Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2011ko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Ekonomia eta Ogasun Saila
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
6305

269/2011 DEKRETUA, abenduaren 20koa, Energiaren Euskal Erakundeari IBIL, Gestor de Carga de Vehículo Eléctrico, SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du indarra.

2011ko irailaren 28an, Energiaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza Batzordeak zera erabaki zuen: IBIL Gestor de Carga de Vehículo Eléctrico, SA sozietatearen kapital-gehikuntzan, Energiaren Euskal Erakundeak akzioak harpidetzeko baimena eskatzea Eusko Jaurlaritzari. Harpidetza hori 5.000.000 eurokoa izango da, hau da, gehitutako kapital osoaren (10.000.000 euro) % 50; hartara, EEEk egun sozietate horretan duen % 50eko partaidetzari eutsiko lioke. Nolanahi ere, eragiketa hori egiteko, goragoko paragrafoetan esan denez, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da.

Sozietatearen helburua honakoa izango da:

A) Eremu publiko eta loturikoetan, ibilgailu elektrikoa kargatzeko puntuen azpiegitura diseinatu, eraiki, ustiatu, erabili eta mantentzea. Honakoak joko dira azpiegitura loturikotzat: ibilgailu jakin bati elkartua eta kokapena ugazabaren edo erabiltzailearen aparkalekuan daukana; eta azpiegitura publikotzat: erabiltzaile guztientzako kokaleku publikoetan, karga-zerbitzuak ematen dituena.

B) Sektore Elektrikoaren azaroaren 27ko 54/1997 Legean egiten den definizioarekin bat etorriaz, sistema elektrikoko karga kudeatzaile gisa jardutea, betiere energia elektrikoa saldu eta erosteko ahalmenarekin.

C) Ibilgailu elektrikoentzako karga-zerbitzuak merkaturatzea.

D) Jarduera nagusiari loturiko zerbitzu balio erantsi handikoak merkaturatzea, hala nola mugikortasun elektrikoaz aholkularitza-zerbitzuak, karga-puntu erabilgarriez informazioa denbora erreal emateko zerbitzuak, etab.

E) Jarduera nagusiaren gaineko zabalkuntza- eta formazio-ekintzak.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko abenduaren 20an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.- IBIL, Gestor de Carga de Vehículo Eléctrico SA sozietate berriaren kapitalean partaidetza izateko baimena ematea Energiaren Euskal Erakundeari, bost milioi euroko (5.000.000) zenbatekoarekin, eta horrek sozietatearen kapital osoaren (10.000.000) % 50 egiten du. Eragiketa horren ondorioz, Energiaren Euskal Erakundeak % 50eko partaidetzari eutsiko dio sozietate horretan.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik hara sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko abenduaren 20an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.


Azterketa dokumentala