Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

245. zk., 2008ko abenduaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
7124

AGINDUA, 2008ko abenduaren 10ekoa, Kultura sailburuarena, gazteria eta gizarte-ekintzaren esparruan egitarauak eta jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Kultura Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteria eta gizarte-ekintzaren esparruan jarduerak suspertzeko lanetan dihardu beste zenbait erakunderekin batera. Helburu hori lortu nahian, xedapen honetan ezarritako arloren bateko jarduerak burutzen dituzten pertsona juridiko publiko zein pribatuei laguntzak eskaintzeko bideak ezartzen dira agindu honen bitartez.

Era berean, agindu honekin Euskal Autonomia Erkidegoan gazteria eta gizarte-ekintzaren esparrua garatzea eta indartzea lortu nahi da eta, horrenbestez, gazteak eta beste zenbait sektore berezi gizartean integra daitezen laguntzeko xedez banatuko ditu Kultura Sailak laguntzok bitarteko modura. Laguntza horien bitartez, Autonomia Erkidegoko erakundeei, beren kabuz egindako diseinuaren arabera, gazteria eta gizarte-ekintzarako egitarauak burutzeko aukera emango zaie eta, aldi berean, ez zaie muga estuegirik ezarriko, arlo horretan lanean diharduten agenteen ekimen berritzaileak ez oztopatzeko.

Hori horrela izanik, aldez aurretiko izapideen araubidearen mendean dagoen deialdi honen bitartez, bi helburu lortu nahi dira batez ere: alde batetik, diru-laguntzen deialdi guztietan izan behar diren objektibotasun, lehia eta publizitate printzipioak bermatzeko oinarri legalak ezartzea eta, bestetik, Kultura Sailak diru publikoak era egokian erabiltzen direla jakin ahal izateko bideak finkatzea.

Adierazitako guztia aintzat hartuta, gazteria eta gizarte-ekintzan diharduten erakundeentzako laguntza esparrua finkatu da; hain zuzen ere, jarduera edo urteko egitarau bat, zorroztasunez, edozein ikuspuntutatik burutu nahi duten erakunde guztiak diru-laguntzez baliatu ahal izateko moduko esparru zabala. Muga bakarra, Euskal Autonomia Erkidegoak jardunaldi bakoitzerako dituen aurrekontuetan arlo honetara zuzendutako diru-kopurua bera izango da.

Horiek denak aintzat izanik, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Gazteria eta gizarte-ekintzaren esparruan, 2009. urtean egiten diren urteko egitarauak eta jarduera zehatzak burutzeko diru-laguntzak banatzeko modua arautzea da agindu honen xedea, betiere ondorengo baldintza eta betebeharrak aintzakotzat izanik.

2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan aipatutako helburua betetzera zuzenduko diren baliabide ekonomikoak xede horretarako aurrekontuetan ezarritako kredituetatik etorriko dira, haien osoko zenbatekoa 750.000 eurokoa izango delarik. Zenbateko hori, ordea, handitu ahal izango da, Xedapen Gehigarrian ezarritakoari jarraituz.

3. artikulua.- Onuradunak.

1.- Agindu honetan ezartzen diren diru-laguntzak jaso ditzaketenak hauexek dira: Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako pertsona juridikoak, publikoak zein pribatuak, irabazi asmorik gabekoak eta hurrengo artikuluan ezarriko diren alorretan suspertze eta zabaltze jarduerak burutzen dituztenak.

2.- Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ziozko zigor administratibo edo penalak barne hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

3.- Toki-erakundeek ez beste erakunde guztiek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen agiri eguneratua aurkeztu beharko dute. Agiri hori organo eskudunak eman beharko du. Agiriak balioa izateko, ematen den egunetik justifikazioa aurkezten den eguna arte ezin izango dira sei hilabete baino gehiago igaro. Hala ere, erakunde onuradunak gai honen inguruan eskatzen zaizkion egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko ditu, prozeduraren fase guztiak garatzen diren bitartean. Erakunde eskatzaileak lurralde batean baino gehiagotan jarduten badu, helbide fiskala duen lurraldeetako bakoitzeko organo eskudunek emandako ziurtagirien bidez egiaztatu beharko du zerga-betebeharrak egunean dituela.

4. artikulua.- Diru-laguntza izan dezaketen arloak.

1.- Ondoko arloetan garatzen diren urteko egitarau eta jarduera zehatzek jaso dezakete diru-laguntza bat. Arlo bakoitzari 2. artikuluan aipatutako diru baliabideetatik jarraian zehazten direnak eskainiko zaizkio:

a) Betiere jarduera esparrua lurraldez gaindikoa delarik, gazte elkarteek edo erakundeek bultzaturiko gazteen inguruko helburu hauek dituzten urteko jarduera-programak: gazteria sustatzea, integratzea eta gizarteratzea, gazteen garapen pertsonala eta bizi-kalitatea hobetzea, edo gazteriari bideratutako politikak antolatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteei zuzenduta: 322.000 euro.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan aintzatetsita dauden animazio soziokulturalerako eskolek antolatzen dituzten gizarte eta kultura eragileak trebatzeko ikastaroak: 35.000 euro. Atal honetako diru-laguntzak 420 eurokoak izango dira ikasle bakoitzeko, gehienez.

c) Lurraldez gaindiko gizarte-ekintzako jarduerak: 90.000 euro.

d) Urteko programaziotik kanpoko jarduerak, honako helburua dutenak: gazteria sustatzea, integratzea eta gizarteratzea, Euskadiko gazteen garapen pertsonala eta bizi-kalitatea hobetzea, edo gazteriari bideratutako politikak antolatzea, bai eta gazteen elkartrukaketak edo leku-aldatzeak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko beste elkarte edo erakundeekin batera eta elkarlanean jarduerak burutu ditzaten. Horretaz gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek egindako gizarte-ekintzako jarduera zehatzak. Jarduera horien guztien helburu eta edukiak berritzaileak eta gizartean eragina izango dute: 303.000 euro.

2.- Deialdi honi dagokionez, sustapen soziokulturalaren arloan biztanleria talde jakinak hartu eta beren integrazioa eta partaidetza lortu nahi dituzten jarduerak hartuko dira gizarte-ekintzatzat, salbu eta beste politika sektorialetan jasotzen direnak.

3.- Deialdi honen ondorioetarako, lurraldez gaindikoak lurralde historiko baten hartzaileei baino gehiagori zuzendutakoak dira.

4.- Eskabide batean jarduera bat baino gehiago sartzen bada, eta horiek izaera ezberdinetakoak badira, banaka azaldu behar da jarduera bakoitzari dagokionez zein helburu, hartzaile eta diru-sarrera eta gastu izango dituen. Hori dela eta, izaera ezberdinak direla ulertuko da, helburu edo hartzaile ezberdinak dituztenez gainera, finantza-bide propio eta bereizi bat edo gehiago dituztenak.

5.- Artikulu honen arabera diruz lagun daitezkeen arloetako batean edo batzuetan diru guztia banatzen ez bada, Epaimahai Kalifikatzailearen proposamenean soberakina hurrengo multzoan banatu ahal izango da, eta horrela hurrenez hurren.

5. artikulua.- Diruz lagun daitezkeen gastuak eta aurrekontua.

1.- Ondorengoak joko dira agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz laguntzeko moduko gastutzat: erakunde eskatzaileak aurkeztutako jardueraren gaineko aurrekontu banakatu eta xehatuan agertzen diren gastuak, baldin eta ezbairik gabe jarduera garatzearekin lotura badute. Diruz laguntzeko moduko gastuak bi multzotan banatzen dira: zuzenak eta zeharkakoak.

2.- Diruz lagundutako gastu zuzenak. Diruz lagundutako gastu zuzenak dira, aurreko baldintzak aintzat hartuta, dena delako programa edo jarduera gauzatzearekin zuzenki loturiko kostu berariazkoak eta, beraz, programa edo jarduerari zuzenean kargatu dakizkiokeenak. Gastu zuzenen barruan, jarduera zabaltzeko gastuen diru-kopuruak ez du gaindituko, programa edo jarduerari emango zaion diru-laguntza zehazterakoan, programa edo jardueraren aurrekontuaren % 20.

3.- Diruz lagundutako zeharkako gastuak. Diruz lagundutako zeharkako gastuen barruan programa edo jardueraren aurrekontuaren % 10eraino kopurua sartu ahal izango da, betiere onuradunaren kostu administratibo orokorren zati bat, behar bezala justifikatuta, programari edo jarduerari eslei dakiokeenean.

4.- Ez dira inola ere diruz lagunduko, ez zergei loturiko diru-zenbatekoak ezta inbertsio-gastuak ere.

5.- Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek agertzen badira erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, edota laguntzeko modukoak izanik ere ezarritako muga gainditzen badute, Epaimahai Kalifikatzaileak ezabatu edo araztu egingo ditu gastuok, diru-laguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.

6. artikulua.- Baztertutako jarduerak.

Agindu honen aplikazio-esparrutik kanpo gelditzen dira jarduera hauek:

a) Izaera edo helburua kontuan hartuta, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzaren jarduera-esparruekin zuzeneko zerikusirik ez dutenak.

b) Interneteko webguneak edo atariak diseinatzea, garatzea, hobetzea, aldatzea edo mantentzea soilik helburu dutenak; bai eta datu-baseak mantentzera edo ustiatzera bideratutakoak ere, eta aldizkari edo egunkarien edizio digitalizatuak sortzeko eta on-line kontsultatzeko moduko produktuak egiteko direnak ere.

c) Patrimonializa daitezkeen elementuetan inbertsioak edo gastuak egitea xede bakarra duten jarduerak.

d) Autofinantziazioa kostu osoaren % 30 baino txikiagoa denean, hau da, erakunde eskatzaileak jarduerara bideratuko dituen diru-sarrera propioak jarduera horren aurrekontu osoaren % 30 baino txikiagoa denean. Diru-sarrera propiotzat hartuko dira kapitalean administrazio publikoen partaidetzarik ez duten diru-sarrerak, erakunde pribatuek egindakoak.

e) Hartzaileak nortzuk diren argi eta garbi identifikaturik ez dutenak.

f) Eskabide batean jarduera bat baino gehiago sartu eta horiek izaera ezberdinetakoak diren kasuetan, ez bada banaka azaltzen jarduera bakoitzari zein helburu, hartzaile eta diru-sarrera eta gastu dagokion.

g) Lurralde historiko bakar bateko hartzaileei zuzendutako jarduerak, diru-laguntza izan dezaketenak eta 4. artikuluko 1. ataleko a) eta c) arloetan jasota daudenak.

7. artikulua.- Epaimahai Kalifikatzailea.

1.- Aurkeztutako eskariak aztertu eta balioesteko, epaimahai kalifikatzaile bat osatuko da. Hona hemen horren kideak:

- Lehendakaria: Gazteria eta Gizarte-Ekintza burua. Ordezkoa: Arantza Urizar, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzako teknikaria.

- Bokala: Rosa Gelbentzu, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa: F. Javier Gutierrez, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzako teknikaria.

- Bokala: Agurtzane Iriondo, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak ere egingo ditu. Ordezkoa: Josu Gerediaga, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzako teknikaria.

2.- Eskarien azterketa eta ebazpen-proposamena: 9. artikuluan aipatzen diren balorazio- eta esleipen-irizpideak kontuan hartuta, Epaimahai Kalifikatzaileak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariari. Gainera, beharrezko iritzitako argibide eta dokumentazio oro eskatu ahal izango dio eskatzaileari, betiere, aldez aurretik jakinarazita eta 14. artikuluan finkatutako epea emanda.

8. artikulua.- Laguntzak banatzeko modua.

1.- Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da eta, beraz, arlo bakoitzean aurkeztutako eskabideak aztertu eta alderatu egingo dira diru-laguntzak ematerakoan. Eskabideak lehentasunen arabera sailkatu eta ordenan jartzeko orduan, segidan ezarritako hautaketa- eta balorazio-irizpideak hartuko dira aintzakotzat. Nolanahi ere, laguntza jasotzeko beharrezkoa izango da gutxienez 40 puntu jasotzea. Kasu bakoitzean eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, eskatutako diru-kopuruaren gaineko ehunekoa esleitzea proposatuko du Epaimahai Kalifikatzaileak, hain zuzen, ezarritako irizpideak aplikatzearen ondorioz lortzen den ehunekoa. Horretarako, honako formula hau erabiliko da:

100 x (puntuazioa-40)

-----------------------------

30

Puntuazioa 70 edo hortik gorakoa bada, eskatutako diru-kopuru osoa esleitzea proposatuko da. Kasu guztietan, 10. artikuluan diru-laguntzen zenbatekoa eta mugei buruz ezarritakoa bete beharko da.

2.- Aurreko puntuan adierazitakoa aplikatu, eta diru-laguntza guztiek batera gainditzen badute arloan-arloan jarritako diru-baliabideak, proportzionalki murriztuko dira laguntzen kopuru horiek.

3.- Epaimahai kalifikatzaileak ebazpen-proposamenean zehaztu egingo du zein jarduerak jasoko duen laguntza eta zeinek ez. Berdin egingo du Epaimahai Kalifikatzaileak eskabide berean izaera ezberdinetako jarduerak badaude eta denak laguntzen ez badira edo denak baztertzen ez badira, hots, epaimahai kalifikatzaileak ebazpen-proposamenean zehaztu egingo du zein jarduerak jasoko duen laguntza eta zeinek ez.

9. artikulua.- Balorazio-irizpideak.

1.- 12. artikuluan adierazitako dokumentazioaz gainera, erakunde eskatzaileak aurkeztu duen proiektua egokiro baloratzeko beharrezkoa irizten duen informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango dio Epaimahai Kalifikatzaileak.

2.- Aurkeztu diren eskabideei emango zaien puntuazioa, 8.1 artikuluan aipatzen dena, honako irizpide hauek aplikatu ondoren lortzen dutena izango da:

a) Erakunde eskatzaileari dagokionez:

a.1.- Erakunde eskatzaileak jarduerara bideratuko dituen diru-sarrera propioen eta jarduera horren aurrekontu osoaren arteko proportzioa. Erakundeak berak jarritako baliabideen portzentajea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta puntu gehiago; gehienez 10 puntu. Horren ondorioetarako, diru sarrera propiotzat hartuko da herri-administrazioen partaidetzarik ez duten erakunde pribatuek emandako dirua.

a.2.- Eskabidea egin duen erakundearen jarraitutasuna, egonkortasuna eta kaudimena, proposaturiko jarduera edo egitaraua garatuko den arloari dagokionez. Arlo honek, gehienez, 10 puntu har ditzake balorazioan.

b) Proposaturiko egitarau edo jarduerari dagokionez:

b.1.- Proposatutako egitarau edo jarduerak hartzen duen hedapen esparrua. Lehentasuna izango dute hedapena Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan duten jarduerek. Gehienez 15 puntu.

b.2.- Jarduera edo egitaraua garatzerakoan bai giza baliabideei dagokienez bai baliabide materialei dagokienez, euskara erabiltzea. Gehienez 17,5 puntu.

b.3.- Jarduerak edo egitarauak elkarteen alorrean emakumeen partaidetza areagotzen egiten den ekarpena. Gehienez 12,5 puntu.

b.4.- Urteko egitarauak gazteria eta gizarte-ekintzaren alorra sustatzen laguntzea: gehienez 15 puntu; edo jarduerak gizartean duen eragina: gehienez 15 puntu.

b.5.- Urteko egitarauak proiektuaren arabera jorratu beharreko alorrean duen originaltasuna eta burutuko den inguruan antzeko besterik ez egotea: gehienez 10 puntu; edo jarduerak duen eduki berritzailea: gehienez 10 puntu.

b.6.- Jardueraren edo egitarauaren eraginez, ustez, onuradun izan daitezkeen pertsonen kopurua. Gehienez 10 puntu.

10. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa eta mugak.

1.- Agindu honen bidez ezartzen diren diru-laguntzek gehienezko muga bat izango dute, hain zuzen ere, dagokion laguntza-eskabidean aurkeztutako aurrekontuaren zenbateko garbiaren (zergak kanpo) ehuneko hirurogeita hamarra.

2.- Dena dela, erakunde onuradun bakoitzak ezin izango du jaso 180.000 euro baino gehiago.

11. artikulua.- Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak beste erakunde eta enpresa publiko zein pribatuek helburu berberaz emandako beste laguntza batzuekin bateragarriak izango dira, betiere 6. artikuluko d) atalean adierazitako autofinantziazio-muga errespetatuz eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketa gertatuz gero, eman beharreko diru-laguntzatik murriztu egingo da dagokion kopurua, gehienezko mugara iritsi arte.

12. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu honek eragina duen egunetik aurrera.

2.- Eskabideak Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariari zuzenduko zaizkio eta lurralde historikoetako Kulturako lurralde-zerbitzuetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia-San Sebastián) zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik. Eskabideak ondoren aipatzen den dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko dira:

a) Eskabide-inprimakia (I. eranskineko ereduaren arabera). Bertan, entitate eskatzailearen datuak agertuko dira, zein arlotan eskatzen duen laguntza, legezko ordezkariaren datuak, laburpen ekonomikoa eta ordainketak agintzeko dokumentazioa ere. Inprimakia, behar bezala beteta, entitate eskatzailearen legezko ordezkaria den pertsonak sinatu beharko du.

b) Erakundeari dagokion dokumentazioa.

(Erakunde batek diru-laguntza eskaera bat baino gehiago egiten baditu, egiten dituen eskabideetako bati erantsi beharko dizkio erakundeari dagozkion dokumentuak).

b.1.- Estatutuen fotokopia (pertsona juridikoaren izaera dela-eta estatutuak edukitzea beharrezkoa bada indarreko legeriaren arabera) edo, erakundearen izaeraren arabera eratze-eskriturarena.

b.2.- Pertsona juridikoaren legezko ordezkari den pertsona fisikoaren NANaren fotokopia, baita ordezkari horrek eskaera egiten duen egunean duen boterearen kreditazioa ere, bai ahalordearen eskrituraren kopiaren bidez bai, hala badagokio, dagokion organoak emandako ziurtagiriaren bidez.

b.3.- Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartelaren fotokopia.

b.4.- Ordainketak agintzeko dokumentazioa:

- Alta eginda ez duten entitateek, V. eranskina behar bezala beteta eta bertan eskatzen den agiriak erantsita.

- Alta eginda dutenek eta bertako datuak aldatu dituztenek, VI. eranskina behar bezala beteta eta bertan eskatzen diren agiriak erantsita.

Goiko ataletan eskatutako agiriak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura badaude, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 35.f) artikuluaren arabera, ez dira aurkeztu beharko.

Kasu horretan, erakundearen legezko ordezkariak egindako aitorpena (I. eranskinean dagoena) ekarri beharko da, eta bertan agiri horiek guztiz indarrean daudela adieraziko da, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko zein organo edo sailetan eta zein egunetan aurkeztu, edo hala badagokio, eman ziren zehaztuz.

Halere, agiriei dagokien prozedura amaitu zenetik hiru urte baino gehiago igaro ez badira bakarrik erabili ahal izango da bide hau.

b.5.- Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen agiri eguneratua. Organo eskudunak igorri beharko du. Agiriak balioa izateko, igortzen den egunetik eskabidea aurkezten den eguna arte ezin izango dira sei hilabete baino gehiago igaro. Hala ere, erakunde onuradunak gai honen inguruan eskatzen zaizkion egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko ditu, prozeduraren fase guztiak garatzen diren bitartean. Erakunde eskatzaileak lurralde batean baino gehiagotan jarduten badu, zerga-betebeharren konplimendua helbide fiskala duen lurralde guztietako organo eskudunek emandako ziurtagirien bidez egiaztatu beharko du.

b.6.- Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzaileak ez duela zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik, barne hartuta sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez (I eranskinean dagoena).

c) Toki erakundeen kasuan:

c.1.- Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren NANaren fotokopia, baita ordezkari horrek duen boterearen kreditazioa ere.

c.2.- IFZren fotokopia.

c.3.- Ordainketak agintzeko dokumentazioa:

- Alta eginda ez duten entitateek, V. eranskina behar bezala beteta eta bertan eskatzen den agiriak erantsita.

- Alta eginda dutenek eta bertako datuak aldatu dituztenek, VI. eranskina behar bezala beteta eta bertan eskatzen diren agiriak erantsita.

c.4.- Udalez gaineko erakundeen kasuan eta toki erakundeen menpeko edo haiei loturiko zuzenbide publikoko erakundeen kasuan, gainera, erakundearen estatutuak eta erakundeak dagozkion Erregistro Publikoetan izena emana duelako kreditazioa ere.

d) Jarduerari buruzko dokumentazioa.

d.1.- Programaren laburpen-fitxa (II. eranskina).

d.2.- Programa edo jardueraren diru-sarrera eta gastuen aurrekontu banakatua eta xehatua (III. eranskina).

d.3..- Xede berarentzat eskatu diren beste diru-laguntza batzuen eskabideak (IV. eranskinean) edo xede berarentzat beste laguntzarik eskatu ez izanaren zinpeko aitorpena (IV. eranskina).

d.4.- Programa edo jarduerari buruzko txosten xehatua, honako alderdi hauek, gutxienez, jasoko dituena:

- Helburuak.

- Programak edo jarduerak zein lurralde-eremu hartzen duen.

- Hartzaileak zein diren eta, gutxi gorabehera, zenbat pertsona izan daitezkeen programa edo jardueraren onuradun.

- Euskararen erabilera giza baliabideetan eta baliabide materialetan.

- Programa edo jardueraren ekarpena emakumeek elkarteetan parte har dezaten sustatzeko.

- Programa edo jardueraren ekarpena gazteria edo gizarte ekintzako eremua zabaltzeko lanean.

- Jarduerak edo programak proiektuaren arabera jorratu beharreko alorrean duen originaltasuna eta jarduera edo programa burutuko den inguruan antzeko besterik ez egotea.

d.5.- Exekuzio egutegia.

d.6.- Diru-laguntza eskabide honen gainean Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eman duen txostena, kontseilukide diren erakundeei eskatua.

e) Aukeran, erakunde eskatzaileak proiektua edo jarduera hobeto baloratzeko egoki ikusten duen edozein dokumentazio aurkeztu ahal izango da.

3.- Nolanahi ere, I. eranskinean adierazitako dokumentazioaz gainera, Epaimahai Kalifikatzaileak egokitzat iritzitako beste argibide edo dokumentazio oro ere eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, aurkeztutako jardueraren balorazio zuzena egin ahal izateko.

13. artikulua.- Kudeaketa-organoa.

Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako diru-laguntzak.

14. artikulua.- Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskabidea osatu gabea dela edo akatsak dituela ikusten bada, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzak horren berri emango dio eskabidea egin duenari eta hamar eguneko epea emango dio dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta jakinaraziko dio eskatutako dokumentazioa epe horretan zuzentzen ez badu, ebazpen bat emango dela eskabidea ezetsitzat jotzeko.

15. artikulua.- Ebazpena.

1.- Epaimahai Kalifikatzailearen proposamena ikusita, Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik.

2.- Ebazpen hori erakunde interesdun guztiei jakinaraziko zaie. Era berean, emandako diru-laguntzen eta erakunde onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.

3.- Hiru hilabeteko epe hori amaituta erakunde interesdunak jakinarazpenik jaso ez badu, eskatutako diru-laguntza ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

4.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek erakunde onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru-laguntzaren esleipena eta ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da.

16. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, pertsona/erakunde onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.

d) Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek berariaz aipatuko dute Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzaren laguntza izan dutela, diru-laguntza emateko ebazpenaren berri dutenetik hasita, diruz lagundutako jarduera edo egitaraua dela-eta argitaratzen dituzten egitarau, iragarki-kartel, argazki eta idatzizko zein entzunezko gainerako material guztietan. Material horiek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan argitaratu beharko dira. Gainera, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren liburu, liburuxka edo kartelen ale bat aurkeztu behar dute beren kontura edo, bestela, horien kopia euskarri fisiko edo magnetikoan, materialaren izaera edo euskarriaren egokitasunaren arabera. Konpromiso honetatik salbuetsita egongo dira behin jarduera bukatuta eskabidea aurkeztu eta diru-laguntza jasotzen duten erakundeak, baita diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien komunikazioa behin jarduera bukatuta jasotzen duten erakundeak ere.

e) Diruz lagundutako jarduerak edo programak ordaindu behar den zerbitzu edo produkturen bat eskaintzen badu, erakunde onuradunak abantailak eskainiko dizkie, batez ere ekonomikoak, gazte-txartela dutenei.

f) Diruz lagundutako jardueran edo egitarauan gorabeheraren bat gertatuz gero, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio. Organoak, hala dagokionean, behar diren egokitzapenak egingo ditu, indarrean dagoen araubidearen arabera.

17. artikulua.- Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da: lehen zatian, diru-laguntzaren kopurutik ehuneko berrogeita hamar ordainduko da Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariaren onespen-ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean eta, bigarrenean, gainerako kopurua, hurrengo artikuluan ezartzen den bezala egitaraua eta ekintzaren justifikazioa egindakoan.

Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, burututa dauden jardueren diru-laguntzak ordainketa bakar batez gauzatu ahal izango dira, bi hilabeteko epean, 15. artikuluan aipatutako Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariaren onespen-ebazpena hartzen denetik hasita, betiere eskabidearekin batera jarduera burutu dela erakusten duen dokumentazioa aurkeztu eta agindu honen 18. artikuluan adierazitako moduan justifikatu ondoren.

18. artikulua.- Diru-laguntza justifikatzea.

Behin lagundutako jarduerak bukatu eta gero eta betiere hurrengo urtealdiko martxoaren 1a baino lehen, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute diru-laguntza jasotzen duten entitateek:

a) Buruturiko jarduera edo egitarauari buruzko txosten zehatza, diru-sarreren eta gastuen balantzea barne.

b) Diruz lagundutako jarduerak sortu dituen gastuak justifikatzen dituen dokumentazioa. Diru-laguntza osoa justifikatzen duten jatorrizko agiriak aurkeztu behar dira edo, bestela, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak edo kasuan kasuko lurralde historikoko kulturako lurralde zerbitzuak konpultsatutako fotokopiak.

Hala ere, erakunde onuradunek aurkeztu duten gastuen aurrekontu osoa justifikatzen duten gainerako fakturak aurkeztuko dizkiote kudeaketa-organoari, hala eskatzen badu, hiru hilabeteko epean, aurkezteko epea amaitzen denetik kontatzen hasita.

Toki-erakundeen kasuan, diru-laguntza izan duten jarduerak sortu dituen gastuak justifikatzen dituen dokumentazioa organo eskudunak emandako ziurtagiria baino ez da izango. Ziurtagiri horretan idazkariak edo kontu-hartzaileak diru-laguntzaren xedea eta helburua beteta daudela adieraziko du eta horretarako erabili diren zenbatekoak zehaztuko ditu, bereizita adieraziz zein izan diren erakunde eskatzailearen ekarpenei dagozkionak eta zein diren beste edozein pertsona fisiko edo juridiko publiko zein pribaturen ekarpenei dagozkionak.

c) Toki-erakundeek ez beste erakunde guztiek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen agiri eguneratua aurkeztu beharko dute. Agiri hori organo eskudunak eman beharko du. Agiriak balioa izateko, ematen den egunetik justifikazioa aurkezten den eguna arte ezin izango dira sei hilabete baino gehiago igaro. Erakunde eskatzaileak lurralde batean baino gehiagotan jarduten badu, helbide fiskala duen lurraldeetako bakoitzeko organo eskudunek emandako ziurtagirien bidez egiaztatu beharko du zerga-betebeharrak egunean dituela.

d) Jardueraren egitarau, iragarki-kartel, argazki eta material idatzizko, entzunezko eta grafikoaren zenbait ale, erabilitako hizkuntza guztietakoak. Horietan guztietan Kultura Sailaren babesaren berri eman beharko da.

e) Eskabidea aurkezteko momentuan hartuko zutenik ez jakiteagatik adierazi gabe geratu eta ondoren xede berberaz jasotako gainerako laguntza guztien aipamena.

19. artikulua.- Kitapen-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete dela iritziz gero) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik ere diru-laguntzaren bat jasoz gero, diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horrelakoetan, Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak likidazio ebazpena emango du, diru-laguntzen zenbatekoa doitzeko.

20. artikulua.- Ez-betetzeak.

1.- Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.- Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuak xedatutako moduan eta bertan agindutakoa aldez aurretik beteta.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako diru-laguntzaren zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko globala aldatu ahal izango da, baldin eta Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariaren ebazpen baten bitartez emango zaio publizitatea horri.

AZKEN XEDAPENAK

1.- EAEko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen dituen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako laguntzak emateko nahitaezko baldintza da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko aurrekontu orokorretan kreditu egokiak eta nahikoak egotea.

2.- Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kultura sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 10a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA / ANEXO I

DIRU-LAGUNTZAREN ESKABIDEA, Kultura sailburuaren aginduaren araberakoa. Agindu horren bidez, Gazteria eta Gizarte Ekintzaren esparruan egitarau eta jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen dira.

SOLICITUD DE SUBVENCIÓN de acuerdo a la Orden de la Consejera de Cultura por la que se establece el régimen de concesión de subvenciones para el desarrollo de programas y actividades en el ámbito de Juventud y Acción Comunitaria.

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA / ANEXO II

FICHA RESUMEN DEL PROYECTO

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA / ANEXO III

2009: AURREKONTUAREN LABURPENA / RESUMEN DEL PRESUPUESTO 2009

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA

BETE beste erakunde bati diru-laguntza eskatu bazaio edo beste erakunde batek diru-laguntza eman badio helburu berberarekin

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA / ANEXO V

DATUEN ALTA/HIRUGARREN INTERESATUA

ALTA DE DATOS/TERCERO INTERESADO

(Ikus .PDF)

VI. ERANSKINA / ANEXO VI

HIRUGARRENAREN DATUETAN ALDAKETA(K) SARTZEKO ESKABIDE-ORRIA (*)

SOLICITUD MODIFICACIÓN EN LOS DATOS DEL TERCERO

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala