Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2010eko ekainaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
2914

AGINDUA, 2010eko martxoaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena. Honen bitartez, 2010eko ekitaldirako deialdia egiten da mendi nekazaritzako eremuetan landa garapeneko proiektu aitzindarietarako laguntzak emateko. Laguntza horiek Mendi nekazaritzako eremuetan landa garapeneko proiektu aitzindarietarako laguntzak arautzeko azaroaren 28ko 242/2000 Dekretuan aurreikusi ziren.

Azaroaren 28ko 242/2000 Dekretuak, abenduaren 23ko 336/2003 Dekretuak aldarazia, mendi nekazaritzako eremuetan landa garapeneko proiektu aitzindarietarako laguntzak arautzen ditu.

8.3 artikuluan finkatu egiten du urtero, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren (gaur egun Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua dena) agindu baten bitartez, bertan arautzen diren laguntzen deialdia egingo dela, eta eskabideak aurkezteko epea irekiko dela. Halaber, aurrekontu ekitaldi bakoitzaren barruan emango diren laguntzen bolumen osoa ezagutaraziko dela finkatzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorra Antolatzen duten Printzipioen Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onetsia, ezarri egiten du 49.5 artikuluan ekitaldi ekonomiko bakoitzean Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarri egingo direla programen diru-laguntzak emateko arauak eta kasuan kasuko deialdia egingo dela bere garaian izaera mugagabez arautu zirenentzat. Alde horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 2/2009 Legeak aukera ematen du urte honi dagokion laguntza deialdia egiteko.

Horien arabera

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Eskabideak aurkezteko epea.

1.- Mendi nekazaritzako eremuetan landa garapeneko proiektu aitzindarietarako laguntzak arautzen dituen azaroaren 28ko 242/2000 Dekretuan -"abenduaren 23ko 336/2003 Dekretuak aldarazia-" finkatu diren laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea, 2010 urtean, hilabetekoa izango da, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.- Eskabideak Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariari zuzenduko zaizkio eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailean aurkeztuko dira. Bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako bideetatik edozein erabili beharko da. Bi kasuetatik edozeinetan, abenduaren 23ko 336/2003 Dekretuak aldarazitako 242/2000 Dekretuko 8.2 artikuluan aurreikusitako agiriak aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera.

Bigarrena.- Diru-laguntzen zenbateko osoa.

1.- Agindu honen ondotik emango diren laguntzen zenbateko osoa Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik etorriko da, eta ez da 216.434 eurotik gorakoa izango; hala ere, aurrekontuetan aldaketak egitea onartzen bada, zenbateko hori eguneratu egin daiteke, indarreko legeriari jarraiki.

2.- Kasu horretan, aldaketa horiek onestetik eratorritako aurrekontu esleipena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Hirugarrena.- Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko dute Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aurrean. Horretarako epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean. Kasu horretan, epea bi hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laugarrena.- Indarrean jartzea.

Agindu hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 11.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala