Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2010eko ekainaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2908

AGINDUA, 2010eko maiatzaren 18koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, ekipamendu zientifikoa eskuratzeko laguntzak emateko 2010eko deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-ahalbideak areagotu beharra dago, eta ikertzaile-taldeek arrakastaz eta gaitasunez parte hartu behar dute Europako ikerketa-espazioaren eraikuntzan. Horregatik, sail honek kudeatzen duen ekipamendu zientifikoko laguntzen programarekin aurrera jarraitu behar da.

Agindu honen bidez, azpiegitura handien erabilera errazten zaie horrelakoak behar dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko talde zientifiko guztiei, ikerketa-taldeek sarean jardun dezatela sustatuz.

Deialdi honen bidezko finantziazioa egiterakoan, irizpide nagusietako bat izango da diruz lagunduko den ekipamendu horretarako bestelako finantziazioa ere egotea, lehia bidezko beste deialdi publiko batzuetatik. Finantziazio-jardun antzekoa duten entitateek elkarrekin finantzatutako ekintzen bidez, zientziaren eta teknologiaren sistema indartzen eta optimizatzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuan ezarritakoa kontuan izan da (2009ko maiatzaren 9ko EHAA).

Euskal Autonomia Erkidegoko 2010eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzeko abenduaren 23ko 2/2009 Legea kontuan izan da.

Kontuan hartu dira, halaber, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituena (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.), eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuena.

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Deialdiaren xedea.

1.- Ekipamendu zientifiko arrunta eskuratzeko laguntzetarako deialdia egingo da. Horrela sailkatuko da 18.001 euro eta 90.000 euro arteko kostua (BEZa kanpo) daukan ekipamendu zientifikoa.

2.- Ekipamendu zientifiko handia eskuratzeko laguntzetarako deialdia egingo da. Horrela sailkatuko da 90.001 euro eta 180.000 euro arteko kostua (BEZa kanpo) daukan ekipamendu zientifikoa.

Diru-laguntza jasotzen duen erakundeak ere ekipamendu hori eskuratzen parte hartu behar du, deialdian finantzatzen den diru kopuru berdina jarriz.

3.- Helburu hori betetzeko, 1.500.000 euro erabiliko dira.

Erosketak dakartzan zergak ordaintzeko kostuak, ordea, ez dira finantzatuko.

Artikulu honetan esleitutako zenbateko osoa aldatu ahal izango da guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, betiere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gerta litezkeen aurrekontuen arabera, eta laguntza horiek ebatzi aurretik. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren ebazpen baten bidez jakinaraziko da hori.

2. artikulua.- Erakunde onuradunak.

1.- Ekipamendu zientifikoko mota bietan laguntzak jaso ditzaketen erakundeak ondoko hauek izan daitezke:

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente akreditatuak, urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluan azaltzen diren agente-kategorietan badaude (221/2002 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea arautzeko oinarriak eguneratu zituena). Hona hemen artikulu horretan zerrendatzen diren kategoriak:

- Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak.

- Unibertsitateetako zentroak, departementuak, sekzioak edo beste ikerketa-unitate batzuk, EHUkoak izan ezik.

- Lankidetzazko ikerketa-zentroak.

- Teknologia-zentroak.

- Garapeneko eta teknologia-transferentziako nazioarteko zentroak.

- Sektoreetako ikerketa-zentroak.

- Ikerketako erakunde publikoak.

Eskaera egiten duen ikertzaile nagusia dagoen erakundea izango da erakunde onuraduna, baldin eta izaera juridikorik badu.

2.- Ikertzaile bakoitzak ekipamendu zientifikoko eskaera bakarrean parte har dezake deialdi honetan, izan eskatzaile gisa edo eskaeraren alde egin duen lantaldeko kide gisa.

Laguntza-taldetzat hartuko dira euren ikerketa-proiektuetan eskaeraren xede den ekipamendua erabiltzeko konpromisoa hartzen dutenak eta deialdi honen onuraduntzat iritzitako eta eskatzailea ez den ZTBESeko agente baten partaide direnak.

2009. urteko deialdian diru-laguntza eskuratu zuten ikertzaileek ezin izango dute deialdi honetako ekipamendu eskabidean parte hartu, ezta aurreko urteetan emandako ekipamendurako diru-laguntzei dagozkien burutu gabeko eginbideak dituztenek ere.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluko 5. paragrafoan ezarritako kausaren batean dagoen inor ezin izango da onuradun izan (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatu zuen aipatu legea).

3. artikulua.- Ekipamenduen ezaugarriak.

1.- Ekipamenduak egokiak eta nahikoak izan behar dira diru-laguntza eskatzen duen taldea eta eskaeraren alde egiten duten taldeak egiten ari diren eta etorkizunean egingo dituzten ikerketa-proiektuak garatzeko. Ekipamendua erabiltzerakoan lehentasuna izango duten proiektuak garatze bidean egon behar dira, nahitaez, behin ekipamendua erosteko finantziazioa onetsi denean.

2.- Ekipamenduaren erabilerarekin lotuta dauden proiektuak, administrazio publikoek erakunde eskatzaileari/eskatzaileei espresuki emanda egon behar dira.

Ekipamenduarekin lotuta dauden proiektuetan, eskabidea sinatu duten pertsonek espresuki egin beharko dute lan. Pertsona horiek, parte hartzen duten proiektuei buruzko aitorpena egingo dute. Ez da ekipamendu bat eskatzeko proiekturik aurkeztuko baldin eta proiektu horretarakoxe beste ekipamenduren bat finantzatu bada aurreko deialdiren batean. Proiektu bakoitza deialdi honen ekipamendu-eskaera bakar batean aurkeztu ahal izango da.

3.- Eskatutako ekipamendua, funtsean, gailu bakarra izango da, teknologikoki oinarrizkoa edo ardatza, eta 18.000 eurotik gorakoa. Gailu horrekin batera, aukerazko zenbait osagai edo modulu eros daitezke, gailu nagusiarekin batera funtzionamendu-unitate bakarra osatzen baldin badute. Aukerako osagaiak ez dira finantzatuko, gailu ardatzari edo oinarrizkoari lotzen ez bazaizkio.

Ezin izango dira finantzatu firma komertzial bat baino gehiagoren gailuetarako eskaerak, guztien artean funtzionamendu-unitate bakarra osatzen ez badute. Era berean, ezin da ekipamendu bereko ale bat baino gehiago eskatu.

4.- Ekipamendu handietarako langile espezializatuak behar dira, eta mantentze-lanak zorrotz bete behar dira. Horregatik, erakunde eskatzaileek ekipamenduaren erabilgarritasuna eta errentagarritasuna ahalik eta handiena dela frogatu behar dute. Gainera, gailua erabiltzeko langile egokiak dituela eta hori bermatzen duen urteko mantentze-kontratua duela frogatu behar du.

5.- Eskaeran ikerketa-talde batek baino gehiagok parte hartzen duenean, araudi bat ezarri beharko da erositako ekipamenduaren erabilera kudeatzeko.

6.- Deialdi honetatik beren beregi baztertzen dira ondoko hauek: eraikinak birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibilak; erabilera orokorreko (alegia, erabilera ez-zientifikoko) altzari, gailu eta tresnak, irakaskuntzarako edo kalitatea kontrolatzeko eta zerbitzu teknikoak emateko erabiltzen direnak; bulegoko altzari, gailu eta tresnak; kudeaketako ekipo informatikoak. Aitzitik, prozesuak kontrolatzeko ordenagailuak eta kalkulu matematikoko ekipo bereziak onartu egingo dira.

4. artikulua.- Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Ekipamendu arrunterako diru-laguntzen zenbatekoa onetsi den aurrekontuaren % 100eraino irits daiteke (90.000 euro, gehienez ere). Ekipamendu handiak, deialdi honen 1.2 artikuluaren arabera, onartutako aurrekontuaren % 50eraino finantzatu ahal izango dira (90.000 euro, gehienez ere). Diru-laguntza hori bateragarria izango da erakundeak ekipamendu bera erosteko jasotzen dituen bestelako diru-laguntzekin, baldin eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baimentzen badu. Horrelakoetan, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak diru-laguntza murriztuko du, gainfinantziaziorik gerta ez dadin.

5. artikulua.- Eskaerak formalizatu eta aurkeztea.

1.- Eskaerak aurkezteko epea, EHAAn argitaratu ondoko egunetik 2010eko uztailaren 9ra artekoa izango da, egun hori barne.

Eskabideak helbide honetara bidali beharko dira:

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila

Zientzia Politikarako Zuzendaritza

Erreferentzia: Ekipamendu zientifikoa

Donostia kalea 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako bat erabili ahal izango da.

2.- Eskaera ikertzaile nagusiak egin behar du, eta erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren baimena izan behar du.

3.- Eskaeran sartu beharreko dokumentazioa I. eranskinean azaltzen eta zehazten dena izango da. Eskaerarekin batera, kopia elektronikoa aurkeztu behar da CD batean.

4.- Eskaerak egiteko inprimaki eredu bat izango dute interesdunek eskuragarri, interneteko helbide honetan: «http://www1.hezkuntza.ej-gv.net».

5.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotako datu pertsonalak -zeintzuk erabiltzeko eta argitaratzeko baimena deialdiko parte-hartzaileek ematen baitute-, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duen beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Zientzia Politikarako Zuzendaritzak du fitxategi horren ardura. Datu horiek ikusi, zuzendu edo ezabatu nahi direla, edo ez direla jarri nahi adierazteko eskubideak Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren aurrean erabili ahal izango dira, helbide honetara zuzenduta: Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Deialdi honetan parte hartzen dutenek, halaber, baimena ematen dute fitxategi honetan jasotako euren datu pertsonalak EAEko beste administrazio publiko batzuei uzteko, deialdiarekin zerikusia duten helburuak lortzeko, eta baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako agirien egiatasuna frogatzeko.

6. artikulua.- Laguntzak kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea, Ikerketa Proiektuen Zerbitzuaren bidez.

7. artikulua.- Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskaeraren bat horretarako eginiko inprimakietan (edo ezartzen diren bestelako bitartekoetan) egiten ez bada, edo dagozkion ataletan zerrendatutako dokumentazio osoa aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzen ditzan edo nahitaezko agiri horiek aurkez ditzan. Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, dagokion ebazpena eman ondoren (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan ezarritako moduan).

8. artikulua.- Ebaluazioa eta esleipena.

1.- Ebaluazio-batzordeko kide izango dira: Zientzia Politikarako zuzendaria (bera izango da lehendakaria), Unibertsitateetako zuzendaria, Ikerketa Proiektuen teknikaria, eta zientzia-ebaluazioko aditu bat edo bi. Batzorde horrek proiektu bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahalko dizkie kasuan kasuko ezagutza-arloan ospe eta esperientzia aitortua duten ikertzaileei. Batzordeak, halaber, zuzen aplikatuko ditu deialdiko irizpideak, eta gaian adituak diren ebaluatzaileen interpretazioak homogeneizatuko ditu.

2.- Ebaluazio-prozesuaren barruan, Ebaluazio Batzordeak egoki iritziz gero, ekipamenduen kudeaketan edota konfigurazioan aldaketak sartzea iradoki diezaieke eskatzaileei, proiektuak programa honen helburuetara hobeto egokitzeko asmoz.

3.- Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena landu ahal izateko, Ebaluazio Batzordeak jarraian aipatzen diren irizpideak izango ditu kontuan eskabideak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera ordenatu ahal izateko. Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak banaketa proportzionalaren sistemaren bidez emango dira; horrenbestez, deialdiari esleitutako diru-kopurua eskatutako baldintzak betetzen dituzten eta gutxieneko 50 puntu lortu dituzten eskaera guztien artean banatuko da, balorazio-fasean bakoitzak lortutako puntuen eta eskatu den ekipoarentzat onartu den kostuaren arabera, betiere Aginduaren 4. artikuluan ezarritako zenbatekoen gehienezko mugak errespetatuz.

Modalitate bien ebaluazio-irizpideak ondoko hauek izango dira:

Ebaluazio-irizpideak Puntuak

1.- Eskaera egiten duen ikerketa-taldearen eta eskaeraren alde egiten duten taldeen kalitate zientifikoa. Kalitate hori curriculum kolektiboen bidez adierazi behar da. 25

2.- Koordinatutako talde kopurua, eta eskaera egin duten taldeen eta eskaeraren alde egiten duten taldeen harreman maila eta SAREKO lana. 15

3.- Talde eskatzaileak eskatzen duen ekipamenduaren metodologiak eta teknikak erabiltzen erakusten duen esperientzia. 10

4.- Eskatzen den ekipamendu zientifikoaren xede izango diren proiektuen kalitate zientifiko eta teknikoa. 15

5.- Ekipamenduaren eraginkortasuna, eskatzen den konfigurazioan. 10

6.- Ekipamenduaren egokitasuna, taldeen ikerketa ildoetarako, eta ohiko alternatiben aldean dituen abantailak. 15

7.- Lehia bidezko deialdi publikoen bidez ekipamendu bera erosteko bestelako finantziazio-iturriak egoteak aldeko balorazioa izango du. 10

4.- Ebaluazio-irizpideak behar bezala aplikatzeko, horietako bakoitzerako 2. eranskinean ezarri diren adierazleak erabiliko dira.

9. artikulua.- Ebazpena.

1.- Ebaluazio Batzordeak proposamena aurkeztuko dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, eta hark esleipenak egingo ditu ebazpen baten bidez. Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei; gero, emandako laguntzen berri emango da EHAAn, jendeak jakin dezan.

2.- Ebazpenaren jakinarazpenean, onesten den eskaera bakoitzari buruzko erreferentzia hauek jarriko dira:

- Ekipamenduaren modalitatea.

- Talde eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

- Erakunde edo entitate onuraduna.

- Ekipamendu zientifikoaren izena edo deskribapen laburra.

- Deialdiaren bidez esleitzen den finantziazioa.

3.- Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean. Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean ez bada berariazko ebazpenik ematen, eskariak isilbidez ezetsitzat jo ahal izango dira.

10. artikulua.- Diru-laguntzaren ordainketarako baldintzak.

1.- Erakunde onuradunak diru-laguntza onartu beharko du. Ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik 10 eguneko epean ez badio diru-laguntzari beren beregi uko egiten, onartu duela joko da.

2.- Ikertzaile nagusia atxikita dagoen erakunde onuradunari ordainduko zaio diru-laguntzen zenbatekoa.

3.- Diru-laguntza administrazioak ordainduko du, aldez aurretik. Ordainketa bakarrean emango du diru-zenbateko osoa, artikulu honetako 1. paragrafoan ezarri den epea amaitutakoan eta ondoko agiriak aurkeztutakoan:

- Erosketa egin aurretiko proformako faktura.

- Firma komertzial bati ekipamendua erosteko eginiko eskaera formala.

- Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatutako ziurtagiria, diru-laguntza osatzeko beharko litzatekeen diru-zenbatekoaren eskuragarritasunari buruzkoa, baldin eta ekipamenduaren kostu osoa jasotako diru-laguntza baino handiagoa bada.

Diru-laguntza ordaindu aurretik aurkeztu beharreko dokumentazioa laguntzak kudeatzen dituen organoari aurkeztu beharko zaio, ebazpenaren ondoko hiru hilabeteetan.

4.- Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen itzulketen eta bermeen araubide orokorra arautu zen, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezarri ziren.

5.- Erakunde onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitate bat ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-betebeharrak beteta dituela frogatu beharko du, Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoari jarraiki (1992ko uztailaren 8ko EHAA, 131. zk.).

11. artikulua.- Diru-laguntzaren erabileraren jarraipena.

1.- Ebazpena eman eta sei hilabete igaro baino lehen erabili beharko da diru-laguntzaren zenbateko osoa.

2.- Diru-laguntza jasotzen duen erakundearen legezko ordezkariak finantzatutako ekipamendu zientifikoa erosi izanaren ordainagiri originalen kopia konpultsatuak bidali beharko dizkio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, ebazpenaren ondoko zazpi hilabeteetan. Behin laguntzen organo kudeatzaileak zigilatu ostean, onuradunari itzuliko zaizkio.

3.- Faktura originalak erakunde onuradunean artxibatu beharko dira; halaber, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, euren funtzioak betez, deialdi honetan jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen duten informazio guztia eman beharko da.

4.- Erakundeko legezko arduradunak laguntzen kudeaketa-organoari txosten bat aurkeztu beharko dio, ikertzaile nagusiak sinaturik, ebazpena eman ondoko 12 hilabeteetan. Erositako ekipamendua jaso, martxan jarri eta erabiltzeari buruzko txostena izan behar da. Gutxienez, atal hauek sartu behar dira bertan:

a) Ekipamenduaren behin betiko kokapenaren deskribapena.

b) Eskuratutako ekipamenduaren kalitatearekiko adostasuna, aurreikusitako helburuetarako egokia dela, eta harrera-proben emaitza.

c) Ekipamendu handietarako, talde eskatzaileekin ekipamenduaren erabilera partekatzeko programa bat.

5.- Diru-laguntza jasotzen duten erakunde, entitate edo zentroen urteko memorietan eta ekipamendua erabiltzen den proiektuetatik sortutako zientzia-argitalpenetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren laguntza jaso dela adierazi beharko da, bai eta ekipamenduaren diru-laguntza identifikatzen duen kodea ere.

6.- Diruz lagundutako ekipamendua deialdian ezarritako epeetan erostea galarazten duen eta behar bezala justifikatuta dagoen arrazoirik badago, erakunde onuradunaren legezko ordezkariak gastua egiteko luzapena eskatu ahalko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari -gehienez 6 hilabetekoa-, betiere, luzapen horretarako dituen arrazoiak behar bezala frogatuta.

12. artikulua.- Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, -betiere, diru-laguntzaren helburua beteta-, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, likidazio-ebazpena emango du Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, eta horren bidez, egokitu egingo dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

Agindu honetan ezarritakoa ez betetzeagatik esleitu den diru-zenbatekoa aldatu edo indargabetu behar bada, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak banan-banako ebazpen baten bidez jakinaraziko du.

13. artikulua.- Diru-laguntza itzultzeko arrazoiak.

1.- Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak ez direla bete jakinez gero, eskuratu diren zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoaren Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoa betez.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan adierazitako kausez gain, ondoko hauek izango dira ez-betetzearen kausak:

a) Ekipo bererako beste iturri batzuetatik jasotako finantziazioa pilatzea, edo finantziazioa eskatzeko beste erakunde, entitate edo zentro publiko zein pribatu bati ekipamenduaren aldaerak aurkeztea, behar bezala justifikatu gabe, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aldez aurretik jakinarazi gabe eta hark onetsi gabe.

b) Ekipamenduari ebazpenean ezarritako erabilera eman beharrean beste erabilera bat ematea.

c) Onartutako ekipamendua ez den ekipamendu bat ordaintzeko erabiltzea diru-laguntza.

d) Ekipamenduaren erosketaren alde egin zuten ikertzaile-taldeek ekipamenduaren erabilera partekatzeko baldintzak ez betetzea.

e) Deialdi honetako oinarrien eta administrazio-agirien ez-betetze larria (osorik edo zati batean).

f) Datuak modu larrian ezkutatzea, aldatzea edo eskaera manipulatzea.

g) Diru-laguntza agindu honetan ezarritako epeetan ez erabiltzea.

3.- Era berean, diru-laguntza -osorik edo zati batean- itzuli beharko da, baldin eta ikertzaile nagusiak edo diru-laguntza eskatu duen erakunde onuradunaren legezko ordezkariak ekipamenduari uko egiten badiote, edo ikertzaile nagusia beste erakunde, entitate edo zentro batera joaten bada, edo EAEtik kanpo lanera joaten bada, ekipamendu zientifikoari dagokion proiektuen zuzendaritza arriskuan jarriz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Deialdi honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean, argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, bi hileko epean.

Bigarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko maiatzaren 18a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

I. ERANSKINA:

ESKAERAREN EDUKIA

Eskaera-orrian adierazi behar da, ondo ikusteko moduan, zein motako eskaera den:

1.- 1. modalitatea: Ekipamendu zientifiko arrunta.

2.- 2. modalitatea: Ekipamendu zientifiko handia.

Kasu bietan, ondoko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskaera, ikertzaile nagusiak sinatuta, eskatutako ekipamenduaren deskribapen orokorra dakarrena (1-1 eranskina).

b) Eskaera egin duen ikertzaile-taldearen datuak; talde eskatzaileko kideen datu pertsonalak jaso behar dira (1-2 eranskina), baita kideetako bakoitza lantzen ari den proiektu guztiei buruzko aitorpen bat ere (1-4.a eranskina).

c) Eskaeraren aldeko taldeen datuak; bertan jaso behar dira eskaeraren aldeko taldeko kideen datu pertsonalak (1.3 eranskina), baita kideetako bakoitza lantzen ari den proiektu guztiei buruzko aitorpen bat ere (1-4.b eranskina).

d) Zentroko fitxa. Bertan, eskaeran parte hartzen duten ikertzaileak dauden erakundeen datuak adieraziko dira. Erakunde bakoitzaren IFKren kopia aurkeztu behar da (1-4 eranskina).

e) Ekipamendu zientifikorako eskaeraren oinarri diren proiektuen identifikazioa, lantalde eskatzaileak azaldurik (2-1 eranskina).

f) Beste ikertzaile-talde batzuek ekipamendu zientifikorako eskaeraren alde egitea eragin duten proiektuen identifikazioa (2-2 eranskina).

g) Proiektuetan ekipamenduaren premia dagoela justifikatu behar da. Orain arte erabili izan diren ekipamenduen ordez orain eskatzen diren teknika eta tresna horiek zergatik diren beharrezko azaldu behar da, beraz. Proiektuetako bakoitzaren deskribapena (edo, gutxienez, ekipamenduaren erabileraren % 70 daukatenen deskribapena). Erabiltzen dituzten teknologia alternatiboak zehaztu behar dira, eta eskatutako ekipamenduak ekarriko lituzkeen onura eta abantailak azaldu (2-3 eranskina).

h) Ekipamendu zientifikoaren eta bere osagaien balorazio ekonomikoa (2-4 eranskina).

i) Ingurunean eta zentroan lehendik dauden ekipamenduak eskatzen badira, honakoak aurkeztu beharko dira: ekipamendu horien erosketako fakturak, egungo egoera, azken urteko ekipamenduaren erabileraren estatistika (erabileraren erregistroko liburuxkarekin bat) eta aurrekoarekiko ekipamendu berriak zer abantaila duen.

j) Erakunde eskatzailearen aitorpena, erakundearen ingurune zientifikoan halako ekipamendurik ez dagoela adierazten duena; era berean, ekipamendua eskuratzeko beste erakunde batzuei egindako finantziazio-eskabideak. Finantza-erakundea eta eskatutako diru-zenbatekoa adierazi behar dira, edo emandako diru-zenbatekoa, baldin eta eskaera ebatzita badago (3. eranskina).

k) Emandako diru-laguntzaren xehetasuna, deialdi honetan eskatutakoaren osagarri gisa, egiaztatzeko dokumentazioaren kopiarekin batera.

l) Ikertzaile nagusiaren curriculum vitaea eta baita eskaeraren alde egin duten taldeetako ikertzaile nagusien curriculum vitaea ere (4. eranskina).

m) Eskaera egin duen ikerketa-taldearen curriculum kolektiboa (5. eranskina).

n) Eskaeran parte hartzen duen ikertzaile bakoitzaren NANaren kopia.

o) Eskatutako ekipamendu zientifikoa beste ikerketa-talde batzuek erabiliko badute, erabilera kudeatzeko araudia aurkeztu behar da, sail honek abalaturik eta erakundeak sinaturik, eta araudi horrek, bermatuko du ekipoaren erabilera beste ikerketa-talde batzuekin partekatuko dela.

p) Zinpeko aitorpena: egiaztatu egin beharko dute ez dutela Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50. artikuluaren 5. paragrafoan ezarritako kausarik (paragrafo hori otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatu zuen, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak).

2. modalitateko eskaeren kasuan (ekipamendu zientifiko handiak), ondoko dokumentazioa ere aurkeztu behar da:

q) Erakundearen konpromisoa, ekipamendu handiak finantzatzeko. Deialdi honen bidez ematen zaion diru-laguntzaren zenbateko berdina (edo handiagoa) ordaintzeko konpromisoa hartu behar du bertan (6. eranskina).

r) Erakundearen konpromisoa, ekipamendu zientifiko handiak mantentzeko eta operatzeko. Konpromiso honetan, adierazi beharko du ekipamendua operatzeko zein sistema erabiliko duen (langile operadoreak) eta ekipamendua mantentzeko zein sistema erabiliko duen, betiere eskatutako ekipamenduaren erabilgarritasuna eta errendimendua ahalik eta handiena dela ziurtatuz (7. eranskina).

s) Erabilera kudeatzeko araudia aurkeztu behar da, ikertzaile-taldeek ekipoaren erabilera partekatua egingo dutela bermatzeko.

Eranskin honetan adierazitako dokumentuak jasotzen dituen inprimaki ereduak eskuragarri izango dituzte interesdunek, 5.4 artikuluan aipatzen diren lekuetan.

Eranskin honetan aipatzen den dokumentazioa paperean aurkeztu behar da, sinadura originalekin. Era berean, dokumentazioaren kopia ere aurkeztu behar da euskarri elektronikoan, CD batean.

Deialdiaren inprimakietan ematen den izaera pertsonaleko informazioa ondoko xedapen hauek betez erabiliko da: Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea; eta deialdi-aginduaren 5.5 artikulua.

II. ERANSKINA

EKIPAMENDU ZIENTIFIKORAKO DEIALDIA

2010. URTEA

Irizpidea Zehaztapenak Irizpideko gehieneko puntuazioa: 25

1.- Eskaera egiten duen ikerketa-taldearen eta eskaeraren alde egiten duten taldeen kalitate zientifikoa. Kalitate hau curriculum kolektiboen bidez adierazi behar da.

1 Eskaera egin duen ikertzaile-taldearen argitalpen zientifikoen kopuruak produktibitate ona erakusten du, eta betiere, dauzkan baliabideekiko proportzionala da.

2 Eskaera egin duen ikertzaile-taldearen argitalpen zientifikoen eremua: nazioartekoa (puntuaziorik handiena), estatukoa (ertaina) edo tokikoa (gutxienekoa).

3 Eskaera egin duen ikertzaile-taldeak aurkeztu dituen patenteen eremua: estatukoa (puntuazio ertaina), Europakoa edo nazioartekoa (PCT) (handiena).

4 Dauzkaten patenteak merkaturatzeko fasean daude, tokiko, estatuko edo nazioarteko enpresei emango zaizkien lizentzien bidez.

5 Eskaera egiten duen ikertzaile-taldeak doktoretza-tesiak zuzendu ohi ditu, jasotzen dituen baliabideen besteko kopuru eta kalitatekoak.

6 Eskaera egin duen ikertzaile-taldeak nazioarteko ikertzaile-taldeekin lankidetzan jarduten du, eta lankidetza hori elkarrekin idatzitako argitalpenetan erakusten da.

7 Eskaeraren alde egin duten ikertzaile-taldeen argitalpen zientifikoen kopuruak produktibitate ona erakusten du, eta betiere, dauzkan baliabideekiko proportzionala da.

8 Eskaeraren alde egin duten ikertzaile-taldeen argitalpen zientifikoen eremua tokikoa, estatukoa edo nazioartekoa da.

9 Eskaeraren alde egin duten ikertzaile-taldeek aurkeztu dituzten patenteen eremua: estatukoa, Europakoa edo nazioartekoa (PCT).

10 Dauzkaten patenteak merkaturatzeko fasean daude, tokiko, estatuko edo nazioarteko enpresei emango zaizkien lizentzien bidez.

11 Eskaeraren alde egin duten ikertzaile-taldeek doktoretza-tesiak zuzendu ohi dituzte, jasotzen dituzten baliabideen besteko kopuru eta kalitatekoak.

12 Eskaeraren alde egin duten ikertzaile-taldeek nazioarteko ikertzaile-taldeekin lankidetzan jarduten dute, eta lankidetza hori elkarrekin idatzitako argitalpenetan erakusten da.

13 Eskaera egin duten eta eskaeraren alde agertu diren ikertzaile-taldeetako ikertzaile nagusien garrantzi zientifikoa handiagoa da euren jakintza-eremuko ikertzaileen batezbestekoa baino.

Irizpidea Zehaztapenak Irizpideko gehieneko puntuazioa: 15

2.- Koordinatutako talde kopurua, eta eskaera egin duten taldeen eta eskaeraren alde egiten duten taldeen harreman maila eta SAREKO lana.

1 Eskatutako ekipamendua edo haren oinarrizko unitatea ez dago EAEko eremu zientifiko-teknikoan.

2 Eskaera egin duten taldeak eta eskaeraren alde agertu diren taldeak hainbat erakundetakoak dira, eta guztiak dira deialdiko onuradun.

3 Sail ezberdinetakoak izan arren, talde eskatzaileak eta laguntzaileak erakunde berekoak izanez gero, talde eskatzaile bakartzat hartu behar dira nahitaez, eta ezin dute puntuaziorik lortu irizpide honetan.

4 Eskaeran parte hartu duten taldeek elkarrekin lan egin ohi dute (puntuaziorik handiena), inoiz elkarrekin lan egin dute edo eskaera honen ondorioz behin-behineko harremana dute (gutxienekoa).

5 Talde eskatzaileek elkarrekin proiekturen bat daukate gaur egun.

6 Eskaeran parte hartu duten taldeek baterako argitalpenak egin dituzte (puntuaziorik handiena), edo, aitzitik, ez dute argitalpen bat bera ere argitaratu batera (gutxienekoa).

7 Zientziaren eta/edo metodologiaren ikuspegitik arrazoi errealak daude parte hartzen duten talde guztiek eskaera elkarrekin egiteko, hurbiltasun eta abagune arrazoiez gain.

8 Talde eskatzaileak ospe handieneko taldea izan behar du, edo, hala badagokio, eskatutako tresna gehien erabiltzen duena.

9 Taldeen arteko harremanak, ekipamenduaren erabilera banatzeko portzentajeak, eta partekatutako ekipamendua kudeatzeko proposamenak ekipamenduaren erabilera egokia eta errentagarria bermatzen dute.

Irizpidea Zehaztapenak Irizpideko gehieneko puntuazioa: 10

3.- Ikertzaileek eskatutako ekipamenduaren metodologiak eta teknikak erabiltzen esperientzia izatea.

1 Talde eskatzaileak eskatutako ekipamendurako metodologia eta teknikak erabili ditu argitalpenetan, edo teknika horiei buruzko ikerketak egin ditu.

2 Talde eskatzaileak eskatutako ekipamendurako behar diren metodologia eta teknikak erabili ditu argitalpenetan.

3 Talde eskatzaileak ezagutza eta eskarmentu handia erakutsi ditu eskatutako ekipamenduarekin zerikusia duten metodologiei dagokienez.

4 Talde eskatzaileak ondo ezagutzen ditu eskatutako ekipamenduaren teknologia eta teknika alternatiboak edota ekipamenduaren teknika eta teknologia aitzindariak; beraz, ekipamendua modu eraginkorrean erabili ahal izango du erosten duen unetik aurrera.

5 Talde eskatzaileak ezagupen eta esperientzia oparoak ditu eskatutako ekipamenduari dagozkion teknologien erabileran.

6 Eskaeraren aldeko taldeak ondo ezagutzen ditu eskatutako ekipamenduaren teknologia eta teknika alternatiboak edota ekipamenduaren teknika eta teknologia aitzindariak; beraz, ekipamendua modu eraginkorrean erabili ahal izango du erosten duen unetik aurrera.

7 Ekipamenduak behar duen teknologia berria da ikertzaile-taldeentzat, baina laster ikasiko dute modu errentagarri eta eraginkorrean nola erabili.

8 Gaiaren aurrekariak eta bibliografia ondo ezagutzen direla adierazi da ekipamendu-eskaeran.

Irizpidea Zehaztapenak Irizpideko gehieneko puntuazioa: 15

4.- Eskatzen den ekipamendu zientifikoaren xede izango diren proiektuen kalitate zientifiko eta teknikoa.

1 Ekipamenduaren erabilera nagusia eta lehentasunezkoa lehia bidezko deialdi publikoetan finantzatzen diren ikerketa-proiektuena izango da. Lehentasunezko erabilera edo erabilera nagusia ezin daiteke izan entitate edo enpresentzako zerbitzu edo lanak, kalitate kontrola eta abar egitea, nahiz eta entitate edo enpresa horiek eremu publikokoak izan.

2 Eskatutako ekipamendua aplikatuko zaien proiektuak -hau da, erabileraren portzentajerik handiena izango duten proiektuak- abian dira eta etorkizun hurbilean hala jarraituko dute, gutxienez urtebetez, eskaera egiten denetik aurrera.

3 Proiektuak bukatzear edo eskaera-fasean badaude, hala adierazi behar da, kasu horretan ekipamenduaren erabilera errentagarria ez baitago bermatuta.

4 Gainera, ekipamendua gehien erabiliko duten proiektuak kalitate handikoak dira, eta emaitza zientifiko esanguratsuak lortzeko aukerak dituzte.

5 Proiektu nagusiak Europar Batasunak finantzatu ditu: gehienezko balorazioa.

6 Proiektu Nagusiak Espainiako Estatuko I+G Plan Nazionalak finantzatu ditu, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak finantzatu ditu, edo Etortek programan daude: balorazio ertaina.

7 Proiektu nagusiak Saiotek programaren bidez finantzatu dira, edo autonomi, toki edo enpresa entitateek finantzatu dituzte: balorazio txikia.

8 Inbertsio-maila eta ekipamenduaren kostua, proiektuotan lortu nahi diren emaitzak, eta proiektuaren aurrekontua proportzionalak dira.

9 Ekipamenduaren erabilera nagusia (% 75) gehienez ere hiru ikerketa-proiektutan biltzen da (baloraziorik handiena), edo ekipamenduaren erabileraren banaketa homogeneoa egin da proiektu gehiagoren artean (gutxiago baloratuko da).

Irizpidea Zehaztapenak Irizpideko gehieneko puntuazioa: 10

5.- Ekipamenduaren operatibitatea, eskatzen den konfigurazioan.

1 Funtsean gailu bakarrari dagokion ekipamendua lehenetsiko da, 18.000 euro baino gehiago balio duenean.

Firma komertzial ezberdinen gailuen batuketa bada -unitate funtzional bat osatu gabe-, edo ekipamendu beraren ale bat baino gehiago eskatzen bada, deialditik kanpo geldituko da.

2 Eskatu den ekipamendu nagusiaren konfigurazioa zuzena da proiektuen erabileraren ezaugarrien arabera.

3 Eskatzen diren aukerazko osagaiak erostea proiektuetarako beharrezkoa edo komenigarria den ala ez informatu egin behar da.

4 Eskatutako ekipamendua, moduluak edukiz gero, jatorrian integratutako sistema bati dagokio, unitate funtzionalarekin, eta firma komertzial berak hornitzen du.

5 Eskatutako kostuen artean ez dira sartzen: altzariak, salak instalatzea, egokitzea edo eraikitzea; eta kudeaketako edo erabilera orokorreko materiala (hau da, ikerketa-proiektuetarako berariazkoa ez dena).

6 Eskatutako ekipamenduaren gutxieneko eta beharrezko konfigurazio bati dagokion gutxieneko kostuaren berri eman behar da. Aztertu behar da eskaeran kostuak aldatzen diren: komeni denaren arabera, konfigurazioan elementu osagarriak erantsiz edo kenduz, deialdiak onartzen dituen zifretaraino iritsi arte. Hau are garrantzitsuagoa da ekipamendu zientifiko handien kasuan.

7 Eskaeran parte hartzen duten talde guztiek erabiliko duten gailuaren gutxieneko konfigurazioaren berri eman behar da, baita taldeen artean erraz partekatu ote daitekeen ere.

8 Informazioa eman behar da, ondoko kasu hauetakoren bat gertatzen den jakiteko: zentro eskatzaileetakoren batean dagoen ekipamendua birjartzeko asmoa dagoen, bertsio eguneratu eta hobetua erosteko asmoa dagoen, edo orain dagoen gailua gehiegi erabiltzen delako gailu berria erosteko asmoa dagoen.

9 Kasu horretan, lehendik dagoen gailuaren antzinakotasuna, egungo egoera, bere erabilera, lortutako errentagarritasun zientifikoa eta eskatzen den bertsio berriaren abantaila erantsiak baloratu behar dira.

Irizpidea Zehaztapenak Irizpideko gehieneko puntuazioa: 15

6.- Ekipamenduaren egokitasuna, taldeen ikerketa ildoetarako, eta ohiko alternatiben aldean dituen abantailak.

1 Esan daiteke eskaera egin duten ikertzaile-taldeek ikerketa-lerro bat edo gehiago finkatuta dutela, oraingo proiektuak bukatu ondoren ere ekipamenduaren erabilera bermatzen dutenak.

2 Taldeek ikerketa ekipamendua modu zentzudunean erabiliko dutela bermatzen da, urtean ondoko ordu-kopuru hauetan: 0-100; 100-300; 300-700; 700<.

3 Ikertzaileek proiektuekin duten dedikazioa ikusita, proiektuetan ekipamendua erabiliko den ordu-kopurua nahikoa izango dela esan daiteke.

4 Eskatutako ekipamendua dagozkion ikerketa-proiektuak abiarazteko erabili diren teknikak baino hobea den, eta zein neurritan. Nolako abantailak izango dituen eta kostuekiko proportzionalak diren ala ez.

5 Ikertzaile-taldeetan ekipamenduak sortuko duen lehia zientifikoaren igoera azaltzen da.

6 Ekipamenduen erabileraren premia eta onura -proiektuetan- bat dator proposatu diren erabilera-portzentajeekin.

Irizpidea Zehaztapenak Irizpideko gehieneko puntuazioa: 10

7.- Lehia bidezko deialdi publikoen bidez ekipamendu bera erosteko bestelako finantziazio-iturriak egoteari aldeko balorazioa egingo zaio.

1 Ekipamendu bera erosteko beste administrazio publiko baten finantziazio-iturria badagoela adierazi da.

2 Baterako finantzaketaren jatorria den deialdia lehia bidezkoa da, kanpoko ebaluazioa duena, eta eskatutako ekipamenduari buruzkoa da.

3 Baterako finantzaketa hori kostu osoaren % 50 edo gehiago bada, 15 puntu emango zaizkio. Txikiagoa bada, % 10eko bakoitzarengatik 3 puntu emango zaizkio, proportzionalki.

(Irizpide hori organo kudeatzaileak ebaluatuko du zuzenean).


Azterketa dokumentala