Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2012ko martxoaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
1167

14/2011 EBAZPENA, otsailaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, «Euskal Autonomia Erkidegoan maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentziak emateko lehiaketa publikoaren oinarriak» onartzen dituen Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakia argitaratzeko dena.

2012ko otsailaren 28an egindako bileran, Jaurlaritzaren Kontseiluak «Euskal Autonomia Erkidegoan maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentziak emateko lehiaketa publikoaren oinarriak» onartzen dituen erabakia onartu zuen. Horrenbestez, beharrezko zabalkundea emateko xedez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea «Euskal Autonomia Erkidegoan maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentziak emateko lehiaketa publikoaren oinarriak». Erabakia ebazpen honen eranskinean dago.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 29a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN 14/2012 EBAZPENARENA

ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN MAIZTASUN MODULATUKO UHIN METRIKOEN BIDEZKO IRRATI-KOMUNIKAZIOKO ZERBITZUAK ESKAINTZEKO LIZENTZIAK EMATEKO LEHIAKETA PUBLIKOAREN OINARRIAK ONARTZEN DITUENA

Frekuentzia-modulazioko uhin metrikoetako irratidifusio soinudunaren plan tekniko nazionala onartzen duen irailaren 1eko 964/2006 Errege Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoak esleitu beharreko frekuentzia-modulazioko irratidifusio soinudunaren 34 emisora ezarri zituen.

Irrati eta telebistari buruzko araubidea arau-testu bakar batean eguneratzea beharrezkoa zenez, bai eta Euskadiko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren sektoreak dituen behar bereziei egokitzea ere, Jaurlaritzaren Kontseiluak Ikus-entzunezko komunikazioari buruzko 231/2011 Dekretua onartu zuen, azaroaren 8an egindako bileran (2011ko azaroaren 23ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua).

Dekretu horren 7.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Jaurlaritzaren Kontseiluari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentziak emateko lehiaketa publikoaren oinarriak onartzea.

Ondorioz, Kulturako sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu ondoren, hauxe

ERABAKITZEN DUT:

Lehenengoa.- Euskal Autonomia Erkidegoan maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentziak emateko lehiaketa publikoaren oinarriak onartzea.

Bigarrena.- Baimena ematea Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzari, oinarri horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.- Lehiaketaren oinarriek administrazio-bidea amaitzen dute. Beraz, haien aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke egintza eman zuen organoari, hilabeteko epean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.1 artikulua, eta 116.1 eta 117.1 artikuluak), edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatuta (Administrazioarekiko auzien jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1 eta 46.1 artikuluak).

Erabakiaren eranskina.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN MAIZTASUN MODULATUKO UHIN METRIKOEN BIDEZKO IRRATI-KOMUNIKAZIOKO ZERBITZUAK ESKAINTZEKO LIZENTZIAK EMATEKO LEHIAKETA PUBLIKOAREN OINARRIAK

I. KAPITULUA

HELBURUA ETA ARAUBIDE JURIDIKOA

Lehenengoa.- Helburua.

Oinarri hauen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan irrati bidezko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua eskaini ahal izateko 34 lizentzia emateko lehiaketa publikoaren araubide juridikoa ezartzea.

Deialdiaren xede diren maiztasunak Euskal Autonomia Erkidegorako erabilgarri daudenak dira, Soinuaren Maiztasun Modulatuko Uhin Metrikoen bidezko Irrati-hedapenaren Plan Tekniko Nazionalean jasotako plangintzaren arabera (plan hori irailaren 1eko 964/2006 Errege Dekretu bidez onartu zen).

Aipatutako plan teknikoan zehaztutako ezaugarri teknikoen arabera, lehiaketa honen xede diren maiztasunak 14 bloketan multzokatu dira; jarraian zerrendatu dira bloke horiek.

1. Blokea.

(Ikus .PDF)

2. Blokea.

(Ikus .PDF)

3. Blokea.

(Ikus .PDF)

4. Blokea.

(Ikus .PDF)

5. Blokea.

(Ikus .PDF)

6. Blokea.

(Ikus .PDF)

7. Blokea.

(Ikus .PDF)

8. Blokea.

(Ikus .PDF)

9. Blokea.

(Ikus .PDF)

10. Blokea.

(Ikus .PDF)

11. Blokea.

(Ikus .PDF)

12. Blokea.

(Ikus .PDF)

13. Blokea

(Ikus .PDF)

14. Blokea

(Ikus .PDF)

Taulen azalpena.

(Ikus .PDF)

Bigarrena.- Euskarazko emisioen erreserba.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko azaroaren 8ko 231/2011 Dekretuak (aurrerantzean, «Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Dekretua») 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, gutxienez 11 lizentzia emango zaizkie emisio osoa euskaraz egiteko eskaintzak aurkezten dituzten lizitatzaileei. Honela banatuko dira, herriaren arabera:

- Bilbao: bi maiztasun.

- Durango: maiztasun bat.

- Getxo: maiztasun bat.

- Beasain: maiztasun bat.

- Donostia: bi maiztasun.

- Legazpi: maiztasun bat.

- Gasteiz: hiru maiztasun.

Azkenean, zein maiztasun zehatzen erreserba egingo den erabakitzeko, hogeita bosgarren klausulan aipatutako esleipen-arauak bete beharko dira. Beraz, ez dira aurrez identifikatu behar aipatutako erreserbaren eraginpean izango diren 11 maiztasunak.

Aurreko paragrafoan aipatutako erreserbek ez dute eraginik izango emisio osoa euskaraz egitea aurreikusiko duen eskaintza nahikorik ez badago. Aipatutako erreserbek ez dute eraginik izango, halaber, emisio osoa euskaraz egitea aurreikusiko duten eskaintzek zerbitzuaren beharrak betetzen ez badituzte, oinarri hauetako hogeita laugarren klausulan ezarritako atalaseen arabera.

Erreserba horretarako aukera izango dute soilik emisio-hizkuntza bakartzat euskara erabiliko duten zerbitzu-emaileek.

Horrez gain, musikan espezializatutako emisorek, erreserba horretarako aukera izan dezaten, bermatu beharko dute abestutako musikaren programazioan gutxienez ehuneko 25 euskaraz abestutako abestiak izango direla. Nolanahi ere, ehuneko hori honako ordu-tarte hauen barruan bete behar da: 07:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara.

Hirugarrena.- Araubide juridikoa.

Irrati bidezko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko lizentziadunek bete beharko duten araubide juridikoa honako arau hauek osatzen dute, funtsean (aplikagarri diren zatiek, zehazki):

- 7/2010 Lege Orokorra, martxoaren 31koa, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzkoa.

- 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.

- 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzekoa eta babestekoa.

- 32/2003 Lege Orokorra, azaroaren 3koa, Telekomunikazioei buruzkoa.

- 32/1988 Lege Orokorra, azaroaren 3koa, Publizitateari buruzkoa.

- 2/1984 Lege Organikoa, martxoaren 26koa, Zuzenketa-eskubidea arautzen duena.

- 10/1982 Oinarrizko Legea, azaroaren 24koa, Euskararen Erabilera Normalizatzekoa.

- 1/1982 Lege Organikoa, maiatzaren 5ekoa, Ohorerako, Norberaren eta Familiaren Intimitaterako eta Norberaren Irudirako Eskubidearen Babes Zibilari buruzkoa.

- 231/2011 Dekretua, azaroaren 8koa, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzkoa.

- 964/2006 Errege Dekretua, irailaren 1ekoa, Soinuaren Maiztasun Modulatuko Uhin Metrikoen bidezko Irrati-hedapenaren Plan Tekniko Nazionala onartzen duena.

- 1066/2001 Errege Dekretua, irailaren 28koa, jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoetarako murriztapenak eta emisio erradioelektrikoetatik babesteko neurriak ezartzen dituen Araudia onartzen duena.

Era berean, aplikagarri izango dira honako oinarri hauek, eta gainerako arau osagarriak eta aipatutako arauekin bat datozenak.

Laugarrena.- Gaitasun orokorra.

Lizentzia baten titular izateko, honako baldintza hauek bete behar dira:

1.- Pertsona fisikoek Europako Esparru Ekonomikoko kide den estaturen bateko nazionalitatea izan behar dute; edo beste edozein estatutakoa, baldin eta, estatu horretako barne-araudiaren arabera, espainiarrei eskubide hori aitortzen bazaie.

2.- Pertsona juridikoek Europako Esparru Ekonomikoko kide den estaturen batean izan behar dute egoitza soziala; edo beste edozein estatutan, baldin eta, estatu horretako barne-araudiaren arabera, enpresa espainiarrei eskubide hori aitortzen bazaie.

3.- Titularrak egoitza Espainian duen ordezkaria izan behar du, jakinarazpenak bidaltzeko.

4.- Pertsona juridikoen kasuan, baldin eta haien kapital sozialean Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren herrialdeetako pertsona fisiko edo juridiko nazionalek partaidetza badute, partaidetza horrek elkarrekikotasun-printzipioa bete behar du.

Gainera, Europako Esparru Ekonomikoko kide ez den herrialderen bateko pertsona fisiko edo juridiko nazional baten banakako partaidetza ezin da izan kapital sozialaren % 25 baino handiagoa, ez zuzenean ez zeharka. Orobat, Europako Esparru Ekonomikoko kide ez den herrialderen bateko pertsona fisiko edo juridiko nazional batek baino gehiagok pertsona juridiko berean duten partaidetza, guztira, kapital sozialaren % 50 baino txikiagoa izan behar da.

Bosgarrena.- Mugak, ikus-entzunezko ordena publikoko arrazoiak direla-eta.

Honako egoera hauetakoren batean dauden pertsona fisikoak edo juridikoak ezingo dira inolaz ere izan lizentzia baten titular:

1.- Lizentzia baten titular izan edo edozein estaldura-eremutarako aldez aurreko jakinarazpen bat egin eta jakinarazpen hori atzera botatzearen edo lizentziaren eragina baliogabetzearen bidez zigortu direnak, administrazio-ebazpen irmoaren bitartez, eskaera egin aurreko azken bi urteetan.

2.- Beren kapital sozialean aurreko paragrafoan azaldutako egoeran dauden pertsonen partaidetza handia edo, kasuan kasu, kontrol zuzeneko edo zeharkako kontroleko partaidetza duten sozietateak.

3.- Europako Esparru Ekonomikoko kide den beste estatu batean ikus-entzunezko zerbitzuak eman dituzten baina azken bi urteetan jarduteko debekua ezarri zaien pertsonak, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko printzipioen eta balioen aurka egiteagatik edo Europako eta Espainiako araudietan adingabeak babesteari buruz xedatutakoaren kontra egiteagatik.

4.- Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legeak 49. artikuluan ezarritako kontratatzeko debekuetakoren bat duten pertsonak.

Seigarrena.- Mugak, aniztasun-arrazoiak direla-eta.

Lehen aipatutako betekizunez gain, honako muga hauek ere errespetatu beharko dira:

1.- Pertsona fisiko edo juridiko berak ezin du inolaz ere kontrolatu -ez zuzenean ez zeharka- bere estaldura-eremuan funtsean batera izango diren lurreko soinuaren irrati-hedapen zerbitzurako administrazio-lizentzien ehuneko berrogeita hamar baino gehiago. Nolanahi ere, pertsona fisiko edo juridiko berak ezin du izan bost lizentzia baino gehiagoren gaineko kontrola, estaldura-eremu berean.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoan, pertsona fisiko edo juridiko batek ere ezin du kontrolatu lizentzia bakar batek estaldura duen esparruetan dauden lizentzien ehuneko berrogei baino gehiago.

3.- Pertsona fisiko edo juridiko batek ere ezin izango du kontrolatu -ez zuzenean ez zeharka- Espainia osoan estaldura osoa edo partziala duten lurreko soinuaren irrati-hedapen zerbitzurako lizentzia guztien herena baino gehiago.

4.- Aldi berean kontrola daitezkeen lizentzien kopurua mugatzeko xedearekin, muga horiek zenbatzeko orduan ez dira kontuan hartuko erakunde publikoek zuzenean kudeatutako soinuaren irrati-hedapenerako emisorak. Artikulu honetan zehaztutako ondorioetarako, kontrola dagoela joko da Merkataritza Kodeko 42. artikuluan aipatutako kasuetan.

5.- Lehen aipatutako mugak era independentean aplikatuko zaizkie teknologia digitalarekin emititzeko lizentziei eta teknologia analogikoarekin emititzeko lizentziei.

Zazpigarrena.- Mugak, irrati-eskaintza dela-eta.

Lizitatzaile bakoitzak, aplikagarri izan daitezkeen beste muga batzuk gorabehera, herri bakoitzean lizitatuko den maiztasun beste irrati-eskaintza aurkez ditzake.

Horren ondorioetarako, «irrati-eskaintzatzat» joko da, oro har, eman nahi den irrati-hedapen zerbitzuaren bereizgarri diren ezaugarrien multzoa; eta, zehazki, irrati-formula, programazioaren egitura eta edukia, emisio-hizkuntza eta lortu nahi den entzuleria.

Hala ere, zerbitzu-eremua osatzen duten herrietako bakoitzean, lizitatzaile bakoitza lizentzia bakarraren titular izan daiteke, funtsean antzekoak diren irrati-eskaintza bakoitzeko. Era berean, lizitatzaile bakoitza lizentzia bakarraren esleipenduna izan daiteke, funtsean antzekoak diren eta bere estaldura-eremuan funtsean batera etortzen diren zerbitzu-eremuetako irrati-eskaintza bakoitzeko.

Bestalde, baldin lizitatzaile bat herri batean badago lizentzia baten bitartez, baina lizentzia horren titularra Merkataritza Kodeko 42. artikuluan ezarritako baldintzen arabera lotetsita ez dagoen hirugarren bat bada, lehiaketan eskainiko den lizentzietako baten esleipendun izan daiteke, baldin hirugarrenen bitartez emititzen duenaren antzeko irrati-eskaintza aurkezten badu, eta, betiere, bere titulartasunekoa ez den lizentziarekin emititzeari utziko diola hitz ematen badu.

Zortzigarrena.- Organo eskuduna.

Gobernu Kontseiluak du eskumena irrati bidezko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko lizentziak esleitzeko.

Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari dagokio lehiaketa honen administrazio-kudeaketa egitea, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Dekretuan eta oinarri hauetan Balioztatze Mahaiari esleitutako eskumenak gorabehera.

Bederatzigarrena.- Jabari publiko erradioelektrikoa ematea.

Lizentzia esleitzeak berekin dakar jabari publiko erradioelektrikoaren erabilera pribatiboa ematea, Estatuak egindako plangintzaren arabera.

Hamargarrena.- Zerbitzua emateko baldintzak.

Esleipendunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Zerbitzua zuzenean emateko betebeharra; dena den, lizentzia besterentzeko edo alokatzeko aukera izango dute, legez ezarritako baldintzak betez gero.

b) Administrazio-agiria sinatzen denetik hasita urtebeteko epean hasi behar dira emititzen. Nolanahi ere, emititzen hasi aurretik, nahitaezko administrazio-izapideak egin behar dira.

c) Plan Tekniko Nazionalean ezarritako emisio-parametro teknikoak errespetatu behar dira, bai eta organo eskudunak onartutako proiektu teknikoan jasotako ezaugarriak ere.

d) Lizentzia esleitu eta gero organo eskudunek maiztasun- eta potentzia-aldaketei buruz emango dituzten ebazpenak ontzat hartu eta bete behar dira.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunari aldez aurreko baimena eskatu behar zaio, lizentzia xede izango duten negozio juridikoak egiteko.

f) Lankidetzan jardun behar dute, eta lizentziaren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko egin beharko diren egiaztapenak egiten lagundu behar dute.

g) Emandako programa guztiak agiritegian gorde behar dituzte, bai eta merkataritzako jakinarazpenak ere, sei hilabetez, lehenengoz emititzen den egunetik aurrera; eta programa horiei buruzko datuak ere erregistratu behar dituzte.

h) Lizentziari loturiko ekitaldiak, gertaerak edo negozioak Euskadiko ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu-emaileen erregistroan inskriba daitezela eskatu behar dute, eta erregistro hori arautzen duten xedapenetan ezarritako baldintzetan inskribatu behar dira. Dena den, araudi hori betez, inskripzio batzuk ofizioz egin beharko dira.

i) Emisio osoa euskaraz egin behar dute, baldin oinarri hauetako bigarren klausulan aipatutako erreserbarako lizentzien esleipendun diren zerbitzu-emaileak badira.

j) Webgune bat izan beharko dute, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Legeak (aurrerantzean, «Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Legea») 6. artikuluan xedatutakoa betetze aldera.

k) Emisio jarraitua emango dutela bermatu behar dute, eta proposamenean hartutako konpromisoak -lizentzia emateko oinarritzat hartu zirenak- bete behar dituzte.

l) Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak ezartzen dituen gainerako betebeharrak konplitzea.

Aurreko a), c), d), e), g), i) eta k) idatz-zatietan jasotako betebeharrak joko dira zerbitzuaren funtsezko baldintzatzat.

Hamaikagarrena.- Lizentzien iraupena eta berritzea.

Oinarri hauetan aipatutako lizentziak hamabost urterako emango dira.

Lizentziak automatikoki berrituko dira, hasieran hitzartutako epe bererako, baldin eta:

a) Lizentziaren titular izateko eskatzen diren baldintzak betetzen badira, eta zerbitzua emateko ezarritakoak bete badira.

b) Ez badago bat-batean etorritako edo gaindiezin den eragozpen teknikorik, eraginpeko lizentzien espektroari lotuta.

c) Zerbitzuaren titularrak egunean baditu jabari publiko erradioelektrikoa erreserbatzeagatiko tasen eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Legean ezarritako tasen ordainketak.

Salbuespenez, aurreko paragrafoan azaldutako lizentzia-berritzea ez da automatikoki egingo, eta lehia askeko araubideari jarraikiz esleitu beharko da, baldin honako hauek gertatzen badira:

a) Espektro erradioelektrikoa agortuta badago.

b) Lizentzia lortu nahi duen besteren bat badago.

c) Mugaeguna baino gutxienez 24 hilabete lehenago eskatzen badute.

d) Esleipendunak edo esleipendunek lizentzia eskuratu zutenean aintzat hartu ziren baldintza berak betetzen baditu eskatzaileak edo eskatzaileek.

Hamabigarrena.- Lizentzien gaineko negozio juridikoak.

Irrati-komunikazioko zerbitzuaren lizentzia xede duten negozio juridikoak egiteko, aurrez ikus-entzunezko komunikazioaren arloan eskuduna den organoaren baimena beharko da, eta legez ezarritako tasa ordaindu beharko da.

Baimen-eskabidearekin batera, agiri pribatu bat aurkeztu beharko da. Agiri horretan, alderdiek adierazi behar dute negozio juridikoa egiteko asmoa dutela, eta asmo hori gauzatzeko era, epea eta baldintzak ezarri behar dituzte. Edo, kasuan kasu, agiri publiko bat aurkeztu behar dute, eta hori ikus-entzunezko komunikazioaren arloan eskumena duen organoaren baimenak berariaz baldintzatuko du. Halaber, espedientea bideratzeko eta ebazteko beharrezko izango den bestelako informazioa edo agiriak eska daitezke.

Baimena ukatuko da soilik eskatzaileak ez badu egiaztatzen baimena eskuratzeko legez ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela, edo ez badago prest aurreko titularraren betebeharrak betetzeko.

Lizentzia eskualdatzeko eta alokatzeko, gainera, oinarrizko legedian ezarritako baldintzak bete behar dira.

Hamahirugarrena.- Ikus-entzunezko lizentziak iraungitzea.

Lizentzia iraungiko da lizentzia eman zenean ezarritako balio-epea bukatu bada eta berritu ez bada, honako arrazoi hauek direla-eta: titularraren nortasun juridikoa iraungi delako, salbu enpresen bategiteak edo kontzentrazioak egiten direnean; titularra hil bada edo ustekabean ezinduta geratu bada; lizentzia baliogabetu delako; titularrak uko egin diolako; eta ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko ordaindu behar diren tasak ez ordaintzeagatik.

Administrazio-egintzak ofizioz berraztertzeari buruz azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa gorabehera, lizentzia baliogabetu daiteke honako arrazoi hauek direla-eta: legez emititzen hasteko betebeharra ezarri zenetik 12 hilabeteko epean erabili ez delako; lizentzia eman zenean ezarritako helburuak eta modalitateak ez diren bestelakoetarako erabili delako; edo administrazio-zigor irmoa ezarri delako, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Legean xedatutakoaren arabera.

Baldin eta sozietateak Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Legeak 26.1.b) artikuluan azaldutako egoeraren batean badaude, lizentzia ez da berrituko, hirugarren batek partaidetza edo, kasuan kasu, kontrol esanguratsua eskuratu duela kausa, baldin eskuratze hori sozietate lizentzia-hartzailea kaltetzeko asmoz egin badute. Hala egiten badute, beren lizentzia baliogabetu ahal izango da.

Nolanahi ere, kalte egiteko asmoa izan dela joko da, baldin eta partaidetza eskuratzeko erabakia ez bazaio berehala eta modu fede-emailean jakinarazi sozietateko administrazio-organoari. Eskuratzailea ezingo da izan sozietateko administrazio-organoko kide; ez bera, ez bere ordezkariaren bitartez.

Eskuratzearen berri izan eta gero, sozietateak eskuratutako partaidetza eskuratutako prezio berean atzera eskuratzeko eskubidea erabil dezake, hiru hilabeteko epean. Partaidetza eskuratu ondoren, sozietateak urtebeteko epea izango du partaidetza besterentzeko edo, hala egin nahi ez badu, partaidetza kapital soziala murriztuz amortizatzeko.

Hamalaugarrena.- Zehapen-araubidea.

Zehapen-ahalmena honako hauetan xedatutakoa betez erabiliko da: Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Legeak VI. tituluan xedatutakoa; Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa; Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean agindutakoa; eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Dekretuan xedatutakoa.

II. KAPITULUA

PROPOSAMENAK AURKEZTEA

Hamabosgarrena.- Proposamenak aurkezteko era.

Proposamena honako hauek osatuko dute: eskaerak, 1. gutun-azalak (administrazio-agiriak) eta 2. gutun-azalak (proposamen teknikoa). Bi gutun-azalak itxita aurkeztu behar dira.

Bat.- Eskaera.

Lizitatzaileek eskaera bakarra aurkeztu behar dute, eskatzaileak edo haren behar bezala ahaldundutako legezko ordezkariak sinatuta. Eskaera Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendariari bidali behar zaio, eta bertan jasota izan behar da lizitazioan eskatuko diren lizentzien zerrenda (herria eta maiztasuna), oinarri hauetako I. eranskineko ereduaren arabera.

Bi.- 1. gutun-azala.

Lizitatzaileek 1. gutun-azal bakarra aurkeztu behar dute, nahiz eta lizentzia bat baino gehiago eskatu.

Hiru.- 2. gutun-azala.

Herri eta maiztasun bakoitzeko 2. gutun-azal bat baino gehiago aurkeztuz gero, interesdun horrek eraginpeko herrirako eta maiztasunerako aurkeztu dituen eskaera guztiak baztertuko dira.

Horren ondorioetarako, interesdun berak aurkeztu dituela joko da sozietate-multzo bereko enpresei dagozkien proposamen tekniko guztiak (sozietate-multzotzat Merkataritza Kodeko 42. artikuluan xedatutakoa hartuko da).

Gutun-azalen kopurua.

Oro har, 2. gutun-azal bat aurkeztuko du interesdunak, eskatzen duen lizentzia bakoitzeko.

Dena den, ahalik eta gutun-azal gutxien erabiliko dira, prozesu-ekonomiaren amoreagatik. Horrenbestez, baldin eta interesdun batek lizentzia bat baino gehiago eskuratzeko eskaera egiten badu, honako agiri hauek aurkeztu ahalko ditu:

a) Parametro tekniko berdinak dituzten herriak: Getxo, Gernika, Donostia, Beasain, Azkoitia eta Legazpi; interesdunak 2. gutun-azal bakarra aurkeztu ahalko du herri bakoitzean lizitatzeko aurkezten duen irrati-eskaintza bakoitzeko.

b) Parametro tekniko desberdinak dituzten herriak: Bilbao (1. eta 2. blokeak), Durango (4. eta 5. blokeak) eta Gasteiz (7. bloketik 10.era); interesdunak 2. gutun-azal bakarra aurkeztu ahalko du bloke bakoitzean lizitatzeko aurkezten duen eskaintza bakoitzeko.

Nolanahi ere, gutun-azalen kopurua ez da murriztuko aurkezten diren proposamen teknikoak berdin-berdinak ez badira.

Errepikak saihestea.

Aurreko paragrafoetan adierazitako gutun-azalak aurkezteko beharra gorabehera, behar ez den errepikatzerik izan ez dadin, lizitatzaileak irrati-eskaintza berarekin zenbait maiztasun-bloketan lizentzia bat baino gehiago eskuratu nahi baditu, soilik gutun-azaletako batean aurkeztu ahal izango du eskaintza teknikoaren garapen osoa, hogeigarren klausulan adierazi bezala. Eskaintza hori oinarri-eskaintza izango da. Gainerako gutun-azaletan berariaz adierazi beharko da zein gutun-azaletan sartu den eskaintza teknikoaren garapen osoa, eta gutun-azal bakoitzean oinarri-eskaintzarekin bat ez datozen atalen garapena baino ez da jasoko.

Hamaseigarrena.- Proposamenak aurkezteko epea.

Proposamenak 30 egun naturaleko epean aurkeztu behar dira, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Hamazazpigarrena.- Proposamenak aurkezteko lekua.

Proposamenen hartzailea Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritza izango da, eta Kultura Saileko Erregistro Orokorrera eraman behar dira (Donostia kalea 1, 01010 PK, Gasteiz). Edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4. artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan utz daitezke.

Hemezortzigarrena.- Fidantza.

Deialdi honen xede diren lizentziak emateko lehiaketan parte hartu ahal izateko, ezinbestean frogatu beharko da eskatuko den lizentzia bakoitzerako fidantza bat eratu dela, IV. eranskinean adierazitako zenbatekoko fidantza, hain zuzen.

Egindako eskaera (lizitazioan eskatuko den lizentzia bakoitzaren eskaera, zehazki) lizentziak emateko prozedura bukatu arte mantentzeko izango da fidantza hori.

Lehiaketa ebatzi aurretik eskaera arrazoirik gabe kentzen duten lizitatzaileei fidantza konfiskatuko zaie. Horren ondorioetarako, eskaera arrazoirik gabe kentzearen pareko izango da lizitatzaileak bere eskaerak bideraezin egingo duten akatsak edo funsgabetasuna dituela onartzea.

Fidantza dirutan edo abal bidez era daiteke. Abala Espainian jarduteko baimena duen edozein banketxek, aurrezki-kutxak, kreditu-kooperatibak, kredituko finantza-establezimenduk eta elkarrekiko berme-sozietatek eman dezake.

Eratutako bermeak iraungi eta itzuli egingo dira, lehiaketaren ebazpen-erabakia argitaratzen denean.

III. KAPITULUA

1. ETA 2. GUTUN-AZALEN EDUKIA

Hemeretzigarrena.- 1. gutun-azala. Administrazio-agiriak.

1. gutun-azalak honako izenburu hau izan behar du: «1. Gutun-azala. Administrazio-agiriak». Orobat, gutun-azal horren kanpoaldean lizitatzailearen identifikazio osoa agertu behar da, bai eta bere edo, kasuan kasu, bere ordezkariaren sinadura, helbidea eta telefono-zenbakia, faxa eta helbide elektronikoa ere.

Gutun-azalaren barruan sartu behar dira eskatzailearen nortasun juridikoa egiaztatzeko eta lizentziaren titular izateko gai dela ziurtatzen duten agiriak, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Legean jasotako betekizunen eta debekuen arabera.

Gutun-azalean sartutako agirien zerrenda ere erantsi beharko da, lizitatzaileak edo bere ordezkariak sinatuta, II. eranskinean ezarri bezala.

Hona hemen gutun-azal horretan aurkeztu behar diren agiriak:

a) Pertsona fisikoek nortasun agiri nazionala aurkeztu behar dute. Atzerritarrek pasaportea edo beren nortasuna egiaztatuko duen beste edozein agiri ofizial aurkeztu behar dute.

b) Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren estatuetako pertsona fisiko nazionalek kasuan kasuko estatuan dagoen Espainiako Ordezkaritza Diplomatiko Iraunkorraren txostena aurkeztu behar dute. Txosten horrek justifikatu behar du jatorri-estatuak espainiarrei ere aukera ematen diela ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak emateko.

c) Pertsona juridikoek identifikazio fiskaleko zenbakia egiaztatzeko agiria eta eraketa-eskritura aurkeztu behar dituzte, eta aldaketen edo eraldatze-eskritura ere bai, behar izanez gero. Eskritura Merkataritza Erregistroan erregistratuta izan behar da, baldin aplikagarri zaion merkataritzako legedian hala eskatzen bada. Hori beharrezko ez bada, eraketa-agiria, estatutuak edo sorrera-akta aurkeztu behar dira (agiri horretan helbide soziala eta jarduera zuzentzen duten arauak jasota izan behar dira), eta dagokien derrigorrezko erregistro ofizialean erregistratuta izan behar dira, kasuan kasu.

d) Europar Batasuneko estatu kideetako edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu zuten estatuetako pertsona juridiko ez espainiarrek dagokien erregistroan erregistratuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu behar dute, finkatuta dauden estatuko legediaren arabera; edo, erregistratze hori derrigorrezkoa ez bada, jarduteko gaitasuna dutela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar dute.

e) Aurreko paragrafoan aipatu ez diren estatuetako pertsona juridiko atzerritarrek jarduteko gaitasuna dutela egiaztatzen duen txostena aurkeztu behar dute. Txosten hori kasuan kasuko estatuan Espainiak duen ordezkaritza diplomatikoak egin behar du. Halaber, dagokien Espainiako Ordezkaritza Diplomatiko Iraunkorraren txostena aurkeztu beharko dute, eta txosten horrek adierazi behar du beren jatorri-estatuak Espainiako enpresei ere aukera ematen diela ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko.

f) Eskatzaileak ordezkariaren bitartez jarduten badu, ordezkariak lehiaketa honetan ordezkari izateko ahalmena duela egiaztatzen duen agiri fede-emailea aurkeztu behar du, eta, kasuan kasu, behar bezala erregistratuta izan behar da dagokion erregistro publikoan, tartean den pertsona juridiko motaren arabera. Aipatutako ordezkatze-agiri horrekin batera, proposamena sinatuko duen ahaldunaren edo ahaldunen nortasun-agiri nazionala aurkeztu behar da.

g) Sozietate-izaera duten pertsona juridikoek kapital sozialaren osaerari eta egiturari buruz dagokien gobernu-organoak egindako ziurtagiria aurkeztu behar dute, oinarri hauen III. eranskinean jasotako ereduaren arabera. Horren ondorioetarako, kapital sozialean partaidetza esanguratsua duten titularren izen-abizenak edo, kasuan kasu, sozietatearen izena eman behar dituzte, bai eta identifikazio fiskaleko zenbakia ere, eta zuzenean zein zeharka dituzten partaidetzen ehunekoak adierazi behar dira. Horri lotuta, partaidetza esanguratsutzat joko da, zuzenean edo zeharka,

- kapital sozialaren % 5 bada.

- bozkatzeko eskubideen % 30 edo gutxiago bada, horrek partaidetza eskuratu eta hurrengo 24 hilabeteetan sozietateko administrazio-organoko kideen erdiak baino gehiago izango den kontseilari-kopurua izendatzeko balio izanez gero.

Baldin eta kapital sozial horretan Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren herrialdeetako pertsona fisikoek edo juridikoek partaidetza badute, ziurtagiriaz gain, dagokion estatuan egongo den Espainiako Ordezkaritza Diplomatiko Iraunkorraren txostena eman beharko da. Txosten horrek egiaztatu behar du jatorri-estatuak ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak ematea xede duten pertsona juridikoetan espainiarrek partaidetza izatea onartzen duela.

h) Erantzukizunpeko adierazpena, ikus-entzunezko ordena publikoko arrazoiak direla-eta, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Legeak 26. artikuluan ezarri dituen mugen pean ez daudela egiaztatzen duena. Adierazpen horretan berariaz jaso behar da indarrean diren xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, oinarri hauetako V. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

i) Erantzukizunpeko adierazpena, irrati bidezko ikus-entzunezkoen merkatuan izan behar den aniztasunari lotuta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Legeak 37. artikuluan ezarritako debekuen eraginpean ez daudela ziurtatzen duena. Adierazpena VI. eranskinean ezarritako ereduaren arabera egin behar da.

j) Eratutako fidantzak, hemezortzigarren klausulan xedatutakoaren arabera. Baldin eta fidantza dirutan eratu bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiak egindako frogagiria aurkeztu beharko da. Hemezortzigarren klausulan aipatutako beste kasuan, dagokion abala aurkeztu beharko da.

Aurreko a), b), c), d), e), f) eta g) idatz-zatietan aipatutako agirien kopiak aurkez daitezke, jatorrizko agiriaren ordez. Lizentzia esleitu aurretik, esleipendun proposatu denari eskatuko zaio aipatutako agiriak aurkez ditzala (jatorrizkoa edo behar bezala konpultsatutako kopia), lizentzia esleitzeko eska daitezkeen gainerako agiriekin batera.

Aurreko h) eta i) idatz-zatietan aipatutako adierazpenak eta j) idatz-zatian aipatutako fidantza jatorrizko agiriaren bidez aurkeztu behar dira.

Administrazioak beretzat gordeko du aurkeztutako agiriak ea egiazkoak diren edozein unetan egiaztatzeko ahalmena, dela lizentzia esleitu aurretik, dela lizentzia indarrean den bitartean. Administrazioak bere kabuz egin ditzake egiaztapenak, edo lizentziaren titularrari edo lizitatzaileari eska diezazkioke agiri edo txosten osagarriak. Emandako datuak gezurrezkoak badira edo zehatzak ez badira, eskaera atzera botako da edo, kasuan kasu, lizentzia baliogabetu egingo da, eta hortik eratorriko diren erantzukizunak eska daitezke.

Hogeigarrena.- 2. gutun-azala. Proposamen teknikoa.

2. gutun-azalak honako izenburu hau izan behar du kanpoaldean: «2. Gutun-azala. Proposamen teknikoa», eta proposamen tekniko horrekin lehiaketan zein herri eta maiztasun (maiztasun bat edo gehiago) eskuratzeko parte hartuko den adierazi behar da. Halaber, lizitatzailearen identifikazio osoa agertu behar da, eta bere edo, kasuan kasu, bere ordezkariaren sinadura, bai eta irrati-eskaintzari dagokion izen komertziala ere.

2. gutun-azalaren barruan proposamen teknikoa sartuko da, hiru aletan eta soilik euskarri elektronikoan (CD edo DVD, idatzitakoaren gainean berriz idazteko aukerarik ematen ez dutenak). Proposamen teknikoa PDF formatuan aurkeztuko da, eta bere edukiak zenbakitutako 100 orrialde edo gutxiago izan behar ditu. Orriak zuriune bikoitzarekin idatzita egon behar dira, eta 12 eta 14 puntu arteko letra-tamaina erabili behar da.

Proposamen teknikoaren egitura eta edukia klausula honen hurrengo ataletan zehaztutakoaren araberakoa izan behar da, nahitaez.

Proposamen teknikoa osatzen duten elementuek bat etorri behar dute batak bestearekin. Era berean, proposamen teknikoa eratzen duten atalei dagozkien konpromisoak argi eta zehatz azaldu behar dira.

Bat.- Laburpena.

Bost orrialde izango ditu gehienez ere, eta honako informazio hau jaso behar du, gutxienez:

a) Lizitatzailearen aurkezpen laburra;

b) Bere irrati-eskaintzaren ezaugarriak: irrati-formatu mota (orokorra, espezializatua -gaia adierazi behar da- edo mistoa), programazioaren egitura eta edukiak, nahiz xede izango den entzuleria;

c) Ustiapen-eredua;

d) Zerbitzuaren ustiapenerako esleitutako baliabide teknikoak, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak.

e) Soinuaren bidezko irrati-zerbitzuak ematearen arloan edo beste hedabide batzuk kudeatzearen alorrean duen esperientzia; eta

f) Garrantzitsutzat joko duen beste edozein informazio.

Proposamenean aurkeztuko den emisora-proiektuko irrati-eskaintzarako pentsatutako izen komertziala adierazi behar da. Izen horrek bat etorri behar du 2. gutun-azalaren kanpoaldean adieraziko den izenarekin. Baldin eta irrati-eskaintza hori lehendik badago EAEn edo beste edozein esparrutan, izen komertzialak bat etorri behar du enpresa lizitatzailea erabiltzen ari den markarekin. Baldin eta aurkeztuko den proiektua guztiz berria bada, lizitatzaileak adieraziko duen izen komertziala bere emisorarako aurreikusita duena izango da. Gero, esleipendun bada, izen hori alda daiteke.

Bi.- Emisora-proiektua.

Emisora-proiektua garatzeko orduan, aintzat hartu behar dira honako hauek:

a) Programazio-proposamena.

b) Proposamen ekonomikoa eta egiturarena.

c) Proposamen teknologikoa.

d) Ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu-emaileen eskaintzak aniztasunari egingo dion ekarpena.

e) Enplegua sustatzea.

f) Programazioa euskaraz emititzeko konpromisoa.

A) Programazio-proposamena.

Programazio-proposamenean eredu-parrilla bat sartu behar da, VII. eranskin gisa jarrita dagoen ereduaren arabera. Parrilla horretan adieraziko dira asteko zazpi egunetan eta eguneko hogeita lau orduetan emango diren programak (baldin ordu-tarteren batean ezer eman nahi ez bada, «emisiorik ez» jarri behar da laukian). Eredu-parrillan argi eta garbi ikusi behar da programa bakoitzak izango duen iraupena. Lehenago emandakoa berriz ematen bada eta programazio-tarteren bat grabatuta badago, xehetasun horiek adierazi egin behar dira. Halakoetan, programa bakoitzeko honako hauek adierazi behar dira:

- Izena edo identifikazioa (baldin izenik ez badu).

- Iraupena; eguna eta hasiera- eta amaiera-orduak adierazi behar dira.

- Ekoizpenaren jatorria; ea EAEn bertan ekoitzitako programa den edo beste edozein tokitan ekoitzia den adierazi behar da. Baldin EAEn ekoitzia bada, ea programa osorik emisoraren estaldura-eremuan ekoitzi den ala ez adierazi behar da. Emisorako bertako ekoizpena eta kanpokoa biltzen dituen programa bada, bertako ekoizpenari dagokion denbora adierazi behar da.

- Programa-mota (albistegia, musikala, kirolari buruzkoa, kulturala/hezigarria/zerbitzuei edo komunitate-arretari buruzkoa, erlijio-gaiei buruzkoa, lehiaketak, parte-hartzezkoa edo beste motaren batekoa). Baldin programa bat kategoria batean baino gehiagotan sailka badaiteke, kategoria bakoitzari zenbat denbora dagokion azaldu behar da.

- Xede izango den entzuleria.

- Emisorako langile ez diren kanpoko beste pertsona batzuen parte-hartzea, baldin halakorik badago (gonbidatuak, gizarte-taldeak, adituak eta abar).

- Programa zein hizkuntzatan emango den.

- Kateko emisioa (halakoetan, identifikatu katea).

- Programaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lotura; hau da, ea programaren edukiak EAEko eduki espezifikoak diren ala ez.. Baldin EAErekiko eta estaldura-eremuarekiko lotura partziala bada, EAEko eta, hala badagokio, estaldura-eremuko gaietarako edo kontuetarako zenbat denbora erabiliko den adierazi behar da.

Horrez gain, eredu-parrillaren bitartez azaldutako programazioaren deskribapenarekin bat etorriz, hogeita laugarren klausulako A.1 atalean aipatutako balioztatze-atalei loturiko konpromiso zehatzak adierazi behar dira, hots:

- Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitziko den programazioaren ehunekoa.

- Emisoraren estaldura-eremuan bertan berariaz ekoitziko den programazioaren ehunekoa.

Programazioari loturiko balioztatze irizpideetan, ez zaie punturik emango lizitatzaileak azaldutako konpromisoaren eta eredu-parrillatik aterako diren datuen artean desadostasunen bat izango duten atalei.

Programazioan, gero, aldaketak egiteko, eredu-parrillako oinarrizko ildoak eta lehiaketa honetan hartutako konpromisoak errespetatu beharko dira.

B) Proposamen ekonomikoa eta egiturarena.

Proposamen ekonomikoa.

Lizitatzaileak Estatuan eta EAEn FMko soinu bidezko irrati-hedapenaren merkatua nola ikusten duen azaldu behar du labur, bai eta estaldura-eremuko errealitatearen gainean duen ikuspegi berezia ere. Zehazki, lizitatzaileak azaldu behar du, bere ustez, FMko irrati-hedapenak Estatuan, autonomia-erkidegoan eta lizentziak hartzen duen estaldura-eremuan zein erronka, aukera eta mehatxu dituen. Bere irrati-eskaintza egiteko garrantzitsutzat jo dituen alderdiak nabarmendu behar ditu, bai eta bere eskaintzak estaldura-eremuan nahiko sendo egoteko eta lizentziaren indarraldian mantentzeko interes nahikoa izango duela pentsarazten dioten elementuak ere.

Aurrekoarekin bat, lizitatzaileak lizentzia eta zerbitzua kudeatzeko pentsatu duen estrategia orokorra aurkeztu behar du, eta negozio-plana egin behar du. Negozio-planak honako hauek izan behar ditu barnean:

1) Inbertsioen eta kostuen plana. Emisora-proiektua ezartzeak ekarriko dituen inbertsioen eta kostuen aurreikuspena; honako hauek jaso behar dira aurreikuspen horretan:

- Azpiegituretan egin beharreko inbertsioa: ekoizpen-estudioak, ekipamendua...

- Sarea ustiatzearen kostuak: kontribuzioa, garraioa eta hedapena.

- Ekoizpen-kostuak eta programazioko edukien kudeaketa.

- Amortizazioen plana.

2) Merkatu-azterketa; honako informazio hau jaso behar da:

- Publizitate-estrategia:

· Lehia.

· Bezero izan daitezkeenak (publizitatea).

· Entzule izan daitezkeenak.

- Sustapenean eta publizitatean jarraitu beharreko salmenta-estrategia.

- Etorkizuneko aurreikuspenak.

- Merkataritza-estrategiari loturiko beste edozein alderdi, aipatu beharrekotzat jotzen dena.

3) Finantza- eta negozio-plana. Honako informazio hau jaso behar da:

- Finantzaketa-aurreikuspenen zerrenda (finantzaketaren zenbatekoak, zehaztapenak eta baldintzak zehaztu behar dira) eta lizitatzailearen aktiboen gainean ezarri beharreko fidantzak.

- Indarraldian izandako galeren eta irabazien kontua (sarreren eta gastuen xehetasunak banakatuta adierazi behar dira, sarrera eta gastu moten arabera).

- Lizentziaren indarraldiko lehen hiru urteetarako aurreikusitako balantzeak.

Egitura-proposamena. Lizentzia ez besterentzeko edo alokatzeko konpromisoa.

Lizentziaren titularrak zerbitzua emateko zein ustiapen-erregimen aurreikusi duen azaldu behar du, eta soinu bidezko irrati-hedapeneko zerbitzurako lizentzien titular diren beste enpresa batzuekin programak emititzeko hitzarmenak egin dituela adierazi behar du, baldin halakorik egin badu. Orobat, zerbitzua emateko, oro har, hirugarrenek parte hartuko dutela aurreikusi bada, lankidetza hori ere aipatu behar da.

Horrez gain, berariazko konpromiso bat sar daiteke, eta konpromiso horretan adieraz daiteke guztira zenbat urtez ez den lizentzia besterenduko edo alokatuko, edo ez den lizentziaren ustiapena lagako, lizentzia hasieran esleituko den egunetik bi urte igaro eta gero.

C) Proposamen teknologikoa.

Honako atal hauek izango ditu:

1.- Obrak eta instalazioak egiteko plana.

Eskatzaileak emisorak funtziona dezan beharrezko izango diren obrak eta instalazioak egiteko plana aurkeztu beharko du, administrazio-izapideetan ezarri bezala. Lanak zein ordenatan egin behar diren eta aldi berean egin daitezkeen ala ez ikusteko moduan antolatu behar du. Estudioak hornitzeko zer-nolako ekipamendu teknikoa eta materiala erabiltzeko asmoa duen azaldu behar du, eta bereziki nabarmendu behar ditu errealizazioari eta ekoizpenari loturiko alderdiak. Horrez gain, estudioak zein tokitan jartzea aurreikusi duen ere adierazi behar du (kale-izendegia).

Estazio igorlea non jartzeko asmoa duen jakinarazteko proposamenean xehetasunak eman behar ditu, plano zehaztuen bitartez, 30 T ardatzeko UTM koordenatuetan, ED50 proiekzioarekin. Instalazioaren bermeak ere adierazi behar ditu, eta kokatuko den jabetza-eremuaren titularra nor den eta eremu hori okupatzeko titulu juridikoa ere aipatu behar ditu.

Emisio-estazioa jartzeko aukeratutako lekuaren inguruaren, lur-eremuaren, zuhaiztiaren, eraikinen eta urbanizazioaren deskribapen zehatza egin behar da, bai eta hedapenean eragina izan dezaketen eta norabide jakin batzuetan estaldura muga dezaketen beste azpiegitura batzuena ere. Eskaerako parametro teknikoak kontuan hartuta proposatu duen kokalekua zergatik aukeratu duen ere xehetasunez azaldu behar du. Honako alderdi hauek aipatu behar ditu, gutxienez:

- Zentro igorlearen izena eta kokalekua (UTM koordenatuak eta kota).

- Zentro igorlearen ezaugarriak, harako sarbidearen deskribapena, segurtasun hesiak, dorrearen deskribapena eta garaiera.

- Zentro igorlerako proposatutako parametro teknikoen deskribapena: igorlearen irteerako potentzia, sistema erradiatzailea, FMko Soinu bidezko Irrati-hedapenaren Plan Tekniko Nazionalarekin bat datorrela justifikatzen duen azimut-en norabidea (norabide-diagrama edo norabide gabekoa eta abar), irabazia, erradiatutako itxurazko potentzia ondoriozkoa eta abar.

- Kalkulatutako estaldura: lurraldeko estalduraren simulazioa, GIS kalkulu-tresnaren bidez, aurreko puntuan proposatutako parametroekin; eta, egindako kalkuluen arabera, estaldura zein biztanle-eremutan izango duen ere adierazi behar da.

Orobat, seinalea estazio igorlera eramateko sistemak xehetasunez azaldu behar dira, baldin ekoizpen-estudioak dauden tokian jarriko ez bada.

2.- Kalitate-, jarraipen- eta fidagarritasun-plana.

Eskatzaileak, zerbitzua kalitatezkoa izango dela eta jarraipen teknikoa izango duela bermatzeko, eta instalazioak seguruak izango direla ziurtatzeko, bere irrati-proiektuan zein teknika, baliabide eta tresna erabiliko diren zehaztuko du.

Zerbitzua kalitatezkoa izateko zerbitzu emango dion telekomunikazioetako operadorearekin sinatutako kalitate-hitzarmenak ere aipa ditzake, baldin halakorik egiten badu. Hitzarmenaren irismena eta xehetasunak ere adierazi behar ditu.

Eskatzaileak zerbitzuaren kalitate-plan bat aurkeztu behar du. Plan horretan honako gai hauek zehaztu behar ditu:

a) Egin duen proposamenaren arabera, eskaintza egingo duen zerbitzu-eremuan nola emango duen kalitate handiko zerbitzua, soinuaren maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati-hedapenerako; kalitate- eta funtzionamendu-alderdi eta -parametro zehatzak aipatu behar ditu.

b) Zerbitzua fidagarria izango dela eta funtzionatzen jarraituko duela bermatzeko prozesuak, ekipamenduen erredundantzia-prozeduren bitartez; jarraitutasuna eta energia hornitzeko larrialdiko sistema alternatiboak erabiliko direla bermatzeko mekanismoak baliatuz; eta matxura zehatzak gertatzen direnerako automatikoki birbidaltzeko prozedurak izanik. Laneko ingurumen-baldintzetarako proposatutako ekipamenduko funtsezko elementuen fabrikatzaileen arabera fidagarritasun-parametroak direnak zehaztu beharko dira.

c) Instalazioetan mantentze-lanak egiteko planak, bai prebentziozkoak bai zuzentzekoak; erantzun-denborak adierazi behar dira.

d) Matxurei antzemateko sistema, zerbitzua 24 orduz mantenduko dela ziurtatzeko, bai ekoizpen-estudioetan, bai hedapen-zentroan; matxuretan arreta emateko zerbitzua azaldu beharko da (entzulearen telefonoa, gorabeherak kudeatzeko CAU zentroa eta abar).

3.- Ingurumenerako eta osasuna babesteko plana.

Atal honetan, eskatzaileak honako informazio hau eman beharko du, zehaztuta:

a) Eskatzaileak nola proposatu duen emisora ezartzeak -bereziki, azpiegiturak jartzeak-ingurumenean izango duen eragina minimizatzea. Horrez gain, zehaztu beharko du nola bermatu nahi duen pertsonak era seguruan babestuta izango direla igorpen elektromagnetikoetatik, eta ez dela interferentziarik eragingo legez ezarrita dauden beste irrati-komunikazioko zerbitzu batzuetan.

b) Hondakinak jasotzeko eta tratatzeko ingurumen-plana, bai instalazioak egiteko fasean, bai ekipoetan mantentze-lanak egiteko eta ekipoak ordezkatzeko prozesuetan, bai eta instalazioen ingurua zaintzeko ere. Lizitatzaileak, halaber, proiektua egiteko energia berriztagarriak erabiltzeko planak zehaztu beharko ditu, baldin halakorik balego.

Eragin meteorologikoetatik babesteko baliabideak ere xehetasunez azaldu beharko ditu, bereziki tximistetatik babestekoak; hurbileko ingurunean sor daitezkeen suetatik babesteko baliabideak ere zehaztu beharko ditu.

c) Langileen osasuna babesteko planak, dela instalazioak egiteko fasean, dela zerbitzua funtzionatzen ari denean, mantentze-lanak barne.

Eremu elektromagnetikoetatik babesteko osasun-neurriak ere zehaztu beharko dira, irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuaren arabera (Dekretu horren bidez onartu zen erregelamendu batean datoz jasota jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoetarako murriztapenak eta emisio erradioelektrikoetatik babesteko neurriak).

4.- Azpiegiturak partekatzeko plana.

Baldin eta lehendik dauden telekomunikazio-azpiegiturak erabiltzea aurreikusi bada, esplizituki adierazi beharko da zein azpiegitura erabiliko den, eta zer helbururekin, bai eta ea bere jabetzakoak edo telekomunikazio-operadoreren batenak diren ere.

Azken kasu horretan, honako hauek adierazi beharko dira: telekomunikazio-operadore horren sozietate-izena; eskumen-titulua, Telekomunikazioen Merkatuko Batzordearen arabera; eta azpiegiturak partekatzeko sinatu diren aurrehitzarmenak.

Baldin azpiegiturak bere jabetzakoak badira, leku horretan zein beste irrati-komunikazio zerbitzu duen adierazi beharko du, eta espektro erradioelektrikoaren arloan eskuduna den administrazioak erreserbatuta dituen edo erabiltzen ari den maiztasunak zein diren azaldu behar du.

5.- Teknologia-berrikuntzako plana.

Atal honetan, eskatzaileak honako informazio hau eman beharko du, zehaztuta:

a) Multimedia-zerbitzuen eta -edukien ekoizpenean informazioaren gizartea eta inbertsioak sustatzeko egingo diren jarduerei buruzko informazioa.

b) Eskaintza egingo duen zerbitzu-eremuko teknologia eta industria garatzen laguntzeko jarduerei buruzko informazioa.

c) Enplegu-konpromisoaren maila eta sistema aurreratuen erabilera (RDS, TMC, DGPS, Netcasting); eta, zehazki, ekoizpen-, biltegiratze- eta hedatze-prozesu osoaren digitalizazio osoa, hasieratik bukaerara, honako hauekin: irrati-hedapenaren eta Internet bidezko hedapenaren arteko sinergiak, irratia nahieran eta abar.

d) Aurkeztuko den eskaintzak hartuko duen estaldura-eremuan eta hurbileko beste eremu batzuetan ez dauden zein zerbitzu ezarriko eta emango dituen.

e) Programak ekoizteko prozesuetara eta transakzio-prozesuetara eta seinaleak transmititzeko prozesura kontribuzio-bideetan zein banaketa-bideetan teknologia-berrikuntza ekarriko duten alderdiei buruzko informazio zehatza.

D) Ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu-emaileen eskaintzak aniztasunari egingo dion ekarpena

Lizitatzaileak lizentziaren xede den zerbitzu-eremuan eta EAEko beste zerbitzu-eremu batzuetan dagoela adierazi behar du, eta eremu horietan maiztasun modulatuko zein irrati-eskaintza duen eta zerbitzu emateko araubide juridikoa zein den zehaztu beharko du (lizentziaren titularra edo hirugarrenekin egindako hitzarmena). Idatziz jasota izan beharko dira herria eta maiztasuna, bai eta izen komertziala edo izango duen programazioa ere.

Orobat, baldin lizitatzaileak maiztasun modulatuan irrati-komunikazioko zerbitzuen lizentziadun diren beste sozietate batzuetan partaidetza badu, dagokion partaidetzaren ehunekoa adierazi behar du.

Zerbitzu-eremuan besteren lizentziaren bitartez dagoen lizitatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat ere eman dezake. Adierazpen horren bitartez, bere titulartasunekoa ez den lizentzian emititzeari utziko diola agindu behar du, baldin lizentziaren esleipendun bada.

Lizitatzaileak zehazki zer-nolako ezarpena izango duen jakiteko, enpresa horren titulartasunekoak diren emisoren kopuruari buruzko datuak osatu behar dira elkartze-kontratu, afiliatze-kontratu edo beste mota bateko kontratu pribaturen baten bitartez enpresa horri lotuta dauden emisorekin.

Gainera, arrazoitu beharko du lizitatzaileak eta bere emisora-proiektuak zergatik egiten dioten mesede irrati-komunikazioaren zerbitzu-emaileen aniztasunari, zerbitzuak estaldura izango duen eremuan.

E) Enplegua sustatzea.

Atal honetan, lizitatzaileak azaldu beharko du lizentzia eskuratzeak zenbateraino lagunduko duen enplegua sustatzen Euskal Autonomia Erkidegoan.

Horrez gain, emisorak urtero arloka edo sailka izango duen langile-zerrendaren eta antolamenduaren egitura ere zehaztu beharko du. Horri lotuta, lanpostu bakoitzerako zein lanbide-profil izan beharko den azaldu beharko du, eta zer-nolako prestakuntza akademikoa eta lanbide-prestakuntza eskatuko diren zehaztu beharko du. Gainera, argi eta garbi adierazi behar du zein lanpostu beteko diren kontratazio berrien bidez, eta zein beteko dituzten eskatzaileak edo eskatzailearen bazkide-taldeak lehendik dituen langileek.

F) Programazioa euskaraz emititzeko konpromisoa.

Lizitatzaileak adierazi behar du euskaraz programazioaren zein ehuneko emateko konpromisoa hartuko duen. Ehuneko horrek bat etorri behar du oinarri hauetako hogeigarren klausulako A atalean aipatutako eredu-parrillan ageri diren programen deskribapenean emandako datuekin.

IV. KAPITULUA

PROPOSAMENAK BALIOZTATZEA

Hogeita batgarrena.- Balioztatze Mahaia.

Balioztatze Mahaia Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari atxikita izango da.

Gobernu Kontseiluak izendatuko dituen bost pertsonek osatuko dute. Balioztatze Mahaiko kide izango dira Kontrol Ekonomikoko Bulegoko kontu-hartzaile bat eta Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzako teknikari bat. Bi kide horiek dagozkien sailek proposatuta izendatuko dira. Gainerako kideak Kultura Sailak proposatuta izendatuko dira.

Izendatzeko proposamenak Gobernu Kontseilura eramango ditu Kultura sailburuak.

Balioztatze Mahaiko lekuren bat bete gabe badago, edo kideren bat ez badago edo gaixo badago, maila bereko funtzionario edo agintari batek beteko du haren lekua.

Balioztatze Mahaiak kanpoko aholkularien laguntza eska dezake prozesuko edozein unetan. Aholkulariak bileretara joan ahal izango dira, eta hitza izango dute, baina botorik ez.

Balioztatze Mahaiak egokitzat joko dituen txosten teknikoak eska ditzake.

Hogeita bigarrena.- 1. gutun-azala irekitzea (administrazio-agiriak).

Proposamenak aurkezteko epea amaitzen denean, Balioztatze Mahaiak bilera egingo du, garaiz eta behar bezala aurkeztu diren agiriak aurrez kalifikatzeko.

1. gutun-azaleko agiriak aztertu eta gero, baldin Balioztatze Mahaiak ikusi badu akatsak daudela edo datuak falta direla, baina zuzen daitezkeela, erabaki bat hartuko du; alegia, lizitatzaileei hamar eguneko epea emango die akatsa zuzen dezaten edo nahitaezko agiriak aurkez ditzaten. Horrez gain, jakinaraziko zaie, baldin hala egiten ez badute, beren eskaera baztertu egingo dela.

Hori eskatzeko, aipatutako erabakia Kultura Sailaren webgunean argitaratuko da, 2012ko maiatzaren 2an (http://www.kultura.ejgv.euskadi.net/r46-kghz/es).

Baldin eta, egindako eskaera-kopurua dela-eta, ezinezko bada aipatutakoa eskatzeko erabakia aurreko paragrafoan adierazitako egunean argitaratzea, Balioztatze Mahaiak Kultura Sailaren webgunean iragarriko du noiz argitaratuko den.

Eskaerak aurkezteko eta, kasuan kasu, akatsak zuzentzeko epea amaitzen denean, Balioztatze Mahaiaren erabaki bidez ebatziko da zein lizitatzaile geratuko den lehiaketatik kanpo, ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko lizentzien titular izateko beharrezko gaitasun-baldintzak betetzen dituztela frogatu ez dutelako.

Balioztatze Mahaiak erabakitako kanporatzearen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura sailburuari, hilabeteko epean, lehiaketatik kanpo utzi dela jakinarazten den egunetik aurrera.

Hogeita hirugarrena.- 2. gutun-azala irekitzea (proposamen teknikoa).

Aurreko fasea bukatu eta gero, lehiaketan jarraitzen duten eskatzaileen 2. gutun-azala irekiko da.

Balioztatze Mahaiak, 2. gutun-azalaren edukia ikusita, egokitzat joko dituen argibideak eska diezazkieke eskatzaileei. Argibideak eman behar dituen eskatzaileak bost egun balioduneko epea izango du, argitu beharrekoa argi dezan.

Hogeita laugarrena.- Lehiaketako balioztatze-irizpideak.

Balioztatze Mahaiak, proposamen teknikoak balioztatzeko, puntuak emango ditu. 0 eta 200 puntu artean emango ditu, jarraian adierazi diren irizpideen arabera, eta kasu bakoitzean ezarri diren tarteen barruan. Proposamenaren puntuazio osoa zein den jakiteko, balioztatze-multzo bakoitzean lortutako puntuazio partzialak batuko dira.

A. Programazio-proposamena. Gehienez ere 50 puntu emango dira.

B. Proposamen ekonomikoa (B1) eta egiturarena (B2). Gehienez ere 50 puntu emango dira; horietatik 36 puntu B1 atalean, eta 14 puntu B2 atalean.

C. Proposamen teknologikoa. 50 puntu emango dira, gehienez ere.

D. Ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu-emaileen eskaintzak aniztasunari egingo dion ekarpenagatik, 20 puntu emango dira, gehienez ere.

E. Enplegua sustatzea. 20 puntu emango dira, gehienez ere.

F. Programazioa euskaraz emititzeko konpromisoa. 10 puntu emango dira, gehienez ere.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Dekretuko 7.2.e) artikuluan xedatutakoaren arabera, B1) eta C) ataletan irizpide horietako bakoitzari esleitutako guztizko puntuazioaren % 50 lortu beharko da, gutxienez. Gutxieneko hori lortzen ez bada, joko da eskaintza teknikoak ez duela bermatzen zerbitzuaren beharrak beteko direla, eta, beraz, lizitaziotik kanpo geratuko da.

A) Programazio-proposamena.

Balioztatze-multzo horretan honako atal hauek balioztatuko dira:

A.1.- Bertako ekoizpenaren ehunekoa (30 puntu).

Eredu-parrillan azaldutako bertako programazioaren ehunekoa balioztatzeko, gehienez ere 30 puntu emango dira. Puntuak jarraian azaldu bezala banatuko dira.

25 puntu emango zaizkio programazioaren % 75 edo gehiago Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzia eskainiko duen lizitatzaileari.

20 puntu emango zaizkio programazioaren % 25 edo gehiago eta % 75 baino gutxiago Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzia eskainiko duen lizitatzaileari.

15 puntu emango zaizkio programazioaren % 10 edo gehiago eta % 25 baino gutxiago Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzia eskainiko duen lizitatzaileari.

0 puntu emango zaizkio programazioaren % 10 baino gutxiago Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzia eskainiko duen lizitatzaileari.

Horrez gain, 5 puntu emango zaizkio emisoraren estaldura-eremuan lizitatzaileak berariaz egindako bertako programazio-ehuneko handiena proposatzen duen lizitatzaileari. Gainerako proposamenei, zuzeneko proportzionaltasunaren arauak aplikatzearen emaitza izango den puntuazioa esleituko zaie.

A.2.- Proiektuaren berezitasuna eta zerbitzu emango duen eremura egingo duen berariazko ekarpena (20 puntu).

Atal honetan, proposatutako programazioaren dibertsifikazioa eta ezaugarriak balioztatuko dira: askotariko programak dauden ala ez (kopurua eta iraupena), motak, xede izango duten entzuleria eta funtzionatzeko dinamika edo metodologia.

Aintzat hartuko da irrati-eskaintzak izango dituen berezitasunak, estaldura-eremuan irrati-formatu desberdin gehiago egon daitezen, eta programazioa anitzagoa eta askotarikoagoa izan dadin.

B) Proposamen ekonomikoa eta egiturarena.

B.1.- Proposamen ekonomikoa (36 puntu).

1.- Inbertsioen eta kostuen plana (12 puntu).

Inbertsioen programa oso har hartuta balioztatuko da, proposatutako inbertsio-motaren banakatzearen arabera: ekoizpenean egindako inbertsioa eta edukien kudeaketa, ekoizpen-estudioetako azpiegiturak, irrati-hedapen sareko azpiegiturak, emisioak bermatzeko sistema eta abar. Erakutsiko den zehaztasun-maila aintzat hartuko da, bai eta aurkeztutako negozio-planarekiko koherentzia ere.

2.- Merkatu-azterketa (12 puntu).

Lor daitezkeen audientzia-kuotak eta gaur egungo lehia-maila abiapuntu hartuta, eta publizitatea merkaturatzeko estrategiaren eta entzuleak erakartzeko marketin-estrategiaren azalpena eta horren berezko bermeak ikusita, zenbateko negozioa lor daitekeen ezagutzea balioetsiko da.

3.- Finantza- eta negozio-plana (12 puntu).

Kontuan hartuko dira, besteak beste, finantzaketa-aurreikuspenei loturiko alderdiak, kasuan kasuko plan ekonomikoak gauzatzeko eta, beraz, bideragarri izateko bermeak emango dituztenak. Negozio-planari dagokionez, galdu-irabazien kontua aintzat hartuko da, sartutako kostuen eta sarreren zentzuzkotasuna abiapuntu hartuta, bai eta lortutako marjina operatiboak eta horien balio positiboak lortzeko beharrezko denbora ere. Era berean, lizentziaren indarraldiko lehen hiru urteetarako aurreikus daitezkeen balantzeen arrazoiketa eta funtsa ere kontuan izango dira.

B.2.- Egitura-proposamena. Lizentzia ez besterentzeko edo alokatzeko eta lizentziaren ustiapena ez lagatzeko konpromisoa (14 puntu).

Denbora-aldi jakin batean lizentzia hirugarrenei ez besterentzeko edo alokatzeko eta lizentziaren ustiapena ez lagatzeko konpromisoa balioetsiko da. Puntuazio handiena emango zaio lizentziaren lehen iraunaldiaren barruan urte-kopuru handieneko konpromisoa hartuko duen lizitatzaileari. Gainerako eskaintzak era proportzionalean balioztatuko dira.

Horren ondorioetarako, lizentzia besterentzearen pareko izango da esleituko den lizentzia xede duten beste negozio juridiko batzuk egitea, Merkataritza Kodeko 42. artikuluko baldintzetan kontrol-aldaketa ekarriko bailukete.

C) Proposamen teknologikoa.

C.1.- Obrak eta instalazioak egiteko plana (13 puntu).

Proposatutakoaren zuzenketa teknikoaren arabera, eta egin beharrekoa gauzatzeko eta emisora martxan jartzeko proposatutako epeak ikusita, obrak eta instalazioak (ekoizpen-estudioak eta zentro igorlea) egiteko plana zenbateraino egokituta dagoen balioztatuko da.

C.2.- Kalitate-, jarraipen- eta fidagarritasun-plana (13 puntu).

Kalitate-plana balioztatzeko, aintzat hartuko dira soinu bidezko irrati-hedapenerako kalitate handienean emitituko dela eta horrek jarraitutasuna izango duela ziurtatzeko aukera emango duten mekanismoak (energia hornitzeko larrialdiko sistemak, ekipo erredundanteak, prebentziozko eta zuzentzeko mantentze-lanak egiteko planak, matxuretan arreta emateko 24 x 7 zerbitzua, segurtasun-plana eta abar).

C.3.- Ingurumenerako eta osasuna babesteko plana (8 puntu).

Ingurumenerako eta osasuna babesteko plana egitea balioetsiko da. Plan horrek aukera eman behar du azpiegiturek, hondakinak jasotzeko eta tratatzeko erak, instalazioen ingurua zaintzeko moduak eta langileen osasuna babesteko erak izan ditzaketen eraginak txikiagotzeko. Eremu elektromagnetikoetatik babesteko neurriak ere balioztatuko dira. Era berean, energia berriztagarriak erabiltzeko planak eta eragin meteorologikoetatik eta suetatik babesteko bitartekoak balioztatuko dira.

Alde horretatik, instalazioak egiteko zein mantentze-lanetarako eta hedapen-zerbitzua emateko, lizitatzaileak ingurumenarekiko konpromiso-ziurtagiriak dituzten enpresak proposatu baditu, proposamen horiek balioetsiko dira.

C.4.- Azpiegiturak partekatzeko plana (8 puntu).

Telekomunikazio-azpiegiturak lehendik dauden beste irrati-komunikazioko zerbitzu batzuekin partekatzea eta arrazionalizatzea balioetsiko da, beste telekomunikazio-azpiegitura batzuk ezartzeak baino eragin txikiagoa izan dadin.

C.5.- Teknologia-berrikuntzako plana (8 puntu).

Atal honetan, honako hauek balioetsiko dira: informazioaren gizartea sustatzea, zerbitzu-eremuko teknologia eta industria garatzen laguntzea eta teknologia digitala erabiltzea (RDS), bai eta audioa era digitalean biltegiratzeko sistema, Internet bidezko irrati-eskaintza, emisoraren webgunea eta teknologia berriak ere.

D) Ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu-emaileen eskaintzak aniztasunari egingo dion ekarpena.

D.1.- Aniztasuna sustatzea, gaur egungo presentziaren arabera.

Lizitatzaileak eskaintza egingo duen herrian ahalik eta irrati-baliabide gutxien ezartzea balioetsiko da. Horretarako, lizitatzaileak eskaintza egingo duen herrian ezarpena duela joko da baldin herri horretan edo herri hori hartzen duen estaldura-eremua duen beste zerbitzu-eremu batean lizentzia propioaren bidez edo bereten lizentziaren bidez presente badago.

Lizitatzailearen presentzia zehazteko orduan, Merkataritza Kodeko 42. artikuluan xedatutakoa hartuko da aintzat.

Herrian ezarpenik ez duten lizitatzaileek 20 puntu lortuko dituzte. Nahiz eta herrian ezarpena izan osoki euskaraz emititzeko konpromisoa hartzen duten lizitatzaileei ere 20 puntu emango zaizkie.

Besteren lizentziaren bitartez herrian ezarpena duten lizitatzaileek 10 puntu lortuko dituzte. Dena den, 20 puntu emango zaizkio lizitatzaileari, baldin eta, esleipendun bada, bere titulartasunekoa ez den lizentzian emititzeari uzteko konpromisoa hartu duela ziurtatuko duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten badu.

Herrian lizentzia propioaren bitartez ezarpena duten lizitatzaileek 0 puntu lortuko dute.

D.2.- Aniztasuna sustatzea, esleipenen arabera.

Lehiaketa honen ondorioz lizentzia-metatzerik gerta ez dadin, lizitatzaile bat herri batean lizentziaren esleipendun proposatzen bada, lizitatzaile horrek herri horretan edo funtsean estaldura-eremu antzekoa beste herri batean aurkeztutako gainerako eskaintzei 30 puntu kenduko zaizkie; baldin lizitatzaile hori herri horretan bertan beste maiztasun baten (bigarrena) esleipendun proposatzen bada, gainerako eskaintzei 40 puntu kenduko zaizkie; baldin herri horretan bertan beste maiztasun baten (hirugarrena) esleipendun proposatzen bada, gainerako eskaintzei 50 puntu kenduko zaizkie; eta horrela egingo da, hurrenez hurren.

Balioztatze Mahaiak lehenengo klausulan adierazitako ordenari jarraikiz (kodea, lehiaketa honen ondorioetarako) proposatuko du lizentzien esleipena.

E) Enplegua sustatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu zuzena sustatzea balioetsiko da: 2 puntu lanpostu bakoitzeko, eta 20 puntu gehienez ere.

F) Programazioa euskaraz emititzeko konpromisoa.

5 puntu emango zaizkio programazioaren % 5 baino gehiago eta % 25 baino gutxiago euskaraz emititzeko konpromisoa hartuko duen lizitatzaileari.

8 puntu emango zaizkio programazioaren % 25 edo gehiago eta % 50 baino gutxiago euskaraz emititzeko konpromisoa hartuko duen lizitatzaileari.

10 puntu emango zaizkio programazioaren % 50 edo gehiago euskaraz emititzeko konpromisoa hartuko duen lizitatzaileari.

Baldin eta lizitatzaileak adierazitako konpromisoa eta eredu-parrillako datuak bat ez badatoz, atal honetan 0 puntu emango dira.

V. KAPITULUA

LEHIAKETAREN EBAZPENA

Hogeita bosgarrena.- Esleipen-proposamena.

Proposamen teknikoak balioztatu eta gero, Balioztatze Mahaiak lizentziak esleitzeko proposamena egingo du, baina horrek ez die inolako eskubiderik emango proposatutako esleipendunei.

Berdinketaren bat badago, hogeita laugarren klausulan aipatutako a) atalean puntu gehien lortu duen lizitatzailearen alde egingo da proposamena. Baldin eta atal honetan puntu-kopuru bera lortu badute, gainerako ataletan lortutako puntuak hartuko dira kontuan, klausula horretan ezarritako ordenaren arabera. Hala ere berdinketa badago, zozketa bidez erabakiko da.

Hogeita laugarren klausulan adierazi bezala, Balioztatze Mahaiak lehenengo klausulan adierazitako ordenari jarraikiz (kodea, lehiaketa honen ondorioetarako) proposatuko du lizentzien esleipena. Oinarri hauetako bigarren klausulan aipatutako euskaraz emititzeko erreserba-bermea bete beharko dela jakinik, lizentziak lizitazioan lortutako puntuazio-ordenaren arabera esleituko dira.

Hogeita seigarrena.- Agiriak aurkeztea.

Esleipen-proposamena egin ondoren, eta Gobernu Kontseilura bidali aurretik, Balioztatze Mahaiak proposamenean sartutako eskatzaileei eskatuko die hemeretzigarren klausulan aipatutako administrazio-agiriak aurkez ditzatela, hamabost egun balioduneko epean.

Baldin eta klausula horretako a), b), c), d), e), f) eta g) idatz-zatietan aipatutako agirien kopiak aurkeztu badituzte, esleipendun proposatu direnei eskatuko zaie agiri horien jatorrizkoa aurkez dezatela, edo, bestela, kopia konpultsatua.

Halaber, klausula horretako h) eta i) idatz-zatietan aipatutako adierazpenak berriz aurkez ditzatela eskatuko zaie lizitatzaileei. Bestalde, h) idatz-zatian aipatutako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez, honako hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzeko honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

- Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren azken ordainagiria, edo zerga horretan alta eginda dutela ziurtatzen duen agiria, baldin duela gutxi egin badute alta eta oraindik ordaindu beharrik izan ez badute. Nolanahi ere, alta-agiria erantsi beharko da aurkeztutako ordainagirian ez bada ageri jardueraren epigrafea. Agiri horiek dagokien lurralde-eremuan jarduteko ahalmena emango dien lizentziaren xede den jarduerari dagokion epigrafeari buruzkoak izan behar dira; eta lizitatzaileak erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu behar du, aipatutako zergaren matrikulan baja eman ez duela ziurtatzeko.

- Estatuko Administrazioko organo eskudunak egindako administrazio-egiaztagiria, Estatuko Administrazioarekiko zerga-betebeharrei buruzkoa.

- Dagokien aldundiko organo eskudunak egindako administrazio-egiaztagiria, aldundi horrekiko zerga-betebeharrei buruzkoa.

Zerga-betebeharrei loturiko zerrendatutako adierazpen edo agiri guztiak edo haietakoren bat nahitaez aurkeztu behar ez duten lizitatzaileek betebehar hori ez dutela dioen erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar dute, hala dela ziurtatzeko.

b) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzeko, eskudun administrazio-agintariak egindako ziurtagiri positiboa aurkeztu behar dute, Herri Administrazioen Kontratuetako Araudi Orokorra onartzen duen urriaren 12ko 1098/2001 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Salbuespenen bat kontuan izan behar bada, xehetasun hori erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko da.

Atzerritarrek, pertsona fisiko zein juridiko izan, Europar Batasuneko kide diren estatuetakoak izan zein ez izan, baldin zerga-helbidea Espainian ez badute, jatorriko herrialdean agintari eskudunek egindako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta ziurtagiri horretan dagozkien zerga-betebeharrak betetzen dituztela ziurtatu behar da. Orobat, agintari eskudunek egindako beste ziurtagiri bat ere aurkeztu beharko dute, beren nazionalitate-herrialdean eskatzen zaizkien gizarte-betebeharrak betetzen dituztela adierazten duena.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak azken hamabi hilabeteei buruzkoak izan behar dira.

Oinarri hauetan emandako epea igaro bada, eta interesdunek ez badituzte eskatutako agiriak aurkeztu, edo agiri horiek aztertzean ikusi bada proposatutako eskatzaileak ez dituela betetzen lizentziaren titular izateko baldintzak, eskatzaile horren hurrengo den eskatzailearen alde beste proposamen bat egingo da, haien eskaerak sailkatuta geratu diren ordenari jarraikiz, betiere hala egin badaiteke eta hautagai berria ados badago. Hala bada, hamabost eguneko epea emango zaio hautagai horri, klausula honetan aipatutako agiriak aurkez ditzan.

Hogeita zazpigarrena.- Lizentziak ematea.

Kultura sailburuak proposatuta, eta Balioztatze Mahaiak egindako proposamena ikusita, Gobernu Kontseiluak lizentziak ematea erabakiko du. Hala ere, lizentziak esleitu gabe utz daitezke, baldin aurkeztutako eskaera batek ere ez baditu eskatutako baldintzak betetzen.

Lehiaketa ebazteko egingo den egintza Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta esleipendunei banan-banan jakinaraziko zaie.

Lehiaketaren ebazpena jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabete izango da. Dena den, epe hori luza daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 42.6 artikuluan xedatutakoaren arabera. Baldin epe hori igaro bada eta interesdunek ez badute ebazpenaren berri jaso, beren eskaerak ez direla onartu ondorioztatu beharko dute.

VI. KAPITULUA

ONDORENGO JARDUERAK

Hogeita zortzigarrena.- Administrazio-agiria formalizatzea.

Interesdunari lizentzia eman zaiola jakinarazi eta gero, hilabeteko epean sinatuko da administrazio-agiri egokia. Agiri horretara sartuko dira lizitatzaileak bere eskaintza teknikoan hartutako konpromisoak, eta zerbitzu-emaileak nahitaez bete beharko ditu konpromiso horiek.

Hogeita bederatzigarrena.- Proiektu teknikoa.

Lizentziaren titularrak hiru hilabeteko epea izango du, administrazio-agiria sinatzen duenetik aurrera, emisoraren proiektu teknikoa Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari aurkezteko. Organo horrek Estatuko Administrazioko erakunde eskudunari bidaliko dio, gero.

Proiektu teknikoaren bi ale aurkeztu behar dira, gai horri buruz Estatuko Administrazioko erakunde eskudunak argitaratutako arauen arabera.

Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzak jakinaraziko dio interesdunari ea proiektu teknikoa onartu edo baztertu den, edo aldatzeko proposamena egingo dio.

Nolanahi ere, proiektu teknikoa behin betiko onartzeak ez du esan nahi indarrean den legediaren arabera instalaziorako eska daitezkeen beste baimen batzuk emango direnik.

Hogeita hamargarrena.- Instalazioak martxan jartzeko baimena eta ikuskatzea.

Proiektu teknikoa onartu eta gero, lizentziaren titularrak emisorak ibil dadin behar dituen instalazioak eta obrak egingo ditu. Instalazioa bukatu ondoren, eta jabari publiko erradioelektrikoa erabili aurretik, esleipendunak instalazioak azter daitezen eskatu behar du, instalazioak aurrez baimendutako baldintzekin bat datozela egiaztatzeko. Horrez gain, honako hauek ere egiaztatuko dira: instalazioak aldeko nazioarteko koordinazioarekin bat datozela; eta jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoetarako murriztapenak eta emisio erradioelektrikoetatik babesteko neurriak ezartzen dituen Araudian adierazitako emisio erradioelektrikoen eraginpean izateko mugak ez direla gainditzen (Araudi hori irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuak onartu zuen). Betekizun horiek bete gabe ezin da emititzen hasi.

Instalazioak aztertzeko eskaera Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzan egin behar da. Organo horrek, gero, Estatuko Administrazioko erakunde eskudunari bidaliko dio. Lizentziaren titularrak ezin du modu jarraituan emititzen hasi martxan jartzeko baimena eman arte.

Azkenik, eta jarduera hasi baino lehen, lizentziaren titularrak berariaz eman behar dio horren berri Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari.

Nolanahi ere, lizentziaduna administrazio-agiria sinatzen duenetik hasita urtebeteko epean hasi behar da emititzen.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala