Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2011ko apirilaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
1873

EBAZPENA, 2011ko martxoaren 14koa, Trafikoko zuzendariarena, Gipuzkoako Lurralde Historikoko bide-sarean, tarte zehatzean, trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta diziplinatzeko distantzia ezagunen tarteen gainean batez besteko abiaduraren zinemometroa, finkoa eta operadorerik gabe, instalatu eta erabiltzea erabakitzen duena.

1999ko ekainaren 15eko Ebazpenez azaltzen ziren bide eta puntu kilometrikoetan trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta diziplinatzeko irudiak lortu eta erreproduzitzeko xedez zinemometroak eta tresna osagarriak instalatu eta erabiltzea agindu zen, trafikoa erregulatu eta zaintzeko teknika berrien artean bideen tarte zabalek abiaduraren kontrol iraunkorra izatea baitzegoen. Hala, zinemometroak instalatzeko puntu finko ekipatuen sarea ezartzea beharrezkoa zen. Zinemometroak instalatuz bereziki gatazkatsuak diren puntuetan zehaztutako muga espezifikoekiko abiadura molda dezaten eraginkortasunez konbentzitu nahi zaie gidariei.

Gaur egun trafikoa erregulatu eta zaintzeko teknika berriak daude eta horien artean bideen tarte zabaletan abiadura-kontrol iraunkorra izatea azpimarra daiteke. Horretarako, tarte horietan batez beste abiadura kontrolatzeko sistemak ezartzen dira. Ildo horri jarraiki, nazioarteko aditu eta erakunde gehienek onartzen dute abiadura zirkulazio-istripuetan arrisku-faktore nagusia dela eta Europako Batzordeak 2004/35/EE Gomendioan, bide-segurtasunaren arauak aplikatzeari buruzkoan, abiadura, alkohol eta uhalari buruzko praktika onak xedatzen ditu eta, gainera, abiadura kontrolatzeko sistema automatizatuak gomendatzen ditu. Era berean, 18/2009 Legeak, Trafiko, Motor Ibilgailuen Zirkulazio eta Bide Segurtasunaren Legearen testua aldatzen duenak, lehenengoz arau-hauste larritzat edo oso larritzat jotzen du araubidez xedatutako mugekiko tarte batean batez besteko abiadura handiagoan zirkulatzea [65.4.b) eta 65.5.b) artikuluak].

Bidearen tarte zehatzean batez besteko abiadura kontrolatzeko sistema instalatuz, bidearen puntu zehatzean arau-hausteak egiaztatzetik urrun, asmo handiko filosofiari erantzun nahi zaio. Hala, bereziki gatazkatsuak diren puntuetan zehaztutako muga espezifikoekiko abiadura molda eta, beraz, batez besteko abiadura murritz dezaten eraginkortasunez konbentzitu nahi zaie. Tarte gatazkatsuetan batez besteko abiadura murriztearen helburua ez da doako helburua, frogatutako ebidentzia zientifikoetan du bere oinarria. Horien arabera, batez besteko abiadura % 1 gehituz gero, hildakoak dituzten istripuak gutxi gorabehera % 4 hazten dira, % 3 hildakoak dituzten istripuak eta istripu larriak eta % 2 edozein larritasun duten biktimekin izandako istripuak.

Laburbilduz, zigor hutsaren gainetik prebentzio alderdia nagusi da; horrela, bide-segurtasuna sendotu eta zirkulazioaren arintasuna hobetu nahi dira. Izan ere, bi faktore horiek gizarteak behin eta berriz erreklamatzen ditu, joan-etorrien arintasunean eta segurtasunean eragiten baitute. Bestalde, egungo ekonomia- eta lan-harremanen esparruan, baita bizi-kalitatean (astialdiarengatik, oporrengatik eta abarrengatik joan-etorriak) ere funtsezkoak dira. Zigortzearen aurka prebentzio-asmoaren adibide garbia honakoa da: gidariei informazio-seinaleen bidez ohartarazten zaiela batez besteko abiaduraren kontrol-sistemari buruz. Lehenik eta behin, tartea hasi baino gutxi gorabehera kilometro bat lehenago, tarte-radarraren bidez kontrolatutako zona ohartarazteko panela dago. Kontrol-tartea bera hasi baino lehen seinale bertikal finkoa agertzen da eta gidariari adierazten dio zona horretan abiadura 100 km/ko-ra mugatua dagoela automobil eta motorretarako, eta 3.500 kg-tik gorako BGMko ibilgailuetarako, 80 km/ko-ra. Gainera, tartea kontrolatzen den zonaren hasierako puntua argizko seinaleztapen-panel aldakorraren bidez jakinaraziko da eta bertan honako mezua azalduko da: «batez besteko abiadura kontrolatzeko tartearen hasiera». Azkenik, tartean zehar seinale bertikal finko instalatuak daude eta abiadura 100 km/ko-ra mugatuko dute automobil eta motorretarako, eta 3.500 kg-tik gorako BGMko ibilgailuetarako, 80 km/ko-ra. Bide horretan zer abiaduran zirkulatu behar duen gogorarazten diote gidariari.

Radar finkoen bidez puntu batean egindako abiadura-kontrolaren sistemen ezaugarriekin alderatuz, sistema honek hiru abantaila eskaintzen ditu: batetik, tarte osoan zehar abiadura kontrolatzen dela bermatzen du; bien bitartean, radar-puntu tradizionalek kontrola bakarrik puntu zehatzean bermatzen dute. Bestetik, gidariaren ikuspuntutik, tartean abiaduraren kontrol-sistema radar finkoena baino bidezkoagoa eta arrazoizkoagoa da, ohiz behar bezala gidatzen duen gidariak izandako arreta falta puntual eta une batekoarengatik zigortzea saihesten baita. Era berean, bakarrik radar finkoa ikusten dutenean balazta zapaltzen duten gidarien balaztatzea ekiditen da. Azkenik, sistema berriaren hirugarren abantaila sistema bera da; nolanahi ere, errepideetan istripu-tasa murrizteko arma eraginkorra da. Ildo horri jarraiki, trafiko-intentsitate altuari abiaduren sakabanaketa handia eransten zaionean, fluxua oso nahasia da eta istripu-tasa areagotzen du. Aurreratu nahi izanean, erreiz aldatzeko maniobra ugari egiten dira, aurretik doazenen abiaduretara -ibilgailuen artean oso altuak izan daitezkeen abiadura-diferentziekin- moldatzeko balaztatzeak izaten dira, ukituengatik talkak, alboko talkak, etab. Tartean abiadura kontrolatuz ibilgailuen artean abiadura-banaketa homogeneoagoa da, fluxua laminarragoa, ez hain nahasia eta horrek istripuan amai daitezkeen arrisku-egoera gutxiago sortzen ditu.

Tartean batez besteko abiadura kontrolatzen duen gailuaren funtzionamendua oso erraza da. Lau kamera ditu flash infragorriz eta ikuste artifizialez hornituak. Bi hasieran -zaindu beharreko tartean errei bakoitzaren gainean kamera bana) eta beste bi amaieran (zaindu beharreko tartean errei bakoitzaren gainean kamera bana- jartzen dira. Kamerek matrikulak ezagutzeko sistema (LPR) eta ordularia izaten dute. Ibilgailua lehenengo kameretatik pasatzen denean, matrikula irakurri eta ordua idazten dute eta kilometro batzuk geroago, hurrengo gailuak berriz matrikula irakurri eta ibilgailua pasatzen den ordua idazten du. Bi sistemek informazioa trafikoaren kudeaketa-zentrora bidaltzen dute eta sistema informatikoak ibiltzeko erabilitako denbora eta, beraz, abiadura kalkulatzen ditu. Ibilitako denborak eta, ondorioz, autoaren batez besteko abiadurak baimendutako muga gainditzen badu, zigortu egingo zaio.

Tartea aukeratzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren Bide Segurtasun Arloan egindako azterlanean datuak aztertu ostean zehaztu dira. Lehenik eta behin, horietan trafikoaren eta istripu-tasaren informazioa jaso da: eguneko batez besteko intentsitatea (EBBI), tarte bakoitzean zirkulatzen duen ibilgailu astunen ehunekoa, istripuak biktimekin, arrazoia gehiegizko abiadura izan den istripuen ehunekoa, hildakoen kopurua eta zauritu larrien kopurua. Horiekin guztiekin grafikoak egin dira eta trafikoaren intentsitate, abiadura eta istripu-tasaren konbinazioa altua den tarteak azaldu dira. Beraz, horietan halako gailu-motak instalatzea beharrezkoa da. Analisia egin ondoren, batez besteko abiadura kontrolatzeko sistemak bide-segurtasunaren ikuspegitik onura handienak tarte honetan lortuko ditu: Donostiako noranzkoan N-1 errepidearen 421,113 puntu kilometrikotik, Ordiziako udalerritik alegia, errepide bereko 440,160 puntu kilometrikora, hain zuzen ere, Irurako udalerrira.

Laburbilduz, abiadura kontrolatzeko tarte horrek honako ezaugarriak ditu:

Gipuzkoako Lurralde Historikoan barruko komunikazio-ardatz nagusia den errepidean (N-1) dago eta, gainera, hirigune puntu garrantzitsuak (Tolosa, Legorreta eta Irura) elkartzen ditu, Donostiarako sarrera izateaz gain. Lurraldeko barruko trafiko garrantzitsua hartzen du eta bolumenean garrantzitsuak diren beste joan-etorri batzuk xurgatzen ditu, bereziki, Irungo mugarantz merkantziak garraiatzen dituztenak. Egoera horiengatik tarteak egunero trafiko-dentsitate altua du eta istripuen tasa garrantzitsua da: ibilgailuen eguneko batez besteko intentsitatea (EBBI) gutxi gorabehera 23.101 ibil./egun da; 2010. urtean 28 istripu izan ziren biktimekin eta urte berean hildako bat izan zen zirkulazio-istripuan, eta 2 zauritu larri izan izen; ibilgailu guztien gainean tartean zirkulatzen duen ibilgailu astunen ehunekoa % 20 inguru da; gainera, gehiegizko abiadura izan da arrazoia biktimekin izandako istripuen % 28an.

Azaldutako guztiarengatik, 471/2009 Dekretuak, abuztuaren 28koak, Herrizaingo Sailaren Egitura Organiko eta Funtzionalari buruzkoak (303/2010 Dekretuak, urriaren 23koak, aldatzen duena), 20. artikuluan eta 168/1998 Dekretuak, uztailaren 21ekoak, toki publikoetan Euskadiko Poliziak bideokamerak erabili eta horiek baimentzeko araubidea, abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoak araututakoa, garatzen duenak, hirugarren xedapen osagarriko bigarren puntuan ematen dizkidaten funtzioak aplikatuz, honakoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Distantzia ezaguneko tarteetan, trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta diziplinatzeko, batez besteko abiaduraren zinemometro finkoak, operadorerik gabekoak, instalatu eta erabiltzea. Tartea honakoa izango da:

N-1 errepidea 421,113 puntu kilometrikoaren eta 440,160 puntu kilometrikoaren bitartean, Gipuzkoako Lurralde Historikoan, Donostiako noranzkoan.

Bigarrena.- Abiadura kontrolatzeko tartean jendeari kontrola dagoela jakinaraziko zaio eta, horretarako, informazio-seinale egokiak jarriko dira.

Hirugarrena.- Grabaketen bidez bide-segurtasunaren araudiaren kontra administrazio arau-haustea eragin dezaketen gertaerak hautemanez gero, Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatuari jakinaraziko zaizkio, dagokion zigor-prozedura izapidetu eta ebazteko. Grabaketek zigor arau-hausteak izan daitezkeen gertaerak hautemanez gero, grabaketak agintaritza judizial eskudunari bidaliko zaizkio.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 14a.

Trafikoko zuzendaria,

AMPARO LÓPEZ ANTELO.


Azterketa dokumentala