Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2012ko martxoaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Osasun eta Kontsumo Saila
1224

34/2012 DEKRETUA, martxoaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamenduari buruzkoa.

Espainiako estatuko 2003ko azaroaren 21eko 44/2003 Legeak, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoak, Osasun Zientzien gaineko osasun-prestakuntza espezializatuari buruzko aldaketa garrantzitsuak erantsi zizkion II. tituluko III. kapituluari, eta honela definitu zuen prestakuntza espezializatuaren xedea: osasun-arloko profesionalak dagokien espezialitateko ezagutzez, jakintzez, trebeziez eta jarrerez janztea eta aldi berean espezialitate horretan beregain jarduteko ardurak berenganatzeko bidea ematea.

Legeari jarraikiz, zentro akreditatuetan emango da prestakuntza, egoitza-sistemaren bidez; bestalde, legeak prestakuntza-prozesua hezurmamitzen duten irizpideak zerrendatzen dituenez, hartan parte hartu behar duten kide anitzeko organo jakin batzuei esleitzen die eginkizun nagusia, hain zuzen ere, prestakuntza ematen duten osasun-zentroetako irakaskuntza-batzordeei; izan ere, autonomia-erkidegoen esku uzten du irizpide nagusien barruan zentro horien mendekotasun funtzionala, eraketa eta eginkizunak zehazteko zeregina.

Gainera, Espainiako erregelamenduen garapenak autonomia-erkidegoen esku uzten du osasun-prestakuntza espezializatuaren lege-esparruari buruzko beste zenbait alderdi garatzeko eginkizuna, eta, horrenbestez, erkidegoek arautu behar dituzte bai prestakuntza espezializatuaren ikasketa-buruak izendatzeko, aintzatesteko, sustatzeko eta aldian behin ebaluatzeko beharrezko prozedurak, bai tutoreak izendatzeko, akreditatzeko eta aldian behin berrakreditatzeko prozedurak baita tutore-jardunaren aintzatespen propioa ezartzeko sistemak ere.

Espainiako lege-esparrua, beraz, eskumenen ikuspegitik, osasunari buruzko oinarri modura egituratu da, eta, arestian aipatutako legeaz gain, honako hauek ere barne hartzen ditu: batetik, 2008ko otsailaren 8ko 183/2008 Errege Dekretua, osasun-zientzietako espezialitateak finkatu eta sailkatzekoa eta osasun-prestakuntza espezializatuko alderdi konkretu batzuk garatzekoa, eta, bestetik, 2008ko otsailaren 22ko SCO/581/2008 Agindua, hartan ematen baita argitara dekretu honi dagokion oinarrizko esparruaren beste zenbait irizpide finkatzeko Espainiako Osasun Sistemaren Giza Baliabideen Batzordeak hitzartutako akordioa.

Euskal Autonomia Erkidegoak barne-osasunaren arloan Espainiako estatuaren oinarriak betetzeko eta legeak garatzeko eskumena darabil, Autonomia Estatutuaren 18. artikuluarekin bat eta EAEko Antolamendu Sanitarioaren 1997ko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen testuingurua kontuan izanda; eta, osasun-prestakuntza espezializatuaren arloari buruz legedi espezifikorik ez dagoenez eta aintzakotzat hartuta dekretu honen helburu nagusia, hain zuzen ere, arlo horretako osasun-oinarriak garatzea eta betearaztea dela, bien bitartean, garatzekoak eta aplikatzekoak dira orobat osasun publikoaren eta osasun-sorospenaren zerbitzu publikoak antolatzeko eta jarduteko arauak.

Arau honen bidez, halaber, bete egin da 2007ko abenduaren 18ko 235/2007 Dekretuan -2007., 2008. eta 2009. urteetarako Osakidetzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzekoan- jasotako eranskineko 10. puntuan ezarritako konpromisoa. Bestalde, 2008ko ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuak, Osakidetzako Mahai Sektorialaren 2008ko martxoaren 14ko Akordioa onartzekoak, diplomatura-irakaskuntzako figurak arautzeko konpromisoa du jasota.

Dekretu honen aplikazio-esparrua ez da osasun publikoaren zerbitzura soilik mugatzen; aitzitik, arlo pribatuan ere aplikatzekoa da. Izan ere, osasun-zentro pribatuak ere akreditazio-sisteman sartuta daude, eta osasun-prestakuntza espezializatuaren sistema osoan parte hartzen dute, dagozkien ñabardurak kontuan hartuta betiere.

Horiek horrela, Osasun eta Kontsumo sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eta Gobernu Kontseiluan eztabaidatu eta onartu ostean, honako hau

XEDATZEN DUT:

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea.

Arau honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan osasun-prestakuntza espezializatuaren sistemaren antolamendua arautzea, kontuan hartuta, betiere, 2008ko otsailaren 8ko 183/2008 Errege Dekretua, osasun-zientzietako espezialitateak zehaztu eta sailkatzekoa eta osasun-prestakuntza espezializatuko alderdi jakin batzuk garatzekoa.

2. artikulua.- Osasun-prestakuntza espezializatuko organo eskuduna.

Osasun-arloko sail eskudunak beteko ditu dekretu honetan zehaztutako osasun-prestakuntza espezializatua arautzeko, akreditatzeko eta kudeatzeko egitekoak, osasun-prestakuntza espezializatuko jakintza eta ebaluazioa kudeatzeko eskumena duen zuzendaritzaren bidez.

3. artikulua.- Irakaskuntzako osasun-zentroa eta irakaskuntza-unitatea.

Dekretu honi jarraikiz eta osasun-prestakuntza espezializatuko sistemari buruzko 2008ko otsailaren 8ko 183/2008 Errege Dekretuaren 4. eta 9. artikuluekin bat, honako kontzeptu hauek hartuko dira kontuan:

a) Irakaskuntzako osasun-zentroa: ospitalea, ospitale-multzoa, osasun-zentroak, irakaskuntza-unitateen elkarte funtzionala, osasun-baliabideen lurraldeko irakaskuntza-elkarteak eta osasun-zientzietako adituak prestatzeko xedez sortutako beste erakunde batzuk.

b) Irakaskuntza-unitatea: sorospen, irakaskuntza, ikerkuntza edo beste edozein arlotako egiturei dagozkien baliabide pertsonal eta materialak, zeinak, espezialitate bakoitzaren programa ofizialean ezarritakoarekin bat, egoitza-sistema bidez osasun-zientzietako espezialitateetan prestakuntza arautua emateko beharrezkotzat jotzen baitira, haien titularitatea zeinahi dela ere.

4. artikulua.- Irakaskuntza-unitateen akreditazioa.

Irakaskuntza-unitatea akreditatzeko eskaera dena delako unitatearen erakunde titularrak egin behar du -erakundea publikoa zein pribatua izan-, eta, osasun-arloan eskumena duen sailaren zuzendaritzan aurkeztu behar du eskaera, irakaskuntza-batzordearen txostena ere erantsita, zuzendaritza horrek, eskaerari buruzko txostena egin ostean, osasun-arloan eskumena duen ministerioari igor diezaion.

Akreditatutako irakaskuntza-unitate bakoitza dagokion osasun-zentroaren irakaskuntza-batzordeari atxikiko zaio, edo bere irakaskuntza-batzordea ere izan dezake, ezaugarrien arabera.

5. artikulua.- Irakaskuntza organoak.

Osasun-prestakuntza espezializatua kide anitzeko edo bakarreko honako irakaskuntza-organoen bidez kudeatzen da:

a) Kide anitzeko irakaskuntza-organoak: irakaskuntza-batzordeak.

b) Kide bakarreko irakaskuntza-organoak: ikasketa-burua, tutore nagusia, tutore laguntzailea, osasun-sorospenaren unitateko burua, erizaintzako burua edo tarteko agintaria eta prestakuntzan laguntzeko teknikariak.

II. KAPITULUA

IRAKASKUNTZA-BATZORDEAK

6. artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza-batzordeak.

1.- Kontuan hartuta 2008ko otsailaren 8ko 183/2008 Errege Dekretuaren 8. artikulua, irakaskuntza-batzordeak kide anitzeko organoak dira, eta haiei dagokie prestakuntza antolatzea, prestakuntza praktikan nola aplikatzen den ikuskatzea eta osasun-zientzietako espezialitateen prestakuntza-programetan aurreikusitako helburuak betetzen ote diren zaintzea. Era berean, haiei dagokie egoiliarren prestakuntza-jarduerak osasun-zentroaren osasun-sorospeneko eta ohiko jardueretan barneratzen laguntzea, eta, horretarako, egoiliarrek zentroan beteko duten jarduera profesionala planifikatuko dute zuzendaritza-organoekin batera.

2.- Irakaskuntza-batzordeen jardun-eremua irakaskuntza-zentro edo -unitate bati dagokio.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza-batzordeak osasun-prestakuntza espezializatuan eskumena duen zuzendaritzaren ebazpenez sortu, aldatu eta desegingo dira, eta hark zehaztuko du, halaber, zer irakaskuntza-unitate dauden batzorde bakoitzari atxikita.

7. artikulua.- Mendekotasun funtzionala.

1.- Irakaskuntza-batzorde bakoitzaren mendekotasuna hura sortzeko ebazpenean bertan finkatuko da.

2.- Irakaskuntza-batzordeak dagozkion funtzioak bete ditzan, dena delako irakaskuntza-zentro edo -unitatearen erakunde titularraren zuzendaritza-organoak beharrezko baliabide guztiak bermatu behar dizkio: hala egiturazko baliabideak eta baliabide materialak nola giza baliabideak -hots, prestakuntza ematen laguntzeko goi-titulazioko teknikariak eta administrazioko langileak-. Baliabide horiek irakaskuntza-zentroaren edo -unitatearen plan estrategikoan eta irakaskuntzaren kalitatearen kudeaketa-planean jasoko dira.

3.- Zentroetako zuzendaritza-organoek eta prestakuntza ematen duten egituren arduradunek eta irakaskuntza-batzordeek egoiliarren lan- eta prestakuntza-jarduerei buruzko informazioa trukatzeko betebeharra dute, elkarrekin erabakitzeko zein den egoiliarren jarduera dena delako zentroaren edo egituraren sorospen-jardueran barneratzeko modurik egokiena.

8. artikulua.- Azpibatzorde espezifikoak.

1.- Erizain espezialistak prestatzeko zentro edo unitateetako irakaskuntza-batzordeetan erizaintzako espezialitateen azpibatzorde espezifikoak osatuko dira, prestakuntza hori koordina dezaten.

2.- Era berean, irakaskuntza-batzordearen azpibatzorde espezifikoak ere eratuko dira, baldin eta komenigarritzat jotzen bada kontuan hartuta unean uneko baldintza zehatzak, prestakuntza-ezaugarriak, titulazio-motak eta egoiliarren prestakuntzarako beharrezkotzat jotzen diren egituren izaera edota haien barreiadura geografikoa.

9. artikulua.- Osaera.

Irakaskuntza-batzorde bakoitza, gehienez ere, 20 kidek osatutako dute, eta honako jarraibide hauen arabera zehaztuko da batzordeen osaera:

1.- Irakaskuntza-batzordeen jardun-eremua osatzen duen irakaskuntza-zentro edo -unitateko prestakuntza espezializatuko ikasketa-burua izango da irakaskuntza-batzordeen presidentea.

2.- Batzordekideak baldintza hauei jarraikiz hautatuko dira:

a) Gehienez ere bost batzordekide, tutoreen ordezkari modura, tutoreek berek beren artetik hautatuta.

b) Gehienez ere bost batzordekide, prestakuntza-aldian diren espezialisten ordezkari modura, egoiliarrek berek beren artetik hautatuta. Ahal dela, horietako bi, lehen eta bigarren ikasturteko egoiliarren taldekoak izango dira, eta beste hiruak, hirugarren, laugarren eta bosgarren ikasturtekoak.

c) Batzordekide bat, EAEko administrazio orokorrean osasun-arloan eskumena duen saileko ordezkari modura, osasun-prestakuntza espezializatuan eskumena duen organoak izendatuta.

d) Batzordekide bat, Osakidetza Erakunde Publikoaren Osasun-sorospeneko Zuzendaritzak hautatuta.

e) Prestakuntzan laguntzeko teknikari bat.

f) Prestakuntza espezializatuko ikasketa-buruak irakaskuntza-batzordearen berezko kide izango dira, betiere ordezkatzen duten maila ez bada batzordeari berari dagokiona baizik eta bestea (lehen mailakoa edo ospitalekoa).

g) Era berean, beste sorospen-mailako egoiliarrek ere batzordean parte hartuko dute, dagozkien irakaskuntza-batzordeetako egoiliarren artetik hautatutako ordezkarien bidez.

h) Irakaskuntza-batzordeari dagokion zerbitzu-antolakuntzako zuzendaritza-taldeko ordezkari bat.

i) Erizaintzako espezialitateen azpibatzorde espezifikoko presidentea -halakorik dagoenean- irakaskuntza-batzordeko berezko kide izango da.

j) Ebaluatu beharreko espezialitateak ez badaude ebaluazioen berrikuste-prozeduretan aintzat hartuta, egoiliarren ebaluazioan zuzenean parte hartu ez duten batzordekide espezialistek -tutoreek ahal dela- irakaskuntza-batzordean parte hartu ahal izango dute hitzez eta botoz, baina prozedura horietako baino ez.

3.- Irakaskuntza-batzordeko idazkari-karguari dagokionez, irakaskuntza-batzordearen gerentziak edo zuzendaritza-organoak izendatutako pertsona izango da idazkari, eta hitzez baina botorik gabe parte hartuko du batzordean.

4.- Halako gai edo jarduketa jakin batzuk landu behar direnean, irakaskuntzan esku hartzen duten beste profesional batzuek ere parte hartu ahal izango dute irakaskuntza-batzordean, batzordekide oso ez izanik ere, batzordearen presidenteak gonbidatuta.

5.- Batzordekideak lau urtez izango dira karguan, eta izendapena berritzeko aukera izango dute; era berean, izendapenari uko egin ahal izango diote beren borondatez, bidezko arrazoiren bat argudiatuta. Bestalde, izendapena baliogabetu ahal izango zaie, dagozkien funtzioak bete ez dituztelako edo utzikeriaz jokatu dutelako zentroaren gerentziak edo haren pareko organoak hala adosten badu. Izendapen-epea amaitu delako edo beste edozein zergatirengatik karguak hutsik geratu bezain laster beteko dira kargu hutsak.

10. artikulua.- Zereginak.

Honako eginkizun hauek dagozkie irakaskuntza-batzordeei:

a) Batzordeek barne hartzen duten espezialitate bakoitzerako eredu moduko prestakuntza-gida edo -ibilbide bat onartuko dute, tutoreen proposamenari jarraikiz. Gida horrek espezialitate bakoitzeko programa ofizialean jasotako helburuak eta edukiak betetzen direla bermatuko du, eta zentro edo unitateko bakoitzaren ezaugarri zehatzetara egokituko da.

b) Dagokion zentro edo unitatean ematen diren espezialitateetan egoiliar bakoitzak harentzat propio egindako plana duela bermatuko dute, eta plan hori arestian aipatutako prestakuntza-gida edo -ibilbidearekin bat datorrela ziurtatuko dute, dagokion espezialitatearen tutoreekin lankidetzan.

c) Kanpo-txandaketen proposamenak ebaluatuko dituzte.

d) Espezialitatez aldatzeko ez-ohiko eskaerak edo prestakuntza-aldiak aintzatesteko eskaerak izanez gero, horien berri emango dute, EAEko organo eskudunak eskaerak izapidetu ditzan eta osasun-arloan eskumena duen ministerioari igor diezazkion.

e) EAEk adierazitako irizpideetan oinarrituta, irakaskuntzako osasun-zentroaren edo unitatearen irakaskuntzaren kalitatearen kudeaketa-plana egin eta onartuko dute -horretarako, sorospen-unitateetako arduradunek eta zuzendaritza- eta kudeaketa-organoek behar duten informazio guztia emango diete-

f) Egoiliarrek osasun-sorospeneko zenbait esparru adierazgarritan egiten dituzten jarduerak ikuskatzeko jardun-protokoloak idatziko dituzte, bereziki aintzat hartuta larrialdi-zerbitzua eta interesgarritzat jotzen den beste oro.

g) Irakaskuntzaren arloan, sorospen-mailak elkarrekin egokiro koordinatzen lagunduko dute.

h) Irakaskuntza-ikuskaritzak egiteko proposamena luzatuko diete irakaskuntzaren arloan eskumena duten organoei.

i) Programarekin zerikusia duten ikastaro, kongresu, mintegi eta bilera zientifikoetan parte hartzera bultzatu eta horietan parte hartzeko baimena emango diete egoiliarrei, betiere, aurretiaz, dagokion prestakuntza edo ikerkuntzako sostengu-unitatearen txostena jasota eta tutorearen edo sorospen-unitatearen arduradunaren iritzia kontuan hartuta.

j) Bidea emango dute, tutoreek irakaskuntza-metodologien gainean eta prestakuntza-programekin zerikusia duten beste alderdi batzuen gainean etengabeko prestakuntza jaso dezaten.

k) Beren zentroan edo unitatean dauden tutore edo beste irakaskuntza-figura batzuk akreditatzeko edo berrakreditatzeko prozesuetan parte hartuko dute, eta zuzendaritza-organoan haien izendapena proposatuko dute.

l) Urtean behin gutxienez, zentroaren edo unitatearen irakaskuntza-gaitasuna azaldu eta osasun-prestakuntza espezializatuko urteko plaza-eskaintzaren proposamenaren berri emango diete dagokien zuzendaritza-organoei.

m) Atzerritarren prestakuntza-egonaldiei buruzko informazioa emango dute -berariaz adierazita osasun-zentroaren irakaskuntza-gaitasunean eragina duten ala ez-, informazio hori EAEko organo eskudunak izapidetu eta hark osasun-arloan eskumena duen ministerioari igor diezaion.

n) Urtero, akreditatutako espezialitate bakoitzaren ebaluazio-batzordeetan parte hartuko duten kideak hautatu, batzordeak osatu eta haien deialdiak egingo dituzte.

o) Presidentearen bidez, prestakuntza-aldian dauden Espezialisten Espainiako Erregistrora igorriko dituzte bai amaierako eta urteko ebaluazioak bai azterketen emaitzak eta errekuperazio-aldiak -halakorik badago-, betiere indarrean dagoen legerian aurreikusitako moduan; orobat, erregistro horretara igorriko dituzte bai eszedentziak bai prestakuntza-aldiaren iraupenean eragina duten gainerako egoerak, erregistroan ezarritako arauei jarraikiz.

p) Batzordearen iragarki-ohol ofiziala non dagoen jakinaraziko diete egoiliarrei, hartan emango baita batzordearen jakinarazpenen eta ebazpenen berri. Nolanahi ere, horiez gain, beste bitarteko batzuk ere erabili ahal izango dira -bitarteko telematikoak barne- jakinarazpen eta ebazpen horien berri eman ahal izateko.

q) Zentroaren edo unitatearen egituretan beharrezko baldintzak ezartzen ahaleginduko dira, egoiliarrei prestakuntza egokia eman diezaieten eta egoiliarren urteko ebaluazioaren bidez prestakuntza-jarduerak ebalua ditzaten.

r) Irakaskuntza-zentroan edo -unitatean dauden unibertsitate-mailako egituren barruan, osasun-zientzietako graduko eta graduondoko unibertsitate-ikasketak eta prestakuntza espezializatua egokiro koordinatzen saiatuko dira.

s) Irakaskuntza-batzordeak eta tutoreak beren egitekoak egokiro betetzeko behar dituzten bitarteko materialez eta pertsonalez hornitzeko beharrezko neurriak har ditzaten proposatuko diete zuzendaritza-organoei.

t) Irakaskuntza-zentroan edo -unitatean osasun-prestakuntza espezializatuaren arloan egindako jardueren txostena prestatu eta onartuko dute urtero.

u) Osasun eta Kontsumo Sailak ezarritako edo osasun-prestakuntza espezializatua arautzeko xedapenetan esleitutako eginkizun guztietan lankidetzan aritu eta jarrera aktiboz parte hartuko dute.

11. artikulua.- Jardute-araubidea.

1.- Irakaskuntza-batzordeak, gutxienez, hiru hilean behin egingo du bilera. Bileretarako deialdian bileraren eguneko gai-zerrenda zehaztuko da, eta bilera egin baino berrogeita zortzi ordu lehenago egon beharko du irakaskuntza-batzordeko kideen esku.

2.- Irakaskuntza-batzordea lehen deialdian baliozko moduan eratuta egoteko, bertan egon beharko dute presidenteak, idazkariak -edo haien ordezkoek- eta batzordekideen erdiak, gutxienez. Bigarren deialdian, berriz -halakorik aurreikusi bada- nahikoa izango da presidentea, idazkaria -edo haien ordezkoak- eta batzordekideen herena bertan egotea.

3.- Akordioak botoen gehiengo soilez hartuko dira, non eta xedapenen batek gehiengo kualifikatua eskatzen ez duen. Bozketan berdinketarik gertatuz gero, presidenteak ebatziko du berdinketa bere botoaren bidez.

4.- Bileraren eguneko gai-zerrendan jaso ez diren gaiak ezin izango dira eztabaidagai izan, eta ezin izango da haien gaineko erabakirik hartu, baldin eta batzordea osatzen duten pertsona guztiak han ez badaude eta gehiengo osoz gaia premiazkoa dela jotzen ez bada.

5.- Idazkariak bilera guztietan akta egingo du, eta hartan jasoko du nor egon den bileran, zein izan den eguneko gai-zerrenda, bilera non eta noiz egin den, zer izan den eztabaidagai eta zer akordio hartu diren. Akta bakoitza batzordearen bileran bertan edo hurrengoan onartuko da, eta, onartutakoan, izaera publikoa edukiko du.

6.- Irakaskuntza-batzorde bakoitzak bere barne-erregelamendua eratu beharko du.

III. KAPITULUA

PRESTAKUNTZA ESPEZIALIZATUKO IKASKETA-BURUA

12. artikulua.- Kontzeptua.

Prestakuntza espezializatuko ikasketa-burua osasun-zientzietako prestakuntza espezializatuaren kudeatzailea da; beraz, haren ardurapekoa da dena delako irakaskuntzako osasun-zentro eta unitate akreditatuko prestakuntza espezializatua planifikatzea, antolatzea, kudeatzea eta ikuskatzea.

13. artikulua.- Mendekotasuna.

Dena delako irakaskuntza-zentro edo -unitatearen gerentziaren edo haren pareko organoaren mende egongo da. Nolanahi ere, autonomoa izango da kudeaketari dagokionez, eta osasun-sorospeneko burutzetatik at jardungo du, modu independentean.

14. artikulua.- Zereginak.

Honako zeregin hauek ditu prestakuntza espezializatuko ikasketa-buruak:

a) Bere gain hartuko du irakaskuntza-batzordearen presidentzia, eta bere botoaren bidez ebatziko ditu erabakiak hartzerakoan sortutako berdinketak.

b) Irakaskuntza-batzordearen ordezkari izango da, eta dagozkion osasun-zentro eta -zerbitzuetako zuzendaritza-organoetan parte hartuko du, zentro horietako osasun-sorospeneko jardueretan -ohikoan, jarraituan eta larrialdikoan- irakaskuntza aintzat hartuta dagoela ziurtatzeko eta bermatzeko.

c) Tutoreen jarduerak zuzendu eta koordinatuko ditu, eta solaskide jardungo du irakaskuntza-unitate guztien arduradunekin.

d) Sorospen-arduradunen arteko solaskide izango da, elkarrekin egokiro koordinatzen direla bermatze aldera.

e) Zentroaren zuzendaritza-organoekin egoiliarren ikuskapena egiteko protokoloa hitzartu eta sinatuko du, irakaskuntza-batzordearen ordezkari modura.

f) Urteko ebaluazio-batzordeetan buru jardungo du, eta bere botoaren bidez ebatziko ditu suerta daitezkeen berdinketak.

g) Zentroaren edo unitatearen irakaskuntzaren kalitatearen kudeaketa-plana ikuskatuko du.

h) Osasun-zientzietako espezialitateei lotutako ikerketa-lerro eta -jarduerak sustatu, bultzatu eta zehaztuko ditu; eta, horretarako, kontuan hartuko ditu osasun-prestakuntza espezializatuari lotutako EAEko osasun-planak eta I+G programak.

i) Prestakuntza-aldian dauden Espezialisten Erregistrora (osasun-arloan eskumena duen ministerioaren mende) igorri beharreko ebaluazioak eta gainerako agiriak garaiz eta forma egokian igortzen direla bermatuko du.

j) Irakaskuntza-batzordeari esleitutako giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatuko ditu, eta beharrizanen urteko plana eratuko du horretarako.

k) Irakaskuntza-batzordearen jakinarazpenak eta ebazpenak argitaratu beharrekoak direnean, jakinarazpen eta ebazpen horiek iragarkien oholean ezar daitezen aginduko du, kasuan kasu dagokion argitalpen-dataren eginbidea ere jasota.

l) Tutoreak eta irakaskuntzako beste figura batzuk akreditatzeko eta berrakreditatzeko prozesuetan parte hartuko du.

m) Tutoreen etengabeko prestakuntza sustatuko du, eta, horretarako egoki diren prestakuntza-programak eratzeko lanetan parte hartuko du.

n) Beste ikasketa-buru batzuk hautatzeko prozesuetan parte hartuko du.

o) Osasun-zientzietan prestakuntza espezializatua emateko irakaskuntza- eta hezkuntza-metodologiei lotutako jarduera guztiak sustatu eta bultzatuko ditu.

p) Osasun-arloan eskumena duen sailak ezarritako beste eginkizun guztiak beteko ditu, betiere osasun-prestakuntzako espezialitatearekin zuzeneko lotura badute, dagokion irakaskuntzako osasun-zentroaren edo unitatearen jardun-eremua gainditu arren.

15. artikulua.- Arduraldia.

Ikasketa-buruak bere lanaldiaren barruan kargu horri dagozkion funtzioez berariaz arduratzeko denbora-tarte bat duela bermatuko da, eta arduraldi hori zenbatekoa izango den zehazteko, kontuan hartuko da zenbat egoiliar dituen bere ardurapean eta nolakoa den zentroaren edo unitatearen konplexutasuna, akreditatutako espezialitateen eta irakaskuntza-egituren kopuruaren arabera. Arduraldia, gutxienez, lanaldiaren % 10ekoa izango da; eta erabatekoa ere izan daiteke.

16. artikulua.- Sarbide-, aukeraketa- eta izendapen-sistema.

1.- Hauxe izango da Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntzako osasun-zentro eta unitateetako prestakuntza espezializatuko ikasketa-buruaren funtzioak eskuratzeko sistema:

a) Arlo pribatuan, dena delako zentroaren zuzendaritza-organoak izendatuko du ikasketa-burua, ikasketa-batzordeak proposatuta.

b) Arlo publikoan, berriz, deialdi publiko bidez hornituko da postua.

2.- Deialdi bakoitzean eskumenen profila eta egitekoak betetzeko arduraldia zein diren zehaztuko da. Ikasketa-burua osasun-zientzietan aditua izango da, eta beste irizpide batzuen artean, honako hauek balioetsiko dira: giza taldeak kudeatzen eskarmentua izatea, esperientzia klinikoa eta irakaskuntza- edota ikerkuntza-mailako esperientzia izatea eta aurretiaz irakaskuntzan karguren bat eduki izana (ikasketa-buru, prestakuntza espezializatuko tutore, irakaskuntza-koordinatzaile edo -kolaboratzaile eta irakaskuntza-laguntzaile) edota irakaskuntza-batzordean aritu izana, dagokion irakaskuntza-zentroan edo -unitatean bertan. Deialdiaren barruan, dena delako irakaskuntza-zentro edo -unitatearen prestakuntza espezializatuko kudeaketa-proiektua eratzea eskatuko da beti. Era berean, ikasketa-buru izateko hautagaiek beren curriculuma aurkeztuko dute, eta haien ustez deialdian eskatutako profilera egokitzen diren merezimendu profesionalak ere gehituko dituzte.

3.- Arlo publikoan, lehiaketarako berariaz osatutako hautapen-batzordeak ebaluatuko du hautagaiak eskatzen den profila betetzen ote duten. Hautapen-batzordea Osakidetza Erakunde Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak izendatuko du, eta honako partaide hauek izango ditu ezinbestean: Euskal Autonomia Erkidegoko prestakuntza espezializatuko ikasketa-buru bat eta EAEtik kanpoko beste bat, Osakidetza Erakunde Publikoaren ordezkariak, osasun-arloan eskumena duen saileko ordezkariak eta dagokion irakaskuntzako osasun-zentro edo unitateko ordezkariak: orotara, 7 kide gehienez ere. Hautapen-batzordeak zentroaren kudeatzaileari edo irakaskuntza-unitateko organo titularren arduradunari igorriko dio aukeraketaren proposamena, eta, aukeratutako hautagaia izendatuko du hark, proposamenarekin bat etorriz gero.

17. artikulua.- Ikasketa-buruaren eraginkortasunaren aldian behingo ebaluazioa.

1.- Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko 2003ko azaroaren 21eko 44/2003 Legearekin bat, ikasketa-buruei dagozkien egitekoak kudeaketa klinikoko zeregintzat jotzen dira, eta, ondorioz, aldian behin ebaluatu egingo dira haren jarduna eta emaitzak.

2.- Ebaluazioa lau urtean behin egingo da, eta, horretarako, batzorde bat eratuko da berariaz, hautapen-batzordea osatzeko erabilitako prozedura bera erabiliz; hala, ebaluazio horren arabera, ikasketa-burua berari dagozkion funtzioetan berretsi edo kargutik kendu ahal izango da.

3.- Ebaluazioaren barruan zentroaren edo unitatearen plan estrategikoan eta irakaskuntzaren kalitatearen kudeaketa-planean ezarriko ikasketa-helburuak bete diren hartuko da kontuan.

18. artikulua.- Aintzatespena.

1.- Osasun-zerbitzuaren zentro edo unitateak eta osasun-sistemak, oro har, egoki den moduan aintzatetsiko du ikasketa-buruen eginkizunen jarduketa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko 2003ko azaroaren 21eko 44/2003 Legearekin bat.

2.- Arlo pribatuan, prestakuntza espezializatuko ikasketa-buruak egindako lanaren aintzatespena, gutxienez ere, dagokion zentro edo erakunde pribatuan aurreikusitako ibilbide profesionalean islatuko da.

3.- Arlo publikoan, berriz, honela islatuko da ikasketa-buruaren lana:

- Ibilbide profesionalaren barruan dagokion mailan aintzatetsiko da, eta, horretarako, zerbitzu-burutzaren jardunaldiaren parekotzat joko da ikasketa-burutzaren jardunaldia.

- Hautapen- eta hornitze-prozesuetan aintzatetsiko da; horretarako, zerbitzu-burutzaren jardunaldiaren parekotzat joko da ikasketa-burutzaren jardunaldia.

- Zerbitzu-burutzaren lanpostu funtzionalari dagokion ordainsaria jasoko du, zenbateko arduraldi espezifikoa aintzatetsi zaion kontuan hartuta.

IV. KAPITULUA

TUTOREA ETA BESTE IRAKASKUNTZA-FIGURA BATZUK

1. ATALA

TUTORE NAGUSIA

19. artikulua.- Kontzeptua.

1.- Tutorea, 2008ko otsailaren 8ko 183/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, zerbitzu aktiboko profesional espezialista da, eta egoiliarren ikaskuntza-prozesua planifikatzeko eta prozesu horretan jarrera aktiboz parte hartzeko eginkizuna du -horretarako akreditatuta egonda-, dena delako espezialitatearen prestakuntza-programa betetzen dela bermatze aldera. Tutorea da prestakuntza-aldian dagoen espezialistaren irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren arduradun nagusia.

2.- Tutorearen profil profesionala dagokion espezialitatearen prestakuntza-programan diseinatutako profil profesionalera egokituko da.

3.- Tutore berberak beteko du prestakuntza-aldi osoa, baldin eta kontrakorik ezartzen ez bada bidezko arrazoiren batengatik edo ardaztasun-irizpideak sartzeaz batera sortutako egoera jakin baten ondorioz, eta, gehienez ere, bost egoiliar esleituko zaizkio.

4.- Irakaskuntza-figura hori egoiliarren tutore nagusi izango da haien prestakuntza-prozesuan parte hartzen duten gainerako irakaskuntza-figuren gainetik. Nolanahi ere, bere unitateko beste egoiliar batzuen zein beste unitate batzuetako txandakako egoiliarren tutore laguntzaile ere jardun ahal izango du. Gainera, zerbitzuaren nondik norakoen arabera, gainerako tutoreen koordinatzaile-lanetan ere aritu ahal izango da, dena delako irakaskuntza-unitatearen osasun-sorospeneko burutzak hala erabakitzen badu.

20. artikulua.- Zereginak.

Honako zeregin hauek ditu osasun-arloko prestakuntza espezializatuko tutoreak:

a) Osasun-sorospenen burutzarekin batera, dena delako espezialitatearen ereduzko prestakuntza-gida edo -ibilbidea proposatuko dio irakaskuntza-batzordeari -eredu horrek espezialitatearen programa jarraitu beharko du, eta irakaskuntza-unitatean prestakuntza jasoko duten egoiliar guztiekin erabiltzeko modukoa izan-.

b) Egoiliar bakoitzarentzako berariazko plana egingo du; horretarako, egoiliar bakoitzaren ezaugarrietara egokituko du arestian aipatutako gida, egokiro koordinatuta osasun-sorospeneko egituren arduradunekin eta egoiliarren prestakuntza-prozesuan parte hartzen duten gainerako irakaskuntza-figurekin.

c) Kanpoko txandakatzeak proposatuko dizkio irakaskuntza-batzordeari, txandakatze horien bidez zer helburu lortu nahi diren zehaztuta.

d) Prestakuntza-aldi osoan egoiliarrarekin harremanetan izango da etengabe, hitzartutako eta egituratutako moduan, zeinahi dela ere dagokion irakaskuntza-unitatearen egitura; horretarako, bileren egutegia ezarriko du -urtean lau, gutxienez-, eta prestakuntza-ebaluazioaren txosten normalizatua egingo du amaieran, egoiliar bakoitzaren espedientean jaso dadin.

e) Etengabeko irakaskuntza-prozesuaren eta txandakatzeen segimendua egingo du, aldian behin bilerak antolatuta egoiliarren tutoreekin eta haien prestakuntzan parte hartzen duten profesionalekin.

f) Txostena egingo du urtero, gaitasun profesionalak (sorospena, ikerketa, irakaskuntza eta gaitasun orokorrak) berenganatzeko prozesuan diren egoiliarrek urtez urte egindako aurrerapena ebaluatzeko: indar-guneak, ahulguneak eta hobekuntza-ekintzak.

g) Ebaluazio-batzordearen ebaluazio batutzailean parte hartuko du, egoiliarraren tutore nagusi den aldetik, urtean urteko ebaluazioa eta azken ebaluazioa egiteko, eta, egoiliarraren urteko ebaluazioa negatiboa eta errekuperaezina izanez gero, berrikuspen-bilkuran lagun egingo dio.

h) Bere ardurapean duen egoiliar bakoitzaren programa antolatu, koordinatu, zuzendu eta kontrolatuko du, irakaskuntza-unitatearen osasun-sorospeneko burutzarekin lankidetza estuan, prestakuntza-aldirako proposatutako helburuak lortzearren.

i) Osasun-laguntzaren arloan, pixkanaka-pixkanaka ardurak hartzen lagunduko die bere ardurapeko egoiliarrei; horretarako, egoiliarrek osasun-laguntzaren arloan egiten dituzten jardueren edukia ikuskatu eta egiteko horiek nola bete dituzten ebaluatuko du.

j) Osasun-sorospenaren espezialitateari eta arlo horretako jardunari lotutako gaietan aholkuak eman eta autoikaskuntza sustatuko du.

k) Egoiliarrei harrera egingo die, irakaskuntza-zentroan edo -unitatean jardunean hasten direnean, eta zentroaren edo unitatearen egiturari eta jardunbideari buruzko informazio guztia emango die bai sorospen- eta ikerkuntza-arloetan bai irakaskuntzari berari dagozkion arloetan.

l) Egoiliarrak osasun-zentroko saio orokorretara edo irakaskuntza-unitateari zehazki dagozkion saioetara joan daitezen eta zeharkako plan komunaren ekintzetan parte har dezaten sustatu, eta jardun horiek ikuskatuko ditu.

m) Irakaskuntza- eta ikerkuntza-mailako ekintzak sustatuko ditu, eta aholkulari eta ikuskatzaile jardungo du egoiliarraren ikerkuntza-lanetan.

n) Bere ardurapeko egoiliarrei «prestakuntza-aldian dagoen espezialistaren liburua» (txostena edo dokumentu-zorroa) osatzen lagundu eta ikuskapen-lanak egingo ditu.

o) Egoiliarrek ikastaro, kongresu edo bestelako jardueretan parte hartzeko baimena behar izanez gero, baimen-eskaera horien berri emango dio irakaskuntza-zentroari edo -unitateari.

p) Prestakuntza-aldian dagoen espezialistaren solaskide jardungo du, antolakuntzarekin sor daitezkeen gorabeherak konpontzeko eta egoiliarraren irakaskuntza- eta prestakuntza-interesak zaintzeko.

q) Irakaskuntzako osasun-zentroak edo unitateak osasun-sorospenaren arlotik kanpo baina egoiliarren prestakuntzari lotuta antolatzen dituen jardueretara joan eta horietan lagundu eta parte hartuko du, baita tutoreentzat berariaz antolatutako jardueretan ere (irakasteko eta ebaluatzeko metodologiak).

r) Dagokion espezialitateari lotutako etengabeko prestakuntzako jardueretan parte hartuko du, aldian-aldian bere jakintza eguneratzen duela bermatzeko eta, hartara, jakintza hori egokiro helarazteko.

s) Irakaskuntza-batzordearen aholkularia izango da, dagokion espezialitateari buruzko gaietan, eta bere unitatearen irakaskuntza-kalitatea hobetzeko jarduerak proposatu eta horiek garatzen lagunduko du.

t) Osasun-antolamenduaren arloan egoiliarren prestakuntza-prozesu guztia planifikatzeko, kudeatzeko, ikuskatzeko eta ebaluatzeko gainerako jarduera guztiak beteko ditu.

21. artikulua.- Tutoreak akreditatzeko prozedura.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoan, Osasun eta Kontsumo Saileko Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzak akreditatuko ditu osasun-zientzietako prestakuntza espezializatuko tutoreak, araudi honetan ezarritakoari jarraikiz.

2.- Honako eskakizun hauek bete beharko dituzte tutoregaiek:

a) Osasun-zientzietako espezialistaren titulua eduki behar dute, tutore izan asmo duten espezialitatean.

b) Zerbitzu aktiboan egon behar dute, irakaskuntza-zentro edo -unitatearen edozein egituratan.

c) Gutxienez urtebeteko esperientzia eduki behar dute beren espezialitateari berariaz dagokion sorospen-jardueran, irakaskuntzako osasun-zentro edo unitate akreditatuan bertan.

3.- Deialdia eta eskaerak:

Egoitza-sistemaren bidez osasun-zientzietan prestakuntza emateko tutoreak akreditatzeko eskaerak aurkezteko epea Osasun eta Kontsumo Saileko Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzak irekiko du, eta hark zehaztuko du, orobat, tutoretza-jardunaren gaitasunen profila, zeina dagokion espezialitatearen profil profesionalera egokituko baita beti. Beste zenbait irizpideren artean, bereziki balioetsiko dira osasun-sorospenean, irakaskuntzan eta ikerkuntzan egindako jarduerak baita gaitasun orokorren gaineko jarduerak ere.

Eskaera-agiri normalizatuarekin batera, beste agiri hauek ere aurkeztu behar dira: curriculuma, ezarritako eskakizunak betetzen direla ziurtatzen duten agiriak eta tutoretza-helburuei buruzko proiektua. Horiez gain, dagokion espezialitatearen ikasketa-buruaren eta sorospen-unitateko buruaren txostenak ere aurkeztu behar dira -edo, hala badagokio, erizaintzako buruarenak edo tarteko agintariarenak-.

4.- Ebaluazio-batzordea:

Eskatzaileek aurkeztutako agiriak aztertzeko eta merezimenduen baremoa ezartzeko, ebaluazio-batzordea osatuko da.

Osasun-prestakuntza espezializatuan eskumena duen zuzendaritzak izendatuko du ebaluazio-batzordea, eta honako kide hauek izango ditu ezinbestez: akreditazioa lortzeko hautagaiak dituzten zentro edo unitateetako ikasketa-buruak eta zentro edo unitate horietako irakaskuntza-batzordean parte hartzen duten tutore akreditatuak. Orobat, Osakidetza Erakunde Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren ordezkariak eta Osasun eta Kontsumo Saileko Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzako ordezkariak ere izango dira batzorde horretan; guztira, gehienez ere 7 kide.

Ebaluazio-batzordeak, akreditazio-eskaerak aztertu eta ebaluatu ostean, osasun-prestakuntza espezializatuan eskumena duen zuzendaritza horri igorriko dio ebazpen-proposamena, hark berariazko ebazpenez akreditazio-eskaerak onar edo uka ditzan.

Ondoren, ebazpenaren berri emango zaie bai pertsona interesdunari bai dagokion irakaskuntza-zentro edo -unitateko erakunde titularraren zuzendaritza-organoari eta irakaskuntza-batzordeari.

5.- Akreditazioaren indarraldia:

Tutoreak tutorizatzen duen espezialitateak dirauen artean egongo da haren akreditazioa indarrean, salbu eta erizaintzako espezialitateen kasuan, iraupen txikiagoa dutenez halakoetan 4 urtez egongo baita tutorearen akreditazioa indarrean. Indarraldiaren amaieran, berriz ere akredita dezaten eskatu beharko du tutoreak.

22. artikulua.- Izendapena.

1.- Irakaskuntza-zentro edo -unitateko erakunde titularraren zuzendaritza-organoak akreditatuta dauden profesionalen artetik izendatuko du tutorea, dagokion irakaskuntza-batzordearen proposamenez; eta osasun-arloan eskumena duen sailean osasun-prestakuntza espezializatuaz arduratzen den zuzendaritzari emango zaio izendapen horren berri.

2.- Tutorea bidezko arrazoiren batengatik ezin bada sei hilabetez baino gehiagoz tutore-lanetan aritu, irakaskuntza-zerbitzu edo -unitatearen beste tutore akreditaturen baten ardurapean jarriko dira behin-behingoz haren ardurapeko egoiliarrak. Irakaskuntza-zerbitzu edo -unitate horretan beste tutore akreditaturik ez badago, tutorearen eginkizunak egiteko eskakizunak betetzen dituen irakaskuntza-unitateko aditu bat izendatuko du zuzendaritzak, behin-behingoz, tutore akreditatua jardunetik kanpo dagoen aldirako, eta haren eskubide eta betebehar guztiak izango ditu aldi horretan.

23. artikulua.- Arduraldia.

Tutoreak bere lanorduen barruan tutoretza-lanez arduratzeko halako denbora jakin bat izango duela bermatuko da. Arduraldi hori hilean hiru ordukoa izango da egoiliar bakoitzeko, eta izendapenaren egunetik aurrera izango du eragina. Arduraldi hori tutoretza-lanetan diharduen profesionalaren laneko planaren barruan egongo da jasota, baita sorospen-unitatearen laneko planaren barruan ere.

24. artikulua.- Aintzatespena.

1.- Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko 2003ko azaroaren 21eko 44/2003 Legean aurreikusitakoarekin bat, tutoretza-eginkizunen jarduketak kudeaketa klinikotzat jotzen dira, eta egoki den moduan aintzatetsita egongo dira bai osasun-zerbitzuen aldetik bai osasun-sistemaren aldetik, oro har.

2.- Arlo pribatuan, prestakuntza espezializatuko tutoreak egindako lanaren aintzatespena, gutxienez ere, dena delako zentro edo erakunde pribatuan aurreikusitako ibilbide profesionalean islatuko da.

3.- Arlo publikoan, berriz, honela islatuko da:

a) Espezialitate eta irakaskuntza-zentro edo -unitate bakoitzean dekretu honetan ezarritako prozeduraren araberako akreditazioa eta izendapena jaso duten tutore guztiei aintzatetsiko zaie egoitza-sistema bidezko osasun-zientzietan prestakuntza-aldian dauden espezialistak prestatzeko tutore-funtzioa.

b) Honako eragin hauek izango ditu tutoretza-aintzatespenak:

- Ibilbide profesionalean berariaz aintzatetsiko da.

- Hautaketa- eta hornikuntza-prozesuetan berariaz aintzatetsiko da.

- Lehentasuna izango dute etengabeko prestakuntzako jardueretan.

- Tutore bakoitzak pizgarri ekonomiko bat jasoko du hilero, irakaskuntza-unitatearen erakunde titularreko zuzendaritza-organoaren baimenpean, eta bere ardurapean dituen egoiliarren kopuruaren arabera zehaztuko da pizgarri hori. Horretarako, irakaskuntza-unitate bakoitzak hilero jakinaraziko dio zuzendaritza-organoari zenbat egoiliar egon diren aldi horretan tutore bakoitzaren ardurapean.

25. artikulua.- Tutoreak berrakreditatzeko prozedura.

1.- Akreditazioaren indarraldia amaitu ostean ere tutoreen eskumenei jarraipena emate aldera, prozedura bat bete beharko da aldian-aldian berriro akreditatzeko, eta tutoreak berak egin beharko du berrakreditazio-eskaera hori, akreditazioaren indarraldia amaitu baino sei hilabete lehenago.

2.- Berrakreditazio-prozedura akreditazioa lortzeko ezarritako prozedura bera da.

Tutoreak, eskaeraz gain, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu:

a) Lehen akreditazioa lortu zuenetik dagozkion arloetan eskuratu dituen merezimenduen curriculuma edo txostena (horrekin batera egoki irizten dituen agiri eta ziurtagiri guztiak ere aurkeztuko ditu).

b) Egindako tutoretza-jarduerei buruzko txostena.

c) Tutoretza-helburuen proiektua (hobekuntza-plana).

3.- Hasierako akreditazio-irizpideak betetzen jarraitzen duten edo irizpide horiek hobetu dituzten ebaluatuko du ebaluazio-batzordeak; honako honetan, baina, aldatu egingo da eskakizun-maila eta itemen pisua, txostenak curriculumak baino balio handiagoa izan dezan. Kontuan hartuko dira, orobat, Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzak egoiliarrei urtero egiten dien inkestetako kalitate-ebaluazioen emaitzak eta ebaluazioak.

4.- Aurreko akreditazioaren indarraldia amaitu aurretik berrakreditazioa lortu duten tutoreek ordura arteko izendapenari eutsiko diote.

26. artikulua.- Akreditazioa baliogabetzea.

1.- Dagokion irakaskuntza-batzordeak hala proposatuta, akreditazioa baliogabetu egin ahal izango da, baldin eta tutoreak bere betebeharrak betetzeari utzi edo dagoeneko tutoretza-lanetan jarraitzeko beharrezko baldintzak betetzen ez dituela egiaztatzen bada eta, ondorioz, haren ardurapean dauden egoiliarrak ez badira prestakuntza egokia jasotzen ari. Era berean, prestakuntza-aldian dauden espezialista tutorizatuek behin eta berriz tutoreari buruzko ebaluazio negatiboak ematen badituzte, hori ere akreditazioa baliogabetzeko arrazoia izan daiteke.

2.- Akreditazioa baliogabetzeko arrazoiaren arabera, denboraldi baterako izan daiteke baliogabetzea; halakoetan, bada, baliogabetze-aldia amaitutakoan, berrakreditazio-prozesua bete beharko du interesdunak, tutoretza-lanei berrekin nahi izanez gero.

3.- Tutore-akreditazioa baliogabetzeaz batera, tutore-izendapena eta hari lotutako aintzatespena ere automatikoki baliogabetuta geratuko dira.

4.- Osasun-arloan eskumena duen sailean osasun-prestakuntza espezializatuaz arduratzen den zuzendaritzari dagokio akreditazioa baliogabetzea dela-eta eman beharreko ebazpenak ematea.

2. ATALA

TUTORE LAGUNTZAILEA

27. artikulua.- Definizioa eta funtzioak.

Espezialitateetako prestakuntza-programetan ezarritako nahitaezko txandaketetan egoiliarrek egiten dituzten jarduerak bideratzeaz, ikuskatzeaz eta kontrolatzeaz arduratzen den irakaskuntza-figura da tutore laguntzailea, eta aktiboki parte hartzen du jarduera horiek ebaluatzeko prozesuan, tutore nagusiarekin koordinatuta.

28. artikulua.- Izendapena, aintzatespena eta arduraldia.

Delako sorospen-unitatearen buruak izendatuko du tutore laguntzailea, unitatean zerbitzu aktiboan dauden profesionalen artetik -hala badagokio, erizaintza-buruak edo tarteko agintariak egingo du izendapena-. Tutore laguntzaileak jardun horretan betetzen duen lanaren gaineko egiaztagiria jasotzeko eskubidea izango du.

Izendapena egin duen pertsona berak emango du egiaztagiria, eta aintzakotzat hartuko da bai hautaketa- eta hornikuntza-prozesuetan bai ibilbide profesionalean.

Tutore laguntzaileak, gehienez ere, 5 egoiliar eduki ahal izango ditu aldi berean bere ardurapean. Bere lanorduen barruan tutoretza-lanez arduratzeko berariazko denbora-tarte bat izango duela bermatuko da; arduraldi hori, gehienez ere, hilean hiru ordukoa izango da egoiliar bakoitzeko, eta izendapenaren egunetik aurrera izango du eragina. Arduraldi hori tutoretza-lanetan diharduen profesionalaren laneko planaren barruan egongo da jasota, baita sorospen-unitatearen laneko planaren barruan ere.

3. ATALA

OSASUN-SOROSPENEKO BURUTZA

29. artikulua.- Definizioa eta funtzioak.

Ikasketa-unitatearen osasun-laguntzako eta irakaskuntzako egitekoak antolatzeko eta esleitzeko arduraduna da osasun-laguntzako unitatearen burua. Hala, bere unitateko Irakaskuntza Kudeatzeko Urteko Plana eratzeaz arduratzen da -haren barruan fakultatiboei esleitutako irakaskuntza-egiteko zehatzak jasota-, eta zentroaren gerentziari aurkezten dio plana, hark, irakaskuntza-batzordeari iritzia eskatu ostean, onarpena eman diezaion. Tutoretza-lanak zuzenean bere gain hartzen ez dituen arren, tutoreek dagokien espezialitaterako proposatutako prestakuntza-gidaren edo -ibilbidearen eredua ikuskatzeaz arduratzen da, kontuan hartuta eredu hori espezialitate bakoitzaren programari lotuta egon behar duela eta irakaskuntza-unitateko espezialitate bakoitzean prestakuntza jasotzen ari diren egoiliar guztiei ezartzeko modukoa izan behar duela. Era berean, bere irakaskuntza-unitateko espezialitateetan prestakuntza jasotzen ari den egoiliar bakoitzaren irakaskuntza-programaren garapena ikuskatzeaz arduratzen da, tutorearekin besoz beso, egoiliarren prestakuntza-aldirako proposatutako helburuak lortuko direla bermatzeko.

Irakaskuntza-unitate multiprofesionaletan, erizaintzako burutzekin eta tarteko agintariekin lankidetzan jardun beharko du.

4. ATALA

PRESTAKUNTZAN LAGUNTZEKO TEKNIKARIAK

30. artikulua.- Definizioa eta funtzioak.

1.- Prestakuntzan laguntzeko teknikaria irakaskuntzaren kalitateari zuzenean lotutako egitekoez arduratzen den goi-titulaziodun profesionala da.

2.- Lanaldiaren barruan berariaz eginkizun horietan jarduteko portzentaje jakin bat izango du, zentro edo unitate bakoitzaren ezaugarrien arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Erizaintzako espezialitateen integrazioa.

Erizaintza-espezialitateak, eratu ahala, dagozkien irakaskuntza-unitateetan txertatuko dira -irakaskuntza-unitateak unitate multiprofesional bilakatuko dira hala-; era berean, dagokien irakaskuntza-batzordeetan ere sartuko dira, eta, batzordeek, beraz, unitatearen ezaugarri berrietara egokituko dute izendapena.

Bigarrena.- Irakaskuntzako ardatz-unitateak.

1.- Irakaskuntzako ardatz-unitate berriak eratzen direnean, beste irakaskuntza-batzorde batzuk osatu ahal izango dira; era berean, irakaskuntza-batzordeak eratu ahal izango dira, une horretan zentroak irakaskuntza-batzorderik ez badu eta irakaskuntza-unitate berriak akreditatzen badira.

2.- Irakaskuntzako ardatz-unitateek, eratu ahala, ardatz-tutoreak izango dituzte, eta tutore horiek arau honetan bertan zehaztutako tutore nagusien parekoak izango dira.

Hirugarrena.- Ordainsarien eraginkortasuna.

Dekretu honen 18.3 eta 24.3.b). artikuluetan eta laugarren xedapen iragankorrean aurreikusitako banakako ordainsariak gauzatu ahal izango dira dagokion ordainketa-kontzeptuaren bidez, Aurrekontuen Legeak dituen baliabideak kontuan hartuz. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez erabakitako egunetik aurrera gauzatuko dira eta bihurtuko dira eraginkor, eta horren bidez ezarriko.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.- Dekretu hau indarrean sartutakoan, osasun-prestakuntza espezializatuaren jakintza eta ebaluazioa kudeatzeko eskumena duen zuzendaritzak ebazpena emango du, orain arteko irakaskuntza-batzordeak aintzatesteko, aurreratzean era daitezkeen batzordeak eratzeko prozesuaren kalterik gabe.

Bigarrena.- Dekretu hau indarrean sartzean prestakuntza-ikasketa espezializatuetan ikasketa-buru diharduten pertsonek ordura arteko karguan jarraituko dute behin-behingoz, dekretu honetan zehaztutako eskubide eta betebeharrekin, hurrengo izendapenak egiteko deialdi publikoa ebatzi arte.

Hirugarrena.- Dekretu hau indarrean sartzen den unean tutore izendatuta dauden eta beren ardurapeko egoiliarrekin lanean diharduten tutoreek dagokien akreditazioa eta aintzatespena jasoko dute ofizioz.

Laugarrena.- Ardaztasuna ezarri artean eta, beraz, ardatz-tutoreak izendatu artean, Familiako eta Komunitateko Medikuntzako egoiliarrek ospitale-tutoreak edukitzen jarraituko dute, eta tutore horiek koordinazio-lanak beteko dituzte bai irakaskuntza-unitatearen ikasketa-buruarekin bai egoiliar bakoitzaren tutore nagusiarekin eta gainerako tutore laguntzaileekin, egoiliarrak txandaka-txandaka igarotzen dituen zerbitzu guzietan. Figura hori tutore nagusiarenaren parekoa da akreditazioari eta izendapenari dagokienez. Gehienez ere 15 ordu emango dute hilean eginkizun horietan, eta tutore bakoitzak pizgarri ekonomiko bat jasoko du, hilean betetzen dituen tutorizazio-orduen arabera.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko martxoaren 6an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Osasun eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.


Azterketa dokumentala