Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2010eko ekainaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
2911

EBAZPENA, 2010eko martxoaren 29koa, Energia eta Meategien zuzendariarena, Harana Udalerriko Done Bikendi Haraneko herrigunean petrolioaren gas likidotuak biltzeko instalazioak eta horiek banatu eta hornitzeko sarea eraikitzeko Repsol Butano SAri administrazio-baimena emateko dena.

Espediente zk. 01-36020/CGF-2009-4-AQR/mmb.

Miguel Palacio Camino jaunak 2009-07-24an honakoa eskatu zuen, Repsol Butano SAren izenean eta ordez: Erriberagoitia Udalerriko Pobes herrigunean petrolioaren gas likidotuak biltzeko instalazioak eta horiek banatu eta hornitzeko sarea eraikitzeko administrazio-baimena.

Espedientea ebazterakoan beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea eta aipatzea:

AURREKARIAK

Bat.- Butano SAk 2008ko uztailaren 24an ondokorako administrazio-baimena eskatu zuen: Hara Udalerriko Done Bikendi Haraneko herrigunean merkataritza- eta etxe-erabileretarako gas propano kanalizatuaren bilketa, banaketa eta horniketa egitekoa.

Bi.- Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean ezartzen denez (1998-10-08ko BOE), gas kanalizatuaren horniketa egiteko administrazio-baimena eskuratzeko, aldez aurretik proiektuen informazio-erakustaldia egin behar da. Legez ezarritako eran eta hedabideetan egin zen aginduzko informazio-erakustaldi publikoa: 2009-10-06ko EHAAn, 2009-09-25eko ALHAOn, 2009-09-17ko El Correo egunkarian eta Haranako udaletxeko iragarki-taulan, 2009-09-09tik 2009-10-13ra.

Ebazpen honen oinarriak honakoak dira:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Bat.- Energia eta Meategien Zuzendaritza da espediente hau ebazteko organo eskuduna, betiere Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Bi.- Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean ezartzen denez (1998-10-08ko BOE), gasa banatzeko sareak eraikitzeko, aldez aurretik administrazio-baimena izan beharko da.

Hiru.- Espedientearen izapideketari zein edukiari dagokienez eta Repsol Butano SAk aurkeztutako argibideei dagokienez, egiaztaturik dago bete direla legeriak ezarritako betekizun eta baldintzak.

Lau.- Bestalde, egiaztaturik dago: proiektua burutzeko, Repsol Butano SAk duen gaitasun legezko, tekniko eta ekonomiko-finantzarioa.

Aipatutako lege-manuak, eta, oro har zein berariaz, gai honetan aplikagarri diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honakoa

EBATZI DU:

Bat.- Repsol Butano SAri administrazio baimena ematea Harana Udalerriko Done Bikendi Haraneko herrigunean petrolioaren gas likidotuak biltzeko instalazioak eta horiek banatu eta hornitzeko sarea eraikitzeko.

Ezaugarri nagusiak, aurkeztutako proiektuaren txostenean eta planoetan azaltzen dira. Proiektua José Antonio Urquijo Elorza ingeniari industrialak izenpetu (Arabako 1855 zenbakia duen kolegiatua) eta Arabako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak bisatu du 2009-07-10ean; eta funtsezko ezaugarritzat hauek izango ditu:

- 13 m3-ko lurgaineko depositua, orduko 100 kg-ko erregulazio-ekipoarekin PGL biltzekoa, segurtasunerako eta suteen aurkako babes-ekipoak dituena.

- MOP d" 2 bar-eko banaketa-sarea, SDR-11 dentsitate ertaineko polietilenozkoa, 63 mm eta 40 mm-ko diametroduna, hurrenez hurren 612 eta 1.064 m-ko luzerekin. Horretaz gain, dentsitate ertaineko 32 mm eta 32 mm-ko polietilenozko hodidun 90 hargune.

1.- Administrazio-baimen honek ondoko baldintzak bete beharra dakar:

- Aurkeztutako planoetan zehazten dira edukiontziak hartuko duen esparruaren mugak.

- Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73.4 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriaz eta baimen honekin berretsitako konpromisoaren ondoriozko obligazioak beteko direla bermatzearren, Repsol Butano SAk, bi hilabeteko epearen barruan, mila zazpiehun eta hogeita bat euro eta lau zentimo (1.721,04) fidantza aurkeztu beharko du. Uztailaren 21eko 1775/1967 Dekretuko 11. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriaz, eskudiruan edo Estatuko baloretan aurkeztu beharko da fidantza hori, Euskal Autonomia Erkidegoaren Kutxa Nagusian; edo, bestela, aseguru pribatuaren bidez, Espainia EEEri atxikitzeko itunaren ondoriozko konpromisoei egokitzeari buruzko ekainaren 6ko 1255/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera. Instalazioak baimendu eta horiek egiteko baimenean ezarritako epeetan eraiki ondoren eta, halaber, eskudun lurralde organoak haiek martxan jartzeko akta edo aktak formalizatu ondoren, Repsol Butano SAri fidantza itzuliko zaio.

- Instalazioak gauzatzeko epea 12 hilabetetik beherakoa izango da, baimena buletin ofizialetan azkenekoz argitaratu den egunetik hasita.

- Instalazioak, guztiz edo zati batean, martxan jartzeko akta formalizatzen denean hasi eta 30 egunetik beherako epean hasi beharko du gas-eroanbidea Repsol Butano SAk.

- Erregai gaseosoak erabili eta banatzeari buruzko Erregelamenduan eta horren jarraibide tekniko osagarrietan, zehazki, uztailaren 28ko 919/2006 EDaz onartuan ezarritakoa bete beharko dute instalazioek, eta bai dagozkien xedapen eta arau teknikoak ere.

- Banaketa-sareko adar bakoitzak bereizketa-giltza izan beharko du.

- Gasaren arloko aurrerakuntza teknologikoei aurre egiteko eta horniketa malguago eta seguruagoa egiteko taxutu beharko dira instalazioak. Hartarako, gasa eroateko sistemek gaitasuna beharko dute eduki gas naturala eroateko, baina, betiere, instalazioen kalitatea eta segurtasuna menostu barik. Horniketako gasaren ezaugarriak aldatzeak edo gas hura ordezteak beharko du izan: Hidrokarburoaren Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 77. artikuluaren 3. paragrafoarekin bat datorren baimena.

- Hasierako baimena eman zuen agintaritzari jakinarazi beharko zaio instalazio hauek izapidetzearena.

- Eskatzen duten kontsumitzaile guztiei egingo zaie kanalizatutako gas-erregaien horniketa, betiere proiektuari doakion eremuko alde geografikoetan eta arauzko kalitate eta segurtasun baldintzetan.

- Repsol Butano SAk, behar bezalako horniketa egiteaz gain, ondokoak hartzen dituen zerbitzu egoki eta eraginkorra izan beharko du: instalazioen mantenimendua, matxuren konponketa, erreklamazioei erantzutea, eta oro har erabiltzaileei erantzutea; bestalde, baimendutako instalazioen kontserbazio eta funtzionamendu egokiaren arduraduna izango da.

- Arlo honetan une bakoitzean indarrean diren xedapenekin bat arautuko dira gasa saltzeko tarifak.

Bi.- Baimen hau ondoko baimen eta lizentzien kontra egin gabe ematen da: udalen edo probintzien eskumen pekoak direnak edo obrak segurtasunez egiteko beharrezkoak direnak, batez ere Errepide Zerbitzuari buruzkoak -2009-12-24koak-, izan ere, horiek 46+495 KPren 46+645arekiko paralelotasuna aldatzea baitakarte, eta horietaz gain, ingurumena babesteari eta hirigintzaren eta lurralde antolamenduari dagozkionak, eta bai Arabako Foru Aldundiko Kultura Saileko Ondare Historikoaren Zerbitzuari dagozkionak ere.

Hiru.- Edozelan ere, baimen hau ez da ematen monopolio-erregimenean eta ez du ekarriko eskubide esklusiborik.

Lau.- Abian jartzeko akta lortzeko, Arabako Lurralde Bulegoan honako hauek aurkeztu beharko dira: obra zuzendaritzari dagozkion ziurtagiriak, eraginpeko erakundeen proba eta baimenei dagozkienak, eta «As Built» planoak, non gas-sarearen egoera eta sare horrek eta beste zerbitzu batzuekin egindako gurutzaketak zehaztuko baitira.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Industria eta Energia Sailburuordetzaren aurrean, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean, hala agintzen baita 4/1999 Legean. Lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 29a.

Energia eta Meategien zuzendaria,

OSKAR ZABALA RABADÁN.


Azterketa dokumentala