Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

245. zk., 2008ko abenduaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
7125

AGINDUA, 2008ko abenduaren 10ekoa, Kultura sailburuarena, gazteak balioetan eta bakearen kulturan hezteko programak eta jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzen dituena.

Kultura Sailak, beste zenbait erakunderekin batera, lanean dihardu gazteak balioetan eta bakearen kulturan hezteko programak suspertzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Helburu hori lortu nahian, xedapen honetan ezarritako arloren bateko jarduerak burutzen dituzten pertsona juridiko publiko zein pribatuei laguntzak eskaintzeko bideak ezartzen dira agindu honen bitartez.

Agindu honek nahi duena da gazteak balioetan eta bakearen kulturan hezteko programak zabaltzen laguntzea. Horretarako, Kultura Sailak beste tresna baten gisara mahairatzen du laguntza hori, hain zuzen ere, gazteak eta beste zenbait sektore berezi gizartean integra daitezen lagunduko duena. Laguntza horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeei aukera emango zaie bakearen balio eta kulturako programak burutzeko, betiere beren kabuz egindako diseinuaren arabera, eta, aldi berean, ez zaie muga estuegirik ezarriko, arlo horretan lanean diharduten agenteen ekintza berriak eta berriztatzaileak ez oztopatzeko.

Hori horrela izanik, aldez aurretiko izapideen araubidearen mendean dagoen deialdi honen bitartez, bi helburu lortu nahi dira batez ere: alde batetik, diru-laguntzen deialdi guztietan izan behar diren objektibotasun, lehia eta publizitate printzipioak bermatzeko gutxieneko oinarri legalak ezartzea eta, bestetik, Kultura Sailak diru publikoak era egokian erabiltzen direla jakin ahal izateko bideak finkatzea.

Adierazitako guztia aintzat hartuta, gazteak balioetan eta bakearen kulturan hezteko programak egitea xede duten erakundeentzako laguntza-esparrua finkatu da; hain zuzen ere, urteko jarduera edo programa bat, zorroztasunez, edozein ikuspuntutatik burutu nahi duten erakunde guztiak diru-laguntzez baliatu ahal izateko moduko esparru zabala. Muga bakarra, Euskal Autonomia Erkidegoak urtealdi bakoitzerako dituen aurrekontuetan arlo honetara zuzendutako diru-kopurua bera izango da.

Horiek denak aintzat izanik, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Gazteak balioetan eta bakearen kulturan hezteko jarduerak 2009. urtean burutzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzea da agindu honen xedea, betiere, ondorengo baldintza eta betebeharrak aintzakotzat izanik.

2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan aipatutako helburua betetzera zuzenduko diren baliabide ekonomikoak aurrekontuetan xede horretarako ezarritako kredituetatik etorriko dira, eta horien osoko zenbatekoa, 128.000 eurokoa izango da. Diru kopuru hori handitu ahal izango da, Xedapen Gehigarrian ezarritakoari jarraituz.

3. artikulua.- Onuradunak.

1.- Agindu honetan ezartzen diren diru-laguntzak jaso ditzaketenak hauexek dira: Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako pertsona juridikoak, publikoak zein pribatuak, irabazi asmorik gabekoak eta hurrengo artikuluan ezarriko diren alorretan Euskal Autonomia Erkidegoko gazteei zuzendutako suspertze eta zabaltze jarduerak burutzen dituztenak.

2.- Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ziozko zigor administratibo edo penalak barne hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

3.- Edozein kasutan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.4 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra edo erakunde autonomiadunak ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

4. artikulua.- Diru-laguntza izan dezaketen arloak.

1.- Balioak eta bakearen kultura suspertzeko heziketak, deialdi honi dagokionez, bizikidetza erraztuko duten balioak sustatzea hartuko du bere baitan; eta besteak beste, honako hauek bultzatuko ditu: berdintasuna, justizia, parte-hartzea, aniztasuna, tolerantzia, elkarrekiko errespetua, gatazkak elkarrizketa bidez ebazteko modu parte-hartzailea, eta giza eskubideen defentsa.

2.- Gazteentzat ondoko arloetan garatzen diren urteko lurraldez gaineko programek eta jarduera jakinek izan dezakete diru-laguntza. Hona hemen arloak:

a) Balio eta bakearen kulturarako hezkuntza suspertzea helburu nagusi duten programak eta jarduerak.

b) Balio eta bakearen kulturan heziko duten pertsonak prestatzeko jarduerak.

c) Balio eta bakearen kulturarako hezkuntza bereziki zabaltzeko jarduerak.

3.- Deialdi honen ondorioetarako, lurraldez gainekoak lurralde historiko bateko onuradunei baino gehiagori zuzendutakoak dira.

4.- Eskabide batean -arloa gorabehera- jarduera bat baino gehiago sartzen bada, eta horiek izaera ezberdinekoak badira, banaka azaldu behar da jarduera bakoitzari dagokionez zein helburu, hartzaile eta diru-sarrera eta gastu izango dituen. Izaera ezberdinekoak direla ulertuko da, helburu edo hartzaile ezberdinak izateaz gainera, finantza-bide propio eta bereizi bat edo gehiago dituztenak.

5. artikulua.- Diruz lagun daitezkeen gastuak eta aurrekontua.

1.- Ondorengoak joko dira agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz laguntzeko moduko gastutzat: erakunde eskatzaileak aurkeztutako jardueraren gaineko aurrekontu banakatuan eta xehatuan agertzen diren gastuak, baldin eta ezbairik gabe jarduera garatzearekin lotura badute. Diruz laguntzeko moduko gastuak bi multzotan banatzen dira: zuzenak eta zeharkakoak.

2.- Diruz lagundutako gastu zuzenak. Diruz lagundutako gastu zuzenak dira, aurreko baldintzak aintzat hartuta, dena delako programa edo jarduera gauzatzearekin zuzenki loturiko kostu berariazkoak eta, beraz, programa edo jarduerari zuzenean kargatu dakizkiokeenak. Gastu zuzenen barruan, jarduera zabaltzeko gastuen diru-kopuruak ez du gaindituko, programa edo jarduerari emango zaion diru-laguntza zehazterakoan, programa edo jardueraren aurrekontuaren % 20.

3.- Diruz lagundutako zeharkako gastuak. Diruz lagundutako zeharkako gastuen barruan programa edo jardueraren aurrekontuaren % 10eraino kopurua sartu ahal izango da, betiere onuradunaren kostu administratibo orokorren zati bat, behar bezala justifikatuta, programari edo jarduerari eslei dakiokeenean.

4.- Ez dira inola ere diruz lagunduko, ez zergei loturiko diru zenbatekoak ezta inbertsio-gastuak ere.

5.- Artikulu honen arabera diruz ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen direnak agertzen badira erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, edota, laguntzeko modukoak izanik ere ezarritako muga gainditzen badute, Epaimahai Kalifikatzaileak ezabatu edo araztu egingo ditu gastuok, diru-laguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.

6. artikulua.- Jarduerak baztertzea.

Agindu honen aplikazio-esparrutik kanpo gelditzen dira jarduera hauek:

a) Izaera edo helburua kontuan hartuta, Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren jarduera-esparruekin zuzeneko zerikusirik ez dutenak.

b) Udal esparrura soilik edo lurralde historiko batera bakarrik mugatzen direnak, hau da, lurralde historiko bakar baten hartzaileei zuzendutakoak direnak.

c) Xede bakarra ondare bilaka daitezkeen elementuetan inbertsioak edo gastuak egitea duten jarduerak.

d) Autofinantziazioa kostu osoaren % 30 baino txikiagoa denean, hau da, erakunde eskatzaileak jarduerara bideratuko dituen diru-sarrera propioak jarduera horren aurrekontu osoaren % 30 baino txikiagoak direnean. Diru-sarrera propiotzat hartuko dira kapitalean administrazio publikoen partaidetzarik ez duten erakunde pribatuek egindakoak.

e) Baldin eta gainfinantzaketa deuseztatzeko asmoz eskatutako kopuruaren gainean egindako zuzenketaren ondorioz diru kopurua hutseraino murrizten bada. Hona gainfinantzaketatzat zer ulertzen den: aurreikusitako gastuak gainditzen dituzten aurreikusitako diru-sarrerak (eskatutako diru-laguntza guztiak barne).

f) Helburutzat balioak eta bakearen kultura suspertzea ez dutenak, berariaz balioak eta bakearen kultura zabaltzera zuzenduta ez daudenak, edo balioetan eta bakearen kulturan heziko duten pertsonak prestatzeko jarduerak ez direnak.

g) Inplizituki beka edo bidaia-poltsa baten eskaria dutenak.

h) Hartzaileak nortzuk diren argi eta garbi identifikaturik ez dutenak.

i) Eskabide batean jarduera bat baino gehiago sartu eta horiek izaera ezberdinekoak diren kasuetan, ez bada banaka azaltzen jarduera bakoitzari zein helburu, hartzaile eta diru-sarrera eta gastu dagokion.

7. artikulua.- Epaimahai Kalifikatzailea.

1.- Aurkeztutako eskariak aztertu eta balioesteko, Epaimahai Kalifikatzaile bat osatuko da. Hona hemen horren kideak:

- Lehendakaria: Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendaria. Bere ordez Gazteria eta Gizarte Ekintza buruak jardun ahalko du, legez ezarritako kasuetan.

- Bokalak:

- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo zuzendaritza horretako teknikari bat, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak aukeratua.

- Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako zuzendaria edo zuzendaritza horretako teknikari bat, Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako zuzendariak aukeratua.

- Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko ordezkari bat.

- Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzako teknikari bat, Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariak izendatua.

- Idazkaria: Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzako teknikari bat, Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

2.- Epaimahaiaren osaera Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariaren ebazpen baten bitartez jakinaraziko da.

3.- Eskarien azterketa eta ebazpen-proposamena: 9. artikuluan aipatzen diren balorazio- eta esleipen-irizpideak kontuan hartuta, Epaimahai Kalifikatzaileak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari. Gainera, beharrezko iritzitako dokumentazio guztia eskatu ahal izango dio eskatzaileari, betiere, aldez aurretik jakinarazita eta 14. artikuluan finkatutako epea emanda.

8. artikulua.- Laguntzak banatzeko modua.

1.- Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da eta, beraz, arlo bakoitzean aurkeztutako eskabideak aztertu eta alderatu egingo dira diru-laguntzak ematerakoan. Eskabideak lehentasunen arabera sailkatu eta ordenan jartzeko orduan, segidan ezarritako hautaketa- eta balorazio-irizpideak hartuko dira aintzakotzat. Nolanahi ere, laguntza jasotzeko beharrezkoa izango da gutxienez 20 puntu jasotzea. Kasu bakoitzean eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, eskatutako diru-kopuruaren gaineko ehunekoa esleitzea proposatuko du Epaimahai Kalifikatzaileak, hain zuzen, ezarritako irizpideak aplikatzearen ondorioz lortzen den ehunekoa. Horretarako, honako formula hau erabiliko da:

100 x (Puntuazioa-20)

50

Puntuazioa 70 edo hortik gorakoa bada, eskatutako diru-kopuru osoa esleitzea proposatuko da. Kasu guztietan, 10. artikuluan diru-laguntzen zenbatekoa eta mugei buruz ezarritakoa bete beharko da.

2.- Aurreko puntuan adierazitakoa aplikatu, eta diru-laguntza guztiek batera gainditzen badute jarritako diru-baliabideak, proportzionalki murriztuko dira laguntzen kopuru horiek.

3.- Epaimahai kalifikatzaileak ebazpen-proposamenean zehaztu egingo du zein jarduerak jasoko duen laguntza eta zeinek ez. Berdin egingo du Epaimahai Kalifikatzaileak eskabide berean izaera ezberdinetako jarduerak badaude eta denak laguntzen ez badira edo denak baztertzen ez badira, hots, epaimahai kalifikatzaileak ebazpen-proposamenean zehaztu egingo du zein jarduerak jasoko duen laguntza eta zeinek ez.

9. artikulua.- Balorazio-irizpideak.

1.- 12. artikuluan adierazitako dokumentazioaz gainera, erakunde eskatzaileak aurkeztu duen proiektua egokiro baloratzeko beharrezkoa irizten duen informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango dio Epaimahai Kalifikatzaileak.

2.- Aurkeztu diren eskabideei emango zaien puntuazioa, 8.1 artikuluan aipatzen dena, honako irizpide hauek aplikatu ondoren lortzen duten araberakoa izango da:

a.- Erakunde eskatzaileari dagokionez:

a.1.- Erakunde eskatzaileak jarduerara bideratuko dituen diru sarrera propioen eta jarduera horren aurrekontu osoaren arteko proportzioa. Erakundeak berak jarritako baliabideen portzentajea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta puntu gehiago. Gehienez 10 puntu. Horren ondorioetarako, diru-sarrera propiotzat hartuko da herri-administrazioen partaidetzarik ez duten erakunde pribatuek emandako dirua.

a.2.- Eskabidea egin duen erakundearen jarraitutasuna, egonkortasuna eta kaudimena, proposaturiko jarduera edo programa garatuko den arloari dagokionez. Arlo honek, gehienez, 15 puntu har ditzake balorazioan.

b.- Proposaturiko programa edo jarduerari dagokionez:

b.1.- Proposatutako programa edo jarduerak hartzen duen hedapen esparrua. Lehentasuna izango dute hedapena Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan duten jarduerek. Gehienez 15 puntu.

b.2.- Jarduera edo programa garatzerakoan bai giza baliabideei dagokienez bai baliabide materialei dagokienez, euskara erabiltzea. Gehienez 15 puntu.

b.3.- Jarduerak edo programak balio eta bakearen kulturarako hezkuntza sustatzen edo zabaltzen laguntzea. Gehienez 25 puntu.

b.4.- Jarduerak edo programak proiektuaren arabera jorratu beharreko alorrean duen originaltasuna eta jarduera edo programa burutuko den inguruan antzeko besterik ez egotea. Gehienez 10 puntu.

b.5.- Jardueraren edo programaren eraginez, ustez, onuradun izan daitekeen pertsonen kopurua. Gehienez 10 puntu.

10. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa eta mugak.

Agindu honen bidez ezartzen diren diru-laguntzek gehienezko muga bat izango dute, hain zuzen ere, dagokion laguntza-eskabidean onartutako aurrekontuaren zenbateko garbiaren (zergak kanpo) ehuneko hirurogeita hamarra.

11. artikulua.- Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak, beste erakunde eta enpresa publiko zein pribatuek helburu berberaz emandako beste laguntza batzuekin bateragarriak izango dira, betiere, 6. artikuluaren d) atalean adierazitako autofinantziazio-muga errespetatuz eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketa gertatuz gero, eman beharreko diru-laguntzatik murriztu egingo da dagokion kopurua, gehienezko mugara iritsi arte.

12. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu honek eragina duen egunetik aurrera.

2.- Eskabideak Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariari zuzenduko zaizkio eta lurralde historikoetako Kulturako lurralde-zerbitzuetan aurkeztuko dira zuzenean (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia-San Sebastián) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik. Eskabideak ondoren aipatzen den dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko dira:

a) Eskabide-inprimakia (I. eranskineko ereduaren arabera). Bertan, entitate eskatzailearen datuak agertuko dira, zein arlotan eskatzen duen laguntza, legezko ordezkariaren datuak, laburpen ekonomikoa eta ordainketak agintzeko dokumentazioa ere. Inprimakia, behar bezala beteta, entitate eskatzailearen legezko ordezkaria den pertsonak sinatu beharko du.

b) Erakundeari dagokion dokumentazioa.

(Erakunde batek dirulaguntza eskaera bat baino gehiago egiten baditu, egiten dituen eskabideetako bati erantsi beharko dizkio erakundeari dagozkion dokumentuak).

b.1.- Estatutuen fotokopia (pertsona juridikoaren izaera dela-eta estatutuak edukitzea beharrezkoa bada indarreko legeriaren arabera) edo, erakundearen izaeraren arabera eratze-eskriturarena.

b.2.- Pertsona juridikoaren legezko ordezkari den pertsona fisikoaren NANren fotokopia, baita ordezkari horrek eskaera egiten duen egunean duen boterearen kreditazioa ere, bai ahalordearen eskrituraren kopiaren bidez bai, hala badagokio, dagokion organoak emandako ziurtagiriaren bidez.

b.3.- Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartelaren fotokopia.

b.4.- Ordainketak agintzeko dokumentazioa:

- Alta eginda ez duten entitateek, V. eranskina behar bezala beteta eta bertan eskatzen den agiriak erantsita.

- Alta eginda dutenek eta bertako datuak aldatu dituztenek, VI. eranskina behar bezala beteta eta bertan eskatzen diren agiriak erantsita.

Goiko ataletan eskatutako agiriak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura badaude, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 35.f) artikuluaren arabera, ez dira aurkeztu beharko.

Kasu horretan, erakundearen legezko ordezkariak egindako aitorpena (I. eranskinean dagoena) ekarri beharko da, eta bertan agiri horiek guztiz indarrean daudela adieraziko da, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko zein organo edo sailetan eta zein egunetan aurkeztu, edo hala badagokio, eman ziren zehaztuz.

Halere, agiriei dagokien prozedura amaitu zenetik hiru urte baino gehiago igaro ez badira bakarrik erabili ahal izango da bide hau.

b.5.- Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen agiri eguneratua. Organo eskudunak igorri beharko du. Agiriak balioa izateko, igortzen den egunetik eskabidea aurkezten den eguna arte ezin izango dira sei hilabete baino gehiago igaro. Hala ere, erakunde onuradunak gai honen inguruan eskatzen zaizkion egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko ditu, prozeduraren fase guztiak garatzen diren bitartean. Erakunde eskatzaileak lurralde batean baino gehiagotan jarduten badu, zerga-betebeharren konplimendua helbide fiskala duen lurralde guztietako organo eskudunek emandako ziurtagirien bidez egiaztatu beharko du.

b.6.- Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzaileak ez duela zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik, barne hartuta sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez (I eranskinean dagoena).

c) Toki erakundeen kasuan:

c.1.- Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren NANren fotokopia, baita ordezkari horrek duen boterearen kreditazioa ere.

c.2.- IFZren fotokopia.

c.3.- Ordainketak agintzeko dokumentazioa:

- Alta eginda ez duten entitateek, V. eranskina behar bezala beteta eta bertan eskatzen den agiriak erantsita.

- Alta eginda dutenek eta bertako datuak aldatu dituztenek, VI. eranskina behar bezala beteta eta bertan eskatzen diren agiriak erantsita.

c.4.- Udalez gaineko erakundeen kasuan eta toki erakundeen menpeko edo haiei loturiko zuzenbide publikoko erakundeen kasuan, gainera, erakundearen estatutuak eta erakundeak dagozkion Erregistro Publikoetan izena emana duelako kreditazioa ere.

d) Jarduerari buruzko dokumentazioa.

d.1.- Programaren laburpen-fitxa (II. eranskina).

d.2.- Programa edo jardueraren diru-sarrera eta gastuen aurrekontu banakatua eta xehatua (III. eranskina).

d.3.- Xede berarentzat eskatu diren beste diru-laguntza batzuen eskabideak (IV. eranskinean) edo xede berarentzat beste laguntzarik eskatu ez izanaren zinpeko aitorpena (IV. eranskina).

d.4.- Programa edo jarduerari buruzko txosten xehatua, honako alderdi hauek, gutxienez, jasoko dituena:

- Helburuak.

- Programak edo jarduerak zein lurralde-eremu hartzen duen.

- Hartzaileak zein diren eta, gutxi gorabehera, zenbat pertsona izan daitezkeen programa edo jardueraren onuradun.

- Euskararen erabilera giza baliabideetan eta baliabide materialetan.

- Programa edo jardueraren ekarpena balioak eta bakearen kulturaren heziketa sustatzeko eta zabaltzeko lanean.

- Jarduerak edo programak proiektuaren arabera jorratu beharreko alorrean duen originaltasuna eta jarduera edo programa burutuko den inguruan antzeko besterik ez egotea.

d.5.- Exekuzio egutegia.

d.6.- Diru-laguntza eskabide honen gainean Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eman duen txostena, kontseilukide diren erakundeei eskatua.

e) Aukeran, erakunde eskatzaileak proiektua edo jarduera hobeto baloratzeko egoki ikusten duen edozein dokumentazio aurkeztu ahal izango da.

3.- Nolanahi ere, I. eranskinean adierazitako dokumentazioaz gainera, Epaimahai Kalifikatzaileak egokitzat iritzitako beste argibide edo dokumentazio guztia ere eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, aurkeztutako jardueraren balorazio zuzena egin ahal izateko.

13. artikulua.- Kudeaketa-organoa.

Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako diru-laguntzak.

14. artikulua.- Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskabidea osatu gabea dela edo akatsak dituela ikusten badu, Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak horren berri emango dio eskabidea egin duenari eta hamar eguneko epea emango dio derrigorrezko dokumentazioa aurkezteko edo akatsak zuzentzeko, eta jakinaraziko dio eskatutako dokumentazioa epe horretan zuzentzen ez badu, ebazpen bat emango dela eskabidea ezetsitzat jotzeko.

15. artikulua.- Ebazpena.

1.- Epaimahai Kalifikatzailearen proposamena ikusita, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik.

2.- Ebazpen hori erakunde interesdun guztiei jakinaraziko zaie. Era berean, emandako diru-laguntzen eta erakunde onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.

3.- Hiru hilabeteko epe hori amaituta erakunde interesdunak jakinarazpenik jaso ez badu, eskatutako diru-laguntza ezetsitzat jo dela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

4.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek erakunde onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zehatzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru-laguntzaren esleipena eta ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da.

16. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, pertsona/erakunde onuradunak diru-laguntza eman zaiola adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.

d) Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek berariaz aipatuko dute Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren laguntza izan dutela, diru-laguntza emateko ebazpenaren berri dutenetik hasita diruz lagundutako jarduera edo egitaraua dela-eta argitaratzen dituzten egitarau, iragarki-kartel, argazki eta idatzizko zein entzunezko gainerako material guztietan. Material horiek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan argitaratu beharko dira. Gainera, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren liburu, liburuxka edo kartelen ale bat aurkeztu behar dute beren kontura edo, bestela, horien kopia euskarri fisiko edo magnetikoan, materialaren izaera edo euskarriaren egokitasunaren arabera. Konpromiso honetatik salbuetsita egongo dira behin jarduera bukatuta eskabidea aurkeztu eta diru-laguntza jasotzen duten erakundeak, baita diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien komunikazioa behin jarduera bukatuta jasotzen duten erakundeak ere.

e) Diruz lagundutako jarduerak edo programak ordaindu behar den zerbitzu edo produkturen bat eskaintzen badu, erakunde onuradunak abantailak eskainiko dizkie, batez ere ekonomikoak, Gazte-txartela dutenei.

f) Diruz lagundutako jardueran edo programan gorabeheraren bat gertatuz gero, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio. Organoak, hala dagokionean, behar diren egokitzapenak egingo ditu, indarrean dagoen araubidearen arabera.

17. artikulua.- Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da: lehen zatian, diru-laguntzaren ehuneko berrogeita hamar ordainduko da Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariaren onespen-ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean eta, bigarrenean, gainerako kopurua, hurrengo artikuluan ezartzen den bezala egitaraua eta ekintzaren justifikazioa egindakoan.

Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, burututa dauden jardueren diru-laguntzak ordainketa bakar batez gauzatu ahal izango dira, bi hilabeteko epean, 15. artikuluan aipatutako Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariaren onespen-ebazpena hartzen denetik hasita, betiere, eskabidearekin batera jarduera burutu dela erakusten duen dokumentazioa aurkeztu eta agindu honen 18. artikuluan adierazitako moduan justifikatu ondoren.

18. artikulua.- Diru-laguntza justifikatzea.

Behin lagundutako jarduerak bukatu eta gero eta betiere hurrengo urtealdiko martxoaren 1a baino lehen, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute diru-laguntza jasotzen duten entitateek:

a) Buruturiko jarduera edo programari buruzko txosten zehatza, diru sarreren eta gastuen balantzea barne.

b) Diruz lagundutako jarduerak sortu dituen gastuak justifikatzen dituen dokumentazioa. Diru-laguntza osoa justifikatzen duten jatorrizko agiriak aurkeztu behar dira edo, bestela, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak edo kasuan kasuko lurralde historikoko kulturako lurralde-zerbitzuak konpultsatutako fotokopiak.

Hala ere, erakunde onuradunek aurkeztu duten gastuen aurrekontu osoa justifikatzen duten gainerako fakturak aurkeztuko diote kudeaketa-organoari, hala eskatzen badu, aurkezteko epea amaitzen denetik hiru hilabeteko epean.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen agiri eguneratua. Agiri hori organo eskudunak eman beharko du. Agiriak balioa izateko, ematen den egunetik justifikazioa aurkezten den egunera arte ezin izango dira sei hilabete baino gehiago igaro. Erakunde eskatzaileak lurralde batean baino gehiagotan jarduten badu, helbide fiskala duen lurralde bakoitzeko organo eskudunek emandako ziurtagirien bidez egiaztatu beharko du zerga-betebeharrak egunean dituela.

d) Jardueraren egitarau, iragarki-kartel, argazki eta material idatzizko, entzunezko eta grafikoaren zenbait ale, erabilitako hizkuntza guztietakoak. Horietan guztietan Kultura Sailaren babesaren berri eman beharko da.

e) Eskabidea aurkezteko momentuan hartuko zutela ez jakiteagatik adierazi gabe geratu eta ondoren xede berberaz jasotako gainerako laguntza guztien aipamena.

19. artikulua.- Kitapen-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete dela iritziz gero) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik diru-laguntzaren bat jasoz gero, bai eta espero gabeko beste edozein diru-sarrera izanez gero ere, diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horrelakoetan, Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariak kitapen ebazpena emango du, diru-laguntzen zenbatekoa doitzeko, diru-laguntzak bestelako diru-sarrerek betetzen ez duten programa edo jardueraren kostuari bakarrik dagozkiolarik.

20. artikulua.- Ez-betetzeak.

1.- Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.- Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak xedatutako moduan eta bertan agindutakoa aldez aurretik beteta.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.- Eskatutako diru-laguntzaren zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko globala aldatu ahal izango da, baldin eta Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariaren ebazpen baten bitartez emango zaio publizitatea horri.

AZKEN XEDAPENAK

1.- EAEko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen dituen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako laguntzak emateko nahitaezko baldintza da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko aurrekontu orokorretan kreditu egokiak eta nahikoak egotea.

2.- Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kultura sailburuari, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

3.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 10a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I ERANSKINA / ANEXO I

DIRU-LAGUNTZAREN ESKABIDEA, Kultura sailburuaren Aginduaren araberakoa. Agindu horren bidez, gazteak balioetan eta bakearen kulturan hezteko programak eta jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzen dira.

SOLICITUD DE SUBVENCIÓN de acuerdo a la Orden de la Consejera de Cultura por la que se establece el régimen de concesión de subvenciones para el desarrollo entre las personas jóvenes de programas y actividades de educación en valores y cultura de paz.

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA/ANEXO II

FICHA RESUMEN DEL PROYECTO

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA/ANEXO III

2009: AURREKONTUAREN LABURPENA / RESUMEN DEL PRESUPUESTO 2009

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA/ANEXO V

DATUEN ALTA/HIRUGARREN INTERESATUA

ALTA DE DATOS/TERCERO INTERESADO

(Ikus .PDF)

VI. ERANSKINA / ANEXO VI

HIRUGARRENAREN DATUETAN ALDAKETA(K) SARTZEKO ESKABIDE-ORRIA (*)

SOLICITUD MODIFICACIÓN EN LOS DATOS DEL TERCERO

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala