Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2011ko ekainaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
3328

AGINDUA, 2011ko ekainaren 15ekoa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena. Honen bitartez, merkataritza-banaketaren dinamizatzaileak prestatzeko beken programa arautzen da.

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren helburuetariko bat, Euskal Autonomia Erkidegoan merkataritza-banaketako sektorearen profesionalizazioa hobetzen laguntzeko beharrezko diren baldintzak sortzea denez, eta helburu hori lortzeko, enpresa-kudeaketaren arlo bakoitzean behar den moduan kalifikatutako profesionalak izatea beharrezkoa denez, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2000ko ekainaren 6ko Aginduaren bitartez -sailburu beraren 2003ko ekainaren 11ko Aginduak aldatutakoa- Barne Merkataritzako aholkulari teknikoak prestatzeko beken programa arautu zen.

Aipaturiko agindua onartu zenetik, hamaika urte igaro direnez, beharrezkotzat jotzen da agindu hori berriz egokitzea zenbait prozedura-alderdi aldatzeko eta horrela Programak eraginkortasun gehiagorekin funtzionatzea lortzeko.

Horren arabera, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Hainbat prestakuntza-jardunen bitartez merkataritza-banaketaren dinamizatzaileak gaitzeko beken programa arautzea da agindu honen xedea.

Beka hauen onuradunek merkataritza-dinamizazioko bulegoetan garatuko dituzte egitekoak; edo bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-banaketarekin zerikusia duten enpresetan edo erakundeetan.

Programa honetan emandako laguntzak, itzultzekoak ez diren diru-laguntzatzat hartuko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzei buruz indarrean diren arauen mende izango dira.

Agindu honetan araututako bekak lehiaketa bidez ebatziko dira.

2. artikulua.- Ekonomia-baliabideak.

Aurreko artikuluan adierazitako helburura zuzendutako ekonomia-baliabideek sorburu hau izango dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituak. Aurrekontu-ekitaldi baten barruan emango diren laguntzen guztizko zenbatekoa ezin izango da izan esleitutako kopuru hori baino handiagoa (edo, indarrean den legediari jarraituz aurrekontu aldaketarik onartuz gero, haren eguneratzearen emaitza baino handiagoa).

3. artikulua.- Onuradunak.

1.- Ondorengo baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek jaso ahal izango dituzte merkataritza-banaketaren dinamizatzailea izateko laguntzak:

a) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabidea aurkeztu den unea baino gutxienez 12 hilabete lehenagotik.

b) Goi-mailako unibertsitate-titulua izatea. Hobe Ekonomia Zientzietan, Enpresa Zientzietan, Ikerketan edo Merkatu Tekniketan baldin bada edota Zuzenbidean, merkataritzako eta ekonomiako prestakuntzarekin.

Atzerrian lortutako tituluak ere onartuko dira, baldin, eskabidea aurkezteko unean, gaitasuna duen Organoak homologatu baditu. Boloniako araudiak eraginpean hartutako Europako titulazioak indarrean hasten direnean, ez da beharrezkoa izango titulazio horiek homologatzea.

c) Aurretik, edukiz eta helburuz berdina edo antzekoa izan den bekaren baten onuradun ez izatea.

d) 32 urte baino gehiago ez izatea, eskabidea aurkezteko unean.

Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen bete beharko dira.

2.- Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden pertsona eskatzaileek ezin izango dute agindu honetan araututako beketan parte hartu, ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoari jarraiki.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko prozedura oro amaitu egin beharko da diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko.

4.- Beka hauek bateraezinak dira aldi berean ordaindutako edozein lan egitearekin edo beste edozein beka jasotzearekin.

4. artikulua.- Laguntzen zenbatekoa.

1.- Beka bakoitzak gehienez 12 hilabete iraungo du eta 15.000 euroko funtsa izango du.

2.- Zenbateko horretan sartuta daude onuradunek izan ditzaketen edozein eratako betebeharrak baita zerga arlokoak ere.

5. artikulua.- Diruz lagundutako bestelako gastuak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak bidaia, istripu eta erantzukizun zibileko aseguru bat izenpetuko du, bekadun bakoitzarentzat, bekaldi osorako.

6. artikulua.- Prozeduraren hastea.

Agindu honen bidez arautzen diren merkataritza-banaketaren dinamizatzaileak prestatzeko beketarako, deialdi publikoa egingo da urtero. Bekak ematean, oinarri hauek erabiliko dira: publizitatea, lehia eta objektibotasuna.

Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzako titularraren ebazpen bidez egingo da deialdia, eta, bertan, diru-laguntzak emateko bideratutako aurrekontu-izendapenaren zenbatekoa eta deialdiko gehieneko beka kopurua zehaztuko da, baita ere agindu honetan ezarritako zenbatekoek kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera izan ditzaketen eguneratzeak, eskabideak aurkezteko epea eta tokiak, eta eskabide-inprimakiak non jaso daitezkeen.

Aurrekontu-ekitaldiaren barruan esleituko diren laguntzen zenbateko osoak ezin izango du esleipen hori gainditu, ezta, indarrean dagoen legediaren arabera aurrekontuaren aldaketak onartzen badira, eguneratze horien ondorioz sortuko den zenbatekoa ere. Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpenaren bitartez emango da horren berri.

7. artikulua.- Eskabideak eta agiri osagarriak aurkeztea.

1.- Eskabideak aurkezteko epea urteko deialdia publikoa egiten duen Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da.

2.- Eskabideak Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Merkataritza Zuzendaritzara bideratuko dira. Eskabide horiek urteko deialdiko ebazpenean ezartzen diren lekuetan aurkeztuko dira baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako lekuetan ere.

3.- Eskabidea aurkezteko epea urteko deialdiko ebazpenean ezarriko da eta gutxienez hilabete batekoa izango da.

4.- Eskabideak datu pertsonalak jaso beharko ditu; nortasun agiriaren neurriko azken aldiko argazki bat erantsi behar da, baita e-maila eta harremanetarako telefono-zenbaki bat ere.

Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) «Currículum vitaea» eta honako informazio hau: prestakuntza akademikoa, egindako ikasketen zerrenda eta betetako lanbide-eginkizunak. Bestalde, euskara, ingelesa eta frantsesa jakitearen egiaztatzea, (tituluaren kopia konpultsatuaren bitartez edo Erakunde Ofizial batek igorritako ziurtagiriaren bitartez) eta eskatzaileak interesgarritzat jotzen dituen bestelako merezimenduak, esaterako, egindako lanak, prestakuntza osagarria eta abar.

b) Titulu akademikoaren edo titulua egiteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriaren kopia konpultsatua. Gainera, eskatzailearen ikasketa-espedientearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, ikasturte guztietan lortutako kalifikazioak eta goi-mailako ikasketak noiz bukatu dituen azalduz (dagokionean, karrera-amaierako proiektua edo lizentziatura-proba barne hartuta).

c) Atzerrian egindako ikasketen espediente akademikoekin batera dagokigun gaian eskumena duen Organoak emandako homologazioaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da, hala balegokio.

d) Halakorik egin izanez gero, bestelako prestakuntza akademikoaren eta ikastaroen egiaztagiriak. Ikastorduak eta, egin badira, egindako praktikak azaldu behar dituzte agiri horiek. Ez dira kontuan hartuko ordu kopurua adierazita ez daukaten ikastaroak.

e) Lan-esperientzia frogatzeko, Gizarte Segurantzak emandako lan-bizitzaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

f) Agindu honen 3.1.a) artikuluan zehaztutakoari jarraiki administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea egiaztatzen duen dokumentazioa.

g) NANaren fotokopia.

h) Hautaketa aurreko ikastaroan eta, hautatua izanez gero, beka esleitzean egin beharreko jarduerak egiteko prest dagoela dioen adierazpena.

i) Edukiz eta helburuz antzekoa izan den bekaren baten onuradun ez dela izan dioen zinpeko adierazpena.

j) Bekaren iraunaldian lan ordaindurik ez duela egingo eta itzulketa- edo zigor-prozedura batean sartuta ez dagoela dioen adierazpena.

k) Zigor- edo administrazio-arloko diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ez dagoela dioen adierazpena, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

5.- Laguntza jasotzeko eskaera eta horrekin batera aurkezten den dokumentazioa aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

6.- Dagoeneko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren eskura dauden indarreko dokumentuak ez dira nahitaez zertan aurkeztu. Kasu horretan, noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluko f) idatzi-zatian ezarritako baldintzak beteta. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.

7.- Honako hauek izango dira kanpoan uzteko arrazoiak:

a) Eskakizuna, Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzaren titularrak urtero egin beharreko deialdian ezarritako epetik kanpora aurkeztea.

b) Agindu honetan adierazitako betekizunak ez betetzea.

8. artikulua.- Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

1.- Eskatzaileak bizilekua duen Lurralde Historikoko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko Lurralde Ordezkaritzari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea, eta eskabide horiek behar bezala ulertu eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duen agiri eta/edo informazio osagarri guztia eska dezake.

2.- Zuzenketak.

Aurkeztutako eskabidean dagokion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko Lurralde Ordezkaritzak oker, akats edo zehaztugabetasunen bat atzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio eta 10 egun balioduneko epea emango dio akatsa zuzen dezan; era berean, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarotakoan zuzendu ez badu, ebazpena emango da eskatzaileak eskabidean atzera egin duela adierazteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. eta 71.1 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

3.- Hautaketa-batzorde batek aurkeztutako eskabideak balioetsiko ditu eta ondoren, ebazteko ahalmena duen organoari proposamen bat helaraziko dio. Honako hauek osatuko dute Batzordea:

- Merkataritza Zuzendaritzako titularra, edo hark eskuordetuko duena; Batzordeko presidente izango da eta haren botoaz hautsiko ditu berdinketak.

- Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzako titularrak izendatutako hiru mahaikide, honako hauen ordezkari:

a) Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila.

b) Hautaketa- eta prestakuntza-ikastaroa esleitu zaion erakundea.

c) Merkatarien Elkarte bateko ordezkari bat.

- Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzako titularrak izendatutako pertsona bat; epaimahaiko idazkaria izango da eta hitza eta botoa edukiko du.

4.- Hautaketa Batzordeak bere erabakiak hartzeko aginpide osoa izango du. Bozketa bidez hartuko ditu erabakiak. Artikulu honetan arautu gabekoari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/92 Legearen II. tituluaren II. kapituluan ezarritakoa aplikatuko da.

5.- Batzordea osatzerakoan gizonen eta emakumeen parte-hartzea orekatua izango da eta partaide guztiek trebetasun, gaitasun eta prestakuntza egokiak bildu beharko dituzte. Horretarako, lau kide baino gehiagoko epaimahaian, sexu bakoitza gutxienez % 40 ordezkatzen denean ordezkaritza orekatutzat jotzen da.

9. artikulua.- Hautatzeko irizpideak eta prozedurak.

1.- Batzordeak honako alderdi hauek hartu beharko ditu kontuan hautagaiak ebaluatu eta aukeratzerakoan:

a) Espediente akademikoko emaitzak.

b) Ziurtagiri ofizial baten bitartez egiaztatuta, honako hizkuntza hauetan lortutako maila: euskara, frantsesa eta ingelesa.

c) Prestakuntza osagarria eta lan-esperientzia.

Aurreko faseetako merezimenduak balioesteko agiri bidez egiaztatu beharko dira.

2.- a) Aurreko a), b) eta c) idatzi-zatiak barematu ondoren, gehienez 300 hautagairi dei egingo die Batzordeak ekonomiaren eta merkataritza-banaketaren arloko jakintzei buruzko proba bat egin dezaten. Horretarako, deitutako hautagaien zerrenda bat argitaratuko du Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan eta www.euskadi.net/industria Interneteko atarian.

b) Proba teorikoa ebaluatu ondoren, Hautaketa Batzordeak puntu gehien metatu dituzten 75 hautagaiei dei egingo die aurrez aurreko elkarrizketak egiteko. Horretarako, deitutako hautagaien zerrenda bat argitaratuko du Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan eta www.euskadi.net/industria Interneteko atarian.

c) Batzordeak 40 pertsonako aurretiko hautaketa bat egingo du, prestakuntza- eta hautaketa-ikastaro bat egin dezaten. Aurretiko hautaketa horren emaitza Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan eta www.euskadi.net/industria Interneteko atarian argitaratuko da. Gainera, aurrekoarekin batera prestakuntza- eta hautaketa-ikastaroa egiteko lekuak eta datak ere argitaratuko dira.

Prestakuntza- eta hautaketa-ikastaroak 180 ordu inguruko iraupena izango du. Prestakuntza-ikastaro osora joatea eta ebaluazio-proba egoki egitea, betiere, ezinbesteko baldintza da bekadun nahiz ordezko izateko.

d) Prestakuntza-ikastaroa amaitutakoan, ikastaroaren aprobetxamendu-maila ebaluatuko da eta hori Batzordeak aurretiko hautaketan emandako balioespenari gehituko zaio. Horrela, zerrenda bat osatuko da, prozesu osoan puntu gehien dituen hautagaitik gutxien dituenera; eta zerrenda hori Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan eta www.euskadi.net/industria Interneteko atarian argitaratuko da.

3.- Hautaketa Batzordeak baldintzak, merezimenduak eta hautaketa-probak balioetsiko ditu honako baremo honi jarraiki:

- Espediente akademikoa: 30 puntu.

- Ziurtagiri ofizialaren bitartez hizkuntzaren ezagutza egiaztatzea:

Euskara: C1 edo baliokidea: 5 puntu; B1 edo baliokidea: 2,5 puntu. Puntuazio horiek ezin izango dira metatu.

Ingelesa: B2 edo baliokidea: 2,5 puntu; B1 edo baliokidea: puntu 1. Puntuazio horiek ezin izango dira metatu.

Frantsesa: B2 edo baliokidea: 2,5 puntu; B1 edo baliokidea: puntu 1. Puntuazio horiek ezin izango dira metatu.

Prestakuntza osagarria eta lan-esperientzia: 10 puntu.

Proba taorikoa: 30 puntu.

Elkarrizketa: 20 puntu.

Prestakuntza-ikastaroaren amaierako azterketa: 100 puntu

10. artikulua.- Ebazpena.

1.- Merkataritza Zuzendaritzako titularrak ebazpen baten bidez esleituko ditu agindu honetan araututako barne-merkataritzako aholkulari teknikoak prestatzeko bekak, Hautaketa Batzordearen proposamena ikusi ondoren. Ebazpen horretan zehaztuko dira bai beken zuzkidura ekonomikoa, bai bekadunek egin beharreko jarduerak behar bezala aurrera eramateko egokitzat jotzen diren gainerako alderdiak ere. Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi-ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

2.- Epe hori igaro ondoren inolako ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, laguntza-eskaera ez dela onartu uler daiteke, organo eskudunak eskatutako laguntzari dagokionez berariazko ebazpena eman beharrari utzi gabe.

3.- Ebazpen horiek ez dute administrazio-bidea amaituko. Haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzako titularrari, hilabeteko epean ebazpenak jakinarazten diren egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Errekurtso horri buruzko esanbidezko ebazpenik ez emateak ezespena eman zaiola esan nahiko du.

4.- Merkataritzako zuzendariak bekak esleitzeko ematen dituen ebazpenak, eta ebazpen horien aldaketak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak ezarritako eran, eta honako lege-testu honi jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartua) 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, alegia. Era berean, ebazpen hori interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio.

5.- Hautatuek uko egin diotelako edo beste edozein gorabeheragatik hutsik geratzen diren tokiak Merkataritza Zuzendaritzako titularraren ebazpenaren bidez emateko aukera izango da, bekaldia bukatu arte geratzen den aldirako. Halakoetan, prestakuntza- eta hautaketa-ikastaroan parte hartu baina beka lortu ez duten eskatzaileen artean hautatuko da, Hautaketa Batzordeak zehaztutako ordezkapen-hurrenkerari jarraituz.

11. artikulua.- Bekaldian egin beharreko jarduerak.

1.- Bekadunak, bekaren indarraldian, beka emateko ebazpenean esleitzen zaizkion barne-merkataritzako ikerketa eta praktikak egin beharko ditu. Merkataritzako aholkularitza teknikoa ematearekin lotutako jarduerak garatzeko izango dira praktikak, (Merkataritza Dinamizazioko bulegoetan gehien bat) baita merkataritza-enpresa txikiaren gaur egungo eta etorkizuneko funtzionamendua hobetzen lagunduko duten ekintzak garatzeko ere.

Gorabeheraren batengatik, jarduera hori aipatutako bulegoetan garatzea ezinezkoa baldin bada, merkataritza-banaketan diharduten Euskadiko erakundeetan egin ahalko da jarduera.

2.- Praktiketan dagoen bekadun baten zerbitzuak nahi dituzten entitate eta erakundeek dagozkien eskaerak aurkeztu beharko dituzte Merkataritza Zuzendaritzan eta onartzen badira, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailarekin akordio bat sinatu beharko dute.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eta entitateak sinaturiko lankidetza-hitzarmenean bekadunaren eta entitatearen artean lan-harremanik ez dela izango adierazi beharko da.

3.- Beka emateak eta jasotzeak ez dakarte bekadunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean inolako kontratu- edo estatutu-harremanik.

12. artikulua.- Beka ordaintzea.

Bekak bost ordainketatan ordainduko dira: 1.500 euroko ordainketa bat, beka esleitzeko unean eta bekaren gainerako zenbatekoa, diru-kopuru berdineko beste lau kuotatan bekaldiko lau hiruhilekoetariko bakoitza bukatzean.

13. artikulua.- Onuradunen betebeharrak.

Beken esleipendunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.- Emandako diru-laguntza onartzea. Hartara, hautatuek, gehienez 5 egun balioduneko epea izango dute beka bere baldintza guztiekin onartzeko eta Merkataritza Zuzendaritzari jakinarazteko. Epe hori luzaezina izango da, eta laguntza emateko Ebazpena jasotzen duten egunetik hasiko da. Epe horretan onuradunek ez badiote diru laguntzari berariaz eta idazki bidez uko egin, onartu egin dutela esan nahiko du.

2.- Laguntza hori emandako helburu zehatzerako erabiltzea.

3.- Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio oro ematea.

4.- Agindu honetan jarritako arauak betetzea.

5.- Jasotako funts publikoen erabilera justifikatzeari buruzko arauak betetzea.

6.- Helburu berdinarekin edo antzekoarekin beste edozein Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutik laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero edo jasotzeko eskaria eginez gero, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari jakinaraztea.

7.- Merkataritza Zuzendaritzako aginduak betetzea.

8.- Hiru hilean behin Merkataritza Zuzendaritzara egindako jarduerei buruzko txosten sinatu bat igortzea (hiruhilekoa amaitu eta 15 eguneko epean). Txosten horretan, esanbidez adierazi beharko da beka garatzen den entitateko arduradunak egindako gainbegiratzea.

14. artikulua.- Kontrola eta jarraipena.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Merkataritza Zuzendaritzak egingo ditu bekadunek aurrera eraman beharreko jardueren kontrola eta jarraipena.

Bekak nola doazen ikusteko egoki deritzen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu Merkataritza Zuzendaritzak. Hartara, eskatzen zaizkien argibide osagarri guztiak eman beharko dituzten onuradunek.

15. artikulua.- Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, laguntza emateko ebazpena aldatzea ekarriko du, betiere, arau honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak gordetzen badira. Bereziki aintzat hartuko dira honako aldaketa hauek: aldi berean, beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batek emandako laguntza edo diru-laguntzaren bat jasotzea, edo helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabiderik jasotzea.

Halakoetan, Merkataritza Zuzendaritzak likidazioa egiteko dagokion ebazpena emango du, eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitu egingo dira.

16. artikulua.- Uko egitea.

Bekari uko egiteak, sortu ez diren eskubide ekonomiko guztiak galtzea ekarriko du, baita onuradunak jaso dituen eta ez dagozkion eskubide ekonomikoak itzuli beharra ere.

17. artikulua.- Bateraezintasunak.

Beka hauek bateraezinak dira aldi berean ordaindutako edozein lan egitearekin edo beste edozein beka jasotzearekin.

18. artikulua.- Baldintzak ez betetzea.

Gerta daiteke onuradunak ez betetzea beka emateko ebazpenean, Agindu honetan edo aplikagarri diren beste arauetan ezarritako baldintzaren bat. Ebazteko aginpidea duen organoak, halakoetan, bekadunak jasotzeke duen kopurua jasotzeko eskubidea galdua duela adieraziko du, eta jasotakoa (dagozkion legezko interesekin batera) Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra duela. Gainera, egoki diren gainerako ekintzak ere egingo dira, lege-testu hauetan xedatutakoari jarraituz: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antola Arauei buruzko Legearen eraberritutako idazkera onartzen duena); eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen bermetarako eta itzulketetarako araubide orokorra ezartzen eta haien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizun, araubide eta betebeharrak zehazten dituena).

INDARGABETZE XEDAPENA

Agindu hau indarrean hastearekin batera, Barne Merkataritzako Aholkulari Teknikoak prestatzeko beken programa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2000ko ekainaren 6ko Agindua -2003ko ekainaren 11ko Aginduak aldatu zuena- indargabetuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.

Bigarrena.- Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 15a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza

eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.


Azterketa dokumentala