Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2010eko ekainaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
2915

AGINDUA, 2010eko martxoaren 16koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena. Honen bitartez, debekatu egiten da lanpernak (pollicipes pollicipes) ateratzea Donostiako Igeldoko Itsasargiaren eta Orioko udalerriko Anarri Tontorraren artean kokatzen den zonan.

Itsas arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legeko 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, itsas jarduna antolatu eta arautzeko finkatzen diren neurrien joera itsasoko baliabideak oinarri iraunkor batean babesteko eta mantentzekoa eta kostaldeko komunitateak garatzekoa izango da. Halaber, lege horretako 6. artikuluak egokitzat eta arrazoizkotzat jotzen du legez baimendutako baliabide eta aparailuekin egiten den eta jardueraren errentagarritasun ekonomikoaren eta itsasoko baliabide eta ekosistemen babes eta mantentzearen arteko orekari eutsiko zaiola bermatzen duen ustiapena.

Premisa horietatik abiatuz, eta aintzat hartuta lanpernak (pollicipes pollicipes) Euskal Autonomia Erkidegoko kostan bizi duen egoera zaila dela, Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak baliabide hori ustiatzeko sistema ezartzearen komenigarritasuna baloratu zuen, horretarako kudeaketa planak erabiliz. Lanpernaren ustiapenerako plan hauek aplikatu dituzten autonomia erkidegoetan izandako eskarmentua arrakastatsua izan da.

Ekimen honi erantzunez, Azti-Tecnalia Fundazioak zera aurkeztu zuen: «Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean lanpernak (pollicipes pollicipes) ustiatzeko planen aplikazioan bideragarritasuna aztertzeko saiakuntza proiektua». Bertan, saiakera esperientzia egiteko zona modura Donostiako Igeldoko Itsasargiaren eta Orioko udalerriko Anarri Tontorraren artean kokatzen den itsasertz tartea finkatu zen.

Proiektu horretan eskuratutako ondorioek agerian uzten dute saiakera zonaldean baliabidearen ustiapena neurriz gainekoa dela. Hori dela eta, kudeaketako lehen neurri modura, eta ustiapen plan bat ezarri baino lehen, beharrezkoa da hautatutako itsasertz tartean espezie hori Berreskuratzeko Plana garatzea, lanpernaren itsas bilketarako aldi batez itxiz. Itxierak iraun bitartean, areagotu egin beharko da zonako zaintza eta kontrola, horren bitartez ezkutuko jarduleak ekiditeko eta baliabidea berreskuratzen ari den edo ez ebaluatzea ahalbidetuko duen jarraipena egiteko.

Itsaski-bilketa egiteko arauak jartzen dituen uztailaren 1eko 171/1986 Dekretuko 25. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, egokitzat jotako zientzia eta teknika aholkularitzarekin, debekualdi eta gutxieneko neurriak ezartzeko arauak egin ahalko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan biltzen diren itsaski espezieetarako.

Aisialdiko arrantzaleei dagokienez, Itsasoko Kirol-arrantzaren Arautegia onesten duen urriaren 3ko 198/2000 Dekretuko Lehen Azken Xedapeneko bigarren puntuak eskumena ematen dio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari dekretu horretako II. eranskineko bigarren idatz-zatian bildutako espezieen harrapatze baldintzak eta aldiak aldarazteko, betiere, itsaski baliabideen egoerari buruz egiten diren azterlan eta analisi zientifikoetatik eratorritako gomendioak gorabehera.

Halaber, aisialdiko arrantzari buruzko araudiarekin jarraituz, besteak beste itsaski espezieen debekualdiak eta gutxieneko neurriak biltzen dituen taula orokorra finkatzen duen 102/1997 Dekretuko Azken Xedapenak ere eskumena ematen dio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari debekualdien eta neurrien taula orokorra aldatzeko nahiz kirol arrantzaleei debekatutako espezie kopurua zabaldu edo murrizteko eta espezieak ateratzeko denbora, modua eta tokia finkatzeko, betiere, kasuan kasuko txosten eta irizpen teknikoen ondotik.

Agindu honen xedea aldi batez lanpernak (pollicipes pollicipes) ateratzea debekatzea da, bai itsaskilari profesionalei, bai aisialdiko arrantzale eta arrantzale profesionalei Donostiako Igeldoko Itsasargiaren eta Orioko udalerriko Anarri Tontorraren artean kokatzen den itsasertz tartean. Debekua urtebeterako finkatu da, teknikariek egingo duten ebaluazio txostenaren ondorioen zain. Hura baliabidea berreskuratu den edo ez jakitera eta ustiapenaren bideragarritasuna egiaztatzera zuzenduta egongo da.

Adierazitakoaren ondotik, zera

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Debekatu egiten da lanpernak (pollicipes pollicipes) ateratzea, bai itsaskilari profesionalei, bai aisialdiko arrantzale eta arrantzale profesionalei Donostiako Igeldoko Itsasargiaren eta Orioko udalerriko Anarri Tontorraren artean kokatzen den itsasertz tartean.

Bigarrena.- Debeku hau aldi baterako izango da, urtebeterako hain zuzen, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita, eta urtebeteko aldiez luzatzerik egongo da debekuaren gaineko jarraipena eta ebaluazioa egiteko idazten diren txosten teknikoek eta zientifikoek hori gomendatzen badute.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari eskumena ematen zaio agindu honetan xedatutakoa burutzeko behar diren neurriak hartzeko.

Bigarrena.- Agindu hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Hirugarrena.- Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari eta honen aurka berraztertzeko hautazko errekurtsoa jarri ahalko dute interesdunek Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aurrean. Horretarako, hilabeteko epea egongo da honakoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzerik dago Euskadiko Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean, honakoa aldizkari berean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 16a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala