Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2012ko martxoaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
1172

EBAZPENA, 2012ko martxoaren 12koa, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena, turismo-enpresak modernizatzen laguntzeko laguntzak emateko 2012ko ekitaldirako deialdia jakinarazteko dena.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Aginduak enpresa turistikoak modernizatzeko laguntza-programa arautzen du (2011ko abuztuaren 16ko EHAA).

Aipatutako aginduaren 8. artikuluaren arabera, hor iragarritako diru-laguntzak emateko 2012ko ekitaldirako deialdia egin behar da, horretarako eman beharreko arauak emanez.

Adierazitako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.- Helburua.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Aginduaren bitartez, turismo-enpresak modernizatzeko laguntza-programa arautu zen. Hain zuzen ere, 2012ko ekitaldirako laguntza horien deialdia egitea da ebazpen honen xedea.

Helburu horretarako, guztira, 1.346.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legean horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera.

2. artikulua.- Betekizunak.

1.- Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Aginduak Turismo-enpresak modernizatzeko laguntzak arautzen ditu. Laguntza horiek eskuratzeko, aipatutako aginduan ezarritako betekizunak eta baldintzak bete beharko dituzte eskatzaileek.

2.- Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egin ahal izango dira, hala xedatuta baitago aginduaren 9.1 artikuluan, honako lege-xedapen hauetan ezarritakoa betez: Administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretua (2008ko urtarrilaren 31ko EHAA, 22. zk.); Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sarrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua (2008ko maiatzaren 30eko EHAA, 102. zk.); eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -Platea- ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioko zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.

Eskabidea Internet bidez soilik eskuratu eta bete ahal izango da, http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/cte.html helbidean, web-orrialde horretan jasotako funtzionalitateen bidez. Eskabide-eredua aipatutako egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.

Espedienterako sarbidea eta gainerako izapideak http://www.euskadi.net/misgestiones helbidearen bidez ere gauzatu ahal izango dira.

Pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura baimenduaz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta Administrazioak eska dezakeen dokumentazioa aurkeztuko da, Administrazio-prozeduretan bitarteko elektronikoen, informatikoen eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretua betez.

Bestela, sinadura digitala erabili nahi ez bada, eskabideak adierazitako webgunean (http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/met.html) informatikoki gorde ondoren, inprimatu egin beharko dira eta erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonak sinatuta bidali Turismo Zuzendaritzara, eta, aurkeztu, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu behar dituzte (Zuzenean) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutako lekuren batean.

3.- Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da; amaitu, berriz, 2012ko ekainaren 29an.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bigarrena.- Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 12a.

Merkataritza eta Turismoko sailburuordea,

MARÍA PILAR ZORRILLA CALVO.


Azterketa dokumentala