Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

152. zk., 2010eko abuztuaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Euskal Herriko Unibertsitatea
3734

ERABAKIA, 2010eko uztailaren 14koa, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluarena, UPV/EHUko ikasleen Iraunkortasunari buruzko Arautegia onartzeko dena.

María Pilar Elorrieta Santos, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluaren Idazkari Nagusia, anisen honek ondokoa

ZIURTATZEN DU:

Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak, bere ehun eta berrogeita zortzigarren bileran, bi mila eta hamarreko uztailaren hamalauan jarraian ageri duen erabakia onetsi du, Aztergaien Zerrendako laugarren gaiari buruz UPV/EHUko ikasleen Iraunkortasunari buruzko Arautegia.

«Proposamena, 2010eko apirilaren 29ko Gobernu Kontseiluarena, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko iraute arauak aldatzeari buruzko proposamena onartzea.

Egun indarrean dauden iraute arauak Gizarte Kontseiluak onartu zituen 2005eko abenduaren 19an. Orduan unibertsitateko testuingurua ezberdina zen eta oraindik ez zen argitara eman 1393/2007 Errege Dekretua, unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzeko dena.

Arauok bete dute jatorriz zuten helburua, baina ez dira egokiak gaur egungo akademia egiturarako. Izan ere, 2007ko erreforma ezartzearekin batera graduko titulazioak sortu dira, bai eta egiaztatutako graduak akreditatzeko beharra ere.

Horiek guztiak izan ditugu kontuan indarreko iraute arauak aldatzean.

Gizarte Kontseiluari aurkeztutako proposamenean ikasleak bere ikasketekin jarraitu ahal izateko bete beharreko zenbait baldintza akademiko zehaztu ditugu, baina baldintza horiek ez betetzeak, edozelan ere, ez du eragingo ikaslea behin betiko botatzea unibertsitatetik.

Gehitu den beste aldaketa bat hauxe da: ikasketak arduraldi partzialean egiteko aukera. Halaber, egoera honetan dauden ikasleen baldintza akademikoak malgutu egingo dira.

Era berean, 1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko ikasketa-planak iraungi artean, xedapen iragankor bati eutsiko zaio; ondorioz, iraungitzear dauden plan horietan matrikula eginda duten ikasleei 2005eko abenduaren 19an onartutako aurreko araudia aplikatzen jarraituko zaie.

Aurkezten den proposamenaren gainean iritzia eman du Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluak eta Akademia Antolakuntzako eta Doktoregoko Batzordeak, aldiz, aldeko txostena egin du 2010eko apirilaren 22ko bileran. Bestalde, Unibertsitateko Estatutuetako 243.r artikuluak emandako eskumenez baliatuta, Gobernu Kontseiluak proposamena onartu du 2010eko apirilaren 29an.

1.- artikulua. Baldintza akademikoak.

1.1.- UPV/EHUko ikasleek bete beharreko baldintza akademikoak:

a) UPV/EHUn graduko titulazioren bateko lehenengo mailan lehen aldiz matrikulatzen den ikasleak maila horretako irakasgai guztietarako egin beharko du matrikula.

b) Ikasleak lehenengo mailako eskola zamaren gutxienez % 15 gainditu beharko du (kreditutan neurtuta), ohiko eta ezohiko deialdietan.

c) Matrikulako bigarren urtearen amaieran, aldiz, ikasleak lehenengo mailako eskola zamaren gutxienez % 30 gainditu beharko du (kreditutan neurtuta).

1.2.- b) eta c) ataletan ezarritako baldintzak betetzen ez dituenak ezingo du ordura arte egiten ari zen ikasketekin jarraitu.

1.3.- 1.2 atalean azaldutako egoeran dagoen ikasleak beste titulazio bateko ikasketak hasi ahalko ditu, balorazio irizpideen eta plazak esleitzeko ikasturte bakoitzerako zehaztutako irizpideen arabera (irizpideok Gobernu Kontseiluak onartzen ditu unibertsitateko titulazioetan sartzeko prozedurari buruzko legedia garatzeko). Bigarren titulazioan ikasten hasi eta ez badu 1.1. atalean zehaztutakoa betetzen, ezin izango du beste ikasketarik egin UPV/EHUn, harik eta bi ikasturte UPV/EHUtik kanpo eman arte.

2. artikulua.- Ikasturte bakoitzerako matrikula.

2.1.- Ikasleak aurreko mailetan gainditzeke dituen irakasgai guztietan matrikulatu behar du.

2.2.- Ikasleak gehienez 60 kreditu berritarako egin dezake matrikula. Guztira, kreditu berriak eta errepikatutako kredituak batuta, ezingo du 90 kreditu baino gehiagotan matrikulatu.

3. artikulua.- Irakasgai bakoitzerako deialdi kopurua eta azterketa eskubideari uko egitea.

3.1.- Ikasleak sei azterketa deialdi izango ditu irakasgai bakoitzerako.

3.2.- Azterketa eskubideari uko eginez gero, deialdi hori ez da kontuan hartuko.

3.3.- Azterketa eskubideari uko egiteko, nahikoa izango da azterketara ez bertaratzea.

3.4.- Bosgarren, seigarren eta salbuespenezko deialdiko azterketak epaimahai batek zuzenduko ditu, Gobernu Kontseiluak onartutako arauei jarraituz.

Ikastegian ikasleren bat badago bosgarren, seigarren edo salbuespenezko deialdian, aurreko paragrafoan adierazitako epaimahaia osatuko da, eta ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan argitaratuko da epaimahaiaren osaera, kideen izen eta guzti. Epaimahaia osatzean, irakasleak aurreko deialdietan zuzentzaile-lanetan jardun gabeak izan daitezen ahaleginduko gara, ahal den neurrian.

3.5.- Sei deialdiak behin agortuta, ikasleak salbuespenezko deialdi bakar bat eska dezake UPV/EHUko errektoreari zuzendutako idatziaren bidez.

Salbuespenezko deialdia emateari buruzko erabakia UPV/EHUko errektoreak emango du, kontuan hartuta ikaslearen ikasketen espedientea eta beste gorabehera batzuk.

3.6.- Irakasgai baterako deialdiak agortuz gero, ikasleak ezingo du unibertsitatean ordura arte egiten ari zen ikasketa horiekin jarraitu.

4. artikulua.- Matrikulako urte kopurua.

4.1.- Ikasleak matrikulako urte kopurua mugatua izango du bere graduko ikasketak amaitzeko; zehazki, graduak dituen maila kopurua eta beste bi urte gehiago izango ditu.

4.2.- Matrikulako urte horiek agortuta ez baditu graduko ikasketak amaitu, salbuespen gisa, eta behar bezala arrazoitu ostean, beste urte bat eska dezake. Horretarako, ikastegiko dekanoari edo zuzendariari idatzia aurkeztu beharko dio. Honek erabakia hartzerakoan kontuan hartuko ditu ikaslearen ikasketen espedientea eta beste gorabehera batzuk.

4.3.- Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak hartutako erabakiaren kontra egin daiteke Unibertsitateko errektoreari gorako errekurtsoa aurkeztuz hilabeteko epean.

5. artikulua.- Egoera bereziak.

Ikasleari ez zaizkio ezarriko 1.2, 4.1 eta 4.2 artikuluetan zehaztutakoak, baldin eta honako egoera bereziren batean badago:

" Eskola aldian ikaslea gaixorik egon bada hiruhileko batean baino luzaroagoan. Egoera hori behar bezala egiaztatu beharko du.

" Objektiboki baloratu daitekeen beste egoeraren bat.

" Egoera horietakoren batean egonez gero, alegazioa ikastegiko idazkaritzan aurkeztu beharko du ikasleak dekanoari/zuzendariari zuzendutako idatziaren bidez, eta dekanoak/zuzendariak emango du eskariari buruzko erabakia.

6. artikulua.- Arduraldi partzialeko ikasleak.

6.1.- Arduraldi partzialeko ikasletzat joko dira 60 kredituz azpiko matrikula egiten duten guztiak.

6.2.- Matrikula egiteko urte kopurua kalkulatzerakoan (4.1 atalean zehaztuta), arduraldi partzialeko matrikulak urte erdi gisa zenbatuko dira.

7. artikulua.- Matrikula baliogabetzea.

7.1.- Ikaslearen eskariari jarraituz matrikula baliogabetuz gero, ikasle horrek ez duela matrikularik egin ulertuko da iraute hauen ondorioetarako.

7.2.- Ikasleak matrikula baliogabetzeko duen epea abenduaren 31n bukatuko da.

7.3.- UPV/EHUk berak bere kabuz baliogabetuko du matrikula, baldin eta ikasleak ez badu betetzen matrikula egiteko zehaztutako baldintzaren bat edo ez badu matrikula ordaindu zehaztutako epeen barruan.

8. artikulua.- Prozedura.

8.1.- Arautegi honekin zerikusia duten eskariak (3.5 atalean adierazitakoa salbu) ikastegiko dakanoari/zuzendariari zuzendu beharko zaizkio. Hark hartutako erabakiaren kontrako errekurtsoa, ordea, errektoreari hilabeteko epean.

8.2.- Arautegi honetan jaso ez den guztirako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako prozedura ezarriko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Desagertzear dauden diplomatura, lizentziatura, ingeniaritza tekniko, ingeniaritza, arkitektura tekniko eta arkitekturan matrikulatutako ikasleei Gizarte Kontseiluak 2005ean onartutako iraute arauak ezarriko zaizkie (2006ko urtarrilaren 17ko EHAAn argiratuak). Hori horrela izango da harik eta ikasketa horiek erabat desagertu edo graduko ikasketetara egokitu arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi honek UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak 2005ean onartutako iraute arauak indargabetzen ditu, bai eta arau haiek garatzeko zehaztutako xedapen guztiak ere, kalterik egin gabe Xedapen Iragankorrean ezarritakoari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Iraute arau hauek 2010/2011 ikasturtearen hasieran jarriko dira indarrean, graduko ikasketak ezartzen direnean.

Bigarrena.- Errektoreak, urtero-urtero, arautegi honen emaitzen eta ezarpenaren berri emango dio Gizarte Kontseiluari».

Eta horrela ager dadin, Akta oraindik onetsi gabe dagoela ohartarazirik, ziurtagiri hau eman dut Kontseiluburuaren aginduz, era berak ontzat eman du, Bilbon, bi mila eta hamarreko uztailaren hamaseian.

Idazkari nagusia,

M.ª PILAR ELORRIETA SANTOS.

O.I.

Kontseiluburua,

JOSÉ MIGUEL MARTÍNEZ URQUIJO.


Azterketa dokumentala