Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2011ko ekainaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Justizia eta Herri Administrazio Saila
3332

EBAZPENA, 2011ko ekainaren 27koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko 2008ko enplegu publikorako eskaintzako administrari laguntzaileen kidegoan sartzeko hautaketa-prozesuan hautatuak izan direnen eta esleituko diren lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratzen dituena; eta behin betiko hautatutakoei, betekizunei eta merezimenduei buruzko agiriak aurkezteko, egutegiko 20 eguneko epea ematen diena.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak 2010eko apirilaren 16an emandako Aginduaren bidez, 2008. urteko lan-eskaintza publikoaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko administrari laguntzaileen kidegoan sartzeko hautaketa-prozesuaren oinarriak onartu ziren.

Hautaketa-prozesu horretan, hautatutakoen eta esleituko diren lanpostuen behin-behineko zerrendak argitaratu ziren, eta horien aurkako erreklamazioak aurkezteko epea amaitu egin da.

Aurkeztutako erreklamazioak aztertuta, epaimahaiek hautatutakoen eta esleituko diren lanpostuen behin betiko zerrendak onartu dituzte. Deialdiaren oinarri orokorren 8.11 atala betetzeko, zerrenda horiek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak argitaratu behar ditu.

Deialdiaren oinarri orokorren 10. atalaren arabera, hautatutakoen behin betiko zerrenda argitara eman ondoren, zerrendan azaltzen direnek hautaketa-prozesuan parte hartzeko betekizunei eta baloratutako merezimenduei buruzko agiriak aurkeztu behar dituzte. Hori dela eta, behin betiko hautatutakoei egutegiko hogei eguneko epea eman behar zaie, eskatutako agiriak aurkezteko.

Guzti hori kontuan hartuta, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengo artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko 2008ko enplegu publikorako eskaintzako administrari laguntzaileen kidegoan sartzeko hautaketa-prozesuan hautatuak izan direnen eta esleituko diren lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratzea. Zerrenda horiek Ebazpen honen I. eranskinean azaltzen dira.

Bigarren artikulua.- Behin betiko hautatutakoei, egutegiko hogei eguneko epea ematea, 2011ko ekainaren 29tik 2011ko uztailaren 18ra, biak barne, hurrengo lerroaldetan aipatuko diren agiriak aurkezteko.

Agiriak, Funtzio Publikoko Zuzendaritzan -Eusko Jaurlaritzako Vitoria-Gasteizko egoitzan (Donostia kalea, 1, 01010)- aurkeztu beharko dira.

Funtzio Publikoko Zuzendaritzan eskatutako agiriak aurkezteko, behin betiko hautatutakoen bertaratze ordenatua izateko, aldez aurretik data eskatu beharko da, 945 01 63 82 telefono zenbakian, eta, adostutako datan, agiriak aurkeztu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Langileen Erregistroan dauden agiriak ez dira aurkeztu behar.

a) NANaren fotokopia konpultsatua.

b) Atzerriko izangaiek nazionalitateari buruzko betekizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiriak. Izangai horiek jakinarazpen bat jasoko dute administraziotik, eta hor adieraziko zaie zein agiri derrigorrez ekarri beharko dituzten beren egoera kontuan hartuta.

c) Oinarri espezifikoetan kidegoan sartzeko eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua. Titulazioak atzerrikoak badira, haien homologazioaren egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

d) Zinpeko aitorpena edo hitzematea, honako eduki hauek jasota uzten dituena:

Ez izatea gaixotasun edo akats fisikorik dagozkion eginkizunak betetzea galaraziko dionik.

Ez izatea eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabetuta.

Ez izatea inongo herri-administraziotako zerbitzutik diziplina-espediente bidez bereizita edo kanporatuta.

Ez izatea Herri Administrazioetan jarduten duten langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako ezgaitasun eta bateraezintasunen legezko inolako kausatan sartuta.

Aurreko lerroaldean aipatutako aitorpena, Ebazpen honen II. eranskinean dagoen inprimakia betez egingo da.

Espainiako herritartasuna ez duten izangaiek, beraien estatuko funtzio publikoan jardutea galerazten dien diziplinazko zigorrik edo zigor penalik ez dutela adierazten duen zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute.

e) Legez aintzatetsitako ezintasunaren ziurtagiria, ezinduentzat gordetako modalitatean parte hartu bada.

f) Lehiaketa-aldian titulazioen eta euskara ez diren hizkuntzen inguruan baloratutako merezimenduei buruzko jatorrizko agiriak edo horien fotokopia konpultsatua, beti ere lehen ez badira egiaztatu jatorrizko agirien edo fotokopia konpultsatuaren bidez.

g) Esleitutako lanpostuaren baldintza espezifikoak betetzen direla egiaztatzen duen jatorrizko agiriak edo horien fotokopia konpultsatua; beti ere esleitutako lanpostuak halako baldintzak dauzkan kasuetan besterik ez.

h) Izango den lanpostuaren jabetzari buruzko idazkia. Idazki hori Ebazpen honen III. eranskinean dagoen inprimakia betez egingo da.

i) Aurkezten diren agiriak, hurrenez hurren, jasotzen dituen agiria. Ebazpen honen IV. eranskinean dagoen inprimakia betez egingo da idazki hori.

Hirugarren artikulua.- Aurreko artikuluari jarraituz aurkeztutako agiriek jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan beharko dute. Fotokopiek, baliozkoak izateko, datu hauek izan beharko dituzte: data eta konpultsa egin duenaren izen-abizenak, NAN eta izenpe irakurgarria.

Agirien konpultsa Funtzio Publikoko zuzendaritzan eskatzerik badago, beti ere konpultsatu nahi duen fotokopiaren jatorrizko agiria aurkezten bada, agiri biak alderatzeko.

Laugarren artikulua.- Aurreko agiri guztiak aurkeztu ezina behar bezala arrazoitzen bada, izangaiak zuzenbidean onartzen den edozein frogabide erabili ahal izango du deialdiko baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzeko.

Bosgarren artikulua.- Adierazitako epearen barruan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, deialdiaren oinarrietan eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenak, edo agiriak aztertuta ikusten bada deialdiaren oinarri orokorren hirugarren atalean zehaztutako baldintzetako bat ez dutela betetzen, edo dagozkien eginkizunak betetzeko eskatzen den gaitasun fisiko nahiz psikikorik ez dutela, ezin izango dira izendatu. Era horretako kasuetan, bertan behera geratuko dira aurretik egindako urrats guztiak, eta horretaz gain, litekeena da erantzukizunik izatea beren gain eskabidean faltsukeria egiteagatik.

Seigarren artikulua.- 2011ko irailaren 6an iragarriko da www.euskadi.net/ope helbidean zein datatan argitaratuko den Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko iragarki-oholetan, eta interneteko www.euskadi.net/ope helbidean, karrerako funtzionario izateko izendapenak egingo dituen Justizia eta Herri Administrazio Publiko sailburuaren Agindua, hain zuzen oinarrietan eta aurreko artikuluetan ezarritakoa bete duten izangai hautatuen aldeko izendapenak.

Zazpigarren artikulua.- Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia eta Herri Administrazio sailburuari. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita, hala ezartzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta ondokoetan. Errekurtsoari ez bazaio ebazpen adierazirik ematen, errekurtsoa ezetsitzat joko da.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 27a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARIA ENCARNACIÓN ECHAZARRA HUGUET.


Azterketa dokumentala