Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2010eko ekainaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
2904

AGINDUA, 2010eko maiatzaren 12koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena. Honen bitartez, merkataritzako saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzen da.

Euskadiko merkataritzako establezimenduak berritzeko eta modernizatzeko eginiko apustu irmoa da dagokigun arauan jasotzen den sektoreari zuzendutako laguntza-ildoaren argudio-oinarria.

Gaur egun daukagun egoera ekonomikoan komenigarria eta bidezkoa da aurretik sektoreari zuzenduta zegoen laguntza-ildoa eraldatzea. Laguntza-ildo hori merkataritzako teknologia-ekipamendurako inbertsiora soilik zuzenduta zegoen, eta orain estaldura handiagoa emango zaio.

Hori dela-eta, Euskadiko Merkataritza 2015era Egokitzeko Planaren enpresari buruzko ildo estrategikoan honako hauek jasotzen dira: Merkataritzako Bikaintasuneko programa, Enpresa Transmisioko programa eta Enpresen arteko Lankidetzako programekin batera, Merkataritzako Establezimenduak Berritzeko eta Modernizatzeko laguntza-programa.

Enpresa-bikaintasuna lortzeko enpresa-lehiakortasuna hobetzea eta elkarri lotutako bide desberdinen bitartez etengabe aurrera egitea xede nagusitzat hartzen duen helburu-laburpena osatzen dute lau programa horiek.

Merkataritzako Establezimenduak Berritzeko eta Modernizatzeko laguntza-programaren helburua bere buruari laguntzen dionari suspertzea da, hau da, bere establezimenduak hobetzeko ahalegina egiten duenari, bere irudia eta kudeaketa-azpiegiturak berritzen saiatzen denari eta bere denden eta balio erantsia ematen dioten zerbitzuen erakargarritasuna handitzearen aldeko apustua egiten duenari.

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea.

1.- Agindu honen xedea EAEko merkataritzako saltokien modernizazioa sustatzea da berrikuntzaren, kudeaketa-tresnen hobekuntzaren eta establezimenduen azpiegituren bidez.

2.- Laguntza-programa horren arabera, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresek merkataritza-establezimenduak modernizatzeko egiten dituzten inbertsio-proiektuei emango zaie diru-laguntza, berritzeko beharrezkoak diren merkataritza-ekipamenduen, obra zibilaren eta altzarien finantziazioaren bidez.

2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan propio ezarritako aurrekontu-partidetatik aterako dira aurreko artikuluaren helburua betetzeko diren baliabide ekonomikoak. Aurrekontu-ekitaldi baten barruan eman beharreko laguntzen bolumen osoak ez du aipatutako diru-izendapena, edo, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onesten direnean, diru-izendapen hori eguneratzetik ateratakoa gaindituko. Horrelako egoerarik gertatuz gero, horren berri jakinarazi behar da Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpen bidez.

2.- Aurreko ekitaldi ekonomikoan aurkeztu diren eta aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emateko ezarritako muga gainditu dutelako laguntzarik jaso ez duten proiektuak, gorago adierazitako eran ukatu bazaie laguntza, hurrengo ekitaldiko aurrekontu-kredituetako baliabideei egotzi ahal izango zaizkie, baldin eta agindu honetan laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Horretarako, laguntzen eskabidea berriz aurkeztu beharko dute, baina lehentasunaren ondorioetarako, atzera botatako lehenengo eskabidearen data hartuko da kontuan.

3. artikulua.- Erakunde onuradunak.

Negozio-bolumenaren aldetik, jarduera nagusia merkataritza duten enpresa ertain eta txikiek jaso ahal izango dituzte agindu honetan araututako laguntzak.

Arau honetan ezarritakoari dagokionez, merkataritza-jardueratzat hartuko da, xede horretarako eskuratutako salgaiak edo produktuak, bere horretan, eraldaketa-prozesu handirik gabe, merkatuaren esku jartzea, baita ekoizleek, artisauek edo industrialek, eurek zuzenean, kontsumorako ondasunak saltzea ere, baldin eta ondasun horiek ekoizteko, merkaturatzeko edo hirugarrenei zerbitzuak eskaintzeko prozesuetan sartuko ez diren ondasunak badira.

Enpresa horiek, enpresa ertain eta txikien definizioari buruz Batzordeak emandako 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritako betekizunak, edo berau ordezkatu nahiz aldatzen duten xedapenak, errespetatu beharko dituzte.

4. artikulua.- Baztertutako erakundeak.

Agindu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira enpresa eta baltzu publikoak.

5. artikulua.- Diruz lagun daitezkeen inbertsioak.

Agindu honen ondorioetarako, honako baldintzak betetzen dituzten inbertsioak dira diruz lagungarriak:

1.- Inbertsioek enpresaren aktibora sartu behar dute, ondorengo kontzeptuon barruan:

a) Merkataritza-jarduera garatzeko beharrezkoak diren altzariak, ekipamenduak, lokala eta kanpoko nahiz barruko elementuak (merkataritza-errotuluak barne) eraberritzeko eta eguneratzeko inbertsioak.

b) Informatika-ekipoak, aplikazioak eta hauen osagarriak, beti ere merkataritza-prozesuen barruan integraturik badaude edo enpresa-kudeaketarako badira.

Betiere, laguntzaren helburu diren aktiboak merkataritza-jarduerekin zuzenean lotuta egon beharko dira, eta merkataritza-enpresa berritu eta modernizatzera bideratu beharko dira, baita merkaturatze-teknikak hobetzera eta banaketa-prozesuaren kostuak murriztera ere. Aktiboen preziotzat haien balio «garbia» hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.

Ezein kasutan ez da merkataritza-lokala ezta garraiorako elementua erostea diruz lagunduko.

2.- Diruz lagunduak izateko proiektuetako inbertsioa gutxienez 2.000 euro enpresako izatea, ekipo informatikoak salbu, eta horietan gutxieneko inbertsioa 600 euro izango da.

3.- Estreinakoz erabiltzen diren edo funtzionatzen duten tresnak izatea aktiboak.

4.- Enpresako aktiboan gutxienez hiru urtez irautea. Dagokion fakturaren egunetik zenbatzen hasita.

5.- Hirugarren pertsona fisiko edo juridikoei ez lagatzea.

6.- Enpresa eskatzaileak berak fabrikatuak, eginak edo garatuak ez izatea.

7.- Laguntza jasotzen duten inbertsio-proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan kokatzea.

8.- Laguntzen kalkulua egiteko, eskabidearen urtean egin den aktiboen erosketaren zenbatekoa kontuan hartuko da. Aurreko hurreneko ekitaldiko inbertsioak onar daitezke, betiere ekitaldi horri dagokion deialdian eskabidea aurkezteko aurreikusitako epea amaitu ondoren egikaritu badira, eta aurretik eskatua ez bada izan.

6. artikulua.- Laguntzak.

1.- Agindu honetan araututako laguntzak itzultzekoak ez diren diru-laguntzen bidez gauzatuko dira.

2.- Agindu honetan aurreikusten diren laguntzak honako irizpide hauetara egokituko dira:

5. artikuluaren 1.a idatz-zatian bildutako inbertsioak, inbertsio onargarrien % 15.

5. artikuluaren 1.b idatz-zatian bildutako inbertsioak, inbertsio onargarrien % 20.

Ezein kasutan ez du diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoak 12.000 euro gaindituko saltoki eta urte bakoitzeko.

Saltokiak elkarteren batekiko bere lotura egiaztatzen badu, gunekoarekiko nahiz merkataritza-gremiokoarekiko, diru-laguntzaren ehunekoa 2 puntu igoko da aurreko idatz-zatietan aurreikusitako ehunekoen gainetik.

Inbertsioak egiten dituen enpresa, enpresa-bikaintasunera zuzenduriko kalitate-egiaztagirien jabe denean, diru-laguntzen ehunekoa honako era honetan igoko da:

- UNE 175001 ziurtagiria, inbertsio onargarriaren ehunekoa 2 puntu igoko da.

- Tarteko kalitate-ziurtagirien kasuan, inbertsio onargarriaren ehunekoa 3 puntu igoko da, eta kalitateari dagozkion igoera horien ehunekoak 5 puntutaraino meta daitezke.

Artículo 7.- Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.- Agindu honen bidez ezarritako laguntzetan, Batzordearen «minimis» laguntzei buruzko 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 Erregelamenduan (edo horri buruz Europar Batasunean emandako beste arteztarau nahiz xedapenetan) zehaztutako «minimis» arauak bete beharko dira, eta, beraz, onuradun berberari guztira «minimis» kontzeptuan emandako diru-laguntzen osoko diru-kopurua ezin izango da 200.000 eurokoa baino handiagoa izan hiru urteko epean.

2.- Agindu honetan araututako laguntzen babesa hartzen duten enpresen inbertsio-proiektuek ez dute beste laguntzarik jaso ahal izango, edozein dela ere beste laguntza horien izaera eta eman dituen organo edo Administrazioa, baldin Europar Erkidegoko araudian laguntzak metatzeari buruz jarritako mugak gainditzen badira (inbertsio-balioaren % 30). Gainera, inolaz ere ezingo dute gainditu agindu honen bidez diruz lagundutako inbertsio-proiektuaren kostua.

3.- Agindu honetan xedatutakoan oinarriturik emandako laguntzetatik zuzenean kentzekoak izango dira beste organo edo administrazioek emandakoak, baldin diruz laguntzeko aktiboei dagokienez helburu bera badute, aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko mugetara iritsiz gero.

II. KAPITULUA

PROZEDURA

8. artikulua.- Prozedura hastea.

Agindu honek araututako laguntzak urtean behin egingo diren deialdien bidez iragarriko dira eta publizitate, lehia eta objektibotasunaren printzipioei jarraituz emango dira. Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpen baten bidez egingo da deialdia. Datu hauek zehaztu behar dira deialdiko iragarkian: ekitaldi horretan diru-laguntzak emateko aurrekontu-zuzkidura zenbatekoa den; agindu honetan jasotako zenbatekoak kontsumorako prezioen indizeari jarraituz eguneratuko direla erabakiz gero, horren adierazpena; eskabideak aurkezteko epea eta lekua; eskabide-ereduak eta gainerako inprimakiak non jaso daitezkeen.

Aurrekontu-ekitaldian guztira emango diren laguntzen zenbatekoak ez du diru-izendapen hori gaindituko, edo, baldin eta, indarrean dauden legeen arabera, aurrekontuetan aldaketak onartzen badira, ez du zenbateko hori eguneratuta sortzen den emaitza gaindituko. Horrelako egoerarik gertatuz gero, horren berri jakinarazi behar da Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpen bidez.

9. artikulua.- Eskabideak eta agiriak.

1.- Agindu honetan araututako laguntzak jasotzeko eskabideak eta gainerako agiri osagarriak urteroko deialdi-ebazpenean jakinaraziko diren lekuetan aurkeztu beharko dira.

2.- Enpresa eskatzaileek berariaz horretarako prestatu diren eskabide-eredu eta inprimakiak bete beharko dituzte. Horiekin batera, zinpeko aitorpenak aurkeztu beharko dituzte, honako puntu hauek direla eta:

a) Inbertsio hori bera egiteko, beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik jasotako edo haiei eskatutako laguntzei buruzko aitorpena.

b) Enpresak, eskabidea egin aurreko ekitaldiko abenduaren 31n, guztira, 250 langile baino gutxiago zituelako aitorpena.

c) Enpresaren fakturazioa, eskabidea egin aurreko ekitaldiko abenduaren 31n, 50 milioi eurotik beherakoa deneko aitorpena; edo, hala badagokio, bere urteko balantze orokorraren zenbatekoa, eskabidea egin aurreko ekitaldiko abenduaren 31n, 43 milioi eurotik beherakoa deneko aitorpena.

Datu horiek eskabidean jasota agertu behar dute, eta, espedientea tramitatzerakoan, datuok egiaztatzeko eska liteke edozein momentutan, egia direnentz frogatzearren.

Eskatzaileak, goian aipatutako zinpeko aitormenean agertzen diren datuetarik edozein faltsutzen badu, administrazio- zein zigor-erregimenaren arabera dagokion zehapena izango du.

3.- Enpresa eskatzaileek honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

a) Agiri hauen fotokopia: pertsona eskatzailearen ordezkaritza ahalmenarena, eratze eskriturarena eta geroztik eskriturak izandako aldaketena; orobat, dagozkion erregistroetan sartuta dagoela egiaztatzeko agirienak ere bai.

b) Pertsona juridikoaren identifikazio fiskaleko txartela edo eskatzailearen nortasun-agiriaren fotokopia.

c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izandako altak eta bajak egiaztatzeko agiria.

d) Hirugarrenaren alta-agiria.

e) Hala badagokio, Merkatarien Elkarteko kide dela egiaztatzen duen ziurtagiria.

f) Hala badagokio, enpresak lortutako kalitate- edo bikaintasun-ziurtagirien kopiak.

g) Eskabidearen xede den inbertsio-proiektuan sartutako aktiboen behin betiko fakturak (originalak edo/eta hauen fotokopia konpultsatuak).

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen onuradunek zerga-obligazioak betetzen dituztela egiaztatzeari buruz, Ogasun eta Finantza sailburuak 1991ko urriaren 7an emandako Aginduan, edo, horren ordez, indarrean jartzen den arautegian, adierazitako egoerak gertatzen direnean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, eskatzaileak berariaz horretarako baimena ematen badu, diru-laguntzen eskatzaileek zerga-obligazioak beteta dituztela egiaztatzeko ziurtagiria egiteko eskatuko die zuzenean zerga-arloan eskudun diren organoei. Interesatuek berariaz eman beharreko baimen hori espedientean jasota ez badago, interesatuek berek ekarri beharko dute ziurtagiri hori espedientera.

i) Pertsona arduraduna edo enpresa eskatzailearen zinpeko aitorpena, zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ez dagoela adierazita; Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako (otsailaren 18ko 4/2005) Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

Puntu honetako a), b) eta d) letretan aipatutako agiriak aurkeztu beharko dituzte enpresek, baldin eta azken bi ekitaldietan Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari ez badiote inolako laguntzarik eskatu, edo eskatu arren, orduan aurkeztutako agiri horiek era batera edo bestera aldatu badira. Betiere, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35. artikuluko f) idatz-zatian xedatutakoa bete beharko da (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

10. artikulua.- Zuzenketak.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Lurralde Ordezkaritzak, aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten badu, entitate eskatzaileari jakinaraziko dio eta hamar (10) eguneko epea emango, akatsa zuzentzeko; halaber, jakinaraziko dio, agindutakoa bete ezean, eskabidea bertan behera utzi duela esan nahiko duela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

11. artikulua.- Eskabideak aztertu eta balioztatzea.

1.- Jarduera garatuko den edo inbertsioa gauzatuko den Lurralde Historikoko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Lurralde Ordezkaritzari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, eta eskabide horiek behar bezala ulertu eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duen agiri edota informazio osagarri guztia eska dezake.

2.- Eskabide bakoitza aztertu eta balioztatu ondoren, ebazpen-proposamena aurkeztuko diote Merkataritzako zuzendariari. Eskatutako diru-laguntza onartzearen edo ukatzearen alde agertuko da. Onartzearen alde eginez gero, onartutako inbertsioaren eta laguntzaren zenbatekoak adieraziko ditu.

12. artikulua.- Diru-laguntza ebaztea eta ordaintzea.

1.- Merkataritzako zuzendariak, aurreko artikuluan esandako proposamena ikusita, ordenari jarraituz ebatziko ditu eskabideak, espedientea osatuta dagoen unean.

Ebazpena emango da eta enpresa interesdunari jakinaraziko zaio, gehienez ere 6 hilabeteko epean eskabidea aurkezten den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

2.- Enpresa eskatzaileei diru-laguntzak emateko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian onuradunen zerrenda eta emandako diru-laguntzen zenbatekoa argitaratuko dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antola Arauei buruzko Legeko idazkera eraberritua onartzen duen dekretua) 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

3.- Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Merkataritza eta Turismoko sailburuordeari, azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako epea eta era errespetatuz.

4.- Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoari jarraiki, ebazpena emateko epea amaitu eta interesdunari jakinarazi ez bazaio, eskatutako laguntza onetsitzat har daiteke.

5.- Betiere, onartutako diru-laguntza zehaztuko du ematen den ebazpenak, eta Agindu honetako 14.1 artikuluan jarritako epea igarotakoan, ordaindu egingo da.

6.- Ordainketa tramitatzen ari den epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen onuradunek zerga-obligazioak betetzen dituztela egiaztatzeari buruz, Ogasun eta Finantza sailburuak 1991ko urriaren 7an emandako Aginduan, edo, horren ordez, indarrean jartzen den arautegian, adierazitako egoerak gertatzen direnean, aipatutako egiaztapen hori Agindu honen 9. artikuluko 3. paragrafoaren h) idatz-zatian ezarritako moduan egingo da.

13. artikulua.- Laguntzak kudeatzeko organoa.

Merkataritza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzea, agindu honetan bertan zenbait eginkizun beste organo batzuen esku uzten diren kasuetan izan ezik.

14. artikulua.- Enpresa onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan erregulatzen diren diru-laguntzen onuradunek, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

1.- Emandako diru-laguntza onartzea. Hartara, enpresa onuradunak beka eman zaiola jakinarazteko agiria jasotzen duenetik hamabost egun igarotakoan, enpresak berariaz eta idatziz bekari uko egin ez badio, beka onartu duela ulertuko da.

2.- Diru-laguntza eman zaien helbururako erabiltzea.

3.- Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, jasotako laguntzekin dituzten eginkizunak betez, eskatzen dioten informazio guztia aurkeztea.

4.- Helburu berdinarekin edo antzekoarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.

5.- Merkataritza Zuzendaritzari diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.

15. artikulua.- Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzen edozein aldaketak emateko ebazpena aldatu ahal izango du, betiere onuraduna izateko arau honetan zehazten diren gutxieneko betekizunak errespetatzen badira.

Horrelakoetan, Merkataritza Zuzendaritzak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako diru-laguntzen kopuruak egoera berriari egokitzeko.

16. artikulua.- Ikuskatzea.

Diruz lagundutako proiektuak aurrera nola doazen eta nola ari diren garatzen ikusteko egoki deritzen ikuskatze eta egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak. Hartara, eskatzen dizkien argibide osagarri guztiak eman beharko dizkiote onuradunek. Batez ere, fakturetan jasotako aktiboak saltokian diren aktiboei dagozkiela egiaztatu beharko du ikuskapenak.

17. artikulua.- Baldintzak ez betetzea.

Onuradunak laguntza emateko ebazpenean eta aplikatzekoak diren gainontzeko manuetan jasotako baldintzaren bat betetzen ez badu, kobratzeko dituen zenbatekoak jasotzeko eskubidea galduko du eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuru guztiak itzuli eta dagozkion legezko interesak ordaindu beharko dizkio. Hala deklaratuko du Merkataritza zuzendariak ebazpen bidez eta ez-betetze espedientea izapidetu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean -azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua- eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat. Aipatutako kopuruak sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean sartutakoan, baliogabetuta geratuko da 2003ko maiatzaren 8ko Agindua, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, merkataritza-ekipamenduak modernizatzeko laguntzen programa arautzen duena eta, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko maiatzaren 25eko Agindua, aurrekoa aldatzekoa.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Bigarrena.- Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Horretarako hilabete biko epea emango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko maiatzaren 12a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza

eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.


Azterketa dokumentala