gastuen jatorrizko fakturak edo horien konpultsatutako kopiak. Herri-ikastetxeen kasuan, jatorrizko fakturak ikastetxean geratuko dira, ekonomi kontrola daramaten administrazio-organoen eskura.

22.- Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzen inguruan Ekonomi Jarraipenerako Bulegoak edota Euskal Herriko Kontu Epaitegiak, bere egitekoak betez eska dezan edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza jasotzailea.

23.- Ikastetxeren batek laguntza jaso eta ekimena aurrera eraman ez edota baldintzaren bat bete gabe utziko balu, laguntza itzuli egin beharko luke, Dirulaguntzen erregimena arautzeari eta Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAA) zehaztutako prozeduraren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira.

ESKABIDE ORRIA 2009-2010eko Ikabil

(Ikus .PDF)

IKABIL LOTURAREN PROGRAMA

1.- Aurrelanak. Lotura honela prestatu dugu:

1.1.- Harremanei dagokienean (irakasleen arteko/ikastetxeko bilerak, ikasleen arteko eskutitzak, gurasoekiko bilerak/enfokea, gurasoentzako gutunak/baimen-eskeak...)

1.2.- Ikasleen motibazioari eta kokatze-lanari dagokienean (euskalkien desberdintasunaz ohartarazi / Euskalkiz euskalki eta tankerako kaseteak entzutera eman, «estandarra /euskalkiak noiz-norako» gogoeta eta ideiak argitzen joatea...) ...................

2.- Helburuak.

2009-2010 ikasturtean bereziki helburu honetan ezarriko ditugu indarrak

3.- Trukekideari eskainiko dizkiogun ekintzak, irteerak, bisitak... (ikasle koskortuen kasuan antolamenduan izan duten lekua...)

4.- Loturaren jarraipena. Nola ikusten duzue lotura finkatu eta gerora egonkor egitea:

5.- Ezagutzen duzu «Ikabil loturetarako laguntza materiala» argitalpena? Bai Ez

Erabili duzu plana osatzeko? Bai Ez (*)

Oharra: Eskabide-orri honi erantsita bidal daitezke komenigarri jo daitezen agiriak.

(*) Materialaren berri ez baduzu, jo zure Berritzeguneko Hizkuntza Normalkuntzako Teknikariarengana. Materiala euskarri informatikoan ere eskuragarri dago.

INTERESATUEN ZERRENDA OSATZEKO ORRIA

2009-2010ko Ikabil

(Ikastetxeen Arteko Binakako Loturak)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala