Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2010eko ekainaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizia Administrazioa

Irungo Lehen Auzialdiko 5 Zenbakiko Epaitegia
2917

EDIKTUA, diru-zenbateko bat erreklamatzeko bideratutako 224/09 judizio arruntaren ondoriozkoa.

JAKINARAZPEN-ZEDULA

Irungo Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegian (Gipuzkoa), 224/09 prozedura arrunta bideratu da, zenbateko bat erreklamatzeko, Joaquín Palos Cepak eskatuta, Domingo Martín Goenagaren kontra. Prozedura horren gainean epaia eman da. Hona hemen idazpurua eta epaitza, kopiatuta:

33/2010 EPAIA

Irun, 2010eko martxoaren 18a.

Nik, José Ignacio Hierro Lagek, Irungo eta bere barrutiko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 5 zenbakiko Epaitegiko epaile titularra naizen aldetik, ikusi ditut 224/09 judizio arrunteko autoak, epaitegietako prokuradore Eskarne Ruiz de Arbulo Aizpuru andreak sustatu dituenak -Jon Joaquín Palos Cepa jaunaren izenean eta ordez eta Maite Martín Puyal letratuaren zuzendaritzapean-" auzi-ihesean den Domingo Martín Goenaga jaunaren aurka (gaia: diru-zenbateko bat erreklamatzea).

AURREKARIAK

Lehenengoa.- 2009ko apirilaren 23an, Jon Joaquín Palos Cepa jaunaren ordezkari prozesalak judizio arrunterako demanda aurkeztu zuen Domingo Martín Goenaga jaunaren aurka, diru-zenbateko bat erreklamatzeari buruz. Demanda horretan, egoki iritzitako gertakariak eta zuzenbideko oinarriak azaldu ondoren, honako hau eskatzen zuen: demandatua kondenatzeko hiru mila hirurehun eta zortzi euro eta hogeita hamazortzi zentimo (3.308,38) ordaintzera, bai eta dagozkion legezko interesak eta prozedura honetako kostuak ere.

Bigarrena.- 2009ko maiatzaren 18an, demanda onartzeko autoa eman zen. Auto horren berri eman zitzaion alderdi demandatuari, eta 20 egun balioduneko epea eman zitzaion erantzun zezan.

Hirugarrena.- 2009ko uztailaren 16an probidentzia eman zen, alderdi demandatua auzi-iheslari deklaratzen zuena, ez baitzion demandari erantzunik eman, horretarako emandako hogei eguneko epean. Gainera, aldez aurretiko entzunaldia egiteko eguna finkatu zen: 2009ko irailaren 24a.

Laugarrena.- 2009ko irailaren 24an, prozedura honen aldez aurretiko entzunaldia egin zen, eta bertan, auzi-jartzaileak berretsi egin zuen aurkeztutako demanda eta, ahozko judiziorako frogabide gisa, autoetan jasota dagoen minutarekin batera aurkeztutako frogak proposatu zituen; epaileak onartu egin zituen froga horiek. Judizioa 2009ko azaroaren 18rako ezarri zen, baina 2010eko martxoaren 2an egin zen; izan ere, bista hainbat aldiz atzeratu zen, ezinezkoa izan baitzen demandatua bistara joateko zitatzea eta, hortaz, probidentzia bidez egin zitzaion ediktuaren zitazioa, 2010eko otsailaren 26an. Bista horretan, aldez aurretiko entzunaldian auzi-jartzaileak aurkeztutako eta epaileak onartutako frogen praktikaldia egin zen; jarraian, auzi-jartzaileak amaierako ondorioak jakitera eman zituen, eta autoak epaia emateko prest geratu ziren.

Legezko agindu guztiak bete dira prozedura hau izapidetzerakoan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Demandan, auzi-jartzaileak kontratuz kanpoko erantzukizuneko egintza baliatu zuen demandatuaren aurka, Inés Cruz Vilchez andrearen jabetzako ibilgailuan (matrikula: 3637-CYM) izandako kalte eta galerak direla- eta; kalte eta galera horiek 2008ko abenduaren 18an gertatutako ezbeharrak eragindakoak izan ziren. Izan ere, Joaquín Palos Cepa jauna N-1 errepidean, Hondarribiako udalerrian, aipatutako ibilgailua gidatzen ari zela, bat-batean Domingo Martín Goenaga jaunaren jabetzako alemaniar artzain-txakur bat sartu zen galtzadan; gidariak ezin izan zuen saihestu eta harrapatu egin zuen autoaren aurrealdearekin. Istripu horren ondorioz, ibilgailuan 3.288,98 euroko kalteak izan ziren, auzi-jartzaileak ordaindu zituenak; horretaz gain, auzi-jartzaileak berak ere zauriak izan zituenez, larrialdi-zerbitzura joan behar izan zuen, taxi bat hartuta; 19,40 euro ordaindu zituen taxiagatik. Horrenbestez, egoki iritzitako gertakariak eta zuzenbideko oinarriak azalduta, auzi-jartzaileak epaia emateko eskatu zuen eta, epai horren bidez, demandatua kondenatzeko hiru mila hirurehun eta zortzi euro eta hogeita hamazortzi zentimo (3.308,38) ordaintzera, bai eta dagozkion legezko interesak eta prozedura honetako kostuak ere.

Bigarrena.- Prozedura hau oinarritzen da Kode Zibilaren (KZ) 1902. artikuluan ezarritako kontratuz kanpoko erruan, batetik, eta, bestetik kode horren 1905. artikuluan; izan ere, 1902. artikulu horrek hauxe dio: «Norbaitek, egite edo ez-egitearen ondorioz, kalte egiten badio beste inori, tartean errua edo zabarkeria izanik, eragindako kaltea konpontzeko betebeharra du»; bestalde, 1905. artikuluak honako hau xedatzen du: «Animaliaren edukitzaileak edo horretaz baliatzen denak erantzukizuna du, animalia horrek eragindako kalteen gain, nahiz eta animaliak ihes egin edo animalia hori galdu. Erantzukizuna amaituko da, kaltea ezinbesteko kasuak eragin duenean, edo kaltea gertatu denean hori jasan duenaren erruz».

Alde horretatik, kontratuz kanpoko erantzukizuna edo erantzukizun «aquiliana» (Kode Zibilaren 1902. artikulua eta hurrengoak) dagoela onartzeko, jurisprudentziak lau baldintza ezartzen ditu behin eta berriro: kalte material edo pertsonalak eragin dituena egite edo ez-egite baten erantzule izatea, eta kalte horiek eragin dituenaren jokabidean errua edo zabarkeria egotea.

Hirugarrena.- Auzi honi dagokionez, legedian eta jurisprudentzian ezarritako baldintzak gauzatzen diren ala ez aztertu behar dugu, hain zuzen ere, auzi-jartzaileak baliatutako egintzak aurrera egingo duen ala ez erabakitzeko. Alderdiek eskatuta, eta PZLko 217. eta 281. artikuluen babesean, frogak osotasunean baloratu dira, eta ondorioztatu da demandatzailearen uziak erabat frogatuta daudela. Hona hemen:

a) Egite edo ez-egite bat, juridikoki babestuta dauden besteren jabetzako ondasunenekiko jokaera arduratsua izateko agindu orokorraren aurka doana; egite eta ez-egite horren errua egotzi dakioke egintza judizialaren jomuga den pertsonari. Auzi honetan argi dago demandatuak erantzukizuna duela eragindako kalteetan, hala egiaztatu baitzen ahozko judizioan egindako frogaldian, hau da, demandatuari egindako galdeketan; epaitegi honek kontsideratzen du demandatuak berak onartu dituela judizio honetan epaitu diren gertakariak; hona hemen gertakari horiek: «1.- Demandatua alemaniar artzain-txakurraren jabea zen 2008ko abenduaren 18an, prozedura honetako aztergaia den trafiko istripua eragin zuen txakurraren jabea, alegia. 2.- Egia da, adierazitako egunean, txakurra aske zebilela korrika, jabeak lotuta eduki gabe. 3.- Egia da txakurra Nacional 1 errepidean sartu zela bat-batean, eta autoetan adierazitako ibilgailuari kalteak eragin zizkiola». Halaber, demandatuaren erantzukizuna egiaztatu egin da honako hauek aplikatuta: Prozedura Zibilaren Legearen 304. artikuluan ezarritakoa eta autoetan jasotako agirizko froga, alegia, Ertzaintza egindako atestatua; ahozko judizioan, gertakarien tokira bertaratu zen ertzainak (G66H6 zenbakiduna) berretsi egin zuen atestatu horretan jasotakoa, eta horren arabera, «Ford Focus ibilgailua (matrikula: 3637-CYM) N-I errepidean zirkulatzen ari zen Donostiako noranzkoan, 474,700 KPn; halako batean, txakur batek jauzi egin zuen galtzadaren eskuinaldeko hormatxo baten gainetik, eta gidariak ezin izan zuen saihestu eta aurrealdearekin harrapatu zuen. Txakurraren mikrotxiparen edukia irakurri egin da, eta bertatik, honako datu hauek atera dira: mikrotxip-zk.: 985120016145192; txakurraren titularra: Domingo Martín Goenaga jauna, NAN-zk.: 44562754R».

b) Auzi-jartzailearen ondasunetan izandako kaltearen egiazkotasuna. Auzi honetan, Inés Cruz Vilchez andrearen jabetzako ibilgailuan (matrikula: 3637-CYM) izandako kalteak eta taxian ordaindutako zenbatekoa egiaztatuta geratu dira, autoetan jasotako agirizko frogen bidez, hau da: batetik, «Vertiz SA» entitateak egindako faktura -bertan zehazten da aipatutako ibilgailuak izandako kalteak konpontzeko zenbatekoa- eta, bestetik, 2008ko abenduaren 18an «Radio Taxi» entitateak egindako fakturak. Biak ala biak -3288,98 eta 19,40 eurokoak, hurrenez hurren- auzi-jartzaileak ordaindu zituen; demandatuak, berriz, ez zituen froga horiek inpugnatu. Auzi honetan kontuan hartu beharra dago kalteak izan zituen ibilgailua ez zela auzi-jartzailearen jabetzakoa, baina, era berean, aintzat hartu behar da berak ordaindu zuela ibilgailuko kalte horien zenbatekoa. Hortaz, bidezkoa da auzi-jartzaileak zenbateko hori erreklamatzea kaltea eragin duenari, betiere Kode Zibilaren 1158. artikuluan xedatutakoaren arabera; hona hemen artikulu horren edukia: «Ordainketa edozein pertsonak egin dezake, pertsona horrek betebeharraren betetzean interesa izan zein ez, zordunak hori jakin eta onartu nahiz hori jakin ez. Norbaitek inoren kontura ordaintzen badu, berak ordaindutakoa zordunari erreklamatu ahal izango dio, salbu eta zordun horren esanbidezko borondatearen aurka ordaintzen duenean».

Ekintza zabarraren eta eragindako kaltearen arteko kausalitate-lotura; kasu honetan, lotura hori nabarmena da, eta ez dago hori hautsiko duen inolako elementurik, hala erakusten baitu lehenago aipatutako idatz-zatietako bi baldintza horien gainean egindako azterketak.

Hemen azaldutako arrazonamenduari jarraiki, demandan egindako uziak osorik baietsi behar dira eta, hortaz, demandatua kondenatu egin behar da demandan erreklamatutako zenbatekoak ordaintzera.

Laugarrena.- Prozedura Zibileko Legearen 576.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, «diru-zenbateko bat ordaintzera kondenatzen duen epai edo ebazpen bat lehen auzialdian ematen denetik aurrera, zenbateko horrek urteko interes hau sortuko du hartzekodunaren alde: diruaren legezko interesa bi puntu gehituta, edo alderdiek euren artean hitzartzen dutena, edo lege-xedapen berezi batek ezartzen duena». Beraz, prozedura honetan, kondenaren ondorioz ordaindu beharreko zenbatekoaren arabera zehaztuko da interesa, xedapen horretan ezarrita bezala.

Bosgarrena.- Prozedura Zibilari buruzko Legearen 394.1 artikuluaren arabera, deklarazio-prozesuetan, lehen auzialdiko kostuak uzi guztiak ukatu zaizkion alderdiari ezarriko zaizkio, salbu eta kasuak egintza edo zuzenbidearen inguruko zalantzak dituela ikusten eta arrazoitzen badu epaitegiak. Kasu honetan ez da horrelako zalantzarik eta, beraz, demandatuari ezarri behar zaizkio prozedura honetako kostuak.

Aipatu artikuluak eta aplikatu behar diren gainontzekoak ikusi dira.

EPAITZA

Baietsi egiten dut Eskarne Ruiz de Arbulo Aizpuru epaitegietako prokuradoreak, Jon Joaquín Palos Cepa jaunaren izenean eta ordez eta Maite Martín Puyal letratuak lagunduta, aurkeztutako demanda, auzi-ihesean den Domingo Martín Goenaga jaunaren aurkakoa. Hortaz, azken hori kondenatu egiten dut auzi-jartzaileari hiru mila hirurehun eta zortzi euro eta hogeita hamazortzi zentimo ordaintzera (3.308,38 euro), bai eta legezko interesak, eta judizioaren kostuak ere.

Epai hau ez da irmoa eta bere aurka apelazio-errekurtsoa aurkez daiteke, epaitegi honetan aurkeztutako idazki batez, bost eguneko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, betiere Prozedura Zibilaren Legeko 457. artikuluarekin bat etorriaz. Gipuzkoako Probintzia Auzitegia arduratuko da aipatu errekurtsoaz.

Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua egin beharko da, eta baldintza hori bete ezean ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori kontsignatu beharko da epaitegi honek Banesto taldean (Banco Español de Crédito) duen Gordailu kontuan. Kontuaren zenbakia hauxe da: 4231 0000 04 0224 09. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Errekurtsoa prestatzerakoan egiaztatu egin beharko da zainpean utzitako diru-zenbatekoa (BJLOko 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.

Eta horixe erabaki, agindu eta sinatzen du José Ignacio Hierro Lagek, Irungo eta bere barruti judizialeko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 5 zenbakiko Epaitegiko epaile titularrak.

Eta Domingo Martín Goenaga demandatuari behar bezala jakinarazteko balio dezan, ematen eta sinatzen dut ediktu hau, Irunen (Gipuzkoa), bi mila eta hamarreko martxoaren hamazortzian.

IDAZKARIA.


Azterketa dokumentala