Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2010eko urriaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Euskal Herriko Unibertsitatea
4861

EBAZPENA, 2010eko irailaren 20koa, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, Gobernu Kontseiluak 2010eko maiatzaren 20ko bileran hartutako erabakia argitaratzeko dena. Erabaki horren bidez onartu zen atzerriko goi mailako tituluak Masterreko eta Doktoregoko titulu eta maila akademikoekin homologatzeko prozedura.

Atzerriko goi mailako tituluen homologazioa otsailaren 20ko 285/2004 Errege Dekretuak, martxoaren 18ko 309/2005 Errege Dekretuaren bidez aldatutakoak, arautzen du. Homologazio-espedienteak bideratzeko eta ebazteko eskumena Hezkuntza Ministerioari eman zitzaion, baina azken ED horrek aldaketa garrantzitsu batzuk ekarri zituen, eta horien artetik nabarmentzekoa da atzerriko goi mailako tituluak graduondoko titulu eta maila akademikoekin homologatzeko eskumena unibertsitateetako errektoreei eman izana.

Homologazio-espedienteak izapidetzeko prozedura azaroaren 3ko ECI/3686/2004 Aginduak arautzen du estatuan. Agindu horrek abenduaren 20ko 285/2004 Errege Dekretua aplikatzeko arauak ematen ditu, eta beharrezkoa da Euskal Herriko Unibertsitatean arau horiek garatzea.

Horri jarraiki, Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoretzak ebazpen bat eman zuen 2006ko urtarrilaren 23an, Gobernu Kontseiluak 2005eko abenduaren 22ko bileran hartutako erabakia argitaratzeko. Erabaki horretan, atzerriko goi mailako tituluak graduondoko titulu eta maila akademikoekin homologatzeko prozedura onartu zuen eta espedienteak bideratzeaz arduratuko zen organoa zehaztu zuen. Era berean Doktoregoko Azpibatzordea aholkularitza-organoa izateko izendatu zen, homologazioaren kontrako edo aldeko txostenak egin eta errektoreari aurkez ziezazkion.

Ondoren, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua jarri zen indarrean. Dekretu horrek unibertsitateko ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duenez, beharrezkoa da UPV/EHUko berezko araudia antolamendu horretara egokitzea.

Atzerriko titulu bat geure unibertsitatean eskaintzen den unibertsitate-titulu ofizial zehatz batekin homologatzean, honako hau aitortzen da: atzerriko titulu hori lortzeko jasotako prestakuntza eta geure unibertsitateko titulua eskuratzeko jasotakoa baliokideak direla.

Atzerriko titulu bat Espainiako unibertsitate-ikasketak egituratzeko erabiltzen den maila akademiko batekin homologatzean, honako hau aitortzen da: atzerriko titulu hori lortzeko jasotako prestakuntza eta Espainiako unibertsitate-ikasketak egituratzeko erabiltzen den edozein mailari atxikitako gradu akademikoa (eta ez titulu zehatz bat) eskuratzeko jasotako prestakuntza baliokideak direla.

2004ko martxoaren 12an, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen, eta bertan honakoa dago jasota:

«Antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta ez dira indarrean jarriko harik eta testua oso-osorik argitaratu arte.»

Horrela, bada, Euskal Unibertsitate Sistemaren 2/2004 Legearen 9. artikuluan zehaztutakoa betetzeko, honakoa

EBATZI DUT:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea atzerriko goi mailako tituluak masterreko eta doktoregoko titulu eta maila akademikoekin homologatzeko prozedura onartzea.

Leioa, 2010eko irailaren 20a.

ERREKTOREA.

Eskuordetzeaz 2009ko urtarrilaren 26ko Ebazpena (2009-02-24ko EHAA).

Akademia Antolakuntzako errektoreordea,

CARMEN GONZÁLEZ MURUA.

ATZERRIKO GOI MAILAKO TITULUAK MASTERREKO ETA DOKTOREGOKO TITULU ETA MAILA AKADEMIKOEKIN HOMOLOGATZEKO PROZEDURA

Atzerriko goi mailako tituluen homologazioa otsailaren 20ko 285/2004 Errege Dekretuak, martxoaren 18ko 309/2005 Errege Dekretuaren bidez aldatutakoak, arautzen du. Homologazio-espedienteak bideratzeko eta ebazteko eskumena Hezkuntza Ministerioari eman zitzaion, baina azken ED horrek aldaketa garrantzitsu batzuk ekarri zituen, eta horien artetik nabarmentzekoa da atzerriko goi mailako tituluak graduondoko titulu eta maila akademikoekin homologatzeko eskumena unibertsitateetako errektoreei eman izana.

Homologazio-espedienteak izapidetzeko prozedura azaroaren 3ko ECI/3686/2004 Aginduak arautzen du estatuan. Agindu horrek abenduaren 20ko 285/2004 Errege Dekretua aplikatzeko arauak ematen ditu, eta beharrezkoa da Euskal Herriko Unibertsitatean arau horiek garatzea.

Horri jarraiki, Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoretzak ebazpen bat eman zuen 2006ko urtarrilaren 23an, Gobernu Kontseiluak 2005eko abenduaren 22ko bileran hartutako erabakia argitaratzeko. Erabaki horretan, atzerriko goi mailako tituluak graduondoko titulu eta maila akademikoekin homologatzeko prozedura onartu zen eta espedienteak bideratzeaz arduratuko zen organoa zehaztu zen. Era berean, Doktoregoko Azpibatzordea aholkularitza-organoa izateko izendatu zen, homologazioaren kontrako edo aldeko txostenak egin eta errektoreari aurkez ziezazkion.

Ondoren, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua jarri zen indarrean. Dekretu horrek unibertsitateko ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duenez, beharrezkoa da UPV/EHUko berezko araudia antolamendu horretara egokitzea.

Atzerriko titulu bat geure unibertsitatean eskaintzen den unibertsitate-titulu ofizial zehatz batekin homologatzean, honako hau aitortzen da: atzerriko titulu hori lortzeko jasotako prestakuntza eta geure unibertsitateko titulua eskuratzeko jasotakoa baliokideak direla.

Atzerriko titulu bat Espainiako unibertsitate-ikasketak egituratzeko erabiltzen den maila akademiko batekin homologatzean, honako hau aitortzen da: atzerriko titulu hori lortzeko jasotako prestakuntza eta Espainiako unibertsitate-ikasketak egituratzeko erabiltzen den edozein mailari atxikitako gradu akademikoa (eta ez titulu zehatz bat) eskuratzeko jasotako prestakuntza baliokideak direla.

Euskal Herriko Unibertsitatean, atzerriko goi mailako tituluak masterreko eta doktoregoko titulu eta maila akademikoekin homologatzeko espedienteak izapidetzeko erabiliko den prozesua arautzeko asmoz, eta prozesu hori unibertsitateko ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretura egokitzeko asmoz, Akademia Antolakuntzako errektoreordeak proposatuta, honako prozedura hau ezarriko da:

Lehenengoa.- Homologazioaren helburua eta eremua.

Prozedura honen helburua da Euskal Herriko Unibertsitatean atzerriko goi mailako tituluen homologazio-espedienteen izapidetzea eta ebazpena arautzea, titulu horiek honako hauekin homologatzeari dagokionez:

1.- Masterreko maila akademikoarekin.

2.- Urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera indarrean dauden ikasketa-planen artetik geure unibertsitateak eskaintzen dituen master-titulu ofizialekin; zenbait master-tituluren kasuan, Gobernuak eskuduntza profesionalak dituzten arau orokorrak onartu ditu. Beraz, titulu horiek salbuespenak dira.

3.- Doktoregoko tituluarekin eta mailarekin.

Bigarrena.- Eskumena.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen eskumena da atzerriko goi mailako tituluak aurreko artikuluan aipatutako masterreko eta doktoregoko espainiar titulu eta mailekin homologatzeko espedienteak ebaztea.

Hirugarrena.- Eraginak.

Homologazioari esker, atzerriko tituluak Espainiako tituluak edo maila akademikoak dituen eragin berberak izango ditu, homologazioa onartu eta horren ziurtagiria ematen den egunetik hasita, indarreko arauei jarraiki.

Laugarrena.- Prozedura abiaraztea.

Prozedura interesdunak jarriko du abian, eskaera baten bidez. Eskaera dokumentu honen eranskinean dagoen ereduari jarraiki egingo du, eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreari zuzenduko dio. Leku hauetako batean aurkeztuko du:

a) Euskal Herriko Unibertsitateko edozein erregistrotan.

b) Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako beste edozein tokitan.

Bosgarrena.- Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerarekin batera, interesdunak dokumentu hauek aurkeztu behar ditu:

a) Eskatzailearen nazionalitatearen egiaztagiria (NANaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua).

b) Homologatu nahi duen tituluaren edo hura jaso izanaren egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua.

c) Homologatu nahi duen titulua eskuratzeko egin dituen ikasketen egiaztagiri akademikoaren fotokopia konpultsatua. Bertan agertuko dira, besteak beste, ikasketa-planaren iraupen ofiziala, urte akademikoetan, egindako irakasgaiak, horietako bakoitzaren ordu kopurua eta lortutako kalifikazioak.

d) Homologatu nahi duen tituluaren aurreko tituluaren fotokopia konpultsatua.

e) Doktorego-tituluarekin homologatzeko eskaerei dagokienez, honako hauek ere aurkeztu behar ditu interesdunak:

1.- Tesiaren argibide-txostena, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan idatzia; bertan emango du epaimahaikideen eta lortutako kalifikazioaren berri.

2.- Tesiaren bi kopia.

3.- Tesitik eratorritako ekarpen zientifiko garrantzitsuen kopia bat.

4.- Curriculum vitaea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateko zerbitzu akademikoak jasotzeagatik urte akademiko bakoitzerako ezarritako prezioen taulan dagokion tasa ordaindu izanaren ziurtagiria.

Organo bideratzaileak homologatu nahi den titulua lortzeko egindako ikasketak eta Espainiako titulua edo maila lortzeko beharrezko prestakuntza baliokideak direla zehazteko behar duen beste edozein dokumentu eskatu ahal izango du.

Oro har, ez da jatorrizko dokumenturik aurkeztu behar espedientearekin batera, organo bideratzaileak halaxe eskatzen duenean izan ezik.

Seigarrena.- Dokumentuek bete beharreko baldintzak.

Atzerrian izapidetutako dokumentuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.- Ofizialak izango dira eta horretarako eskumena daukaten agintariek emanak, dagokion herrialdeko antolamendu juridikoaren arabera.

2.- Bide diplomatikoaren bidez legeztatuta aurkeztuko dira edo, dagokionean, Hagako oharraren bidez (http://www.educacion.es/educacion/universidades/educacion-superior-univer sitaria/titulos/legalizacion/tramite-previo.html). Europar Batasuneko herrialdeek edo Europako Esparru Ekonomikoaren hitzarmena sinatu dutenek egindako dokumentuen kasuan, ez da baldintza hori eskatuko.

3.- Beharrezkoa bada, dokumentuak gaztelaniara egindako itzulpen ofizialarekin batera aurkeztuko dira. Itzulpen ofiziala hauek egin dezakete: Espainian behar bezala baimenduta edo inskribatuta dagoen zinpeko itzultzaile batek, Espainiako Estatuak atzerrian duen edozein ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrek, edo eskatzailearen herrialdeak, edo dokumentuak jatorri duen herrialdeak Espainian duen ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrak. Doktore-tituluarekin homologatzeko eskaeren kasuan, ez da beharrezkoa doktore-tesiaren kopien itzulpen ofiziala eranstea.

Aurkeztutako dokumentuen egiazkotasunaren, baliozkotasunaren edo edukiaren gaineko zalantzarik izanez gero, organo bideratzaileak horiek egiaztatzeko beharrezko izapideak egin ahal izango ditu, eta dokumentuak bideratu dituen agintari eskudunarengana jo ahal izango du, zalantzak argitzeko.

Zazpigarrena.- Prozedura izapidetzea.

Prozedura Akademia Antolakuntzako errektoreordeak izapidetuko du, ofizioz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako aginduak aintzat hartuta.

Zortzigarrena.- Homologatzeko irizpideak.

Interesdunak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ostean, Doktoregoko Azpibatzordeak txosten arrazoitua egin beharko du, eta horretarako, honako irizpide hauek hartu beharko ditu kontuan, nagusiki:

a) Atzerriko titulua egiteko eskatzen den maila akademikoaren eta Espainiako titulua egiteko eskatzen denaren arteko baliokidetza.

b) Homologatu nahi den atzerriko titulua eskuratzeko beharrezko prestakuntzaren iraupena eta ordu kopurua.

c) Atzerriko tituluaren maila akademikoaren eta Espainiako tituluarenaren arteko baliokidetza.

Txosten hori egiteko, Azpibatzordeak iritzia eskatu behar die irakaskuntzan eta ikerketan gaitasun frogatua duten doktore biri, Doktoregoaren Kudeaketa Araudiari jarraiki. Era berean, dokumentazio osagarria eskatzeko ahalmena izango du, baita interesdunari alegazioak aurkezteko epea nahiz entzunaldi-izapidea emateko ahalmena ere, beharrezkotzat joz gero.

Masterreko titulu jakin batekin homologatzeko eskatuz gero, iritzia eskatu beharko dio dagokion masterreko Batzorde Akademikoari. Batzorde horrek masterreko titulu zehatz horrekin homologatzearen kontrako iritzia emanez gero, atzerriko titulua masterreko maila akademikoarekin homologatzea bidezkoa den ala ez jakinaraziko du.

Bederatzigarrena.- Ebazpena.

Doktoregoko Azpibatzordearen txostena ikusita, Akademia Antolakuntzako Errektoreordetzak dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio errektoreari.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak hartuko duen ebazpena arrazoitua izango da, eta haren edukia bi hauetako bat izango da:

a) Atzerriko titulua dagokion masterreko edo doktoregoko titulu edo maila akademikoarekin homologatzea.

b) Homologazio-eskaerari uko egitea.

Eskatutako tituluaren edo mailaren homologazioak ez du berekin ekarriko, inondik ere, interesdunak daukan aurretiko atzerriko tituluaren edo maila akademiko baliokidearen homologazioa edo aitorpena.

Hamargarrena.- Epeak.

Prozedura izapidetzeko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera Euskal Herriko Unibertsitateko erregistroren batean sartzen denetik hasita.

Epe horretan ageriko ebazpenik eman ezean, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

Hamaikagarrena.- Homologazioa egiaztatzea.

Ebazpena gauzatzeko, errektoreak kredentzial bat emango du, Unibertsitateen Koordinazio Kontseiluak ezarritako ereduaren arabera, eta bertan adieraziko du homologatutako atzerriko tituluaren izena.

Kredentzial hori eman aurretik, Akademia Antolakuntzako Errektoreordetzak Hezkuntza Ministerioko Titulu, Baliozkotze eta Homologazioen Zuzendariordetza Nagusiari jakinaraziko dio homologazio-ebazpena, Tituluen Erregistro Nazionaleko atal berezian erregistratu dezan.

Hamabigarrena.- Erregistratzea eta kredentzialak ematea.

Erregistro bat jarriko da Ikasketen Kudeaketa Zerbitzuan, Euskal Herriko Unibertsitatean egindako homologazio-kredentzial guztiak erregistratzeko.

Era berean, Ikasketen Kudeaketa Zerbitzuaren eskumena izango da kredentzialak interesdunei ematea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Honen bidez indargabetu egiten dira goi mailako hezkuntzako atzerriko tituluak graduondoko titulu eta gradu akademikoekin homologatzeko prozedurari buruzko arautegia (UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2005eko abenduaren 22ko Erabakiz onartua) eta arautegi hori garatzeko xedapenak.

AZKEN XEDAPENA.- Indarrean jartzea.

Prozedura hau 2010eko azaroaren 2an sartuko da indarrean.

Eranskina / Anexo

ATZERRIKO GOI MAILAKO TITULUAK MASTERREKO ETA DOKTOREGOKO TITULU ETA MAILA AKADEMIKOEKIN HOMOLOGATZEKO ESKARIA / SOLICITUD DE HOMOLOGACIÓN DE TÍTULO EXTRANJERO DE EDUCACIÓN SUPERIOR A TÍTULOS Y GRADOS ACADÉMICOS DE MÁSTER Y DOCTOR

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala