Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

245. zk., 2008ko abenduaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Osasun Saila
7123

EBAZPENA, 2008ko abenduaren 2koa, Osasun sailburuordearena, irabazi-asmorik gabeko elkarteei, osasun arloko profesionalen elkargo ofizialei, irakaskuntza-batzordeei, osasun-espezialitateetan prestatzeko aholku-batzordeei eta ikerketa sustatzeko elkarteei euren jardunerako eta langileen prestakuntza-jarduerak antolatzeko eman beharreko laguntzak ebazten dituena.

Biztanleriari osasun arreta egokia ematea faktore askoren menpe dago; hauen artean pertsonal sanitarioaren trebakuntza nabarmentzen da, eta horretarako kalitatezko hezkuntza-prozesua behar da.

Irakaskuntza- eta prestakuntza-jarduera asko kategoria desberdineko entitateen bidez gauzatzen dira. Entitate horien lehentasun-helburuen artean euren kideen beste arlo zabalagoetako gaitasuna aurkitzen da partikularki, bai eta profesional sanitarioena ere. Beraz, lehenengo prestakuntza-zikloa amaitzen dutenean, aipatutako profesional sanitario horiek prestakuntza-jarduerak dituzte Euskadiko sisteman sanitarioan, bai euren espezializazio-prozesuak dirauen bitartean, bai lanean dihardutenean.

Jarduera horiek bi motatakoak dira. Batetik, arlo honi dagozkion era guztietako ikastaroak eskaintzen dira. Horretan dihardute irakaskuntza-batzordeek, prestakuntzako aholku-batzordeek, ikerketa sustatzeko laguntza-unitateek, osasun arloko profesionalen elkargo ofizialeek, erakunde sanitarioek eta beste erakunde batzuek, besteak beste, elkarte zientifikoek.

Bestetik, erakunde horietako asko elkargune gisa bultzatzen dira, profesionalen arteko komunikazioa errazagoa egiteko, ezagutzaren hedapena kudeatuz. Batzuetan, bilera zientifikoak antolatzen dira, eta beste batzuetan aldizkako edizioak argitaratzen dira.

Azken ekitaldiotan burututako deialdiak kudeatzean izandako esperientziak dio, 2009ko ekitaldiko deialdia izapidetzeko, komeni dela gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan araututakoari jarraiki (2007ko maiatzaren 28ko EHAA, 101. zk.).

Horiek horrela, hauxe

EBATZI DUT:

I. KAPITULUA

XEDAPEN KOMUNAK

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen helburua zenbait gastu arautzea eta gastu horien finantza-laguntzetarako deialdia egitea da. Gastuen jatorriak ondokoak dira:

1.- Euskadiko Autonomia Erkidegoan, 2009. urtean burutzen diren osasun-jarduera zientifikoen gaineko prestakuntza- eta hedapen-jarduerak antolatzea; modalitateak bi izango dira:

a) Bilkura zientifikoak antolatzea, hau da, kongresu, sinposium, jardunaldi, mintegi eta lantegiak.

b) Ikastaroak antolatzea.

2.- Osasun arloko espezialitateetako erakunde zientifikoen funtzionamendua, betiere, irabazi-asmorik ez badute eta egoitza ofiziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta profesionalei prestakuntza eta eguneratze teknikoa ematen badiete edo ikerkuntza bultzatzen badute, bi modalitaterekin:

a) Irabazi-asmorik gabeko izanik osasun arloko espezialitateetako diren erakunde zientifikoen eraketa eta funtzionamendua laguntzea.

b) Osasun arloko aldizkako argitalpenak laguntzea.

2. artikulua.- Entitate onuradunak.

Agindu honetako laguntzez baliatuko diren erakundeak dagokion kapituluan modalitate bakoitzerako aipatzen diren erakundeak izango dira.

Onuradunei laguntzak emateko edo, hala badagokio, laguntzak ordaintzeko, derrigorrezkoa da tramitazioan dagoen itzulera-prozedurarik edo zehapen-prozedurarik ez izatea eta, ez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntza- edo dirulaguntza-esparruan zigor-prozedurarik hasita izatea ere.

3. artikulua.- Diru-laguntzak emateko prozedura.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluan aurreikusten den lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira laguntzak. Beraz, ematea modalitate bakoitzean aurkeztutako eskabideak konparatuta egingo da, euren artean lehentasuna ezartzeko. Lehentasun-ezartze hori egingo da, batetik, agindu honetako dagokion kapituluan eskabide bakoitzerako ezartzen diren balorazio-irizpideen arabera eta, bestetik, balorazio-fasean gutxienez hirurogei puntu lortu dituzten eskabideei bakarrik laguntzak esleituz, modalitate bakoitzari esleitutako kredituak agortu arte, kasua balitz.

4. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

1.- Agindu honen helburuetarako diren baliabide ekonomikoen zenbateko osoa berrehun eta laurogeita hamahiru mila hirurehun eta berrogeita bost (293.345) eurokoa da. Baliabide ekonomiko horiek Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horrexetarako ezarri diren kredituetatik datoz. Baliabide ekonomikoak, bada, ondoan zehazten den moduan banatu dira deialdiaren modalitateen artean: bilkura zientifikoak 96.000 euro; ikastaroak 120.000 euro; erakundeen eraketa eta funtzionamendua 43.000 euro; aldizkako argitalpenak editatzea 34.345 euro.

2.- Aipatutako zenbatekoak alda daitezke, modalitate bakoitzean zenbat laguntza eskatu den kontuan hartuta eta Osasun Saileko beste laguntza-programetatik agortu gabe gelditu diren baliabide ekonomikoen arabera, betiere deialdia ebatzi baino lehen. Osasun zuzendariordearen ebazpen baten bidez emango da horren berri.

Agindu honetan jarritako laguntza-modalitateren baten deialdia behin ebatziz gero, soberakinak geldituko balira, soberakin horiek deialdian ebatzi gabeko beste modalitateen zenbatekoak emendatzeko gorde ahal izango dira. Osasun sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da horren berri.

5. artikulua.- Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzen zenbatekoa zehazteko, ondokoak kontuan izanen dira: diruz lagunduko den jardueraren garrantzia, sarrera eta gastuen aurrekontua, eta bestelako finantza-iturriak badauden edo ez.

Emandako laguntza ezingo da inolaz ere eskaerarekin aurkeztutako aurrekontuan ageri den defizita baino handiagoa izan.

6. artikulua.- Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honen babespean ematen diren laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erdietsi litekeen beste edozein motatako laguntza edo diru-laguntzarekin, baldin horrela finantzaturiko jardueraren gain-finantzaketa eratortzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

Laguntza jasotzen duen onuradunak Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzari xede bererako ondoren bestelako laguntzarik jaso duen jakinarazi beharko dio, laguntza ematen den egunetik hara hilabeteko epean.

7. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.- Eskabideak eta gainerako argibideak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa izango da, agindu hau indarrean jartzen denetik hasita. Agiri horiek zein diren laguntza-modalitate bakoitzari dagokion kapituluan zehazten da.

2.- Agindu honetan ezarritako laguntzez baliatzeko eskabideak dagokion ereduari jarraiki gauzatuko dira, eskatu nahi den laguntza-modalitatearen arabera. Eskabideak, bestetik,Osasun Saileko Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendariari bidaliko zaizkio (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Gainera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean emandako idazkeran, ezarritako beste eratan ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

3.- Goragoko zatian adierazitako inprimakiak eskura izango dira web http://www.osanet.euskadi.net orrian, «Profesionalak» perfila.

8. artikulua.- Eskabideko hutsak zuzentzea.

Diru-laguntzen eskabideak behar bezala bete ez badira edo laguntza-modalitate bakoitzerako eskatzen diren agiriak erantsi ez badira, interesdunari hamar eguneko epea emango zaio hutsak zuzendu edo agiriak aurkezteko. Horrela egiten ez badu, bere eskabidea baliogabetutzat joko da. Administrazioak aipatu eskabideei buruzko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.- Eskabideak ebaluatzea.

1.- Modalitate bakoitzerako aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, dagokion Balorazio Batzordea eratuko da, eta kideak hauexek izango dira: presidentea, Osasun Saileko Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendaria; bokalak: Osasun Planaren zuzendariordea, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Atentzio Espezializatuko zuzendariordea eta Osasun Saileko I+D Laguntzen teknikari arduraduna, azken honek idazkari legez ere jardungo du.

2.- Batzordeak, laguntza-modalitate bakoitzerako aurreikusitako balorazio-irizpideak aplikatuz, formulatu diren eskabideak ebaluatu eta dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Osasun sailburuordeari.

10. artikulua.- Ebazpena.

1.- Deialdiko modalitate guzti-guztiak Osasun sailburuordeak ebatziko ditu, Balorazio Batzordeak proposatutakoa aintzat hartuta.

2.- Ebazpenetan honakoak adierazi beharko dira: erakunde onuradunak, diruz lagunduko den jarduera eta emandako zenbatekoa.

Ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaizkie interesdunei, agindu honek indarra hartzen duen egunetik hara sei hilabeteko epean.

3.- Aipatutako epea pasa eta interesdunei dagozkien ebazpenak ez bazaizkie jakinarazi, interesdunek beren eskabidea ez dela aintzat hartu ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

4.- Osasun sailburuordearen ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasun sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean, aipatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz.

5.- Eskabidearekin batera aurkeztu diren agiriak berreskuratzeko epea, laguntza ukatu den kasuetan, hilabetekoa izango da dagozkion ebazpenak EHAAn argitaratzen direnetik, betiere ebazpenari ez bazaio errekurtsorik egin. Errekurtsorik aurkeztu bada, ezespen-ebazpena jakinarazten denetik hara zenbatuko da epea.

11. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horren ildotik, diru-laguntzak esleitzeko ebazpenak EHAAn argitaratzen direnetik 15 egun naturaleko epean, erakunde onuradunak ez badio Osasun Sailari idatziz jakinarazten laguntzari uko egin diola, laguntza onartu duela ulertuko da.

b) Laguntza zertarako eman zaion, horrexetarako erabiltzea eta ez beste ezertarako.

c) Beren lana betez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak onuradunari, deialdi honi lotuta, eskatutako argibide guztiak helaraztea.

d) Eskabidea egiteko orduan kontuan hartutako datu edo inguruabarretan edozein aldaketa gertatuz gero, Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzari jakinaraztea, aldaketa gertatzen denetik harako hilabeteko epean.

e) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren babesa beren beregi adieraztea, diruz lagundutako jardueraren berri ematen duten agiri guztietan.

12. artikulua.- Diru-laguntzak ordaintzea.

1.- Ematen diren laguntzen ordainketa bi alditan gauzatuko da, eta aldi bakoitzean, emandako laguntzaren zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar (% 50) ordainduko da.

2.- Lehenengo ordainketa, 11.a) artikuluan adierazten den epea erakunde onuradunaren berariazko ukorik gabe igaro bezain laster egingo da.

3.- Bigarren ordainketa, diruz lagundu den jarduera gauzatu eta agiriak bidali ondoren egingo da, laguntza mota bakoitzarentzat aurrerago zehazten diren epemuga eta baldintzen arabera.

13. artikulua.- Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan eduki diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, eta baldin helburu berarekin beste erakunde publiko zein pribaturen baten laguntzarik jaso bada, diru-laguntzaren zenbatekoa aldatu ahal izango da. Horretarako, Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzak dagokion gutxitze-ebazpena emango du, emandako laguntzaren zenbatekoa egokitzeko.

14. artikulua.- Baldintzak ez betetzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzeko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, baldin onuradunak ezarritako baldintza eta epeak betetzen ez baditu edota beka beste helburu baterako erabiltzen badu, laguntza eskuratzeko eskubidea galdu egin duela eta, hala badagokio, jasotako diru-zenbatekoak eta legezko korrituak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli behar dituela deklaratu ahal izango da, ebazpen bidez, prozedurazko izapideak egin ondoren, bidezkoak izan daitezkeen beste eginbide batzuen kalterik gabe. Aipatutako diru-kopuru guztiak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

Ez-betetzeagatiko txostena hasteko eta ebazteko aginpidedunak Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendaria eta Osasun sailburuordea izango dira.

II. KAPITULUA

BILKURA ZIENTIFIKOAK ANTOLATZEKO LAGUNTZAK

15. artikulua.- Helburua.

Laguntza mota hauen helburua hauxe da: 2009. urtean Euskadiko Autonomia Erkidegoan osasun arloko profesionalen artean burutuko diren osasun arloko jarduera zientifikoak hedatu xedez bilkurak antolatzeko diru-laguntzak ematea.

16. artikulua.- Hartzaileak.

Honako hauek jaso ditzakete aipatu laguntzak: irabazi-asmorik gabeko elkarteek, osasun arloko profesionalen elkargo ofizialek, hezkuntza-batzordeek, osasun arlo espezialistak formatzeko aholku-batzordeek eta Osakidetzako Ikerkuntza Babesteko Unitateek.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzukoak diren gainerako zentroak eta unitateak.

Beren estatutu eta arautegiei jarraiki erakundeek gauzatutako ohiko bilerak ez dira diruz lagunduko.

17. artikulua.- Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak agindu honen I. eranskinean agertzen den ereduari jarraiki egingo dira, eta honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Elkarteen Erregistroko edo kasuan kasuko erregistro publikoko inskripzio-ziurtagiriaren kopia.

b) Identifikazio Fiskaleko Kodea esleitu zaiola egiaztatzen duen agiriaren kopia.

c) Erakunde antolatzailearen estatutu edo arautegi ofizialen kopia.

d) Administrazio-erakunde egokiaren ziurtagiria, entitate antolatzaileak zerga obligazioak ordainduta dituela edo ez dituela zertan ordaindu behar egiaztatzen duena.

e) Bilera antolatzera bultzatu duten helburuak jasotzen dituen memoria, eta halaber, jardueren aurreikusitako hedapena.

f) Bilera antolatu duen arduradunaren curriculum vitae laburtua.

g) Aldez aurreko egitaraua, zientzia-jardueraren edukia ahalik zehatzen adieraziz.

d) Hizlari garrantzitsuenen izenak, beren ibilbide zientifikoa eta profesionala labur azalduta.

i) Batzorde zientifikoaren osaera, kide bakoitzaren gaineko txosten labur batekin.

j) Diru-sarrera eta gastuen aurrekontu zehatza.

k) Finantzazio pribaturik balego, interes-gatazkaren deklarazioa.

Azken bi urteetan, mota honetako laguntzetarako deialdiren batera aurkeztu diren erakundeek ez dituzte aurkeztu beharko a), b) eta c) agiriak, betiere agiri horiek aldatuak izan ez badira.

18. artikulua.- Esleitzeko irizpideak.

Laguntzen esleipena honako irizpide hauetan oinarriturik eta ondoko ponderazioarekin egingo da:

a) Aurkeztutako agirien oinarriturik, jardueraren interes zientifikoa: 60 puntu gehienez.

b) Bilkuraren helburuak zenbateraino datozen bat Osasun Sailaren arlo nagusiekin, hau da, Osasun Planean adierazitako helburuekin: 40 puntu gehienez.

19. artikulua.- Ordainketa.

Emandako laguntza 12. artikuluan xedatutakoaren arabera ordainduko da, eta laguntzaren bigarren partea, diruz lagundutako bilera gauzatu eta, amaitzen denetik gehienez hiru hilabeteko epean ondoko agiriak aurkeztu ostean ordainduko da:

a) Diruz lagundutako bilerak sortutako gastu eta sarrera guztien ekonomia-balantzea, erakunde antolatzailearen legezko ordezkariaren oniritziarekin.

b) Jasotako laguntzaren zenbateko bereko edo handiagoko faktura originalak eta bilera zientifikoa antolatzean sortutako gastuen gainontzeko fakturen kopiak; salbu eta laguntzen bidez zein kontzeptu ordainduko den zehazten bada emate-ebazpenetan. Izan ere, kasu horretan, jasotako laguntzaren zenbateko berekoak edo handiagokoak diren gastuen faktura originalak soilik aurkeztu beharko dira.

Igortzean hala eskatzen bada, originalak itzuli egingo dira.

c) Balantze zientifikoarekin azken buruko memoria, eta bertaratutakoei entregatu zaien materiala ere jasoko da.

d) Dagokion administrazio-erakundearen ziurtagiria, entitate antolatzaileak zerga obligazioak ordainduta dituela edo ez dituela zertan ordaindu behar egiaztatzen duena. Aipatu egiaztagiriak eguneratuta egon behar du puntu honetan exijitzen diren agiriak bidaltzeko unean.

III. KAPITULUA

IKASTAROAK ANTOLATZEKO LAGUNTZAK

20. artikulua.- Helburua.

Laguntza mota hauen helburua osasun alorreko ikastaroen antolaketa finantzatzen laguntzea da, profesional sanitarioak prestatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan 2009an egingo diren ikastaroak hain zuzen.

21. artikulua.- Hartzaileak.

Honako hauek jaso ditzakete aipatu laguntzak: irabazi-asmorik gabeko elkarteek, osasun arloko profesionalen elkargo ofizialek, hezkuntza-batzordeek, osasun arlo espezialistak formatzeko aholku-batzordeek eta Osakidetzako Ikerkuntza Babesteko Unitateek.

Programa komun osagarriaren barruan ez diren irakaskuntza-batzordeek antolatutako ikastaroak kanpo geratuko dira.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzukoak diren gainerako zentroak eta unitateak.

22. artikulua.- Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak agindu honen II. eranskinean agertzen den ereduari jarraiki egingo dira, eta honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Elkarteen Erregistroko edo kasuan kasuko erregistro publikoko inskripzio-ziurtagiriaren kopia.

b) Identifikazio Fiskaleko Kodea esleitu zaiola egiaztatzen duen agiriaren kopia.

c) Erakunde antolatzailearen estatutu edo arautegi ofizialen kopia.

d) Dagokion administrazio-erakundearen ziurtagiria, entitate antolatzaileak zerga obligazioak ordainduta dituela edo ez dituela zertan ordaindu behar egiaztatzen duena.

e) Honako hauek azaltzen diren memoria: asistentzia-kontrolerako sistema, ikastaroaren helburu orokorrak eta berariazkoak, egutegia, giza baliabideak irakasle nagusien izena eta posizioarekin, baliabide materialak, ikasleak aukeratzeko mekanismoak, jardueraren egokitasuna zein beharrei erantzuten dien eta behar hauek nola antzeman diren adieraziz, irakasteko metodologia, eta azken buruko ebaluazio-sistemak.

f) Ikastaroa antolatu duen arduradunaren curriculum vitae laburtua.

g) Aldez aurreko egitaraua, ikastaroaren edukia ahalik zehatzen adieraziz.

h) Diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, kontzeptuka xehakatua.

i) Hala badagokio, emango den diploma edo ziurtagiria.

j) Beharrezkoa bada, jarduera kreditatzeko agiria, Osasun Arloko Profesionalen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluak emana.

k) Finantzazio pribaturik balego, interes-gatazkaren deklarazioa.

Azken bi urteetan, mota honetako laguntzetarako deialdiren batera aurkeztu diren erakundeek ez dituzte aurkeztu beharko a), b) eta c) agiriak, betiere agiri horiek aldatuak izan ez badira.

23. artikulua.- Esleitzeko irizpideak.

Laguntzen esleipena honako irizpide hauetan oinarriturik eta ondoko ponderazioarekin egingo da:

- Ikastaroaren helburuak: 15 puntu gehienez.

- Antolamendua eta logistika: 15 puntu gehienez.

- Ikastaroaren egokitasuna: 30 puntu gehienez.

- Irakasteko metodologia: 20 puntu gehienez.

- Ebaluazioa: 20 puntu gehienez.

24. artikulua.- Ordainketa.

Emandako laguntza 12. artikuluan xedatutakoaren arabera ordainduko da, eta laguntzaren bigarren partea, diruz lagundutako ikastaroa gauzatu eta, amaitzen denetik gehienez hiru hilabeteko epean ondoko agiriak aurkeztu ostean ordainduko da:

a) Diruz lagundutako ikastaroan sortutako gastu eta sarrera guztien ekonomia-balantzea, erakunde antolatzailearen legezko ordezkariaren oniritziarekin.

b) Jasotako laguntzaren zenbateko bereko edo handiagoko faktura originalak eta ikastaroa antolatzean sortutako gastuen gainontzeko fakturen kopiak; salbu eta laguntzen bidez zein kontzeptu ordainduko den zehazten bada emate-ebazpenetan. Izan ere, kasu horretan, jasotako laguntzaren zenbateko berekoak edo handiagokoak diren gastuen faktura originalak soilik aurkeztu beharko dira.

Igortzean hala eskatzen bada, originalak itzuli egingo dira.

c) Amaierako memoria, ikastaroan emandako materiala erantsiko da.

d) Dagokion administrazio-erakundearen ziurtagiria, entitate antolatzaileak zerga obligazioak ordainduta dituela edo ez dituela zertan ordaindu behar egiaztatzen duena. Aipatu egiaztagiriak eguneratuta egon behar du puntu honetan exijitzen diren agiriak bidaltzeko unean.

IV. KAPITULUA

ERAKUNDEEN ERAKETA ETA FUNTZIONAMENDURAKO LAGUNTZAK

25. artikulua.- Helburua.

Laguntza mota hauen helburua, 2009. urtean, espezialitate sanitarioko erakunde zientifikoen -irabazi-asmorik izan ez eta Euskal Autonomia Erkidegoak egoitza dutenen- eraketa eta funtzionamendu gastuak finantzatzeko laguntzak ematea da; betiere, profesional sanitarioei prestakuntza eta eguneratze teknikoa ematen dietenak eta osasuneko ikerkuntza bultzatzen dutenak badira erakunde haiek.

Erakundeak eratzeko gastuen artean era honetakoak sartuko dira: delako erakundea prestatzeko egindako bileretan eta horren berri ematean sortutakoak, notarioaren jarduerenak, erregistro publikoen jarduerenak, Ogasunarekin egindakoak, administraziokoak eta langileei dagozkienak eta erakundea sortzeko beharrezkoak diren bestelakoak.

Halaber, erakundeen funtzionamendu-gastuen artean ondokoek sorturikoak ere sartuko dira: beren jardueretan antolatutako bilkurek -gastu sozialak izan ezik-, administrazioak, langileek, argitalpenek, Zuzendaritza Batzordeko kideen bidaiek, amortizazioek eta jardueraren garapenean sortutako bestelakoek.

Ez dira funtzionamendu-gastutzat hartuko eskabidea egiten duen erakundeak emandako beka, sari edo laguntzek sortutakoak.

26. artikulua.- Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak agindu honen III. eranskinean agertzen den ereduari jarraiki egingo dira, eta honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Elkarteen Erregistroko edo kasuan kasuko erregistro publikoko inskripzio-ziurtagiriaren kopia.

b) Identifikazio Fiskaleko Kodea esleitu zaiola egiaztatzen duen agiriaren kopia.

c) Erakundearen estatutu edo arautegi ofizialen kopia.

d) Lekuan lekuko Foru Ogasunaren ziurtagiria, entitateak zerga obligazioak ordainduta dituela edo ez dituela zertan ordaindu behar egiaztatzen duena.

e) 2009. urterako jardueren plana, laguntza zertarako eskatzen den zehaztuta.

f) Erakundearen 2009. urterako gutxi gora-beherako aurrekontua, gastuak eta sarrerak adieraziz, bazkideen kuotak eta bestelako finantza-iturriak zehaztuz.

g) 2008. urteko jardueren memoria, azken ekitaldiko emaitzen balantzea eta kontua edo, hori ezean, diru-sarreren eta gastuen zerrenda.

Azken bi urteetan, mota honetako laguntzetarako deialdiren batera aurkeztu diren erakundeek ez dituzte aurkeztu beharko a), b) eta c) agiriak, betiere agiri horiek aldatuak izan ez badira.

Beren eraketarako laguntza eskabidea egiten duten erakundeek ez dituzte a), b), c), d) eta g) puntuetan adierazitako agiriak aurkeztu beharko.

27. artikulua.- Esleitzeko irizpideak.

Laguntzen esleipena honako irizpide hauetan oinarriturik eta ondoko ponderazioarekin egingo da:

a) 2009. urterako jardueren plana eta laguntza zertarako eskatzen den zehaztuta: 60 puntu gehienez.

b) Erakundeak gizartean duen eragina, kontuan izanik: kideen kopurua, jarduera-eremua, burutu dituen jarduerak eta biztanleriaren osasuna hobetzeko egin duen ekarpena: 40 puntu gehienez.

28. artikulua.- Laguntzen zenbatekoa.

Emandako laguntzak ezingo du inolaz ere eskabidearekin aurkeztutako aurrekontuan dagoen defizita gainditu, ezta 15.000 euroko kopurua ere.

29. artikulua.- Ordainketa.

Emandako laguntza 12. artikuluan xedatutakoaren arabera ordainduko da, eta laguntzaren bigarren partea, 2010eko martxoaren 31 baino lehen ondoko agiriak aurkeztu ostean ordainduko da:

a) 2009. urtean burututako jardueren memoria.

b) Emaitzen balantzea eta kontua, entitatearen legezko ordezkariaren oniritziarekin.

c) Jasotako laguntzaren zenbateko bereko edo handiagoko faktura originalak eta eraketak eta/edo funtzionamenduak urtean zehar sortutako gastuen gainontzeko fakturen kopiak; salbu eta laguntzen bidez zein kontzeptu ordainduko den zehazten bada emate-ebazpenetan. Izan ere, kasu horretan, jasotako laguntzaren zenbateko berekoak edo handiagokoak diren gastuen faktura originalak soilik aurkeztu beharko dira.

Igortzean hala eskatzen bada, originalak itzuli egingo dira.

d) Dagokion foru-ogasunak emandako ziurtagiria, puntu honetan eskatutako agiriak bidaltzerakoan eguneratua, erakundeak zerga obligazioak ordainduta dituela edo ez dituela zertan ordaindu behar egiaztatzen duena.

V. KAPITULUA

ALDIZKAKO ARGITALPEN EDIZIOEI LAGUNTZAK

30. artikulua.- Helburua.

Laguntza mota honen helburua, 2009. urtean, osasun arloko espezialitateko zinetikoek -irabazi-asmorik izan ez eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza dutenek- egiten dituzten aldizkako argitalpen zientifikoen edizio gastuak finantzatzeko laguntzak ematea da.

31. artikulua.- Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak agindu honen IV. eranskinean agertzen den ereduari jarraiki egingo dira, eta honako agiri hauek erantsiko dira:

a) Elkarteen Erregistroko edo kasuan kasuko erregistro publikoko inskripzio-ziurtagiriaren kopia.

b) Identifikazio Fiskaleko Kodea esleitu zaiola egiaztatzen duen agiriaren kopia.

d) Lekuan lekuko foru-ogasunaren ziurtagiria, entitateak zerga obligazioak ordainduta dituela edo ez dituela zertan ordaindu behar egiaztatzen duena.

d) Memoria, honakoak zehaztuz: argitalpen mota edo izaera, zein publikori zuzendua den, argitalpenaren banaketaren hedadura, periodikotasuna, ale-kopurua, orrialdeen tamaina eta kopurua; zuzendariaren izena, erredakzio batzordeko kideak eta kolaboratzaile nagusiak, eta baldin badauzka, ISSN zenbakia eta datu-base dokumentalen batean sartuta dagoela adierazteko ziurtagiria.

e) Aldizkariaren 2008. urteko diru-balantzea. 2009. urterako aurrekontua, gastuak eta sarrerak zehaztuz (harpide kopurua, ale bakoitzeko prezioa eta bestelako finantza-iturriak).

f) Argitaratutako azken zenbakiaren ale bat edo, argitalpen berria bada, eskatutako laguntzarekin ordainduko den argitalpenaren zirriborroa.

Azken bi urteetan, mota honetako laguntzetarako deialdiren batera aurkeztu diren erakundeek ez dituzte aurkeztu beharko a) eta b) agiriak, betiere agiri horiek aldatuak izan ez badira.

32. artikulua.- Esleitzeko irizpideak.

Laguntzen esleipena honako irizpide hauetan oinarriturik eta ondoko ponderazioarekin egingo da:

Argitalpenaren zientzia-prestigioa: 50 puntu gehienez.

Zein kolektibori zuzenduta dagoen: 20 puntu gehienez.

Hedapen eremua: 30 puntu gehienez.

33. artikulua.- Ordainketa.

Emandako laguntza 12. artikuluan xedatutakoaren arabera ordainduko da, eta laguntzaren bigarren partea, 2010eko martxoaren 31 baino lehen ondoko agiriak aurkeztu ostean ordainduko da:

a) 2009. urtean argitaratu den aldizkariaren zenbaki bakoitzaren ale bat.

b) Emaitzen balantzea eta kontua, erakundearen legezko ordezkariaren oniritziarekin.

c) Jasotako laguntzaren zenbateko bereko edo handiagoko faktura originalak eta argitalpenaren edizioak urtean zehar sortutako gastuen gainontzeko fakturen kopiak; salbu eta laguntzen bidez zein kontzeptu ordainduko den zehazten bada emate-ebazpenetan. Izan ere, kasu horretan, jasotako laguntzaren zenbateko berekoak edo handiagokoak diren gastuen faktura originalak soilik aurkeztu beharko dira.

Igortzean hala eskatzen bada, originalak itzuli egingo dira.

d) Dagokion foru-ogasunak emandako ziurtagiria, puntu honetan eskatutako agiriak bidaltzerakoan eguneratua, erakundeak zerga obligazioak ordainduta dituela edo ez dituela zertan ordaindu behar egiaztatzen duena.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako, agindu honetan arautako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko Aurrekontu Orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotearen arabera ebatziko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko Aurrekontu Orokorretan dagoen kreditua agindu honetako 4. artikuluan aurreikusitakoa baino txikiagoa bada, aldaketak egingo dira benetan dagoen zenbatekora egokitzeko. Osasun sailburuaren agindu baten bidez emango da horren berri.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honen aurka, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek Osasun sailburuaren aurrean berrezartzeko errekurtso potestatiboa aurkeztu ahal izango dute, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, indarrean sartzen den egunetik hara.

Bigarrena.- Ebazpen honetan aurrez zehaztu ez diren gaiak direla-eta, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa beteko da, zehazki, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkera duena.

Hirugarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 2a.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

I. ERANSKINA

ZIENTZIA-BILKURAK ANTOLATZEKO LAGUNTZETARAKO ESKABIDEA EGITEKO INPRIMAKIA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

IKASTAROAK ANTOLATZEKO LAGUNTZETARAKO ESKABIDEA EGITEKO INPRIMAKIA

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA

ENTITATE ZIENTIFIKO-SANITARIOEN ERAKETARAKO EDO FUNTZIONAMENDURAKO LAGUNTZAK ESKATZEKO INPRIMAKIA

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA

ALDIZKAKO ARGITALPEN EDIZIOETARAKO LAGUNTZETARAKO ESKABIDEA EGITEKO INPRIMAKIA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala