Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2011ko ekainaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
3327

AGINDUA, 2011ko ekainaren 15ekoa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena; honen bitartez, Merkataritzako Saltokiak Modernizatzeko laguntza programa arautzen duen 2010eko maiatzaren 12ko Agindua aldatzen da.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko maiatzaren 12ko Aginduak (2010eko ekainaren 9ko EHAA, 108. zk.) merkataritzako saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzen du.

Agindu honek merkataritzako saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzen duen 2010eko maiatzaren 12ko Aginduaren hainbat alderdi aldatzen ditu. Euskadiko merkataritzako establezimenduak modernizatzeak hobekuntza nabarmena ekarri du merkataritza-sektorearen funtzionaltasunari eta estetikari dagokionez.

Merkataritzak hasiera batean programan jarri zituen itxaropenak nabarmen bete dira, eta horri esker, berritu egin da 2011ko ekitaldirako merkataritzako laguntza-plana.

Agindu honetan egin diren eransketak eta/edo aldaketak merkataritza-sektoreak gauzatutako eta zerbitzu teknikoek modu positiboan balioetsitako hobekuntza-eskaerengatik izan dira.

Horregatik guztiagatik, artikulu batzuk aldatu egin dira.

Horren arabera, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Merkataritzako saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko maiatzaren 12ko Aginduaren 5. artikuluko 1. paragrafoa aldatu da, eta honela geratu da idatzita:

«5. artikulua.- Diruz lagun daitekeen inbertsioa.

Agindu honen ondorioetarako, honako betekizun hauek betetzen dituzten inbertsioak hartzen dira diruz lagun daitezkeen inbertsiotzat:

1.- Enpresaren aktiboekin bat egitea eta honako kontzeptu hauetan barne hartuta egotea:

a) Lokala berritzeko eta modernizatzeko bideraturiko inbertsioak, altzariak eta merkataritza-jarduna garatzeko beharrezko ekipamenduak eta lokal horren elementuak, barrukoak nahiz kanpokoak, merkataritza-errotuluak ere barnean hartuz.

Eremu eta elementu komunak, merkataritza-jarduerarekin zuzenean lotuta daudenak, merkataritza-enpresa txikiek eta ertainek partekatzen dituztenak, besteak beste, merkataritzagune itxi baten barruan daudenak, hala nola korridoreak, instalazio teknikoak, estalkiak, kanpoko fatxada, komunak edo zentrorako sarbideak konpontzera eta modernizatzera bideratutako inbertsioak, betiere eremu horiek merkataritzako saltokien titularrek kudeatzen badituzte, jabeen erkidego-erregimenean.

Merkataritzagunean dauden merkataritzako saltokien titular bakoitzak -jabeen erkidegoaren partaidekidea denak- izandako partaidetzak (zati alikuota) eta aipatutako eremu komunean egindako inbertsioak eragindako gastuei dagokien laguntza eskatu ahal izango du.

b) Balantza elektronikoak, informatika-ekipoak eta horien aplikazio eta osagarriak, betiere merkaturatze-prozesuan barne hartuta badaude edo enpresa-kudeaketara bideratuta.

Betiere, laguntzaren helburu diren aktiboek merkataritza-jarduerekin zuzenean lotuta egon beharko dute, eta merkataritza-enpresa berritu eta modernizatzera bideratu beharko dira, baita merkaturatze-teknikak hobetzera eta banaketa-prozesuaren kostuak murriztera ere. Aktiboen preziotzat hauen balio «garbia» hartuko da, hau da, fakturatutako kopurua, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kendu eta gero.

Ezein kasutan ez da merkataritza-lokala ezta garraiorako elementua erostea ere diruz lagunduko. Era berean, ekipamendua leasing o renting bidez erostea ere ez da diruz lagunduko».

2. artikulua.- Merkataritzako saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko maiatzaren 12ko Aginduaren 6. artikuluko 2. paragrafoa aldatu da, eta honela geratu da idatzita:

«2.- Agindu honetan aurreikusten diren laguntzak honako irizpide hauetara egokituko dira:

1.a) idatz-zatiko 5. artikuluan bildutako inbertsioak, inbertsio onargarrien % 15.

1.b) idatz-zatiko 5. artikuluan bildutako inbertsioak, inbertsio onargarrien % 20.

Ezein kasutan ez du diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoak 12.000 euro gaindituko establezimendu eta urte bakoitzeko.

Saltoki eskatzaileak elkarteren batekiko bere lotura egiaztatzen badu, gunekoarekiko nahiz merkataritza-gremiokoarekiko, diru-laguntzaren ehunekoa 2 puntu igoko da aurreko idatz-zatietan aurreikusitakoen gain. Horretarako, ulertuko da Merkataritza Elkarteetan integratuta dagoela mota horretako erakunderen bateko kide denean, eta elkarte hori Euskal Herriko Merkataritza Ganbaretan dagoen Erregistroan erregistratuta badago, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza Elkarteen errolda sortzen duen ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuaren arabera.

Inbertsioak egiten dituen enpresak enpresa-bikaintasunera zuzenduriko prozesuen garapenean kalitate-ziurtagiriak baldin baditu, diru-laguntzen ehunekoak honako era honetan igoko dira:

- UNE 175001 ziurtagiria badu, inbertsio onargarriaren 2 puntu.

- Tarteko bikaintasun-ziurtagiriak baditu, inbertsio onargarriaren 3 puntu, eta kalitateari dagozkion igoera horietan gehienez ere 5 puntu meta daitezke».

3. artikulua.- Merkataritzako saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko maiatzaren 12ko Aginduaren 9. artikuluko 2. eta 3. paragrafoak aldatu dira, eta honela geratu dira idatzita:

«2.- Enpresa eskatzaileek berariaz horretarako prestatu diren eskabide-eredu eta inprimakiak bete beharko dituzte. Horiekin batera, zinpeko aitorpenak aurkeztu beharko dituzte, honako puntu hauek direla-eta:

a) Inbertsio hori bera egiteko, beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik jasotako edo haiei eskatutako laguntzei buruzko aitorpena.

b) Enpresak, eskabidea egin aurreko ekitaldiko abenduaren 31n, guztira, 250 langile baino gutxiago zitueneko aitorpena.

c) Enpresaren fakturazioa, eskabidea egin aurreko ekitaldiko abenduaren 31n, 50 milioi eurotik beherakoa deneko aitorpena; edo, hala badagokio, bere urteko balantze orokorraren zenbatekoa, eskabidea egin aurreko ekitaldiko abenduaren 31n, 43 milioi eurotik beherakoa deneko aitorpena.

Datu horiek eskabidean jasota agertu behar dute, eta, espedientea izapidetzerakoan, datuok egiaztatzeko eska liteke edozein momentutan, egia direnentz frogatzearren.

Eskatzaileak gorago aipatutako zinpeko aitorpenaren barnean hartutako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zigor-erregimena ezarriko zaio, administratiboa zein penala.

Hainbat saltokitan inbertsioak egiten dituzten enpresek eskabide bat aurkeztuko dute saltoki bakoitzeko, eta ez da beharrezkoa izango gainerako dokumentazioa eskabide guztietan aurkeztea, nahikoa izango da ekitaldi bakoitzean aurkezten duen lehenengo eskabidean aurkeztearekin.

3.- Enpresa eskatzaileek honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

a) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren eta eratze-eskrituraren fotokopia, geroztik eskriturak izandako aldaketekin eta dagozkion erregistroetako inskripzioa ere bai.

b) Pertsona juridikoaren identifikazio fiskalaren txartelaren fotokopia edo eskatzailearen NANarena.

c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izandako altak eta bajak egiaztatzeko agiria.

d) Hirugarrenaren alta-agiria.

e) Hala badagokio, merkatarien elkarteko kide dela egiaztatzen duen ziurtagiria.

f) Hala badagokio, enpresak lortutako kalitate- edo bikaintasun-ziurtagirien kopiak.

g) Eskabidearen xede den inbertsio-proiektuan sartutako aktiboen behin betiko fakturak (originalak edota horien fotokopia konpultsatuak).

h) Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan diru-laguntzak eskuratu dituztenek zerga-mailako obligazioak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoa betetzen denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, betiere eskatzailearen esanbidezko baimenarekin, zuzenean eskatuko die zerga-arloan eskudunak diren organoei laguntza eta diru-laguntzen onuradunek zerga-betebeharrak bete dituztela ziurtatzen duten agiriak emateko. Espedientean interesdunen baimen hori jasota ez badago, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko dute haiek.

i) Pertsona arduraduna edo enpresa eskatzailearen zinpeko aitorpena, zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ez dagoela adierazita; Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

j) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duen ziurtagiria».

Puntu honetako a), b) eta d) letretan aipatutako agiriak aurkeztu beharko dituzte enpresek, baldin eta azken bi ekitaldietan Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari ez badiote inolako laguntzarik eskatu, edo aurkeztu arren, orduan aurkeztutako agiri horiek era batera edo bestera aldatu badira. Hori guztia, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35.f) artikuluan xedatutakoa bazter utzi gabe.

4. artikulua.- Merkataritzako saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko maiatzaren 12ko Aginduaren 14. artikulua aldatu da, paragrafo berri bat erantsi zaiolako, eta honela geratu da idatzita:

«6.- Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintza argitaratzeko edo iragartzeko edo ekintza horri publizitatea emateko, bi hizkuntza ofizialak erabiltzea. Aldi berean, pertsona fisiko eta juridikoak diru-laguntzaren erakunde onuradunarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da».

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.- Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 15a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza

eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.


Azterketa dokumentala