Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2011ko uztailaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
3733

AGINDUA, 2011ko uztailaren 5ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2012-2014 epealdirako oinarrizko eta/edo aplikatutako ikerketa proiektuak, elkarlanekoak eta giza- eta gizarte-zientzietakoak egiteko laguntzak emateko deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-ahalbideak areagotzeko beharra ikusita, eta ikerketa-taldeak sendotu daitezen, egoki iritzi zaio Sail honek kudeatzen duen oinarrizko ikerketei eta ikerketa aplikatuei buruzko proiektu zehatzak garatzea xede duen programarekin aurrera jarraitzeari.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-sistema sendotu egiten da deialdi honen bidez; izan ere, deialdi honek ezagutzaren garapenari lagundu egiten dio, baita erakunde ezberdinetako taldeen arteko koordinazioari ere. Era berean, beste deialdi batzuekin koordinatuta ere badago; hain zuzen ere, enpresekin lankidetzan teknologia berritzailea garatzera bideratutakoekin, alde batetik, eta ikerketa-taldeen baliabide materialak, giza baliabideak, antolamendua eta funtzionamendua sustatzea xede dutenekin, bestetik.

Ondoko dekretua kontuan izanik: «233/2010 Dekretua, irailaren 14koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena (2010ko irailaren 29ko EHAA, 188. zk.).

Halaber, kontuan izan behar dira, batetik, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena, eta bestetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuena.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapideak arautu dituen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduarekin bat etorriz,

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Deialdiaren xedea.

1.- Deialdi honen helburua hauxe da: beherago zehaztutako modalitateekin bat ikerketa-proiektuak gauzatzeko laguntza ekonomikoak ematea.

1. modalitatea:

Oinarrizko ikerketa eta/edo ikerketa aplikatuko proiektuak, erakunde bereko ikerketa-taldeenak.

2. modalitatea:

Erakunde desberdinetako ikertzaileek proiektu berean parte hartzea sustatu nahi da; hots, lankidetza-proiektuak egitea.

3. modalitatea:

Ikerketa-proiektuak bultzatu nahi dira, Giza eta Gizarte Zientzietako arloetan ikerketa-proiektuak, hain justu ere erakunde bakar baten arlo horietan ikertzen hasten diren taldeentzako. Gehienez ere, ikertzaile bakoitzak bi deialditan izan ahal izango du onuradun modalitate honetan, betiere erakunde publikoetako lehiaketa-deialdi bat baino gehiagotan onuradun izan ez bada.

2.- Deialdira aurkezten diren ikerketa-proiektuek II. eranskinean aipatzen diren printzipioak errespetatu beharko dituzte.

2. artikulua.- Kreditu erabilgarria.

1.- Agindu honen xede diren laguntzetarako 860.000 euro izango dira, guztira, honela banatuta: 380.000 euro 2012. ekitaldirako; 240.000 euro 2013. ekitaldirako, eta 240.000 euro 2014. ekitaldirako. Diru hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailaren kontura emango da.

2.- Aipatu zenbatekoa gehitu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza, erakunde kudeatzailearen beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gera litezkeen aurrekontuen arabera, eta, betiere, laguntza horiek ebatzi aurretik. Halakorik gertatuz gero, aditzera emanen da, hain justu ere Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpen baten bidez.

3. artikulua.- Erakunde onuradunak.

1.- Jarraian adierazten diren erakundeak izan daitezke deialdi honetako modalitatetan ikerketa-proiektuak egiteko laguntzen onuradun:

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente akreditatuak, urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluan azaltzen diren agente-kategorietan badaude (221/2002 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea arautzeko oinarriak eguneratu zituena). Hona hemen artikulu horretan zerrendatzen diren kategoriak:

- Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak.

- Zentroak, departamentuak, sekzioak edo unibertsitateetako beste ikerketa-unitate batzuk, EHUkoak izan ezik.

- Elkarlaneko ikerketa-zentroak.

- Teknologia-zentroak.

- Ikerketa-zentro sektorialak.

Deialdi honen helburuetarako, honako hau joko da agente zientifiko teknologikoen erregistroko zerrenda gaurkotua: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologiako zuzendariak egiaztatutako zerrenda, noiz eta deialdia bukatu eta hurrengo egunean, betiere urriaren 1eko 221/2002 Dekretuko 17.4 artikuluaren arabera.

4. artikulua.- Ikertzaileentzako eta erakunde onuradunentzako betekizunak.

1.- Erakunde onuradun bakoitzak bere plantillako diren ikertzaile-talde bat aurkeztuko du, zeinak lan egingo baitu laguntza eskatu duen proiektuan.

2.- Proiektuetako ikertzaileek erakunde parte-hartzaileetakoren baten plantillako kide izan beharko dute, eta deialdi honetan eskatutako proiektu baten bakarrik parte hartu ahal izango dute.

3.- 2011ko abenduaren 30a baino lehenagoko deialdietan parte hartu eta egiteko obligazioak dituztela eta jarduerak burutzeke badituzte ikertzaileek, horiek parte hartzen duten proiektuak ez dira finantzatuko.

4.- Research Professo kategorian Ikerbasque Fundazioak kontratatutako ikertzaileak, baldin eta erakunde bati atxiki eta erakunde horretako plantillado badira, deialdi honi dagokionez, ikertzaile kontsideratuko dira.

5.- Ezingo dute erakunde onuradun izan diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenek, ez eta Emakumen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera sexu-bazterkeriagatik zigortutakoek ere.

6.- Ondokoak izango dira ikerketa-taldea osatzen dutenak:

a) Ikertzaileak. Doktore-maila izan beharko dute. Gutxienez bi izango dira, taldea zuzenduko duen ikertzaile nagusia barne. Ikertzaile nagusiak, nahitaez, diru-laguntza jasoko duen erakundeetako baten partaide izan beharko du.

b) Ikerketa-laguntzaileak. Fakultate batek edo goi mailako eskola tekniko batek emandako lizentziadun, ingeniari edo arkitekto tituluaren jabe izan beharko dute.

7.- Erakunde onuraduneko talde ikertzailearen gutxienezko dedikazioa lanaldi osokoa izango da; hau da, urteko 1.400 ordu, eta talde bakoitzeko ikertzaile nagusiaren urteko gutxienekoa 420 ordukoa izango da.

5. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.- Deialdi honetan, honako kontzeptuetarako eska daiteke laguntza:

a) Laguntzaileak:

Deialdi honetan laguntzaile bati ordaintzeko diru-kopurua finantzatu ahal izango da, hala eskatu bada. Hauek izango dira baldintzak:

Laguntzaileen lanaldi osoagatik, hau da, urteko 1.600 ordugatik, ordaindu beharreko kopurua urteko 15.500 euro izango da. Proiektuari denbora gutxiago eskainiko balitzaio, ordaindu beharreko zenbatekoa proiektuari eskainitako denboraren araberakoa izango litzateke. Laguntzaileak bete beharreko baldintzak:

lizentziaduna, industria-ingeniaria, arkitektoa edo ingeniari teknikoa izatea; deialdian parte hartzen duten erakundeen plantillakoa ez izatea; beketatik edo beste ikerketa-proiektu batzuei emandako diru-laguntzetatik ordainketarik ez jasotzea, ez soldatarik, ez bestelako diru-sarrera publiko edo pribaturik.

Laguntzaile bat kontratatzeko finantziazioa ematen bada, onar dezan, ikertzaile nagusiak izen bat proposaturiko dio Politika Zientifikorako Zuzendaritzari, hain justu ere laguntza-funtzioa betetzeko egokia dena. Proiektuak dirauen bitartean, zeregin horietan pertsona bera aritzea komeni bada ere, gutxienez urtebetez egon beharko du.

b) Material inbentariagarria:

Kontzeptu horregatik gehienez ere ez dira urteko 18.000 euro baino ordainduko; betiere, kontuan izanik, deialdian ez dela finantzatzen BEZaren gastua. Proiektuaren kontura erotako material inbentariagarria ez da izango 18.000 eurotik gorakoa, eta erakunde onuradunaren inbentarioan jaso beharko da. Espresuki uzten dira deialdi honetatik kanpo altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako ekipamendu informatikoa erostea ere.

c) Material suntsikorra:

Mugarik gabe ordainduko da, baina behar bezala justifikatuta badago eta proiektuaren jardueretan beharrezkoa bada. Finantziazio horretatik kanpo da bulegoko material orokorra.

d) Bidaiak.

Proiektuaren jardunak burutu ahal izateko egiten direnak. Bidaia-gastuak onartuko dira, proiektua betearazteko azken urtean lortutako emaitzak erakusteko, eta ikerketa-taldeko pertsona bakar batentzat.

e) Bestelako gastu batzuk.

Urteko aurrekontu finantzatuaren % 20, gehienez ere, material inbentariagarriaren partida kenduta.

Elkarlanean egiteko proiektuei dagozkien eskabideetan, honako hau joko da: kontzeptuetarako aurreikusi diren mugak parte hartzen duten erakundeetako bakoitzari aplikatzen zaizkio, modu independentean.

6. artikulua.- Ikerketa-proiektuen iraupena.

Proiektuak 2012ko urtarrilaren 1ean hasiko dira, eta proiektuari hasiera ematen zaion egunetik hasita, urte batean edo bitan burutu beharko dira.

Oinarrizko eta aplikatutako ikerketa proiektuak -1. modalitatea- eta elkarlanean egitekoak -2. modalitatea- urte batetik hiru urtera bitartekoak izan daitezke.

Giza eta gizarte-zientzietako ikerketa-proiektuek -3. modalitatea- urtebete edo bi urte iraun dezakete.

7. artikulua.- Eskabideak formalizatu eta aurkeztea.

1.- Eskabideak aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta 2011ko irailaren 5ean amaituko da. Eskabideak helbide honetara bidali beharko dira:

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila

Zientzia Politikarako Zuzendaritza

Erreferentzia: Ikerketa-proiektuak

Donostia kalea 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren era bere erakunde autonomoen erregistroen eraketa, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako erregistroetarik edozein eran, betiere deialdian eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barruan. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan zehaztu bulegoetarik edozeinetan ere aurkeztu ahal izango da.

2.- Ikertzaile nagusiak sinatu beharko du eskabidea, eta erakunde parte-hartzailearen legezko ordezkariaren baimena izan beharko du.

3.- Eskabidean sartu beharreko dokumentazioa I. eranskinean azaltzen eta zehazten dena izango da. Eskabidea eta dokumentazioa paperean aurkeztu beharko dira, horien kopia elektronikoarekin batera (CD formatuan).

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50. artikuluaren 6. paragrafoak aipatu erantzukizunezko deklarazioa jaso beharko du eskabideak. Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeaz aldatu zen lege hura.

4.- Lankidetza-proiektuak badira, parte-hartzaileek erakunde onuradun izan beharko dute, eta proiektu bakoitzeko eskabide integratu bakarra aurkeztu beharko dute. Parte hartzen duen erakundeetako bat, gainera, proiektuaren koordinatzailea izango da, proiektuaren garapenaz arduratu eta Administrazioarekiko elkarrizketak eta harremanak bere gain hartzeko. Zirkunstantzia hori berariaz jaso beharko da eskabidean.

5.- Eskabideak aurkezteko, interesdunek inprimaki eredu posible bat izango dute eskuragarri interneteko helbide honetan: «http://www.hezkuntza.net».

8. artikulua.- Laguntzak kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea, Ikerketa-proiektuen Zerbitzuaren bidez.

9. artikulua.- Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Baldin eta eskabideak inprimaki edo baliabide normalizatuen bidez aurkezten ez badira, eta horiekin batera aurreko paragrafoetan zerrendatutako agiri guztiak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean huts hori zuzendu edo agindutako agiriak aurkez ditzala eskatuko zaio interesatuari. Eta zera adieraziko zaio: horrela egiten ez badu, bere eskabideari uko egiten diola ulertuko dela; aldez aurretik horretarako ebazpena eman beharko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak -4/1999 Legeak aldatuak- 42. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

10. artikulua.- Balorazio-batzordea.

Ebaluazio-batzordeko kide izango dira: Zientzia Politikarako zuzendaria (bera izango da lehendakaria), Unibertsitateetako zuzendaria, Ikerketa Proiektuen teknikaria, eta zientzia-ebaluazioko aditu bat edo bi, Politika Zientifikorako zuzendariak izendatutakoak. Aipatu batzordeak eskabide bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkie dagokien jakintza-arloan ospea eta ebaluatzeko esperientzia duten ikertzaileei. Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalak edo Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak egin ahal izango dituzte aipatu txostenak. Ebaluazio-batzorde honek deialdiko irizpideak behar bezala aplikatuko ditu, eta kasuan kasuko gaietako adituen txosten teknikoak bateratuko ditu.

11. artikulua.- Ebaluazio-irizpideak.

Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena prestatu ahal izateko, ebaluazio-batzordeak jarraian aipatzen diren irizpideak izango ditu kontuan, eskabideak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera ordenatu ahal izateko:

1.- 1. modalitateko proiektuetarako, 100 puntu eman daitezke guztira:

(Ikus .PDF)

2.- 2. modalitateko proiektuetarako, 100 puntu eman daitezke guztira:

(Ikus .PDF)

3.- 3. modalitateko proiektuetarako, 100 puntu eman daitezke guztira:

(Ikus .PDF)

4.- Ebaluazio-sistema homogenizatu eta irizpideak aplikatzerakoan objektibotasun handiagoa lortze aldera, deialdiaren III. eranskinean adierazi dira irizpideak zehatzago baloratzeko aldeen xehetasunak, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenago izan dadin.

12. artikulua.- Onartutako aurrekontua zehaztea eta laguntzak esleitzeko prozedura.

1.- Diru-laguntzak lehiaketaren bidez emango dira eta proiektuak dirauen artean jaso ahal izango dira. Horretarako, ebaluazio-batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren.

2.- Ebaluazioan, 50 puntu edo hortik gorako balioespena lortzen duten eskabideak bakarrik lagun daitezke diruz. Ebaluazio Batzordeak eskabide bakoitzerako onartutako kostuaren eta balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko lehentasun-ordenaren arabera erabakiko da laguntzak -agindu honetan araututakoak- ematea. Eta diru-laguntzako zenbatekoak esleituko dira, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako diru-zenbatekoa agortzen den arte, edo indarrean dagoen legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak egiten direnean, hasierako zenbatekoa gaurkotzetik ateratzen dena agortzen den arte. Aukeratutako ikerketa proiektu bakoitzean eskatutakoaren % 100a hartu ahal izango dute esleipenek.

3.- Onartutako aurrekontuak kontuan hartuko ditu 5. artikuluan ezarritako kontzeptuak; bestalde, honelaxe zehaztuko da: eskabidean planteatu eta behar bezala egiaztatutako beharren eta adituen gomendioen arabera. Urteka banatuko da diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa, aipatu diren beharren eta onartutako lan-planen arabera.

13. artikulua.- Ebazpena.

1.- Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari proposamena aurkeztuko dio, eta honek esleitu edo ukatu egingo ditu, ebazpen bakar eta arrazoitu baten bidez. Ebazpen horren berri interesdunei banan-banan emango zaie. Erakunde onuradunek jakitun izan daitezen, EHAAn argitaratuko dira esleitutako zenbatekoa (urtekoak zehaztuaz), eta finantziazioa jaso duen programaren titulua.

2.- Onartzen den proiektu bakoitzari buruz datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:

- Zein modalitateri lotzen zaion.

- Ikertzaile nagusiaren izena.

- Erakunde onuraduna.

- Ikerketa-proiektuaren titulua.

- Proiektua egingo den urte bakoitzerako esleitutako zenbatekoa.

Elkarlanean egiteko proiektuak badira, parte hartzen duen erakunde onuradun bakoitzari dagokion finantzaketa ere jasoko da.

3.- Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean. Deialdiaren argitalpena amaitu eta 6 hilabeteren buruan ebazpenik eman edo jakinarazten ez bada, eskabideak erantzun ezagatik ezetsi direla ulertu ahal izango da.

14. artikulua.- Bateragarritasuna/bateraezintasuna beste diru-laguntza eta laguntza batzuekin.

Diru-laguntza hau bateragarria da helburu berarekin beste erakunde finantziatzaile batzuek eman ditzaketenekin. Ikerketa-proiektu batek beste erakunde baten edo Eusko Jaurlaritzaz beste sail baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat finantzatua izan bada, beste erakunde horren finantzaketak estaltzen ez duen zatia deialdi honen bidez osatu ahal izango da, baina guztirako finantzaketak ezingo ditu gainditu ikerketak dituen diru-beharrak. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketa kopuru horretan txikituko da. Zientzia Politikarako Zuzendaritza beste alderdi finantzatzailearekin harremanetan jarri ahal izango da, kofinantzaketa-akordio bat lortzeko. Nolanahi ere, eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

15. artikulua.- Diru-laguntzaren ordainketarako baldintzak.

1.- Proiektuaren ikertzaile nagusia atxikita dagoen unibertsitateari ordainduko zaio diru-laguntzen zenbatekoa. Proiektu koordinatua bada, parte hartzen duen erakunde onuradun bakoitzari ordainduko zaio.

2.- Urteko zenbatekoak aurretiaz ordainduko dira urte bakoitzean. Proiektua burutzeko azken urtea denean, azken urteko diru-laguntzaren % 75 baino ez da ordainduko aurrez. Azken urteko bigarren ordainketa -gainerako % 25ari dagokiona- egiteko, entitate onuradunak dagokion dokumentazio guztia, deialdiaren 12. artikuluan ageri dena, bidali beharko du, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak oniritzia eman beharko dio.

Diru-laguntzaren onarpenari buruzko dokumentua jaso ondoren egingo da lehen urteari dagokion ordainketa. Bigarren eta hirugarren urteei dagozkien ordainketak, berriz, baldintzatuta egongo dira; alegia, aurreko urteko txostena entregatzearen baldintzapean.

3.- Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-erregimenaren arabera bermatuko da; dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura emango diren diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horretaz gain, diru-laguntzen kudeaketan parte hartuko duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta obligazioak ere ezartzen dira.

4.- Erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoa ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-betebeharrak beteta dituela egiaztatu beharko du, Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoari jarraituz (1992ko uztailaren 8ko EHAA, 131. zenbakia).

16. artikulua.- Proiektuaren garapenari jarraipena egiteko dokumentuak.

1.- Diru-laguntza onartzeko dokumentua: Erakunde onuradunei ebazpenaren jakinarazpenarekin batera emango zaie diru-laguntzaren urteroko banaketen eta kontzeptuen berri. Erakundeok diru-laguntza onartzen dutela adierazteko, itzuli egingo dute jakinarazpena -legezko ordezkariak behar bezala sinatuta-; horretarako epea, jakinarazpena jaso eta 10 egunekoa izango da. Epe hori igarota erantzunik jaso ezean, diru-laguntzari uko egin zaiola ulertuko da.

2.- Laguntzaileentzako diru-laguntzarik egonez gero, laguntzailea erakundearekin lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da, eta parte hartuko duen proiektuaren kodea eta titulua jaso beharko da, baita bere egitekoak eta urteko dedikazioa ere. Kontratu hori ezingo da izan deialdi-ebazpenaren aurretikoa. Kontzeptu horrengatik esleitutako diru-laguntza ez bada deialdian ezarritako zenbatekoaren % 100ekoa eta ez badu kontratuaren kostu guztia estaltzen, laguntzaileek beste eginkizun batzuk bete ahal izango dituzte erakundean, harik eta eurei dagozkien dedikazioa bete arte.

3.- Urteko txostena: erakunde onuradun bakoitzeko ikertzaile nagusiak, proiektua burutzeko urte bakoitza amaitzean, proiektuaren urteko txosten bat aurkeztu beharko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Ondokoak jasoko dira txosten horretan: proiektuaren helburuen erdieste-maila, izandako gorabeherak, ateratako emaitzak eta diru-laguntzatik gastatu denaren zenbatespena.

4.- Gastua egiaztatzea: proiektua gauzatzeko azken urtea amaitzerakoan, dagokion urteko txostena aurkeztu ondoren, erakunde onuradunak, egindako gastu guztiaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, kontzeptuen araberako banaketa adieraziz, eta, gerakinik balego, hori ere justifikatuz. Era berean, proiektu bererako edo proiektu beraren helburu partzialetarako jasotako sarreren eta egindako gastuen balantzea aurkeztu beharko du. Ziurtagiri hori proiektua amaitu osteko hilabete biko epean aurkeztu behar da.

5.- Amaierako txosten zientifikoa: proiektua gauzatzeko azken urtea amaitu ondoren lau hilabete igaro baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako zientzia-txostena aurkeztu beharko du, eta bertan zehaztasun handiz adierazi aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabaltze- eta jendarteratze-jarduerak.

6.- Argitalpenak: proiektuaren emaitzak aldizkari espezializatuetan argitaratzen badira, edo liburuak, monografiak, artikuluak, doktore-tesiak, lizentzia-tesinak, kongresuetarako komunikazioak, patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak eta abar eragiten badituzte, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren babesa utzi beharko da jasota, proiektuaren kodea ere aipatuz.

7.- Erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin bidali beharko da proiektuaren jarraipenari dagokion dokumentazio guztia.

8.- Artikulu honetan aipatutako txostenen edukien deskripzioa eskuragarri egongo da Interneteko helbide honetan: http://www.hezkuntza.net.

9.- Urteko txostenek, amaierako txosten zientifikoak eta egindako argitalpenek ebaluazio zientifikoa izan dezakete. Dagokion ezagutza alorrean ospe eta ebaluazio-esperientzia onartua aitortua duten ikertzaileak aritu daitezke ebaluazio horietan. Ebaluazioaren emaitza negatiboa bada, eta onuradunaren jokaera arau-hauste administratiboa bada, laguntza eta diru-laguntza publikoen alorreko arau-hauste eta zehapenen erregimena aplikatuko da, alegia, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotakoa, horren bitartez onartu da-eta Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateratua.

17. artikulua.- Diru-laguntza gauzatzeko baldintzak.

1.- Ikerketa-taldeko kideek dagokion erakunde onuradunean dauden arau orokorren arabera egingo dituzte gastuak, betiere agindu honetan ezarritakoaren eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren jarraibideen arabera.

2.- Proiekturako proposatutako xedeak betetzeko eta helburuak gauzatzeko erabili ez diren zenbateko guztizkoei eta partzialei dagokienez nahiz Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeei eta itzulerei dagokienez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zenbakia) eta Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

3.- Jatorrizko fakturak erakundean bertan artxibatu behar dira, eta erabilgarri egon behar dira Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egin lezakeen edozein egiaztapenerako.

4.- Entitate onuradunak informazioa eman beharko die: Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari, hain justu ere erakunde bi horiek, beren eginkizunen barruan, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei dagokienez, eska diezaioketen edozein gaiz.

5.- Salbuespenez, ikerketa proiektua bukatzea eta, ondorioz, diru-laguntza erabiltzea eragotzi duten arrazoiak egon direnean, proiektuaren azken urtea bukatzen den epealdian, ikertzaile nagusiak, erakundeko legezko ordezkariaren oniritziz, proiektua burutzeko eta kreditua gastatzeko epealdia luzatzea eskatu ahal izango dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Luzapenak ez du gaindituko hiru hilabeteko epea, eta eskabide hori egiteko arrazoiak egiaztatu beharko dira. Luzapen horrek ez dakar: gastuari buruzko egiaztagiria eta 16. artikuluko azken buruko memoria entregatzea atzeratzerik

18. artikulua.- Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, diru-laguntzaren helburua bete egin dela uste bada, eta, kasua bada, beste erakunde publiko edo pribatu batek emandako diru-laguntza eta laguntza batzuk batera eskuratu badira, diru-laguntzak esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak bidezkoa den likidazio-ebazpena emango du, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak berregokitzeko.

Agindu honetan ezarritakoa ez dela bete eta, urte bakoitzerako esleitutako zenbatekoa aldatu edo bertan behera uzten bada, hori jakinarazteko, banakako ebazpena emango du Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak.

19. artikulua.- Diru-laguntzarako eskubidea galtzeko edo itzulketa egiteko kausa

1.- Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak ez direla bete jakinez gero, eskuratu diren zenbatekoak eta legezkoak diren interesak Euskal Autonomia Erkidegoaren Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako zehaztapenei jarraituz.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan azaldutako kausez gain, ondoko hauek izango dira ez-betetzearen kausak:

2.1.- Proiekturako eskabidea egin duen ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo ikertzaile hori erakunde onuraduna ez den beste erakunde batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.

2.2.- Ikerketa-proiektu bera egiteko, beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo, ikerketa-proiektuaren aldakiak, aski justifikatu gabeak, beste erakunde, antolakunde edo zentro publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Zientzia Politikarako Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.

2.3.- Ikerketa-proiektua proposatu diren helburuetatik eta onartutako epeetatik aldenduz garatzea, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik izan gabe.

2.4.- Ikertzaile-taldeko kideek berek proiektuan jarduteko finkatu duten dedikazioa nabarmen ez betetzea, proiektuaren ikertzaile nagusiaren kasuan bereziki.

2,5.- Deialdi honetako oinarrien ez-betetze larria (osorik edo zati batean).

2,6.- Datuak ezkutatzea, aldatzea edo eskaera manipulatzea, kasua larria denean.

20. artikulua.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena Ikerketa Proiektuak izango da, eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ematea ere. Fitxategi honen arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak balaiatzeko, Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari honetarako: aurkeztutako agiriak egiazkoak direnentz egiaztatzea beste erakunde publiko batzuetan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetako laguntzen ebazpena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Deialdi honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, deialdia argitaratu ondoko egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa egin daiteke, administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu ondoko egunetik aurrera.

Bigarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 5a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala