Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2011ko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Ekonomia eta Ogasun Saila
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
6306

270/2011 DEKRETUA, abenduaren 20koa, Energiaren Euskal Erakundeari baimena ematen diona BIMEP azpiegitura (Biscay Marine Energy Platform) abiarazteko eta ustiatzeko sozietate anonimo berrian partaidetza izan dezan.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du indarra.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 19. artikuluak dioenez, sozietate publikoak dira merkataritzako sozietateak dira, baina beren kapitaletan Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren edo erakunde mailako enteen partaidetzak dira nagusi, ente horiek zuzenbide publikokoak edo pribatukoak izan. Nagusi den partaidetza hori zehazteko, aipatutako erakundeen partaidetza guztiak hartuko dira kontuan.

2011ko irailaren 28an, Energiaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza Batzordeak honako hau erabaki zuen: BIMEP azpiegitura (Biscay Marine Energy Platform) abiarazteko eta ustiatzeko sozietate anonimoan, Energiaren Euskal Erakundeak -Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundearekin batera- partaidetza izateko baimena eskatzea Eusko Jaurlaritzari. Betiere, partaidetza hori lortzeko akzioak harpidetuz, sozietate haren kapitalaren % 80 egiten duen 8.000.000 euro zenbatekoan. Guztiarekin ere, eragiketa hori egiteko, goragoko paragrafoetan esan denez, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da.

Sozietatearen xede soziala hauxe da:

1.- Itsasoko energia berriztagarrien aldagailuen saiakuntza eta erakusketa azpiegitura bat garatu eta instalatzea Armintzan, Lemoizko udalerrian (Bizkaia).

2.- Itsasoko energia berriztagarrien benetako neurriko aldagailuen ikerkuntza, saiakuntza, erakusketa eta jarduna bultzatzea.

3.- Itsasoko energia berriztagarrien arloaren garapena ikertzea, edozein arlotan delarik ere (ingurumen-arloa, teknologiakoa, itsasokoa, eta abar).

4.- Azpiegitura hori merkataritza arloa ustiatzea eta beraren bidez energia elektrikoa ekoiztea, legea betez.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Berrikuntzako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko abenduaren 20an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.- Baimena ematen zaio BIMEP azpiegitura (Biscay Marine Energy Platform) abiarazteko eta ustiatzeko sozietate anonimoa sortzeko.

2. artikulua.- Energiaren Euskal Erakundeari baimena ematen zaio BIMEP azpiegitura (Biscay Marine Energy Platform) abiarazteko eta ustiatzeko sozietate anonimo berriaren baltzu-kapitalean partaidetza izateko, kapitalaren % 80 egiten duen 8.000.000 euro jarriz (baltzu-kapital osoa: 10.000.000 euro).

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik hara sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko abenduaren 20an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.


Azterketa dokumentala