Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2010eko ekainaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2907

AGINDUA, 2010eko maiatzaren 11koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez beketarako deia egiten zaie unibertsitateko ikasleei 2010-2011 ikasturterako, Erasmus programaren eta nazioartean mugitzeko beste unibertsitate-programa batzuen esparruan.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 51. artikuluak finkatzen duenez, «zeinek bere eskumenen esparruan, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek goi-mailako irakaskuntzarako Europako esparruan mugikortasuna izatea bultzatuko dute. Hartarako, bekak eta ikasketetarako laguntzak eta kredituak emateko programak zabalduko dituzte, edo, kasu ahala bada, Europar Batasunaren beka eta laguntza programak osatuko».

Hori ezartzeko, eta goi-mailako irakaskuntzan mugikortasunak duen garrantziaz jabeturik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egokitzat jo du mugikortasun-beken deialdia egitea eta goian aipatutako esparrua zabaltzea. Deialdia Euskal Herriko unibertsitateetako ikasleei zuzenduta dago, baldin eta Erasmus programari edo eta nazioartean mugitzeko beste unibertsitate-programa batzuei heltzen badiete; bestalde, beste erakunde batzuek emandako laguntzen osagarri izango dira bekok.

Hori guztia dela eta, kontuan hartuz diru-laguntzen inguruan indarrean den legerian jasotzen dena Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan, batetik eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 29ko 19/2009 Legea, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Euskal Herriko unibertsitateetako ikasleei zuzendutako beketarako deia egitea, baldin eta nazioartean mugitzeko unibertsitate-programei lotzen bazaizkie. Horretarako, jatorrizko unibertsitateak aitortu behar ditu unibertsitate horietan egindako ikasketak.

2. artikulua.- Diru-baliabideak.

Agindu honetan aipatzen diren laguntzetarako 1.071.000 euro emango dira, EAEko 2010eko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dagoen aurrekontu-sailetik. Diru-kopuru hori gehitu ahal izango da, beharrezkoa bada. Horretarako, kontuan hartuko da diru-laguntza emateko proposamena duten aurkeztutako eskabideen zenbatekoa. Horretarako, laguntza horiek ebatzi aurretik, kontuan hartuko dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gerta litezkeen aurrekontuak. Horren berri Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.

3. artikulua.- Betekizunak.

Baldintza hauek bete behar dira bekok eskuratzeko:

1.- Europar Batasuneko herritarra izatea edo Batasunekoa ez den atzerritarra, Estatuan bizitokia legeztatuta duena. Deialdi honetako beketatik eta laguntzetik kanpo geratuko dira ikasle atzerritarrak, baldin eta Batasunekoak ez badira eta egonaldi-egoeran badaude.

2.- 2010-2011 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateren batean mailako edo goi-mailako ikasketa ofizialetan egiteko matrikulatuta egotea. Lehen kasuan, unibertsitate ikasketen lehenengo ikasturtea gaindituta izan beharko da. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeren batean goi-mailako arte-ikasketak egiten dituzten ikasleek ere beka eskuratu ahal dute, ikasketa horien lehenengo maila gaindituta badaukate.

3.- Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean izatea 2010eko urtarrilaren 1a baino lehenago.

4.- Mugitzeko unibertsitate-programaren batean parte hartzea jatorrizko unibertsitatearen baimenaz, beti ere egindako ikasketak edo praktikak aitortzea aurreikusita badago jatorrizko eta harrerako zentroen artean sinatutako hitzarmenetan. Beka ematearen ondorioetarako, egonaldia gutxienez hiru hilabetekoa izango da eta, gehien jota, bederatzi hilabetekoa. Goi-mailako irakaskuntzako zentroetan ikasketak egiteko edo prestakuntza jasotzeko edo enpresa, prestakuntza-zentro, ikerketa-zentro edo bestelako erakundeetan egonaldiak egiteko izan ahal izango dira joan-etorriak.

5.- Aurreko urteetan laguntza bera eduki ez izana.

6.- Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko zigor administratibo edo penalik ez izatea eta horrelakorik eskuratzeko legezko debekurik ez izatea. Era berean, ezin izango da zigortuta egon sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoaren arabera.

4. artikulua.- Laguntzaren zenbatekoa.

Laguntza 120 eurokoa izango da egonaldiaren hilabeteko.

5. artikulua.- Bateragarritasuna beste diru-laguntza batzuekin.

Deialdi honen bidez deitutako bekak bateragarriak dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2010-2011 ikasturtean unibertsitate-ikasketak eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko egiten duen beka-deialdi orokorrean aurreikusitako laguntzekin. Era berean, bateragarriak dira helburu bera duten beste laguntza batzuekin, baldin eta beste erakunde batzuk ematen badituzte eta beka hauen helburua gainfinantzatzen ez badute. Bekak gainfinantzatzen direla ulertuko da, baldin eta laguntza guztien zenbatekoak batuta -beka orokorrak salbu- hileko 1.200 euro baino gehiago ematen badira. Ondorio horretarako, kontuan hartuko dira praktiken egonaldietan ikasleek jasotzen dituzten ordainsariak. Dena den, gainfinantzatuz gero, beka proportzionalki murriztuko da, eta arestian aipatutako kopuru hori jarriko da mugatzat.

6. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Eskabideak I. eranskinean azaltzen den ereduaren arabera egin beharko dira, inprimaki normalizatuan. Ikasketak zein ikastetxetan egingo dituen pertsonak, han eskuratu ahal izango du inprimakia; bestela, web orri honetan azaltzen den eredua inprimatuta: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net.

2.- Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea eta 2010eko uztailaren 10 arte (egun hori barne) luzatuko da.

3.- Eskabideei data jarri eta sinatu beharko dira. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen kasuan Nazioarteko Hedakuntzako Erretoreordetzari zuzenduko zaizkio eta Unibertsitateko edozein erregistro nagusitan aurkeztuko dira. Ikasleak beste unibertsitate batean ikasten badu, ostera, eskabidea unibertsitate horretako izan bereko departamentuan aurkeztuko da. Era berean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bulegoetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea) edota Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroan sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 dekretuak adierazitako erregistroetariko batean.

Unibertsitateei postaz bidaltzen zaizkien eskabideak gutunazal ireki baten barruan joan beharko dira, ziurtatu aurretik data jarri eta zigilua eman ahal izateko.

Goi-mailako arte-irakaskuntzen ikasleen kasuan, bekak zuzenean jaso eta kudeatuko ditu Unibertsitate Zuzendaritzak.

4.- Deialdi honetara biltzeak edo bertan partehartzeak esan nahi du interesatuek onartzen dutela beren datu pertsonalak utzi ahal izan daitezela bere tratamendurako deialdian arautzen diren helburuak lortzeko beharrezkoa denean.

5.- Laguntza eskatzeko eskabidea betetzeak adierazten du interesdunak baimena ematen duela eskabidean jasotako datuak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko fitxategi informatizatuetan sartzeko Izan ere, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (Datu pertsonalak babesteko Legeak) eta otsailaren 25eko 2/2004 Legeak Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko Legeak) ezartzen dutenez, datuen aurka egiteko, datuetara iristeko, eta datuak zuzentzeko eta ezerezteko eskubideak erabiltzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzara jo beharko da (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz).

7. artikulua.- Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

b) Eskatzailearen administrazio-egoitzaren ziurtagiria.

c) Unibertsitate-trukeko programaren bati lotuta dagoela egiaztatzen duen egiaztagiria. Bertan azalduko dira egonaldia zein tokitan egingo den, atzerriko herrialdea eta egonaldiaren iraupena.

d) Kontu korrontearen edo libretaren fotokopia. Bertan azaldu behar dira bankua edo kutxaren eta bulegoaren identifikazio-kodeak, kontrol-digitoa eta kontu-zenbakia. Izan ere, kontu horretan abonatuko da beka. Bestalde, eskatzaileak titularra edo titularkidea izan behar du beti.

e) Ikasketen ziurtagiria. Horrek espedientearen batez besteko nota jaso behar du, dezimal birekin.

f) Zinpeko aitorpena, adierazteko interesdunak ez duela zigor administratibo edo penalik jaso diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko eta ez duela legezko debekurik halakorik eskuratzeko. Era berean, adieraziko du ez dagoela zigortuta sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

8. artikulua.- Batez besteko nota kalkulatzea.

Batez besteko nota kalkulatzeko, honako arau hauek aplikatuko dira:

1.- Sailkapenak baloratzeko, baremo hau erabiliko da:

- Ohorezko matrikularen aipamena (bikain eta aipamena) = 10 puntu.

- Bikain (9 eta 10 puntu bitartean) = 9 puntu.

- Oso ondo (7 eta 8,9 bitartean) = 7,5 puntu.

- Nahikoa edo gai (5 eta 6,9 bitartean) = 5,5 puntu.

- Suspentso, ez aurkeztua edo deialdia deuseztatzea = 2,5 puntu.

2.- Ikasgaika antolatutako ikasketa-planak badira, batez besteko nota kalkulatzeko, ikasgai bakoitzean lortutako puntu guztiak batu eta ikasgai guztien kopuruaren artean zatituko dira.

Kredituka antolatutako ikasketa-planak badira, honako hau egingo da: arestian azaldutako baremoa ikasgai bakoitzari aplikatuta lortzen den puntuazioa ponderatuko da ikasgaia osatzen duten kreditu-kopuruaren arabera, formula honen arabera:

V= PxNCa

NCt

V = ikasgai bakoitzean lortutako nota ponderatuta ateratzen den balioa.

P = ikasgai bakoitzaren puntuazioa, aurreko ataleko baremoaren arabera.

NCa = irakasgaia osatzen duten kredituen kopurua.

NCt = kurtsatutako kredituak, guztira, batez besteko nota ateratzeko kontuan hartzen direnak.

Formula hori aplikatuta ateratzen diren balioak batu egingo dira, eta horren emaitza izango da batez besteko azken nota.

3.- Baliozkotu eta egokitutako ikasgaiak edo kredituak baloratzeko orduan, jatorrizko ikastetxean lortutako kalifikazio bera emango zaie. Dena den, ikasgaiak edo kredituak aitortuta badaude baina horientzako sailkapenik ez badago, ikasgai edo kreditu horiek ez dute espedientea osatuko.

4.- Bigarren zikloko titulazioetan, batez besteko nota kalkulatzeko kontuan hartuko dira ere bigarren ziklo horretara iristeko bidea ematen duen lehenengo zikloan lortutako kalifikazioak.

5.- Graduondokoen kasuan, graduondokora iristeko titulazioaren nota izango da batez besteko nota.

9. artikulua.- Erakunde laguntzaileak.

1.- Agindu honen bidez egiten den beka-deialdia kudeatzeko, erakunde laguntzailetzat joko dira Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitatea-Tecnum.

2.- Hona erakunde horien arteko lankidetza-gaiak:

- Eskabideak egiteko inprimaki normalizatuak doan eskuragarri jartzea.

- Eskabideak jaso eta erregistratzea.

- Aurkeztutako eskabideak eta dokumentazio gehigarria egiaztatzea. Behar izanez gero, antzemandako gabeziak edo akatsak zuzentzeko eskatu ahal izango dute edo aurkeztu gabeko dokumentazioa aurkezteko.

- Egiaztatzea eskatzaileek eskatutako baldintzak betetzen dituztela.

- Zehaztea eskabide bakoitzak betetzen duenentz dagokion batez besteko notaren baldintza. Horretarako, Agindu honen 8. artikuluan finkatutako irizpideak aplikatuko dira.

- Unibertsitate Zuzendaritzara 2010eko irailaren 25a baino lehenago bidaliko dira baldintzak betetzen dituzten eskabideen zerrenda eta eskabide-inprimakiaren 3. zenbakiko orriak, behar bezala beteta; edo, behar izanez gero, orri horietan azaltzen diren datuak jasotzen dituen fitxategi informatizatua.

- Arestian aipatutakoarekin batera, eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideen zerrenda ere bidaliko da, baita eskabide horiei dagokien 3. zenbakiko eskabide-inprimakia ere, edo, behar izanez gero, eskatzaile horiei buruzko fitxategi informatizatua.

- Kudeaketa-unitateetan prozedurari buruzko ebazpenaren berri ematea, eta interesdunei jakinaraztea.

10. artikulua.- Ebaluazio-batzordea.

1.- Balorazio-batzorde bat eratuko da, aurkeztutako eskabide guztiak batera aztertzeko. Unibertsitateetako zuzendaria izango da batzorde-burua eta kideak, berriz, Unibertsitate Zuzendaritzari adskribatutako hiru teknikari Unibertsitateetako zuzendariak izendatuak.

2.- Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko II. tituluko II. kapituluan xedatutakoaren arabera jardungo du ebaluazio-batzordeak.

11. artikulua.- Tramitazioa eta bekak emateko prozedura.

1.- Lehiaketa-prozedura bidez emango dira Agindu honen babespean ematen diren bekak.

2.- Eskabideak aurkeztutako epea amaitutakoan, eta, hala behar izanez gero, eskabideak zuzendu eta osatzeko emandako epea bukatu ostean, Agindu honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten eskabide guztien batez besteko nota zehaztuko dute erakunde laguntzaileek. Horretarako, 8. artikuluan finkatutako balorazio-irizpideak aplikatuko dira.

3.- Batez besteko nota zehaztu ostean, baldintzak betetzen dituzten eskabideen zerrendak prestatuko dituzte, bai eta eskatutako baldintzak egiaztatzen ez dituzten eskabideenak ere. Eskabide-inprimakiaren 3. orria behar bezala bete eta zerrenda horiekin batera bidali beharko da Unibertsitate Zuzendaritzara 2010eko irailaren 25a baino lehenago.

4.- Goi-mailako arte-irakaskuntzen ikasleen kasuan, Unibertsitate Zuzendaritzak zuzenean kudeatuko ditu beken eskabideak.

5.- Unibertsitate Zuzendaritzako balorazio-batzordeak zerrenda bakarra integratuko ditu erakunde laguntzaileek bidalitako zerrendak, eskabide bakoitzak lortu duen batez besteko notaren arabera.

6.- Beken zenbatekoa proposatzeko, Agindu honen 3.4 artikuluari dagokionez 4. artikuluak aurreikusten duen kuantifikazio-irizpidea aplikatuko da, deialdiaren diru-zuzkidura agortu arte.

7.- Ebaluazio-batzordeak ebazpen-proposamena emango dio Unibertsitateetako zuzendariari eta bertan hauek jasoko ditu:

- Bekadunen zerrenda. Bertan honako hauek azalduko dira: bekadunak nortzuk diren, batez beste lortutako nota, egonaldiaren iraupena eta proposatutako zenbatekoa.

- Ukatutako eskabideen zerrenda, dagokien ukatze-kodea adieraziz.

12. artikulua.- kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko epeak eta iragartzeko prozedura.

1.- Unibertsitate Zuzendaritzak kudeatuko ditu Agindu honen bidez araututako bekak; dena den, erakunde laguntzaileei jarduerak egiteko gomendatu ahal izango die.

2.- Unibertsitateetako zuzendariak prozedura ebatziko du, balorazio-batzordeak egindako proposamena aztertu ostean.

3.- Ebazpen horretan bekadunen zerrenda azalduko da. Bertan honako hauek adieraziko dira: nortzuk diren bekadunak, lortutako batez besteko nota, egonaldiaren iraupena eta emandako zenbatekoa. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere azalduko da, ukatze-kode eta guzti.

4.- Aurreko paragrafoan azaltzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari hilabeteko epean, jakinarazpena jasotzen duen egunaren biharamunetik hasita; izan ere, horixe ezartzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114. eta 115. artikuluetan.

5.- Ematen den ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie eta unibertsitate laguntzaileen iragarki-tauletan jarriko dira, jakitera emateko, mundu guztiak izan dezan horren berri. Argitalpen hori Unibertsitate Zuzendaritzak koordinatuko du, kasu guztietan egun berean argitaratu dadin.

6.- Bekadunari jakinarazi eta hamabost eguneko epean bekari espresuki uko egiten ez badio, onartu duela ulertuko da.

7.- Prozedura ebatzi eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpena jakinarazten ez bada, beka-eskabidea ukatu zaiela ulertu beharko dute interesdunek, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

8.- Onuradunei Agindu honetan aurreikusitako bekak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da izapideetan egon daitezkeen itzultze- edo zehatze-prozedura guztiak bukatzea, betiere laguntza eta diru-laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan badaude.

13. artikulua.- Diru-laguntza ordaintzea.

Agindu honen babesean ematen diren diru-laguntzak ordainketa bakarrean gauzatuko dira, 12.6 artikuluan adierazten den epea amaitu ondoren eta onuradunak espresuki diru-laguntzari uko egin ez badio.

14. artikulua.- Onuradunen betebeharrak.

Hona bekadunen betebeharrak:

a) Beka zertarako eman, hartarakoxe erabiltzea; bestela esanda, eskabidean adierazitako baldintzetan burutzeko egonaldia.

b) Beka jaso eta baliatzeko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatzea. Horretarako, 2011ko abuztua baino lehenago, onuradunek egonaldia egin egingo dutela eta horren iraupena zein izango den azaltzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte Unibertsitate Zuzendaritzan.

c) Behar denean, beka jasotzeko erabakigarriak izan ziren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko ekintzak onartu beharko dituzte; eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beken zertarakoa fiskalizatzerakoan eskatzen dieten informazio guztia eman beharko dute.

d) Beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batek helburu bererako laguntzak edo diru-laguntzak emanez gero, horren berri eman beharko diote Unibertsitate Zuzendaritzari.

15. artikulua.- Ezeztatzeak.

1.- Bekak, guztiz edo partzialki, ezeztatu ahal izango dira, ordainduta egon zein egon ez, kasu hauetan:

- Beka jasotzeko datuak ezkutatu edo faltsutu badira.

- Matrikula ezeztatu egin bada, egonaldia egin ez bada edo ematerakoan finkatutako epea baino lehenago eten bada.

- Egonaldia egin egiten dela egiaztatzen duen ziurtagiririk aurkeztu ez bada.

- Beste pertsona fisiko edo juridikoren batengandik datozen giza bereko onurekin bateraezina bada.

- Bekaren dirua ez zuzentzea diru-laguntzaren helburura.

- Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez duten pertsonei edo behar bezala egiaztatu ez duten pertsonei eman bazaie.

- Egonaldiari uko egin bazaio.

2.- Espedientean interesa duen pertsonaren ikustaldiaren eta entzunaldiaren izapideak egin baino lehen ezin izango da beka guztiz edo partzialki errebokatzeko ebazpenik eman, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 84. artikuluan xedatutakoaren arabera. Unibertsitate Zuzendaritzak interesdunari jakinaraziko dio dirua itzultzeko prozedura hasi duela eta hori hasteko arrazoiak. Bestalde, hamabost eguneko epea emango dio egoki irizten dizkion legazioak egiteko. Itzultzeko espedienterik zabaltzen bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko bigarren tituluari jarraituko zaio; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du dekretu horrek.

3.- Espedienteari egindako instrukziotik jasotako zenbatekoak eta, horrenbestez, dagozkion legezko interesak itzuli behar direla ondorioztatuko balitz, ebazpena emango da. Bertan beharrezko informazioa emango da ebazpena eman eta bi hilabeteko epean zenbatekook modurik erosoenean eta errazenean itzul daitezen.

4.- Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio premiamendu-bideari ekin diezaion indarrean dauden xedapenak ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari baimena ematen zaio, Agindu honetan xedatutakoa burutzeko behar diren jarraibideak eman ditzan.

Bigarrena.- Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraren kontra, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean kontatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Hirugarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko maiatzaren 11.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala