Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

245. zk., 2008ko abenduaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Osasun Saila
7122

AGINDUA, 2008ko abenduaren 2koa, Osasun sailburuarena, 2009. urtean hastekoak diren osasun arloko ikerkuntza-proiektuei laguntzak emateko deialdia egiteko dena.

Osasun Sailaren eskumenetako bat da Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean osasun zientzien alorrean ikerkuntza jarduerak sustatzeko eginkizuna, Euskadiko osasun sistema garatu eta hobetzeko funtsezko elementua baita.

Ikerkuntza Bultzatu eta Koordinazio Orokorra egiteko apirilaren 14ko 13/1986 Legeak, apirilaren 25eko 14/1986 Legeak, Osasuneko Lege Orokorrak, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak ikerkuntza sanitarioa sustatzeko erreferentzi marko bateratu bat eskaintzen dute eta Osasun Sistema Nazionalean era integratuago eta eraginkorragoan funtzionatzeko baldintzak ezartzen dituzte.

Osasun Sailak, Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzaren bidez, ikerkuntza bide berrien sustapena eta ikerkuntza sanitarioaren eremuan sartzen diren profesionalen nodo berrien bilaketa du helburu; horretarako, zabalkunderako ekintzak planifikatzen ditu, bai beka deialdi bidez pertsonal ikertzaileen prestakuntza, bai ikerkuntza-proiektuen finantzaketa, eta Osasun Saileko pertsonal ikertzaileek europar eta estatuko diru-laguntza publikoek lagundutako ikerkuntza-proiektuetan parte hartzen du.

Deialdi honetan, Osasun Sailak proiektuak kudeatu eta gainbegiratzeko erakunde laguntzaile gisa Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioaren laguntza izaten jarraitzen du.

Azken ekitaldiotan burututako deialdiak kudeatzean izandako esperientziak dio, 2009ko ekitaldiko deialdia izapidetzeko, komeni dela gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan araututakoari jarraiki (2007ko maiatzaren 28ko EHAA, 101. zk.).

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren sistema orokorra arautzen duen eta hura kudeatzen parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, erregimena eta obligazioak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA) aintzat hartuta, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen helburua 2009. urtean garatzen hasiko diren ikerkuntza sanitarioko proiektuetarako deialdia arautzea eta laguntza ekonomikoak ematea da, objektibotasun, norgehiagoka eta publizitatearen printzipioen arabera.

2. artikulua.- Entitate onuradunak.

1.- Agindu honetan adierazitako laguntzak eskatu eta horietaz baliatu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan dauden I+G zentro publiko eta pribatuak, diru-laguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiarekin kontratatzeko gaiturik badaude.

Ondorio horietarako, I+G zentro publiko/pribatu diogunean zera ulertuko dugu:

a) I+G zentro publikoa: entitate eta instituzio sanitario publikoak, unibertsitate publikoak, onartutako ikerkuntza-entitate publikoak eta, oro har, herri administrazioaren menpe dagoen edozein I+G zentro.

b) I+G zentro pribatua: entitate eta instituzio sanitario pribatuak, unibertsitateak eta bestelako entitate pribatuak, izaera juridiko propiodunak, I+G ekintzetan egiaztatutako gaitasuna edo jarduera dutenak.

2.- Onuradunei laguntzak emateko edo, hala badagokio, laguntzak ordaintzeko, derrigorrezkoa da izapidetzen ari den itzulketa-prozedura edo zehapen-prozeduraren baten baitan ez egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan.

3. artikulua.- Diru-laguntzak emateko prozedura.

Adierazitako laguntzak lehiaketa bidez emango dira. Laguntzak emateko, modalitate bakoitzean aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, euren artean lehentasuna ezartzeko. Lehentasun-ezartzea 11. artikuluan ezarritako balorazio irizpideei jarraituz egingo da eta laguntzak deialdian esleitutako kredituak agortu arte emango dira.

4. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

1.- Deialdi hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa milioi bat berrehun eta hogeita lau mila bederatziehun eta hogeita bat (1.224.921) eurokoa da. Baliabide ekonomiko horiek Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horrexetarako ezarri diren kredituetatik datoz.

2.- Adierazitako zenbatekoa aldatu egin daiteke, eskatutako laguntzak guztira zenbatekoak diren ikusita, eta, Osasun Sailaren beste laguntza-programa batzuk burututakoan diru-kopururik agortu gabe geratuz gero, erabilgarri dagoen diruaren arabera. Aldaketa hori deialdiaren ebazpena eman aurretik egingo da, eta Osasun sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da horren berri.

5. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

1.- Ikerkuntza-proiektuak oinarrizkoak, klinikoak, epidemiologikoak, osasun publikokoak eta osasun zerbitzuetako ikerkuntzakoak izan ahalko dira.

2.- Laguntzak jaso ahal izateko, osasun ikerkuntza-proiektuak 2009. urtean hasiak behar dute izan; horretaz gain, diziplina anitzekoak eta zentro askotakoak ere izan behar dute. Horretarako, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoko bi zentrotako langileak diren ikertzaileak izan beharko dituzte. Salbuespenez, eta ikertu beharreko eremuaren espezifikotasuna dela-eta, nahikoa osasun-zentro ikertzaile ez badago zentro-aniztasunaren baldintza betetzeko, baldintza hori betetzetik salbuetsiak izan ahalko dira.

3.- Laguntzak eskatzen dituzten proiektuek ikertzaile nagusi bakarra izan behar dute, eta bera izango da proiektuaren betearazpen zientifiko-teknikoaz arduratuko dena.

4.- Ikerkuntza-proiektuek hiru urte iraungo dute, honako hauek izan ezik: epidemiologiaren eremukoak, osasun publikokoak, lehen mailako atentzioa, erizaintza, osasun zerbitzuak, teknologia sanitarioak eta produktu sanitarioen ikerkuntza; adierazitako horiek guztiek bi urte ere iraun ahal izango dute.

5.- Aurkeztutako ikerkuntza-proiektuek egun indarrean dagoen 1964ko Helsinkiko Adierazpenean ezarritako oinarrizko printzipioak eta indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak errespetatu beharko dituzte.

6. artikulua.- Ikertzaile nagusiak, gainerako ikertzaile taldeak eta pertsonal bekadunak bete beharreko baldintzak.

1.- Ikertzaile nagusiak ondoko baldintzak bete beharko ditu:

a) I+G zentro publiko edo pribatuarekin funtzionario-, estatutupeko- edo kontratu-lotura gauzatua izatea, gutxienez, eskabidea aurkeztu den unearen eta bere balizko onarpenaren arteko aldian.

b) Osasun prestakuntza espezializatuko programarik egiten ez aritzea.

c) Ikertzaile nagusi batek ezingo ditu Osasun Sailak finantzatutako bi ikerkuntza-proiektu baino gehiago aldi berean burutu, baldin eta proiektuetako baten amaiera-eguna 2009ko abenduaren 31 baino lehenagokoa bada.

Koordinatutako proiektuetan, koordinatzaile gisa azpiproiektuen ikertzaile nagusietako bat agertuko da. Azpiproiektu bakoitzaren ikertzaile nagusia horren erantzulea izango da ondorio guztietarako, proiektuaren koordinazio zientifikoari eta jarraipenari dagokionean izan ezik; alderdi horietaz koordinatzailea arduratuko da.

2.- Ikertzaile-taldeko gainerako kideek:

a) Gehienez ere deialdi honetako bi proiektutan parte hartu ahal izango dute.

b) Ezin izango dute hiru proiektu baino gehiagotan aldi berean parte hartu.

c) Ondorio horietarako, ez dira ikertzaile-taldeko kidetzat hartuko Ikerkuntza Unitate batekoak izan arren, aholkularitzako zereginak bakarrik egiten dituztenak.

3.- Bekadunak:

a) Ikerkuntza-proiektuetako bekadunak deialdi honetako proiektu batean soilik hartuko du parte. Pertsonal hori goi-mailako tituluduna, erdi-mailako tituluduna edo ikerkuntzan laguntzeko pertsonal teknikoa izan daiteke.

b) Bekaduna zentro edo entitate onuradunek hautatuko dute, langileak hautatzeko arloan aplikatu beharreko arauekin bat etorriz; edonola ere, publizitatearen eta norgehiagoka-prozeduraren bidez hautatuko da.

7. artikulua.- Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Kasu bakoitzean ematen den laguntzaren bidez ondoren adierazten diren gastuak ordainduko dira. Gastu horiek guztiek, proiektua gauzatzearekin zuzeneko lotura izan behar dute, eta eskabidearen memorian behar bezala zehaztuta egon behar dute.

1.- Pertsonalaren gastuak. Hemen sartzen dira zentro onuradun eta gauzatzailearekin kontratu bidezko loturarik izan gabe proiektuan parte hartzen duten pertsonek eragindako gastuak.

2.- Ondasunak eskuratzeko eta zerbitzuak kontratatzeko gastuak. Honako hauek barne hartuko dira: proiektua burutzeko erabili den material inbentariagarria, material suntsigarria eta gainerako gastu osagarriak, hala nola, material bibliografikoa eta kanpoko zerbitzuen kontratazioa, proiektua gauzatzeko beharrezkoak direnak.

3.- Beste zenbait gastu, hala nola: bidaiak, bilera zientifikoetan parte hartzea, emaitzak argitaratu edo zabaltzeko jarduerak, betiere, proiektuarekin zuzenean lotuta egon behar dutenak.

4.- Ikertzaile-taldeko kideei ez zaie inolaz ere ordainduko -prestakuntza sanitario espezializatuan dauden lizentziatuak barne-.

5.- Proiektua amaitu ondoren, emandako laguntzen kontura erositako material inbentariagarria, proiektua gauzatu duen zentroarentzat izango da, eta material hori erabiltzeko lehentasuna ikerketa-jarduerak izango du.

8. artikulua.- Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honen babespean ematen diren laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erdietsi litekeen beste edozein motako laguntza edo diru-laguntzarekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako diru-laguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.

9. artikulua.- Eskabideak: aurkezteko lekua eta epea. Igorri beharreko agiriak.

1.- Agindu honetan ezartzen diren laguntzak jaso ahal izateko eskabideak Osasun Saileko Plangintza eta Antolamenduko zuzendariari bidaliko zaizkio.

Osakidetzako-Euskal Osasun Zerbitzukoak diren zentroek euren eskabideak Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundaziora bidaliko dituzte.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzukoak ez diren zentroek euren eskabideak Osasun Saileko Plangintza eta Antolamenduko zuzendariari bidaliko dizkiote (Donostia kalea, 1, 01010 Gasteiz); era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako gainerako moduetan ere aurkez daitezke. Zentro horiek zuzenean aurkez ditzakete beren eskabideak, edo zuzenbide pribatuko fundazioren baten bidez kudeatzen badituzte ikerketa-jarduerak, honen bitartez. Eskabidea aurkezteko baimena erantsi beharko dute, zeina fundazio edo zentroaren legezko ordezkariak eman beharko duen.

2.- Eskabideak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.- Agindu honen II. eranskinean ageri den inprimaki normalizatuan gauzatuko da eskabidea, eta proiektuaren ikertzaileak eta zentro eskatzailearen legezko ordezkariak sinatuko dute. Era berean, ikertzaile-taldeko gainerako kideek ere sinatu beharko dute, euren parte-hartzearekin ados daudela adierazteko.

Eskabidearekin batera, honako hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Ikerkuntza-proiektuaren memoria, araututako ereduari jarraituz (III. eranskina). Memoria horretan material inbentariagarri edo suntsikorrerako eskatutako zenbatekoak dokumentatzeko, gutxienez, bi aurrekontu erabiliko dira, eta bi aurrekontuak ezingo dira izan hornitzaile berberak egindakoak. Material horren aleko prezioak 500 euro baino gehiagokoa izan behar du, edo oso antzekoak diren unitateen zenbatekoak, guztira, 1.000 eurotik gorakoa izan behar du. Baldintza hori betetzen ez bada, c) idatz-zatian, balorazio zientifiko-teknikoan, lortutako puntuazioari % 50 kenduko zaio.

b) Ikerkuntza taldeko kide bakoitzaren curriculuma, araututako ereduari jarraituz (VI. eranskina).

c) Eskabidea egiten duen zentroa ez bada proiektua gauzatuko duena, zentro eskatzaileak proiektua gauzatuko duen zentroaren legezko ordezkaritzaren gauzatzea baimentzen duen idazkia aurkeztuko du (VI. eranskina).

d) Proiektua gauzatuko duen zentroko Etika Batzordearen eta hitzarmenak eta ikerkuntza arloko arauak betetzen direla zaintzen duten beste kide anitzeko organo arduradunen baimena, 5.5 artikuluan adierazitakoaren arabera, beharrezkotzat hartzen dena. Dena dela, baimena dagokion taldeko organoaren lehendakaritzak edo idazkaritzak emango du eta bertan akordioa hartu zen saioaren aktaren erreferentzia jasoko da.

e) I+G zentro pribatuek erakundearen Estatutuak aurkeztu beharko dituzte, I+G ekintzetan egiaztatutako gaitasuna edo jarduerekiko helburuak, euren eta ikertzaile nagusiaren artean dagoen lotura motaren egiaztapena eta iraupena adieraziz.

f) Gauzatuko duen zentroko Ikerkuntza Batzordearen edo pareko figuraren txostena, ikerkuntza-proiektua bere osotasunean bideragarria dela adieraziz.

4.- Proiektu koordinatuak direnean, azpiproiektu bakoitzeko eskabide oso bat egingo da. Proiektuaren koordinatzaile gisa jarduten duen ikertzaile nagusiak gainerako agiriei egoera horren eta koordinatzen dituen taldeen berri ematen duen idazki bat erantsi beharko die -talde bakoitzaren arduradunek sinatuta-, adostasun adierazle gisa.

5.- Artikulu honen 3. paragrafoan zehaztutako agiriak http://www.osanet.euskadi.net orrian eskuragarri izango dira, «Profesionalak» atalean; salbuespen izango dira arautu gabeko agiriak.

6.- Deialdiko oinarri edo baldintzaren bat ez betetzeak, baita datuak gorde, aldatu edo eskatutako argibideak manipulatzeak ere, eskaria ezestea ekarriko du.

10. artikulua.- Eskabideko hutsak zuzentzea.

Diru-laguntzen eskabideek daturen bat bete gabe utzita baleukate edo eskatutako agiri guztiak erantsi gabe, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean falta dena osatzeko edo eskatzen diren agiriak eransteko, jakinaren gainean jarriz horrela egiten ez badu, eskabidea ezetsitzat joko dela; dena den, Administrazioa beharturik dago eskabide horri buruzko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatzen denaren arabera.

11. artikulua.- Eskabideen ebaluazioa.

Behar bezala aurkeztutako edo epean zuzendutako eskabideen ebaluazio- eta hautaketa-prozesuak, 10. artikuluan ezarritakoaren arabera, bi fase izango ditu: batetik, ebaluazio zientifikoa eta teknikoa egiteko prozesu bat; eta bestetik, Balorazio Batzordearen bitartez egingo den hautaketa, artikulu honen 2. paragrafoan adierazten dena.

1.- Eskabideen ebaluazio zientifiko-teknikoa kanpoko ebaluatzaile taldeek, gaika banaturik, gauzatuko dute.

Ebaluazioa eta ponderazioa proiektuaren hiru alderdi hauen gainean egingo da:

a) Ikertzaile nagusiaren gaitasuna edo dedikazioa, baita gainontzeko ikerkuntza ekipoaren tamaina, osaera eta dedikazioa ere, proiektuan programatutako jarduerak gauzatzeko: 25 puntu gehienez.

b) Kalitate zientifiko-teknikoa eta metodologikoa: 50 puntu gehienez.

c) Ezarritako helburuak betetzeko eskatutako finantza-baliabideen egokitzapena eta beste entitate publiko eta pribatu batzuekin batera finantzatu izanaren egiaztapena: 25 puntu gehienez.

Fase honetan 50 puntuko gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak teknikoki bideraezintzat hartuko dira, eta beraz, baztertu egingo dira eta ez dira 2. fasera pasako.

2.- Ebaluaketen emaitzak, nola ebaluaketa prozesuan gertatu ahal izan diren intzidentziak, Balorazio Batzorde bati aurkeztuko zaizkio; Batzordea honako hauek osatuko dute: Osasun Saileko Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendaria, lehendakari gisa jardungo duena, eta bokalak, Osasun Planaren zuzendariordea, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Atentzio Espezializatuko Programen zuzendariordea eta Osasun Saileko I+G Laguntzen teknikari arduraduna, azken honek idazkari legez ere jardungo du.

Balorazio Batzordeak, aurrekontu-baliabideak kontuan hartuta, lehenengo fasea gainditu duten proiektuak ebaluatuko ditu; horretarako, honako balorazio-irizpideak aplikatuko ditu:

a) Proiektuen egokitzapena deialdi honetan zehaztutako lehentasunezko eremu eta lerroekiko (I. eranskina): 25 puntu gehienez.

b) Proposamenaren aplikagarritasuna eta interesa Euskal Osasun Sistemarentzat: 35 puntu gehienez.

c) Garrantzia zientifikoa eta sozio-sanitarioa -proiektuarengandik esperotako ekarpenak barne-, eta helburuen berritasuna eta garrantzia: 25 puntu gehienez.

d) Proiektuaren emaitzen hedapen- eta dibulgazio-plana: 15 puntu gehienez.

Pertsonal bekadunak parte hartzeko finantza-laguntzak eskatzen badira, Batzordeak proiektuaren eta berau aurkezten duen taldearen egokitasuna baloratuko du, pertsonal bekadunari ikerkuntza zientifikoan eta garapen teknologikoan prestakuntza aproposa eskaintzeko.

Fase honetan 60 puntuko gutxieneko puntuaziorik eskuratzen ez duten proiektuak ez dira diruz laguntzeko moduko proiektutzat hartuko.

3.- Bere eginkizuna betetzeko, Batzordeak eskubidea dauka eskatzaileei proiektua erabat ulertzeko beharrezkoak diren agiri osagarriak eskatzeko, bai eta entitate eskatzaileei proiektuen zenbait aldaketa iradokitzeko ere -programa honen helburuetara hobeto egokitu daitezen-.

12. artikulua.- Kuantifikazio irizpideak.

1.- Aurkeztutako aurrekontua, deialdia finantzatzeko dauden baliabide ekonomikoak eta proiektuaren ebaluazio zinetifiko-tekinikoko c) idatz-zatiaz kanpoko ebaluatzaileak eginda kontsiderazioak kontuan hartutik, kalkulatuko du Balorazio Batzordeak laguntzen zenbatekoa.

Emandako laguntzek eskatutakoa osorik eta zati batean estali ahal izango dute, baina, aldi berean finantzatzeko aukera kontuan hartuz, diruz lagundutako jardueraren kostu erreala ezin izango da inolaz ere gainditu.

2.- Koordinatutako proiektuak direnean azpiproiektu bakoitza lagungarri den proiektu gisa hartuko da, agindu honen ondorioetarako.

13. artikulua.- Ebazpena.

1.- Laguntzak Osasun sailburuordeak ebatziko ditu, Balorazio Batzordeak proposatutakoa aintzat hartuta.

2.- Ebazpenak zentro onuradunen zerrenda, finantzatutako proiektuaren titulua eta laguntzaren zenbatekoa adieraziko ditu.

Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da; horretarako epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, Agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera.

3.- Aipatutako epea pasa eta dagokien ebazpena ez bada jakinarazi, interesdunek beren eskabidea ez dela aintzat hartu ulertuko dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

4.- Osasun sailburuordearen ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasun sailburuari, ebazpena indarrean sartu eta hilabeteko epean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz.

5.- Diru-laguntza jasoko duten zentroek dagokien onarpen-agiria jasoko dute, eta bertan, emandako laguntzaren zenbatekoa, gastu-mota bakoitzerako eman den kopuru xehatua eta urtekako banaketa agertuko dira. Aipatutako agiria Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzari itzuli beharko zaio hilabeteko epean, zentroaren legezko ordezkariaren eta ikertzaile nagusiaren sinadurekin.

6.- Laguntza ukatzen denean, eskabidearekin batera aurkeztu diren agiriak berreskuratzeko epea, baita horri buruzko argibideak eskatzekoa ere, hamabost egunekoa izango da dagokion Ebazpena EHAAn argitaratzen denetik aurrera, betiere ebazpenari ez bazaio errekurtsorik egin. Errekurtsorik aurkeztu bada, ezesteko ebazpenaren jakinarazpena egiten denetik aurrera hasiko da epea.

14. artikulua.- Zentro onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzak jasotzen dituzten zentro onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.- Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu horretan, diru-laguntzaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean aurreko artikuluko 5. paragrafoan zehaztutako onarpen-agiria Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzara bidaltzen ez badu, onuradunak laguntzari uko egiten diola ulertuko da. Halaber, zentro onuraduna zentro pribatua bada, epe berean, zerga eginbeharretan egunean dagoela egiaztatu beharko du.

2.- Laguntza eman zaion horrexetarako erabiltzea eta ez beste ezertarako.

3.- Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatutako argibideak helaraztea, deialdi honi lotutako diru-laguntzei dagokienez, beren lana betetzeko.

4.- Eskabidea egiteko orduan kontuan hartutako datu edo inguruabarretan edozein aldaketa gertatuz gero, Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzari ahalik eta lasterren jakinaraztea.

5.- Ikertzaile nagusiak eskabidean adierazitakoaren gainean aldaketaren bat egin nahi badu, aurrez baimena eskatu behar dio Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzari, eta horretarako arrazoiak ere eman behar ditu.

15. artikulua.- Erakunde laguntzailea.

Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioak Osasun Sailaren erakunde laguntzaile gisa jardungo du, diru-laguntza emateko programa honen bitartez emandako laguntzen kudeaketan eta ordainketan; horretaz gain, honako eginkizunak izango ditu:

a) Urteroko ordainketetarako diruz lagundutako proiektuek bete beharreko baldintzen jarraipena.

b) Zentro onuradunei ordainketak igortzea.

c) Proiektuen finantza-kudeaketa eta kontabilitate-kontrola agindu honetan ezartzen den bezala, betiere zentro onuradunekiko harremanak hala ahalbidetzen badu.

d) Zentro onuradunak deialdian eskatutako baldintzak ez betetzeagatik administrazio-neurriak eta bestelakoak hartzeko Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzari proposamena.

e) Agindu honetan xedatutakoaren arabera laguntzak nori eman zaizkion Osasun Sailari justifikatzea eta aplikatu gabeko zenbatekoak itzultzea.

f) Aipatu funtsei buruz Osasun Sailak egin ditzakeen egiaztatze-jardueretan eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiei dagozkienetan laguntzea.

16. artikulua.- Diru-laguntzak ordaintzea.

Emango diren laguntzen ordainketa era honetan egingo da:

1.- Lehenbiziko urteari dagokion laguntzaren zenbatekoa 13.5 eta 14.1 artikuluetan aipatzen den onarpen-agiria behar bezala beteta jaso bezain laster ordainduko zaio erakunde onuradunari.

2.- Ondorengo urteei dagozkien zenbatekoak Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzak txostena eta proiektuak sortutako gastuen egiaztagiriak onartu ondoren ordainduko dira. Erakunde onuradunak erakunde laguntzailearen bitartez bidaliko ditu urtero Zuzendaritza horretara agiri horiek guztiak.

17. artikulua.- Laguntzen justifikazioa.

Laguntzak jaso dituen zentro onuradunak jasotako diru-laguntza zertan gastatu duen justifikatu beharko du, Osasun Plangintza eta Ordenamenduko Zuzendaritzari, erakunde laguntzailearen bitartez, honako agiri hauek helaraziz:

1.- Urteko memoria zientifiko eta ekonomikoa, V. eranskineko eskemaren arabera egingo dena. Memoria zientifikoak, proiektuaren garapen-egoeraren eta lortutako helburu partzialen deskripzio bat egingo du, eta ikertzaile nagusiak sinatuko du. Memoria ekonomikoa ikertzaile nagusiak eta laguntzaren zentro kudeatzailearen legezko ordezkaritzak izenpetuko dute, eta bertan memoriak hartzen duen aldiari dagokion balantze ekonomikoa egingo da.

2.- Proiektuaren betearazpen epea amaitu ondorengo sei hilabeteko epean, V. eranskinean ageri den eredu arautuari jarraituz eginiko ikertzaile nagusiak sinaturiko amaierako memoria zientifikoaren eta entitate kudeatzailearen legezko ordezkariak eta ikertzaile nagusiak sinatutako memoria ekonomikoaren bina ale bidaliko dira.

Amaierako memoriarekin batera, behar bada, ikerkuntzaren ondorioz sortu diren argitalpen, tesi, karrera amaierako proiektu eta kongresuetara eginiko komunikazio guztien kopia bana aurkeztuko da. Horietan guztietan, eta geroago sor litezkeenetan, berariaz aipatu behar da Osasun Sailak emandako laguntza.

Zentro onuradunek honako hauek erantsiko dizkiete urteko memoriei eta amaierako memoriari: memoriak hartzen duen aldian gauzatutako gastuak egiaztatzen dituzten eta aurreko memoriekin aurkeztu ez diren jatorrizko fakturak edo horien kopia konpultsatuak.

Jarraipen-memorien aldeko ebaluazioak eta hurrengo urterako laguntza igortzeak, ez du egindako gastuekin bat etortzea eta amaierako memoria ekonomikoarekin bere osotasunean baloratuko den aurrekontua egoztea suposatuko.

3.- Zentro onuradunak ikusiko balu, justifikatutako arrazoiengatik, ezin duela finantzaturiko ikerkuntza-proiektua burutu, ahalik azkarren jakinaraziko dio Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzari, proiektuaren garapen zientifikoaren egoerari eta azken balantze ekonomikoari buruzko txostena ere erantsiz.

Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzak, espedientea aztertu ondoren, Osasun sailburuordeari proposatuko dio dagokion laguntzaren kitapena egiteko erabakia hartzeko, eta itzuli beharrik izanez gero, zenbatekoak zehaztuko dizkio.

4.- Osasun Sailak, komeni dela uste duen kasuetan, proiektuari jarraipen hobea egiten lagunduko duen informazio osagarria aurkezteko eska dezake.

18. artikulua.- Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

1.- Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako edozein baldintza aldatzen bada -betiere, laguntzaren xedea beteta-, eta beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik diru-laguntzaren bat aldi berean jasotzen bada, laguntzaren zenbatekoa aldatu ahal izango da. Horretarako, Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzak dagokion gutxitze-ebazpena emango du, emandako laguntzaren zenbatekoa egokitzeko.

2.- Diru-laguntza emateko ebazpenean adierazten diren gastuen finantzaketarako erabili behar da ematen den zenbatekoa, eta bertan zehazten den kopuruaren araberakoa izan behar da. Proiektuaren garapen-prozesuan zehar, laguntzaren guztizko zenbatekoa gainditu gabe, gastu-mota desberdinetara bideraturiko zenbateko partzial batzuetan aldaketak egitea beharrezkotzat jotzen bada, proiektuko ikertzaile nagusiak, aldez aurretik eta arrazoiak emanda, idatziz egin beharko du eskabidea, zentro onuradunaren legezko arduradunaren oniritzi eta guzti.

Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzak espedientea aztertu ondoren, Osasun sailburuordeari proposatuko dio dagokion ebazpena ematea.

3.- Proiektuaren amaiera atzeratzen bada -zentro onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten behar bezala justifikatutako arrazoiengatik-, eta hasiera batean proiektua garatzeko ezarritako epea iraungi baino lehen idatziz jakinarazten bada hori -zenbateko luzapena eskatzen den zehaztuta-, Osasun sailburuordeak proiektua amaitzeko epea luzatu ahal izango du, baina behin bakarrik egin ahal izango da hori.

19. artikulua.- Baldintzak ez betetzea.

1.- Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duena), onuradunak ezarritako baldintza eta epeak betetzen ez baditu, edota beka beste helburu baterako erabiltzen badu, laguntza eskuratzeko eskubidea galdu egin duela eta, hala badagokio, jasotako diru-zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli behar dituela deklaratu ahal izango da, ebazpen bidez, prozedurazko izapideak egin ondoren, eta bidezkoa izan daitekeen beste ekintzarik ere burutu ahal izango da. Aipatutako diru-kopuru guztiak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

Ez-betetzeagatiko txostena hasteko eta ebazteko aginpidedunak Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendaria eta Osasun sailburuordea izango dira.

2.- Ez-betetzea dela-eta, laguntza behin-behinean itzuli behar den kasuan, Osasun Sailaren aurrean dirua jaso duen zentro onuradun bakoitza izango da arduraduna.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako, agindu honetan arautako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko Aurrekontu Orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotearen arabera ebatziko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko Aurrekontu Orokorretan dagoen kreditua agindu honetako 4. artikuluan aurreikusitakoa baino txikiagoa bada, aldaketak egingo dira benetan dagoen zenbatekora egokitzeko. Osasun sailburuaren agindu baten bidez emango da horren berri.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote interesdunek Osasun sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri ahalko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aldizkari ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Bigarrena.- Ebazpen honetan aurrez zehaztu ez diren gaiak direla-eta, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa beteko da (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean emandako idazkera).

Hirugarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 2a.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

I. ERANSKINA

LEHENTASUNEZKO IKERKUNTZA-EREMUAK

ETA -ILDOAK

Ikerketa biomedikoaren funtsezko helburuak hauek dira: osasun arazoen eta gaixotasunen mekanismo molekular, biokimiko, zelular, genetiko eta fisiopatologikoari buruzko ezagutzetan sakontzea, eta, orobat, haiek prebenitu eta tratatzeko estrategiak ezartzea. Biologíak, biokimikak, biología molekularrak, genetikak eta erlazionatutako beste diziplina batzuek bat egiten dute biomedikuntza, hain justu ere gizakien osasun arazoak konpontzeko eta fisiologiari eta garapen armonikoari buruzko ezagutzak zabaltzeko. Halaber, diziplina klinikoez gain, farmako berrietan ikertzea eta garapen terapeutikoak eta osasun publikoan eta osasun-zerbitzuetan ikertzea ere, sartzen dira aipatu arloan; izan ere, azken horietan epidemiologia, sosiologia eta osasunaren ekonomia batera aplikatzen baitira. Gizarte ongizatea hobetu eta herritarren bizitzari dagokionez kalitatea eta itxaropenak hobetzeko, funtsezko lanabesa da ikerketa biomedikoa. Oinarrizko ikerkuntzako ezagutzak praktika klinikora eramatea azkarrago egiteko helburua du ikerketa traslazionalak; hartarako, bi mundu horien arteko erlazioak sortu eta hurbiltzeko zenbait estrategia diseinatu dira.

Hori dela eta, honako ikerkuntza-proiektuei lehentasuna emango zaie: batetik, biomedika translazionalari buruzkoak, osasun-emaitzetan, epidemiologikoa, osasun publikoan eta osasun-zerbitzuetan; eta bestetik, herritarren osasuna hobetzeko produktu berriak, estrategiak edo prozedurak, diagnostiko prebentibo edo terapeutikoen aplikazioa aztertzen dutenak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Planaren lehentasunekin bat etorriz. Hori guztiori, honako espezialitate-arlo hauetan ezarri ahal izango da:

Onkologia, neurozientziak, endokrinologia eta metabolismoa, arnas gaixotasunak, gaixotasun kardiobaskularrak, gaixotasun infekziosoak, epidemiologia, osasun publikoa eta osasun-zerbitzuak.

II. ERANSKINA

OSASUN-IKERKUNTZAKO PROIEKTUAK LAGUNTZEKO ESKABIDE-ORRIA

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA

IKERKUNTZA-PROIEKTUAREN ESKAERA-MEMORIA

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA

IKERKUNTZA-PROIEKTUETARAKO CURRICULUM VITAE ARAUTUA

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA

IKERKUNTZA-PROIEKTUAREN MEMORIA ZIENTIFIKOA ETA EKONOMIKOA

(Ikus .PDF)

VI. ERANSKINA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala