Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2011ko uztailaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
3727

AGINDUA, 2011ko ekainaren 20koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, lanean jazarpen sexista edota Morala gertatzen den kasuetan prebentzio neurriak eta jarduteko prozedura arautzen dituena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren arloan.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak ezartzen du laneko erakunde guztiek (administrazio publikoek barne) sustatu behar dutela langileen lan-baldintzen hobekuntza eta handitu egin behar dutela beren segurtasun eta osasunaren babes maila, galerak edo kalte fisikoak eragin ditzaketen edota langileen osasun psikikoa kaltetu dezaketen arriskuei aurrea hartzeko eta babesa bermatzeko.

Era berean, Langileen Estatutuaren 4. artikuluak xedatzen duenaren arabera, lan-eskubidea da «norbere intimitatea errespetatzea eta duintasuna aintzat hartzea, jazarpenaren (...), jazarpen sexualaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurkako babesa barne». Eskubide hori bat dator LANEren deklarazioekin eta EBko zuzentarauekin, egoera horiei aurre egiteko beharra aitortzen baitute.

Emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunari buruzko egungo Legeriak zuzenean agintzen dio administrazio publikoari jazarpen sexistari aurre egiteko. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Legeak 48. artikuluan arautzen ditu laneko jazarpen sexuala edo sexista eta sexuagatiko jazarpena prebenitzeko neurri zehatzak (berezko izaeradunak eta berdintasun-planetik bereiziak.

Euskal botere publiko guztietan aplikatzekoa den Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 83.b) artikuluarekin bat etorriz, hauxe dio bere 43.2 artikuluan: «jazarpen sexistak, diziplinazko hutsetan, oso larriaren maila izango du euskal administrazio publikoetako langileentzat».

Artikulu bereko 3. puntuan, Legeak adierazten du Euskal Administrazio Publikoek «martxan jarri beharko dituztela langileei zuzendutako politikak, laneko jazarpen sexista prebenitzeko eta desagerrarazteko. Politika horiek, beste neurri batzuen artean, jarduteko protokolo batzuk prestatzea eta aplikatzea aurreikusi beharko dute».

Testuinguru horretan eta zuzenbide-esparru horretan hartuko du konpromisoa Sail honek, lanean gatazkak direnean eta jazarpen moral edota sexistak salatu direnean jarduteko prozedura bat abian jartzekoa.

Testu honek biltzen du lanean jazarpen moral edota sexista gertatu izanaren berri jakin denean edo salaketak jarri direnean jarraitu beharreko jarduteko prozedura. Testuaren edukia adostu dute Lurralde eta Sektore arteko Osasun eta Segurtasun Batzordeko kideek, eta Hezkuntza Administrazioan prebentzioa, segurtasuna, laneko osasuna eta emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna, baita diskriminazioa ez jasotzeko eskubidea ere, integratzeko nahiaren adibide argia da. Gainera, langile guztiek beren nagusi eta lankideengandik berdintasun, errespetu eta duintasunezko tratua jasotzeko beharrari erantzuten dio.

Prozeduran zehaztuko da, alde batetik, bitartekaritza deituriko aldez aurreko fasea, eta bere helburua izango da langileen arteko gatazkak edo antolakuntzakoak azkar eta eraginkortasunez konpontzea, hasierako haserrea larriagotu eta iraunkortu ez dadin. Ildo horretatik, helburu hori lortzeko biderik eraginkorrena dela uste dugu langileen kudeaketaz arduratzen diren organoak jokabide mota horiek prebenitzen eta gidatzen inplikatzea.

Hala ere, garrantzitsua da jakitea lanean gertatzen den jazarpen morala, hau da, lanean denbora luzez esetsia izatea, eta jazarpen sexista laneko arrisku larriak direla eta jazarpena pairatzen duenaren duintasun pertsonal edota profesionalari erasotzen diotela. Horrez gain, argi eta garbi gainditzen dituzte pertsonen arteko ohiko gatazken mugak, izan ere, kalteak eragin diezazkiokete pertsonaren osasunari, eta batzuetan oso zaila izaten da horiek konpontzea. Hori dela eta, eta bitartekaritza-faseak huts egingo balu, ikerketa fasea deritzona garatu da. Fase horri esker, eta ikerketa sakon baten ondoren, beharrezko neurriak hartu ahal izango dira, beldurtzeko helburua duten jokabideei amaiera emateko eta biktimen eskubideak eta, batez ere, osasuna babesteko.

Bi faseon garapena arau honetan dago zehaztuta eta, gainera, fase bakoitzaren azalpenarekin bat, bakoitzari dagozkion jardunbideak egiteko epe zehatzak txertatu dira. Epe horiek nahiko laburrak dira, prozedura premiarik gabe langileen osasunaren kalterako luzatzea ekiditeko.

Nolanahi ere, prozedura osoaren oinarria da (doktrina zientifiko gaurkotuenari, nazioarteko erakundeen orientabideei (LANEren gidak eta hitzarmenak) eta EBko zuzentarauei jarraiki laneko jazarpen moralak «laneko indarkeria» kontzeptu orokorrari erantzuten diola eta gupidarik gabe eten behar dela.

Amaitzeko, azpimarratu behar da Administrazio honek langileen artean emakumeen eta gizonen tratuan berdintasuna eta langileen eskubideak errespetatzeko informazioa eta hezkuntza sustatu nahi dituela. Horri dagokionez, ezinbestekotzat jotzen dira laneko oinarrizko printzipio eta eskubideei buruzko Lanaren Nazioarteko Erakundearen Deklarazioa, laneko arriskuen prebentzioari buruzko legeria eta emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunari buruz zuzenbide-esparruak xedatutakoa, 2002/73/CE zuzentarauari, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 4/2005 Legeari eta Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako 3/2007 Lege Organikoari jarraiki.

Eta horri jarraikiz, xedatzen dut.

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea.

1.- «Jazarpentzat» hartzen dira ekintza, jokabide, adierazpen edo eskaera diskriminatzaile, mingarri, laidogarri, kikilgarri edo indarkeriazko guztiak, baita bizitza pribatuan bidegabe sartzea ere. Hain zuzen ere, eta zerrenda itxia ez izan arren, jarraian azaltzen diren hipotesiak sartzen dira:

a) larderia: eraso errepikatua edo etengabea, pertsona batek edo gehiagok burututa, ahozkoa, psikologikoa edo fisikoa; lantokian edo lanarekin lotuta egina, eta ondorio moduan pertsona babestu bati iraintzea, gutxiestea, laidestea, behartzea edo diskriminatzea duena. Larderia hainbat modutan agertzen da:

I) pertsona babestu bat bere lanbidetik kanpo uzteko edo bakartzeko neurriak izaten dira.

II) eraso etengabeak eta kaltegarriak egiten dira, errendimendu pertsonalarentzat nahiz profesionalarentzat.

III) pertsona babestu baten ospe pertsonala edo profesionala manipulatzeko zurrumurruak zabaltzen dira, izena zikintzeko edo barregarri uzteko;

IV) gehiegikeria erabiltzea, pertsona baten lana etengabe gutxiesten da, helburuak lortzeko arazoizkoak ez diren edo ezinezkoak diren epeak finkatzen dira edo burutu ezin diren lanak agintzen dira;

V) pertsona babestu bat neurriz kanpo kontrolatzen da edo horren errendimendua ez da modu egokian kontrolatzen;

VI) baimen- eta prestakuntza-aldiak modu ulertezinean edo arrazoirik gabe ukatzen dira.

VII) bere lanpostuari dagozkion zereginetatik pixkanaka kendu egiten da.

b) Jazarpen sexista:

Hitzezko edo hitzik gabeko jokabidea, edo jokabide fisikoa, pertsona batekin, hark nahi gabe, haren sexua dela-eta edukitakoa, eta helburu edo ondorio duena haren duintasunari eraso egitea, edo hura kikiltzeko, harekin etsaitzeko, hura iraintzeko, laidoztatzeko edo mintzeko giroa sortzea. Jokabide hori sexuala bada, jazarpen sexuala izango da.

I) Eskatu gabeko eta nahita egindako kontaktu fisikoa, edo beharrezkoa ez den hurbilketa fisiko gehiegizkoa;

II) Pertsona babestuaren gorputzari, itxurari edo bizimoduari buruz, izaera sexualeko zeinu edo adierazpenak behin eta berriro egitea.

III) Telefono bidezko dei, gutun edo posta elektroniko bidezko mezu iraingarriak.

IV) Behin eta berriro egindako jazarpena, baldin eta sexualitateari doakionez integritatearen kontra egiten bada edo kalterik eragiten badu.

V) Baimenik gabe, eduki sexual agerikoa duten Interneteko grafikoak, binetak, argazkiak eta irudiak erakustea edo zabaltzea, baldin eta sexualitateari doakionez integritatearen kontra egiten bada edo kalterik eragiten badu;

VI) babestutako pertsonaren bizitza pribatuaren inguruan egindako galderak eta iradokizunak, baldin eta sexualitateari doakionez integritatearen kontra egiten bada edo kalterik eragiten bada.

VII) broma eta proposamen sexual agerikoak, baldin eta sexualitateari doakionez integritatearen kontra egiten bada edo kalterik eragiten badute;

2.- Gizakien gorputz- eta buru-osasunari eta ongizateari kalte egiten die aipatu bezalako jokabideek. Hortaz, pertsonei egindako tratu txar fisiko edota psikologikoa gisa sailka daitezke aipatu portaerak. Horrez gain, Hezkuntza Administrazioaren helburuak eta jarduera hondatu ez ezik, bere izen ona ere zikintzen dute.

Horregatik guztiagatik, prebentzio-neurri gisa eta lan-ingurunean baldintza psikosozialak hobetzea aldera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eratu eta sustatu du bitartekaritza edota kexa-prozedura horiek abian jartzea.

2. artikulua.- Aplikazio-eremua.

Agindu honetan bildutako xedapenak aplikatuko zaizkie unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan lan egiten duten langile publikoei eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpe dauden ikastetxe, hezkuntza-instalazio edo kudeaketan lan egiten duten irakasleei.

3. artikulua.- Kalte edo kalte egiteko mehatxua.

1.- Agindu honetan aurreikusitako prebentzio-neurriak eta esku-hartze prozedura aplikatuko dira 1. artikuluan deskribatutako jokaerek kalteak eragiten badituzte pertsonen osotasun moralean eta psikikoki nahiz fisikoki kalte egiten badute edo kalte egiteko mehatxua egiten badute.

2.- Prebentzio-zerbitzuko zerbitzu medikoak jazarpena pairatutako pertsonaren (edo, beharrezkoa bada, beste pertsonen) egoeraren jarraipena egingo du, behar duen laguntza mediko eta psikologikoa eskaintze aldera.

4. artikulua.- Bazterketak.

1.- Laneko jazarpen moraletik kanpo geldituko dira pertsonen arteko gatazka iragankorrak eta une jakin batean antzemandakoak, pertsonen artean gerta baitaitezke eta laneko antolakuntzan eta garapenean eragin baitezakete, baina ez da horien ondorio eta helburua gatazkan inplikatutakoak pertsonalki nahiz profesionalki ezereztatzea. Nolanahi ere, prozedura geldiarazteko erabakia arau honen 18.1.a) artikuluaren arabera hartuko da.

2.- Gatazka kasu horietan (bi langileen interesak bateraezinak diruditenean), langileen kudeaketa-organoak izango dira lidergo-lanak egingo dituztenak eta diligentzi egokiak burutuko dituzte ezkutuko gatazkak konpontzeko.

5. artikulua.- Prestakuntza.

1.- Informazio, hezkuntza, eta trebakuntza elementuak dituzten estrategiak azaldu eta aplikatuko dira, lanean jazarpen morala eta sexuala prebenitzeaz gain, Hezkuntza Administrazioari lotutako pertsonen jarrera eta jokabideengan eragina izateko, Agindu honen nahi eta asmoak jarraiki.

2.- Bitartekaritza-lanak egiteko izendatuko diren pertsonek gai horri buruzko prestakuntza espezifikoa jasoko dute eta prestakuntza horrek barne hartuko ditu, besteak beste, legezko informazioa, trebetasun sozialak, emakumeen eta gizonen tratu berdintasuna eta jarduteko prozedurak. Horren helburua izango da laneko jazarpen morala eta jazarpen sexistari dagokionez sor daitezkeen gatazkei behar bezala aurre egiteko prestatzea.

3.- Prestakuntza-plan bat abian jarriko da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean, laneko jazarpen moral edo sexista prebenitzeko. Prestakuntza horri esker, langileek identifikatu ahal izango dituzte laneko jazarpen moral edo sexista egoerak, baita kasu horietan jarraitu behar duten prozedura ezagutu ere. Aurreikusitako prestakuntza-jarduera horiek euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira.

4.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Prebentzio Zerbitzuak arduratuko dira gai horri buruzko prestakuntza- eta informazio-jarduerak egiteaz.

5.- Lurralde eta Sektore arteko Osasun eta Segurtasun Batzordean ezarriko dira prozedura hori Saileko langile guztiengana hedatzeko beharrezko mekanismoak.

6. artikulua.- Laneko jazarpen moral edo sexuala jasan izanaren zantzu arrazionalak.

1.- Administrazio honetako langile bat bere lan-esparruan jazarpena jasaten ari denaren zantzu arrazionaltzat ulertzen ditugu Kapitulu honetan adierazi denaren arabera egiazkoak izateko itxura duten susmoak.

2.- Laneko jazarpen moral edo sexista zantzu arrazionalen bat badago, ikerketa bat egingo da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean edota organo periferikoetan. Ikerketa horren helburu bakarra izango da antolakuntzako arazoak antzematea eta konpontzea, esaterako, agintaritza behar bezala erabiltzea, Hezkuntza Administrazioko estandar etiko eta moralak babestea eta langileen eskubideak zaintzea. Hori guztia, euskal administrazio publikoen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoaren aurka joan gabe. Hartutako kautelazko neurrien aurka joan gabe, ikerketa bertan behera utziko da langileak Lan Ikuskaritzaren aurrean salaketa ipini edo jurisdikzio-arloan demanda bat jartzen badu.

3.- Susmoa dagoela ulertuko da dagokion ikerketaren ondoren, Agindu honetako 2. artikuluko 1. puntuan zehaztutako langileen artean jazarpen moral edota sexista gertatu dela dioen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ebazpena eman arte.

II. KAPITULUA

PROZEDURAK

7. artikulua.- Xedea.

1.- Fase honetan laneko jazarpen moral edota sexistagatiko gatazkak edota salaketak bizkor, hitz eginez eta bitartekari baten laguntzaz ebatzi nahi dira. Bitartekariak eskainiko ditu jarduteko jarraibideak eta proposamenak, gatazkari amaiera emateko eta hori etorkizunean berriz ez gertatzeko.

2.- Hezkuntza Administrazioak hartuko du bere gain bitartekariari jarduera hori egiteko behar duen prestakuntza eskaintzea, baita bitartekari-lanetan lagungarri izango zaizkion adituen aholkularitza ere.

8. artikulua.- Bitartekaritza.

1.- Bitartekaritza-fasea hasiko da jazarpena pairatu duenaren edo haren inguruan lan egin eta gertakarien berri duenaren idazkia jaso ondoren. Idazki horretan bilduko dira salaketa egiten duenak laneko gatazka edota jazarpen moral edota sexistatzat dituen gertakari eta jokabideak. Aipatu gertakariak, gutxienez, azken hamabi hilabeteetan gertatu behar ziren.

2.- Bitartekaritza-fase hori borondatezkoa izango da alderdien aldetik, eta horretarako aholkularitza edota laguntza eskatu ahalko diete Prebentzioko Ordezkariei, edo alderdiek konfiantzazkotzat dituzten bestelako pertsonei.

Fase horretan esku hartzen duten Prebentzioko Ordezkariek ezingo dute parte hartu Agindu honetako 14. artikuluan araututako Batzordean.

3.- Bitartekaritza-fasea hasitakoan har daitezkeen prebentzio-neurrien artean ezar daitezke kautelazko neurriak. Horien artean egongo da pertsona salatuarekin lan egiteari uzteko aukera, betiere kontrako edo bidegabeko traturik edo errepresaliarik izan gabe.

4.- Idazkia aurkezteko era:

a) Salaketa jartzen du(t)en pertsonaren edo pertsonen laneko zentroko zuzendariari aurkeztuta.

b) Hezkuntzako lurralde-ordezkariari aurkeztuta, baldin eta laneko gatazka edota jazarpen moral edo sexista zentroko zuzendari-kargua duen pertsona bati badagokio. Laneko jazarpen moral edo sexista Hezkuntzako lurralde-ordezkariari badagokio, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordeari aurkeztuko zaio.

9. artikulua.- Bitartekaritza-prozeduraren arduraduna eta bitartekaria.

1.- Zuzendaria izango da bitartekaritza-prozeduraren arduraduna, eta hezkuntzako ikuskaritza-zerbitzuaren laguntza teknikoa izango du.

2.- Sailaren ikuskaritza-zerbitzuak bitartekaritza-prozeduretan espezializatutako ikuskari-talde bat osatuko du.

3.- Zuzendariak, Ordezkariaren bitartez, bitartekari baten esku-hartzea eskatuko du, eta berau dagokion Lurralde-ordezkariak edo, bere kasuan, Hezkuntza Sailburuordeak izendatuko du, esku-hartze hori egiteko sortu den ikuskari-taldeko kideen artean. Ikuskari batek ezingo du erreferentziako zentroetan bitartekari izan.

4.- Gatazka zentroko Zuzendariari egokitu bazaio, bitartekaritza-prozeduraren ardura ordezkariaren gain geldituko da, eta horrek ere izango du hezkuntzako ikuskaritza-zerbitzuaren laguntza teknikoa.

5.- Errealitatea benetan zein den jakiteko asmoz, bitartekaritza prestatzeko beharrezko jarduera guztiak egingo ditu bitartekariak.

6.- Bitartekaritza-prozeduraren arduradunak laguntza emango dio bitartekariari bere eginbeharra bete dezan.

10. artikulua.- Bitartekaritza-bilera.

1.- Bitartekaritza-prozeduraren arduradunak alderdiei idatziz emango die prozeduraren hasieraren berri eta horien borondatezko parte-hartzea eskatuko die. Jasotakoan, eta prozedurarekin jarraituz, alderdiak bilera batera deituko ditu, eta arazoa konpontzen saiatuko da. Egon daitekeen jazarpenari buruz bitartekariaren esku leudekeen agirien kopia erantsiko zaio deialdiari.

2.- Epea luzatzea gomenda dezaketen eta idatziz alderdien ezagutzan jarri behar diren arrazoi oinarrituak egon ezean, bitartekariak idazkia jaso ondorengo hamar egun baliodunen barruan egingo da bitartekaritza-bilera. Epea beste hamar egun baliodunetara luzatu ahal izango da.

3.- Ezinbesteak bultzatuta edo legeak aurreikusitako abstentzio eta errefusatze-arrazoiren batean sartuta egoteagatik bitartekariak ezin izango balu bitartekaritza-bilera burutu, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordeak izendatuko du bitartekari-lanak egingo dituen ikuskaria. Izendapen hori behar bezala jakinaraziko zaie alderdiei eta Ikuskaritza-lurraldeburutzari.

11. artikulua.- Bitartekaritza-bilerara bertaratzea.

Alderdietako edozein bertaratu ahalko da bilerara eta, horrela nahi badu, Prebentzioko ordezkari batek edo konfiantzazko pertsona batek lagun diezaioke.

12. artikulua.- Bitartekaritza-fasearen ebazpena.

1.- Bitartekariak, bitartekaritza-bileratik gehienez ere hamabost egun balioduneko epean, idatziz jasoko ditu:

a) Bitartekaritza-fasean egindako jardunbideak.

b) Bitartekaritza-dokumentuan arazoa konpontzeko proposatu dituen neurriak.

2.- Bitartekaritza-dokumentua alderdiek sinatu egingo dute, dokumentua idatzi denetik bost egun baliodunen barruan. Sinadurak alderdiak edukiarekin ados daudela esan nahi du. Alderdiek sinatzeaz gain, bitartekariak eta bitartekaritzaren arduradunak ere sinatuko dute.

3.- Bitartekaritza-prozeduraren arduraduna bitartekaritza-dokumentuan adostutako neurriak aplikatu eta zaintzen direla bermatuko du, eta Prebentzio Zerbitzuari emango dio horren berri bere eskumen-arloaren baitan jardun dezan.

III. KAPITULUA

PROZEDURAK

13. artikulua.- Laneko jazarpen moral edo sexuala ebazteko fasearen hasiera.

1.1.- Laneko jazarpen moral edo sexualagatiko salaketak bitartekaritza-fasean argitu ez direla ulertuko da honako kasu hauetan:

a) Aldiertako batek bitartekaritza-fasea edo bitartekariak proposatutako neurriak errefusatu dituenean.

b) Ezinbesteak bultzatuta bitartekaritza-fasea egin ez bada.

c) Bitartekaritza-fasean proposatutako neurriak laneko gatazka edo jazarpen moral edo sexista ebatzi ez badute.

1.2.- Laneko jazarpen moral edo sexista ebazteko fasea jarraian azaltzen diren puntuak jarraituz beteko da:

a) Gatazka ebazteko salaketa bat bitartekaritza-fasean ebatzi ez bada, alderdietako bakoitzak jar dezake jazarpen moral edo sexistagatiko salaketa prozedurarekin jarraitzeko.

b) Aipatu salaketa hori jartzeko epea bitartekaritza-prozesua amaitu denetik hogeita hamar egun baliodunetakoa izango da.

c) Salaketa Hezkuntzako lurralde ordezkariari igorriko zaio, ustezko laneko jazarpen moral edo sexista berari egokitzen ez bazaio. Kasu horretan, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordeari igorriko zaio. Bitartekaritza-dokumentuaren kopia (hori egin bada) eta beharrezkoak diren bestelako dokumentuak erantsiko zaizkio idazkiari.

1.3.- Agindu honetako 1. artikuluan azaldutako kasuren baten bat pairatu duenak, salaketa jar dezake Hezkuntzako lurralde ordezkariari aurkeztuta, ustezko laneko jazarpen moral edo sexista ordezkari horri dagokion kasuan izan ezik. Kasu horretan, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari aurkeztuko zaio. Salaketan azaldutako gertakariak, gutxienez, azken hamabi hilabeteetan gertatu behar ziren.

14. artikulua.- Ikerketa Batzordearen osaera.

1.- Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak, edo, bere kasuan, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak, Ikerketa Batzorde bat eratuko dute alderdietako edozeinek idazkia jaso denetik hamar egun baliodunetako epean.

2.- Ikerketa Batzordea honako hauek osatuko dute:

a) Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren ordezkari bat, presidentea izango da eta Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordeak izendatuko du.

b) Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako kide bat, Hezkuntzako Lurralde Ordezkariak izendatuko du.

c) Prebentzioko Zerbitzuko kide bat, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordeak izendatuko du.

d) Prebentzioko ordezkari bat edo Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren alorreko langileen ordezkari bat. Bitartekaritza-fasean esku hartu duten pertsonak batzordetik kanpo geldituko dira, Agindu honetako 8.2 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

e) Idazkari bat, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak izendatuko du.

Aipatu esparruko zentral sindikalek proposatuko dute prebentzioaren edo langileen arloko ordezkari kopuru bat, Ikerketa Batzordeko kide izateko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren barruan sindikatu-hauteskundeetan lortutako ordezkaritzaren araberakoa. Zerrenda horretan, gehienez, 10 pertsona aurkez daitezke. Zerrenda horretako izenen artean, alfabeto-ordenean izendatuko da batzordeko kidea izango den prebentzioko edo langileen ordezkaria.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 4/2005 Legearen 23. artikuluak ezartzen duena kontuan hartuta, Ikerketa Batzordea osatuko duten emakumeen eta gizonen kopuruak berdintsuak izan beharko dira. 4/2005 Legearen arabera, ordezkaritza orekatutzat joko da, bi sexuek, gutxienez, % 40ko ordezkaritza dutenean.

15. artikulua.- Batzordeko idazkaria.

1.- Batzordeko Idazkaria Batzorde bereko kideetako bat izan daiteke, edo Administrazioko langile bat, zuzenbidean lizentziaduna betiere.

2.- Idazkari kargua duen pertsona Batzordeko kide ez bada, ez du bozka eskubidea izango.

16. artikulua.- Batzordearen Funtzionamendu Erregimena.

1.- Batzordearen funtzionamendua honako hau izango da:

a) Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozeduraren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen xedapenak, kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruzkoak.

b) Agindu honetako xedapenak.

c) Batzordearen Barne Funtzionamenduaren Araudiak xedatutakoa.

2.- Prebentzioko zerbitzuko kideak ikerketa egiteko beharrezko laguntza teknikoa emango du.

3.- Batzordeko kideek gaztelania nahiz euskara erabili ahal izango dute bileretan eta, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da deialdi, gai-zerrenda, akta, txosten eta gainerako idazkietan.

17. artikulua.- Alderdiei jakinarazpenak.

1.- Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak edo, bere kasuan, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak, jakinaraziko die alderdiei nor diren Ikerketa Batzordea osatuko dutenak, Batzordea eratu denetik bost egun balioduneko epean. Era berean, txostenaren dokumentazio guztiaren kopia igorriko zaie.

2.- Jakinarazpenaren datatik aurrera irekiko da alegazioak egiteko epea, bost egun baliodunetakoa izango da.

IV. KAPITULUA

18. artikulua.- Aurretiko ekintzak.

1.- 17.2 artikuluak ezartzen duen alegazioak egiteko epea amaitu eta bost egun balioduneko epean egingo da lehen bilera, eta bertan, espedienteko dokumentazioa aztertu eta honako hau erabakiko da:

a) Ikerketa amaitutzat ematea, gertaerak laneko jazarpen moral edo sexistazko egintzak ez direla erabakitzen bada. Erabaki hori guztien adostasunez hartu beharko da, behar bezala oinarrituta egongo da, idatziz jasota eta alderdiei komunikatuko zaie.

b) Ikerketarekin jarraitzea.

19. artikulua.- Ikerketa.

1.- Ikerketa Batzordeak ikerketa faseari dagozkion jardunbideak egingo ditu, laneko jazarpen moral edo sexista gertatu den zehazteko.

2.- Sailak eta Agindu honetan jasotako organo periferikoek Ikerketa Batzordeak eskatutako guztian lagunduko dute, azken honek ikerketa amaitzeko behar duen informazio guztia izan dezan.

3.- Batzordearen lehen bileratik aurrera (ikerketa hasiko dela erabakitzen denetik aurrera) hilabete bateko epea izango dute ikerketa egiteko. Epe hori beste hilabete batez luzatu ahalko da, bi hilabetez gehienez, eta alderdiei jakinaraziko zaie.

20. artikulua.- Bilera alderdiekin.

1.- Ikerketa egiteaz gain, Batzordea alderdiekin bilduko da, aldi berean edo banaka.

2.- Batzordeak deitu ahal izango ditu bilerara jorratu behar den gaiarekin lotura zuzena duten pertsonak, gertakariaren lekukoak izan direlako, edo gaiari buruzko adituak direlako. Kasu horretan, alderdiei jakinaraziko zaie nor diren, informazio gisa, bilerara bertaratuko diren pertsonak.

21. artikulua.-Bilerara bertaratzea.

Alderdiak bertaratu ahal izango dira aurreko artikuluan aurreikusitako bilerara, eta prebentzioko edo sindikatuko ordezkariak, edo beharrezkotzat jotzen duten beste edozein pertsonak, lagun ditzake. Nolanahi ere, ezingo dute laguntzaile bat baino gehiago eraman.

22. artikulua.- Ikerketa fasearen ebazpena.

1.- Ikerketa amaitu eta hilabete baten buruan gehienez, Ikerketa Batzordeak txosten bat egingo du, eta bertan zehaztuko da Batzordearen ustez laneko jazarpen moral edo sexista gertatu den ala ez, baita arazoari konponbidea emateko proposatzen diren neurriak ere.

2.- Ikerketa Batzordeak txostenaren ondorioak igorriko dizkio Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordeari, eta honek emango du dagokion ebazpena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen den irailaren 14ko 233/2010 Dekretuak xedatzen dituen eskumenei jarraiki.

3.- Aipatu ebazpenean proposatuko dira gertatutako laneko arriskua desagerrarazi edo gutxiagotzeko neurri zuzentzaile zehatzak, laneko arriskuen prebentziorako indarrean dagoen legeriak xedatutakoari jarraiki. Era berean, frogatutako gertakarien arabera, Batzordeari zigor-espediente bat irekitzeko eskatu ahalko zaio, hutsegite oso larri, larri edo arin bat zigortzeko, enplegu publikoari buruzko indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz. Halaber, neurri zuzentzaileak aplikatzea nori edo nortzuei dagokien zehaztuko da.

23. artikulua.- Neurri zuzentzaileak aplikatzearen kontrola.

Prebentzioko Zerbitzuari dagokio proposatutako neurri zuzentzaileen eraginkortasuna kontrolatzea.

V. KAPITULUA

24. artikulua.- Isilpean gordetzea.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin lotura duen pertsonak, prozedura honetan aurreikusitako faseetako batean parte hartu badu, isilpean gordetzea eskatuko zaio, Euskal Funtzio Publikoaren Legeak ezarritakoari jarraiki.

25. artikulua.- Intimitaterako eskubidea babestea.

1.- Uneoro bermatuko da prozedura honen edozein fasetan parte hartu duten pertsonen intimitaterako eskubidearen babesa.

2.- Prozedura honetan sortutako informazio pertsonala datu pertsonalak babesteko 15/1999 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak ezarritakoaren arabera tratatuko da.

26. artikulua.- Langileek osasunaren babes osoa edukitzeko eskubidea.

Sailak laneko jazarpen moral edo sexista pairatu duen pertsonaren osasuna behar bezala babestea bermatzeko beharrezko neurri zuzentzaileak aplikatuko ditu. Horrez gain, langilearen berrezarpen osoa lortzeko beharrezko laguntza (antolakuntzakoa eta psikologikoa) emango dio.

27. artikulua.- Errepresialiarik ez izatea.

Sailak ziurtatu egin beharko du ondoren zehazten direnek ez dutela jasango larderia, jazarpen, diskriminazio edo errepresaliarik: laneko jazarpen moral edo sexista pairatu dutenak, jazarpenaren arloko kexa aurkezten dutenak; kapitulu honekin bat etorriz edozein prozesutan laguntza ematen dutenak, esate baterako, informazioa emanez edo lekuko gisa parte hartuz. Hori gertatuko balitz, diziplinazko gaitzat hartuko litzateke.

28. artikulua.- Salaketa faltsua.

Ikerketan frogatzen bada salaketa iruzurrezkoa dela eta salaketa egin duenak salatua iraindu nahi zuela, diziplinazko neurriak hartuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Laneko jazarpen moral edo sexista egoera gertatuko balitz lan-eremu berean dauden Administrazio honetako eta kanpoko enpresa bateko langileen artean, Agindu honetan azaldutako ikerketa-prozedura aplikatuko da. Hala ere, neurri zuzentzaileak aplikatzerakoan, enpresa horien eta Administrazioaren artean koordinatuta aplikatuko dira, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 24. artikuluari jarraiki.

Hori betetze aldera, kontratazio-prozeduran esplizituki azalduko da kontratatzaileek beren langileak kontrolatzeko eta gidatzeko eskubidea betetzean Agindu honetako edukiak nahitaez ezagutu eta bete behar dituztela.

Bigarrena.- Hezkuntza Administrazioak Agindu honetan araututako faseetan zehar ikertu dituen gertakariak delituzko egintzak izan daitezkeela uste badu, Kode Penalaren arauei jarraiki, Fiskaltzari jakinaraziko zaio. Era berean, administrazioko arau-haustezko egintzak direla uste bada, aplikazio-prozedura berezia preskripzio-epe zehatz batzuetara zedarrituko da edota ofiziozko esku-hartzea beharko dute. Beraz, aplikazio-araudiak xedatutakoaren arabera jardungo da.

Hirugarrena.- Agindu honetan ezarritako prozeduran araututako faseetako batean esku hartzen duten langileei euskara nahiz gaztelania (ahoz eta idatziz) erabiltzeko eskubidea bermatuko zaie. Era berean, interesatuek Hezkuntza Administrazioarekin erabilitako hizkuntzan jaso beharko dituzte komunikazio edota ebazpenak.

Laugarrena.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lurralde eta Sektore arteko Osasun eta Segurtasun Batzordeari jakinaraziko zaio, ohiko eta ezohiko bileretan, Agindu honetan aplikatzekoak diren prozesuei buruz, Datuak Babesteko arauen printzipioak errespetatuz betiere, eta bereizitako datuak bakarrik kontsultatuz.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.- Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak ahalmena izango du agindu honen garapenerako beharrezkotzat jo daitezkeen alderdi osagarriak garatzeko.

Era berean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak eta Lurralde eta Sektore arteko Osasun eta Segurtasun Batzordeko presidenteak agindu honetan azaldutako protokoloa berrikustea egokia den kontsultatuko dio Batzordeari, agindu honen indarraldiak bi urte betetzen dituenean.

Bigarrena.- Agindu hau indarrean jarri eta hiru hileko epean Ikerketa Batzordearen barne funtzionamendurako araudia egingo da.

Funtzionamendu-araudi hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lurralde eta Sektore arteko Osasun eta Segurtasun Batzordeari kontsultatuko zaio.

Hirugarrena.- Xedapen hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 20a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala